Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

likin, likiña - viscoso, pegajoso

Asier Sarasua 2007/09/30 22:08

>> LIKIN, LIKIÑA • likatsu, biskatsu, lirdingatsu. Viscoso, pegajoso.
"Jateko likiñak ez jataz gustatzen: honguak, kokotxak, eta holakuak. / Koipia jausi da lurrera eta likiñ-likiña dago dana."

Hiztegi batuak badakar, "Bizkaiera" markiakin. Izena eta izenondua izan leike (viscoso eta viscosidad).

>> LIKA • biska, txoriak-eta harrapatzeko gai itsaskorra.
Likia ipini ta hantxe, "ra!". Beste txori bat ipintzen zenduan kantuan, arbola baten kaixola baten, ta haren ondora etortzen ziran. Ta likan pegauta geratzen ziran. Baiña kantidadia egoten zan. Oin ez da egongo! Baitta, hamen, gure aittak zekazen hartuta durdurak likiaz (Eibarko hiztegi etnografikoa).

Lika hitza be erabiltzen da, likin berbian sinonimo modura (gauza likia), eta baitta likits be.

Elgetako Espaloia kafe antzokia

Asier Sarasua 2007/09/29 13:41

Atzo gauean Elgetan egon nintzen Los reyes del KO blueslarien kontzertua entzuten. Marcos Coll eta Adrian Costa, Alemanian bizi diren lagun galiziarrak, bata gitarrajolea, bestea armonijakolea. Atzokoan Javi Vacas izan zuten lagun baxuan eta Juli "el Lento" baterian. Ez dut askorik kontatuko taldearen eta kontzertuaren inguruan, han eta hemen agertu da zerbait. Bakarrik esango dut oso onak direla (edo kontzertu amaieran Jatsuk esan zidan moduan? "onak ez! superonak!!"). Hasieratik amaierara disfrutatu genuen, zoragarri pasatu genuen, irribarrea ahotik kendu ezinda ordu t'erdiz.

Baina mezu honen asmoa beste bat da: Elgetako Espaloiaz berba gutxi batzuk esatea, gehienbat, ezagutzen ez duzuenoi. Elgetako Espaloia kafe antzokia itzela da. Ikaragarria da hain herri txiki baten horrelako lokal bat izatea: dotorea, goxoa, kalitatezkoa, akustika onekoa... eta jende jatorra bertan. Espaloira joatea plazerra da beti.

Sarri joan naiz: afaltzera, bazkaltzera, kontzertuetara, bilerak egitera, zinera, wifia lapurtzera... bakarrik, taldean, umeekin, ume barik, maitalearekin... Zernahitarako balio du Espaloiak. Eta hortxe daukagu, Elgetan.

Iban, Oxel eta konpainia, bejondeizuela! Horren atzetik dagoen lana zenbatekoa den zuek bakarrik jakingo duzue, baina merezi izan du, seguru. Guretzat, behintzat, lujua da etxe ondoan horrelako antzokia izatea. Zorionak eta eskerrik asko!

Untzaga

Asier Sarasua 2007/09/25 22:34

Argazkiaren izenburua begiratu: Calle Unzaga. 1910. urtia izango da, gitxi gorabehera.

untzaga-kalea.jpg

Untzaga. Horixe zan, XIX. mendera arte, San Andres parrokixatik sartalderutz zeguan zatixa, Isasi kaleraiño, gitxi gorabehera. Ortu eta lur-sailak, gehixenbat.

Gaur egun, Eibarko erdigunia dana, sasoi baten herrigunetik kanpo zeguan. Txirixokalian amaitzen zan Eibar eta hortik sartalderutz, harresi kanpuan, Untzagako errebala zeguan.

XVIII-XIX gizaldixetan zihar, harresixa desagertu eta parrokixatik Untzagaraiño etxiak egin ziranian, "Untzaga kalia" be sortu zan.

Izen hori euki zeban, Untzaga kalia, harik eta 1916-1917 inguruan "Fermín Calbetón" izena ipini zetsen arte. Politiko ezaguna zan Calbetón, Gipuzkoako hainbat obra eta eraikuntza bultzatu zittuana. Eibarko Armerixa Eskolia eitteko emon zeban babesa eskertzeko, Eibarko udalak beran izena ipini zetsan Untzaga kaliari. Eta gaur arte.

Goiko argazkixan, Calbetón kaliaz gaiñera, Plaza Barri zati bat ikusten da, eta Birjiñapeko hasieria. Gaur egun Toribio Etxebarria kalera jaisten da hortik, baina gerra sasoira arte, eliza azpira jaisten zan, han zeguan errota baten albotik pasatu, eta Arraindegi kaletik pasatuta, erreka ingururaiño.

Bittu, bitu > Bildu, batu, jaso

Asier Sarasua 2007/09/21 08:43

Azkenaldian Zarautz eta Zumaia aldean gabiltza elkarrizketak egiten, eta aditz honekin egin dugu topo:

>> BITU, BITTU • bildu, batu. Recoger.
"Ta mahatsa heltzen danian ba, igual denboaldi txarra o zeatzen badu ustelegi o jotzen du ta, hor... apurua izaten da, ze giro dan ta, egualdi ona eukitzia hobia da. Ta bitu, bitu. Mahatsa konparaziyoa, behin bildu ezkeo nik esaten det etxea, itzalea, itzalian prexkuran mahatsa, ez zea, bitu ta euzkitan, zea kajetan."

Baserritarren artean, normalean bittu forma bustia erabiltzen da, batez ere Oikian eta Getaria inguruko baserri auzoetan. Zarauzko kalean bitu ere bai.

Urola Kostako forma dirudi, beste eskualde eta hizkera batzuetan baino, Zumaia-Getaria-Zarautz inguruan gehiago erabiltzen dena. Azkueren hiztegian ere "Zumaia" markarekin agertzen da. Beste hiztegietan azaltzen da baina, gehienbat, "bikoiztu" adierarekin.

Ez dakit zein izango ote den hitzaren jatorria, baina kuriosoa egin zait mendebaleko batu eta ekialdeko bildu hartzen dituela bere baitan. Jakina da Urola Kostako hizkeran mendebaleko hainbat ezaugarri agertzen direla...

Orotariko Hiztegia begiratu behar, baina sarean egon arte... koñazo bat da.

Eguneraketa: Urola Kostan ez ezik, Goierri osoan ere erabiltzen da, Gipuzkoa sartalde guztian, beraz. Eskerrik asko Xabi eta Xabier.

"Bergara aldeko hiztegia" online

Asier Sarasua 2007/09/20 10:36

Harañegun, martitzena, egun haundixa izan zan Bergaran: Bergara aldeko hiztegia online ipini da. Liburuan orain dala 2 urte kaleratu zeban Juan Martin Elexpuruk. Orduan aittatu zeban, 1970 inguruan kartoizko kajetan eta fitxetan batutako hiztegixa, gero makiñaz idatzi zebala, ondoren Word-era, eta azkenian liburu bihurtu dala. Urte bi beranduago, sarera be heldu da.

Abantailak:

  • danon eskura
  • kontsultak edonundik edonoiz egiteko aukeria
  • hiztegixan adierak eta berbak gehitzeko/aldatzeko aukeria (baitta zuk zeuk be)

Eibarko hiztegixa

Bergarako hiztegi barri honekin, hiztegi digital bi daukaguz gure inguruan, Eibarko hiztegixa be aspaldi dagolako sarian: Eibarko hiztegia online.

Oiñarrixan Toribio Etxeberriaren lexikoia dago, baina txukunduta (akatsak, erderazko baliokide egokixaguak...), eta aberastuta, gehixenbat Eibarko Hiztegi Etnografikoa libururako jaso genduzen berbekin. Han eta hamen jasotako beste berba eta adiera batzuk be gehittu zittuan Nerea Aretak 2002. urtian. Eta aurten bertan, Ane Sarasketak beste orrazketa bat egingo dau.

Informaziño gehixago Bergarako hiztegixaz

Iban Arantzabalek kronika politta idatzi dau bere blogian.

Goiena.net webgunian be kronikia eta bideua.

Egilea: Goiena.net


Webgune ala web gune?

Asier Sarasua 2007/09/19 13:05

Pentsatzen nuen kontu hau zehaztuta zegoela, eta nik neuk beti erabili izan dut webgune. Euskal webgintzan eta Interneten ere, oro har, webgune nagusitu dela iruditzen zait. Horrela erabiltzen dute (oro har) Erabilik, Goienak, Sustatuk, Uztarriak. eta hainbat erreferentziazko blogarik (besteak beste, Faroa, Gaztelumendi, Mutilmedia, Teknosexua, Jabi Zabala, Irazabalbeitia).

Googlek ere hori dio:

  • Webgune: 417.000
  • web gune: 114.00 sarrera

 

Gainera:

  • Euskaltzaindiaren webgunean bertan ere webgune darabilte. Eta gune partikularen idazkeraren inguruko araua ere hor dago. Laburbilduz: "Hitz elkartuen osaeraz eta idazkeraz emandako 25. arauan, Euskaltzaindiak adierazi zuen bigarren osagaia gune dutenak elkarturik idaztekoak direla."
  • Eizieren webgunean (Euskal itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteen elkartea) eta Itzul zerrendan ere webgune erabiltzen da (edo erabili dute). Adibidez: Ongi etorri EIZIEren webgune berrira
  • Ereduzko prosa corpusean ere, 4:1 proportzioan irabazten du webgune idazkerak (88/22).
  • Berriak ere webgune hobetsi du.


BAINA:

Elhuyarrek eta Euskaltermek, erreferentziazko hiztegiek, web gune darabilte, banatuta. Eta hori ez da gutxi.

Arazoa: Hiztegi Batuan ez dago. Zer erabakiko ote du Euskaltzaindiak? Eta noiz?

Haitz-enara (Ptyonoprogne rupestris)

Asier Sarasua 2007/09/17 23:44

ptyonoprogne.jpgIraila, udazkena, hegoia... hegaztien migrazioa. Azken hileetan gure artean ibilitako hainbat hegazti Afrikarako bidean hasi dira, besteak beste, milaka enara. Baina batzuk hemen geratuko dira negua pasatzen: haitz-enarak dira.

Eibarren hiru enara espezie ikus daitezke. Lehenengo biak arruntak eta ezagunak dira: enara arrunta (Hirundo rustica) eta azpizuria (Delichon urbica). Horiek hurrengo mezuren batean aipatuko ditut, beharbada. Baina gaur hirugarrena ekarri nahi dut, ezezagunena. Azken egunotan sarri ikusi dut han eta hemen, eta iruditzen zait ugaritzen ari dela. Haitz-enara da (Hirundo rupestris, edo Ptyonoprogne rupestris).

Aurreko biak baino ezezagunagoa eta urriagoa, haitz-enara dugu Europan ikus daitezkeen enaren artean bizi, azkar eta akrobatikoena. Hegan ari denean enara arruntaren antza du, baina are arin eta ausartago da, eta hegan ez ezik, lurrean dauden intsektuak hartzeko gauza ere bada. Denbora gehiena airean pasatzen du, baina gainontzeko enara klaseak baino gehiago geratzen da lurrean edo haitzetan, asko atsegin baitu harri gainean etzanda eguzkitan epeltzea.

Europan bizi diren enaren artean handi eta astunena da. Bizkarraldea eta burua arreak ditu, hegoak ilunxeagoak eta sabelaldea argia, baina ez beste enarek bezain zuria. Ezaugarri horiek nahikoa izan ohi dira txori hau identifikatzeko orduan, baina zalantza guztiak uxatzeko frogarik garbiena bere buztanari begiradatxo bat botatzean aurkituko dugu: laukia da, ez sardekara, eta gainera birak emateko isatsa zabaltzen duenean, oso nabariak dira bertan, bai gainean eta bai azpian dituen orban zuriak.

Ohituraz ere ezberdin samarra da. Enara arruntak baserrietako korta, atari eta abeletxeetan ikusten ditugu gehienbat; enara azpizuriak etxeetako teilatupeetan (Eibarren, esate baterako, Ipuruako torreetan, Azitaingo La Salle ikastetxean, Bidebarrieta edo Errebal kaleetako etxe garaienetan...). Haitz-enara, berriz, montikolagoa da; hau da, mendi eta harkaitzak nahiago ditu herri, baserri eta belardiak baino. Horrez gain, habia ere haitz artean kokatzen du eta ez etxe edo giza eraikuntzetan. Oñatin, esate baterako, sandeli-txorixa esaten diote, Sandeli haitzulo inguruko haitzetan bizi delako.

Ez da, beharbada, aurreko biak bezain ugaria, baina Eibarren ere erraz ikus daiteke. Gainera, azken urteotan bere populazioak gorantz egin du eta inguru berriak kolonizatzen hasi da, eta orain arteko harkaitzak laga barik, autopistako zubipeak kolonizatzen hasi da. Eibarren, adibidez, autopistako zubi gehienen azpian ikusiko dugu zeruan dantzan: Txontan, Urkin, Apalategin, Azitainen...

Udan ez da erraza izaten enaren artean bata eta bestea ezberdintzea, baina udazken-neguan, beste enara espezieak Afrikara joaten direnean, bista-bistan geratzen dira haitz-enarak Eibarko zubi eta etxe artean.

Gora begiratu, zabaldu begiak, eta gozatu enara hauen hegaztada bihurri eta ausartekin. Kontuz, hala ere: kumatzen ari badira, mokoka erasotuko zaituzte traba egiten badiezu. Gezurra dirudi 10-15 zentimetroko txoritxo batek horrelako izua sor dezakeenik! Eta eragiten du, sinistu! :-)

Oh.: argazkia Dave Appleton
Argazki gehiago

Abertzale radikalak

Asier Sarasua 2007/09/13 08:38

Orain arte, Euskal Herriko "radikalak" zeintzuk ziren garbi egon da. Atzotik aurrera, baina, beste batzuk ere agertu dira, konpetentzia egitera. Komunikabideetan behin eta berriro entzun dut (TVE, SER, San Gil...):

Preocupación en la política española. Imaz deja al PNV en manos de los radicales.

Que vienen los sioux!

Arrateko jaixak eta autobusak

Asier Sarasua 2007/09/07 11:37

Gaur gabian hasiko dira Arrateko jaixak, Eibarko jairik onenak. Arrate Eibartik 6 km-ra dago, mendi puntan, eta urtero moduan, betiko kontua: zelan igo? kotxia hartu? taxisa? autobusik egongo da? Eta galdera garrantzitsuena: zenbat (ez) edan?

Azken 10 urtiotan asko hobetu da kontua, baina badira pare bat gauza aitzen ez dittudanak:

  • Ertzaintza: zergaittik ipintzen dabe kontrola Iturburu azpixan? zergaittik ez Arraten bertan? Azken baten, Arratetik Iturburura mozkortuta heldu diranak, zigorra baiño sarixa merezi dabe.
  • Autobusak: lehen baino ordutegi zabalagua dago, eta aurten gabaz be egongo dira autobusak. Baina: barixakuan zergaittik ez dago autobusik goizeko 5ak harte? zergaittik ez dago autobusik 2ak edo 3ak aldian? eta zergaittik ez dago autobusik zapatu gabian? Musikia gabeko 11etan amaitzen da, txosnak beranduago... eta azkenengo autobusa iluntzeko 9etan.

Egongo da errazoiren bat, diñot nik, baina ez dirudi oso zentzuzkua.

Juan San Martin beka 2007

Asier Sarasua 2007/09/04 12:05

Eibarko Udalak eta Udako Euskal Unibertsitateak VII. Juan San Martin ikerkuntza beka aurkeztu dute Portalean.

Juan San Martin beka urtero kaleratzen da bi erakundeen eskutik, euskarazko ikerkuntza bultzatzeko eta Eibarko seme kuttuna omentzeko. Bekaren gaia urtero aldatzen da, eta aurten Antropologiaren eta Arkeologiaren inguruko gaiak onartuko dira.

Eskaerak urriaren 11 aurretik aurkeztu beharko dira, Eibarko udaletxean bertan. Azaroan jakinaraziko da irabazlea.

Bekaren diru kopurua 9.000 eurokoa izango da, proiektu osoa euskaraz egin beharko da eta bekaren iraupena 12 hilabetekoa izango da.

Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Lehen Hitza Euskaraz

Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017