Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Garagoittiko Orakulua

Frankismoko euskaltzale bat

Oier Gorosabel 2020/09/26 11:26
ARRUE ZARAUZ, Antonio, 1979. Jan-edanak. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, Donostia.

Gero eta gehixago interesatzen jataz frankismo bete-betian "posiblearen artean" jardun zeben euskaltzaliak: gerran H edo B egindakuak (badakigu asko ez zirala bere borondatez jardun, tokau jaken alderdixan) eta gero be ez zirala bere frankozaletasunangaittik, zein kontratasunangaittik bereiztu. Gehixengua, "aleiya". Udal gobernuetan parte hartu zebenak... euskerazko jardunak bultzatu zittuezenak... Errejimenan aperturian alde egin zeben "apparatchik"ak... Arrue be hor kokatu geinke: abogaua, posiziño onekua, gizarte frankistan ondo txertatua, eta posiziño hori euskal kulturian alde egitteko baliatu zebana.

Berez hau ez da liburua, Arrue hil ostian egindako artikulu bildumia baiño: Egan aldizkarikua -RSBAP orbitakua- (euskeraz) eta gastronomia elkartiendako egindako hitzaldi edo pregoiak (espainolez). Testu "amableak" dira (zentzu txarrian esanda), korapillo askorik bakuak; Arkautek gustuko ez zittuan mokofin / tripazai perfillekuak. ;-)

Halan be, nik gauza kurioso ("ernagarri", Arruek behin eta barriro erabiltzen daben berbia erabillitta) eta jakingarri asko topau dittudaz, txatalka idatzittako artikuluen artean.  Nabarmenenak: trinpoil-arrabak (jan egin behar dot plater hori) eta pil-pillan kontua (plateran izenan transposiziñua).

Bestalde, harrigarrixa egin jata Arrueren (eta itxura baten, garai bateko gastronomuen) menuak zerrendatzeko zaletasuna. Harrigarrixa, eze, nere etxian be ikusitta nago hori: neure gurasuak be, jandako menu gogoangarrixen (eta batzuetan korrientien) jaki-zerrendia gordetzeko ohitturia zeken. Ezkontzak, ospakizunak... Zer dala eta? Garai baten argazkixak ez zeguazelako guztien esku, eta orduko errekuerdua gordetzeko modu bakarra zalako? Gosia pasautako jentiak, jatekuakin amesetan bardintzen zittuezelako tripazorrixak?

Gustora irakorri doten liburua, edozelan be (eta neu izan naiz lehelengua; kontenedoretik erreskatautako liburu honek, pajiña batzuk gillotiniak askatu barik zittuan).

PD: idatzi ostian googleatu dot eta (imajinatzen nebanez) baieztatu dot Arrue karlistia zala, eta ez edozein gaiñera, "alazankoa!" (beste arruekerixa politt bat). "Gerra bi dagoz, bata frentian eta bestia botere-jauregien korridoreetan".

Poliedroaren beste aurpegi bat

Oier Gorosabel 2020/09/26 10:32
PEREZ GAZTELU, Elixabete, SAEZ DE EGUILAZ PEREZ, Haizea, (Ed.), LERTXUNDI, Anjel, (Hitzaurrea), 2020. Zerbitzuko lanean. Lete kazetari, Lete prosagile. Mugarri bilduma, 26. Oiartzungo Udala, Oiartzun.

Lete maitte doten arren, ez neban espero liburu hau hainbeste gustauko jatanik. Etxian esanda nekan: "Hartukot, baiña seguraski irakurketa diagonala eingot: artikuluak gaiñetik begiratu, batzuk irakorri, eta interesatzen ez jatazenak -metafisika, aberri-mobidak, poesia...- salto eginda". Baiña sorpresia benetakua: oiñ arteko guztia irakorri dot (liburu erdixan idazten nabil hau) eta, aittatutako ez-intereseko-gaidun artikuluak barne, gustora irakortzen nabil. Bere idazkerian indarrangaittik, hain zuzen be; artikuluan muiñian serio demonio jardun, eta amaieran, konforme ez dagon irakurlia kakatara (sic) bialtzeko dakan forma horrek zihero lilluratu nau.

Eta gero, gauza interesgarri asko: Lizardi/Orixe kontua; 60. hamarkada amaieratik aurrera zeguan giro kulturala barrutik ezagutzia -kronika batzuk Ez Dok Amairuko ordezkari legez idatzitta dagoz-; Lete bere burua ezkertiartzat zekala jakitzia (ez nekixan!); ezkerreko korriente desbardiñen arteko mobidak -zergaittik egin ziran asko "txino"?-... eta, honen barri ba nekan, pentsatzen zebana esateko eta artaldeko ez izateko borondate hori, bakardadia eta etsaiak alde guztietan izatia ekarri zetsana (bere eboluziño politikua ulertzeko be gako asko dagoz hamen -Autonomia Estatutu ingurukuak, ezker abertzaliakin distantzia...-).

Kazetari / iritzi emaille jardutiak, uneko pultsua igartzen laga: Pinocheten estatu kolpian osteko hille baltzak, kantari-lagunen (Jara, Parra) erahilketen barrixak kolpatuta, Txipreri buruzko azterketa interesgarrixa...

Berba edo kontzeptuen errepikapen nabarmenak (antzaldatzea, naturaleza, erredentzioa...) agertzen dabena baiño askoz be mundu sakonagua adierazten dabe. Eta zer esanik ez, filosofian eta metafisikan sartzen danian (hori be etorri da eta, irakurketa diagonalan unia). Mamin askoko gizona. Normala berari buruzko hainbeste gauza argitaratzen egotia...

Halan be -prosaikoa ni- bada pasarte bat bereziki deigarrixa egin jatana, Oiartzungo jai egunetako herri girua deskribatzen dabena ("kanpai doblik"), eta jator-jatorra izatiaz gain, aurrerantzian asko gogoratuko doten pasartia dakana:

"(...) Beraz, igande edo festa bat lege onean igarotzeko ez zen, hain zuzen, ezer berezirik egin behar. Horretan zetzan, hain zuzen, festaren festatasuna, ezer egin beharrik ez edukitze horretan. Eta festa bat ospatzeko zer era ederragorik ezer ez egitea baino?
Gaur, diotenez, gauza hauek ez dira oso ongi konprenitzen. Jendeak, obsesionaturik bizi denez gero, igande eta festak mugimendu sukartsu batean igarotzen ditu. Gizonak, beti sufritu dituen premia eta aginduez aparte, beste bat darama gaur bizkarren gainean, agindu gogor bilakatu zaion zera bat: jai egunetan dibertitu egin behar da".

Touché, Xabier Lekter jauna. 😉 Ondo gogoratuko ditt aholkua.

Aittitta Akilinoren kontrako paskiña

Oier Gorosabel 2020/09/25 21:21
Iñaki Arregi andoaindarrak aurkittutakua, aittaren paper zaharren artian. ESKERRIKASKO.

Aste honetan sorpresa politta hartu dot: Oier Araolazaren bidez, Andoaingo lagun baten etxeko paper zaharren artian zer agertuko, eta aittitta Akilinon kontrako paskin moduko bat.

 

Lehendik be ezaguna zan bere sasoian, 1900 inguruan, mundu kontserbadoriak (euskaltzaliak barne) tirria haundixa zetsela Akilino Amuategiri. Epoka horretan ezkerreko ideak sartu barrixak ziran Euskal Herrixan eta, kontuan hartuta artian euskaldun elebakar asko zeguala, Amuategik paper garrantzitsua jokatu zeban euren artian idea barrixak zabaltzeko. Ordura arte jauntxuen mende izandako politika / industria munduan, uste eze hau distortsiño faktore haundixa izan zala. Euskaltzalien artian be (karlistak, jeltzale sortu barrixak...) euskal sozialistekingo gorroto haundixa zabaldu zan, militante eta hautesliak kentziangaittik; Tomas Meabe bera EAJ-tik urtendakua zan, adibidez, eta aittitta Akilinoren kasuan meeting-etan emondako euskerazko hitzaldixengaittik nabarmendu zan, ikuslego euskaldun elebakarrakin konektatzeko gaittasun haundixa ei zekalako.

 

Dabillenari gertatzen jako, eta Akilino, arpegixa publikuan emoten zebanez, kritiken "itu perfektu" bihurtu zan. Bere kontrakuak, pentsau leike iraintzeko asmoz, normalian "Txikillana" esaten zetsen: eibartar askoren modura zezenzalia zan Amuategi, baitta korrida plazan torero ibillittakua be. Ordurako afiziño hau espainiartasunakin lotzen hasittakua izango zan kontizu; eta, nere ustez hori azpimarratzeko asmoz, orduko torero famoso baten ezizena ipiñi zetsen: "Chiclana". Orduko euskaldun elebakar gehixenendako ahoskatu eziñezko berbia zanez, jentiak bere erara moldau zeban izena.

 

Dana dala, gauzia ez zan kaleko marmarretan geldittu. Esandako moduan, euskal sozialistak kalte politiko nabarmena egitten zetsen karlismo/abertzaletasun esparru politiko barrixari, eta horregaittik kritikia mailla intelektualera be allegau zan. Adibiderik ezagunenetakua Txomin Agirreren "Garoa" eleberrixan agertzen dan pasarte hau da; umorezkua berez, baiña era berian etsipen haundixa (ez diñot nik, honek baiño) erakusten dabena.

 

"«Langilliak: Euskalerrixan jaixo naiz, baña euskaldun izatiak eznau batere arrotzen!» (Patxikok: Geuk ere i emen jaio aizalako, ze arrotu andirik etzeukagu). «Euskaldun izatia baño lurbiratarra izatia gurago dot». (Plazenzitar batek, Patxikoren ondoan dendatuta: Edonongoa ta iñongoa ez, ijitoak bezela). «Euskalerri guztia, Eibar izan ezik, abadien mendian dago, ta nik eztot iñon mendian egon gura». (Norbaitek: Viva la libertad!). «Gizonak eztau lokarririk biar». (Ermutar batek: Gerrikorik ezpaneuka ba, nire prakak laster litzakez orpuetan). «Danok gara bardiñak». (Elgoibartarrak: andi-txikirik ezta beraz, erren ta elbarririk ez. Badeitzok, Artola? Siñiste aldek, Julian?) «Gizona lotzeko eskubiderik iñork eztauka». (Moxolok, bere artean: Ta bear luke). «Goialdeak utsik dagoz». (Ermuatarrak: Izarren batzuk gabetan ikusten dira, baña, orrek diñonean... jakintsua eidata). «Gure gañean eztago iñor, ez erregerik, ez Jaungoikorik...» (Patxikok: Ondo giñake, astoen gañean iñor ezpalego!) «geuk egin biar ditugu geure legiak, gura dogun modura» (Moxolok: Neuk egiten badizkiat, laster urkatuko diat ire amona). «Iñork eztauka iñor iltzeko eskubiderik»; (Moxolok: Orra orain, orra). «Lurrean ezta batere gudarik biar; guda-gizonak alper-gizonak dira». (Eibartarrak: Ederto jaok, baña orduan gure armak nun salduko jituagu?) «Ugazabak eta lantegien jabiak gure odolez loditu dira». (Plazenzitarrak: Ta zuk ere ori nai, loditu, odolez edo odolkiz). «Zortzi orduko lana gura genduke»; (Moxolok: Askotxo dek, baño, tira, nai duanak egin dezala). «Orain artean baño aloger obea biar dogu». (Denak: Ori, ori! Betor dirua! Venga diñero!). «Diru-etxeak lapur-etxeak dira» (Moxolok: Orrenbesteraño ez orratik). «Asko gara, guztiok alkartu gaitezen ta zor doskuena eskatu daigun». (Ardosaltzalle batek: Neuk ere, zure ondoko batzuei, edandakoen ordaña eskatu bear diet). «Agintarixakana goazen ta esan deixogun geu gerala geixen, geu gerala indartsuen». (Ermutarrak: Ori dok! Ukabilla nagusi). «Ezergaitik ez bildurtu; gogor egin bear da; gogor andiki, agintari, legegille ta abadien aurrian. Geure indarrez, geure kemenez, gauza guztiak goikoaz bera jarri biar ditugu: legiak ausi, agintarixak azpiratu, aberatsak ebaki, pralleak larrutu, elizak erre...» (Plazenzitarrak: Bai, mutil; ator Plazenzira). «Orrela ekarriko degu aginpidia pobrien eskuetara, orrela izango degu dirua ugari». (Lengoak: Orrela izango degu... adarra jotzia). «Adiskidiak, lagunak: danok batera diar egin daigun: gora erri langillia! bera legiak! bera ugazabak! bera gizon alperrak! bera soñeko beltzak! bera argizai jaliak! Biba la repúbica! Abajo inkisisión!» (Geienak: Gora! Bera! Abajo! Txaloak, oiuak, marruak, Trágala, Marsellesa ta Intenazionala...).". (XIX atala, "Bi arpegiak")

 

Andoaiñen agertutako papel hau be mailla horretan sartu beharko geunke: Amuategi erridikulizatzeko apropos prestatu eta zabaldutako paskina dirudi. Izan be, berak benetan idatzittakua izan leiken beste testu hau kontuan hartuta, paskin honetakua ez dau emoten berak egindakua danik; ostera, modu fortzau xamarrian osatutako "mordoillokeri" txortia emoten dau, Akilinok diskurtsuetan erabiltzen zittuan erderakaden parodia moduko bat.

 

Izan be, "Txikillana"ren kontrako argudixo nagusixetako bat horixe izan zan: erderakadak (gogoratu artian Sabino Arana bizirik zala, eta abertzalien artian garbizaletasuna zala joeria). Gaur egunian guztiz gaindittuta dago auzi hori, beste batzuk (lotura, lotura) nik baiño hobeto azaldu izan dabena. Baiña iritzi hau asko be asko zabaldu zan, hain da eze, gaur egunian (ondiok!) Eibarko euskerian gaiñian aurreiritzixon aztarna nabarmenak ikusi leikezen (Eibarren "denpora ona trigua maduratzeko..." eta halakuak esaten doguzela pentsatzen daben jente asko dago).

 

Papelekua guzurra zein egixa izan, kontua da politta izan dala Andoaingo lagun honek bere papel zaharren artian hau topau izana, eta zabaltzia. Halako zenbat gauza egongo diraz gordeta gero, ganbaretan! Halako sorpresa atsegin asko hartu daiguzela.

 

PD 1: paradoxak! Nahiz eta badirudixan Akilinok ez zittuala sekulan esan hórrek berbok, Eibarko Udalak egindako ekittaldi baten (Alejandro Telleria 1936ko "Alkate Txikixa" omentzeko ekitaldixa) erabilli dittuz, zeiñek eta Josu Mendikute zinegotzi jeltzaliak (baiña halan be lagunak) ;-)

 

Hamen bideua osorik,

 

 

PD 2: Asier Sarasuak "Eibartarrak" zerrendan paskiñan gaineko azterketa txiki bat argitaratu dau, bere interesangaittik hitzez hitz ipintzeko morokua. Hona:

 

"(...) nik neuk zalantzak dakaraz.

Ez, biharbada, paper hori orijinala ete dan, baina gatxa iristen jata Akilinok idatzittakua izatia. Beste batek (ez eibartarra) Akilinon berbak jaso eta transkribitzia, laburtzia edo moldatzia? Balitteke.

 

Aurretik esan bihar dot ez dotela nahikua ondo ezagutzen 1900 inguruko testuinguru linguistikua eta panfletistikua, baina behin hori esanda, hementxe neri zalantzak sortzen destezen ezaugarrixak.

 

* "Defendatu" eta "bainan" nafar-lapurterako aldaerak dira (nagusiki). Eibarren eta 1900 inguruan... ez da ezinezkua, baina bai oso-oso zaila.

* "Mejoramentu" moduko forma bat, erderaz be forzatua da, baina euskeraz ziharo, bestiak beste, erderatik hartuta balego, "mejoramiento" erabiliko leukialako. Zer dala eta "mejoramEntu" hori?

* Testua Z-z beteta dago (dozuez, entuziastiari, bezte, ezaten...), sasoi horretako idazle alfababetatuen artian S-dun formak nagusitzen diran bittartian. Erderazko berba batzuk be "zuzenduta" dagoz eta Z sartuta ("ez decir").

* K guztiak K dira. Zuzen-zuzen ipinitta. Baitta erderazko berbeta be: "okupatzen"? eta ez "ocupatzen"?

* Ez dago Ñ bakar bat bez. Begiratu Mogel, begiratu Toribio.

* Mugatzailiak sortzen dittuan eraldaketa batzuk ez dira agertzen: sozialista, tribuna, diferentea...

* Erderazko pasartiak ez dira naturalak (hori ya nere uste subjetibua), sarreratik bertatik hasitta. Eta testu osua ixa erdera hutsian da. Gauza bat da Eibarko sozialistak ospe txarra eukitzia eskumako fededun eta abadien artian eta euskalgaiztotzat hartzia gure herriko euskeria eta beste bat da 30 berbako pasarte batian 20 berba erderazkuak izatia.

* Izenburua ez zeban idatzi hizlarixak. Hori segurutzat joko neuke. "Aurkezpen sozialista-Eibarren". Hori ez leuke idatziko Eibarren hitzaldixa emon bihar daben sozialista batek. Kanpoko lekuko batek idatzittako berbak dira (eskuz idatzitta dago).

 

Alderaketak eta ereduak ez dira asko eta ez dira errezak. Baina hartu Toribion euskerazko testuak. Hartu sasoi bereko Iturriozenak. Edo, errezena: hartu 1902ko "Caleco biarguiñac" testua. Ez daka zerikusirik. "Calecon" ez dago Z-rik eta dana da S, ez dago K-rik eta dana da C; "defendidu" agertzen da eta ez "defendatu", ez dago erderazko joskerarik, eta abar.

 

"Caleco" zeinek idatzi zeban be ez dakigu, hori be egixa da. Akilino izan leikiala emoten dau; edo ingurukoren bat, behintzat. Pare bat esku egon leikiazela be beittantzen jata neri (euskera aldetik parrafuen artian alde dexente dago). Baina edozein izanda be, makaleko aldia dago batetik bestera.

 

Eta, hau guztiau esanda, ez dot guztiz ezinezko ikusten 1900 inguruko hizlari entusiasta batek, oradore forasteruak etorri ziran egunian, eta euskeraz alfabetatu bakua izanda, goiko lerruak idaztia.

Bainan.

 

a."

 

PD 3: eta ondiokan, gaixak sortutako interesa ikusitta, Oier Araolazak berak papelan nundik norakuak argitzeko peskisak egin dittu. Hamen doiaz bere azalpenak, "Eibartarrak" zerrendan bertan emondakuak:

"Hitz egin dut Iñaki Arregirekin. Horrela du izena paskina bidali didan lagun andoaindarrak. Bere aitaren paperen artean agertu da. Aita ere Iñaki Arregi zen, abuztuan hil da 92 urterekin.

Iñakik kontatu didanez aita horrelako papertxoak batuzalea zen, eta horietako batzuk buruz ere esateko zaletasuna zuen. Hau berau, zatiren bat behintzat, esaten omen zuen memoriaz, beste esaldi xelebre batzuekin batera, hala nola "Era de noche y sin embargo llovía..." xelebrekeria literarioa eta abar. Semearen ustez paskin nonbait jasoko zuen eta gorde "dibertitua iruditu zitzaiolako".

Orritxo beraren bizpahiru kopia omen zeuden, eta kopia horiek aitak berak eginak izango zirela uste du semeak, horretarako ohitura bazuelako, dibertigarriak iruditzen zitzaizkionak banatu ahal izateko. Orrietako batek beste paper txikitxo bat, tira mehe bat pegatuta zeukan, eta bere garaiko post-it horretan idatzita zegoen "CHIKILLANA" Amuategui". Iñakik (semeak) berak papertxoan jartzen zuen hori, paskinean bertan jasota uzteko idatzi du guri bidalitako irudian ageri den orrian. Hain zuen, "HE DICHO"ren azpian eskuz eta urdinez idatzita dagoena, "OHARRA: behean "CHIKILLANA" Amuategui".

Euskararen inguruko topikoetako batzuk, bateko euskara zela garbiena eta bestekoa berriz aldrebesa, oso presente omen zituen aitak, baina inor gutxiesteko asmorik gabe, kontu xelebreak iruditzen zitzaizkionak batu eta kontatzen omen zituen. Sozio-politikoki kokatzeko, gurasoak abertzaleak baina ez militanteak, eta fededunak eta eliza girora lotutakoak izan direla kontatu dit. Hori bai, adina kontuan hartuta, orritxoa aitaren eskuetara handik edo hemendik iritsiko zela sumatzen du semeak. Izan ere, 92 urterekin zendu berri da, 1927-28 inguruan sortua zen beraz, gerra garaian 11 urte zituela aipatu dit Iñakik, eta beraz, ezinezkoa dirudi zuzenean edo gutxienez garai berean bildu izana.

Pena du azken urteotako berriketetan orritxo hori ez aipatu izanaz, aitak nondik atera zuen jakin ahal izateko.

Oier A."

Fem de brut!

Oier Gorosabel 2020/09/02 12:30
DAUDET, Alphonse, 1890. Puerto Tarascón. Ultimas aventuras del ilustre Tartarín. Aguilar, Madrid 1961.
Fem de brut!

1890ko ediziñuan irudixa. Egilliak: Bieler, Montégut, Montenard, Myrbarch, Rosis

Umore fiña, bon vivant honek eztena zorrotza jeukan, neri gustatzen jatan estilokua gaiñera: berba zatarrik bakua, kritikatzen dogunari "berun konpittak maiteki" jaurtixaz. Taraskongo okzitandartasuna (hizkuntza eta guzti), ezagutzen ez nittuan topikuak barne (basarrittar hizkera sahietszalia), noble izandakuen jaikixa, miles gloriosus arketipoa... Pamperigouste asmakizun kulinarixua be oso sujerentia (madarizko ogixa??)

Gaizto burlatixa, aristokratak bere lekutik kanpo jartziakin barre eragitten. Inglesei be beria emonda: "La actitud digna de Tartarin cuando subio a la cubierta del Tomahawk impresiono mucho a los ingleses (...) respetaban, en efecto, sobre todo, la jerarquia, el funcionarismo y la chifladura".

Gustau jata bai, "Ocho apellidos vascos" okzitandar hau; bere sasoian bertakuei gustau etxaken beste (autoria mehatxatzeraiñok). Lehelengo eta bigarren liburua irakortzeko pendiente.

Aurkezpena

Oier Gorosabel Larrañaga, Lekeittioko Eibartar bat

 preacher.gif

Eibarrespaziuan zihar esan zesten pizkat mesianikua nintzala idaztian, eta bloga sortzerako orduan horregaittik ipiñi netsan izenburu hau. Lehen nere gauza guztiak (argitaratzeko morokuak, behintzat) hamen idazten banittuan be, espeleologixiari buruzko gauza guztiak ADES-en webgunian emoten dittudaz, eta osasun asuntoko artikulu guztiak hona mobidu dittudaz, gaika klasifikauta.

Txorrotxioak
Etiketak
ETB1 EibarOrg Info7 Zer erantzi abertzale abittaga abortuak adela larrañaga aitor_eguren aittitta raduga aldatze amarauna amuategi andoain antzerkia araba arantzazu aranzadi ardantza argentina_2005 armando gorosabel arrajola arrakala arrantza literarixuak arrate arrosa artxanda aulestia axpe_martzana azkue ipuin bilduma azpimarra banu_qasi baxenafarroa baztan belaunologia berasueta berbologia berriatua bidai_aluzinantia bilbao bittorixa buruntza comunitat_valenciana covid19 culineitor deba desempolving diaspora diego-rivera egillor eibar eibarko_lagunak ekialdeko nafarrera eraikinologia erdialdekoa erresuma_batua erronkari espeleologia etxebarria eup euskadi_irratia euskal_erria_aldizkaria euskalkia faktoria felix_arrieta galicia ganbara gasteiz gatobazka gce gernika girua gorosabel hormasprayko igotz_ziarreta ikerkuntza indalecio ojanguren info7 irabiaketa irratia irun iruñea izarraitz iñigo_aranbarri jacinto_olabe jamo_savoi jendartologia juan san martin julen_gabiria kalamua kanposantuak katarain kirola koska kuku kurik-3 kurosawel labordeta lagunologia lalolalia lamaiko_operia lasarte leintz_gatzaga lekeitio lekeitioko_lagunak lituenigo lopez maeztu magia manex_agirre maputxe markina-xemein markues matrallako mendaro mendebalekoa mezo_bigarrena mineralak musikeruak muskildi mutriku nafar_lapurtera nafarrera noain oiartzun oioioi-lur ondarroa opaybo orakulua otsagabia ozeta paisajiak parakaidistiarenak paris patxi_gallego polo_garat sagartegieta san antoni sartei sasiola sega segura slovakia tafalla2016 talaiatik telebista toribio_etxebarria umeologia urberuaga urkiola xabier_lete xoxote zaharrea zaharreologia zaragoza zer erantzi zerain zornotza zuberera zuberoa
hgikj
2002 2003 2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020