Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Garagoittiko Orakulua

Etnografia didaktikoa

Oier Gorosabel 2020/05/06 08:31
ALUSTIZA, Julian. 1985. "Euskal baserriaren inguruan". Arantzazu Frantziskotar Argitaletxea, Oñati.

Lehen, gaztetan, basarrixan bizitzia zan nere amesa; halan be, bizimodu hori ezagutu ahala, gero eta kalezaliago bihurtu naiz. Hori dala eta, liburu hau hartzian ez neban espero gauza haundirik: irakorketa diagonala egin, eta bookcrossingera bideratzia; hori zan nere asmua.

Baiña, sorpresia: interesatzen jatazen gai askori buruzko detalle argigarri asko topau dittudaz (sukaldia, garixa, errotak, errentak, gaztaiñia, gaztaia, basogintza...), benetako entziklopedia bat. Eta, neretako oso garrantzitsua: modu didaktiko, jator eta bizixan emonda. Izan be, ikerketa etnografiko askoren arazua horixe izaten da: ikerketak dirazela, lan "notarialak" esate baterako, irakortzeko latzak eta batzutan pixkat aspergarrixak. Hamen, ostera, "Aztiri"k (itxuraz Bedaio inguruan jaixotakua, eta Arantzazun fraille) euskera ezin jatorragua darabil (garbizalekerixatik zein erderakadetatik urrin), eta berez da irakortzeko atsegiña eta pizgarrixa. Ondo gordetzia merezi daben liburua, beinke! Eta askotan kontsultauko dotena.

Jauntxuen sistemako deskribapena, adibidez, kopixatzeko modukua da. Izan be, gaur egunian ondiok indarrian dago, "bezerotasun"forman. Ez bakarrik hauteskundietan gaiñera: osasun sisteman, administraziñuan, mundu akademikuan... egoten dirazen fideltasunak hobeto ulertzen laguntzen gaittu:

"Baina besteak beste, urteroko errenta zen maizterraren gurutzea eta lorra. (...) Eta hori gutxi bailitzan, maizterrak bazuen beste gurutzerik ere. Behin batez, 1976an, Bixente Astaburuaga, 88 urteko frantziskotar anaiari galdetzen nion nik:

- Akordatzen al zara, zu mutiko zinela, gurasoek ze errenta ordaintzen zioten nagusiari? (Oñatiko Azpikoa delako baserrikoa zen bera eta maizterrak ziren)

Eta A. Bixentek hitzetik hortzera:

- Akordau? Akordauko ez naiz ba! 24 ta erdi anega gari, 4 anega arto, 3 kapoe, 2 burdi egur... eta botua.

- Botoa? - nik harrituta galdetu.

- Bai, botua, elesiñotako botua bebai - berak ostera-. Bestela etxetik bota egitten eben maisterra!

Hori dela ta, Arantzazuko Azpilleta-goiko etxekoandreak, Martxeliña Madinabeitiak, aitortzen zuenez, bera Araotzen neskatila zelarik, lege bezala, entzuten omen zuen hauxe: "Botua obixaren alde emun bihar da beti". Eta maizterrarentzat nagusiaren eskuetan izaki ogia edo artoa...

Gauza bera gogoratzen digu Joxe Ramon Zubillagak ere: "Beraioko lurralde eta etxeen jabeak bere maizterrei iragarri oi zien autakuntza edo botazioak zetozen garaia, eta maizter guztiak Tolosara joan eta euren nagusiari edo aldekoari botoa ematen zioten, nagusiak agindu bezala. Beraioko lurralde guzian, ordea, bi nagusi ziran, baiña politikan ez ziran partidu batekoak, bi aldetakoak baizik. Eta maizterrak ere bi aldetara eman behar euren botoa".

Era horretara, Bedaion, auzotasun ederrean elkartuta bizi zirenak, nagusien aginduak zirela bide, botoak bereizten zituen!

Eta auzoa ez-ezik, norbera ere berezia eta puskatua atera ohi zen frankotan. Legazpi aldetik gertatua daiteke adibiderik jatorrena. Hauteskundeak izaki, diputadugai batek gogor eraso omen zion bere ezagun bati:

- Hik jo dek beltza! Nere partidukoa izan eta botoa nolatan eman diok kontrarioari?

- Bai. Oponioa orain ere zuretzat dauket, baino botoa nagusiari eman behar (ogiari, noski) - erantzun omen zion umilki baserritarrak.

Lehenik bizi, gero gerokoak!

Bazen maizterrarentzat beste bereizketa bide bat ere, eta gogoan jasotzekoa gainera. Euskaldunok aitorren seme eta odol garbiko bezala jo dugu geure burua. Eta ez dut dudarik egiten! Baina euskaldun guztiak ez ziren maila batekoak; eta besteak beste, udaletxe eta karguetan etxaldekoak bakar-bakarrik sar zitezkeen, etxe eta lurjabetza eskatzen zelako: "millares" deitzen zitzaion erderaz; ondasunak behar, noski. Gehiago oraindik. baserrietako emazteki gazteek berek ere bazuten heuren bereizketa: etxaldekoak zirenak "alaba" izena zeramaten, maizterrei ostera "neskak" deitzen zitzaien. Maizterra, maizter eta meneko beti!"

(p.35-37)

Adela, azken txanpa

Oier Gorosabel 2020/05/04 11:02
Anaiak esan zeban, eta halaxe da: ezin herixotza eibartarragua izan: azken kantua Internazionala, eta azken arnastxua "dos de mayo" egunian.

Adela Larrañaga Berasueta, gure ama. Bere omenez, zer hobeto fraille frantziskotar batek idatzittako eta gasteiztar batek musikatutako bertso ateo batzuk:

Aleluia, bai. Gaur bertan bere gorputza erreko dogu, eta errautsak maitekiro gorde harik eta agur adeitsu bat emon ahal izan arte.

Izan be, COVID-19 erdixan gertatu da aman beherakada bizkorra, pandemixiari aurre egitteko neurri gogorrenak indarrian zirala. Baiña, nere ustien kontra, suerte haundixa izan dogu eta bere azken egunetan ondo zaintzeko eta maittatuta sentitzeko aukeria izan dogu. Kontuan hartu behar dogu askok ez dabela suerte hori izan; gu behintzat asko gogoratu gara euren min sakonakin; zuek be ez egizuez ahaztu.

Eta bai: izurritia une ezin txarraguan gertatu jaku: ama lehendik zeguan gaixorik (minbizixa, metastasisakin, fase terminal paliatibuan + 90 urtekin ohikuak dirazen multipatologiak = egunero 15 bat pastilla, injekziño eta neurketa, folixo baten justu-justu kabitzen dan hoja de ruta korapillotsua). Justu oin dala urtebete etxeko langille bat kontratau behar izan genduan, Silvia, egunero 3 orduz; ordurarte bakarrik bizi izan zan. Bere egoeria kaskartzen juan ahala, orduak be halaxen, eta azken hillietan Silvia astian 5 egun / 24 ordura ipiñi behar izan genduan. Egoera horretan zeguan, izurrixa allegau zanian: bixak etxian konfinatuta geratu ziran (Silviak asteburutan Bilboko beste emakume bat zaintzen zeban, eta hara juan ezinda amakin geratu behar izan zan, ez dakalako etxe propiorik).

****DISCLAIMER****

Zure guraso zaharrendako erregalorik onena

Iñor bere gurasuak zaintzeko pertsona baten billa badabil, bihotzez gomendatzen detsagu Silvia. Urtebetian behin eta barriro frogatu dau bere balixua, zintzotasuna, prestutasuna, adeitasuna eta gozotasuna; egoera onetan, zein txarretan; eta bai amak, bai bere seme-alabak esker onak baiño ez dakagu berendako; behargiña baiño gehixago, laguna bihurtu da; eta hori dala eta, alarma egoeria pasau arte edo/eta lanpostu barrixa topau arte, gure etxian geratuko da. Edozein herrittara mobitzeko prest dago.

Interesa izan ezkero, kontaktau nerekin.

****DISCLAIMER***

Adela Larrañaga argentinarra, eta Silvia Marulanda kolonbiarra. Lehelenguan 90. urtebetetze egunian, bigarrenak egindako erregalua eskutan.

Lehenguakin jarraittuz, zenbat bidar esan dogu "eskerrak Silviakin egon dala"; bestela, ama etxian bakarrik eta bisittau ezinda, gure buruhausteak askoz be haundixaguak izango ziran. Halan be (beti dago "halan be"ren bat) konfinamendu egoeriak kalte haundixak eragin dittu pertsona nagusixen gaiñian, eta gure aman kasua horren adibide esanguratsua izan da. Ez dalako bardiña kalian ibiltzia, eta pasilluan gora eta behera jardutia; halan, abrillan 6xan, oiñez zoiala mokorra hautsi jakon. Mendaroko ospittalian, ez dakat azaldu beharrik zein zan egoeria: astronautaz jantzittako osagilliak, eta gaixuak bakarrik. 90 urteko pertsona batendako egoera ezin perturbadoriagua.

Ordurako hillabete nenguan ama ikusi barik, eta bere historia klinikua ezagututa, total sinistuta nenguan ez nebala barriro ikusiko. Oso gauza gogorra neretako: aitta ezin izan neban ikusi, hil aurretik (Valentzian ikasten nenguan) eta neretako oso garrantzitsua zan aman onduan egotia. Azken astiak tentsiño eta kezka haundikuak izan diraz: amakin bideokonferentziaz pozik eta alai agertu nahi, baiña barruan korapillua. Eta ezin ezer egin! Osagillien egoeria ulertzen neban, eta esan beharra dago ondo baiño hobeto zaindu dabela ama; baiña eginahalak eginda be, ama batek bere etxekuekin nahi.

Aste honetan, bere prozesuan bizkortze bat detektau zeben baiña; eta, detalliak detalle, kontua da begi bistan geldittu zala ama bere bizitzako azken egunetan zeguala. Eta, osagillien iritzixakin bat etorritta, aukeratu behar izan genduan: edo ospittaleko tratamendu bikaiñakin segidu, baiña bakarrik; edo etxera etorri, tratamendu ez hain bikaiñakin jarraittuz, baiña gurekin. Danok ados egon giñan bigarren aukeria zala onena.

Halan, gizarte-langillian laguntziakin, etxia Gipuzkoako Foru Aldundixak lagatako materialekin prestau genduan (ohe artikulaua, aulka gurpilduna...) eta eguenian, abrillan 30ian, ekarri zeben dana. Ama etxian sartziakin batera, horren eragin "analgesikua" begibistan geldittu zan: gorputzez nekatuta zeguan, baiña buru argiz, eta bere barruan poza zan nagusi; gehittu horri seme-alabak bertan izatia. Emakumia zeruan zeguan. Egoeria gogorra izanda, oso ederra izan zan. Zenbat bidar esan zeban, egun horretan eta gabaz (gaba txarrak pasatzen zittuan-eta, lo gitxikuak): "Ze ondo nagon", "Zenbat maitte zaittuedan", "Ze pozik nagon"... 60 bidar? 100 bidar? Hortik-hortik. Eta gu onduan, berari begira, eskutik, besotik, gerrittik eta burutik helduta, eta laztanak emon eta emon. Ikusten genduan-eta, horrek beregan zekan eragin mesedegarri haundixa. Benetako analgesiko indartsua.

Prozesua aurrera zoian, halan be, eta egun horretan bertan ikusi genduan, bezperan ez bezala, ya ez zala jarritta egoteko gai; eguen arratsaldetik aurrera ez zan ohetik jaikiko; eta gabian, esandako legez, estualdixak, sofokuak etabarrak ez zetsen pakerik emoten (eskerrak opioide bedeinkatueri, gaixo bat min barik eta trankil mantentzeko ahalbidetzen dabenak). Goizaldeko 05:30ak izango ziran guardian genguazenok herixotza-trazak hartzen hasi giñanian; 7:30ak aldian, berakin berba eginda (artian konszientzia pixkat gordetzen zeban: justu baietz-ezetz buruakin esateko laiñ) galdetu netsan ia beste seme-alabak ikusi nahi ete zittuan, eta baietz. Abisua pasauta, anai-arrebak han bildu giñan; loibei be abisatzia erabagi genduan, amamari azken agurra emoteko. Orduan etorri zan sorpresia.

Izan be, horixe kontau nahi dot, aittitta-amamak bizirik dozuezenok, konturatu zaittiezen zelako garrantzixa dakazuen eurendako.

Kontua da, lehelen loiba zaharrenak agertu zirala, Ariane eta Jon. Amak 54 urte zittuan jaixo ziranian, eta denpora asko pasau dau eurekin. Nik, amak eskuak jasotzeko indarrik ez zekazenez, bere onduan ipiñi ziranian eskuak hartzeko esan netsen, eta euren arpegittik, burutik pasatzeko. 30 urtetik gorakuak izan arren, gure gurasuendako eta gure aittitta-amamendako beti izango gara umiak: eta umiei eskua burutik, arpegittik pasatzia guraso eta aittitta-amama batek umiari maittasuna adierazteko modurik esanguratsuenetako bat da. Neuk be asko egin dot hori, ama hilzorixan egon dan artian: bere esku indarrik bakua hartu, eta nere arpegittik, nere burutik pasau. Guapo, guaapo, guaaaapo.

Eta horretan hastian, ama berpiztu egin zan. Ez dakitt nungo zoko ezkututik etorri zan indarra. Eskuak, besuak, bere kontura mobitzen hasi eta gogor estutzen, eta besarkatzen hasi zan. Baitta berbetan be: euren loiba maittiak onduan sentitzian igarri zeban poza hain haundixa izan zan eze, ordu erdiz, eurekin barriketan jardun zeban, pozarren. Eguneroko bizitzako gauzak komentatzen-eta. Ingurukuak, aho zabalik, kantatzen be ikusi genduan: maiatzan 1a zala eta, zer eta Internazionala! Horixe izan zan bere azken kantua.

Ostian, bizitzian legiak bere bidera ekarri zeban, eta pixkaka-pixkaka lehengo modura gelditzen juan zan. Baiña danok konsziente izan giñan oso gauza pozgarri eta harrigarrixa bizi izanaz; bai ingurukuok, bai amak berak. Eguardirako, konszientzia arrastuak be desagertu ziran; eta hortik aurrera, gure beharra heriotzerako bidia erreztia izan zan. Maiatzan 2xan 18:35ak arteko ordu luziak aparteko kontakizun bat mereziko leukie, baiña gaurkoz nahikua; miñik edo estuasunik pasau barik izan zala, eta maittasunez inguratuta, hori da garrantzitsuena.

Laburpena:

  1. Ospittaletan isolatuta (izan) dirazenekin gogoratu.
  2. Silvia kontratau nahi badozue, bizkor ibilli (laster kendukotsue bestela).
  3. Loibak, aittitta-amamekin asko egon.
Aurkezpena

Oier Gorosabel Larrañaga, Lekeittioko Eibartar bat

 preacher.gif

Eibarrespaziuan zihar esan zesten pizkat mesianikua nintzala idaztian, eta bloga sortzerako orduan horregaittik ipiñi netsan izenburu hau. Lehen nere gauza guztiak (argitaratzeko morokuak, behintzat) hamen idazten banittuan be, espeleologixiari buruzko gauza guztiak ADES-en webgunian emoten dittudaz, eta osasun asuntoko artikulu guztiak hona mobidu dittudaz, gaika klasifikauta.

Txorrotxioak
Etiketak
ETB1 EibarOrg Info7 Zer erantzi abertzale abittaga abortuak adela larrañaga aitor_eguren aittitta raduga aldatze amarauna amuategi andoain antzerkia araba arantzazu aranzadi ardantza argentina_2005 armando gorosabel arrajola arrakala arrantza literarixuak arrate arrosa artxanda aulestia axpe_martzana azkue ipuin bilduma azpimarra banu_qasi baxenafarroa baztan belaunologia berasueta berbologia berriatua bidai_aluzinantia bilbao bittorixa buruntza comunitat_valenciana covid19 culineitor deba desempolving diaspora diego-rivera egillor eibar eibarko_lagunak ekialdeko nafarrera eraikinologia erdialdekoa erresuma_batua erronkari espeleologia etxebarria eup euskadi_irratia euskal_erria_aldizkaria euskalkia faktoria felix_arrieta galicia ganbara gasteiz gatobazka gce gernika girua gorosabel hormasprayko igotz_ziarreta ikerkuntza indalecio ojanguren info7 irabiaketa irratia irun iruñea izarraitz iñigo_aranbarri jacinto_olabe jamo_savoi juan san martin julen_gabiria kalamua kanposantuak katarain kirola koska kuku kurik-3 kurosawel labordeta lagunologia lalolalia lamaiko_operia lasarte leintz_gatzaga lekeitio lekeitioko_lagunak lituenigo lopez maeztu magia manex_agirre maputxe markina-xemein markues matrallako mendaro mendebalekoa mezo_bigarrena mineralak musikeruak muskildi mutriku nafar_lapurtera nafarrera noain oiartzun oioioi-lur ondarroa opaybo orakulua otsagabia ozeta paisajiak parakaidistiarenak paris patxi_gallego polo_garat sagartegieta san antoni sartei sasiola sega segura slovakia tafalla2016 talaiatik telebista toribio_etxebarria umeologia urberuaga urkiola xabier_lete xoxote zaharrea zaharreologia zaragoza zer erantzi zerain zornotza zuberera zuberoa
hgikj
2002 2003 2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020