Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Eibarko berbak euskera batuan

Asier Sarasua 2004/10/22 22:22

Gauza jakiña da mendebaleko euskalkixan berba eitten dogunon artian konplexu linguistikua oso zabalduta dagola. "Guk etxakixagu euskeraz. Tolosakua bai euskera ona!". Holakotxiak entzungo detseguz gure inguruko asko eta askori.

Euskera batuan jarduteko orduan be, jokera hori nabarmena da, eta gure eguneroko berbak be alde batera laga eta kanpotik jasotakuak hartzen doguz. Euskera batuan berbetan edo idazten hastiakin batera, aldaketia automatikua da. amama, gehienbat, jardun, abade... ahaztu, eta berehala hasiko gara amona, batez ere, aritu, apaiz... esaten.

Kanpotik berbak hartziari ez detsat kalterik ikusten, jakina. Aberasgarrixa da eta euskeria indartzeko derrigorrezkua. Baina beti be, guriak ahaztu eta baztartu barik.

Eibarko berbak euskera batuan atalian berba zerrenda bat sartu dot. Zutabe batian, gaur egun euskera batuan nagusitzen diharduen berbia; bestian, gure eguneroko berbetan erabiltzen doguna, eta batuan be aurrekua bezin erabilgarrixa dana.

Zarauzko euskara

Asier Sarasua 2004/10/18 02:00

Orain dala pare bat hilabete esan genduan Zarauzko udalak beka deialdi bat egin zebala, herriko ahozko ondarea eta hizkera (Zarauzko euskara) jasotzeko. Udalak emon dau beran erabagixan barri, eta lantalde bati egokittu jako lan hori eitteko arduria; tartian ni neu. Juan zan astian egin da prentsaurrekua, eta aukeratutako proiektua hasi da lanian. Bost laguneko lantaldia osatu dogu. Honetxek gara: Belen Maiz eta Miren Zabaleta zarauztar filologuak, Zarautzen bizi dan Fernando Muniozguren eibartarra, Aintzane Agirrebeña filologua eta ni neu. Jaiotzez, bizitzaz eta hizkeraz eibartar izan arren, amona zarauztarra dakatena. Bertako euskeria be etxekua dakat, hortaz. Urtebete emon deskue Zarauzko hizkera eta ahozko ondarea jasotzeko; ia zelan urtetzen daben. Gogua eta indarra, behintzat, ez jaku faltako. Blog honetan bertan be emongo dogu ikerketa horren barri.

Diario Vascotik hartu dogu albistia:

Zarauzko euskarari buruzko ikerketa dagoeneko martxan da. Udalak beka-deialdia otsailean egin zuen eta epaimahaiak aurkeztutako proposamenak aztertu ondoren, ikerketa lana Belen Maiz, Asier Sarasua, Miren Zabaleta, Fernando Muniozguren eta Aintzane Agirrebeñak osatutako taldeari esleitzea erabaki du.

Epaimahaia, Udaleko euskera batzordeburua eta teknikariaz gain, Jose Luis Ormaetxea Txipi eta Jesus Mari Makazagak osatu dute, azken bi hauek Euskal Filologiako irakasle eta honelako lanetan adituak direnak. Epaimahaiak oso balorazio positiboa egin du talde honek aurkeztutako proposamenaren aurrean, proiektua oso egokitzat joaz eta taldea eskarmendtu handikoa dela aipatuz.

Oinarrietan zehaztutakoaren arabera, ikerketa lana euskaraz egingo da eta originala izan beharko du, bekaren zenbatekoa 12.000 eurokoa izanik. Lana egiteko, 12 hilabeteko epea izango dute ikerketa burutzeko.

Lanaren edukiari dagokionez, Zarauzko ahozko euskara, aditza (hitanoa barne), deklinabidea, fonetika, hiztegia, esamoldeak eta esaera zaharrak jaso beharko dira gutxienez eta bertako euskaraz idatzitako testu edo dokumentuen inbentarioa edo zerrenda ere egin beharko da.

Beste herri batzuetan antzerako lanak egin izan dira, "baina guk lan sendo bat nahi dugu burutu. Arro eta gustora gaude zein taldeei eman zaion beka", adierazi zuen Imanol Lasak, Euskara departamenduko zinegotziak, pasa den ostiralean, taldearen aurkezpenean.

Ekitaldi berean taldeko partaideek lanaren metodologia eman zuten ezagutzera. Belen Maiz-ek jakitera eman zuenez, proiektuaren helburu eta asmo nagusiak Zarautz inguruko ahozko ondarea jasotzea, galzorian dagoen ondorea jasotzea izango da. "Hizkerari eta baita kultur ondareari dagokionez, Zarautzen aldaketa asko eman dira alderdi linguistikotik eta baita alderdi etnologikotik. Generazio berriek oso gutxi dakite gure aitona-amonen bizitzaz, hizkeraz... Jendeak erabiltzeko lan bat egingo dugu, ez armarioan gordeta edukitzeko".

Metodologiari dagokionez, lau urratsetan banatuko dutela lana adierazi zuen Asier Serranok. Aurrelan moduan, orainarte egindakoa jaso. Horrekin batera, bibliografia aztertu eta galdetegi bat osatu. Dena den, garrantzi-tsuena kontaktoak egitea izango zaie. "Aukeraketa egokia egitea funtzeskoa zaigu. Gure asmoa 100 zarauztar ingururekin hitzegitea litzateke", aurreratu zuen irakasle honek. Elkarrizketetan aspaldiko kontuak eta bertako euskera jaso eta ondoren hori katalogatu, sailkatu, digitalizatu eta azken finean jasotako guztia nolabait antolatzea eta jendeari ezagutaraztea izango dute helburu. "Gure asmoa ez da publikazio huts bat egitea, jaso eta modu antolatu batean uztea, erabiliera emateko".

Muniozguren-ek, Udalari eskerrak eman zizkion eta aldi berean deia luzatu zuen, alegia, he-rrian norbaitek ekarpenen bat egiteko gai dela ikusten badu. "Gu irekita gaude. Euskara zerbitzura deitu 943.005116 telefonora edo euskaraz@zarautz.org."

Garbi dagoena zera da, honelako azterketa lanak orain egin behar direla. Hemendik urte batzuetara berandu izan daiteke.

Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Blogroll ibiltari bat naiz.

 

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

 

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Lehen Hitza Euskaraz

Monthly archive
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017