Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Calella de Palafrugell, Empordá

Asier Sarasua 2010/06/30 23:56
Gehienok udako oporrak antolatzen dihardugun bitartean, ni aurreko abuztukoetaz gogoratu naiz, eta konturatu naiz oraindik ez dudala lerrorik idatzi Girona aldean gozatutakoaz. Gozagarria baita beti Girona.

Gironako kostaldea oso leku ederra da oporretarako. Pare bat aldiz lagunekin egon ondoren, 2006. urtean, Ainhoa, Maddi eta Manex txiki-txikia izan ginen bertan. Orduan L'Escalan izan ginen. Zoragarri pasatu genuen eta Alt Empordá eskualdea ezagutzeko aukera izan genuen: Ampuries, Cadaqués, L'Escala... eta baita hegoalderagoko Begur ingurua ere. Iazkoan, berriz, hegoalderago joan ginen, Baix Empordá delakora. Calella de Palafrugellera.

Garaiaren arabera jende lartxo ere aurkitu daiteke Gironan, egia da, baina ez dago masifikazio ikaragarririk. Abuztu erdi-erdian ere, nahiko ondo moldatu daiteke tokirik gehienetan. Beharbada, Rosas eta Lloret bezalako herri handi batean ez, jakina, baina herritxoetan eta hondartza txikietan nahiko lasai ibili daiteke. Zarautzen, Lekeition edo Deban baino nasaiago, behintzat. :-)

Eguraldi ederra ziurtatuta daukazu, kostaldea eta hondartza primerakoak, eta jende jatorra, gehienetan. Itsaso urdinarekin batera, gainera, beste makina bat jarduera egiteko aukera eskaintzen du; horretarako prestatuta dago. Ez da bertako gauzarik ezagunena, baina mendi-bizikletaz ibiltzeko dozenaka ibilbide daude, eta oinez ere kostalde gehiena dago markatuta, Camís de Ronda delakoen bidez. Piraguaz ibiltzeko aukerak ere nonahi, herri ederrak bisitatu daitezke (Pals, Peratallada, Girona bera...) eta ekitaldi kulturalak ere egunero eta edonon.

Iaz Calellako La Siesta Campingean izan ginen: oso leku aproposa, batez ere umeekin joateko. Camping lasaia, ederra, kanpaleku zabalekin, gerizpetsua, igerileku handiarekin eta zerbitzu guzti-guztiak. Herria ere polita da, oso. Txiki-txikia, baina egun batzuetarako oso aproposa. Guri asko gustatzen zaigu, behintzat.

Aurtengoan Korsika egokitu zaigu, baina badakit Girona aldera itzuliko garela noizbait.

Hementxe, guri gehien gustatu zaizkigun zenbait leku:

Calella Palafrugell

Herri polita da. Parte zaharra txikia eta oso turistikoa, baina potxoloa. Giro ederra dago eta gauerdian bere kaleetan firin-faran ibiltzea, izozkia eskuetan, estresaren aurkako terapia ederra da. Gainera, oso ondo kokatuta dago: 10-15 kilometroko tartean hainbat herrixka, hondartza eta kala dituzu 20 egun eder igarotzeko. Herrian bertan 4-5 hondartza txiki daude (El Canadell, Port Bo, San Roc...) . Oso politak dira, baina ez oso erosoak: harrizkoak dira, txikiak eta jendez gainezka egoten dira. Hala ere, goizean goiz edo arratsaldean erdi-hutsik egiten dira eta bainu bat merezi dute. Hondartzarik politena, El Golfet, herritik 1.5 km-ra dago, hegoalderantz. Oinez joan daiteke, ondo markatutako bide batetik eta oso ederra da (hobeto goizez, arratsaldez eguzkia ezkututa egiten baita). Ederrena goizean goiz bertaraino oinez joan eta inor heldu aurretik murgil egitea. Paregabea.

Calella de Palafrugell (Girona)

 Calella Palafrugell

El golfet i Cap Roig (Calella de Palafrugell, Girona)

 El Golfet, egun sentian.

Port Pelegrí (Calella de Palafrugell, Girona)

Port Pelegri, Calella Palafrugell

Llafranch eta Tamariu / Aiguaxelida

Calella, berez, Palafrugell-eko auzo bat besterik ez da. Eta Calella inguruan beste bi hondartza/auzo ezagun ere badira: Llafranch eta Tamariu. Hondartza zabalak eta arezkoak; umeekin joateko aproposak. Llafranch hurrago dago, oinez ere joan daiteke (1.5 km Calellatik) eta nire gustorako politagoa. Aukeran, dena dela, askoz ikusgarriagoa da Aiguaxelida aldea, Tamariu baino iparralderago dagoena. Zoragarria da. Hori bai, kala txikiak eta harrizkoak. 

Aigua Xelida (Palafrugell, Girona)

 

Aigua Xelida (Palafrugell, Girona)

Aiguaxelida

Pals eta Begur eta euren hondartzak: Aiguablava, Fonda eta Begur

Calellatik iparraldera joten badugu, Pals eta Begur aurkituko ditugu. Herri ederrak, harresi eta gazteludunak. Pals "artifizialagoa" neurri batean. Begur gehiago gustatzen zait, benetakoagoa. Giro bizikoa eta kala txiki urdinez inguratua. Ederrenak, gure ustez: Aiguablava (arezkoa, zabal samarra, umeekin joateko egokia), Platja Fonda (zerbitzurik ez, biderik ere ez ia-ia; ederra baina umeekin zaila), Sa Tuna eta Sa Riera (txiki-txikiak eta harrizkoak, baina bisita merezi dute). Iparralderago Illa Roja polita dago. Guztietan ere, aparkatzea zail-zaila izaten da. Garaiz mugitu behar da.

Sa Tuna (Begur, Girona)

Sa Tuna

Aiguablava (Begur, Girona)

Aiguablava

Platja Illa Roja (Begur, Girona)

Illa roja

Castells - Cala Estreta eta inguruak

Calellatik hegoaldera, berriz, Palamoseraino, kostalde ikusgarria daukagu. Castells hondartza da Palamoseko lehenengoa. Arezkoa, zabala, parking handiarekin. Castells bera ere ez da txarra, baina ederrena Castellsetik Calellarainoko parajea da (4-5 kilometro inguru). Kalaz eta amildegiz betetako ingurua. Oinez edo txalupaz bakarrik joan daiteke, ez dago errepiderik, eta horrek xarma (eta lasaitasun) berezia ematen dio. Ez pentsa abuztuan bakarrik egongo zarenik, baina lasai antzean ibili ahalko zara. Canyers, Saniá, Corbs, ... eta ederrena, guretako, Cala Estreta. Azken hori, gainera, arezkoa da. Umeekin egunpasa joateko primerakoa. Izenak dioen moduan, estreta-estreta da, estu-estua, alegia, baina Mediterraneoan marea ez da igotzen, hortaz... Aukera izanez gero, piraguaz joatea merezi du. Edo bi taldetan banatuta, piraguaz joan eta oinez itzultzeko (eta alderantziz).

Castells (Palamós, Girona)

Castells

Cala Canyers, Cala Estretara bidean

Cala Canyers

Cala Corbs (Palamós, Girona)

Cala Corbs

Bide amaiera: Cala Estreta

Cala Estreta

Camí de Ronda: Castells - Cap Roig

Camí de Ronda, Castells-Cap Roig

Cala Estreta (Palamós, Girona)

Cala Estreta

Camís de Ronda

Empordako kostalde guztia Camís de Ronda izeneko ibilbidez beteta dago. Kostaldeko ibilbideak, hondartza eta herriak batzen dituzten mendi-bide ikusgarriak, beti itsas ertzetik, batzuetan tuneletan barrena. Ibiltzea gustatzen zaionarentzat aukera paregabea, ibili ahala kalak eta hondartzak ezagutu, bainu freskagarriak hartu eta snorkel pixkat egiteko. Guk (zatika) egin genituenak, denak politak: Aiguaxelida ingurukoa, Aiguafredakoa (gogorragoa), Calella-Golfet bitartekoa, eta Castells-Cala Estreta batzen dituena. Gomendagarriak, guztiz. Hori bai, Gironan abuztuan bero egiten du eta bidean ez dago iturririk. Ura derrigorrezkoa. Edo goizean goiz ibili.

Camí de Ronda (Calella de Palafrugell, Girona)

Camí de Ronda, Llafranch-El Golfet

Camí de ronda: Castells - Cap Roig

Camí de Ronda, Castells-Cap Roig

Camí de Ronda (Calella de Palafrugell)

Camí de Ronda, Llafranch-El Golfet

Girona

Girona bera, hiriburua, urrun samar dago Calellatik (ordubete inguru), baina eguna pasatzeko ez da leku txarra. Alderdi berriek ez daukate ezer, baina alde zaharra oso ederra da.

Girona

 

Pont de les Peixeteries Velles (Girona)

 

Flickr berritu dute

Asier Sarasua 2010/06/28 21:10
Asteburu honetan aldaketak egin dituzte Flickr-en. Batez ere zabalera kontua izan da (1280 pixelera zabaldu dute), baina nabarmen hobetu da argazkiak ikusteko modua.

flickr-berriaGaur egun, gutako asko sareak identifikatzen gaitu. Ni nor naizen azaldu beharko banu, adibidez, nahikoa litzateke sareko hiruzpalau lotura ematea: Twitter kontua, bloglines-eko jarioak, delicious, eta hau blogau, jakina. Beharbada, beste bizpahiru lotura ere eman beharko nituzke: EibarOrg, Codesyntax, Ahotsak...

Baina guztien artean bat aukeratu beharko banu, Flickr-eko nire kontua litzateke. Uste dut Flickr dela azken 5 urteotan gehien erabili dudan sareko tresna; etengabe, astero, plazer handiz. Eta gehien identifikatzen nauena; hantxe daude nire ibilerak, lanak, zaletasunak, lagunak, familia... 2000 argazki inguru. 

2005eko uztailean deskubritu nuen, Gari Araolazaren bitartez, eta bost urte hauetan nire bidaia-lagun izan da. Denbora luze honetan ia-ia ez da aldatu. Aldaketa nabarmenena, bideoak igotzeko aukera gehitu zutela (nik neuk ez dut ia erabili). Bestela, hasieran bezalaxe funtzionatu du. Ondo. Zertarako aldatu.

Asteburu honetan, baina, aldaketa handi samarra egin dute. Hasteko, 1280 pixeleko zabalera eman diote webguneari. Horrek nabarmen hobetu ditu portadak eta argazki bakoitzaren bistak. Gainera, argazki bakoitzaren orrialdea ere aldatu dute. Menu nagusia batere ukitu gabe, baina argazki bakoitzaren inguruko informazio guztia (izenburu eta deskripzioak, datu teknikoak, kokapena, lizentzien kontua...) den-dena aldatu dute. Hoberako, nire ustez.

Oraingoz, logeatuta egon behar da itxura berria ikusteko, baina laster aireratuko omen dute.

 

 

Mundiala

Asier Sarasua 2010/06/27 18:47
Inoiz baino gogo eta interes gehiago jarri dut aurten mundialean. Disfrutatzen ari naiz. Partiduekin, taldeen gora-beherekin eta mundialeko porrarekin! Erabat murgildu naiz vuvuzelen burrundaran. Lehenengo fasea amaituta, aurreneko ondorioak ateratzeko ordua.

Lanean porra egin dugu. Etiam eta Mendicute izan dira kakati bakarrak; besteok hortxe dihardugu, jo-ta-sua, Paraguai, Ghana eta Eslovakia bezalako selekzioak animatzen. 

Uste dut porra horri esker inoiz baino sutsuago dihardudala mundiala jarraitzen. Bestela ere jarraituko nuke, jakina (futboleko mundialak, atletismokoak, saski-baloikoak edo joko olinpikoak... berdin zait :-) ). Baina porrak beste zer bat ematen dio lehiari. 

Porran 11 talde hartu behar genituen bakoitzak (32 dira guztira), baina 4 taldetan banatuta (faboritoak, talderik onenak, ez hain onak, eta txarrak). Dena hartzen da kontuan: garaipenak, fasea pasatzea, aldeko eta aurkako golak... Kasu bakoitzean hainbat puntu. Lehia bizia daukagu!

Porrari egindako gainbegiratuarekin errepasoa emango diot mundialaren lehenengo zatiari. Hauek izan dira nire aukerak:

Faborito nagusiak (1 hartzeko): Brasil edo Espainia.

  • Nik Espainia hartu dut. Mundiala irabazten badu, gutxienez puntu batzuk emango dizkit. Gaitzerdi.

Faboritoak (3 hartzeko): Argentina, Holanda, Portugal, Alemania, Frantzia, Ingalaterra, Italia.

  • Alemania. Talde gazte eta kalitatekoa dauka. Dena normal joanda Argentina izango zuen finalerdietan (hala dirudi) eta Maradonak ez dit konfidantzarik ematen. Alemania hartu eta Argentina utzi nuen.
  • Holanda. Sailkapen-talde erraza zeukan (Danimarka, Japonia eta Kamerun). Finalerako bidean Brasilen koadro berean dago, baina itxaropena neukan (eta daukat). Egia da azken urteotan ez direla fin-fin ibili, baina kalitatea daukate, talde orekatua, eta gola.
  • Ingalaterra. Sailkapen-talde erraza zeukan eta koadro erraza finalerako bidean (Frantzia-Uruguai-Mexiko-Serbia-Ghana... izan zitekeen bere arerio finalerako bidean). Ia-ia finalista ikusten nuen. Baina sailkapen faseko bigarren geratu, Algeriaren aurka berdinduta, eta kaka. Dagoeneko kalean da. Hortxe galdu dut porra.
  • Italia eta Frantzia ez nituen ondo ikusten. Eta Portugal Brasilen taldean zegoen eta Espainiarekin gurutzatuko zela zirudien (hala izan da).

Tartekoak (3 hartzeko): Serbia, Uruguai, Kamerun, AEB, Mexiko, Suitza, Nigeria, Txile, Paraguai, Grezia.

  • Ez zitzaidan kostatu hiru aukeratzea: Paraguai, AEB eta Serbia. Lehenengo fasea aise gaindituko zutela pentsatzen nuen. Aukera asko zituztela. Batez ere, Paraguaik, Italiak sekula ez duelako lehenengo fase ona egiten. AEB ere bere mailan ibili da. Baina Serbiak huts egin dit. Azken partidako azken minutuan penaltia izan zuen sailkatzeko... eta kale! Kauen! AEB ere kanpoan da honezkero, baina Paraguai ondo ikusten dut. Zorte pixka batekin, finalerdietan. :-)
  • Txile ere ondo ikusten nuen, baina Brasilen aurka gurutzatzen zen zortzirenetan. Hor jai daukala uste dut (Ameriketako sailkapen fasean erraz irabazi zion arren).
  • Uruguai edo Mexiko aukeratzekotan ere izan nintzen, baina talde hori ez nuen batere garbi ikusten (Frantzia eta Hegoafrika ere hortxe zeuden). Zein sailkatuko zen? Zein ez? Zalantza larregi. Gaizki egin nuen, garbi dago. Uruguaik egundoko puntu extra pila emango ditu porran.

Eskasak (4 hartzeko): Boli Kosta, Algeria, Ghana, Japonia, Danimarka, Hegoafrika, Australia, Hego Korea, Eslovenia, Eslovakia, Zeelanda Berria, Honduras, Ipar Korea. 

  • Hego Korea sailkatuko zela iruditzen zitzaidan. Puntutxo batzuk eman dizkit.
  • Hegoafrika ere hartu beharra zegoen. Herrialde antolatzaileak beti sailkatu izan dira bigarren faserako. Aurten izan ezik, jakina. Kaka.
  • Eta beste biak? Ez zegoen aukera handirik. Zeelanda Berria hartu nuen, Italiaren taldean egonda punturen bat lortuko zuelakoan. Halaxe izan da. Eta Danimarkari ere aukeraren bat ikusten nion; bere taldean Japonia baino hobea zelakoan. Baina Japoniak ezustekoa eman zuen.

Ezusteko gutxi

Orain arte ez dirudi Mundialak ezusteko handirik eman duenik. Faboritoen artean ez, behintzat. Frantzia eta Italiaren porrota lehendik ere iragarrita zegoen. Brasil, Alemania eta Argentinaren nagusitasuna ere bai. Espainiak lehenengo partidan huts egin zuen, baina sailkapena ondo bideratu du. Eta ez dauka koadro zaila finalera bidean. Nekatuta daude, eta txisparik gabe. Xavi ez da Xavi. Eta Espainia (Barça bezala), Xavi da. Hala ere, uste dut hurrengo partidetan hobera egingo dutela. Oraindik ere faboritoen artean ikusten dut.

Uruguaik ez du beste munduko ezer egin, baina biderik zailena egin du. Ghana gaindituz gero, finalerdietan. Holanda erraz sailkatu da, baina benetako partida batean ikusteko gogoz nago. Bihar Eslovakia izango du parean; gainditzen badu, Brasil. Ea noraino heltzen den.

Japonia edo Ghana ere hortxe daude, nolabaiteko ezustekoa emanda. Baina ez dut uste askoz urrunago helduko direnik.

Egia esateko, mundiala oraintxe hasi da. Final zortzirenetan eta laurdenetan ikusiko da zein dagoen ondo eta zein ez horrenbeste. Alemania, Argentina, Brasil, Holanda, Espainia? Zein moldatuko da ondoen hil-ala-biziko partidetan? Zortea eta arbitroak ere lagun izan beharko dituzte.

Orain arte Alemania bakarrik ikusi dugu. Erraz-erraz gainditu du Ingalaterra. Gauean Argentina-Mexiko; Maradonaren taldeak lan egin beharko du. Eta bihar Brasil; eta Holanda; eta etzi Espainia-Portugal...

Puf! Disfrutatzeko!

Dantzari eguna, Kezka (eta beste)

Asier Sarasua 2010/06/22 09:12
Ostiralean dantza jaialdia izan genuen Eibarren. Kezka Dantza Taldeak antolatutako "Dantzari eguna". Kezkako dantzari guztiak Untzagan ikusi genituen jira-bueltaka. Ikuskizun polita izan zen.

Dantzari eguna

Dantzari egunaJoan zen ostiralean Dantzari Eguna izan genuen Eibarren. Kezka Dantza Taldeak antolatzen du urtero eta, nolabait esateko, ikasturte amaierako jaialdia da. Urte guztian zehar Kezkako umeek (eta baita nagusiek ere) ikasitako dantzak plazaratzen dituzte Untzagan.

Aurten lehenengo pertsonan bizi izan dugu, gainera. Maddik 6 urte bete ditu eta Kezkan hasi da ikasturte honetan. Esango nuke, oro har, oso gustura ibili dela Kezkan dantzan ikasten. Egia da azken asteotan nekatuta ere bazegoela (ikasturte amaieretan ume gehienei gertatzen zaie), baina ostiralean poz-pozik irten zen plazara (hor, argazkian, andereñoren azken orduko argibideak jasotzen).

Ekitaldi polita izan zen. Talde bakoitzak dantza bat edo bi egin zituen eta ikusleok (gehienbat guraso eta aittitta-amamok) asko disfrutatu genuen. Onenak, zelan ez, lehenengo mailakoak :-)

Hementxe dantzan:

Argazki gutxi batzuk ere igo ditut Flickr-era.

Esango nuke Dantzari Eguna oso egun aproposa dela umeentzat. Urte guztian zehar ikasi dutena plazan erakutsi, jende aurrean dantzan egin, lotsa eta harrotasun puntu batekin... Umeak pozarren zeuden bariku gauean!

Euskal jaia

2010-05-30-euskal-jaixa-034Dantzari eguna, jakina, ez da Kezkak antolatzen duen ekitaldi bakarra. Orain dela 3 aste, Kezkak antolatutako beste jai bat Eibarren: Eibarko Euskal Jaia (argazki batzuk Flickren).

Hor ere ederto pasatu genuen: goizeko dantzaldian, herri-bazkarian, eta arratsaldeko erromerian. Umeentzat, ostera, Dantzari Eguna hobea izan zen. Askoz gehiago disfrutatu zuten. Euskal Jaiko dantzaldietan oraindik galduta sentitzen dira eta ikuskizunak luzeegiak egiten zaizkie.

Euskal jaian Ezpalak ikuskizuna ere izan zen (Kezkaren webgunean informazio ugari: programa, kronika eta oihartzuna).

Kezkan dantzan ikasten

Kezka eibar dantza

Aurten, gainera, lotura estuagoa izan dut Kezkarekin. Erromerietan-eta sarri astindu izan ditut oinak, baina ezin esan dantzan egiten dakidanik, ezta hurrik eman ere. Aspaldi ikasteko gogoz, baina astirik ez. Eta aurten, alaba apuntatu dela eta ni ere dantzan ikasten hasi naiz. Eta oso gustura. Merezi du. Jende askori entzun diot eurek ere nahiko luketela. Tira, ba, ez da batere zaila: irailean izena eman eta etorri: arin-arin, fandango... Erdizka eta hiru!

Antxoa "gorritan"

Asier Sarasua 2010/06/20 23:30
Andoni Sagarnari irakurri diot gaur "gorria" ikusi duela. Itsasoan gorriune nabarmena, arrain-multzo handia, alegia. Eta zer da hori? Getariako arrantzaleek kontatuko digute.

Andoni Sagarnari irakurri diogu gaur gorri bat ikusi duela itsasoan, Donostia parean. Gaur egun inork gutxik jakingo du zer den "gorri" hori; Sagarnak ere halaxe dio. Galdutako hitz, adiera eta lanbideen zerrenda luzearen barne dago jada.

Ahotsak proiekturako Gipuzkoako kostaldean egindako grabazioetan, ordea, sarri aipatu digute arrantzale nagusienek lehen halaxe topatzen zituztela arrain-sardak, sonarrik eta antzekorik ez zenean, begi bistaz: txori ta izurdeei segika, antxoek sortutako gorriuneak eta ardorak bilatuta.

Hona hemen pare bat adibide, biak ere Getarian jasotakoak. Jaxinto Isastik azalduko digu zer den antxoa gorritan egotea. Eta Brigido Iribarrek kontatzen digu zeintzuk ziren antxoa harrapatzeko bide nagusiak: majua eta ardora.

 

"Antxoa gorritan" zeri deitzen zitzaion

 

 

Antxoaren arrantza: ardoran, majuan eta "estraperluan"

Kanpoko igarilekua prest

Asier Sarasua 2010/06/16 09:45
Urtebeteko obren ostian, badirudi Eibarko kanpoko igarilekua prest dagola zapatuan denboraldixa hasteko.

Atzo bertan ataratako erretratua. Lanak amaittuta eta bedarra berde-berde.

Ipurua igerilekua (Eibar, Gipuzkoa)

Urtebeteko lanak izan dira, igerileku inguruko berdegunia haunditzeko. Justu-justuan ibili dira, baina badirudi garaiz zabalduko dabela. Denboraldixa joan zan astian hasi bihar zan, baina egualdi txarra aprobetxatuta (eta bedarra oindiok sendotu barik zeguanez), astebeteko atzerapenakin ekingo detse, zapatu honetan.

Aspaldiko eztabaidia da Eibarko igerilekuana. Izan be, nahiko txikixa da Eibar moduko herri baterako. Bai igarilekua bera, bai inguruko berdegunia. Jendia kexaka ibili da behin eta berriz, eta udalak ezetz, igarileku ederra genkagula (delicious). Azkenian haunditzia erabagi dabe. Igarilekua hirukoiztu egingo zebela be saldu zeskuen, baina azkenian berdegunia bakarrik haundittu dabe. Egixa esan, askoz aukera gehixagorik be ez dago.

Baina txiki geratzen da. Aurtengo anpliaziño honekin ikusi bihar...

Hamen igerilekua, lanak egin aurretik:

Igarilekua, Ipurua, Eibar

 

 

Marraskilo ederra

Asier Sarasua 2010/06/15 23:08
Domekan Azkoitti ingurura joan giñan patiñatzera eta hau potxoladiau topau genduan. Tira, ixa-ixa baitta patiñekin zapaldu be.

Azkoitti eta Azpeitti arteko bidegorrixan topau genduan gure laguna. Patiñen azpixan geldittu jakon Maddiri, "aitatxo, marraskillo bat!".

2010-06-13-marraskillua-003


Euskal Herrixa oso toki ona da molusko lurtarrak topatzeko eta aztertzeko. Oso leku aberatsa marraskillo kontuetan. Marraskillo, barraskilo, barakuilu, barakurkuilu eta baitta karakol kontuetan be.

Badira hainbat espezie ezagun (hainbat arrazoigaittik). Esate baterako, Helix aspersa, betiko marraskillua, gaztaiñerretan afaltzen doguna; edo Rumina decollata, marraskillo buztanbakua (oskola "apurtuta" dakala dirudi); edo Pomatias elegans, molusko lurtarren artian operkulua daukan bakarretakua; edo Cepea nemoralis eta bere taldekuak, bide baztar eta hesoletan dozenaka topatzen dogun marraskillo marraduna...

Baina Azkoittiko laguna ez neban ezagutzen. Neurriz haundixa. Gorputz baltz distiratsua, luzia. Oskol gorri-pinttua, zapala. Izakeraz, ausarta, antenak beti tente.

Ederra marraskillua!

2010-06-13-marraskillua-008

 

Pomatias elegans ?

Pomatia elegans

File:Rumina decollata 0106.JPG

Rumina decollata

http://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/f/fa/Cepaea_nemoralis_pair_banded_shells.jpg/517px-Cepaea_nemoralis_pair_banded_shells.jpg

Cepea nemoralis

Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Lehen Hitza Euskaraz

Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017