Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Garagoittiko Orakulua

Mantekaua vs. Bainilla (disambigüeishion)

Oier Gorosabel 2015/05/31 21:13
Isildu gaittian danok: Izozkixen Jaunak berba egin dau.
Mantekaua vs. Bainilla (disambigüeishion)

Irudixa: Johnny Gabiola

Iñoiz hamen aittatu dot Lopez laguna, Kantabriatik etorrittako mantekau egille estirpe famosokua (“La Eibarresa”kuen jatorri berekua, oker ez banago). Gaur aspaldiko zalantzia argittu desta; neri bakarrik ez, bere azalpenak “eibartarrak” zerrendan eta sare sozialetan be iñoiz honi buruzko eztabaidan ibillittakuendako be balekuak diraz.

Aurrekarixak:

  • Alde batetik  gutako askondako (Eibarren eta Lekeittion bai, barrena), “mantekaua” eta “izozkixa” bat dirala.
  • Bestekaldetik, izozkixen artian sabore desbardiñak dagoz, eta euretako bat “mantekaua” izaten da (neuk, gaur arte, “bainilla” saborian sinonimotzat nekana).
  • Honek esan gura dau guretako batzu, hori eskatzeko, “mantekauzko mantekaua” esaten dogula.

Ba, gaur Lopezek gauza batzu argittu destaz. Uste dot nekez topauko dala berak baiño autoridade gehixago dakan informatzaillerik, beraz bere berbak hamen kopixauko dittudaz etorkizunerako (oharra: nahastia ekiditeko, izozkixa adierazteko izozki berbia erabillikot; mantekaua diñotenian, barriz, saborian gaiñian nabil):

  • “Mantecado” adjetibuak ez dau txarri koipian erabilpena adierazten, arrautza gorringuana baiño. Bardin izen horretako pastetan, zein izozkixetan. Antxiñan, gorringua erabiltzen zalako estabilizante lez (hau da: oria “oratu” ahal izateko).
  • Antxiñan, jeneralian izozki klase bakarra egoten zan: mantekaua, hain zuzen be. Horregaittik, familia batzutan ondiok izozkixa eta mantekaua sinonimuak dira.
  • Mantekau klasikua prestatzeko errezetan batez be esnia, arrautzia eta azukria erabiltzen dira, eta bainilla pizkatxo bat: usaiña emoteko bakarrik. Lopezek diñuanez, azken fiñian, natilla klasikua izozki forman aurkeztia da.
  • Bainillazko izozkixa egitteko, barriz, bainilla kantidade haundixagua biharko litzake, eta arrautzarik ez. Hau da: mantekauaz aparteko beste izozki guztiak prestatzeko erabiltzen dan oiñarri lakteo berari, bainillazko gustua gehitzia. Jeneralian aroma kimikuak erabiltzen dira, eta batzutan bainilla naturala; baiña azken hau oso garestixa urtetzen da. Lopezek ez dau prestatzen.

Beraz: Lopezek dendan eukitzen dabenari, teknikoki, mantekaua esan bihar jako, bainilla biharrian. Zer gertatzen da? Jente askok, kanpotarrak batez be, “vainilla” esaten detsela. Eta, jakiña... ez da danekin diskutitzen hasiko, gizona! ;-)

Azalpena idatziz jartzeko modukua begittandu jata, eta hamen dakazue.

Uste dot, hau jakinda, Lekeittiotik gabizenak estimaziño gehixago hartuko detsagula betiko mantekau zaharrari, bere arrautzatxuekin! Nik behintzat bai! Domeka honetan jangot bat ;-)

Lopez Izozkiak

120 lagun Laka Erdin

Oier Gorosabel 2015/05/30 08:18
Lasarte Garalde anaiak, zelako organizaziño ahalmena. Eurei esker, Jesus Marin gidaritza bikaiñakin, egun ederra baiño ederragua pasau dogu Laka Erdin.
120 lagun Laka Erdin

Ondarruko zubi txapuza horretan

Neretako, “baño de multitudes” benetakua. Hainbeste senide bapatian ezagutzia, gauza oso atsegiña izan da baiña oso estresantia bebai. Izardi ederrak bota dittudaz, jentiak arbolari gehittutako adar moltzo pillua jaso nahixan. Jesus Marin laguntziakin, egun horretako argazkixetatik hainbat eta hainbat arpegi gehittu detsadaz arbol genealogikuari. Hamen dago, eguneratuta http://eibar.org/blogak/orakulua/lasarte bakotxak deskargau eta etxian inprimitzeko moduan.

Roko eta Martin slovakiarrak ahozabalik izan dira denpora gehixenian: jentian abegikortasunakin, jateko gozo eta ugarixakin, sardaua erateko protokoluakin, harekin eta honekin euskeraz eta inglesez berba egitteko aukeriakin, Txomin eta Nagoren kantaldixakin, jentiak emon daben segidiakin (zenbat kantu! zenbat dantza!), zahar eta gaztien martxa eta alaittasun arrolladoriakin...

Laka Erdi 2015

Han zebizen Fernando Agirre eta Txordo be: familixakuak izan barik be, historiazale onen modura, halako gauzekin pozten dirazenak, laguntzeko prest agertuta. Txordo ibilli da, hain zuzen be, Jesus Mari Toxuri laguntzen datu genealogikuen aurkezpenian; berak erabillittako programia (Ages) gustau jata: FamilyTreeMaker baiño sinpliagua izatez, baiña honek ez dittuan aukerak dittuana (informiak adibidez; ondo begiratzeko pendiente dakat).

Laka Erdi 2015

Halakuetan euforixia eta asmo onak ugari izaten dira; gero gatxa izaten da, ostera, jarraipen bat emotia gauziari (jentia zahartzen doia... halako bazkarixak antolatzia krissston biharra da...). Halan be, horrekin larregi kezkatziak ez dau merezi: egindakuak eginda dagoz, danok poz-pozik amaittu genduan egun hori, ¿bai? eta horixe da benetan balixo dabena. Gaiñera, Aitor Lasarte Urresti bertsolarixak egunan laburpen gogoangarri hau laga zeskuan, 1796tik 2015 arteko etenbako lerro zirraragarrixa irudikatzen:

 

Piño puntetan

Adarrez adar

Ta beherutz ezin begiratu

Baina begiratu beharra dago

Gure familia hor dugu

Mateo izeneko gizonak

Harek bai dauka meritu

Gaur danok hemen batu gara ta

Behar deutsagu eskertu

Eskerrik asko Mateo zuri

Lasartetarrak gara gu


Egun horretako argazki gehixago hamen.

Laka Erdi 2015

Korbatxik eta medovina

Oier Gorosabel 2015/05/24 15:28
Diasporako euskaldunekin hartuemonian ibiltzian alderdirik onena horixe dok: giza harremana. Euskalherrixa oso txikixa da, eta mundua oso zabala. Hala, hor zihar sakabanatutako euskaldunen ondorengo edo lagunak sarri agertzen jakuz hamen, eta bisittatxua egitten deskue.
Korbatxik eta medovina

Korbatxik eta medovina

Aste batzu da Roko eta Martin hamen izan doguna, eta gure zaletasunak ezagututa, ekarri leikien gauzarik onena ekarri deskue: Slovakiako esneki gozuak, eta ezti-ura.

Gure umien laguntxo eta konpadrien artian arrakasta haundixa izan dabe korbatxik tipoko gaztaitxuak. Etxian egindakuak, gaiñera: guk han egin genduan bidaitxuan, kamiño baztarrian saltzen zeguazen basarrittarrei hartu gentsenak. Gazi-gazixak, batzuk keetuta eta beste batzu keetu barik.

Bestalde, medovina gozua: nere moduan “emakume-edarixak” gustatzen jakunondako ederra, pelikulak ikusten gagozela erateko-eta. Han genguazela, txarto ulertu netsan Rokori: oiñ arte eztiz gozatutako mahats-ardaua zala pentsatzen neban, baiña ez. Oiñ, argazki hau komentatzeko info billa nabillela, hidromiel tipoko edarixa dala konturatu naiz. Moskatela baiño pizkat mingotxagua. Slovakian sutan berotuta eran genduan, hamen barriz, tenperatura naturalian eratia gomendatu zeskuen (hotza behintzat ez).

Tomaxen berbetia. Statu quo.

Oier Gorosabel 2015/05/23 07:48
Bigarren umiari lehelenguari baiño harreta gitxiago eskintzen jakola dakat entzunda. Biharbada horregaittik, asko erreparatzen nabil Tomaxen nundik norakuei. Dagoeneko mutil haundixa da (4 urte mando!) eta, jakiña, gero eta hobeto egitten dau berba.
Tomaxen berbetia. Statu quo.

Tomax, umien bazkarixetako leku naturalian.

Tomaxen berbetiari erreparauta, halan be, gauza batzu nabarmendu neikez:

  • Urtebete eskolan pasau eta gero be, ondiokan naparrerazko gauza askori eusten detsa, ama oiartzuarran eragiñez, jakiña: “haltu lugu” (ondiok ez daki “R” ondo ahoskatzen), “ogiya”, “oila” (ohera).
  • Halan be, eskolatik ekarrittako lekittarrakin be nahastatzen hasitta dago (“emoten lu”) baiña gauza batzu zihero lekittarrez be esaten hasitta dago (“emon lotsat”), eta denpora gitxi barru hori izango da nagusi, naparrerazko detalleren bat mantenduta, Nikon modura. Eibartar detalleren bat be esaten dau (“peolia”), baiña tira, anekdota hutsak dira ;-)
  • Anai zaharrenan modura, Tomax be hasiera-hasieratik berben letrak lekuz aldatzen hasi zan. Nahiz eta pizkaka gauzia menderatzen doian, ondiokan bere “sen” horrek indarra daka eta zera esaten dau, adibidez: “Yaro Makin” (Rayo McQueen), “kallaberua” (kaballerua), “ijamika” (imajina), “Esponpeja”, (Bob Esponja)...
  • Baiña, orokorrian, bere ume hizkerian progresiñua begibistakua da. Mutiko haundixa da, esan doten moduan, eta bere esanetan, txikittan ordenadoriari “onalolia” esaten zetsan baiña oiñ “olenalolia”; eta oRdenadoRia esaten dala esaten detsagunian, berak zuzendu egitten dau eta “ondlondenadolia” esatia lortzen dau ;-)

Bidasoako Bataila

Oier Gorosabel 2015/05/19 09:50
Espainiako Guda Zibilaren hasieran, Irungoa batailarik garrantzitsuenetakoa izan zen, “Bidasoako Bataila” legez ezagutu zena. Oraindik orain, orduko borroken arrasto ugari ikus daitezke inguruko mendietan. Artikulu honetan nik aurkitu ditudanak erakutsiko ditut (askoz ere gehiago badaude), 1936ko gerra-mugimenduen testuinguruan kokatuz. Argazki gehienak 2006 ingurukoak dira.

Euskadik zeuzkan aunitz larrosa

t'abetako bat zan Irun:

bañan inbiriz zegon anaiak

beretzako nai omen zun

(Euskadiko Lorea, Juan Ezenarro, 1937-III)

 

Artikulu hau PDF-ean inprimatu dezakezu mendira eramateko

 

Muga ikusezinaren ondorioak

 Ezin dut ziur esan muga politikoek nori egiten dien mesede; bai, ostera, bere kaltetu nagusienak muga ondoko herriak izaten direla. Estatuen arteko gerretan, mugako pausu hauek helburu militarra izaten baitira, eta bertan gertatu izan dira triskantza gogorrenak.

0707 txoritokieta 02

Txoritokietako gotorlekua. 1936an erabilitako beste hainbat gaztelu bezala, XIX gizaldian eraiki zen Espainiako muga zaintzeko (1)

Hala gertatu zitzaion Iruni Espainiako Guda Zibilean. Hasiera-hasieratik, matxinatuen helburu nagusienetakoa mugak kontrolatzea izan zen; berdin-berdin Errepublikako Gobernuarena ere. Izan jendea ebakuatzeko, izan armak eta hornigaiak ekartzeko... “atzerrira” irtetzeko ateak libre izatea oso garrantzitsua izaten da gerra egoeretan.

Jakinekoa denez, 1936ko uztailaren 18an, Espainiako exerzitua Errepublikaren kontrako kolpea ematen saiatu zen, eskubiko hainbat eragileren laguntzarekin. Halere, ez zitzaien ondo atera: errepublikazaleak uste baino erresistentzia gehiago jarri baitzuten, eta egun gutxiko kontua izan behar zuena, 3 urteko Gerra Zibila bihurtu zen.

Kolpe militarraren unea

Matxinatuak urrun izan arren, Irunen mugimendua kolpe militarretik 3 egunera hasi zen: Frente Popularrak uztailaren 20an hartu zuen agintea herrian, eta miliziano taldeek (Cristobal) kotxe partikularrak eta armak errekisatzen hasi ziren. Beste herrietako defentsan partehartzera ere joan ziren milizianoak: adibidez, uzt 22an, Beratik ihes zetozela, irundarrez osatutako komando batek (Ortega) Endarlatsako zubia lehertu zuen. Honen ondorioz, golpistek (Beorlegi) ezin izan zuten Bidasoa zeharkatu eta Aiako Harrirantz desbideratu behar izan ziren.

endarlatsa-00-1930

Endarlatsako pausua 1930 inguruan (Bera aldetik ikusia)

Golpisten aurrerakada, halere, oso bizkorra izan zen. Uztailean bertan, Gipuzkoara 3 lekutatik sartzeko maniobrak hasi zituzten: Aralarretik (Bikondoa), Aiako Harrittik (Beorlegi) eta Leitzatik (Tutor). Horrela, errepublikazaleek Irun babestea lehenetsi zuten: uzt 28rako 300 karabinero eta 3.000 miliziano konzentratuak zeuden bertan.

Pausua babesteaz gain, haren inguruan “Bidasoako Frontea” osatzen hasi zen: errepublikazaleak Santiagomendi, Agerreburu (Santa Barbara), San Marcos eta Txoritokietako gotorlekuetaz jabetu ziren, bertako kainoiekin matxinatuen aurrerakada gelditzeko asmotan. Gainera, lokomotora bat blindatu zuten: metrailadore birekin ekipatua, Endarlatsarainoko bidea zaintzen jarri zuten etengabeko joan-etorrian.

endarlatsako-torria-10

Endarlatsako pausua 2006an (Oiartzun aldetik ikusia)

Uztailaren 28ko goizaldean, golpistek Orereta eraso zuten. Oiartzun eta Hernani arteko errepidean tiroteo latza izan zen, eta golpistek (Vilanova) Oreretako Agustinetako auzoraino ailegatzea lortu zuten, San Marcosetik zetozen kainoikaden azpian. Errepublikazaleek (Perez Garmendia) Oreretako lehenengo etxeetan jarri zuten defentsa lerroa, kanpandorrean metrailadore astuna kokatuz. Egun berean, beste kolumna golpista batek (Garcia del Pino) Arkaleko haitzak hartu zituen, Irungo errepidearen gaineko talaia garrantzitsua. Biharamunean, errepublikazaleek Agustinetan gotortutako golpistak eraso eta Oiartzunera atzerarazi zituzten, 6 errekete harrapatuz eta afusilatuz.

agustinak-00-auzotik kanpantorria

Oreretako kanpandorrea, Agustinetako auzotik ikusita

Abuztuaren 1ean, Orereta eta Irungo milizianoak (anarkistak) Aiako Harria hartzeko maniobretan hasi ziren, Oiartzungo golpisten hornikuntza oztopatzeko helburuarekin. Goizean esploratzaile talde batek (Likiniano) golpistekin topo egin zuen Endaran; tiroketa baten ostean errekete bi harrapatu zituzten. Atzetik etorritako milizianoek Pikoketa, Erlaitz (2) eta Pagogaina hartu zituzten, gotortze lanei hasiera emanaz.

Horrela, errepublikazaleek Irun babesteko lerro bikoitza eratu zuten: lehenengo lerroa Pikoketa, Erlaitz, Gorostiaga, Pagogaina eta Endarlatsako posizioek osatu zuten (3). Bigarrena, berriz, Elatzeta eta Zubeltzuko gotorlekuak eta Punttako karabinero kuartelak. Azken posizioa Aldabe mendia (San Marcial) izan zen, Irun inguruan.

pagogaña 01

Pagogainako gotorlekuaren arrastoak

Abuztuaren 2an, golpistek Oiartzun ebakuatu behar izan zuten: batetik San Marcosetik zetorren etengabeko bonbardaketarengatik (egun horretan bakarrik 200 inpaktu jaso zituzten); eta bestetik, milizianoek (anarkistak), Aiako Harriaz jabetuta, Nafarroatik zetorren hornikuntza bide nagusia moztu zietelako.

san marcos 00

San Marcos gotorlekua

Abuztuaren 4ean, Aiako Harriaren inguruetan, iluntzean, milizianoen (Likiniano) eta golpisten (Garcia Valiño) arteko borrokak hasi ziren. Gau osoan jardun eta gero, biharamunean errepublikazaleek hildako bat eta hiru zauritu zituzten; golpistak berriz, bi hildako. Goizaldean milizianoak Aiako Harriko gotorlekuetara erretiratu ziren.

Biharamunean arratsaldez erreketeek Aiako Harria eraso zuten. Borroka gogorrak bi orduz luzatu ziren, eta iluntzean miliziano gehienak (anarkistak) Pikoketarantz erretiratu behar izan ziren, Aiako Harrian erreten suizida bat geratu zelarik (Roque). Abuztuaren 6ko egunsentian, milizianoak Pikoketara ailegatzen ari zirela, Aiako Harrian tiroteoak eta eztandak entzun zituzten; handik gutxira tontorrean bandera hori-gorria ikusi zuten.

.

Aiako Harria, Pikoketatik ikusia

Abuztuaren 8an, errepublikazaleen bonbardaketarengatik, Oiartzungo golpistek aginte postua ere Udaletxetik Ergoien auzora aldatu behar izan zuten (honen eraginez baja asko izaten ari baitziren; 39 zauritu eta 9 hildako aste honetan bakarrik). Gainera, matxinadaren buruek (Mola) eskualdeko indar golpisten arduraduna (Beorlegi) gaztigatzen ari ziren, Irun lehen bait lehen hartzeko.

Matxinadaren lehenengo aste haietan errepublikazaleek antolakuntza falta eta arma gabezia handia izan zituzten; hori aprobetxatuz, golpisten indarrak erraz aurreratu ziren Gipuzkoa hegoaldetik zehar, Donostia eta Irun inguratuz.

360815frontea

Irungo defentsei eginiko lehen erasoa Pikoketan izan zen, abuztuaren 11ko egunsentian. Berez, Pikoketakoa Erlaitzeko gotorlekuko postu aurreratua zen bakarrik; 15 miliziano baino ez zeuden bertan (komunistak, karabineroak eta EAJ-ko bat). Golpistek ez zekiten hori halere, eta indar guztiekin jo zuten posizioaren kontra (3000 soldadu, Ortiz de Zaratek gidatuta). Miliziano gehienak borrokan hil ziren, eta bizirik gelditutakoak bertan afusilatu zituzten, ihes egitea lortu zuten bi salbu. (4)

pikokarate 09

Trintxera Pikoketan

Pikoketa hartu ostean, golpistek Gorostiagako posizioraino jarraitu zuten (Los Arcos), baita Aiako Harriraino ere (Hermosilla), erresistitzen ari ziren azken errepublikazaleak menderatzeko aginduarekin.

gorostiaga 00-gorostiagatik bidasoa

Bidasoako bokalea, Gorostiagako trintxeretatik

Hurrengo eraso nagusia abuztuaren 16an etorri zen. Aireko Palazioko errepidearen aldetik, Ortiz de Zarateren golpistek Erlaitz eraso zuten. Borroka gogorra izan zen: golpisten aldetik 70 baja izan zituzten, hoietatik 12 hilda –tartean Ortiz de Zarate bera-.

Erlaitzeko gurutzea
GureGipuzkoa.net | Erlaitzeko gurutzea © CC BY-SA: Ojanguren, Indalecio

agozarreta 00

Ortiz de Zarate koronelaren omenezko gurutzea, zauritu zuten lekuan. Atzean, Erlaitzeko tontorra. Ojangurenen argazkia 1943koa da, nirea 2006koa.

Arratsalderako, halere, golpistak Erlaitzeko gotorlekuaz jabetu ziren. Mendi honen kokapen estrategikoarekin, Pagogaina eta Endarlatsako posizioak leku txarrean gelditu ziren; lehenengoa borrokarik egin gabe ebakuatu zuten. Endarlatsan, berriz, goizaldetik 250 errepublikazale golpistei (Pelegri eta falangistak) aurre egiten ari ziren; Erlaitz galdu zela jakin zutenean, tren blindatura igo eta posizioa utzi zuten.

Modu honetan, Bidasoako defentsako lehenengo lerroa deuseztaturik geratu zen.

erlaitz 00 -erlaitzetik aiako harria

Erlaitzeko eraikinak; atzean, Aiako Harria

Golpistak Irunera hurreratzen ari zirela eta, errepublikazaleek berrantolatu behar izan ziren. Indarrak Guadalupeko gotorlekuko kainoi-baterien tiropeko eremuan pilatu ziren: Puntta, Aldabe, Zubeltzu eta Elatzetan.

Abuztuaren 17an alde biek bonbardaketari ekin zioten: errepublikazaleek artilleria eta abioiekin, eta golpistek itsasotik “Almirante Cervera” kruzeroa eta “España” akorazatuarekin (5). Une honetan Bidasoako frontean 6000 bat soldadu zeuden aurrez aurre, 3000 alde bakoitzean.

elatzeta A 00

Elatzetako gotorlekua

 Abuztuaren 19an borroka latzak izan ziren Elatzeta eta Zubeltzun. Garcia Valiño eta Los Arcos golpistek eraso zuten, baina errepublikazaleek erantzun gogorra eman zuten: egun osoan zehar posizioak behin eta berriro eskuz aldatu baziren ere, iluntzean golpistek atzera egin behar izan zuten helburua lortu barik. Egun honetan, parte txarrena presoek eraman zuten: golpistek 20 gatibu afusilatu baitzituzten, eta errepublikazaleek berriz 13 (Guadalupen, bezperan jasandako itsas bonbardaketei erantzun bezala). Halere, abuztuaren 22an Almirante Cervera eta España ontziek berriz ekongo zioten Guadalupe bonbardatzeari.

guadalupe 00

Guadalupeko gotorlekua

Abuztuaren hirugarren astean, golpistek arazoak izan zituzten Andoain inguruko errepublikazaleekin: Buruntza mendian erresistentzia handia egiten ari ziren. Egun hoietan, Irunen, golpistak airez erasotzen hasi ziren, hurrengo egunetan etorriko ziren azken batailaren aintzindari.

Izan ere, gorago aipatu dugunez, Irun lehenetsitako helburu estrategikoa zen, golpista zein errepublikazaleendako. Horrela, erasoak eta defentsa gero eta bortitzagoak bilakatu ziren; abuztuaren 26an golpistek hiru puntutatik batera eraso zuten Irungo defentsa lerroa: Puntta (Galvis), Aldabe (Los Arcos) eta Elatzeta-Zubeltzu (lejionariek). Hiruretan atzera egin behar izan zuten.

Cuartel de Puntxas (Pucha)
GureGipuzkoa.net | Cuartel de Puntxas (Pucha) © CC BY-SA: Ezezaguna puntta 00

Punttako karabineroen eraikina; eta leku bera 2006an

Esan behar da espektakulu triste honek jakinmin handia sortu zuela mugaz bestaldean. Arrazoi diplomatikoengatik, gerran ari zirenek ezin ziren Lapurdiko lurretan sartu, ezta alde hartara tiro egin; horrela, 1936ko abuztu honetan, Biriatu, Behobia eta Hendaiako mendietan milaka eta milaka ikusle pilatu ziren teleskopioekin borroken nondik-norakoak jarraitzeko.

erlaitz 27

Erlaitzeko tontorretik Lapurdi: Xoldokogaina, Faalegi eta Ibardin inguruko mendiak

Biharamunean, abu 27, golpistak (Beorlegi) berriro saiatu ziren Iruneko defentsa hausten, oraingoan ere alferrik. Bezperako eta gaurko borroken ondorioz, erasotzaileek 100 baja izan zituzten, 25 hildako barne.

Hurrengo egunek lasaitasun pixkat ekarri zuten Bidasoaldera, golpistek indarrak Andoain aldera bideratu behar izan baitzituzten. Buruntzako borrokak luze iraun zuen: zazpi egunez jarraian. Behin posizioa menpean hartuta, matxinatuek indarrak berrantolatu zituzten, Irun erasotzeko estrategia aldatzeko. Abuztuaren 29an frontea lerro honetan egonkortua zegoen: Oiartzun - Andoain - Tolosa - Alegia - Ordizia - Beasain.

irun - ebakuazioa

Irungo ebakuazioa. 1936ko haur baten marrazkia (6)

Golpisten azken erasoa abuztuaren 30ean hasi zen: artilleria astuna eta hegazkinak erabiliz, Irungo herri kaskoa bonbardatzen hasi ziren. Honek biztanleen ihes masiboa ekarri zuen: egun horretan bakarrik 2000 pertsonatik gora pasatu ziren Lapurdi aldera. Ironikoki, iheslariak armaz betetako lau bagoiren ondotik pasatu behar izan ziren (gogoratu errepublikazaleen arazo nagusietako bat arma gabezia zela). Garraio hori Kataluniatik Euskal Herrira trenez bidalia zen, baina Frantziako Gobernuak gerran esku ez hartzeko ituna zela eta, bahitua zuen (kontuan hartu ordurako Alemania ez zela ituna errespetatzen ari: matxinatuek haiek bidalitako Panzer ibilgailuak eta Junker hegazkinak erabiltzen ari ziren).

zubeltzu  D 04

Zubeltzuko gotorlekua

Irailaren 1ean golpistek Irun bonbardatzeari berrekin zioten. Gainera, Los Arcosek Zubeltzu eraso zuen; birritan saiatu arren, ez zuen posizioa hartzea lortu eta eguerdirako 100 baja zituen. Arratsaldez –beti artilleria eta hegazkinen bonbardaketapean- berriro saiatu ziren; nahiz eta tontorra hartzea lortu ez, mendi hegietako baserri batzutan gotortu ziren eta, hortaz gain, Bunaniarri eta Bianditzen kokatu ziren Beorlegiren kolumnaren ezkerreko aldea babesteko. Golpisten bajek ez zuten etenik izan: egun amaierarako hildakoak 20 ziren, baina errepublikazaleek posizioei eutsi zieten.

Counter-Attack_before_losing_Irún_to_the_Rebels,_Irún_-_Google_Art_Project

Errepublikazaleak kontraerasoan, Irungo borroketan. Argazkilari ezezaguna.

 Irailaren 2an hautsi zuten golpistek Irungo defentsa lerroa. Etenik gabeko bonbardaketaren azpian, lejionariek Aldabe mendia eraso zuten. Goizaldean hasita, muinoan egindako trintxera mailakatuak banan-banan hartzea lortu zuten, baja ugarirekin. Errepublikazaleak (anarkistak eta meatzari asturiarrak) San Marcialen gotortuta zeuden; behin munizioak agortuta, dinamita eta harriak jaurtitzen aritu zitzaizkien.

Golpistak iluntzean jabetu ziren San Marcialeko posizioaz. Egun berean, Puntta eraso zuten eta aurrez aurreko borroka saio gogorren ostean, hau ere hartzea lortu zuten.

irun - san marcial errepublikazaliak

Errepublikazaleak San Marcialeko posizioan. Argazkilari ezezaguna.

Adibide grafiko gisa, Manuel Chiapuso milizianoaren hitzak kopiatuko ditut, Aldabe mendiko trintxeretako giroa usaindu dezagun: “Al bombardeo aéreo siguió una lluvia de morterazos. He aquí otra arma que se presentaba terriblemente eficaz: el mortero. En las filas populares abría brechas por el piloneo y la puntería. El enemigo preparaba un nuevo ataque. Era la táctica. Así fue. No tardó en salir de sus posiciones a pecho descubierto dando gritos de ánimo para enardecerse. -Dejar, dejar que se acerquen- gritaba Juan, pegado a una ametralladora pesada. Los moros avanzaban falda arriba. El les seguía con la mirada sin perderles de vista ni un segundo. -¡Venga, muchachos! !Fuego! Las balas sembraron de cadáveres las filas de los atacantes, pero siguieron avanzando. Unos se acercaban ya a las alambradas, mandados por un oficial, para cortarlas y favorecer el asalto de las trincheras. -Preparar las piñas- gritó Liquiniano en medio del tableteo de las ametralladoras. Los milicianos se las quitaban de las cinturas y desde la misma trinchera las arrojaban contra los asaltantes. En medio de un ambiente atronador el asalto fue contenido una vez más. El enemigo se retiró bastante diezmado, dejando en las alambradas y en toda la falda cadáveres. Ya restablecido el silencio de las armas, los milicianos se reían alegremente comentando las incidencias del combate con la delicia de haber salido del peligro. Juan, rozando el tubo de la ametralladora con los dedos, gritaba: -Está ardiendo... No se puede ni tocarlo. -Qué manera de escupir- subrayó Liqui. -Si tuviéramos veinte como ésta, ya podrían venir, ya...”.

santiago zubixa 01

Santiago edo Nazioarteko Zubia

Irailaren 3an errepublikazaleek Irun ebakuatzeari ekin zioten. Posizioari ezin eutsita, helburua denbora irabaztea bilakatu zen eta Behobiako pausuan azken bataila eman zuten: eguerdian, golpistak Punttatik atera ziren, ibai ondotik zehar, artilleria suarekin lagunduta. Artasoroetatik ateratzea kostatu zitzaien halere, errepublikazaleak Nazioarteko Zubitik tiroka aritu baitziren iluntzerarte. Gauean “pakoak” (frankotiratzaileak) aritu ziren eta bonbardaketa berriro hasi zen.

irun sutan -Teodoro Piñeiro

Irun sutan. Teodoro Piñeiro haurraren marrazkia

Irailaren 4ko goizaldean golpistak Behobiako pausuaz jabetu ziren. Errepublikazaleak Irunetik erretiratzen ari zirela, anarkistek herriari su eman zioten. Guadalupeko guarnizioak ere gaztelua utzi zuen, presoak bertan behera utzita; herritarrak eta tropak Donostiarantz bideratu ziren.

Borroka eremua mendebalderantz mugitu zen; handik gutxira errepublikazaleek armak lortuko zituzten, golpisten aurrerakada geldituz... baina hori beste istorio bat da.

Duela 79 urteko gazteak gogoan

Artikulu honekin, Irun inguruan bizi izandako une larriak bistaratu nahi izan ditut, inguruko mendietan aurki daitezkeen arrasto edo lekuko isilen bitartez.

Irunen borrokatu ziren gazte haietatik, askok ideien alde egingo zuten; beste askok, berriz, alderdi batean edo bestean ausaz egokitu zirelako. Batzu, beharbada, ez zuten oso argi izango zeren alde ari ziren, hil zirenean. Edonola ere, gehienak gazteegi joan ziren: Pikoketan afusilatutako zerrendakoen adinari erreparatzea baino ez dago.

KONICA MINOLTA DIGITAL CAMERA

Pikoketako borrokan afusilatutako errepublikazaleen omenezko monolitoa

Bizi ez zituzten urteak ordezkatzerik ez dago; baina, gutxienez, kontuan hartuak eta gogoratuak izatea merezi dute.

Artikuluko argazki guztiak eta ikuspegi gehiago hemen bilduak dituzue.

 Testuan aipatutako erreferentziak

(1)   SAEZ GARCIA, Juan Antonio. 2002. Gotorlekuak Gipuzkoan: XVI-XIX. mendeak. Bertan 18. Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostia. http://bertan.gipuzkoakultura.net/files/pdf/18/18.pdf

(2)   Erlaitzen Txoritokieta eta San Marcos bezalako gotorleku bat proiektatua zegoen. Lanak ere hasi, hasi ziren, baina amaitu gabe geratu zen. SAEZ GARCIA, Juan Antonio. 2003. Los fuertes no construidos del campo atrincherado de Oyarzun (Guipúzcoa). Militaria, revista de cultura militar 17:151-198. http://revistas.ucm.es/index.php/MILT/article/viewFile/MILT0303110151A/3290

(3)   Erlaitz, Pagogaina eta Endarlatza artean XIX gizaldiko beste fortifikazio batzu daude, Guda Zibilean ere erabili zirenak. SAEZ GARCIA, Juan Antonio. 2008. Las defensas del Bidasoa en 1882. La línea Erlaitz-Pagogaña-Endarlaza (Irún). http://www.ingeba.org/curric/publica/bardocas/endarla/endarla.html

(4)   USABIAGA, Miguel. 2006. Resumen del informe de la Sociedad de Ciencias Aranzadi sobre los hechos de Pikoketa (1936). Bidasoa Ikerketa Zentroaren Bloga. http://www.asociacionrepublicanairunesa.org/cas/pikoketa.php

(5)   Akorazatu hau Kantabrikoko itsas batailetako pieza garrantzitsuenetako bat izan zen; oker ez banago, matxinatuek galdutako lehen itsasontzia izan zen, 1937ko apirilean... golpistek eurek minaz jositako eremu batean sartzean http://es.wikipedia.org/wiki/Alfonso_XIII_%281915%29

(6)   1938 urtean, “Spanish Child Welfare Association of America for the American Friends Service Committee” erakundeak They still draw pictures izenburuko liburua argitaratu zuen. Bertan Espainiako Gerra Zibilean atzerriratutako haurrek eginiko marrazkiak bildu ziren, Aldous Huxley idazlearen hitzaurrearekin. Marrazkiak hemen ikus daitezke: http://libraries.ucsd.edu/speccoll/tsdp/frame.html

Bibliografia gehigarria

CHIAPUSO, Manuel. 1978. Los anarquistas y la guerra en Euskadi. La comuna de San Sebastián. http://www.gipuzkoa1936.com/anarquistas.php

GUTIERREZ, Aurelio. 2012. Bera: sucesos de 1936-1938. Bidasoa Ikerketa Zentroaren Bloga. http://bidasoaikerketazentroa.blogspot.com.es/2012/05/bera-sucesos-de-1936-1938.html

RODRIGUEZ, Mikel. 2006. Marcelo Usabiaga: Así fue la Batalla de Irun. Historia 16 n.362:72-85. http://www.asociacionrepublicanairunesa.org/cas/batalla_irun.php

Wikipedia. Batalla de Irún. http://es.wikipedia.org/wiki/Batalla_de_Ir%C3%BAn

Euskeraz izan ARREN, zoragarrixa!

Oier Gorosabel 2015/05/18 14:44
MORILLO, Fernando. 2008. Zure arimaren truke. Txalaparta, Tafalla.
Euskeraz izan ARREN, zoragarrixa!

Irudixa: http://www.eke.eus

Aspaldi irakorri doten nobelarik onena. Zientzia-fikziñua, berba konposatuorren lehelengo zatixa ondo azpimarratuta (ikerlarixen arteko kontuak), lehelengo pajinatik engantxau nabena eta tentsiñua azken momenturarte mantentzen dabena, desenlaze trepidante besain harrigarrixakin. Hizkeriak be sorprendidu nau: neuri, berez, kostau egitten jata euskeraz irakortzia (ondiok erreztasun gehixago dakat espainolez irakortzen) eta horrek pizkat atzera eragitten nau euskerazko idazlanak aukeratzerakuan. Baiña Morillo honen hizkeria, ez dakitt zihetz zergaittik (*) –etxata bereziki sinplia begittandu-, oso errez “pasau” dot: firin, faran, firin, faran... pajinak iruntsi eta iruntsi, liburua garbittu arte. Pozik eta bere gauza gehixago irakortzeko gogoz!

(*) hau irakorri eta gero ulertu dot gauzia.

Slovakia vs Euskalherria zesta puntan

Oier Gorosabel 2015/05/10 21:35
Markinako Unibertsitatea Jai-Alai Frontoian izandako lehia gogorraren irudiak.


Sustatu.eus | Slovakia vs Euskalherria (Zesta punta) © cc-by-sa: txikillana

Atzo, maiatzaren 9, txapelketa zirragararria jokatu zen Markinako Unibertsitatea Jai-Alai Frontoian. Lehenengo txandan, Slovakiako ordezkarien semifinala ikusi genuen, Ekialdeko Europan goraka doan afizioaren erakusgarri: lehia gogorra izan zen Roko Rothenstein “Lehoi Slaviarra” eta Martin Okruhlica “Paquetito de Bratislava” artean. Bistan da xistera jokoan eskarmentuak eta adinak asko laguntzen dutela, lehenengoa aise nagusitu baitzen.

Lehiaketaren bigarren zatia, ordea, ez zen brometarako gauza. Slovakiako lehoiari aurkari txikia baina gogorra egokitu zitzaion: Xemeingo Mikrotximista. Kupidarik gabeko jaurtiketa artean, Rothensteinek pelotaren usaina hartzeko ere lanak izan zituen (hurrengo bideoan ikus dezakezuenez). Ordu laurdeneko tartea nahikoa izan zen promesa lokalaren aurrean amore emateko; goizean jandako “napolitanka” guztiak ahotik irten baino lehen, slovakiarrak etena eskatu zuen eta mutikoak txapela merezimendu guztiz eraman zuen.

Slovakia vs Euskalherria (Zesta punta) from Oier Gorosabel Larrañaga on Vimeo.

Atxitxe eta aume

Oier Gorosabel 2015/05/07 16:35
Gil Pio Lasarte Arrizabalaga (1873-1943) Maria Isidra Uribe emaztiakin batera.

Azken egunetan argazki pillo ederra ekarri deste Toxutarrak. Hori dala eta, arbola arpegiz betetzen nabil, kontsultatzeko askoz be atsegiñagua bihurtuta. Asko eskertzen dot nik jentiak halako informaziñua ekartzia.

Beittu zelako preziosidadia ekarri desten oinguan, 15 bat kg.tako itsas-eskotilla batian montauta.

Gil Pio Lasarte Arrizabalaga (1873-1943) da, Maria Isidra Uribe emaztiakin. Zapatero Koxuan semerik gaztena; gure bisabuelo Pedro Gorosabel Lasarten eta Hilario Tuertuan lehengusua, beraz.

Zapatu honetan, maiatzak 9, bazkarixa izango dogu Laka-Erdi sagardotegixan. 120 bat lagun gare apuntauta, %95a ondarrutarrak, eta nerekin batera Slovakiako Roko eta bere laguna eruango dittudaz, euskaltasun kurtsillo azeleraua hartu deixen ;-)

IMG_1044

7 urte atzera begira

Oier Gorosabel 2015/05/05 15:05
Blogeko sarrera zaharrak orrazten ibiltzen naiz; etiketak tolostu, estekak errepasau, sare sozialetarako modukuak aukeratu... Hortan nenbixala, lehelengo semia jaixo jakuneko batzuk agertu jataz, 2008 partekuak.

Igartubeiti baserria.
GureGipuzkoa.net | Igartubeiti baserria. © CC BY-SA: Xabier Eskisabel

Kuriosuak dira: bizimodu barri horretan sartzian egindako burutaziñuak... nere iraganakin uztartzeko moduak (guraso monotematikuen etsai amorratua nintzan)... ohar praktikuak... ume-guraso munduko ikuspegi kritikuak... Ordutik hona blog honetako sail garrantzitsuenetako bat bihurtutako “umeologia” saillan hasierak, aleiya.

Mezu honetan nahikua katastrofista agertzen nintzan. Aurretik izan nintzanari agur esateko prest, konbertsaziño gai guztiak umien eskolen/gaixotasunen/jatekuen/kaken/etabarren mesedetan galduko nittuala siñistuta. Tira: nere lagunak esan biako dabe hori, baiña ez dot uste hainbesterako izan danik.

Zazpi urte pasau eta gero, ikustaldi panoramiko batian aittatu neikiazenak:

  • Gitxittan, oso gitxittan eruaten dot nik konbertsaziño bat asunto umeologikuetara, gurasoren batek ez badesta galdetzen behintzat. Eta guraso ez dirazenekin, ixa sekulan bez.
  • Lehengo aldian, eguna zeregiñez beteta: piloto automatikuan ibiltzen naiz askotan, #BizimoduAutomatikua traola #ModeOn jarritta.
  • Azken puntuakin lotuta, lehentasunak jarri biharra dago: bestela garrantzirik bako gauzekin ittotzeko arriskua dago, benetan inportantiak dirazenen kaltetan.
  • Ez dot datubase zientifikuak arakatu horren billa, baiña ziur nago etxekoandros bizimodua darabigunok garuneko lobuloren baten ahalmena garatzen dogula. Elektroenzefalografikoki neurtu ahal izango litzakelakuan nago. Nik neuk, behintzat, superpodere batzu garatu jatazela igarri dot: hainbeste gauza batera egitteko ahalmena... ikusmen periferikua... kataklismuan erdixan lasai mantentzeko ahalmena... (ohar mentala: honi buruz Garan idatzi).
Aurkezpena

Oier Gorosabel Larrañaga, Lekeittioko Eibartar bat

 

Eibarrespaziuan zihar esan zesten pizkat mesianikua nintzala idaztian, eta bloga sortzerako orduan horregaittik ipiñi netsan izenburu hau. Lehen nere gauza guztiak (argitaratzeko morokuak, behintzat) hamen idazten banittuan be, espeleologixiari buruzko gauza guztiak ADES-en webgunian emoten dittudaz, eta osasun asuntoko artikulu guztiak hona mobidu dittudaz, gaika klasifikauta.

Txorrotxioak
Etiketak
ETB1 EibarOrg Zer erantzi abertzale abittaga abortuak aitor_eguren aittitta raduga aldatze amarauna andoain antzerkia arantzazu ardantza argentina_2005 armando gorosabel arrajola arrakala arrantza literarixuak arrate arrosa artxanda aulestia axpe_martzana azkue ipuin bilduma azpimarra banu_qasi baxenafarroa baztan belaunologia berasueta berbologia berriatua bidai_aluzinantia bilbao bittorixa buruntza comunitat_valenciana culineitor deba desempolving diaspora egillor eibar eibarko_lagunak ekialdeko nafarrera eraikinologia erdialdekoa erresuma_batua erronkari espeleologia etxebarria eup euskadi_irratia euskal_erria_aldizkaria euskalkia faktoria felix_arrieta galicia ganbara gasteiz gatobazka gce gernika girua gorosabel hormasprayko igotz_ziarreta ikerkuntza indalecio ojanguren info7 irabiaketa irratia irratixa irun iruñea izarraitz jacinto_olabe juan san martin kalamua kanposantuak katarain kirola koska kuku kurosawel labordeta lagunologia lalolalia lamaiko_operia lasarte leintz_gatzaga lekeitio lekeitioko_lagunak lituenigo lopez maeztu magia maputxe markina-xemein markues matrallako mendaro mendebalekoa mezo_bigarrena mineralak musikeruak muskildi mutriku nafar_lapurtera nafarrera noain oiartzun oioioi-lur ondarroa opaybo orakulua otsagabia paisajiak parakaidistiarenak patxi_gallego polo_garat sagartegieta san antoni sartei sasiola sega segura slovakia tafalla2016 talaiatik telebista toribio_etxebarria umeologia urberuaga urkiola xabier_lete xoxote zaharrea zaharreologia zaragoza zer erantzi zerain zornotza zuberera zuberoa
hgikj
2002 2003 2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017