Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Eibartarren Ahotan fonotekaren aurkezpena

Asier Sarasua 2005/10/03 14:11

Joan zen ostiralean aurkeztu genuen Eibartarren Ahotan proiektuaren azkenengo kontua: Eibarko fonoteka online. Eta pozik nago; pozik eduki duen harreragatik, eta pozik azkenean Interneten ikusten dudalako orain dela ia 10 urtetik buruan darabilgun proiektua: Eibarko euskara eta ahozko ondarea, gure nagusien ahotsa, ondo katalogatuta eta sarean izatea.

Eibarko euskara eta ahozko ondarea


Eibartarren Ahotan proiektua 1999ko udan hasi zen martxan eta bere helburua, Eibarko ahozko ondarea jasotzea da: herriko nagusiekin berba egin eta antzinako ipuin eta kontuak bideoz jasotzea. Asmoa, hurrengo belaunaldiei XX. mendearen lehenengo zatiaren bizimoduaren ñabardurak eta alderdi desberdinak zehatz-mehatz, protagonisten ahotan, jasoko dituen ikusentzunezko artxibo eta datu-basea lagatzea, zaletuen gozamenerako eta adituen (filologo, historialari, etnografo zein soziologoen) azterketarako.

Hainbat urte lan honi bultzaka

Horrelako proiektu bat martxan jartzeko lehenengo ahalegina 1997 inguruan egin nuen. Ordurako hainbat elkarrizketa nituen eginda Eibar inguruko baserritarren artean, bai txori-kontuak jasotzeko, bai baserrietako bizimodua, bai lanabesen izenak, edo toponimia jasotzeko. Gure nagusien ahotan genuen aberastasun linguistiko eta kulturalak liluratuta laga ninduen, eta bilketa sistematiko bat martxan jartzea ezinbestekoa zela pentsatu nuen. Bildu, eta ondoren hedatu, telebistaz, edo CDetan... Udaletxean aurkeztu nuen ideia hori, baina ez zidaten jaramonik egin.

Eibarko euskara eta ahozko ondarea

Pare bat urte geroago, kasualitatez, Inem-aren dirulaguntza bati esker, grabazio zahar batzuk transkribatzeko kontratatu gintuzten udaletxean Itziar Alberdi eta biok. Proiektu hori esku artean hartu, eta goitik behera aldatu genuen. Transkribapenak alde batera laga, bideokamara erosi, eta grabazio berriak egiten hasi ginen. Zorionez, Jaurlaritzaren laguntza bat ere jaso genuen, eta hari esker, hiru urtez jardun genuen grabazioak egiten Itziarrek eta biok. Grabazioak egiten, eta jasotako guztia katalogatzen eta lantzen.

Hedapena. Eta nola ez, Internet

Azken bi urteotan Internet izan da erronka, jasotakoa Interneten erakustea, eta azkenean lortu dugu. Itziar Alberdi izan da lan horretaz arduratu dena, eta Codesyntax izan da alderdi teknikoa landu duen enpresa.

Oraindik ere jasotakoaren zati txiki bat besterik ez dago Interneten (500 ordu inguru ditugu grabatuta, eta Interneten %20a egongo da, gutxi gorabehera), baina hala eta guztiz ere, lehenengo urratsa da, urrats garrantzitsua. Eta pozik nago.

Lehenago ere hainbat fruitu eman ditu proiektuak, besteak beste Eibarko Hiztegi Etnografikoa. Baina ostiralean aurkeztutakoa gehiago da. Orain artekoa, azken urteotan egin dugun lanaren zati handi bat, datu-basea eta ikusentzunezko fitxategiak, sarean jarri dira, edozeinek kontsultatzeko moduan, eta batez ere, protagonisten ahotsa entzuteko eta beraien aurpegiak ikusteko aukerarekin.

Atzerapenarekin heldu da gurera, fonoteka horrek, argia ikusi ahal izateko, sekula ulertuko ez ditudan arazo administratibo, politiko, burokratiko eta ekonomikoak gainditu behar izan dituelako, baina azkenean hortxe da.

Orain aurkeztu dena, gainera, lehenengo urratsa besterik ez da. Eibarren hasi ondoren, inguruko herrietako beste ikerlari batzuekin elkartu ginen, eta laster izango dugu prest Deba Ibar osoko fonoteka. Mutrikutik Gatzagaraino hitz egiten ditugun hizkeren ahozko artxiboa. Badihardugu Euskara Elkartea arduratu da proiektuaz, eta ondo bidean, udazken honetan bertan aurkeztuko dugu.

Eibarko proiektuaren inguruko informazio guztia Egoibarraren webgunean

Eibarko euskara eta ahozko ondarea

Beste zenbait komunikabidetan ere aipatu dute aurkezpenaren kontua:


Argazki gehiago beste orrialde honetan eta flickerren.

Argazkiak Jose Valderreyk atera zituen. Eskerrik asko, Jose.

Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Lehen Hitza Euskaraz

Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017