Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Corte Ingles berriko istripua

Asier Sarasua 2008/09/18 13:35
Gaur goizean gertatu da. Corte Ingles berria eraikitzen dihardute Eibarren. Goizeko 11ak inguruan, Kantoitik Legarrerako errepidea erdibitu egin da. Auto bat harrapatu du erdian, baina zauriturik ez, antza.

Goizeko 11ak inguruan zarata handia entzun da Kantoi inguruan. Corte Ingles berria eraikitzen ari dira inguru hartan. Lanak direla eta, Kantoitik Legarrera doan errepidea zulora jausi da. Une horretan bertatik pasatzen ziharduen auto bat harrapatu du erdian. Emakume bat zihoan barruan, baina onik irten da. Susto demasarekin, seguru asko.

 

Argazkiak.org | Eibarko istripua 02 © cc-by-sa: asarasua


Sustoaz aparte, nahaste izugarria sortu du Eibarko trafikoan. Luzerako gainera, ez baita egun batetik bestera konponduko.

Oraingoz, Eibartik Ermurako irteera Amañatik  joango da, nahitaez. Ermutik Eibarko sahiesbiderako sarrera, berriz, Valenciaga enpresaren albotik bideratu beharko dute (lehengo norantzaren aurka).

Hau ez da izan lanek sortu duten lehenengo istripua. Orain urtebete inguru ere beste errepide zati bat jausi zen.

Gaurkoa azkena izango ote?

(Argazkiak: Amaia Ugalde, UEU)

 

Ipuruako igerilekuko denboraldia amaitu da

Asier Sarasua 2008/09/16 15:53
Asteburuan amaitu da aurtengo udako denboraldia. Iaz baino erabiltzaile gehiago, baina beste urte batzuetan baino gutxiago. Udazkenean hasi behar omen zituzten igerilekuak handitzeko lanak, baina beste urtebete atzeratuko da.

igerilekua2008Asteburuan amaitu da udako denboraldia Eibarko kanpoko igerilekuetan. Uda honetako datuak eman ditu Eibarko Kirol Patronatuak: 31.000 erabiltzaile izan ditu kanpoko igerilekuak, iaz baino gehiago (iaz 28.500 erabiltzaile, baina oso uda txarra egin zuen), baina 2006an baino gutxiago (37.500 erabiltzaile).

Kontuan hartu beharko zituzten Elgoibarko datuak (Eibar baino 2-3 aldiz txikiagoa den herria): aurten inoiz baino erabiltzaile gehiago, eta Eibarren baino 3.450 bisitari gehiago. Guztira 34.450 bisitari.

Baina jakina, horretarako Eibarren ere igerileku duinak beharko genituzke, eta ez da erraza. Txikiak, jendez leporaino, aldagela zaharrak, kerizperik ez... ez da erraza eibartarrak Ipuruako igerilekura joatea. Asko eta asko kanpora joaten dira, batez ere Elgoibarrera eta Apatamonasteriora.

Eibarko igerilekuan egin beharreko handitze-lanak ere atzeratu egin dira. Datorren urteko udazkenean hasiko dira. Udaletxetik diote igerilekuak handituko dituztela ("se triplicará" diote), baina benetan zelaigunea bakarrik handituko da. Gaitzerdi.

Bitartean, kerizpe apur bat bat jarriko ote digute?

 

 

 

Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Lehen Hitza Euskaraz

Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017