Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Eibarko II umeen euskal jaia, 1966

Asier Sarasua 2007/01/31 21:22

Euskal jaixen kontu honekin jarraittuko dot. Gaur nere amak hauxe atara dau bere armarixo batetik. Beti harritzen naiz, nere amak dakazen milaka papel eta trasto zaharren artian, zelan topau leikian ezer. Baina beti daki nun dagon zer.

Hamen beheko hau 1966ko Euskal Jaiko kartela da. Sagalak eginda, lehenengo euskal jai guztietan moduan.

1966ko Euskal Jaia - Kartela


Urte horretan antolatutako egitarauakin harrittu egin naiz: hitzaldixak, ipuinak, antzerkixa, musikia, dantzak, mezak, omenaldixak... Hori guztiori, 3-4 egunetan, eta aginterixen trabak gainditzen. Txalo bero bat.

Hamentxe dago egitaraua.

Eibarko lehelengo euskal jaixa, 1965

Asier Sarasua 2007/01/25 08:51

Eibarko lehelengo euskal jaixa 1965. urtian antolatu zan, Arrate Kulturalaren eskutik. Enekok sasoiko egunkari bateko kronika zoragarrixa laga zeskuan kulturaleko webgunian.

Frankismoaren urte ilunetan, euskal munduakin zerikusixa zeukan edozein ekimen antolatzia lan gogorra eta zaila zan. Imajinaziñua eta lan haundixari eskerrak, baina, Kulturaleko lagunak euskal jai haundixak antolatu zittuen Eibarren.

Lehelengo urtietako antolakuntzan nere gurasuak ibili ziran, eta eureri esker 1965-1970 bittarteko euskal jaixen pelikulak jaso dittut. Pelikulok nere aitxitxa Antonio Sarasuak grabau zittuan, Super 8 formatuan. Horri esker, garbi ikusten da sekulako jaialdixak antolatu zirala sasoi haretan, eta gehixenbat, orduko eibartarrak gaurkuak baino parte-hartzailiaguak zirana. Zenbat jente kale-ertzetan! Zenbat jente antolakuntzan! Zenbat dantzari eta txistulari!

Sei urtiotako pelikulak Euskal jaia Eibarren atalian ipini dittut. Igotako kopixen kalidadia ez da oso altua, baina orijinalak nahiko ondo ikusten dira. Grabaziño orijinalak nahi badoduz, edo informaziñoren bat gehittu bazeinke, gustora jasoko neuke zure barri.

Muestrarako, 1965eko ediziñua.


Pelikula guztiak hamen:
Euskal jaia Eibarren 1965-1970


Harridura perpausak

Asier Sarasua 2007/01/23 08:46

Atzo lagun batekin berbetan, eta entonaziñuan kontua aittatu genduan. Zelako garrantzixa dakan entonaziño egokixak berba eitteko orduan, eta zelan aldatu dan azken urtiotan.

Eibarko Euskara liburutik zati bat hartu dot (eta pixkat moldatu). Politta da, nik uste:

------

Harridura perpausak

Hiztunak baditu harridura-perpausak sortzeko formulak edo markatzaile bereziak (erakusleak, galdetzaileak, ba- , gero, baiña, ona, barren, behintzat...), harridura hori indartzeko balio dutenak, baina Eibarren bereziki intonazioa azpimarratzen da, normalean perpausaren azkenengo silaba indartzen delako.

Geró partikularekin indartuta
Gaiztua zara, geró!
Oin ez dago... Jentia, hori baiño, oin listuagua da, geró!

Baiñá partikularekin indartuta
Harek gu baiño zahartxuaguak zittuan baiñá!
Agure zahar guztiak han. Andrekin baiñá!
Guk zenbat perretxiko ekarri dogun! Zenbat, baiñá!

Ona adjektiboarekin indartuta
Ta beste baten, hori be txarragua zan ha, gerra ostekue zan ha, dios! Ha zan oná!
Ja-ta sartu etsa gaintxua aittak... ta betiko moduan oratu ta ekarri. Ha zan oná!
Hasi zuan jan ta jan, ta esan najetsan: "Zuk jaten dozu oná!"

Barren lokailua erabilita
Gizonak gara, barrén! Ez garala diferentiak!
Han juaten zanak ezer be: berrogei duro kobratzen zittuan, barrén!

Behintzat lokailuarekin indartuta
Basarrixetan ta bai, behintzát, e!
Ene! Hor ezin neike nik sartu, behintzát! Pentsau bez!

Ba partikularekin indartuta
Ez jakiñat !
Kauen diez! Oillagorrakin dagok !

Galdetzaileekin indartuta
Ba, ikusi eizu zelakó aldia dagon batetik bestera!
Eibarrek zelakó kanbixua emon daben!
Zenbat gaztaña egoten zan! Holako lokalak bi! Esajerau barik hori, e!

Erakuslea aurretik jarrita
Jesus...! Jo-ta danak… Haura zuan txalokiá! Ene! Zapatak etxian! Ha zuan pozá! Ha zuan pozá!

Ordena arrunta aldatuta
Azkarra gizoná!
Bai ba, zuek koruan eta profesionalak zarie eta etarako ez dozue premixuá!
Sentidu ez jok, ba, ein usaiñá!
Karo! Entzungo ez zan, bá!
Jatorra, jatorra mutillá!

Indartu nahi dena errepikatuta
Ikusgarri! Ikusgarri! Sardaua zelan eitten zan ta ikasi najuan ofiziua, ikasí!
Baiña zenbat perretxiko ekartzen genduan baiña!

Beste partikula batzuk erabiliz
Joño! Ikusi ez baneu, ez neban sinistuko!
Enee! Ene, ene! Gerrateko ipuiñek... eskasak die e! Eskasak!
Bueno...! Jesus, Maria ta Jose! Guk, bueno...!
Ene demoniuak! Bost oillagor gaur? Hamen usuak pasatzen ta...!?
Beinke! Han be horixe eitten eben, e?
Kontxo! Gabon zaharretan eingo juau.


Ikastolako pelikulak

Asier Sarasua 2007/01/21 12:07

Aurreko mezuan txikittako ikastolako erretrato batzuk sartu nittuan. Orainguan, pelikulak. Orain dala 30 urte inguru ikastolan Super 8 formatuan etaratako 3 pelikula txiki gehittu dittut artxibora.

Zati laburrak dira, kalidade ez oso onekuak... baina tira, gu gara, eta ez da gitxi!

Hamentxe lehenengua: Itzion egindako antzerki edo jaialdi moduko bat. Gelako guztiak gaoz (ni izan ezik?).

1976ko udabarrixan (1975-1976 ikasturtia, 2. maila).

 

Beste 2 be gehittu dittu, Ikastola Mogel 1973-1983 atalian.

Ikastolako erretratuak

Asier Sarasua 2007/01/15 23:48

Gaur egun urte bikin hasten dira umiak ikastolan, baina gure sasoian 3 edo 4 urtekin hasten giñan. Ni neu, 1973an, 4 urteaz. San Andres parrokixako lokaletan ezagutu nittuan nere lehelengo lagunak, eta euretako gehixenekin egin nittuan hurrengo 10 urtiak, 1973-1983 bittartian, Mogel Ikastolan, eta gehixenokin baitta beste lau urte be, Ignacio Zuloaga Institutuan.

Eibarko Juan Antonio Mogel ikastolan egindako bide horretan 5 ikastetxe ezagutu genduzen. Eibarko ikastoliak ez zekan gaur egungo eraikin eta baliabiderik, eta alde batetik bestera ibili giñan: San Andres, Bidebarrieta, Itzio, Markeskua, Iturburu, barrido Itziora...

Txikittako kontuak idealizatzeko jokeria egoten da, baina nik oso rekuerdo ona dakat. Klase majua zan, ondo konpontzen giñan, eta oindiok be hartu-emona daukagu gehixenok. Lantzian behin afariren bat be eitten dogu.

Erretrato zaharrak berreskuratzen eta antolatzen dihardut azkenaldixan, eta ikastolako batzuk atal honetan ipintzen juatia pentsau dot. Oraingoz argazki batzuk. Gerora, bideo batzuk be bai (Super 8 formatuan etaratakuak).

Baitta Flickr-en be, jakiña, mogel ikastola etiketekin.

1974-1975 ikasturtea

Hegaztadian letxe!

Asier Sarasua 2007/01/11 23:26

Txikittatik ezagutu arren, berandu konturau nitzan esakera horren jatorrixaz. Esanguria bai, esanguria garbi nekan; ume-umetan ikasi neban nere aittak zeozer "hegaztadian letxe" eskatzen zebanian, bizkor egin bihar jakola kaso!

>> hegaztadian letxe · ziztu bizian; pitando, a toda leche.
"Jasoik hori! Hegaztadian letxe!"

Erderazko "a toda leche" horrekin antzekotasunen bat badaka be, jatorrixa ez da hori, jakiña, "hegan lez" baizik; hau da, "como volando".

Antzerakua da hegaztara baten esakeria.

>> hegaztara · vuelo; forma de volar.


oharra: Egixa esan, ez dakit benetan zelan idatzi bihar dan. Nik "hegaztadian letxe" esaten dot, baina "hegaztadan letxe" edo "hegaztadia letxe" izan biharko litzake? Eibarko hiztegi elektronikuan "hegaztadia letxe" sartu zan. Egixan esan, ez dakit.

Piano zoragarrixa!

Asier Sarasua 2007/01/10 00:30

Nere aitxitxa Antoniok askotan esaten zestan, "gerria gauza txarro dok, mutil!". Ez zeban gerrako gauza larregirik kontatzen, baina bai, frentia Eibarrera heldu zanian, etxia hustu bihar, eta gauza bi bakarrik gorde zittuala: pianua eta erretratuak. Beran famelixako argazki guztiak hartu, bere pianuan barruan ezkutau, eta Bilboko lagun batzuen etxian ezkutau zittuan gerria amaittu arte.

Eskerrak!, beran etxia holaxen geldittu zalako:

Eibar gerran

Erretratuan, nere aitta zana eta bere amama Gregoria Gisasola, 1941 inguruan. Errebal kalian dagoz, gerriak erretako euren etxiaren hondarren gaiñian jarritta.

Gerrako kontuak eta nere aitxitxan pianuaren ibilerak beste egun baterako lagako dittut, baiña esan deidan, berari eskerrak millaka erretrato dakaguzela familixan, eta hori moduko altxorrik nekez topau leikiala iñun. Kaja zaharrak zabaltzen ditturazen bakoitxian pentsatzen dot hori, eta eskerrak emoten detsaraz aitxitxari eta piano zoragarrixari.

Txolot > txolota

Asier Sarasua 2007/01/08 21:38

Kafe orduan barriketan.

  • ba, txolota hartu ta... - batak
  • zer? - bestiak
  • antosiña! - hirugarrenak
  • anto zer? - lehelenguak

Batzuetan harrittu eitten naiz, batian eta bestian zer gitxi ezagutzen doguzen inguruko berbak.

Eibarren normal-normala da txolot berbia. Gaztiak be, esango neuke, kanpiñian juateko txolota eruaten dabela. Eibartik 10 minutura, baiña, Azkoittixan, antuxune daroie, eta jakin bez txolota zer dan. Eta alderantziz.

Eta zer da txolota edo antosiña? Hiztegixak ez datoz bat: "bacineta; cazo; recipiente pequeño..." hainbat adiera datoz. Gehixen errepikatzen dana: acetre (RAEren arabera, "Caldero pequeño con que se saca agua de las tinajas o pozos").

Nik neuk holaxen definiduko neuke:

>> txolot · ontzi txikixa, gehixenetan kertenduna eta metalezkua. Esate baterako, mendira eruaten diranak.

Mendiko itturrixetan be egoten dira batzuetan ontzitxo batzuk, ezta? Ba horixe. Azkoittiko euskerie liburuan be, begira zer adibide datorren: "Artu mendireko antuxune motxilikin batea".

oharra: euskera batuan txolet eta antoxin idatzi bihar ei dira (Euskaltzaindiak ez dau oindiok lehelengua onartu).

Tripi-trapuak eta Ugaratxuak

Asier Sarasua 2007/01/05 22:07

igela, tripi-trapua, ugaratxua Nere lankide Zaloak berba barrixa erakutsi desta gaur: "tripi-trapua". Zaloan aitta ondarrutarra da; beran herriko euskeria erdi-ezkutauta daka Eibarren bizi danetik, baina Zaloaren txikixakin jolasian, etxeko euskeriak urtetzen detsa, eta hortxe agertu jako tripi-trapua.

>> tripi-trapu rana • igela, ugaratxua.

Azkenaldixan umien artian igela besterik ez da entzutzen, baina animalixa horrek badakaz, bai, beste makiñatxo bat izen.

  • Eibarren ugaratxua esaten da, eta gure inguruko herri gehixenetan antzera (ugaratxo, ugarixo, ugazixo, ugarixoso...)
  • Urola kostan, xakela (azkoittiarrei be xakelak deitzen detse).
  • Oñatin txantxikua (bertakuen gaitxizena be horixe da).
  • Naparruako inguru batzuetan negela.
Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Azken erantzunak
14 iker, 2017/04/21 10:57
Sekulako pitxia. Eskerrik asko. Amatliño, 2017/04/07 09:43
aupa Juan Luis! Eskerrik asko atrebentziagatik! ... asier, 2017/03/13 09:05
Barka atrebentzia, bana badaezpada ere: baduzu ... Juan Luis Zabala, 2017/03/10 19:44
eskerrik asko Serafin! Zuri ikasittakuetatik ;) asier, 2017/02/21 09:21
Lan bikaiña. Ez haiz horraittiok geldi egotekua. ... Serafin, 2017/02/20 17:47
Eskerrik asko hiruroi, Alex, Hasier eta Iñaki! asier, 2017/02/19 20:19
Lan bikaina Asier! Zorionak!!! Eta mila esker ... Iñaki Sanz-Azkue, 2017/02/17 19:04
Eskerrik asko, Asier, ez jaok ordaintzerik. H. Etxeberria, 2017/02/17 00:15
Eskerrik asko Asier. Lan itzela eta fina. Alex Gabilondo, 2017/02/17 00:05
Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017