Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Agur Eltzartza (I)

Asier Sarasua 2005/02/28 12:30

Barixakuan izan zan, itxuria. Nik zapatuan ikusi neban, eta pare bat erretrato etara netsazen. Edo hobeto esanda, geldittu dan zuluari etara netsazen erretratuak.

Eltzartza basarrixa zeguan hor, Azitaingo bidegurutzian, La Salle ikastetxe parian. Hotel bat egin bihar ei dabe bertan.

Eltzartzaga

Etxe zahar bat bota eta hotel barrixa egin, esango dabe batzuk. Etorkizuna. Eibar aurrera doia.

Ondo.

Baina munduko zein lekutan botatzen dabe XVII gizaldiko etxe bat, gainian beste bat eitteko? Noruegan egingo leukie? Alemanian? edo Bergaran?

Eibarren bai.

Eltzartza jausten zeguan. Ez zan sekulako eraikina. Interes historiko eta artistiko apartekorik ez zekan. Baina kontua da, Eibarren oso elemento historiko gitxi dakaguzela, eta ezer ez dagon lekuan bi aukera dagozela:

  • ez dakagu ixa ezer. Zaindu daigun gelditzen jakun apur hori.
  • ez dakagu ixa ezer. Orduan, zertarako zaindu? Tapau daigun dana porlanez, eta kitto. Gastu, traba eta buruhauste gitxiago.

Garbi dago zein dan Eibarko udaletxian jarreria. Eibarko edozeinek daki. Holaxe ikusi dogu Markeskua barriztu danian, Muzategiko Gargolen kasuan, Azitaingo zubixakin egindako ridikuluan, Urkiko kurutzian kasuan...

Asteburuari errepasoa: eutanasia eskualomorfoak eta hotz polarrak

Asier Sarasua 2005/02/28 09:04

Asteburuan irribarrea sortu didaten pare bat mezu eta albiste irakurri ditut.

Marrazoen eutanasia

Joan zen barixakuan irakurri nuen lehenengoz, eta atzo bertan azken orri osoa Berrian: Donostiako aquarium-eko marrazo bat hil egin behar izan dute. "Bizkarrezurrean" (zer izen dauka hezurrik ez duen arrain baten bizkarrezurrak?) gaitzen bat omen zuen, eta joan zen astean akabatu egin zuten.

Nire herriko baserrietan gaixo dauden animaliak "garbitu" egiten dira, baina kapitalean "eutanasia praktikatzen diete". Hori bai fina!

Urduri ei dabil Txuri, bere putzukide Urdin desagertu denetik. Kovacevic ere antzera dabil Nihat joan denetik.

Realari ere eutanasia egin beharko diote?

Hotz polarra eta izotz-kandela siberiarrak

Azken urteotako negurik hotzena omen dugu. Hala izango da, ez diot nik ezetzik. Onargarria izango da, beraz, azken 40 egunotan egunkari, albistegi eta programa guztietan, eguraldia izatea egunero-egunero albisterik garrantzitsuena. Ibarretxek ere ez dio itzalik egin. Atera kontuak.

Baina informazio berdinarekin orrialdeak eta minutuak betetzeko, albistea edertu egin behar. Frente siberiano, frio polar, pasillo de aire artico, embolsamiento de aire polar... buru gainean horrelakoak izan ditugula esan digute, aizuek. Duela 15 urte, guzti horri "sekulako hotza" esaten zitzaion; eta orain dela 30? Ba, ziurrenik, "negua".

Asteburu honetan Palencian inkomunikatuta egon den herri bateko agure bat agertu da telebistan: "esto no es nada; ¡antes sí que hacía frío!".

Eta amaitzeko, egun finlandiarra Bilbon

Aranbarrik zekarren atzo Berrian, bere Hizlandia sailean. Josuk eta Enekok ere bidali didate erreferentzia.

Diputatu batek, Bilbo inguruko auto-istripuak zirela eta, hauxe aipatu zigun: «Una masa de aire húmedo había entrado desde el mar por Punta Galea. Al entrar en contacto con el asfalto con temperaturas bajo cero, la niebla se congeló dejando una fina capa de hielo imperceptible para la vista, detalló el diputado, tras consultar el servicio de Metereología. Este fenomeno se conoce en los países escandinavos como hielo negro».

Finlandian "hielo negro"? Lekutara joan behar gixajoa. Gure herrian izotz beltza eta beste makina bat izen ere baditu ba.

Albistea loratzearen loratu beharraz...

Zurdia, izotz baltza, eta izotz-kandelak

Asier Sarasua 2005/02/25 08:58

Izotz baltza eta zurdia Gaur goixian hotz! Karajo! Kilometro eskas bat motorrian egin, eta izoztuta heldu naiz. Izotza alde batera eta bestera. Edo zurdia, hobeto esanda.

zurda escarcha. • Mendixak, zugaitzak eta lurrak zuritzen dittuan izotza. Ik. izotz baltz.

izotz baltz escarcha. • Ikusten ez dan izotza; lurra zurittu barik gogortzen dabena. Ik. zurda.

izotz-kandela carámbano.
Oin negurik be ez dau eitten eta, negurik bez oin; baina lehen, etxeko ataixan be izotz-kandelak izaten ziran, gurian (EA).

Eibarko Hiztegi Etnografikoa

EtnoMet webgunian be gai horren inguruko azalpenak irakorri dittut: Lei beltza / Izotz-burruntzia, Izotz-kandela, Lei-karraldo
Herri eta euskalki bakoitxian erabiltzen diran berben zerrendia.


Trimotor egualdixa

Asier Sarasua 2005/02/24 15:16

Trimotor egualdixaAtzoko gaixakin lotura zuzena be badaka berba honek. Politta, gogorra, bizixa. Zenbat aldiz entzungo ete netsan nere aitxitxari!

trimotor-egualdi tiempo soleado. • Gerran jaixotako esapidia. Egualdi onakin agertzen ei ziran trimotorrak Eibar eta ingurura bonbak jaurtitzera. Hortittik egualdi eguzkitsu eta argixari trimotor-egualdi esatia.

Eibarko Hiztegi Etnografikoa


Al vecindario de Eibar

Asier Sarasua 2005/02/23 15:02

Al vecindario de Eibar1936ko uztailaren 18ko altxamendu edo estatu kolpearen ostean, berehala antolatu zen Eibarko herria. Eibarren oso leku txikia zuten nazionalek, eta gainontzeko herritarrak (gehien-gehienak), sozialista, republikazaleak eta jeltzaleak, erresistentzia antolatzen hasi ziren. Gerra batzorde bat ere antolatu zen, etsaiari aurre egiteko, jakiak banatzeko, herria antolatzeko, eta abar.

Abuztu amaieran jausi ziren lehenengo bonbak Eibarren. Lehenengoetarikoa Arikitxaneko zubi inguruan, GAC lantegiaren alboan. Ondoren gehiago eta herriko hainbat lekutan. Dozenaka lagun hil ziren bonbardaketa horietan.

Al vecindario de EibarBonbardaketa horiei nolabait aurre egiteko hiru neurri, gutxienez, hartu ziren Eibarren:

  • Soraluzeko lantegietan kainoi antiaereo bat egin zen (ezertarako balio ez zuena)
  • Kanpaitorrean begiraleak jarri ziren, hegazkinak noiz zetozen zaintzeko
  • eta refugioak antolatu ziren Eibarren. Lur azpian, leku ahalik eta seguruenetan. Batez ere trenbidearen tuneletan, eta Ego errekak herri azpian zituen zubipeetan.

Gerra batzorde horrek hemen aurkezten dugun bando hau kaleratu zuen 1936ko irailaren 1ean bertan. Eibarren lehenengo bonbak jausi eta denbora gutxira.

Eibarren antolatu ziren 16 babeslekuen zerrenda ematen du, bakoitzaren sarrera non dagoen aipatuz, eta kale bakoitzeko biztanleei nora jo behar zuten esanez.

Bando hori horrela hasten da:

"Para el buen orden de la organización y para que los servicios de defensa contra las incursiones de los aviones facciosos rindan la eficiencia apetecida, el público debe obedecer serena y disciplinadamente las órdenes dictadas por las autoridades.

En consecuencia, todos los vecinos de Eibar deben tomar buena nota de que tan pronto se den las señales de peligro, han de recluírse rápida y ordenadamente con sujección al siguiente plan de refugios."

Esate baterako, Untzagan bertan zegoen 14. babeslekua, Udaletxe azpian. Sarrera bi zituen: O'Donell kalean (gaur Egogain), eta Ardantzan (gaur egun Club Deportiboa dagoen inguruan).

Al vecindario de Eibar


Imanol Trebiñori esker ezagutu ahal izan dut dokumentu interesgarri hau, eta bere eskaerari jarraituz, hementxe jarri dugu, edozeinek kontsultatzeko moduan.

Al vecindario de Eibar (JPG, 700 Kb).

Erreferentzia:
Donostiako Koldo Mitxelena liburutegia, Julio Urkixo fondoa, J.U. 9836.


Pellak, sanblasak, eta Internet apur bat

Asier Sarasua 2005/02/20 11:58

Eibartarron afarixaHarañegun, barixakuan, afarixa euki genduan "Ondo Nai" soziedadian. Afarixa ederto. Oso ondo. Betiko moduan. Garik gure postazerrendan aittatu zeban letxe, menestria mundiala, pellak eta sanblasak zer esanik ez, eta konpañixia hobia. Aitor, Leire, eskerrik asko.

Arrateko Amaren berbak be, betiko moduan, zerutiarrak, zelan ez. Hor goittik itsasua ikusten da, eta olatu artian zer datorren esan zeskuan gure guru partikularrak.

Afarixan eta afari osteko hitzaldixan botatako batzuk, gaur bertan topau dittut bloglines -en bertan (bloglines be euki genduan berbagai, zelan ez).

Eta gehixenbat hau: Eibartarron lehelengo podcasting-a

Eibartarron afarixaArgazki gehixago, Garikoitzek ipini dittu Interneten: Eibar.org argazkiak

Eibartarron afarixaPD.: Eibar.Org-kuon artian afarixa eitten dogun bakoitxian konturatzen naiz zergaittik gustatzen jatan Eibar.Org-ko kide izatia. Elkarte askotako kide naiz, eta elkarte gehixenetan eskatu eitten deste: dirua, lana, laguntzia, edo danadalakua. Eibar.Org-k emon besterik ez desta eitten: Internetan inguruko jakitturixia, jendiakin hartu-emon aberasgarrixa, eta afarixak duan. Zeozer gehixago eskatu leike?

Bergara aldeko hiztegia

Asier Sarasua 2005/02/16 01:00

Bergara aldeko hiztegia, ElexpuruBa bai, barixakuan (2005-02-11) izan zan Bergara aldeko hiztegia liburuaren aurkezpena. Urtiak liburu horren zain (10 urte bai, gitxienez), baina merezi izan dau. Elexpuruk berak aurkezpenian esan zeban moduan, "babak sugeldixan hobeto eitten dira, baina hónek babok erretzen ba hasitta zeren". Ez, ez dago erre-usainik hiztegi honetan, gozo-gozuak urten jakoz babak, ondo eginda, saltsa ederrakin, eta sakramento guztiekin: txorixo, odoloste, sahieski, eta baitta azia be.

Aurkezpenian jende mordua, arpegi ezagun pillua, Bergarako eta alboherrixetako euskalzale ugari. Bergarako udaletxeko aretua jendez gaiñezka. Antolatzaile eta argitaratzailiak pozik, entzuliak gustora, eta egilia zoratzen. Aurkezpen politta egin zeban Elexpuruk, holakuetan gertatzen dan moduan, hunkigarrixa.

Bergaran liburu larregi ez dabe ataratzen, baina ataratzen dittuen guztiak ederrak. Oinguan be sekulako lana eskindu desku Juan Martin Elexpuru bergarrak. Sakona, ederra, aberatsa...

Urtietako lana

Elexpuruk berak aurkezpenian esan zeban moduan, urtietako lana izan da. Bera basarrixan jaixo arren, gazte denporan erdal giruan hazi zan; ez zeguan euskaltzaletasunik beran inguruan. Seminarixotik bueltan, 18 urte ingurukin, orduan piztu jakon euskereian gaiñeko interesa. 1968-1970 inguru horretan hasi zan konturatzen aittajaunak eta amandriak beste euskera bat zekela, aberatsagua, bizixagua, eta perlak jasotzen hasi zan, zapata-kajetan pilatutako fitxetan.

Bergara aldeko hiztegia, Elexpuru1990 inguruan hasi zan proiektua indartzen. Bergara aldeko lanbidiak jasotzeko lan-taldia sortu zan, eta grabaziñuak eitten hasi ziran. Horrek asko aberastu zeban proiektua. 1996-1997 inguruan doktoradutzako tesisa aurkeztu zeban, eta orduan ordenagailura pasatuta zekan hiztegixan zatirik haundiña.

Bergara aldeko hiztegia, ElexpuruHarrezkero, beti argitaratzekotan, baina ezin amaittu, beti berbaren bat eta adibideren bat gehitzeko. Eta orain dala urte batzuk pentsau zeban inguruko herrixetako berbak sartzia be aberasgarrixa izango zala. Lehen ez zeguan bailara kontzientziarik, baina azken urtiotan asko indartu da kontzientzia hori, eta bailarako euskeriak batasun bat dakala jakin badakigu. Holan, Oñati, Leintz eta Eibarko berbak be gehittu dittu Elexpuruk.

Kataia ezin da eten

Bergara aldeko hiztegia, ElexpuruBizitza katai bat da, eta kataia ezin da eten. Gure aurrekuak emon zeskuena jaso egin bihar dogu, eta gure ondorengueri eskindu. Betiko euskeria badoiala sentitzen dogu, desagertzekotan dagola, eta ahaleginak egin bihar doguz igesian doian horri eusteko.

Aurkezpena Atxagaren zita batekin amaittu zeban. Hiztegixan bertan be sartu dau:

"Mundu zaharra desegiteko zorian zegoen ordurako eta Iruainen biltzen zen jende hura bera ere atzenduta zegoen, bere hizkuntza desberdin hura ahazteko zorian. Espuru, gezeta, domentxa, inguma, txoleta, mitxirrika; elurraren matazak bezala ari ziren hitz haiek erorika, urtu egiten ziren zoru berria ukitzean.
Soinujolearen semea, Bernardo Atxaga

Beste webgune batzuetan be informaziño gehixago:

Lan zoragarrixa. Zorionak Juan Martin!

Eibarko XXVIII Antzerki Jardunaldiak

Asier Sarasua 2005/02/04 08:02

Eibarko antzerki jardunaldiak, 2005Gaur hasten dira Eibarko antzerki jardunaldixak.

Aurtengo egitaraua, beti bezin zabala eta aberatsa. Gaur, otsailaren 4an hasi, eta datorren hileko 29ra arte, 25 emanaldi. Ixa danak, badakizue, Eibarko Unibertsiteko Areto Nagusixan.

Kuriosua da Eibarren antzerkixakin eta kultur ekitaldixekin gertatzen dana: urte guztian zihar antolatzen dira hainbat gauza, eta gehixenetan inor ez da mobitzen; baina antzerki jardunaldixak hasten diran momentuan, sekulako zoramena, eta jende guztia teatrora. Honezkero 4 edo 5 emanaldirako sarrerak agortu dira. Eta 700 lagunendako aretua da... Egitarau osua hamentxe behian. Eibarko udalak kaleratu daben otsaileko kulturgidatik hartu dot. Egoibarra webgunian dago. Erderaz oso-osorik.

XXVIII JORNADAS INTERNACIONALES DE TEATRO DE EIBAR

Del 4 de febrero al 29 de marzo, en el Salón de Actos del Complejo Educativo.

  • 4-II Viernes - 17:00/20:00 h. Untzaga
    III MUESTRA DE ESTATUAS HUMANAS
  • 7-II Lunes - 20:30 h.
    8-II Martes - 20:30 h.
    SABRE PRODUCCIONES. Madrid
    "Cinco horas con Mario"
    de Miguel Delibes.
    Esta representación está programada en colaboración con la Mesa de la Mujer del Ayuntamiento de Eibar, dentro de los actos programados con motivo del 8 de marzo, Día Internacional de la Mujer.
  • 11-II Viernes - 19:00 h. - Portalea
    Conferencia de apertura a cargo del actor Gonzalo de Castro.
    A continuación tendrá lugar la entrega de los premios de la XX edición "Narruzko Zezen" para artículos y guiones teatrales.
  • 12-II Sábado - 20:30 h.
    13-II Domingo - 20:30 h.
    ANIMALARIO. Madrid
    "Ultimas palabras de Copito de Nieve"
    de Juan Mayorga.
  • 14-II Lunes - 20:30 h.
    TRASPASOS PRODUCCIONES. Alava
    "Mario por alusión"
    de Jose A. Pérez.
  • 16-II Miércoles - 20:30 h.
    PENTACIÓN. Madrid
    "El precio"
    de Arthur Miller.
  • 18-II Viernes - 20:30 h.
    MICOMICÓN. Madrid
    "Castrucho"
    de Lope de Vega, versión de Laila Ripol.
  • SABADO CON HUMOR
    HUMOREAREN LARUNBATA
    19-II Larunbata - 18:00ean
    HIKA. Gipuzkoa
    "IXA"
    Arantza Iturbe eta Agurtzane Intxaurragarrena
  • 19-II Sábado - 21:00 h.
    SINDROME CLOWN. Sevilla
    "La prematura muerte de un viajante"
    de Arthur Miller.
  • 19-II Sábado - 23:00 h.
    Christian Anastasio. Alemania
    "El Don de Don Donde"
    de Christian Anastasio.
  • 21-II Lunes - 20:30 h.
    MACADEMIA. ESCUELA LALAVANDERIA. Madrid
    "Dios ...qué lío!"
    de Woody Allen.
  • 22-II Martes - 20:30 h.
    SABRE PRODUCCIONES. Madrid
    "La guerra de nuestros antepasados"
    de Miguel Delibes.
  • 25-II Viernes - 19:00 - 22:00 h.
    KANPINGAGS. Gipuzkoa
    "Por los pelos"
    "Ezetz lepoa jarri"
    de Paul Portner.
  • 28-II Astelehena - 20:30ean
    ARTEAN. Bizkaia
    "Sonata segundu batean... eta piku"
    Patxo Telleriarena.

Organizado por Narruzko Zezen y UNI Kultur Elkartea, con la colaboración del Ayuntamiento de Eibar.

VENTA ANTICIPADA DE ENTRADAS:

Del 31 de enero al 5 de febrero, de 10:00 a 14:00 y de 17:00 a 20:00 h. en el Hogar del Jubilado de Untzaga. Todas las obras se representarán en el teatro de la Uni, excepto aquellas que se señalan debidamente junto al día y la hora de representación.

Sanblas errezeta

Asier Sarasua 2005/02/03 15:46

Azken egunotan anis usain gozua dago Eibarko peora eta etxe guztietan. Gaur zapi zuri mordua ikusi dira kalian, elixara bidian. Eztarrixa zaintzeko, sanblasak bedeinkatu egin bihar dira, badakizue. Bestela jai dago.

Baina zelan eitten da sanblasa?

Mertxe Besoitagoenaren errezeta

Mertxe Besoitagoena Mikel Larreategi "Erral"en amama da. Orain dala hile batzuk Erralek beran amaman errezetia kontau zeskuan.

Hona hemen nere amaman rezetia:

Libra bat urun
Libra erdi azukre
4 arrautza (zuringo bat aparte laga)
Royal kutxarakadatxo bat
0.50 gramo mantekilla
Anis esentzia kafe kutarakadatxo bi
0.100 gramo glas-azukre

Uruna mahaixan ipini eta erdixan zulotxo bat egitten da (sumendi baten antzera), eta bertara botatzen da, azukria, arrautzak, Royala eta anisan esentzia. Masia prest daonian, mantekillia bota eta ondo amasau egin bihar da. Behin ondo eginda dagola, marmolan gainian zabaldu formia emoteko. Gero labara sartu bihar dira (ez dago denbora konkreturik, zaindu egin bihar da noiz einda dagon).

Maite Aranberri, zurixa zelan egin?

Nere amak be sanblasgiñan jardun dau azken egunotan. Gure etxian ez da benetako sanblasik eitten. Nere aman aittitta eta amama (aman partetik), Bergara eta Antzuolakuak ziran, eta Eibarrera heldu ziranian, sanblasa gustau ez, eta beste rezeta bat asmau zeben: madalenak eitteko oria gertau, anisa bota, eta horreaz sanblasak ein. Guri asko gustatzen jaku, baina ez da benetako sanblasa. Ez dot hamen rezetia emongo.

Baina zailena sanblasen zurixa eittia ei da: ez gogorregixa, ez bigunegixa, eta hori ondo be ondo eitten dau nere amak. Holaxen kontau zestan:

10 koilarakada azukre eta sei koilarakada ur hartu, eta hori ipintzen da almibarra eitten, egosten. Lantzian behin tenedore batekin beiratu. "Punto de hebra" egon bihar da; holaxen esaten jako. Tenedorian hortzen artian harixa geldittu bihar da. Ziriñagua bada, gero ez da gogortzen; larregi egositta, gogortu eitten da, kristalizau. Hari-puntua ondo hartzia da inportantiena.

Gero, katillo baten zuringo bat euki. Almibarra gertauta dagonian, hartu batidoria, eta juan sosiguz-sosiguz zuringora botatzen eta emoten, batidoriakin emoten. Holan hotzittu arte. Onena, katillua ur hortzetan eukitzia; ontzi baten barruan sartzia, baiño-maria moduan, baina ur hotzakin.

Eta badago. Opilla berua euki bihar da, eta labatik etara ahala sanblasen zuri hori gaiñian emon.

Aratuste

Asier Sarasua 2005/02/03 08:47

aratustiak carnavales. • Ald. aratostiak. Erab. JME-k Bergaran zaharrak bakarrik erabiltzen dabela diño; Eibarren arrunta da. Ik. eguen zuri, koko jantzi, koko txiki egun.

Domekan, frontoian jeneralian; astelehenian Kasinuan; martitzenian Rialtuan... Ta gu danian ibiltzen giñan. Hiruretan pixkat ibili, ta komeni jakun lekuan geldittu. Behin juan gintzonazen Kasinora, ta han Kasinuan soziua zonan Luisan anaia; harek organizauta bailia. Ta agure zahar guztiak han; ta guk etara gizonak dantzara! Ala! Ta zaharrenetan etaratzen juan giñan, e? Akordatzen jatan neri; Villavella etara najonan nik. Ta dantzan zelan eitten jonan...! Neuk baiño hobeto eitten jonan dantzan harek! Agure zaharrak! Bueno, agure zaharra ez, baiña gure onduan zaharrak, bertako Kasinoko soziuak. (...) Ta gero, mahaixa erdixan, ta dana pastela! E? Ha zonan sakia, e? Ha zonan sakia ein pasteleri! Orduantxe kendu karetak haretxek jateko! Hor dakaguz erretratuak. Hara! Hi hauxe haiz ta hau Luisa; hau Teresa ta hau neu. Euki be ez dittun eingo igual honek? Badakanaz? (Luziana Larreategi, 1912-2003).

Eibarko Hiztegi Etnografikoa


Koko jantzi

Asier Sarasua 2005/02/03 08:41

koko jantzi disfrazar(se). • Ald. koko-moko jantzi. Ik. Eguen Zuri

Karnabal aurreko astian, eguenian, Eguen Zuri izeten zan. Ta orduan ume txikixak jantzi (...). Jentiak biharra eitten eban, baiña gurasuei gustatzen jakuen umiak jaztia basarrittar, ta antxiñako andra zaharren zerekin. Ta tanboliña arratsalde guztian joten egoten zan, ta dantzan. Sobre todo andrak, ezta? Euren umiekin pozik haintxe! Ta Karnabal egunian, umiak igual-igual jazten ziran, Eguen Zuriko moruan. Ta orduantxe pintturak eta... Koko jantzitta, haixe izaten zan koko jaztia. Aratustiak izaten da domekia, astelehena ta martitzena. Ta eguaztena izaten zan Hauts-eguna. Handik garizuma guztian ez zan dantzarik egoten (Timoteo Zubiate, 1887-1987).

koko-txiki egun viernes flaco.

Eibarko Hiztegi Etnografikotik

Eguen zuri

Asier Sarasua 2005/02/03 08:39

Gaur eguen zuri, koko jazteko eguna. Hasi dira Aratustiak!

Eguen Zuri Jueves Gordo. • Ik. aratustiak, koko jantzi, koko-txiki eguna.
Eguen Zuri egunian koko jantzi eitten giñan. Ene...! Erropia, zeozer, erropa diferentia! Ba, orduan ez zan frakarik eruaten ta frakia-edo. Ta gero, arpegixa pinttau ikatzakin! Honen tiok, baten, neri lustria eiñ zestan. Zapateri eitten jakue ba? Ta zeguan euzki bat... Ta jo-ta arpegi guztia erre! Eukiko nittun nik hamar urte edo... Baiña dotore e! Ha eguna jai hartu, gero arratsaldian jantzi, ta etxerik etxe ibiltzen giñan. Gero dirua emoten zeskuen.

Eibarko Hiztegi Etnografikoa


Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Azken erantzunak
14 iker, 2017/04/21 10:57
Sekulako pitxia. Eskerrik asko. Amatliño, 2017/04/07 09:43
aupa Juan Luis! Eskerrik asko atrebentziagatik! ... asier, 2017/03/13 09:05
Barka atrebentzia, bana badaezpada ere: baduzu ... Juan Luis Zabala, 2017/03/10 19:44
eskerrik asko Serafin! Zuri ikasittakuetatik ;) asier, 2017/02/21 09:21
Lan bikaiña. Ez haiz horraittiok geldi egotekua. ... Serafin, 2017/02/20 17:47
Eskerrik asko hiruroi, Alex, Hasier eta Iñaki! asier, 2017/02/19 20:19
Lan bikaina Asier! Zorionak!!! Eta mila esker ... Iñaki Sanz-Azkue, 2017/02/17 19:04
Eskerrik asko, Asier, ez jaok ordaintzerik. H. Etxeberria, 2017/02/17 00:15
Eskerrik asko Asier. Lan itzela eta fina. Alex Gabilondo, 2017/02/17 00:05
Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017