Antzerki zirikada bat
Antzerkiak berezko duen kodean -prosa gutxi, irudi asko- testu eraginkorra eta ongi garatua iruditu zait: crescendoan doana, eta esango nuke -nire antzerki esperientzia minimoarekin- clown klabea duena. Antzezteko oso egokia eta indartsua iruditzen zait. Deigarria egin zait, baita ere, gizon batek idatzia izana; batzuek honi "apropiazioa" esango diote agian, baina nik positiboa deritzot, generoen arteko hesia urratu eta nahasmena (zentzu onean) pixka bat bultzatzen duen neurrian. Kobazuloek presentzia handia dute, imajinatzen dut Intujai Teatroaren inguruan dabiltzan troglobioen asesoramenduz; eta grazia egin dit Belgikako Merveilleuse kobazuloaren aipua. Hain zuzen ere, Gorostiagak berak liburua eman zidanean Felix Ruiz de Arkauteren idazlana aurkezten nengoelako, eta Arkaute / Sautereau artxiboko argazkien artean -hau inork ez daki- bere hastapenetako batzuk daude, biboterik gabe, eta harpe horretan bertan.
Ikastaldi atsegiña
Gaztetxuei zuzendutako liburu honetan, gauza asko ikasi dittudaz nik. Antxiñako egipzixuena interes orokorra pizten daben gauzia da, eta makiña bat artikulu dakadaz irakorritta, modu monografikuan baiña: detalle bat han, detalle bat hamen. Zibilizaziñuan ikuspegi orokor bat falta jatan, eta eskolatik zaborrontzira bidian erreskatautako kajako beste ale honek emon desta. Etxerako.
Aurreiritzixak gainditzen
Liburu txiki eta didaktiko honek, sarreratik bertatik, gaizkiulertuak eta sinplekerixak konpontzeko asmua dakala aitortzen dau. Izan be, karlistadak amaittu ziranetik, liburu hau argitaratu arte (baitta gaur arte be, esango neuke) ikuspegi manikeistia nagusittu da: segun eta ze pentsakerakuak garan, batzuk eta bestiak lagun edo etsai modura ikusiko doguz, 150 urteko tartiari ezikusixa eginda, orduko gorabeherak gaurko parametruekin enkajau arazi nahixan. Eta ez. Nik neuk, aurreiritzixen jabe nintzan honek (Eibarren nagusi dirazenak), horren kontzientzixia lehelengotz disko batekin hartu neban: “Eta Tira eta Tunba” (Joseba Tapia, 2010). Liberal foruzale eta euskaltzaliak zeguazela? Karlisten artian danak ez zirala integrista monarkikuak? Gauzak ez zirala uste genduana bezain zurixak eta baltzak izan? Liburu honetan, orduantxe erdi-ikusittakua modu garbixan azaltzen da. Arazua zera da: askotan, nahixago izaten doguzela erantzun oker eta sinpliak, zuzenak eta pixkat korapillotsuaguak baiño. Ondorixuetan argi ikusten da hori:
“Zer esan orain arte hemen esan ditugun gauza guzti hauen aurrean? BAT: Karlismoa eta Foruen defentsa ez direla gauza berdina. BI: Karlismoaren barruan ba ditugula foruzaleak. HIRU: “Foruzale”en artean Aintzinako Erregimenaren defendatzaile integristak ba ditugula, baita euskaldunen artean ere. LAU: Liberalen artean “antiforalistak” badirela, gisa beteko “FORU”en kontrakoak; baina baita (II Gerrate garaian, batez ere) Foruzale argi eta garbiak ere. BOST: Foruen defentsaren gaiak baduela bere garrantzia euskaldunen artean; ez dela txantxetakoa eta serioski aztertu beharko dela: burujabetzaren defentsak pixkana-pixkanaka indarra hartzen doala, baina hau ez dela alderdi bakar baten ikurrina. SEI: Izen hutsak aztertu beharrean, horien azpian diren edukiak aztertu eta landu behar direla, nominalismo eta manikeismo sinple batean erortzeko arriskua gaindituz. Ezin daiteke, inolaz ere, Karlismoa orokorki kontsideratu, gure etorkizuna argitu behar duen argi bakarra balitza bezala. Ezta modu berean Liberalismoa ezeztatu ere, gure herrian ditugun akats eta problema guztiak horren erruz etorri balira bezala. Baina berdin oker, sinple eta pobre litzateke liberalismoa goraipatzea, on guztien iturritzat harturik, Karlismoa eta haren barruko talde guztiak fenomeno atzerakoi huts bat bakarrik balitz bezala definituz”.
Liburua hizkera jator (baiña ez garbizale) ederrian idatzitta dago; bistan da idazliak euskeraz pentsau dabela bere diskurtsua, eta prosa errez, zuzen eta atsegiñian emoten dittu beriak. Etxerako beraz (hau be eskolatik zaborretara bidian erreskatautako txortakua dogu eta).
Harria eta Papera
2010 inguruan Euskal espeleologixian historixia biltzen hasi nintzan; laster konturatu nintzan ikergai zabalegixa aukeratu nebala. Naturalezan legez, lurpian ezkutuan dagonak emoten dabena baiño askoz be neurri haundixagua izaten dau-eta. Horrenbestez, ikertutako epia 1950-1970 arteko urtietara mugatu neban, euskal taldien arteko elkarlanetan zentrauta. Biharran zati haundi bat dokumentuak, argitalpenak eta artxibuak arakatzia izan zan; baiña, halan be, lehentasuna espeleologo zaharrak elkarrizketatzen ipiñitta. Begi bistako arrazoiengaittik, 1940ko hamarkadan esploratzen hasi ziran “gaztetxuak” urritzen zoiazen eta, ixa errelojuan kontra, eurak billatzia izan zan helburu nagusixa. Talde majo batekin lortu dot; beste batzuk “iges” egin deste; baiña, barriro be, konturatu nintzan 1950-70 arteko historixia be larregi zala; bilduta nekan informaziñua argitaratueziñezkua zan, osorik behintzat. Arloka zatikatu biharra zeguan.
Orduan, puntu horretan, esan geinke Felix Ruiz de Arkaute modu naturalian agertu jatala: edurtutako mendixa urtzian azpiko hatxak berez urtetzen daben modura. Elkarrizketatutako beterano guztiak, une baten ez bazan bestian, Arkaute aittatzen zesten. Gizon honek Euskal Herrixan jardundako espeleologia talde guztiekin elkarlanian jardun zeban-eta, lurralde historiko guztietan, Belgikatik etorri zan momentutik Eretan istripuan hil arte. San Marti Harriko sisteman (Izaba - Santa Grazi) egindako esploraziñuetara bildu zanian, ostera, nazioartian ezaguna eta mirestua bihurtu zan; hain da eze, bera hil eta 50 urte pasau diran honetan, bere izena ondiok lehen maillako erreferentzixia da Europa maillan. Leienda bat. Halaxe erabaki neban, ba, euskal espeleologiaren historixiari buruz argitaratuko neban lehelengo txatala Felixi eskaintzia.
Liburua publiko orokorrari zuzenduta dago (ez espeleologuei) eta, bereziki, Tolosaldeko biztanliei. Izan be, Felix speleo munduan oso ezaguna bada be, "lurrazaleko" jentiandako “La Esperanza” paper fabrikian gerentia baiño ez zan izan. Batzuk bazekixen kuebetan ibiltzen zala, baiña ixa iñor ez da jabetzen karstaren zientzietan izan zeban benetako dimentsiñuakin. Esan leike, gaur egunian, Arkaute Tolosan ixa ezezaguna dala.
Liburua Tolosako Udalak argitaratu dau, Aritz Peredaren maketaziño bikaiñakin. Aurkezpena abenduan 14ian egin genduan, 19:30etan, Tolosako TOPIC aretuan. Hamen bideo laburpen bat:
Liburua salgai dago Tolosako Babel liburudendan; emaillez be eskatu leike, txikillana@gmail.com helbidian (10 euro + bidalketa gastua).