Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Lau urteko umien gelan hizlari

Asier Sarasua 2010/04/30 10:23
Atzo Ikastolan egon nintzan, Manexen gelan. Aste honetan txorixen inguruko ikasgaixa dauke eta andereñok eskatu zestan berba batzuk esatera joateko. Ederto pasau neban.

Arratsaldeko 3etan heldu nintzan Sansaburura eta hantxe nittuan danak zain. 80 ume. Lau urte ingurukoak. Hori urduritasuna! Eurena eta, gehixenbat, neria! Nahiko ohittuta nago hitzaldi eta aurkezpenetara, baina zer kontatzen jakue 4 urteko umemokueri? Ume bakar bati, tira, horretan badakat esperientzia, baina 80 umeri? Eta zelan dominau salbaje-aldra hori? :-)

Oso esperientzia politta izan zan eta ederto pasau genduan. Nik bai, behintzat. Eta uste dot eurak be gustora egon zirala. Argazki batzuk ikusi genduzen, txori-kantu batzuk entzun, bideoren bat ikusi (pinguinuak eta kolibrixak), lumak eta arrautzak be aztertu genduzen... Eta euren anekdotak eta ipuinak entzun, zelan ez: "nik etxian txori bat dakat", "ba nik bi perikito, baina hil egin dira", "eta nik behin ikusi neban arrano bat", "eta nik bi arrano eta superhaundixak"...

Amaieran, erregalua be jaso neban: marrazki haundi bat, Manexen ikaskide guztiak egindakua, txoriz beteta eta esaldi honekin: "Eskerrik asko Asier, txoriak maite dituzulako". Ai, zelako emoziñua! :-)

Manexen gelan

 

EITB, "El conquis" eta euskara

Asier Sarasua 2010/04/25 23:08
ETB2-ko programarik ezagunetakoa da, "El conquistador del fin del mundo" reality-a. Gutxienez bost edo sei urtez eman dute programa (aurten ere bada) eta dozenaka lagun igaro dira bertatik, Euskal Herri osokoak. Denbora guzti honetan, baina, ez dugu euskarazko hitzik entzun. Ez dago partehartzaile euskaldunik? Euskarazko elkarrizketak moztu egiten dituzte? Edo euskaraz ez egiteko eskatzen diete?

El conquistador del fin del mundo, ETB2 kateko programarik ezagunenetakoa. Euskal Herritik joandako 15-20 lagun inguru Patagoniara bidaltzen dituzte eta euren artean lehiatu behar dute, superbibienterik onena zein den erabakitzeko.

Ez dut ez urtero eta ez astero ikusten, baina bai tarteka, eta beti izan du zalantza berbera: programa horretan ez dago euskaldunik?

Saioan dozenaka lagun izan dira, asko eta asko euskaldunak. Hori nabarmena da. Urola-Kostako, Lea-Artibaiko, Debagoieneko... parte-hartzaileak izan dira Patagonian. Lehenengo begiratuan euskaldunak direla igartzen den jendea.

Hala ere, sekula ez dute euren artean euskaraz egin. Sekula-sekula. Ezta behin ere ez. Eta hori ez da batere arrunta Euskal Herrian. Patagonia alde horretan, kortesiazko hitzetaz aparte (Zorionak!, Agur!, Aurrera!), ez da euskarazko hitz erditxo bat ere entzuten. Baina sekula-sekula, aizuek!

Benetan ez da euskaraz hitz egin Patagoniako programan? Euskarazko zatiak moztu egiten dituzte? Parte-hartzaileei euskaraz ez egiteko eskatzen zaie?

Izan ere, Euskal Herri erdaldundu honetan ere, monolinguismo hori erabat harrigarria egiten zait! Ala argigarria esan beharko genuke?

Txakarrak

Asier Sarasua 2010/04/20 23:27
"Txakarrik ez!" esaten zuen nire aittitta zenak. Txakarrak. Dirua alegia; "los cuartos". Sekula ez diot beste inori entzun, gaur Xabier Eskisabeli entzun diodan arte.

>> Txakarrak · dirua, los cuartos.

txakarrakLehenago ere zenbait hiztegitan bilatu izan dut "txakarrak" hori eta ez dut inon aurkitu. Jatorria ere ez neukan garbi. Gaur goizean Bilbon izan naiz, Leioan antolatutako jardunaldi batzuetan. Eta hantxe entzun dut berriro hitza, Guregipuzkoa.net webguneko Xabier Eskisabelen ahotan. "Zakarrak" bota du berak, eskuin eskuko bi atzamar elkarren kontra igurtziz.

Eibarren, ostera, "txakarrak" esaten da, taldeko beste zenbait hitz moduan (zintzilik > txintxilik; zintzarri > txintxarri; zaldun > txaldun; zakil > txakilletan; eta abar).

Iñaki Segurola azpeitiarrari beste aipamen hau ere aurkitu diot Interneten, erabat argigarria:

"Zikina ez ezik, zakarra ere bada dirua; hala esaten diogu gure bailaran diruari ezizenez: zakarra; diruak, kakak, heriotzak, eromenak edo larru-gauzek hizkuntza guztietan izan ohi dituzten eufemismoen sailekoa da - zakarrik ba al daukak? -, maiz aski zuzenean aipatzen ez diren gauzen klasekoa baita dirua, nahiz-eta eufemismo jantziagoak ere badakien bereganatzen: "inbertsioa", "hazkundea" eta horiek diru zikina edertzen dute".

 

 

Euskal abizenak zenbakitan eta lurraldeka INEren webgunean

Asier Sarasua 2010/04/15 21:50
Espainiako Estatistika Institutuak (INE) baliabide interesgarria dauka bere webgunean: Espainiako abizenen datu-base bat dauka eta lurraldez lurraldeko datuak ematen dizkizu (Iparraldekorik ez, jakina). Esate baterako: zenbat "Sarasua" gara? eta non bizi gara?

Hauxe da Espainiako INE (Instituto Nacional de Estadística) erakundearen webguneak ematen duen zerbitzua: Distribución territorial de apellidos. Abizen bakoitzak dituen herritarren kopurua ematen du, lurraldez lurralde banatuta.

Esate baterako, 770 Sarasua bizi gara Espainian. Bigarren abizena Sarasua dutenak beste 631 dira. Gehien-gehienak Gipuzkoan eta Bizkaian bizi gara, baina Espainia aldean ere badira ehundaka batzuk. Munduan zehar besteren batzuk ere izango dira, noski. 2008ko datuak dira eta bakarrik Espainiakoak, baina bada zeozer.

Nire beste abizen batzuk zenbatzen ere ibili naiz. Arruntenak (Toledo 16.991, Arana 7.103, Mendizabal 3.759, Aranberri 1.450, Aginaga 1.250, Gisasola, 1.048), zein urrienak (Iribekanpos 53, Mallabiabarrena 47, Iñarrairaegi 34, Elkoroberezibar 20).

Tira, ez da beste munduko erreminta, baina kuriosoa da, denborapasarako egokia. Zeintzuk diren euskal abizenik arruntenak, zeintzuk arraroenak, zeintzuk Nafarroako tipikoenak, zeintzuk giputzak...

Jolasa: ea nork aurkitzen duen abizen euskaldun arruntena (eta ez du balio Garciak: 1.477.204). Eta urriena?

Esnatu! Errepublikia etorri da eta!

Asier Sarasua 2010/04/14 08:00
Apirilak 14. Errepublikia aldarrikatu zan eguna. Gaur 79 urte. Orain dala urte batzuk, hurrengo bideua egin genduan Eibarko Udalian Errepublikiaz. Zelan bizi izan zeben eibartarrak hori egunori? Herriko hainbat lekuko elkarrizketatu eta bideo txiki bat egin genduan. 1931ko apirilaren 12tik 14ra bizi izandakuak gogoratzen dittugu. Itziar Alberdi izan neban lankide eta Eibarko Udalaren "Eibartarren Ahotan" proiektu barruan egin genduan lana.

 

 

Soba - Vega de Pas (Cantabria)

Asier Sarasua 2010/04/07 22:49
Joan zen asteburuan Cantabria inguruan ibili gara berriro. Sobara itzuli gara, hainbagarren aldiz, eta handik Vega de Pas herrira ere joan gara, Burgostik barrena. Inguru ikusgarria.

Lehenago ere aipatu izan dut Soba blog honetan eta Flickr-era ere hainbat irudi igo ditugu. Soba Cantabrian dago, Laredotik hegoaldera jota, Asón eta Gandara erreketan gora. Burgos eta Bizkaiako mugan dago eta inguru ikusgarria da. Eder-ederra. Lagun batzuen etxea aprobetxatuta, sarri joan izan gara asteburua pasatzera eta Aste Santuan ere pare bat egun egin genituen bertan. Beti bezala, primeran.

Oraingoan, Soba ez ezik, Vega de Pas ingurua eta Burgos iparraldea ezagutzeko aukera izan dugu. Sobatik irten, Portillo de la Sía mendatea igo eta Burgosera heldu ginen, Las Merindades ingurura. Handik, berriro iparralderantz egin eta Cantabriara itzuli ginen, Vega de Pas herrira (ibilbidea Tagzanian).

Harrituta eta liluratuta geratu naiz Burgos iparralde horrekin. Las Merindades, Espinosa de los Monteros, Las Machorras, Puerto de Estacas de Trueba... Zelako inguru ederra! Oraindik ere natura nagusi; gizakia eta natura elkarren lagun.

Toki paregabea.

Portillo de la Sía (Soba, Cantabria)

Portillo de la Sía (Soba, Cantabria)

Fuenterrabiosa (Machorras, Merindades, Burgos)

 Fuenterrabiosa (Las Machorras, Burgos) 

Estacas de Trueba

Puerto de Estacas de Trueba (Burgos-Cantabría)
Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Lehen Hitza Euskaraz

Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017