Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Fernando Muniozgureni omenaldia

Asier Sarasua 2008/11/27 10:47
Datorren abenduaren 4an Fernando Muniozguren eibartarrari omenaldia egingo zaio Eibarko Portalea kultura etxean. ...eta kitto! euskara elkarteak eta Eibarko udalak antolatuko dute ekitaldia.

Eibarko udalak eta ...eta kitto! euskara elkarteak Fernando Muniozgureni omenaldia egingo diote abenduaren 4an. Fernando erreferentzia garrantzitsua izan da azken 25 urteetako euskalgintzan eta aztarren handia utzi zuen, batez ere Eibarren (baina baita hemendik kanpo ere). 2006ko uztailean hil zen.

Ekitaldian argitalpen bi ere aurkeztuko dira. Alde batetik, Fernando Muniozgureni buruzko Bidegileak bildumako liburukiaren aurkezpena egingo da (argitalpena ezin da oraindik sarean kontsultatu).

Horrekin batera, ...eta kitto! astekariaren 20 urteko ibilbidea laburbiltzen duen aldizkari berezia ere aurkeztuko da.

Aurkezpena datorren abenduaren 4an izango da, arratsaldeko 7etan, Portaleko areto nagusian, eta antolatzaileek eibartar guztiak gonbidatu nahi dituzte ekitaldira.

Eibarko Hiztegi Etnografikoa

Kalamuako parlamentua probatzen

Asier Sarasua 2008/11/24 22:48
Joan zan barixakuan EibarOrg elkarteko afarixa euki genduan. Ederto afaldu genduan, hobeto pasau, eta Kalamuako Parlamentua probatzeko be aprobetxau genduan. Bixar (martitzena) izango da aurkezpena. Itxura politta dauka.

Juan zan barixakuan afarixa euki genduan Edozer soziedadian. Josu Mendicute izan zan anfitrioia. Urtian behin eitten dogu EibarOrg elkarteko afarixa eta hantxe batu giñan 18 eibarnauta.

 EibarOrg afarixa

Beti izaten da pozgarrixa posta-zerrendako jendiakin egotia. Ixa egunero "alkartzen" gara, mezu bittartez, baina arpegixak ikustia be ez dago txarto. :-)

Ondo pasau genduan. Afarixa be ederra: pataten entsaladia, txuletia letxugiakin, mazedonia eta pastela.

Eta postre ostian Kalamuako Parlamentua probatzeko aukeria euki genduan. Urte t'erdiz lania ibili eta gero, pozgarrixa izan da jokua eskuetan hartzia.

Uste dot oso lan politta urten jakula. Itxura aldetik, eduki aldetik... Nere bildurrik haundixena zan, ia galderekin asmauko ete genduan. Joko zailegixa egin dogu? Errezegixa? Oindiok goizegi da ezer esateko, baina orain arte egindako 2-3 probetan, uste dot maila egokixa topau dogula eta jendiak ondo pasauko dabela jokatzen.

1260 galdera dagoz, danak Eibarren ingurukuak, eta 6 taldetan antolatuta (Historixia, Tokixak, Euskeria, Kulturia...). Oka estilora jokatzen da eta helburua da Eibarren inguruko galderak erantzun ahala, aurrera eittia.

Umiendako ez dau balio, baina gazte zein nagusi, edozeiñek jokatu leike Kalamuako Parlamentuakin. Jokatu eta ikasi. Horixe da jokuan helburua:

  • Eibarko historixia ezagutzeko aukeria emotia, ondo pasatzen dogun bittartian
  • Eta belaunaldixen arteko transmisiñuan laguntzia, aitxitxa-amamak loibak parian ipinitta (eta aukera bardiña eukiko dabe batzuk zein bestiak).

 

Barixakoko afarixan, behintzat, ederto pasau genduan. Hementxe erretrato bat.

 

Kalamuako parlamentua - I

 
Argazki gehixago Flickrren.

 

 

 

 

 

 

Serafin Basauriri omenaldia

Asier Sarasua 2008/11/20 11:12
Serafin Basaurik (Eibar, 1935) euskararen alde lanean igaro ditu bere bizitzako urterik gehienak. Hori dela eta, Eibarko euskaltzale talde batek bultzatuta, eta Eibarko hainbat elkartek lagunduta, omenaldi txiki bat egingo zaio abenduan, hainbat urtez burututako lan guztia eskertzeko asmoz. Eibartar guztiak daude gonbidatuta bazkari-omenaldira. Abenduaren 20an izango da Arrate Hotelean.

Serafin Basauri Arteaga

serafinSerafin Eibarren jaio zen 1935eko apirilean, Legarre auzoan, eta hantxe pasa zituen bere umetako urteak, putsezko baloiekin jolasean, Urkotik behera datorren errekan plisti-plasta, eta Amañako presapean igerian.

Lehenengo eskola Udaletxeko monjetan izan zuen. Gero, 7 urterekin Frontoizarreko eskolan nazionalean ibili zen eta, ondoren, Isasiko Corazonisten ikastetxean. Fraileetako ikasketak amaituta, 12-13 urterekin Armeria Eskolara joan zen.

Handik irtenda, GAC enpresan hasi zen lanean, baina Alfa lantegiari lotuta igaro ditu bere lan-urterik gehienak.

Gaztetatik euskararen munduan

Umetatik ezagutu zuen giro politiko eta euskaltzalea etxean bertan. Aita sozialista zuen, eta euskalduna; ama abertzaleagoa eta euskaltzaleagoa. Etxean euskarazko liburu bat ere bazeukan amak, eta liburu horrek eragin handi-handia izan zuen Serafinengan. Batez ere Arrese Beitiaren "Ama euskerearen azken agurrak" olerkiak hunkitu zuen eta horrek piztu zuen euskaltzaletasuna bere barruan.

Euskararen munduan Juanito San Martinen eskutik sartu zen 1953. urte inguruan. Klub Deportiboan taldetxo bat sortu zuen San Martinek, mendirako zaletasuna ardatz hartuta. Mendia eta politika oso lotuta zeuden garai hartan, eta baita euskaltzaletasuna ere. Gerora, Klub Deportiboan euskarazko klaseak ematen hasi zen Imanol Laspiurrekin batera. Ondoren, Ekin sortu zen, eta euskal kultura bultzatzeko eta zabaltzeko zerbait egiten hasi behar zela pentsatu zuten.

1950. hamarkada iluna izan zen, etsipenez betea, baina erdi-ezkutuan bazen ere, lanean aritu zen eibartar euskaltzale talde bat, Serafin tartean zela. Klandestinitatean sartu zirenean oso zail ikusten zuten orduko egoera aldatzea, baina bai uste zuten euren burrukarekin euskara eta euskal mundua hobetzeko aukera izango zela. "Zer lortuko juagu? Burrukan egin, behintzat, euskerian alde!". Talde hartako hiru pertsonaia nagusien artean (Basauri, Laspiur eta San Martin), euskarak eta hizkuntzak toki handia bete izan du beti, horixe zen aurrera egiteko giltza eta arrazoia.

1950. hamarkadako iluntasunaren ostean, 1960. hamarkadan itxaropenerako tarte bat sortzen hasten da. Euskara kalera irtetzen hasten da, euskal jaiak sortzen eta ugaritzen dira… Serafin ere mugimendu horretan murgiltzen da hamarkada osoan, euskarazko klaseak ematen eta, batez ere, alfabetatzeko programak. Euskaraz idazten irakasten zuten, testuak landu, hitzaldiak antolatu, eta abar. Garai hori izan zen Serafinek kulturgintzan gehien disfrutatu zuena. 1960ko hamarkada itxaropen sasoia izan zen.

Garai horretan, gainera, Eibarko Ikastola ere sortu zen. Serafin Basaurik 1966. urtean hartu zuen ikastolaren ardura eta hainbat kargu eta lan burutu zituen 1972. urtera bitartean. Oso urte garrantzitsuak izan ziren Ikastola jaioberri txikia benetako ikastola bihurtzeko: legeztatu egin zen, lokalak lortu ziren, irakasleak eta ikasleak ugaritu egin ziren… Guzti horren motor nagusietako bat Serafin bera izan zen, eta lan horren ondorioz sortu zen Mogel ikastola 1973. urte inguruan.

Orain ere bizi-bizi lanean

Azken urteotan ere euskararen alde lanean jarraitu du. Azken 20 urteotan Eibarko Udaleko Euskararen Mintegiko kide izan da eta Udalak kaleratutako hainbat liburutan Serafinen eskua dago ("Eibarko aditza", "Eibarko deklinabidia" edo "Eibarko Hiztegi Etnografikoa", esate baterako). Herri hizkerak jasotzen lan egin duen Badihardugu elkarteko presidente ere izan da, eta Ohorezko Presidente da une honetan. Eta bere azkenengo lana Eibarko Hiztegi Digitala da, une honetan azken ikutuak jasotzen ari dena, besteak beste Serafin Basauriren lanari esker. Euskaltzain urgazle ere bada.

Omenaldia

Serafin ez da omenaldizalea eta lehenago ere ezetz esan die horrelako ekitaldiei. Oraingoan ezin izan du ezetzik esan. Abenduaren 20an Eibarko euskaltzale guztiek omenaldi txiki baina beroa eskaini nahi diogu, bere bizitzan zehar euskararen alde egindako lan guztia eskertzeko. Arrate Hotelean bazkari-omenaldia egingo zaio eta antolatzaileek eibartar guztiak gonbidatu nahi dituzte, batez ere Serafin ezagutu eta berekin lan egiteko zortea izan dugunok.

Eibarko euskalgintzak Serafin Basauriri, bazkari-omenaldia.

  • Eguna: abenduaren 20an, 13.00etan (Untzagan).
  • Lekua: Arrate Hotela.
  • Menua: Paletilla Iberikoa, Pikilloko piper beteak, Bakailao Orly mokadutxoak / Arrain-zopa / Lupia laban edo txahal solomilloa cabrales saltsan / San Markos tarta.
  • Izena-emateko: 35 euro sartu behar dira Kutxako kontu honetan: 2101 0035 16 0010181170.
  • Harremanetarako: 943 200918.
  • Sustatzaileak: Arrate Kulturala, Badihardugu elkartea, EibarOrg, …eta kitto!, Klub Deportiboa eta Mogel Ikastola.

Bazkari egunean Untzagan bilduko gara, talde-argazki bat ateratzeko (gero oroigarri moduan erabiliko duguna). Untzagan elkartuko gara, beraz, eguerdiko 13.00 puntuan. Zeozer hartu eta handik Hotel Arratera joango gara bazkaltzera.

Xipi heldu da

Asier Sarasua 2008/11/20 00:01
Etxeko guztia ados ipini dira, ni alde batera laga, eta untxia ekartzeko. Bizilagun barrixa dakagu etxian asteburutik. Politta eta xalaua da, Xipi. Kakatixa be bai, zentzurik literalenian.

Mundakako basarri batetik etorri da Xipi negua pasatzera. Han hotz egingo dabela eta Eibarren pasauko dittu hillabete batzuk, kalefaziño eta guzti. Pixkat hazten danian, atzera buelta basarrira. Gogorra egingo jako, gurian erregia baiño hobeto bizi da-eta.
 

Xipi heldu da
Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Lehen Hitza Euskaraz

Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017