Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Bainak, kostilla eta letxefrita

Luistxo Fernandez 2009/03/29 21:24
Eibartarren euskera eskasagoaren mitoa honezkero ahaztua dago. Baina akaso ustea zabaldu samar dago oraindik, erdarakadaz jositako lexikoa daukagula Eibarren. (by Luistxo Fernandez)
Sahieskixa

Gaztelaniaren mailegu zuzen-zuzenak diren berba asko dago Eibarko lexikoan, duda barik, baina Leitzan baino erdarazko lexiko gehiago? Zegaman baino gehiago? Ez dut uste. Neurketaren batekin demostratzen didaten arte, ez dut sinetsiko.

Eibartarron erdarakadena gogoratzen digun pelma bakoitza betiko termino horiekin etortzen zaigu: kaballua, bentania... Bai, eta zer? Ez ote dago bere herrian tamaina horretako eta kalitate bertsuko lexiko multzoa? Delako akusatzailea giputza bada, behintzat, prest izaten dut erantzuna eskura: Aizu, Gipuzkoako Beterriko taberna jator batean jan daiteke menu hau, bainak, kostilla eta letxefrita. Eibarren halakorik? Mesedez! Lekak, saiheskixa eta pellak.

*Luistxok posturia galdu, eta artikulu bat zor zestan blog honetan. Hementxe zorra kenduta :-)

Eibar 1937 pelikulan

Asier Sarasua 2009/03/23 22:39
Banekien, bai, irudi hauek existitzen zirena. Telebistan ere ikusi nituen orain dela 5-6 urte. Orain YouTuben jarri dituzte. Hementxe duzue, Eibar, 1937ko apirilean. Hau da, sutan, "liberazioaren" egunean.

Gerra zibila hasi eta gutxira, 1936ko irailean, frontea Eibarren egonkortu zen: Gipuzkoa osoa nazionalen esku geratu zen, Eibar eta Elgeta izan ezik. Sei hilabetez iraun zuen egoera horrek, 1937ko apirilean erasoak hasi arte. Apirilaren 24tik 26ra erasotu zuten Eibar eta 26an jausi zen nazionalen esku.

"Liberazioaren" unean jasotako irudiak dira ondorengoak, edo horrela dirudi. Eibar oraindik sutan ikusten da. Irudi izugarriak, orain dela 70 urtekoak izateaz gainera, gerrako gordintasuna erakusten digutelako.

Lehenengo honetan Bidebarrietan gora egiten du irudigileak. Atzeko aldean Aldatzeko jauregia eta Mekola ingurua ere somatzen dira. Errebal kalea ikusten da, erabat erreta (Bidebarrietatik ikusita). Eliza ingurua ere nabari da (eta parean zegoen Mallea jauregia).

 

Bigarren honetan erdikaldea ikusten da, batez ere. Eliza, Barrenkalea, Elgetakalea (jendea gora-ta-behera), Iparkalea (tuneltxoa duena), Untzaga... Zubi bat ere agertzen da, eraitsita; beharbada, Maltzagakoa.

 

Datu gehiago? Eskertuko nituzke!

 

Urkulun txorittan

Asier Sarasua 2009/03/22 22:29
Atzo Urkulun egon giñan, udabarri hasieria ospatzen. Arratsalde ederra. Umiekin gozatzeko aproposa. Eta txorittan eitteko aukeria be euki genduan.

Udabarrixa heldu da; ezagun da. Igartzen da, bai. Igartzen da zuhaitzetan eta mendixan, eta igartzen da txori kontuetan. Neguko anatida gehixenak juan dira, baina udabarriko txori txikixak hasi dira agertzen eta honezkero hasi dira ugaltzeko lehenengo zirrixak eitten.

Urkulun txorittan

Atzo ikusittakuak:

  • Paittak
  • Kopetazurixak
  • Antzarrak
  • Miru baltza
  • Miru gorri taldia goi-goixan, hegan, hegoalderutz
  • Arranuak (saiak, Gypz fulvus), ugari, Orkatzategi inguruan
  • Abendua (zapelaitza, Buteo buteo)
  • Gabillara txikixa (belatz gorria, Falco tinnunculus)
  • Okila, kantuan eta zuhaitz-zulatzen
  • Ernarak be hamentxe dagoz honezkero
  • Buztanikarak
  • Arabazozua
  • Bela-taldia be bai, Larrinon
  • Belatxingak Orkatzategi azpixan
  • Txoribaltza (tuntuna, Prunella modularis)
  • Txepetxak
  • Txirixuak (txioak, Phylloscopus sp.)
  • Txinbo karkarrak (pitxartxarrak, Saxicola torquata)
  • Txantxagorrixak, zozuak eta birigarruak (danak be, kantuan jo-ta-sua)
  • Txinbo burubaltzak (kaskabeltza, Parus major)
  • Parandak (txonta, Fringilla coelebs)
  • Txirriskillia
  • Kardantxillo kuadrillia (karnaba, Carduelis carduelis)

 

Datorren astian gehixago.

 

 

Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Lehen Hitza Euskaraz

Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017