Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Argazkiak "askatu" ditut

Asier Sarasua 2009/08/30 22:42
Tira. Azkenean egin dut. Nire hainbat argazki askatu egin ditut. CC lizentzia eman diedala, alegia.

Orain dela lau urte ireki nuen nire Flickr kontua. Ziurrenik horixe izango da Interneten gehien eta gusturen erabiltzen dudan baliabide pertsonala (Blog hau, Twitter kontua, Facebook-ekoa, Del.icio.us, eta abarrak baino gehiago). Ez dut irudi gehiegirik igotzen (1.600 inguru 4 urteotan), baina ia-ia astero igo izan dut argazkiren bat lau urteotan eta beste hainbat lagunen argazkiak ere jarraitzen ditut.

Orain arte, nire irudi guztiak Copyright lizentziarekin nituen; ondo lotuta. Erabaki pertsonala baino gehiago, alperkeria izan da, egia esan. Argazkiak igotzeko erabiltzen dudan Uploader programaren edo kontuaren konfigurazioa, uste dut. Horrela igotzen ditu argazkiak, eta kitto. Behin ehundaka argazki igota, gainera, argazkiei lizentzia aldatzen ibiltzea astuna da. 

Baina abuztuan tarte bat hartu nuen eta lizentzia aldatu nien hainbat argazkiri, hauxe emanik: Attribution-Share Alike 2.0 Generic. Luistxori behin eta berriz entzun izan diot noncommercial lizentziarik ez aukeratzeko (azkena hemen), eta tira, CC-By-SA aukeratu dut. Ez dakit asmatu dudan, baina komenigarriena iruditu zait (CC lizentzien arteko saltsa-maltsa espezialistek bakarrik ulertu dezaketela iruditzen zait).

Dena dela, ez ditut argazki guztiak askatu. Flickr-eko bilduman irudi pertsonal mordoa daukat eta horiek ez ditut askatuko. Lagunak agertzen dira, senideak, umeak... eta ez zait egokia iruditu. Nire beste argazki guztiak bai, esate baterako, Euskal Herriko herriak, natura, hegaztiak, elizen argazkiak, edo han-hemenka atera ditudan beste hainbat erretrato (Segovian, Cantabrian edo Huescan, besteak beste). Abuztuan Girona aldean ateratakoak ere halaxe daude.

Askatu Datuak ekimenean izena eman ondoren, gutxienez horixe zor nuen, ala?

Axolotea desagertzeko zorian

Asier Sarasua 2009/08/28 09:15
Ez galdetu zergatik, baina gazte-gaztetatik gustatu izan zait Axolotea (Ambystoma mexicanum). Animalia berezia, berezien artean. Mexiko hiriburu inguruko laku eta erreketan bizi da. Garai batean oso ugaria, azken urteotan gero eta urriagoa. Gaur jakin dut azken ikerketen arabera bere populazioa %90 jaitsi dela eta desagertzeko zorian dagoela.

Axolotea, Ambystoma mexicanumAxolotea (edo axolotl edo ajolotea; Ambystoma mexicanum). Anfibio mexikarra da, arrabioen taldekoa. Mexikoko hiriburu ondoko laku batean bizi da, Xochimilco lakuan. 20-30 cm bitarte neurtzen du eta neotenikoa da, horixe da bere ezaugarri nagusia. Neotenikoa. Hau da, helduek ere ezaugarri larbarioak dituztela. Anfibioek, oro har, heldu fasera iristeko metamorfosia egiten duten bitartean, axoloteak ez dauka horren beharrik heldutasunera iritsi eta ugaltzeko.

Neotenia hori dela eta, axoloteak zapaburu erraldoi bat dirudi, bere buztan luze eta brankia adarkatuekin. Badira arrabio bilakatzen diren ale gutxi batzuk (baldintza ekologiko zehatzetan), baina axolote gehienek larba itxurarekin igarotzen dute euren bizitza osoa (20-25 urte bizi daitezke). Hainbat ikerlariren arabera gizakiak ere izaki neotenikoak gara. Beste simio batzuekin alderatuta, ezaugarri neotenikoak ditugu (buru biribila, mutur txatoa...), eta horregatik daukagu antz handiagoa txinpantze gazteekin helduekin baino; gure simiotasuna ez dugu erabat garatzen. Aditu batzuen ustez, Jay Gould buru, izaera neoteniko horri esker bizitza osoan ikasteko gogoa eta gaitasuna gordetzen dugu gizakiok (animalia gehienetan gertatzen ez dena) eta espeziearen garapenean eta iraupenean garrantzi berezia izan du horrek.

Axoloteak garai batean oso ugariak ziren eta nahuatl herriaren mitologian leku berezia ere izan zuten, baina Mexiko hiriaren zabaltzeak gero eta toki txikiagoa laga die bizi irauteko. Azken 20 urteotan beherakada azkarra izan dute eta azken ikerketen arabera bere jatorrizko populazioa desagertzeko zorian dago. 1200 axolote besterik ez omen dira geratzen Xochimilco lakuan. Askoz gehiago mundu osoko aquariumetan, etxean nahiko erraz hazi eta ugaldu daitekeen animalia baita.

Argazki gehiago wikimedian eta informazio mordoa axolotl.org webgunean.

Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Azken erantzunak
14 iker, 2017/04/21 10:57
Sekulako pitxia. Eskerrik asko. Amatliño, 2017/04/07 09:43
aupa Juan Luis! Eskerrik asko atrebentziagatik! ... asier, 2017/03/13 09:05
Barka atrebentzia, bana badaezpada ere: baduzu ... Juan Luis Zabala, 2017/03/10 19:44
eskerrik asko Serafin! Zuri ikasittakuetatik ;) asier, 2017/02/21 09:21
Lan bikaiña. Ez haiz horraittiok geldi egotekua. ... Serafin, 2017/02/20 17:47
Eskerrik asko hiruroi, Alex, Hasier eta Iñaki! asier, 2017/02/19 20:19
Lan bikaina Asier! Zorionak!!! Eta mila esker ... Iñaki Sanz-Azkue, 2017/02/17 19:04
Eskerrik asko, Asier, ez jaok ordaintzerik. H. Etxeberria, 2017/02/17 00:15
Eskerrik asko Asier. Lan itzela eta fina. Alex Gabilondo, 2017/02/17 00:05
Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017