Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Irakurtzeko moduak

Asier Sarasua 2011/01/26 09:10
Aurreko egunotan aipatu izan dudan moduan, azkenaldian berriro hasi naiz irakurtzen. Irakurtzen ez ezik, baita irakurtzeko modua aldatzen ere.

Aurreko postean aipatu nuen 2010erako nire buruari bota nion erronka: gehiago irakurtzea. Azken urteotan nahiko baztertuta izan ondoren (ia-ia oporretan bakarrik irakurri izan dut, urtean dozena erdi liburu), iaz berriz hasi nintzen irakurtzen, gaztetako zaletasun gozagarrira itzuliz.

Nire lehentasunen zerrendan sartu dut berriro literatura eta irakurketa. Baina beste modu batean hasi naiz irakurtzen; nire irakurketa-ohiturak, nahita edo nahiezta, aldatu egin dira. Ez naiz bakarra, beste batzuk ere antzeko bideetan ikusi ditudalako azkenaldian eta lagun blogarien artean aurkitu ditut hainbat pista; edo konturatu naiz antzeko "arazo existentzialak" ditugula askok. Oinarrian bakarra: liburu asko dago irakurtzeko (larregi?) eta denborarik ez.

  1. Hasteko, liburuak hobeto aukeratzen ditut (ejem). Orain gutxi irakurri dudan Murakamiren liburu bateko protagonistak dio, 30 urte hilda dauden idazleen lanak bakarrik irakurtzen dituela. Historiara pasatu diren liburuak, unean uneko boom editorialak alde batera utzita. Bueno, hori ez dut guztiz beteko, gaur egun ere badelako idazle onik (eta eurak hil orduko, neu ere holaxe egongo naizelako), baina egia da lehen baino selektiboagoa naizela eta liburu zaharrak ere nire zerrendan sartzen hasi naizela.
  2. Aspertzen nauten liburuak, baztertu egiten ditut, konplexurik gabe. Lehen bekatua iruditzen zitzaidan liburu bat ez amaitzea. Orain lasaitasuna. Ez daukat denborarik galtzeko. Oso ondo azaldu eta kontatu zuen Amatiñok.
  3. Aurrekoarekin lotuta (eta, Amatiñok bezala, Xabier mendigurenek ere aipatu zuen), 2 edo 3 liburu irakurtzen ditut aldi berean. Primateak ez gara jaio monogamiarako.
  4. Liburua amaitu eta gero, lerro batzuk idazten ditut; laburpen txiki bat, gogoeta labur bat. Batzuetan baita sareratu ere, blogean edo twitterren. Horretan ez naiz batere originala, gure inguruan hainbatek egiten baitu antzera, esate baterako, Txargainek edo Faroko Joxek. Esango nuke Ogrosabel izan dela gai hau sakonen aipatu duena. Bai, arrazoi guztia, Oier.

2010. urtean irakurritako liburuak

Asier Sarasua 2011/01/20 22:20
2010. urte hasieran erronka berria agindu nion nire buruari: irakurtzeko denbora aurkitu behar nuela. Eta horrelaxe jardun dut, telebistak eta Internetak laga, eta paper artean murgilduta. Merezi izan du. Hementxe iazko uzta.

Ba, bai. Horixe erabaki nuen orain dela urtebete: berriro ere irakurtzen hasi behar nuela, liburuei tokitxoa egin behar niela nire bizitzan. Eta, behingoz, bete dut nire buruari agindutakoa. Ez dut asko-asko irakurri, baina bai aurreko 5-6 urteetan baino askoz gehiago. Denetik pixkat, betiko moduan nahiko modu anarkikoan. Eta beste batzuek azkenaldian egin duten bezala, hementxe nik ere nire 2010eko zerrenda.

Hasteko, Miguel Delibesen urtea izan da (martxoan hil zen eta bere lanak irakurtzeko aprobetxatu dut: El camino, Las ratas, Los santos inocentes, Diario de un cazador... Badakizue: Gaztela, 1950ko hamarkada, herri txikietako giroa, jendearen premiak, patuaren indarra, gizakiaren ahuldadea...); Literatura japoniarra ere ezagutu dut, Eibartarrak posta-zerrendako lagunen aholkuei esker. (Murakami gustatu zait, gaiak, estiloa eta planteamentuak; Kawabata, ostera, ez zait gustatu, oro har, deskribapen aspergarri eta luzeegiak egin zaizkit). Eta hortik aurrera, pixkat denetik irakurri dut, eskuetara heldu ahala. Best sellerrak (Millenium, Perez Reverte,...), idazle euskaldunen lanak (Atxaga, Jaio, Zaldua, Osoro, Saizarbitoria...), eta abar. Denetik pixkat. Saltoka, batetik bestera. Izan ere, horrelaxe gustatzen zait: gaiak, hizkuntza eta estiloak nahasten joatea.

Hementxe zerrenda, irakurritako ordenean (gehien gustatu zaizkidanei izartxoa jarri diet):

  • El asombroso viaje de Pomponio Flato. Eduardo Mendoza. Seix Barral, 2008
  • El halcón maltés. Dashiell Hammet. Alianza Editorial, 2004 (1929).
  • Un día de cólera. Arturo Pérez Reverte. Alfaguara, 2007.
  • ***Markak. Bernardo Atxaga. Pamiela, 2007. Atxagarik onena; borobila; tarteka malkoa lehortu beharra.
  • Si Sabino viviría. Iban Zaldua. Lengua de trapo, 2005.
  • Praileaitz I haitzuloko zintzilikarioak. Peñalver, San José eta Mujika. Gipuzkoako Foru Aldundia, 2006 (Bertan Bilduma, 22)
  • Bilbao-New York Bilbao. Kirmen Uribe. Elkar, 2008.
  • Iruña-Veleiako euskarazko grafitoak. Juan Martin Elexpuru. Arabera, 2009
  • Behi euskaldun baten memoriak. Bernardo Atxaga. Pamiela, 1991 (2006ko edizioa)
  • El rey del mar. Emilio Salgari, 1951.
  • ***El camino. Miguel Delibes. Destinolibro, 1950 (1982ko edizioa). Klasikoa. Ona!
  • El secreto de Darwin. John Darnton, 2005 (Editorial planeta, 2006)
  • Gauaren sakonean. Haruki Murakami, 2004 (Erein, 2009)
  • 84, Charing Cross Road. Helene Hanff, 1970 (Anagrama, 2002)
  • País de nieve. Jasunari Kawabata, 2009 (jatorrizkoa, Yukiguni, 1935)
  • Diario de un cazador. Migel Delibes, 1955
  • Aurora boreal, Asa Larsson, 2003 (Seix Barral, 2009)
  • Connemara gure bihotzean, Julen Gabiria, 2000 (Elkar)
  • Los santos inocentes, Miguel Delibes, 1982
  • Al sur de la frontera, al oeste del Sol, Haruki Murakami, 1998 (Tusquets, 2007).
  • Bakarrizketan. Askoren artean, 2001. Alberdania.
  • Mauricio o las elecciones primarias. Eduardo Mendoza, 2006, Seix Barral.
  • Bi marra arrosa. Jasone Osoro, 2009 (Txalaparta)
  • Loti ederrak. Yasunari Kawabata. (Ibon Uribarri, Alberdania, 2006). (Nemureru bijo, 1960)
  • Los hombres que no amaban a las mujeres. Stieg Larsson. 2008. Destino.
  • ***Las ratas. Miguel Delibes, 1962. Destino, 2010. Gogorra, oso. Ederra, oso.
  • ***Tokio blues. Norwegian wood. Haruki Murakami, 1987 (Maxi Tusquets, 2005). Toru Watanaberen abenturak. Sallingerren protagonista dirudi. Oso ona.
  • ***Amaren eskuak. Karmele Jaio, Elkar, 2006. Samurra, ederra, baina ez biguna. Metafora eta konparazio ederrez betea. Erabat gomendagarria.
  • La chica que soñaba con una cerilla y un bidón de gasolina. Stieg Larsson. 2008. Destino.
  • La reina en el palacio de las corrientes de aire. Stieg Larsson. 2009. Destino.
  • Beltzak eta zuriak mendian ardiak. Txomin Garmendia, 1985. Auspoa.
  • Satorrak baino lurperago. Pedro Alberdi, 2000. Alberdania.
  • Euskal idazleak, gaur. Joan Mari Torrealday, 1977. Jakin.
  • Euskal literaturaren historia. Ibon Sarasola, 1971. Lur.
  • Goiko kale. Anjel Lertxundi, 1973. Gero. (3. edizioa, Alberdania, 2000)
  • Egunero hasten delako. Ramon Saizarbitoria, 1969. (Erein, 2007).
  • ***El pulgar del panda. S.J. Gould, 1980. (Drakontos, 2006). Zientzia dibulgazioaren ereduetako bat.
  • Seda. A. Baricco. (Anagrama, 1997)
  • Bost polizi istorio (Txertoa, 1986)

 

Euskal idazleak gaur (J.M. Torrealdai, 1977)

Asier Sarasua 2011/01/18 08:55
Azkenaldian 1960ko hamarkadako kulturaz eta literaturaz irakurtzen dihardut. Tartean, Torrealdaik 1977an atondu eta argitaratutako liburukote hau ere gainbegiratu dut, "Euskal idazleak gaur". Besteak beste, idazleen artean egindako inkesta baten emaitzak ere azaltzen ditu. Zeintzuk ziren orain dela 35 urte euskal libururik onenak eta idazlerik nabarmenenak? Batzuk hortxe daude oraindik.

Euskal idazleak gaur

1960ko hamarkada oso interesgarria begitandu zait beti, gehienbat alderdi sozial eta kulturaletik: ikastolen sorrera, euskal berzpikundea, euskal jaiak, euskara batuaren jaiotza... Tira, gainera ni neu ere hamarkada horretakoa naiz, juxtu samar bada ere. Azkenaldian garai horren inguruko hainbat kontu egokitu zaizkit parean. Webgune honetan ere utzi ditut zenbait komentario lehenago (Zai zoi bele dokumentala, Satorrak baino lurperago, Eibarko ikastolak 50 urte, lehenengo euskal jaiak, eta abar).

Amaren etxeko liburu zaharren artean begira, Joan Mari Torrealdairen lan handi hau ere aurkitu dut, 1977an argitaratutakoa. Irakurtzea merezi du (tira, gainbegiratzea, 650 orrialde luze dituelako). Sekulako dokumentazio-lana da eta 1960-1975 bitarteko euskal literaturaren azterketa eta disekzioa egiten du:

  • euskal idazleen profila (jatorria, adina, lanbideak, ikasketak,...)
  • idazlearen produkzioa eta hautapenak (hizkuntza, oztopoak, euskara batua...)
  • euskal produkzioa eta edizioa 1970 ingurumari hartan
  • idazlea eta bere lana gizartean


Gainera euskal literaturaren historia txikia ere egiten du, gaztelaniaz, eta euskal liburu guztien katalogo orokorra (1937-1976) ere aurkezten du. Dena estatistikaz eta azalpenez hornituta. Oso ondo dokumentatuta, garai hartan izugarrizko lana izango zen horrelako bilduma egitea. Erreferentzia bilakatu zen; eta erreferentzia da oraindik ere.

Alderdi literarioarekin batera, 1974an eta 1976an euskal idazleen artean egindako galdeketa baten emaitzak ere ematen ditu Torrealdaik. Garai hartan, behintzat, hauexek ziren garaiko Euskal literaturaren lanik onenak eta idazlerik azpimarragarrienak. Onenetik hasita zerrendatuta.

Lanik onenak:

  • Harri eta herri. Gabriel Aresti. Itxaropena, 1964.
  • Idazlan hautatuak. Koldo Mitxelena. Etor, 1972.
  • Hizkuntza, etnia eta marxismoa. Joxe Azurmendi. Euskal Elkargoa, 1971.
  • Huntaz eta hartaz. Jose Luis Alvarez "Txillardegi". Goiztiri, 1965.
  • Elsa Scheelen. Jose Luis Alvarez "Txillardegi". Kriseilu, 1969.
  • Euskal literaturaren historia. Ibon Sarasola. Lur, 1971.
  • Hiru gizon bakarka. Bitoriano Gandiaga. Gero, 1974.
  • Egunero hasten delako. Ramon Saizarbitoria. Lur, 1969.
  • Herriaren lekuko. Rikardo Arregi. Jakin, 1972.
  • Axular-en hiztegia. Aita Luis Villasante. Jakinbide, 1973.


25 euskal idazlerik aipagarrienak:

  • Jose Luis Alvarez Enparantza "Txillardegi"
  • Koldo Mitxelena
  • Joxe Azurmendi
  • Gabriel Aresti
  • Luis Villasante
  • Xabier Kintana
  • Bitoriano Gandiaga
  • Piarres Lafitte
  • Jose Mari Satrustegi
  • Jon Etxaide
  • Mikel Lasa
  • Angel Lertxundi
  • Ibon Sarasola
  • Xabier Lete
  • Joseba Intxausti
  • Txomin Peillen
  • Piarres Lartzabal
  • Luis Alberto Aranberri "Amatiño"
  • Juan San Martin
  • Ramon Saizarbitoria
  • Joan Mari Torrealdai
  • Jean Diharce "Iratzeder"
  • Jaime Kerexeta
  • Xabier Mendiguren Bereziartu
  • Santi Onaindia

 

Eta? Nola eragin die historiak goiko zerrendei? Sorpresarik?

Esango didazue... ;-)

Hitanoaren arau sozialak malgutu beharra?

Asier Sarasua 2011/01/17 21:51
Aspaldi darabilt gogoeta buruan. Izan ere, arazo teorikoa baino, praktikoa ere badelako niretzat (eguneroko bizimoduan gertatzen zait). Hitanoak dituen arau sozial zurrunak malgutzeak, zer kalte egingo lioke euskarari? Ala mesedegarri izango litzateke euskararentzat eta, batez ere, hitanoarentzat? Gaur goizean horretaz jardun dugu Eibartarrak posta-zerrendan.


Hitanoa galzorian dago. Hori horrela da. Ez dut uste eztabaida handirik dagoenik. Arrazoi ugari daude, gainera: euskaldunon konplexuak (hika hitz egitea baserritarren kontua izan da hainbat herritan; behe-mailako kontua); erregistro bakarra erabiltzea (zuka) errazagoa edo erosoagoa da bi erregistro erabiltzea baino (zuka + hika); ohitura sozialak ere aldatzen joan dira eta maila sozialak aldatzen/murrizten (gaztelaniaz ere "Usted" desagertzen ari da; euskaraz "hika"). Azken batean, egia esateko, euskararen beraren gainbeheraren ondorioetako bat besterik ez da. Kalte kolateralak.

Hori horrela da eta hitanoari eustea gogorra izango da, azkenaldian sentiberatasun txiki bat badagoen arren eta zenbait egitasmo aipagarri ere badiren arren. Guztiok egin beharko dugu gure lantxoa, norbere eremuan: lagun-artean, etxean, seme-alabekin...

Hitanoa ez da gauza "erraza". Esan gura dut, bere berezko arauak dituela (eta ez gutxi). Noiz, non, nola eta norekin erabili... ez da egun batetik bestera ikasten. Erabat euskaldun diren askorentzat ere alokutiboa ulertezina da. Garai batean umetatik ikasten zen, baina gaur egun transmisio hori galduta dago hainbat eta hainbat eskualdetan.

Arau horien artean, badira arau sozialak ere. Arau sozial zehatz eta zurrunak, gainera, mendez mende garatu eta gorde direnak, baina gaur egungo gizartean, nire ustez, hitanoaren bizi-iraupenean oztopo besterik ez direnak. Bi hauek bai, gutxienez:

  • maila sozialean gorago daudenei ezin zaie hika egin (eta hor sartzen dira, batez ere, gu baino nagusiagoak direnak, baina baita irakasle, ugazaba, nagusi, mediku eta abarrak)
  • hitanoa desberdina da neskei (noka) edo mutilei (toka) egin behar bazaie eta, beraz, talde mistoetan ezin dugu erabili. Berez, zuka neutroa egin beharko genuke.


Bada, hori zentzuzkoa zen orain dela 50 edo 100 urte, gizartea oso hierarkizatuta eta taldekatuta zegoenean, errespetua eta maila sozialak oso nabarmenak zirenean, gizonezko eta emakumezkoak mundu bi zirenean, nahasten ez zirenean... eta hitanoa bizi-bizi zegoenean.

Baina gaur egun, hitanoaren arau sozial zurrun horiek traba handia dira hitanoa naturaltasunez eta egunero erabiltzeko. Gizartea askoz heterogeneoagoa da: nagusi eta gazte, neska eta mutil, ugazaba eta behargin, irakasle eta ikasle... denok elkarrekin gabiz.

Ez da gai erraza, badakit. Gaur goizean ere mezu-truke bizia izan dugu Eibartarrak posta-zerrendan horren inguruan eta ez gara ados jarri. Izan ere, horixe izan da eztabaidaren hasiera: Interneteko posta-zerrendetan, gizon-emakumeak elkarrekin gabiltzanez, erabili dezakegu hitanoa gure mezuetan? Errespetu falta da? Euskararen aurkako arauak urratzen ditugu?

Tira, ez da gai samurra. Nik neuk ere ez daukat erabat garbi. Baina hitanoak dituen arazoak ikusita, eta aurrera atera nahi badugu, uste dut zenbait arau sozial malgutzen hasi behar dugula. Ateak itxi ordez, ireki egin behar dizkiogula.

Nik neuk, behintzat, ez daukat inolako arazorik talde handietan gaudenean noka erabiltzeko; ezta ni baino gazteagoak direnek niri hika egiteko ere, jakina. Hortxe nabil, seme-alabekin lanean...

 

Txiki, txiki, txikia ikusten naiz...

Asier Sarasua 2011/01/14 12:03
Umeen abesti ezaguna da, "Txiki, txiki, txikia...". Ondorengo bideoa ikusita, oraindik txikiagoa ikusten naiz ni... unibertsoan.

Atzo alabarekin etxeko lanak egiten. Unibertsoa eta eguzki sistema ari dira lantzen gelan eta horren inguruko materiala eskatu digu andereño Begoñak.

Etxean gauza haundirik ez eta Youtubeko bideo batzuk hartu genituen ikastolara eramateko (Apollo, Discovery, Estazio Espaziala...). Tartean, beheko hau ere aurkitu nuen. Lurraren, planeten eta izarren neurria. Oso grafikoa.

Ez. Sarri kontrakoa pentsatu arren, gizakia ez da unibertsoaren erdigunea.

 

Musika: Alien, The black Hole eta Bladerunner.

 

Endogamia

Asier Sarasua 2011/01/13 08:48
Nire aurrekoen nondik norakoak aztertzen ibili naiz egunotan, azken 300 urteotako nire arbasoen zerrenda esku artean hartuta. Ia-ia guztiek Eibartik 10-20 kilometrora zeukaten jaiotetxea. Eta ezin esan nire kasua salbuespen handiegia denik: gutxi mugitu izan gara euskaldunak historian zehar, oro har.

Nik badaukat osaba bat genealogia kontuak izugarri gustatzen zaizkiona. Ez lerro genealogiko hutsak bakarrik; hori baino gehiago, gure aurrekoak nondik datozen jakitea, baserriak, herriak, garai hartako bizimodua...

Osaba Joxeri esker, gure aurreko gehienen ibilerak ezagutzen ditugu familian. Tira, "ibilerak" diot, modu metaforikoan... ibili ibili gutxi ibiltzen baitziren gure aurrekoak. Elkano eta Lope de Agirreren abenturak ezagutzen ditugu, han eta hemen ibili ziren Xabierko Frantzisko eta Loiolako Inazio. Baina euskaldun gehien-gehienak ez ziren larregi mugitzen euren baserri eta jaiotetxetik. Orain dela 40-50 urtera arte, kasu askotan eta askotan, euskaldunak pareko baserritarrarekin ezkondu izan dira.

Nire senideen kasuan, esate baterako, lerro hauek idazten ari naizen etxetik 20 kilometrora bitartean jaio ziren gehienak; 40 kilometrora "kanpotarrena". Gurasoak, biak, eibartarrak izan ditut eta aitxitxa-amamen artean ere, 4tik 3 eibartarrak. Atzeraka egiten badut ere, ez daukat Eibartik larregi urrundu beharrik:

  • Aitxitxa Antonio Sarasua Gisasola eibartar petoa zen. Gurasoak eibartarrak, aitxitxa-amama guztiak ere bai, eta aurrerakoak ere eibartarrak edo alboherrietakoak (Elgoibar, Elgeta, Markina eta Soraluze, asko jota). Lerro honetako abizenak, hortaz, Eibarkoak dira edo Eibarren oso ezagun eta aspaldikoak: Gisasola, Abanzabalegi, Iñarrairaegi, Arizaga,... Bergara, Agirrebeña, Guruzeta, Loiola... Saratsu baserria bera ere ez dago oso aparte, Elgoibarko mugan.
  • Aitxitxa Koldo Aranberri Mallabiabarrenaren odola ere ezin esan oso urrunekoa zenik. Bere aita (eta aurreko senide guztiak) Elgoibar-Azkoitia bitartekoak ziren (eta hor azaltzen dira Juaristi, Alberdi, Muguruza, Iriondo...) eta ama Mallabikoa (eta hor, Mallabiabarrena, Zengotitabengoa...).
  • Amama Aurorita Mendizabal Leteren arbasoak, abizenek adierazten duten moduan, debagoiendarrak izan ziren. Aita bergararra; ama antzuolarra. Abizenak ikusita, ez dago duda handirik: Mendizabal, Antzuola, Narbaiza, Lete, Iribekanpos, Mujika... Familiaren adar txiki bat azkoitiarra zuen, eta hortxe azaltzen zaizkit, berriz ere, Alberdi, Larrañaga, Etxaniz,...
  • Salbuespen bakarra amona Jexuxa Areizaga Toledo izan zen. Zarautzen jaioa, aita ere bertakoa zuen. Baina bere ama ere hemen ingurukoa zen, Toledo-Garitano antzuolarra.


Hau da, azken 300 urteak hartu eta nire arbaso ezagun guztien zerrenda aztertuta (60 inguru), birraitona Luis zarauztarra izan ezik (eta ezin esan oso-oso urrunekoa zenik), beste guzti-guztiak Azkoititik Mallabira eta Markinatik Antzuolara bitartean jaio, bizi, ezkondu, ugaldu eta hil ziren. Erdi-erdian Eibar dagoelarik. Hori bai mundua ezagutzea!

Nahi baduzu, hementxe duzu jolas polita: Ahotsak.com webgunera sartu, eta begiratu ea nongoak diren Arantzeta gehienak; edo Etxaniztarrak; edo Etxabetarrak; edo Larrañagatarrak; edo Abarrategitarrak; edo...

Eskerrak nire seme-alabek odolaren erdia, behintzat, zeozertxo garbitu duten ;-)

ETAren bideoa ere gaztelaniaz

Asier Sarasua 2011/01/11 00:29
Gaur ETAk bere komunikatuaren bideoa erdaraz igorri du. Euskaraz ere bai, badakit. Baina erdaraz ere bai. Gaztelaniaz, hain zuzen ere. Eta ez da lehenengo aldia horrelakoak gertatzen direna. Ni neu, behintzat, higuinduta nago ustezko abertzale euskaltzale zenbaitzuren (gehienen?) jarrera hipokrita horrekin.

Bai. Badakit gaur analisi politikoetarako eguna dela eta txanpana (edo kriantzatxo bat) irekitzekoa. Nire ondorengo lerroak fribolotzat ere joko dituzte. Gainera, egia esateko, hurrengo lerroak orain dela 3 hilabete ere idatzi nituen, antzera, blog honetan bertan. Errepikatu egingo naiz, beraz (zer egingo diogu).

Bai, bai, euskaldunak, libreak, independenteak, gora Euskadi eta behera estatu zapaltzaileak, ... baina egun handietarako, laguna, jo dezagun erdara zaldunera! Unai Morazak ezin hobeto tuiteatu du: euskara ez da hizkuntza osoa ETArentzat. Horixe da koxka.

Ez ETAk bakarrik, jakina. Ezta euren burua euskaltzaletzat duten askorentzat ere. Izan ere, ez da lehenengo aldia, eta ezta azkena ere. Gernikako Akordioa izan zenean ere berdintsu. Euskal alderdi abertzale(en)ak elkartu ondoren, agiria gaztelaniaz eta frantsesez irakurri zuten. Hortxe duzue, GARAn, bideoa español ederrean.

ETAren kasu honetan ere batzuk aipatuko dute, ulergarritasuna, oihartzuna... Agiriaren kasuan, eta gaizki-ulertuak uxatzeko (permanente, general, incondicional..), agian ulergarria da beste hizkuntza batzuk ere erabiltzea (ingelesez ere eman dute). Dena dela, hor ere, frantsesa ez dute, bada, sartu... Española bai, jakina. Viva España!

Eta bideoa? Nondik, zergatik eta zertarako gaztelaniarekiko menpekotasun eta miresmen hori? Gainera, gaur egun, Youtube eta GoogleTranslateren garaian, edozein bideo euskara hutsean sareratuta ere, ti-ta izango duzu munduko beste 40 hizkuntzatan (hementxe, Ruperren bideo bat, nahi baduzu bulgarieraz).

Ba ez. Euskara ez da nahikoa. Administrazioan bezala. EHAA eta GAOa elebidun sareratzen diren bezalatsu. Ustezko abertzale ustel-euskaltzaleek ere, gaztelaniaren eta itzulpenen premia dute. Euskara ez da ez hizkuntza osoa. Ez ETArentzat, ez euskal alderdi abertzaleentzat... ezta ustezko hainbat euskaltzalerentzat ere (euskal tuiterlarien mundu zoragarria beste baterako utziko dugu).

Zer nahi duzue esatea. Ez dut imajinatzen ERC (edo beste edozein eragile, alderdi, sindikatu...) katalan, bere agiriak españolez ere kaleratzen. Españolez kaleratzeko premiarekin.

Ni neu, behintzat, higuinduta nago ustezko euskaltzaleen jarrera hipokrita horrekin.

Picasa, munduko argazki-kudeatzailerik onena

Asier Sarasua 2011/01/09 18:14
Picasarekin maiteminduta nago. Argazkiak antolatzeko, katalogatzeko eta editatzeko softwarea da. Sei urte bete ditu eta azkenengo bertsioak are hobeak dira. Azkenaldian, aurpegiak ezagutu eta katalogatzeko aukera magiko bat ere badu.

2004. urteko Arrate egunean ezagutu nuen Picasa aplikazioa. Mezutxo bat utzi nuen Eibartarrak zerrendan, aplikazioak itxura ona zeukala esanez. Hilabete geroago, berria Sustatun azaldu zen eta mezu sutsuagoa laga nuen erantzunetan. Ordurako maiteminduta nengoen. :-)

Picasa aplikazioa Californiako enpresa batek sortu zuen, Mac-en IPhoto aplikazioaren kopia moduan edo. Handik gutxira, 2004ko ekainean, Googlek erosi zuen eta sarean doan banatzen hasi zen. Une honetan, ziurrenik, munduan gehien erabiltzen den argazki-antolatzailea izango da Picasa. Ez nau harritzen, Googlek sortzen dituen aplikazio gehienen ezaugarriak dituelako:

  • doakoa da
  • bizkorra
  • erabilerraza eta intuitiboa
  • ahaltsua eta konfiguragarria
  • bilatzaile ikaragarri ona

Gainera, zure argazkiekin (eta bideoekin) egin beharreko lan guztiak egin ditzakezu Picasarekin:

  • argazkiak deskargatu
  • zure argazkiak antolatu, katalogatu, izendatu...
  • argazkiak editatu
  • argazkiak sareratu (Youtubera edo PicasaWeb aplikaziora)

Hitz batean: primerakoa.

Editorea mugatu samarra da (ez da Photoshop, jakina), baina aukera nahikoa eskaintzen ditu eta erraz/arin/egoki editatzen du. Eta sareko plataforma, PicasaWeb, ez dut probatu (Flickerrekin jarraitzen dut). Bestela, sekulako tresna da Picasa.

Hori bai, traba bakar bezain handia dauka: Picasa kutxa beltz bat da. Hor barruan pasatzen dena sekretu hutsa da eta Picasan kargatzen eta katalogatzen dituzun datu guztiak (datu-basea, alegia) ezingo dituzu inoiz beste plataforma batera esportatu. Picasan egiten duzun lana Picasan geratuko zaizu; lotuta geratzen zara. Pena.

Aurpegiak ezagutu eta katalogatzen ditu

Picasaren azkenengo bertsioetan (une honetan 3.8 bertsioa jaitsi daiteke), tresna magiko bat ere gehitu dute. Picasak zure argazki guztiak arakatuko dizkizu; ondoren, argazkietan azaltzen diren aurpegi guztiak detektatu eta moztu; amaitzeko, pertsonak identifikatu (zuk emandako izenarekin) eta bakoitzarekin karpeta bat sortuko dizu. Hau da, etxean ditudan milaka argazkietatik, badakit zenbatetan eta zeintzuetan azaltzen den nire alaba, edo semea, edo ama, edo koadrilako ez-dakit-zein. Hori guztiori, azkar, arin eta zehatz. Flipantea. Espioien pelikuletan gertatzen dena, etxean bertan (eta ez ahaztu Picasa Googlerena dela. Hemendik gutxira, Google-ri argazki bat eman, eta argazki horretan azaltzen direnak nortzuk diren esango dizu, eta non bizi diren, zer lanbide duten, euren lagun-taldea zein den...). Beldurgarria? ;-)

Esate baterako, hauxe da Maddiren karpetaren zati bat (Picasak automatikoki sortua):

Picasa Aurpegiak Maddi

Udatik hona, gainera, pertsona baten karpeta hartu eta bideo automatikoak ere sortzen dizkizu Picasak. Oraingoz oso konfigurazio-aukera gutxirekin, baina hori ere azkar eta erraz (botoi bat sakatuta). Argazki batzuk aukeratu, "bideoa egin" botoia sakatu eta hortxe:

 

 

Aurpegiena eta bideoena jolasa besterik ez da, baina Picasa bera tresna izugarria da.

Genetikia zer dan...

Asier Sarasua 2011/01/08 22:13
Seme-alabei begira, eta konturatzen zara zelako gogorra dan gure genetikia. Zelan bultzatzen gaittuan garana izatera, zelan zehazten daben gure izakeria... Txikikerixetatik hasitta. Idazteko darabilguzen hatzak, esate baterako.

Beti esan deste, idazteko orduan, ez dotela ondo oratzen arkatza. Berez, gure inguruko jende gehixenak lehenengo 3 atzamarrak erabiltzen dittu arkatza edo boligrafua oratzeko. Nik ez. Nik 1., 3. eta 4. atzamarrak erabiltzen dittut. Eta bigarrena erdi-aidian laga.

Eta hara nun, Maddik...

4. hatza

Tira, pentsatzen dot kontu normala izango dala ume txikixetan.

Baina genetikia be hortxe dago, e? ;-)

Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Lehen Hitza Euskaraz

Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017