Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

hirutxur / hirutxurra

Asier Sarasua 2004/11/30 12:32

» HIRUTXUR (Iz.) - diedro; vértice interno del ángulo; esquina; rincón; interior del ángulo.

"Angulo entrante constituído por tres planos" (TE, 442).

Hirutxur baten ezkutau zan, etsaieri igesik. /
Se escondió en un rincón, escapando de los enemigos.

Toribio Etxebarriaren Lexicon del euskera dialectal de Eibar hiztegitik (online bertsioa).

errobero / erroberua

Asier Sarasua 2004/11/29 15:17

errobero leche recién ordeñada. • Egosi bako esne eratxi barrixa, ondiokan berua. Hortik izena.

Osasunandako ona zalakuan ume askori emoten etsen erroberua ni umia nitzala. Pitxargaiñera juan, eta txikitia ordainduta erroberua barrura. Gero, veinte inguruan, txarra zala hasi ziran esaten medikuak, eta prohibidu eiñ eben (Candido Eguren, Eibarko Hiztegi Etnografikoa).

i + a, e o > ixa, ixe ixo

Asier Sarasua 2004/11/28 19:24

Zapatuan Leire Narbaiza ikusi neban kalian, aspaldiko partez. Hainbat barriketaren artian, galdera bat egin zestan: "zelan da Eibarren, pazientzia ala pazientzixia?" Ez dot uste kontu horretan zuri edo baltz esateko modurik dagonik, arauak beste salbuespen dagolako, baina Eibarren badago ehuneko haundi baten betetzen dan lege fonetikua.

Eibarren hauxe da arau orokorra: i + a, e o > ixa, ixe ixo

Kasu honetan hainbat dira adibideak, esate baterako:


gehien > geixen
bihar > bixar
ia > ixa
txilio > txilixo
lekario > lekaixo
kaiola > kaixola
abiada > abixada
goian > goixan
bizio > bisixo
esaiok > esaixok
nekien > nekixan
neikion > neikixon
Zumaia > Zumaixa
Ernio > Ernixo

Salbuespen dira, Bizkaiko hizkeren ereduaren aurka joaz, bihotz, gorantzia eta zorion (bixotz, gorantzixa, sorixon). Maileguen kasuan ere salbuespen ugari dago. Dena dela, oro har, esan daiteke gehienetan ez dutela x-rik hartzen, batez ere berrienetan: kriada, sosio, presio (precio), merienda, kalsio, komunio... Gure laginean ez dugu hitz horien artean x-dun forma bakar bat ere aurkitu. Badira sosixo eta komunixo bezalako formak darabiltzaten hiztunak, baina forma horiek, jatorriz, inguruko beste herri batzuetakoak dira gehiago, bai Bizkaia aldekoak (Mallabia, Zaldibar, kostaldea...), zein Elgoibarkoak; edo bestela, gazteek analogiaz sortutakoak. Larrañagak (Antzuolako euskara, 1998) ere antzeko oharra egiten du Antzuolarako, zaharrenek junio eta julio dioten bitartean, gazteak julixo eta junixo esaten hasi direla adieraziz. Elgetan, Bergaran eta Soraluzen ere antzeko joera jaso ahal izan dugu guk ere.

Erdaratik mailegatu diren eta –ia amaiera duten hitzetan, berriz, kontraesana handiagoa da. Oro har talde handi bi egin daitezke.

  • erdaraz hiato direnek (-ía: filosofía, geografía...), gehienetan x hartzen dute Eibarko euskaran: filosofixa, jardinerixa, geografixa... Salbuespenak ere badira, hala ere (poesia...)
  • erdaraz diptongo direnetan (industria, memoria, gracia, farmacia, acacia, historia, paciencia, burocracia....), gehienetan ez da x-rik hartzen: akasia, farmasia, industria, pazientzia, grazia, burokrasia.... Hemen ere salbuespenak badaude, berba batzuk bietara entzuten direlako: memoria / memorixa; historia / historixa. Baina joera nagusia horixe dela esango nuke.

Karrajo / karrajua

Asier Sarasua 2004/11/26 08:27

Karrajo pasillo. • Basarri batzuetan (lehengo itxuria gordetzen dabenetan), sukaldiaren eta behi-asken artian dagon tartia; etxietan edozein pasaleku. Ik. askaurre

Askaurre zona delantera de los pesebres. • Kortan, ganau-asken aurreko lekua. Basarri zaharretan sukalde onduan dago sarri, eta karrajo lana egitten dau; gaur egun, basarri gehixenetan kortian erdiko pasagunia da. Ik. karrajo.

Oin dala 10 urte inguru barriztau genduan basarrixa, baiña ordura arte ganau-askak hamentxe bertan eguazen, sukaldera begira. Oin hormia daguan tokixan? Ba hortxe eguan karrajua, askaurria. Oin konpletamente diferente dago, ezta? Baiña lehen askaurria hamentxe bertan, sukaldera begira (Eibarko Hiztegi Etnografikoa)

Candido Eguren Zabarte "Oka Txiki"

Asier Sarasua 2004/11/25 21:34

Gaur, azaruan 25ian, 98 urte beteko leukez Candido Egurenek. Candido Eguren Zabarte (1906-2002) Oka Txiki. Nere aitxitxak esaten zeban moduan, Oka Txiki gizon haundi. Fenomenua zan Candido. Nik 92 urte zekazela ezagutu neban, erdi-itsututa zeguala, eta halan da be, bakarrik bizi zan, eta ederto moldatzen zan. Zenbat ikasi neban berakin!

Hamaika arratsalde pasau nittuan berakin barriketan, eta ezin dot kontau zelako gustora egoten nitzan berakin berbetan eta zenbat ikasi neban. Ixa eskolarik euki ez arren, txikittatik mordua irakorrittakua, kultura haundikua, buru zoragarrixa; entziklopedixa bat zan Candido. Eta pertsona jatorra, zuzena, argixa, umore fiñekua...

txiribiri.jpg

Txiri-Biri futbol taldea. Baloi gainean jarrita Candido Eguren (1922 inguruan)

Antxinako Eibar zelakua zan jakin nahi baneban, edozer gauza zelan izaten zan ezagutu gura baneban, hantxe zeguan Candido. Candido, noiz hasi zan foballa Eibarren? Candido, zelakua zan biharginen egoeria gerra aurrian? Candido, zelakuak ziran Sanjuanak? Candido... Edozer gauza galdetu, eta hantxe zeguan Candido erantzutzeko prest. Izugarrixa beran burua, izugarrixa kontatzeko erreztasuna, eta izugarrixa gai bat hartu eta horren inguruko informaziñua zihetz emoteko zeukan kapazidadia. Eta 92 urtekin.

Candido Eguren (1906-2002) eta Antonio Sarasua (1912-2002)

Gaur 98 urte beteko leukez, eta beran berba batzuk ekarri nahi dittut hona. 30 ordu grabatu arren, gitxi dakat transkribiduta, penia, baina hamentxe zatitxo batzuk. Kontuan euki dana ahoz jasotakua dala, Candido beraren berbak:

Sozialismoa zelan hasi zan

Basarrittarrak beran bizimodu aparteko bat badau. Bera bakarrik bizi da: bera eta zerua eta lurra. Basarrittarra. Baiña gizonak, bihargiñak, alkar ikusten ziran: bata fraka barik eta beste bat kaltzetin barik eta beste bat zapatarik barik edo txamarra barik. Danak falta zeben; zeozer nahi zeben gizonak ziran. Eta alkar… danak juntauta zeozer eiñ. Ezta? Hartzen dozu madal bat, hartzen dozu madal txiki bat, hartzen dozu eta ha bizkor apurtuko dozu. Baiña madal mordo bat juntatzen badittuzu eitten da forma bat ezin dozuna apurtu: danak juntauta gehixago gara bakarrik juanda baiño. Berezkua da, herri baten, jente asko juntatzen dan lekuan, sozialismua etortzia! Basarrittarrak ez dau euki… gaizki bizi izan dira basarrixan mordo bat! Ez dira basarrixan danak ondo bizi… Baiña harek bakarrik ziran; bakartadia zeuken; esaten dotena, zerua, lurra eta bera, beran famelixia. Eta, en cambio, kalian, alkar ikusten gara: eta ez bakarrik bat eta bi, zientuak edo millaka. Aberatsak eta pobriak; batzuk dirua gastatzen mara-mara esaten dana eta beste batzuek zentimo barik. Eta horrek kontradiziñuok jente asko dagon lekuan, herri baten, agertzen dira, ez basarrixan.

Eibartxarrak - Eibartar liberalak

Liberalak ez ziranak, karlistak, Eibarri fama txarra emon zetsen. Eske eze Eibar zan punto bat Donostiagaz, Bilbogaz eta Irunegaz, ziran ez ziranak karlistak; liberalak. Eibarrek ez zetsan emon laguntasunik karlismuari. Eta horrek ekin zetsen eibartarrak gaiztuak giñala, madarikatuak giñala, “Eibartxarrak”. Eta esango detsut: bat, nere aitta besuetakua, Elorrixoarra, ez dakitt kabua ala sargentua izan zan karlistegaz; eta harek, ni bautizau ninduanian, despedidia izaterakuan, “ai, ume. Ze leku txarretan lagatzen haut”.

Eibarko euskeria

Harek guk euskeraz gaizki eitten genduala, hil eitten genduala Eibarko euskeriagaz euskera benetakua. Enkanbio lehengo egunian esan netsun, Gabriel Manterolak zelan esan zestan ez lotsatzeko, Eibarko euskeria erabiltzeko gure ahuan. Eibarko euskeriak gauza eder batzuek, jiro batzuek eta hitz batzuek dakazela beste iñungo lekutan ez dagozen modokuak; eta ez lotsatzeko Eibarko euskeria eitten.

Kura laikua

Aurretik egon zan beran aitta, Marcelino, kura laikua esaten etsena; lehelengo entierruetan eta hitz batzuek eitten zittuana. Aitta izan zan ekin zetsana. Gero Benignok hartu zeban haren zera, hori posiziñuori. Agertu zan Benigno momentu baten, diktaduran. Eta orduan harek esaten zittuan hitzak eta, entierruetan… Esango detsut neri pasau jatana: Franzian neguan ni eta anai bat hil jatan; etorri nitzan eta entiarro bat egon zan. Prietona uste dot zala, Julian Prieto. Haren entierrua laikua izan zan, eta ein eban hitz Benignok. Eta orduan egunian ikusi nittuan Ospittaleko abadia eta monjak entiarro zibillera juaten. Eta entzun nittuan Benignon hitzak: diktaduriaren kontra eta, sobre todo, contra la burgesia vasca. Ni juan nintzan Benignon etxera eta esan netsan: “Hi, Benigno, Franzian hastera najoiak atzera, eta emongo destak kopixa bat ein dittuan hitzena?”. Eta emon estan kopixa bat. Juan nintzan Franziara eta han nere laguneri esan netsen: “Hauxe eta hauxe ikusi juat: entierro zibil baten abade bat eta monja bi. Eta gure lagunak, Benignok, honetxek hitzok ein jittuan”. Ez esten siñisten! Ezin leikiala izan hori! Esan netsen: “Mutillak, neuk ikusittakua dok hori. Neuk ikusi juat eta neuk entzun jittuat horrek hitzok, asike ez dittuk ipuiñak. Eibarren holantxe gauzak pasatzen dittuk. Ez jakixat beste leku batzuetan, baiña Eibarren holantxe pasau dittuk”.

Sukalde popularrak

Cocinas populares! hori agertu zan “katorzian”, gerria etorri zanian. Erdi edo hiru laren behintzat, geldittu ziran lanik barik Eibarren. Fronteria itxi ebanian Franziak ez zoian grabaurik, damaskinaurik, Franziarutz eta armarik bez. Eta geldittu zan lanik barik Eibar. Danak kalian edo gehixenak behintzat. Eta gose galantak pasau ziran. Orduan pentsau zan horrek sukaldiok ipintzia. Eta sozialistak hiru eguazen orduan Ayuntamientuan, hiru bai behintzat: Bernedo, Amuategi, Urrejola. Eta horrek pentsau eben horixe sukalde popularrori ipintzia. Eta han, hutsa diruagaittik, bai bazkarixa eta bai afarixa lapikukadaka saltzen zan, merke-merke, danendako. Ez zan bakarrik ha biharra ez eukenendako; eske eze herri guztiandako zan. Eta batzuek, aberatsak be, irakustiarren eurak be herrixan dagozela erosten eben hori jatekuori. Hori bi aldiz pasau da: bat hortxe egunotan, eta gero mil novecientos veintian, huelgia egon zanian, bardiña ein zan; orduan be cocina popular ipini zan, eta lanik ez eukanak horixe rantxuori jaten eban hutsa diruagaz. Jateko onak, e!

Toribio Etxebarria - Bibliografia

Asier Sarasua 2004/11/24 22:56

Datozen asteotan kaleratuko da Toribio Etxebarria Ibarbiaren Viaje por el País de los Recuerdos liburuaren 3. argitarapena. Hori dela eta, Etxebarriaren idazlanen laburpena egiten ahalegindu naiz. Bere lan batzuk oso ezagunak dira, esate baterako Lexicón, Ibiltarixanak edo Viaje bera. Beste batzuk ez horrenbeste.

Badirudi Etxebarriak gehienbat beretzat idazten zuela. Batzuetan denborapasa gisa, beste batzuetan gauzak ez ahazteko edo bere herria oroimenean gordetzeko, sarritan bere ideiak eta pentsamenduak antolatzeko eta argitzeko. Halaxen aitortzen du, behinik behin, apaltasunez, bere liburu gehienen hitzaurreetan. Adibidez, Tres Ensayos lanaren hitzaurrean: “Puesto a sacar a la vergüenza pública los pensamientos que en días perdidos ensayara a poner en el papel, como aliviadero de las horas penosas que el destino puso en los caminos de mi vida, por lo demás insignificante...”. Edo Metafísica a Urcola liburuan; “El que esto escribe (...) compuso a ratos y a modo de honesto pasatiempo, una especie de ensayo...”. Eta Ibiltarixanak lanaren hitzaurrean: “...no me ha movido ninguna ambición crematística ni de fama literaria y nadie puede quitarme las horas plácidas que me ha proporcionado el trabajo...”.

Bere bizitzan zehar zituen tarte hutsak aporobetxatu zituen Etxebarriak liburuak idazteko. Tres Ensayos, adibidez, 1939an Bartzelonan gerran zegoen bitartean idatzi zuen, eta ondoren, Melun-en (Frantzian) lanik gabe igarotako asteetan amaitu eta gainbegiratu zuen. Metafísica a Urcola ere, Caracasera iritsi eta lana bilatu bitartean idatzi zuen. Gainontzeko liburuak ere antzera.

Lanik gehienen izaera eta egitura ere, gehienetan ez da liburu baten eredu arrunta: urteetan zehar jasotako anekdoten bildumak, diario itxurakoak, olerki solteak... Bere asmoa, hasiera batean, ez zen lan horiek argitaratzea.

Azkenik, 80 urtera bidean zela hasi zen bere lanak kaleratzen, urteetan zehar txindurrien moduan isilpean baina etenik barik egindako lan ugariak argitaratzen. Eta hiru urtean 6 liburu eta beste hainbat lan kaleratu zituen. Bera hil ondoren ere beste 3 kaleratu dira.

Toribio Etxebarriaren lanen zerrenda bat egin dut. Liburu, liburuxka eta bilduma nagusiak bakarrik sartu ditut. Zerrenda honetatik kanpo, hainbat eta hainbat itzulpen, poesia eta artikulu kaleratu zituen.

2004. urteko Juan San Martin ikerketa beka Idurre Alonso Amezua eibartarrarentzat

Asier Sarasua 2004/11/24 08:39

Eibarko udalak eta UEUk urtero antolatzen dute "Juan San Martin ikerketa beka". Juan San Martin eibartarraren omenez sortutako beka honetan hainbat gai aztertzen dira, San Martinek berak jorratu dituenak beste: biologia, mendizaletasuna, artea, historia, euskara... Aurtengo honetan literatura zen ikerketa gaia, eta Idurre Alonso Amezua eibartarrak jaso du beka.

Proiektuaren izenburua "Euskal Literatuta Garaikidearen kanona" da. Saritutako lana Idurre Alonso euskal literaturaren inguruan egiten ari den doktoretza-tesiaren atal bati dagokio.

Epaimahaikideak hauek izan dira: Oier San Martin, Maria Jose Telleria, Chema Ramirez de la Piscina, Ana Urkiza, Gerardo Markuleta, Iban Zaldua, Mari Karmen Meñika eta Junkal Txurruka.

Zorionak Idurre.

Proiektuaz gehiago jakiteko, irakurri Euskal literatura garaikidearen kanona txostena.

Informazio gehiago Ego Ibarra. Eibar, historia eta kultura webgunean.

'Zarauzko euskara' proiektua gaur ETBko Postdata saiuan

Asier Sarasua 2004/11/23 13:52

Aitatu nun aurreko batian Zarauzko udalak herriko euskera eta ahozko ondaria jaso eta aztertzeko beka bat atera zula. Lantaldian ari gera lanian, eta dagoeneko hasi gera elkarrizketekin (hiru egin ditugu). Aurreko ostegunian ETBkuak etorri ziran gurekin elkarrizketa bat egitera, eta gaurko Postdata saiuan aterako omen due proiektuaren berri. Eguerdiyan 14.45 inguruan, eta gero Gaberdiyan errepikapena.

balio / balixo ; erdiak / erdixak ; pisua / pixua

Asier Sarasua 2004/11/20 20:02

2004ko apirilan Eibartarrak zerrendan egondako mezu-truke bat berreskuratu, eta hamentxe doia Eibarko berba batzuen inguruko azalpen labur bat. Gaztion artian bustiduria aldatzen dagola, eta horrekin berba batzuk bereizteko aukeria galtzen dogu.

Uste dot bustidura batzuetan dagon bilakaeria "naturala" dala, gure berbetian ezaugarrixen ondorixua. Zaharrak komunio/demonio erabiltzia, eta gaztiak komunixo/demonixo, ba, erdi-naturala iruditzen jata. Biharbada nagusixen jokaeria lotuago dago erderara gaztiena baiño.

Beste bustidura batzuk, ostera, ez dira hain "naturalak", eta gaiñera gure berbetiak dakazen ezaugarri berezi batzuk desagertzeko arriskua dago. Bertako euskeria ondo jakin ez, eta herriko berbeta jatorrera hurreratzeko asmuan, bihar ez dan tokixetan be sartzen dittue bustidurak. Xi-xa-xi-xa.

Adibide pare bat ipiniko dittut.

sei txerdiak vs. sei terdixak

Eibarko (eta inguruko) ezaugarri dan bustidura bat kendu (-i + ta > txa). Eta ostera, erdiak > erdixak bihurtu. Holan galdu eitten da bustiduriak guretzat dakan balixo bereizlia: ERDIXAK (mitades, centros) vs. ERDIAK (y media)

balio / balixo

Zaharrak bereiztu eitten dittue honek bixok: balio (valer) eta balixo (valor).: "Zenbat balio dau horrek?" vs. "Katxarro horrek balixo haundixa jakak". Gaztiak galdu egin dabe bustidurian balixo bereizle hori.

Pisu vs pixu

Zaharrendako, PIXUA (peso) gauza bat da, eta PISUA (piso, planta, casa) beste bat.

segiduan vs. segittuan

Diferentia da, baina hor be, mendebaleko azpieuskalki guztien ezaugarrixa alde batera laga (gaztelerazko -idu > euskeraz be -idu : segidu, mobidu, partidu...), gipuzkerako segitu oiñarri hartu, eta bustiduria gaiñeratu, (ixa) iñun erabiltzen ez da forma artifizial bat sortuz.

Txantxazelai ala Txaltxazelai?

Asier Sarasua 2004/11/11 01:00

Gure herrixan sarri entzutzen dan tira-biria: zein da benetako izena? Txantxazelai (txantxetan ibiltzekua) ala Txaltxazelai (Txaltxa basarrixan zelaixa). Orain dala hile batzuk Salvador Marzanak Eibar rebistara bialdutako eskutitz baten harira, nere iritzixa be bota nahiko neuke. Nere ustez, ez bata eta ez bestia. “Eibar” rebistaren aurreko ale batean, Salvador Marzanak Eibarko kale izenen inguruko zenbait gogoeta eta zalantza adierazi zizkigun, batez ere izen batzuetan nahasmen handi samarra dagoela esanez, izen ofiziala ez delako eibartarrok azken urteotan erabili izan dugun berbera. Eibarko kale izenak ezarri zirenean, duela 25 urte inguru, herritarrok erabiltzen ditugun leku-izenak ipini beharrean, jatorrizko izenak ipini zituzten; hau da, ahozko formak baztertu eta jatorri filologikoa begiratuz finkatu ziren berriak. Horrela, ahozko Asoliartza ahaztu eta bere forma osoa aukeratu zen (Asola Igartza). Antzera, Arteitta eta Artegieta bikotea, eta beste horrenbeste. Neurri horrekin ados nago, izen gehientsuenetan behintzat.

Salvadorrek aipatzen dituenen artean esanguratsuenetako bat, Txantxazelai da. Nire aitxitxari ere, askotan entzun nion: “Txaltxazelaia? Hori Txantxazelaixa izan izan dok beti!”. Jose Mari Kruzetarekin ere zenbat eta zenbat bider egingo nuen berba gai honetaz...! Euskaldun guztiok daramagu filologo bat barruan, eta horren inguruko eztabaidak behin eta berriz entzun izan ditugu Eibarren, batean eta bestean.

Bi teoria izan ditugu izen horren jatorriaz. Batetik, eibartar gehienena, errotuena eta ziurrenik Toribio Etxebarriaren eraginez zabaldu dena: Txantxazelaixa da izena, txantxetan ibiltzeko zelaia zelako. Hala dio Toribiok: “Txantxa zelaixa: lugar de juegos. Egunero, Txantxa zelaixan, eukitzen genduan eskolia, Jose Gisasola zanagaz.” Beste batzuek, berriz, beste jatorri bat ikusten diote berba horri: izena Txaltxazelai izan behar da, parean zegoen Txaltxa baserriaren zelaia zelako. Nik hirugarren bat proposatu nahi dut, edo behintzat, kontuan hartu beharreko datu bat aurkeztu, gogoetarako. Zuzena ala okerra, baina Txantxazelai izenaren inguruko eztabaida honetan, nire ustez, gutxienez kontuan hartu beharrekoa.

Azken hileotan Eibarko toponimoak edo leku-izenak aztertzea egokitu zait Eibarko Udal Artxiboan, eta “Eibarko Hiri Toponimia” (Euskaltzaindia, 1995) liburua ere behin eta berriz irakurri behar izan dut. Toponimoen jatorria begiratzen ahalegindu naiz, eta baita toponimoak taldekatzen ere. Gure lanean eta “Hiri Toponimia” liburu horretan udal artxiboko ehundaka idazki aztertu izan dira, eta baita Oñatiko Gipuzkoako Protokolo Artxibategia eta Jabego Erregistroko beste hainbat.


Ikusi ditudan kontuen artean, konturatu naiz badirela Eibarren sarri aurkituko ditugun zenbait atzizki, esate baterako: -alde (Abontzalde...), -azpi (Agiñazpi...), -be (Bidebe...), edo -gaiñ (Ibargaiñ...). Eta denen artean ugarienetakoa –buru da. Zerrenda amierabakoa da, baina hementxe zenbait adibide, ezagunenak: Aixaburu, Amañaburu, Ariztiburu, Arrajolaburu, Artatxuetaburu, Barrenazarburu, Gisastuburu, Iparragirreburu, Ipuruaburu, Irabaziburu, Katalanburu, Mekolaburu, Otolaburu, Trangoburu, Urkuzuburu... Atzizki horiek aztertzean nabarmena da, atzizkidun formek beti generiko bat behar dutela. Hau da, Etxaburuak “etxe” bat egotea eskatzen duen moduan (eta berdin kamiñuburuak, presaburuak edo kanteraburuak), Mekolaburuk ere Mekola toponimoa existitzea eskatzen duela (eta Urkuzuburuk Urkuzua, Otolaburuk Otola, eta abar).

Bere izenean –buru atzizkia duten dozenaka toponimo ditugu Eibarren, eta bi dira generikorik gabe aurkitu ditudan bakarrak: 1.- Urangaburu, begiratutako agiri guztietan bakarrik behin agertzen den izena (1848), berria dirudiena, herrian batere erroturik ez dagoena, eta gaur egun ezezaguna dena; eta 2.- Sansaburu. Kasu hau guztiz kontrakoa da: artxiboko hainbat idazkitan agertzen da (1597, 1747, 1771, 1777, 1782, 1812, 1877, 1883, 1916...), gaur egun ere bizirik dago, antzinako izena da (gutxienez XV gizaldikoa), eta oso egonkorra, dokumentatutako idazki gehienetan beti forma berbera agertzen delako.

Kasu honetan, baina, galdera zera da: Sansaburu izena badugu, non dago Sansa? Tokiari begiratuta, Sansaburu azpian egon beharko litzateke, gaur egun Txantxazelai ingurua den horretan, ziurrenik baita Untzagako torreak eta Calbetón kale ingurua ere. Eta hor dugu beraz, Sansazelai.

Nire ustez, teoria horren alde egiteko hiru datu behintzat badaude:

1- Sansaburu toponimoak, berez, definizioz, Sansa toponimo bat eskatzen du.

2- Artxiboko datuen arabera, barrena 1597tik dago dokumentatua Sansaburu, eta 500 urtean ez da aldatu izen hori. Behin bakarrik agertzen da idazkietan Salsaburu (1917ko idazki batean), justu Txaltxazelai izena lehenengoz agertzen den sasoi beretsuan. Ordura arte, beti, Sansaburu eta Txantxazelai* agertuko zaizkigu.

3- s --- tx bilakaera nahiko erraz uler daiteke euskaraz, eta Eibarren bertan dugu itxura bereko salsaperretxiko/txaltxaperretxiko hitz-bikotea.

Horretara, laburpena eginez. Txantxazelai txantxetarako zelaia zela, ez dut uste oinarri sendoak dituen teoria denik: ez dator bat Eibarko beste toponimoekin, ez dago hori ziurtatzeko arrazoi historikorik, ez dago dokumentatuta... Txaltxazelai Txaltxa baserriaren zelaia izan daitekeela ere, gaitza iruditzen zait. Txaltxakua baserria, jatorriz, Otaolan zegoen, gaur egun Eroski dagoen lekuan. Untzaga inguruko Txaltxa baserria berria da (1860koa), txikia, berezko izena Kamiñokua Etxebarri zuen, eta guk dakigula ez zuen lurrik Untzaga inguruan.

Nire uste, beraz, Sansa eta Sansaburu izango ziren, Ubitxatik Bolinguarainoko tarte guztia, Calbetón kalean hasi eta Urkiraino: lekua, baserria, iturria eta erreka. Ondoren, Ulsaga/Untzagak hartu zuen Sansa-ren lekua, eta horrela ezagutu izan da, gutxienez azken 700 urteotan Calbetón-Untzaga ingurua (1915 inguruan Untzaga kaleari Fermín Calbetón izena ipini arte). Bizirik jarraitu dute, ostera, formaz bereizturik, baina jatorri berarekin, Sansaburuk eta Txantxazelaiak.

Ideia horrek puntu ilunak ere baditu, eta ilunena, ziurrenik, Sansaburu oso ondo dokumentatuta dagoen bitartean, Sansa eta Sansazelai ez direla idazki zaharretan agertzen. Arraroa, herri erdi-erdian dagoen ingurunea izanda. Dokumentu gehiago begiratu beharko ditugu ondorio zehatz eta zuzenagoak ateratzeko.

Amaitzeko, derrigor esan beharreko gauza bat. Izenaren jatorria edozein izanda ere, kalearen eta inguruaren izen ofiziala Txaltxazelai izateak nire ustez ez dauka ez buru eta ez hankarik.

Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Azken erantzunak
14 iker, 2017/04/21 10:57
Sekulako pitxia. Eskerrik asko. Amatliño, 2017/04/07 09:43
aupa Juan Luis! Eskerrik asko atrebentziagatik! ... asier, 2017/03/13 09:05
Barka atrebentzia, bana badaezpada ere: baduzu ... Juan Luis Zabala, 2017/03/10 19:44
eskerrik asko Serafin! Zuri ikasittakuetatik ;) asier, 2017/02/21 09:21
Lan bikaiña. Ez haiz horraittiok geldi egotekua. ... Serafin, 2017/02/20 17:47
Eskerrik asko hiruroi, Alex, Hasier eta Iñaki! asier, 2017/02/19 20:19
Lan bikaina Asier! Zorionak!!! Eta mila esker ... Iñaki Sanz-Azkue, 2017/02/17 19:04
Eskerrik asko, Asier, ez jaok ordaintzerik. H. Etxeberria, 2017/02/17 00:15
Eskerrik asko Asier. Lan itzela eta fina. Alex Gabilondo, 2017/02/17 00:05
Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017