Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Serafinen omenaldiko argazkixak

Asier Sarasua 2008/12/30 00:10
Juan zan asteburuan omenaldi berua eskeini zetsan Eibarko herrixak Serafini. Ekitaldi txikixa baiña politta. Uste dot danak ondo urten zebala. Omenaldixan ataratako argazkixak sareratu doguz.

Aurreko astietan iragarri genduan moduan, abenduaren 20an omenaldixa egin gentsan Serafin Basauriri. Eibarko Arrate Hotelian alkartu giñan 110 lagundik gora, Serafini eskerrak emoteko eta besarkada bana emoteko.

Leirek aittatu dittu ekitaldixan inguruko kontuak, eta Ibanek aittatu zeban lehenago Serafin zenbat maitte dogun guztiok. Wikipedian be gehittu dogu Serafinen biografixa laburra (ia guztion artian borobiltzen dogun). Euskal Herriko Ahotsak proiekturako be egin gentsazen elkarrizketa batzuk (hor be, ia laster ipintzen doguzen entzutzeko moduan).

Nere aldetik, berba gitxi, ekitaldixan moduan. Erretrato batzuk, hori bai. Hamentxe bat, eta beste guztiak Flickerren (zeinek lagunduko desta izen-abizenak ipintzen? :-) ).

2008-12-20_serafin_048

Alabak erdaraz egiten dit. Zer egin behar dut?

Asier Sarasua 2008/12/15 22:20
Maddi oraintxe hasi da gaztelaniaz hitz egiten. Orain arte bizpahiru berba bakarrik ezagutzen zituen, baina orain egun erdia pasatzen dut gaztelaniaz berba egiten. Baita niri ere, eta ez dakit zer egin.

Maddik bost urte bete zituen udan. Ordura arte zeozertxo aitzen zuen erdaraz, eta hitzen batzuk ere esaten zituen, baina ezer gutxi. Lotsatia izanik, gainera, ixil-ixilik geratzen zen erdaldunen aurrean. Baina irailetik hona hasi da lehenengo hitzak eta esaldiak esaten. Egia esan, hain denbora gutxian izateko, polito ikasi du gaztelania. Azentu barregarriarekin, baina ondo moldatzen da.

Hizkuntza berria da beretzat, egoera berriak sortu zaizkio eta poz-pozik dago bere aukera berri horiekin. Grazia ere egiten dio, gainera. Askotan, gaztelaniaz hitz egitera ere jolasten dute lagunen artean.

Lagunen artean ez ezik, etxean ere erdaraz hitz egiten hasi da. Eta ez dakit zer egin. Oraindik ere euskaraz egiten du gehienbat (askogatik), baina gaztelaniak erabat txundituta dauka.

Badakit pasako zaiola, baina bitartean, zer egin behar dut?

  • Ezer ez esan eta haria jarraitu? (gehienetan egiten dudana)
  • Euskaraz egiteko esan? (batzuetan, aguantatu ezin, eta botatzen diot, bai, purrustadaren bat)
  • Kontzientziazio kanpaina. Kantuak dioen moduan, "gu euskaldunak gara, Euskal Herrikoak". Lan hori egin beharra dago? Nik ez dut gogoratzen horrelakorik etxean. Beharbada aitxitxa bien aldetik, baina ez gurasoen aldetik. Beharrezkoa da? Zer eta nola?

Badakit horren inguruko hainbat ikerketa eta hitzaldi antolatuko zirela. Eta txostenak ere ehundaka, seguru. Ni neu jakin ezta zer egin nago; edo, hobeto esanda, zain. Zain nago, ea datozen asteotan zer gertatzen den. Egoera interesgarria da. Soziolinguistika domestikoa.

 

 

Egun batzuk Soban (Cantabria)

Asier Sarasua 2008/12/13 16:11
Joan zen asteburuko zubitxoa aprobetxatuta, bi egun pasa genituen Soban, Cantabrian, lagun batzuen etxean. Leku zoragarria eta konpañia hobea. Cantabriako herririk handienetakoa da Soba, baina 1.500 biztanle eskas bizi dira bere lurretan. Natura nonahi. Merezi du.

Cantabriako hirugarren herririk handiena da Soba. 214,7 km² ditu (Eibarrek adina 10) eta 1.450 biztanle, 27 auzo txikitan banatuta. Auzoak eta etxetxoak han-hemen, eta gainontzeko guztia mendi, baso eta erreka. Ezaguna da bertan dauden pagadi eta harizti zabalengatik eta, batez ere, Asón eta Gándara erreken sorleku delako. Lehenengoa kareaitzetik salto eginez bistaratzen da; bigarrenak ere urjauzi ederra sortzen du Quintana auzo ondoan. 

Jon Anderrek eta Blancak orain dela 3 urte ezagutu zuten ingurua. Gustatu, eta etxetxo bat erosi zuten Bustancillés auzoan, 20 biztanle dituen auzoan. Etxe ederra dute eta gustura joaten gara asteburupasa. Zoragarri zaintzen gaituzte beti. Eta umeak ere pozik.

Afarixan zain

 

Domekan Quintana eta Asón inguruan ibili ginen eta Gandarako urjauziak ikustera ere joan ginen. Azken asteetako eurien ondorioz, ikusgarri zeuden. 

Gándara (Soba, Cantabria)

 

Astelehenean La Sía mendatera igo genuen, elur bila, eta baita aurkitu ere. Hantxe ibili ginen, Ikeako plastiko baten gainean txirrist egiten, maldan behera. Inuit bat ere aurkitu genuen.

Inuit

 

Geloren baserrira ere joan ginen, behiak ikustera. Gelok eta emazteak kontatu ziguten nola aldatu den bailarako bizimodua azken 50 urteetan, nola bizi ziren umetan mendian behi eta ardiak zaintzen, nola ezagutu dituzten otsoak euren lurretan, nola ikusi duten herria husten eta bizimodua aldatzen, nola saltzen duten esnea orain dela 20 urteko prezio berean, nola ez ziren sekula santan beste inora joango bizi izatera... Pentsatu nuen leku aproposa dela Ahotsak proiekturako grabazioak egiteko. Leku birjina, oraindik; ez luzerako.

Laredotik 40 minutu eskasera dago, Cantabriak, Bizkaiak eta Burgosek bat egiten duten hirutxurrean. Mendizale bazara, merezi du osteratxo bat ematea.

Idazten be hasi gara

Asier Sarasua 2008/12/12 10:08
Gure Maddi Rotermeyer papel eta boligrafo artian dabil egun guztian. Andereñotara jolasian, irakortzen, idazten... oingoz hizki haundiz, baiña txikixekin be hasi gara.

 

Pirritxen pelukia

 

Mikel Laboaren abestiekin kantu-afaria Soraluzen

Asier Sarasua 2008/12/03 13:03
Pil-pilean elkarteko lagunek antolatuta, kantu-afaria izango da datorren igandean Soraluzen, San Andres auzoko elkartean. Mikel Laboaren abestiek girotuko dute gaua.

Azkenaldian omenaldiak besterik ez ditut mintzagai: Serafinena, Fernandona... Oraingo honetan, beste bat, Mikel Laboana, Soraluzen.

Datorren domekan, hilak 7, kantu-afaria (eta tertulia) egingo dute Plaentzian, Laboaren sorkuntza oinarri hartuta, Mikeli omenaldi xumea egiteko. Orokorrean, bere hitzak, doinuak, bere bizitza, sorkuntza, azken egunetan entzundako komentarioen gainean talde gogoeta egingo dute, eta zela ez, bere kantuak abestuko. Musika tresnak eramango ditugu. Zaharrenek bere kontzertuen inguruko kontuak kontatuko dituzte, Ez Dok Hamairuko bideoren bat, agian. Eta imajinazioari ateak irekiko dizkiogu. Dena libre. Hegoak hegaka.

Herriko kantuzale guztiei zabaldu diete gonbidapena, baita Soraluzekoa ez den edonorri. Eibartik autobusa antolatzen bada, ni neu ere ahaleginduko naiz joaten. Soraluzen, domekan iluntzeko 8etan San Andres elkartean. Joateko asmoa badaukazu, baina, deitu Pil-pilean Euskara Elkartera 943751304 (edo koordinazioa@pilpilean.com).

 

Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Lehen Hitza Euskaraz

Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017