Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Eibar ala Éibar

Asier Sarasua 2007/08/30 10:57

Galdera tontua dirudi, baina zalantzaz beteta nago.

Zelan idatzi bihar da "Eibar" erderaz? Azentuakin? Éibar?

Izen ofiziala Eibar da, azentu barik. Baina erderaz Éibar ei da. RAEn, behintzat, "eibarrés: natural de Éibar".

Ez nago galdetzen irizpide pertsonalik, ez baloraziño politikorik. Zer da zuzena erderaz? Izen ofiziala erabiltzia? Edo erderazko grafia errespetatzia?

Nik neuk, erderaz "erdal" izenak erabiltzen dittut: San Sebastián, Pamplona, Mondragón, Roncal, Duranguesado,...

Baina grafia kontua danian, askoz gogorragua eitten jata: Elgueta, Elgóibar, Deva, Vergara, Urrechua...

Ia erantzuna topatzen doten.

Autsí!

Asier Sarasua 2007/08/29 23:19

Gaur eguardixan, nere amanian:

» AUTSÍ! • Tori!
Toma! Cógelo!
Diru gehixago nahi? Autsí, ba!

Eutsi aditzaren aginterako forma zaharra. Izatez, Eutsi biharko leuke, eta holaxen topau dot Elhuyar hiztegixan. Sarasolaren Zehazkin, ez dator. Nik beti autsí aldaeria entzun dot Eibarren eta inguruan, azentua barne, aginterazko formia izanda.

Nik erabiltzen ditturazen beste forma batzuk:

  • Autsok (hika mutilak) (Autsá be esaten ei da)
  • Autson (hika neskak)
  • Autsixaz/Autsixak (hika mutilak plurala) (?)

Elexpuruk, Ubera-Angiozar inguruan, beste forma batzuk be jaso dittu: otsó (hika mutilak), otsón (hika neskak), autsaz (h. m. pl.) eta autsonaz (h. n. pl.). Adb.:
Autsonaz hire antiajuak.

Horrek formok ez dittut sekula Eibarren entzun, baina harritzekuak be ez dira. Izan be, aspaldi egin neban berba -au diptongodun berben inguruan.

Eibar: hauteskunde emaitzak

Asier Sarasua 2007/08/22 23:02

Aste honetan Eibarko alkateen inguruko mezu-trukea egon da Eibartarrak zerrendan, eta gogoratu naiz aspalditik neuzkala gordeta Eibarko hauteskunde-emaitzen datu historikoak. Hau da, azken 25 urteotan Eibarren izan diren udal hauteskundeen eta legebiltzarrerako hauteskundeen datuak.

Datuak dokumentu hauetan daude (Excel):

Urte guzti hauetan egon diren sigla-dantzak bateratzen ahalegindu naiz, esate baterako, HB-EH-EHAK, AP-PP, PCE-IU-EB eta abar.

Udal hauteskundeak

(irudixak hobeto ikusteko, egin klik gaiñian)

Udal hauteskundeak Eibarren 1979-2007

Udal hauteskundeak Eibarren 1979-2007

Udal hauteskundeak Eibarren 1979-2007

  • Azken grafika horretan, EAJ-EA eta PSE-EE batera erakutsi ditut.
  • Kontuan izan, 2003 eta 2007ko emaitzetan, HB lerroko datuak boto baliogabeak direla.
  • Lehenengo hauteskundeetan alderdi txiki mordoa aurkeztu ziren; ez ditut aintzat hartu, datuak eta grafikak erraztearren. Hartara, lehenengo hauteskundeetako portzentaiak batuz gero, ez da %100 lortzen.

Legebiltzarrerako hauteskundeak

Legebiltzarrerako hauteskundeak Eibarren 1984-2005

Legebiltzarrerako hauteskundeak Eibarren 1984-2005

Ez naiz soziologoa (gutxiago politologoa) eta ez naiz hasiko ondorioak ateratzen, baina ohar labur pare bat gehitu barik ez naiz geratuko:

  • Legebiltzarrerako Hauteskundeetan ia-ia ez da egon aldaketarik 25 urteotan. Alderdien boto-kopurua ez da ia inoiz aldatzen (Aznarren garaian PSOE-PP trasbase txiki bat egon arren), eta Abertzale-Espainolista blokeen artean ere beti dago 55/45 oreka (gutxi gorabehera).
  • Udal hauteskundeetan, ostera, alderdi abertzaleak botoak galtzen joan dira eta konstituzionalistak botoak irabazten.

Arazo larri-larria, beraz, Eibarko PNV-k daukana. Eta arazoa (askoz txikiagoa), era berean, Arriola eta lagunentzat, ez dutelako lortzen udal hauteskundeetako babesa beste hauteskundeetara zabaltzea.

Urkiko kurutzearen abenturak

Asier Sarasua 2007/08/20 23:49

Orain dela aste batzuk irakurri dugu egunkarietan Urkiko etxeak Gabonetarako amaituta egongo direla. Artikuluan zeharka aipatzen den beste kontu bat Urkiko kurutzearena da. Etxeak eraiki dituzten tokian baserri bat eta kurutze zahar bat zeuden; izan ere, zeozergatik zen baserriaren izena Urki kurutzekua.

urki-kurutzekua-01.jpg


Gutxienez XV. gizaldikoa da eta Eibarren jatorriz zeuden 3 kurutzeetatik geratzen den bakarra (besteak Ibarkurutzean, Gipuzkoako sarreran, eta Ulsagan, Bizkaiko sarreran, zeuden). Urkiko hau, Arabako sarreran, Elgetarako bidean.

Udaletxean behin baino gehiagotan aipatu dute kurutzea ondo gorde dutela, eta lanak amaitu ostean lehengo tokian jarriko dutela. Baina badakigu Eibarren zer gertatzen den: gauza gutxi ditugu, eta ditugun apurrak ostikoka zaintzen dituzte (Txiriokaleko etxea, Eltzartzako zubia, Markeskua jauregiaren zaharberritzea...). Gargolen kasuan ere sarritan ziurtatu zuten ondo gordeta zutela, "guardado para su conservacion", eta badakigu non agertu ziren, Elgetako bide bazterrean botata eta apurtuta.

Urkiko kurutzea non ote dago? Orain dela hile batzuk egunkarian irakurri genuenez, "en dependencias municipales" omen zegoen. Eta egia zen, Iragorriko ur-deposito ondoan agertu zelako kurutzea. Oraingoan ere lurrean botata, zatikatuta, apurtuta, eta erabat utzita. Flickr-en irudi gehiago. Lotsagarria da Eibarko udalak gure ondarea zaintzeko duen ardura txikia.

urki-kurutzekua-02.jpg
Urkiko kurutzearen zatiak lurrean botata, inolako zainketarik gabe, Iragorri inguruan.

Argazkiak atera eta gutxira batu zuten Iragorritik, baina auskalo orain non dagoen eta nola dagoen (gargolak apurtuta agertu ziren), eta kurutzea ondo egon arren, ea noiz, non eta nola berragertzen den...

Jarraituko du.

Manexen berbak

Asier Sarasua 2007/08/07 23:57

Maddi, 21 hilebete egin zittuanerako, barritsu-barritsua zan eta bere hiztegixa batzia erabagi genduan. Manex ez da hain azkar hasi barriketan (mutikua da!) baina, tira, gitxika-gitxika hasi da bere lehelengo berbak esaten. Egixa esan, ez da ixiltzen eta beti dabil zarataka, baina benetako berbak esaten orain dala gitxi hasi da, 22-23 hilebetekin; azken 15-20 egunotan sekulako aurrerakadia egin dau.

Hamentxe gure mutikuan hiztegixa:

kuiya.jpg

Alla!: Ala! (harridura)
Amama
Amatto
Apa!: Aupa!
Apitxi: apatxi, jarri
Ateti!: Athletic (eta Yaya! "Erreala")
Attatto
Atza, atta: hartza
Bia: begira
Bixok: danok batera
Brun-brun: motorrak, kamioiak
Buaubuau: txakurra
Busa: Autobusa
Dana
Etx, ex: ez (eta No)
Gexo: gehiago
Hametxe, hamette: hementxe
Hotz, hott
Ia?: ea? Aber?
Ixa (1): zaldixa, ardixa, behixa…
Ixa (2): argixa
Iyo: igo
Kaka
Keke: txokolatea
Kuiya, kukuiya: kokodriloa
Min
Mio: katua
Ni
No (eta Ez)
Oixa: ogia
Papa: apapa, kalera
Pa-pi: bat eta bi
Patta, pata: zapata
Pi, bi: asko
Pio: txoria
Pipa: litxarreriak (pipak, gusanitoak…)
Potxo: Porrotx
Puma!: jausi, bota (beretzat dana da bat)
Putu: apurtu
Tena: trena
Tete
Tia: atia
Tita: gaileta
Tona, ttona: gizona
Ttatto, tato: salto
Ttikia, kikia: txikia
Ttotto, toto: tonto
Txitxi: okela
Txixa
Txixa: silla
Ua, uba: ura
Ufu: beroa
Ya-ya: zerealak
Yo: jamón york
Yoyo: lo

Eta izen batzuk be hasi da esaten:

Aki: Ekhi
Ami, Mii: Maddi
Ane: Ane
Ané: Aner
Ati: Irati
Aye: Eider (haurreskolako zaintzailia)
Pike: Mikel
Pio: Pello
Pu: Paul
Tio: osaba Asier
Ua: Sua
Uko: Urko
Yaya: Ainara
Yeye: Leire
Yo: Jon

Oindiok ume-berbetako berba mordua erabiltzen dittu (apapa, apatxi, ufu...), baina hasi da bere lehelengo berbak be esaten, eta azken egunotan guk esaten dogun edozer errepikatzen hasi da. Berba batzuk, gainera, Maddin moduan esaten dittu, (ex, pututa, atza...).

Jakiña, oindiokan hitzak besterik ez dittu erabiltzen; aditzik ixa ez dau erabiltzen, eta esaldixak be, juxtu-juxtuan, baina barre, behintzat, ugari eitten dogu berakin.

Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Azken erantzunak
14 iker, 2017/04/21 10:57
Sekulako pitxia. Eskerrik asko. Amatliño, 2017/04/07 09:43
aupa Juan Luis! Eskerrik asko atrebentziagatik! ... asier, 2017/03/13 09:05
Barka atrebentzia, bana badaezpada ere: baduzu ... Juan Luis Zabala, 2017/03/10 19:44
eskerrik asko Serafin! Zuri ikasittakuetatik ;) asier, 2017/02/21 09:21
Lan bikaiña. Ez haiz horraittiok geldi egotekua. ... Serafin, 2017/02/20 17:47
Eskerrik asko hiruroi, Alex, Hasier eta Iñaki! asier, 2017/02/19 20:19
Lan bikaina Asier! Zorionak!!! Eta mila esker ... Iñaki Sanz-Azkue, 2017/02/17 19:04
Eskerrik asko, Asier, ez jaok ordaintzerik. H. Etxeberria, 2017/02/17 00:15
Eskerrik asko Asier. Lan itzela eta fina. Alex Gabilondo, 2017/02/17 00:05
Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017