Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Berbak dantzan / Agur eta ohore, Juan Luis

Agur eta ohore, Juan Luis

Ane Sarasketa 2012/08/30 23:25
Ipar haizeak berri hotzak ekarri dizkigu Frantzia aldetik. Midi d'Ousseau-n hil da Juan Luis Ulazia. Egun argia ilundu da bat-batean. Izoztu dira arnasak eta gelditu da denbora.

 

 

Badira lagunak eta lagunak eta badira ezagunak eta ezagunak. Badira lagun batzuk baino hobeak diren ezagunak ere; lagun-ezagunak-edo. Horietako batzuek norberaren bizitzan arrasto txikiak baina garrantzitsuak uzten dituzten lagun-ezagunak izaten dira. Gainera, askotan haiek jakin gabe uzten dituzte arrastotxo horiek.

Aitak eta amak erakutsi zidaten mendiko bidea. Haiekin eman nituen lehen pausoak. Beraiekin egin nituen Euskal Herriko mendietara nire lehen ibilaldiak. Gero, nerabezaroan, nahiago izan nituen bestelako pauso eta dantzak, baina laster bueltatu nintzen mendira, berriro. Club Deportiboko mendi taldeak eman zidan horretarako aukera. Lotsak eta gogoak nahasturik hasi ginen Ibon, Mikel eta hirurok asteburuetako irteeretan parte hartzen. Hasieran hirurok beti; beti hirurok. Gero, bakarka ere joatera ausartu ginen (batak edo besteak ezin zuelako). Talde guztiak goxo hartu gintuen bere babesean.

Juan Luis ere tartean zen. Gizon altua bezain hurbila. Serioa eta ez hain serioa zegokionean. Bere bizar luzearekin, bakarra. Mendian behar den patxada hori zer den erakutsi zigun Antxonekin, Mertxekin eta Marialuikin batera. Gazteei bidea emateko beti prest. Granpoiekin eta pioletarekin egin nuen lehen jaitsialdia beraiekin egin nuen, Gredoseko mendizerran; Almanzor mendia parean genuela. Zenbat ibilaldi gozatu eta sufritu nituen haien ondoan!

Mendiaren ederra zein krudela izan daitekeen gogoratu behar izan dugu gaur, beste behin. Juan Luisen bizitzaren zutabeak zeintzuk ziren ezin nik jakin baina, bata mendia zela esango nuke.

Egunero igarotzen zen Argatxa ikastola paretik, 5.30ak aldean, igerilekurantz. Izarorentzat eta Maulentzat beti izaten zuen gordeta hitz goxoren bat motxilan. Bihar ez da pasatuko. Baina guk pasatzen ikusiko dugu. Gure aitxitxa zenak beti esaten zuen: "Jendea oroimenean gordetzen duzun bitartean ez da guztiz hiltzen". Eta Klub Deportiboko lagunek ere gogoratuko dugu Juan Luis. Eta Rodisakoek. Eta berarekin mendira joaten ginenok. Euskal Jai Egunean gogoratuko dugu. Urtarrilaren 1ean Urkok gogoratuko du. Euskal kulturgintzak gogoratuko du... Egunerokoan ere gogoratuko dugu. Gaur eta bihar.

Arrastoa lagatzen duten lagun-ezagun horietako bat zelako Juan Luis, eta horiek ez direlako guztiz joaten. Ez ditugu joaten utziko. Sekula.

Muxu bat Mertxe, goxo-goxoa. Besarkada potolo bana Ziortza eta Ehari. Agur eta Ohore Juan Luis.

leire
leire dio:
2011/09/26 22:52

Arrazoia daukazu, Ane, sekula ez dugu ahaztuko! Lehen aldian idazteak zirrara sortzen dit, eta ezin dut sinestu. Mendia ederra da, gogorra horrelakoetan, baina jendea ezagutzen laguntzen du, kalean baino errazago. Horregatik ez dugu Ulazia ahaztuk, asko eman eta erakutsi zigulako, beti irribarrea ahoan, hitz ederrak ahoan, baita txisteren bat ere... Ederra artikulua, Ane! Ea zerbait idazten dudan nik ere! Besarkada bat. Eta nire bihotz osoa Mertxe, Ziortza eta Ehariri!

ane
ane dio:
2011/09/29 16:48

Hara! ez nituen sekula itsasoan irudikatuko Juan Luis eta Mertxe. ;-) EGia esan, geldi egoten ez ziren horietako tandema osatzen zuten.

Ibon Arakistain
Ibon Arakistain dio:
2011/09/27 14:33

Anek idatzitako lerroak irakurrita ausartu naiz irakurle hutsa izatetik parte hartzera. Kasu honetan, sakonean astindu nauen zoritxarreko albistea izan da. Eta bai, nik ere ez ditut ahaztuko Club Deportiboarekin eman genituen lehen pausoak. Gogoan daukat lehen ibilaldia, Amaiur-Bidarrai. Estrenaldi hura leuntzen gerturatu zen lehena, Juan Luis izeneko ‘mendizale erraldoi’ bat izan zen...oroitzapen asko eta denak barruko tristura arindu ezinda... Musu handi bat Mertxe eta besarkada bero-beroa Ehari eta Ziortzari.

Miren Zabaleta
Miren Zabaleta dio:
2011/09/29 00:34

Ane: zure berbak, dantza goxo bat egin dute, elkar ondo atrapatutako horietakoa...dantza zoragarria. Harrigarria bada ere, nik Juan Luisekin eta Mertxerekin izan dudan lehen harremena itsasoan izan da, bai itsasontzi batean, hori bai! begibistan haitzak ziren helburu. Mutrikutik Zumaiara egin genuen bidaitxoan, irribarretsu eta oso handia zen gizon xarmaduna ezagutu nuen.Juan Luis zen. Nere bizipenak laburrak izan badira ere, guztiz aztinduta utzi naute, Anttonek emandako berri hauek.

Eibarren 2011-09-28 Mertxe, besarkada bat bidaltzen dizut bihotz bihotzez.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibarren jaio eta hemen bizi naiz. Mendi puntan baina Eibarren. Esan ezin dudana idatzi egiten dut batzuetan. Ez nuen txoko honetan bakarrik agertzerik nahi eta bigarren eta hirugarren bati egin diet lekua; akaso, idazten ikasten dutenean lagunduko didate Izarok eta Maulek. Hemen idatzitakoek ez dute mundua aldatuko baina bihotzen bat ukituko balute gu konforme. Sentimenduez ari gara hemen.