Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Iñobezek eta ezebezek

Asier Sarasua 2006/10/27 08:39

Gero eta gehixago entzutzen dot kalian "iñobezek" hori; baitta hiztun onen artian be. Iñok bez (edo iñopez) esan biharrian, iñobezek zatar hori.

  • Zeiñek egin dau hori?
  • Iñobezek! (IÑOK BEZ)

Neri belarriko miña eitten desta, baiña onartu bihar dot gure artian sartu-sartuta dagola eta ohittutzen hasi biharko garala.

Horren azpixan, hasiera baten, iñobez dago.

  • inor ere ez > iñor be ez > iñobez

Leku eta erabilera jakin batzuetan darabilgun "iñobez" hori, hainbeste erabiltzen dogunez (eta erderian eragiñez), beregain bihurtu da, eta erderazko nadie ordezkatzen hasi da, edozein testuingurutan.

Eta holan:

  • iñok bez = iñobezek (nadie)
  • iñokin bez = iñobezekin (con nadie)
  • iñona bez = iñobezena (de nadie)
  • iñongana bez = iñobezegana
  • ...

Iñobezek, iñobezekin, iñobezena, iñobezegana, iñobezegaittik... eta kuadrilla guztia okerrak dira, baina barra-barra entzutzen dittut azkenaldixan. Gorago esan doten moduan, baitta hiztun onen artian be (ez dot hamen agirixan lagako, biharrian nere parian jarritta daguanan izena :-)).

Esate baterako:

No ha estado con nadie
Ez da egon iñobezekin (IÑOKIN EZ DA EGON)

Ezebezek

Aurreko iñobezek horren antzera, beste hau be bai:

  • ezebezek
  • ezebezekin (ezekin bez)
  • ezebezegaittik (ezegaittik bez)
  • ...

Esate baterako:

No lo haría por nada
Ez neuke eingo ezebezegaittik (EZEGAITTIK EZ NEUKE EINGO)

Eibar inguruko akatsa

Forma hori, gehixenbat gure inguruan zabaldu dala esango neuke. Interneten begiratu, eta agertzen diran adibidiak Eibarkuak, Bergarakuak eta Arrasatekuak dira gehixenbat. Billau Googlen, bestela, iñobezek edo iñobezekin. Eta tartian, 2004an Eibartarrak zerrendan agertutako komentarixo hau topauko dozue.

Ba horixe: ha'i la ha'i l'allah!

Kalpar, kalparra

Asier Sarasua 2006/10/25 20:32

Kalparremolino de pelo
Buruan agertzen diran kiribilguniak.

Hiztegi gehixenetan etorri arren, esango neuke nahiko berba ezezaguna dala. Azkuek Gipuzkoa eta Nafarroan erabiltzen dala diño, baiña Eibarren be erabiltzen da, nere etxian behintzat (amona zarauztarraren eragiña?). Hiztegi Batuak marka barik dakar.

Elhuyarrek eta Hiztegia 3000ak beste esangura bat be emoten detse: ile-mataza, txima.

Donostiarzentrismoaz

Asier Sarasua 2006/10/23 22:32

Lehenago ere askotan aipatu dugu kontu hau gure artean, han eta hemen, eta sarri-sarri eibartarrak zerrendan. Ez dut, horretara, gauza berririk asmatuko. Baina gaur arratsaldean egunkari donostiar batean ikusi dudan gauzatxo batek gogora ekarri dit (atzera berriz) donostiarzentrismoaren gaia.

Donostiarzentrismoa, mugimendu filosofiko sakona, mundua ulertzeko eta gizakion arteko hartu-emanak aztertzeko ikuspegia. Erligioa ere ba omen, batzuen iritziz.

Hiru oinarri sendo ditu mugimendu honek:

  1. Donostiarrak donostiar dira, baina gainontzekoak gipuzkoar gara beste edozein sentimenduren gainetik. Sentimendu berria niretzat. Izan ere, ez dut ezagutzen "gipuzkoar" sentitzen den inor. Eibartar sentituko dira batzuk, euskaldun besteak, espainiar askotxo, eta europar beste apur bat. Munduko biztanle dela ere esango du modernoren batek, baina gipuzkoar?
  2. Donostiarrenak diren elementuak gipuzkoar guztiok maitatu eta bedeinkatu behar ditugu. Sansebastian eguna ospatu behar dugu, tanborradaz gozatu, errealzaleak izan, eta Donostiako kontxa da munduko 8. marabilla. Herejeak sutara. Edo okerrago, Bizkaira.
  3. Gipuzkoa Aritzetan amaitzen da (edo asko jota, Zumaian). Itziarko gain horretan dago Finisterre gipuzkoarra. Gipuzkoar armarriak ere garbi esaten du: "Fidelissima Vardulia nunquam superata". Eta jakina, gu, karistiar gixajoak, zaunkaka hitz egiten dugun barbaroak besterik ez gara.

Mezu hau ulertzeko ere, karistiar iñuxentea izan behar. Seguru nago barduliarrok ez duzuela larregi aittu, ala?

Zanga, broju, glope, kofre, kopla...

Asier Sarasua 2006/10/14 10:39

Zanga, (Morus bassana). Gure kostaldeko hegaztirik eder eta haundienetakoa da. Pelikanoen talde berekoa (Pelekaniformeak). Metro beteko garaiera, eta 1,75 metroko hego-zabalera.

zanga02.jpg

Hego luze eta zorrotzak, punta belzdunak; luma zuriak eta buru horixka; buztan bereizgarria. Gazteak nabarrak dira.

Britainia Handian kumatzen dute gehienek, baina gure inguruan sarri-sarri ikusten dira, urte guztian zehar.

Hegazti ezaguna, hortaz, gure kostaldean, hainbat izen hartzen dituena:

  • Kofra, kopra: Bermeo, Mundaka, Elantxobe, Ondarroa, Mutriku
  • Kopla: Lekeitio, Izpazter
  • Glope/a: Getaria, Zarautz
  • Zanga: Zumaia, Orio, Donostia, Pasaia
  • Broku, broju: Hondarribia, Ziburu
  • Broina?: Hondarribian?

zanga01.jpg Zanga heldua Bordele parean (AS, 1997).

Irudi gehiago Flickerren gehitu ditut.

Sautsiko zerbitzuak?

Asier Sarasua 2006/10/13 11:29

2004ko udan, orain dala 2 urte eta erdi, Saratsuegi kalera juan giñan bizi izatera. Saratsuegi edo Sautsi, bardin da. Auzo barrixa da. Lehen pare bat basarri zegozen tokixan, 110 etxe bizitza barri egin dittue. Hantxe bizi gara.

Eibartar guztien moduan, orain dala 3 urtetik gure zergak be ordaintzen doguz; ez txikixak, gainera. Gure auzua "residencial" ei da, eta horretara, zerga altuaguak ordaindu bihar.

Ordaindu biharrekua ordainduko dogu, jakiña, baina zeozer jaso biharko dogu trukian, ala? Horixe da behin eta berriz udaletxiari eskatu detsaguna. Sautsin etxiak eitteko baimena emon dau, baina bertako biztanlien eskubidiak ahaztuta. Hantxe laga gaittu botata. Lehelengo etxiak egin, eta gerora, urtietara, zerbitzuak emon. Noiz?

  • 3 hilabetez egon giñan argi barik; kalian farolarik ez, aizuek!
  • 6 hilabetez egon giñan biderik barik: harrixak, lokatzia, zikiña...
  • 6 hilabetez egon giñan zabor-zerbitzurik barik.
  • oindiok be birziklapen zerbitzu barik gaoz.
  • urtebetez egon giñan "permiso de habitabilidad" barik!
  • 2 urtez egon gara kalian zakarrontzi barik.

Azkenian, aste honetan, ipini deskuez! Gezurra dirudi, baina badakaguz gure zakarrontzixak! Aupa! Eta jarlekuak be ipini dittue.

saratsuegi_ziburuak_01.jpg

Ziburuak ipintzen be badihardue. Baiña lan zailla ei da. Oin dala 6 hilabete hasi ziran montatzen, eta oindiok ez dabe amaittu. Pare bat hile ziburuak montatzeko; beste pare bat hilabete lurrian gomazko zorua ipintzeko (umiak miñik hartu ez deixen).

Baina holakorik?

saratsuegi_ziburuak_02.jpg

Hau da, umiak miñ hartzeko tokirik harriskutsuenetan, PORLANA! Europa, plis!

Flickerren be ipini dittut argazki batzuk gehixago.


Euskal literaturaren gaineko mahai-ingurua

Asier Sarasua 2006/10/10 10:13

Eibarko udalak antolatuta, barriro hasi da "Martitzenetan Berbetan" hitzaldi ziklua. Hillian behin, martitzenetan, hitzaldi edo mahai-inguru bat antolatzen dau udalak kultura etxian. Gehixenetan interesgarrixak izaten dira, eta neurri haundi baten Eibarrekin lotuta.

Aurtengo ikasturteko lehelengua datorren martitzenian izango da, eta euskal literaturaren gaineko mahai-ingurua izango da. Hizlarixak:

Eta moderatzaillia, Antxon Narbaiza izango da.

Martitzenetan Berbetan programako hitzaldi guztiak moduan, Portalea kultura etxian, arratsaldeko 19.30etan.

Eibarko udaltzainen alde

Asier Sarasua 2006/10/04 21:00

Azkenaldixan pare bat aldiz esan deste zittalduta nagola, kejia besterik ez dakatela. Edadia, seguru. Ba, gaur, kontra baiño, alde egin bihar dot, Eibarko udaltzaiñen alde. Gitxienez, gabaz zaborren kamioian bidia zaintzen daben udaltzaiñen alde.

Eibarren ez da erreza aparkatzia, eta gehixenok ahal doguna eitten dogu. Egunaz, ahal doguna, eta gabaz, kotxia espaloi gaiñetan, pasozebretan, edo debekatutako tokixetan lagatzen dogu.

Eibarko kaliak, berez be, ez dira oso zabalak, eta kotxiak gaizki aparkau ezkero, akabo. Eta zaborren kamioia pasatzeko, askotan eta askotan, tokirik ez.

Udaltzaiñendako erreza izango litzake gabaz multak ipintzia eta kotxiak eruatia, baiña gehixenetan, kotxia traban laga badozu, eta zaborren kamioiak pasatzerik ez badaka, etxera deitzen detsue lekuz aldatu deizun.

Bai, bai. Nik be badakit eurentzat be errezagua dala gabero 20 telefono-dei eittia, eta ez 20 kotxe gruaz eruatia, baina aizu! aurreko zapatuan gustora mobidu neban kotxia gabeko 2etan. Bestela domekan euro batzuk ordaindu bihar. Holan hobe!

Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Lehen Hitza Euskaraz

Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017