Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Barren

Asier Sarasua 2008/04/28 13:18
Eibarren erabiltzen ditugun lokailuen artean bereizgarrienetakoa da Barren. Aurkaritza adierazten du eta beti esaldi amaieran doa; askotan harridura-perpausetan. Gaztelaniazko "pero si..." esapidearen ordezkoa da eta, Eibarren ez ezik, Mendaron, Elgoibarren, Soraluzen, Ermuan eta Mallabian erabiltzen da.

Lokailu hau da, zalantzarik gabe, Eibarren erabiltzen ditugunen artean berezienetakoa. Izan ere, Eibar inguruko herrietan (Ermua, Soraluze, Elgoibar eta Mendaro) asko erabili arren, ingurune honetatik kanpo ez da ia ezagutzen (Bergara aldean, esate baterako).

Badirudi ba(da) arren esapidearen laburdura izan daitekeela, eta bigarren perpausaren azken muturrean
kokatzen da beti. Normalean, aldez aurretik adierazitako zerbaiti erantzunez-edo egiten diren perpausetan agertzen da. Gaztelaniazko “pero si..” esapidearen pareko da. Adibideetan ikus daitekeen moduan, zenbaitetan baina ager daiteke aurretik, perpausa indartzeko (harridurazko perpausetan, batez ere).

Pixkat jaikitze bat euki zeban Espaiñiak ekonomikamente. Eta bihargiñak be geldittu giñan, “ene, baiña lana dakagu barren, honegaz”, “ondo goiazak”.

Han juaten zanak ezer be: berrogei duro kobratzen zittuan barren!

Batzuk aberatsaguak eta bestiak pobriak izanda be, danok gizonak gara barren!

Zelan eurixa diharduala? Baiña ointxe euzkixa zeguan barren!

 

Aurkaritzako lokailua

Barren lokailua aurkaritzako lokailuen artean sartzen da. Izenak berak erakusten duen bezala, bi perpausen artean gerta daitekeen kontrakotasuna edo aurkaritza aditzera emateko erabiltzen dira sail honetako lokailuak. Beraz, alde horretatik baina-ren pareko dira nolabait.

Lokailuen arteko talderik handiena da berau, eta Eibarren bertan beste makinatxo bat daukagu: berriz, bixen bittartian, ostera, barren, halan be (hala ere), hala eta guzti be (hala eta guztiz ere), edozein modutan be, dana dala, horraitxio eta artian. Inguruko herri “gipuzkoarragoetan” aurki daitekeen nola(ta)nai ere ez da Eibarren erabiltzen.

 

Euskal Herriko Ahotsak aurkeztu dugu

Asier Sarasua 2008/04/17 15:10
Atzo goizean Donostian izan ginen. Bertan aurkeztu genuen Ahotsak.com egitasmoa, hiriburuan. Azken aste eta egunotako lana zoratzekoa izan da guztiondako, baina merezi izan du. Orain arte loreak besterik ez ditugu jaso.

 

badihardugu

Donostiako Koldo Mitxelenan elkartu ginen atzo goizena eta bertan bildutako hedabideei azaldu genien zer den Ahotsak egitasmoa. Beste toki batzuetan aipatu da hori guztiori, besteak beste, Sustatu, edo Goiena webguneetan, eta Arantzabalen, Luistxoren eta Azpiren blogetan. Gutxi gehituko dugu horren inguruan. Egunkari batzuetara lotura, asko jota:

 

Proiektua hobeto ezagutu nahi duenak, Ahotsak.com webgunean dauka informazio guztia eta parte hartzeko aukera.

Aipatu nahiko nituzkeen lau gauza labur:

  • Telebistaren eragina. EITBko albistegietan agertu ginen eta badirudi mundu guztiak ikusi gintuela. Izugarria.
  • Jendearen harrera. Azken 24 orduetan dozenaka mezu jaso ditugu (telefonoz, e-mailez...) jendearen zorionak eta eskertza jasotzen, laguntza eskaintzen... Mila-mila esker guztiori.
  • Eskerrik asko. Eskerrik beroena proiektu honetan lagundu duzuen eta laguntzen ari zareten guztioi. Udalak, elkarteak, laguntzaileak... eta Codesyntaxi, bereziki Nandori, Zaloari eta Josuri.
  • Primerako taldekideak. Aintzane, Juan Martin, Serafin, Iban, Jaione, Leire, Egoitz... plazer bat da zuekin elkarlanean jardutea. Benetan.


Lanean jarraitzeko indarra ematen du horrek guztiorrek. Izan ere, lanean aspalditik dihardugun arren, hasi besterik ez gara egin. Zenbat dagoen egiteko! Ai ama!

Proiektu honen atzetik Badihardugu euskara elkartea dago, eta horrela sartu nintzen ni ere. Hainbat herritan ibili izan gara elkarrizketak egiten, materiala lantzen, eta abar. Baina proiektu honen ezaugarririk azpimarragarriena auzolana da, jendearen partaidetza. Proiektu irekia da, eta horretan datza bere aberastasuna eta berezitasuna. Irekia, gainera, bi zentzutan:

 

 

ETBn kaleratutako bideoa

Eibarko udalaren kultur aldizkarian gaztelania nagusitzen

Asier Sarasua 2008/04/13 22:24
Eibarko udalak E-kultura izeneko aldizkaritxo bat kaleratzen du hilero. Eibarko egitarau kulturala aurkezten du, oso modu txukunean. Elebiduna da, baina gaztelaniak gero eta zama gehiago hartu du azkenaldian.

Eibarko udaleko kultura sailak Ekultura izeneko argitalpen bat kaleratzen du hilero. Agenda moduko bat da: hilean zehar Eibarren izango ditugun ekitaldien laburpena. Ez dakit zer eragin izango duen herrian, baina niri gustatzen zait eta erabilgarria dela esango nuke.

Aldizkaritxo horren hizkuntza politika ere zuzena begitantzen zait: elebiduna da. Baina benetan elebiduna. Artikulu batzuk gaztelaniaz daude eta beste batzuk euskaraz. Kitto. Erdaldunek ere somatu dezatela tarteka beste hizkuntza batzuk ere badirela. Beti pentsatu izan dut horixe dela bidea horrelako ekimenetan.

Zoritxarrez, azkenaldian gaztelania hasi da nagusitzen euskararen gainetik. Orain arte nahiko parekatuta egon ondoren, azken 2-3 aleetan euskara zokoratuta geratzen hasi da. Euskarazko eduki gutxiago, eta gainera bigarren mailako edukietarako sarritan: elkarrizketak, umeen kontuak, laburpenak... Informazioa, berriz, gaztelaniaz.

Hementxe dituzue azkenengo ale biak:

 

Apirileko alean, esate baterako:

  • Zirkoa eta txontxongiloak: elebiduna (informazioa erderaz, elkarrizketa euskaraz)
  • Carmen opera: erdaraz
  • Bilboko txistularien artikulua: erdaraz (laburpena euskaraz)
  • Paulino Lañagaren liburua: erdaraz (testua eta biografia); elkarrizketa labur-laburra euskaraz
  • Liburutegi berria: erdaraz (haurren inguruko atal labur-laburra euskaraz)
  • SD Eibar el_documental: erdaraz (laburpena euskaraz)
  • Inalanbrikak: euskaraz

 

Espero dut datozen hileetan lehengo bidera itzultzea (edo, are gehiago, euskara, behingoz, gaztelaniaren gainetik jartzea).

 

*Oharra: azkenaldixan dragia ipinitta ibili naiz eta blog hau nahiko geldirik egon da. Kendu dot draga-zirixa eta ia abixadia hartzen hasten naizen. Ez da seinale txarra izango.

Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Lehen Hitza Euskaraz

Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017