Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Ni ez naiz Asier Sarasua Garmendia

Asier Sarasua 2007/07/18 21:35

Orain dela 20 urte matrikulatu nintzen unibertsitatean, 1987ko uztailan, Leioako Zientzia Fakultatean, Biologia ikasteko asmoarekin. Irailan eskolak hasi eta sorpresa bat izan nuen: nire gelakide bat ere Asier Sarasua zen. Kontxo! Kasualidadia!

Karrera amaitu eta gure ibilbideak banatu egin ziren. Ni, han eta hemen ibili eta gero, filologia ikasten hasi nitzen. Halako batean enteratu nintzen, bera Gasteizko udaletxean zegoela lanean.

Mundua txikia da, baina, eta 20 urtera gure bideak berriro batu dira. Internetek batu gaitu. Ni Codesyntaxen nago, eta Interneteko zenbait proiektutan sartuta (Ahotsak, Umap, EibarOrg...). Bera ere informatikaren eta Interneteko saltsetan sartuta dabil; batez ere, Euskalbar garatzen jardun duelako ezagutuko du jendeak.

Eta kontua da, nahastu egiten gaituztela. Azken urtean 2-3 e-mail jaso ditut beretzat zirenak eta kalean ere "aupa Asier!" sutsuegi batzuk ere jaso ditut. Berari ere antzekorik gertatuko zitzaioan, beharbada. Gainera, pare bat posta-zerrendetan (ItzuL, Librezale...) biok gaude harpidetuta, eta nahastea ez da zaila.

Xabier Mendigurentarrek egiten duten bezala, bigarren abizena erabiltzen hasi beharko ote dugu? Asier Sarasua Garmendia; Asier Sarasua Aranberri. Amak pozik egongo dira.

Ez, ni ez naiz Asier Sarasua Garmendia. Nik ez dut garatu Euskalbarra. Lan guztia berak egin du, ez niri berriro eskerrik eman :-)

Eguneraketa (2014). Twitterren gaude: bera @asiersar eta ni @asarasua. (eta beste bi: @assarasua eta @teojeep).

Sosiguz (sosiuz) - astiro, poliki

Asier Sarasua 2007/07/07 22:32

Institutuan behin baino gehixagotan gertau jakun: irakaslia zeozer azaltzen eta guk "maixu, sosiuz". Eta berak aittu ez.
Sosiuz (soseguz): astiro, poliki.

Beste eskualde eta hizkera batzuetan hitz jasua da, literarixo samarra. Eibarren, ostera, egunerokua. Bi erabilerakin, gainera: adberbio moduan (despacio, lentamente), edo izenlagun moduan (persona lenta).

» SOSI(G)UZ (soseguz)
1) adberbioa
Sosiguz ibilli zaittez, jausi gura ez badozu.
Astiro, politto eta poliki be erabiltzen dira, baina askoz gitxiago.
2) izenlaguna
Zu zara zu sosiguza!
Geldixa be esaten da.

Begiratu Eibarko hiztegia online

Hiztegi nagusixetan ez da agertzen (Elhuyar, Hiztegia 3000, Harluxet...), eta Hiztegi Batuak be ez dau jaso. Hiztegixetan sosegu agertzen da, baina beste adiera batekin: lasaitasuna, bakea.

Eibar inguruko hiztegixetan bai agertzen da, Bergarakuan edo Mallabikuan, esate baterako. Azkuen hiztegixan, ostera, ez dot topau. Nahi dabenian, Azkuek be badaki garbizalia izaten :-)

PSE eta EA elkarrekin datozen 4 urteetan

Asier Sarasua 2007/07/06 12:23

Albiste harrigarria gaurkoa, niretako behintzat. PSE eta EA elkarrekin arituko dira datozen 4 urtetoan udaletxean. Harrigarria, batez ere, PSE bakarrik egon delako azken 4 urteotan, eta orain ere gehiengo absolutua daukalako.

Bientzat onerako izango da, ziurrenik. PSEk erakusten du alderdi irekia dela, eta gehiengoa izan arren beste batzuen ahotsa entzuteko prest dagoela (EB eta EAJ ere udal gobernuan sartu nahi omen ditu). EArentzat ere onuragarria izango da, jakina. Zalantza handiak izango zituzten hauteskunde aurretik, ea botorik izango ote zuten... Azkenean, lehendik zituzten 2 zinegotziei eutsi, eta gainera udal gobernuan sartu dira. Ez da gutxi.

Hitzarmen honek zenbait aldaketa interesgarri ekarri ditu udaletxera:

  • Ingurugiroa izeneko sail berria egongo da udaletxean (Txus Rementeriaren esku, EA)
  • Trafikoaren inguruko delegazio berria ere bai (Miguel López de Gereñu, PSE)
  • eta beste 3 delegazio berri ere bai: "áreas urbanas" (Arcadio Benitez, PSE), emakumea (Nerea Alustiza, PSE) eta Museoa (Nerea Alustiza, PSE).

Ikusiko dugu ea zer ematen duten sail eta delegazio berri horiek, baina hasiera batean, interesgarri eta beharrezko direla iruditzen zait.

Bestalde, Txontako proiektua ere aldatu egin da, EAk eskatuta: egingo diren 1000 etxebizitzen artean, erdiak-edo prezio tasatukoak izango dira (lehendik aurreikusita zeuden babes ofizialeko 100 etxebizitzez gain).

Eta beste puntu garrantzitsu bat: jende aurrean lan egiten duten udal langile guztiak euskaldunak izango dira. Egia izango da? Beteko dute? Polikiroldegian, Unben, Pegoran, Portalean... denak euskaldunak? Ez dakit, ba, sinesten dudan.

Sautsiko skate pistia udazkenerako prest

Asier Sarasua 2007/07/04 11:53

Ez-dakit-zenbat urteko atzerapenakin, baina badirudi laster hasiko dirala Eibarko skate pistia eitten. Kontu hau hurretik jarraittu dot, pista hori Sautsin bertan egingo dabelako, gure etxe albuan. Hasieran frontoia egin bihar zeskuen Sautsin, baina orain dala 3 urte inguru, frontoia Altzubarrenera eruan zeben (Azitaingo industrialdera), eta Sautsin skate pistia eitten "hasi ziran".

Proiektu honetan badago azpimarratzeko moduko kontu bat: proiektu irabazlia aukeratzeko prozedura. Ez dau udalak aukeratu, ez dau teknikariren batek aukeratu. Gaztiak aukeratu dabe proiektu irabazlia, skaterrak eurak. Udaletxera aurkeztu diran proiektuak aztertu dittue, euren ustez polittena aukeratu, eta horixe egingo da azkenian.

Eta garestixena aukeratu dabe, jakiña :-) (skaterrak ez zekixen proiektu bakoitxan preziorik). Tip-top enpresiak aurkeztutako proiektua izan da irabazlia. Hilebetian egingo ei dabe.

Herriko beste proiektu batzuk be holan erabagi ahal izango ziran? Zergaittik ez Ipuruako igerilekua haunditzia? Edo Errebaleko proiektu barrixa? Edo Alfa-Corte Inglesa? Edo...

Jakiña: ez da bardiña 60.000 euroko proiektu bat, edo 60.000.00 eurokua...

Tira, lehelengo urratsa da. Ia gehixago datozen.

Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Lehen Hitza Euskaraz

Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017