Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

"El camino" (Miguel Delibes, 1950)

Asier Sarasua 2010/03/31 15:17
Daniel "El Mochuelok" 11 urte ditu eta, bere herria utzita, hiri handira doa ikasketak egitera. Autobusa hartu aurreko gauean errepasoa ematen dio bere bizitzari eta bere herriko gorabehera guztien berri emango digu. Liburu handia; erabat gomendagarria. Azken egunotan berriz irakurri dut; Delibesi hori zor nion, gutxienez.
El camino, Delibes

Umetan eta gaztetan orain baino askoz-askoz gehiago irakurtzen nuen. Esku artean harrapatzen nuen guztia irensten nuen. Eta irakurritakoak eragin handia zeukan nigan; esango nuke nire izaeran eta nortasunean ere eragin izan dutela. Liburu horien artean badira barren-barrenean sartuta ditudan hainbat. Orain, 40 urterekin, liburuok berriro irakurtzeko gogoa izaten dut, baina beldur ere banaiz, ea gaztaroko xarma galduko ote duten (batzuekin gertatu zaidalako).

Delibes hil berri, "El camino" berriro irakurtzea erabaki nuen. Hasierako beldurrak berehala uxatu zizkidan Daniel "El mochuelok". Zelako gustura irakurri dudan. Egia esateko, Delibesek erraza dauka liburu honekin nire arreta bereganatzea: herri txiki bateko bizimodua, 1940. hamarkadan girotua, naturaren eta hegaztien inguruko aipamen ugari,... ahotsak.com proiekturako moduko lekukotasuna. :-) Wikipediak nahiko ondo biltzen ditu liburuaren ingurukoak.

Liburu ederra da "El camino", erabat gomendagarria. Delibesen lanik gehienak bezalaxe. Maite dut bere idazkera, landu bezain argia, zuzen bezain dotorea; maite ditut bere pertsonaiak; maite dut bere prosa poetikoa eta gaztelania sendoa. Lasai eta ozen irakurtzeko liburua da "El camino", parrafoz parrafo dastatu eta gozatzekoa, lehenengo esaldi ederretik hasita: "Las cosas podían haber sucedido de cualquier otra manera y, sin embargo, sucedieron así". Neurri batean Atxagarekin gertatzen zaidan berbera gertatzen zait Delibesekin, eta "El camino" ere "Soinujolearen semea" eleberriarekin parekatuko nuke. Biak ere biak ezinbesteko erreferentzia niretzat.

Delibesen liburuak ez ezik, Delibes bera ere asko apreziatu izan dut beti. Gizon apala eta zentzuzkoa, konfidantza ematen duten horietakoa. Bere heriotza dela eta hainbat artikulu kaleratu dira bere literaturaz eta bizitzaz; Antonio Muñoz Molinaren hau irakurri nuen, esate baterako, Delibes a lo lejos; uste dut ondo islatzen duela zer den Delibes eta bere lana.

Joxe Arantzabali irakurri nion Delibes dela gaztelaniaz gehien irakurri duen idazlea; eta konturatu nintzen nire kasuan ere horrela dela. Eta irakurtzen jarraituko dut. Aste honetan bere beste liburu bi erosi ditut. Presaz nago etxean jaso eta irakurtzen hasteko.

Hiztegi Batua - Jardunaldia eta tresna berriak

Asier Sarasua 2010/03/25 21:55
Aste honetan jardunaldi interesgarri batean izan naiz: Hiztegi Batuaren inguruko jardunaldia antolatu zuen Euskaltzaindiak. Hiztegi Batuko lantaldearen prozedura, irizpideak, tresnak... Nola eta zergatik hartzen dira erabakiak? Eta baliabide berri bi ere aurkeztu zituzten: Lexikoaren Behatokia eta Hiztegi Batu Oinarriduna (HBO). Euskaltzaindiak azkenaldian eman dituen urrats berrien adierazgarri izan zen: erakunde irekiagoa eta teknofiloagoa. Ongi etorri!

Joan zen martitzenean, martxoak 23, 70 lagun inguru elkartu ginen Euskaltzaindiaren egoitzan, Bilbon, tartean Ahotsak.com egitasmoko zenbait kide. Egun guztiko jardunaldia izan zen. Andoni Sagarna antolatzaileak aipatu zuen moduan, Hiztegi Batuaren "stripteasea" egin zuten: euren lan egiteko modua azaldu, irizpideak, datu-basea, tresnak eta baliabideak aurkeztu... Interesgarria, oso; gustura egon ginen.

Jardunaldiak 3 atal nagusi izan zituen:

Andoni Sagarna izan zen gidari nagusia, HB taldeko kidea eta Euskaltzaindiaren Iker sailburua. Bere alboan, baina, beste bi kide ere izan ziren: Jose Antonio Aduriz Hiztegi Batuko lantaldearen arduraduna eta Miriam Urkia, lantaldeko kide eta UZEIko arduradunetako bat. Aurkezpenak sareratu egin dituzte, euren webgunean (PDF, 360 Kb).

Hiztegi Batua

Goizeko lehenengo jardunean Hiztegi Batuaren inguruko gogoeta egin zen. Andoni Sagarnak Hiztegi Batuaren izaera eta xedea azaldu zituen:

  • Euskaltzaindiaren egitasmo nagusienetakoa da.
  • Helburu nagusia bat: Euskal hitzen forma estandarra zehaztea.
  • Ondo finkatutako hitzak, literatura tradizioan erabilitakoak, azken hamarkadetako erabilerak finkatzen joan direnak.
  • Ez ditu batzen idatzirik ez dagoena, desagertutako hitzak eta teknizismoak.
  • Ez dira nahastu behar HB eta Euskararen Hiztegia. Hiztegi Batua ez da euskararen hiztegia.

Eta Jose Antonio Adurizek Erabakiak hartzeko irizpideei eman zien gainbegiratua, luze eta sakon. Lantaldearen irizpideak zeintzuk diren, informazio osagarria nola bideratzen den, eta abar (esandakoak bere aurkezpenean dituzue, PDF formatuan).

Orain arte hilean behin elkartzen zen Euskaltzaindia eta hortxe hartzen ziren behin-betiko erabakiak. Duela gutxi, baina, Batzorde ahaldun bat osatu da eta erabakiak bertan hartuko dira, azkarrago eta arinago.

Hiztegi Batu Oinarriduna (HBO)

Hiztegi Batua (HB) osatzeko lana orain dela 18 urte hasi zen eta bide horretan txosten eta material ugari sortu eta landu da. HBan erabaki bat hartzeko erabilitako ezkutuko informazio guzti hori sarean jarri du Euskaltzaindiak HBO aplikazioan. 18 urtean zehar Word dokumentuetan batutako lana datu-base batera erauzi da eta sarean ipini da. Bertan ikusi ahal izango dugu hitz bat edo aldaera bat onartzeko/baztertzeko bidean zer urrats eman diren (edo zati bat, behinipehin).

Lexikoaren Behatokia (LB)

Euskaraz erabiltzen dugun hiztegia finkatzeko orduan ezinbestekoak dira tradizioa eta orain arteko corpusetan bildutako hitzak, baina hizkuntzak bizirik daude eta derrigorrezkoa da gaur egungo hiztunek darabilten hizkera eta hiztegia ere jasotzea. Horretarako sortu da Lexikoaren Behatokia. Hori ere sarean eta kontsultagai aste honetatik aurrera.

Zer hitz berri ari dira azaltzen? Euskaltzaindiaren erabakiak errespetatzen dira? Zeintzuk bai? Zeintzuk ez? Zergatik?

Horretarako hedabideetako materiala jaso behar da eta horixe da LBaren helburua. Euskaltzaindiak bideratutako egitasmoa da, baina auzolanean egindakoa:

  • UZEIk egiten du hasierako lana: materiala jaso, fitxak bete, katalogatu eta abar.
  • Ondoren Elhuyarrek lantzen du corpus hori eta sareratzeko lana ere berea da.
  • Eta IXA taldeak bideratzen du lan informatikoa, corpusaren tratamendu automatikoa.

Urtebetean 4 miloi hitz jaso dituzte (Berriatik); aurten 10 milioi hitz gehituko dira (Berria, Argia eta EITB); hurrengo 3 urteetan beste 40 milioi hitz (iturriak ere ugarituz).

Hala ere, Corpus oportunista bat da eta ez-orekatua (iturri gutxi batzuk, denak hedabideak, erregistro antzekoa, euskalkirik ez,...). Izan ere, oraindik erreferentziazko corpusa falta zaio euskarari: Euskararen Corpus Erreferentziala (euskararen corpus orokorra, erregistro, iturri, gai eta euskalki guztiak bilduko dituena). Lexikoaren Behatokia lehenengo urratsa izan daiteke bide horretan.

Orotariko Euskal Hiztegia (OEH)

Eguerdiko atsedenaldiaren ostean, arratsaldeko saioan, batez ere, Hiztegi Batua osatzeko orduan gainbegiratzen diren corpus eta baliabideak aztertu ziren. Miriam Urkiak Orotariko Euskal Hiztegia (OEH) eta XX. mendeko corpus estatistikoa aurkeztu zituen. Ezagunak nituen, baina hor ere gustura egon nintzen.

Lehenengoa, Orotariko Euskal Hiztegia (OEH), Euskaltzaindiak burutu duen egitasmo handienetakoa da, handiena ez bada. Corpus diakroniko itxia dela esan dezakegu. 1970. hamarkada arte iristen baita. 310 obra oso "aukeratu" biltzen ditu, 5.800.000 hitzek osatua; kodetu eta lematizatu gabea. Hala ere, euskararen historiaren altxor ezinbestekoa da. Sailkapen orokorra du: epea, euskalkia, eta testu mota zabala.

EEBS edo Corpus estatistikoa

Corpus Estatistikoa, aldiz, XX. mendeko euskara jasotzen duen corpus estatistikoa da, 4.658.036 testu-hitzez osatua. Erabili izan den eta erabiltzen den euskararen lekuko eta erakusgarri izatea du egiteko nagusi eta ez ereduzko hizkuntza proposatzea. Corpus estatistikoaren oinarria, XX. mendeko euskal argitalpenen inbentario osoa da, irizpide batzuen arabera sailkatua gainera (gaika, euskalkika eta kronologikoki). Argitalpenek osatzen duten unibertsotik abiatuta, osotasun hori proportzionalki adieraziko duen lagina eskuratu da zozketa bidez, orotara jasotako 6.351 obra-zatik osatzen dutena.

2010-03-23-Hiztegia-004

 

Flickerren argazki gutxi batzuk gehiago

 

Eibarko ikastolaren sorrera - Pelikula

Asier Sarasua 2010/03/15 09:44
Eibarko ikastolaren 50. urteurrenaren inguruan hainbat ekitaldi eta ospakizun antolatuko dira urtean zehar. Horien artean, joan zen ostegunean mahai-ingurua antolatu zen Untzagako zaharren egoitzan eta bideo-emanaldia ere izan zen. Ikastolaren sorrera eta lehenengo urteak laburbiltzen dituen bideo txiki bat montatu dugu, batez ere 1960-1975 tarteko gorabeherak.

Joan zen ostegunean ekitaldi berezia izan genuen Untzagan (eman nuen horren berri). Ikastolaren urteurrena ospatzeko egiten ari diren ekitaldien artean mahai-ingurua antolatu zen zaharren egoitzan. Ikastolaren historiaz eta joan-etorriez hitz egiteko asmoa zegoen eta horretarako gonbidatu zituzten Mari Tere Munduate (lehenengo andereñoa), Odile Kruzeta (lehenengo gelako ikaslea) eta Martin Ugarteburu (hainbat urtez zuzendaritzan eta konponketa-lanetan jardundako gurasoa). Niri moderatzaile lana egitea egokitu zitzaidan. Baita gustura egin ere. 

Mogel ikastolaren sorrera - Bideoa

Mahai-ingurua girotzeko, bideo txiki bat ere editatu genuen. Ikastolaren lehenengo urteak bizi izan zituzten 8 lagun elkarrizketatu eta euren bizipenak jasotzen dituen 25 minutuko pelikulatxoa. Hona hemen:

 

Ez da lan erraza izan, batez ere azken uneko ideia izan delako. 15-20 egun eskas izan ditugu lan guztia egiteko: elkarrizketatuak aukeratu eta elkarrizketak egin (Sansaburun egin genituen martxoaren 2an), gidoia prestatu, musika aukeratu (librea behar zuen) argazki zaharrak bilatu (ezer gutxi zegoen), ahotsak sartu, montajea, edizioa... Zoramena izan da, baina tira, uste dut merezi izan duela. Ikastolako beste guraso bi izan ditut laguntzen, Maider Aranberri eta Edurne San Martin, eta Streammediako Rafa Cabellok egin du azken edizioa. Eskerrik asko guztiei.

Hasieran 8-10 minutuko bideo bat egin nahi genuen, baina 3 orduko elkarrizketetan jasotakoa, zelan laburtu 8 minutura? Azkenean 25 minutu ingurukoa irten zaigu; aukeran, luze samar geratu da, baina tira. Ostegunean Untzagan bildutakoek oso gustura ikusi zuten pelikula eta pozik geratu zirela esango nuke.

Egun berezia izan zen niretako, Juan Antonio Mogel Ikastola nire bizitzako parte garrantzitsua izan delako. Aitxitxa Luis izan zen ikastola bultzatu zutenetako bat; aitak zuzendaritzan parte hartu zuen; ama irakasle ere izan zen (kasualitatez bada ere) 60ko hamarkadan; anai-arreba guztiok bertan ikasi dugu; eta seme-alabak ere hantxe daude. Ostegunean hori guztiori pilatu zen eta egun berezia izan zen, bai, niretako. Emozioz betetakoa. Eskerrak eman nahi dizkiot ikastolari, egun horretaz gozatzeko aukera eman zidalako.

Hona hemen eguenean ateratako argazki pare bat, eta gehiago Flickerren.

 

2010-03-11-ikastola-50urte-013

Martin, Mari Tere eta Odilerekin, mahai-inguruan.

2010-03-11-ikastola-50urte-020

Antolatzaile, guraso, irakasle eta ikasle-ohiak, mahai-inguru ostean Koxkor tabernan.

Margola, 1924

Asier Sarasua 2010/03/14 23:18
1924ko aldizkari zahar batzuetan altxor txiki bat topau dot. Nere aitxitxak (eta anaiak) sortutako Margola tintorerixian iragarki bat. 1924. urtekua.

Nere aitxitxa, Luis Aranberri, "Margola" gatxizenakin ezagutu izan da Eibarren. Izen bereko tintorerixia euki zebalako. 

Bere anai batek 1920. urte inguruan sortu zeban eta urte batzuk geruago nere aitxitxak hartu zeban tintorerixian arduria. Aitxitxa, aitta, ama,... tintorerixara lotuta dagoz nere barruan. Hango PER usaina, labadoratzarrak, erropa-multzuak, furgonetak... Aitxitxa bere buleguan, aitxa eta ni domeka goixetan erropia sailkatzen, eta ama alargunduta jo-ta-sua biharrian. Nere gaztaroko oroitzapen mordua PER usain horri lotuta dagoz.

Aste honetan, 1924ko aldizkari zahar baten, Margolako iragarki bat topau dot. Politta. Margolako logo zaharra, diabrua. Eta tintorerixako lanik arruntenak zerrendatzen dittu: "Limpieza en seco y tinte en todos colores. Negro permanente para luto y luto especial en doce horas". Izan be, antxiñako tintorerixetako lanik inportantienetakua ez zalako arropak garbittu eta plantxatzia, tintatzia baizik (askotan, lutorako).

Margola, 1924

 Francon diktadura-sasoian, diabrua berde-gorrittu egin zeban aitxitxak.

 

Eibarko Mogel Ikastola - 50 urte

Asier Sarasua 2010/03/11 08:16
1960. urtean, Eibarko guraso talde batek ideia zoroa izan zuen: euskarazko eskola bat sortzea Eibarko umeendako. Bidebarrieta kaleko etxe batean gela bat alokatu, akademia bat sortu, eta andereño bat jarri zuten euskaraz irakasten. 1960ko martxoaren 11 zen. Gaur, hortaz, Eibarko Mogel ikastolak 50 urte bete ditu. Zorionak!

Eibarko ikastolak 50. urteurrena ospatzen du aurten eta urte guztian zehar egingo ditu hainbat ospakizun. Baina, berez, gaur betetzen ditu urteak gure Mogel Ikastolak. Hori dela eta, mahai-inguru bat izango da arratsaldeko 7etan Untzagako Zaharren Egoitzan. Eibarko Juan Antonio Mogel Ikastolaren sorrera jasotzen duen bideo bat aurkeztuko da eta ondoren mahai-inguru ireki bat izango da, 50 urte hauetan ikastolan izan garen ikasle, irakasle eta guraso guztien artean. Zu ere etorri!

  • Lekua: Untzagako Zaharren Egoitza
  • Ordua: 19.00

Esan bezala, gaur arratsaldeko ekitaldian bideo txiki bat ikusteko aukera ere izango dugu. Ikastolaren sorreran eta lehenengo urteetan protagonista izandako 8 lagun elkarrizketatu dira eta euren lekukotasuna utzi digute. Nola eta zergatik sortu zen ikastola? zer baliabide zituzten? zenbat ume? zer traba eta kezka gainditu behar izan ziren? zeintzuk izan ziren lehenengo irakasleak?

Mogel-ikastola-50urte-001

 Guraso eta ikasleak Zezenbide kaleko ikastola parean, 1961. urtea.

Informazio eta irudi gehiago:

 

Juan Antonio Mogel Ikastolaren sorrera

Bideo hori egiten jardun dugunok gidoi txiki bat jarraitu dugu gure lanean. Hauxe da, labur-labur, Ikastolaren sorreraren historia txikia.

Sorrera, zergatik eta zelan

Euskarak leku txikia zeukan orduko gizartean eta guraso talde batek pentsatu zuen bazela ordua euskarari toki handiagoa emateko: irakaskuntzan ere bere txokoa emateko. Baina zelan hasi? zein guraso zegoen prest bere haurra horrelako ikastola batera eramateko? legeztatu gabeko ikastetxe batera eramateko? eta irakas kalitaterik izango ote zuten? eta euskaraz irakasteko gai zen andereñorik? eta non ipini? Hasierako gurasoak, inguruko lagun eta senideentzat,  zoro hutsak ziren. Nola eraman zitezkeen seme-alabak horrelako eskola batera?

Oztopo horien gainetik, euskaltzale batzuek ikastola bultzatzea erabaki zuten. Bost izen nabarmentzen dira besteen gainetik: Imanol Laspiur, Juan San Martin, Andoni Idoiaga, Jose Garmendia eta Luis Aranberri. Nolabait esateko, eta asko laburbilduz, Imanol eta San Martin ideologoak ziren, euskalgintzatik eta kultura mundutik zetoztenak; Garmendia eta Aranberri, berriz, enpresagizon eta guraso euskaltzale amorratuak eta dirua ipini zutenak; eta Idoiaga legegizona, lege kontu guztiak bideratu zituena. 1959-1960 bitartean hainbat batzar egin zituzten Aranberriren Margola lantegian, proiektuaz hitz egiteko eta oinarriak jartzeko.

Jose Antonio Amilibiaren bitartez sortu zuten ikastola. Amilibiak Bergaran eta Elgoibarren ere sortu zituen ikastolak. Prokuradorea zen eta Bergaran bizi zen. Izatez ez zen benetako eskola bat, Amilibiaren jabetzako akademia pribatu bat baizik eta hasierako izena ez zen Mogel, "Escuela Urko" baizik. Eskolaren jabetza, berez, Jose Antonio Amilibiarena zen, 1968. urtean guraso elkarteak bere esku hartu arte.

Bi ikastola izan zituzten eredu, bai hezkuntza-sistemarako eredu, bai lege aldetik ikastola sortzeko egin beharreko urratsak argitzeko: Bergaran sortu berria zena, eta urte batzuk lehenagotik Elbira Zipitriak Donostian gidatzen zuena. Andereño euskaldun larregirik ez zegoen garai hartan, baina Mari Tere Munduate eskoriatzarra Eibarrera ekartzea lortu zuten.

Euskaltzaletasunak eta abertzaletasunak bultzatutako proiektua da.

Lehenengo gela eta taldea

Ikastolaren lehenengo klasea 1960ko martxoaren 11an izan zen. Bidebarrieta 44. etxean egon zen Ikastola lehenengo urte eta erdian. Mari Tere bertan bizi izan zen, apopilo, familia batekin, eta etxe berean gela pare bat atondu zituzten eskolak emateko. Ikastola ireki bezperan ere igeltseroak berandu arte ibili ziren lanean.

Euskarazko liburu bakarrak: Martin Txilibitu eta Xabiertxo ziren. Ez zegoen beste baliabiderik, Mari Terek berak sortutako materiala eta imajinazioa besterik ez. 3-5 urte bitarteko umeak ziren eta Luis Aranberriren lantegiko furgoneta erabiltzen zen goizetan umeak etxerik etxe jaso eta ikastolara eramateko.

Lehenengo taldean 20 ume inguruk eman zuten izena, baina lehenengo eskola egunean 8 besterik ez ziren agertu. Lehenengo taldeko umeak ondorengoak izan ziren: Xabier Aranberri, Arrate Zumeaga, Izaskun Garate, Maria Jesus Garmendia, Bittor Urrutibeaskoa, Andoni Arrieta, Marivi Arrieta, eta Ana Etxeberria.

Gutxinaka-gutxinaka, baina, taldea ugaritzen joan zen, baita larregi handitu ere. Hasierako 20 umeko talde hori berehala handitu zen, gutxinaka baina etengabe, urtetik urtera kopurua bikoiztuz. 1960-1961 ikasturtean 20tik gora dira; 1961-1962 ikasturtean 46; 1962-1963 ikasturtean 85.

Zezenbidera, 1961-1970

Bidebarrietako gela txiki geratu zenez, 1961-1962 ikasturtean bi lokal erosi zituzten gurasoek Zezenbiden. Hantxe egongo da ikastola 1970 ingurura arte.

Garai honetan gurasoen lana izugarria izan zen, eta eurek atera zuten aurrera hasierako proiektua. Dirua bilduz, euren lan-orduak eskainiz, edozein kontutan lagunduz. Zuzendaritzan zeuden, besteak beste: Andoni Idoiaga, Serafin Basauri, Ramon Sarasua, Javier Sologaistua, Jesus Mari Iriondo, Juan Saban, Jose Moina eta Jose Mari Kruzeta. Lanaren ardura nagusia Serafin Basaurik hartuko du 1965-1972 bitartean. Bera izan zen Ikastolaren gidaritza eraman zuena eta Ikastolari lan-ordu gehien eskaini zizkiona.

Irakasleei dagokienez, Mari Tere Munduate irakasleak bakar-bakarrik egin zituen pare bat urte (zenbait hilabetez Marisa Arizaga plazentziarra ere kontratatu bazuten ere). 1963ko otsailean Marisol Aranzeta ere sartuko da. 1967an Amaia Aseginolaza sartuko da Mari Tereren ordez (familia izan nahi du eta 1974an itzuliko da ikastolara) eta handik gutxira, Margarita Murgizu, Marian Martiartu, Esther Onaindia eta Imanol Larrañaga (Marisol eta Amaiaren ordez).

Aro berria: 1970-1974

1970. urtea klabea da eta hortik aurrera ikastolaren aro berria hasiko da, zabalkunde eta hazkundearena. Haurrak gero eta gehiago, lokalak ere bai, ofizializazioa, Iturburu eraikitzeko proiektua... Erdi-klandestinitatetik ofizialtasunerako bidea.

Hasteko, 1970. urtean "Juan Antonio Mogel" izena jarri zion Ikastolari guraso elkarteak (nahiz eta izena, berez, 1975ko apirilaren 19an ofizialdu zen). Gainera, 1970. urtetik aurrera, ikasle kopurua dela eta, Zezenbideko eskola txiki geratzen da eta Eibarko hainbat tokitan hasiko da Ikastola zabaltzen, hasiera batean, batez ere, elizak lagatako lokaletan: Karmelitetan, San Andresen, Amañan, Urkin, Markeskuan... eta baita udalak lagatako lokaletan ere (Pagei kalean, Udaletxean, eta abar). Gurasoek "Inmobiliaria Cultural Eibar" sortu zuten, egoitzak erosi eta ikasgelak jarri ahal izateko.

1973ko uztailaren 23an baimena lortzen du OHO (Oinarrizko Hezkuntza Orokorra) irakaskuntza emateko.

1968tik 1974ra bitartean, ikasleak 150etik 500era igotzen dira, eta irakasleak 3-4 irakasle izatetik 16 izatera igaroko dira (horien artean, lehen aipatutakoez gain, Libe Sarasua, Kontxi Berriozabal, Juan Mari Perez, Lourdes Ardanza, eta abar).

1974ko zuzendaritza: Andoni Idoiaga (presidentea), Imanol Laspiur (ordea), Imanol Larrañaga (idazkaria), Jose Moina (diruzaina), Martin Ugarteburu, Jose Mari elkoro, Manu Cabrera, Javier Iturriagagoitia, Jose Angel Agirre eta Jaime Lejardi. Eta aipatzekoak dira garai beretsuan ere zuzendaritzan izandako beste zenbait izen, adibidez: Julen Ereñaga, Javier Zubiaurre eta Delio Olabe.

1974. urtean Iturburuko ikastetxea eraikitzeko proiektuari ekiten zaio (lanak 1976an hasi eta 1978an amaitu ziren).

Eta hortik aurrerako kontuak ezagunagoak dira. 

 

Mogel-ikastola-50urte-005

 

Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Lehen Hitza Euskaraz

Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017