Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Garagoittiko Orakulua

Kuadrillak

Oier Gorosabel 2014/12/24 08:20
Gaztaruan hain integratzaille (baiña hain sektario) eta nagusittan hain asfixiante izan leikian erakunde hori.
Kuadrillak

Valenciako lagun batzu: Rosa, Fini, Toni, Adriana, Txema Ros eibartarra, Mar eta Lola.

Aurreko baten Hasier Rekondo eta Fakun Aznarez potrokolo asuntuen gaiñian barriketan ziharduela, “Lagun mina” laburmetraian barri izan neban. Pillo bat gustau jatan: giza harremanetako atal honek asko interesau izan jata beti (adibidez eta adibidez).

Laburmetraiko muiñaz jabetzeko, norbere etxetik urten biharra dago, jakiña; bestela ezin da ulertu. Nik neuk, protagonisten artian gertatutako “txoke” hori Valenciara ikastea juandakuan igarri neban. Ondo goguan dakat lehelengo momentuetako sentimendu ha, Eibarko lagunei kontatzen netsezen nere lehelengo inpresiñuak:

  • Valencian erreza da lehelengo hartuemona: jentia sinpatikua da, tratu errezekua, baiña gero bakotxa bere etxera, hor amaitzen da.
  • Jente gehixagokin egoten zara, baiña harremanian sakondu barik. Jentia superfizialagua da.

Halan be, lehelengo inpresiño kontserbadore honen ostian (etxekoa, beti onena) segiduan konturatu nintzan honek abantailla haundixa be ba zekala, ez edozelakua gaiñera: nere herriko kuadrilla sistemian ordez (pizkat asfixiantia egitten jatana, ordurako) Valencian lagun talderik talde ibiltzeko aukeria zeguan, kimikadun pertsonak topatzeko aukera haundixaguakin. Usarixo hori segiduan hartu neban gaiñera, eta gaur arte ez dot laga. Oporretan etortzen nintzanian be, Eibarren-eta, batzukin zein bestiekin ibiltzen nintzan, goguak emon ahala. Jakiña: promiskuidade hori ez zan Kuadrillan Batasun Santuan zaindarixen gustoko (eta neri horrek kriston barreguria emoten zestan).

Halan, nere bidia topau dot: gustoko doten jentiakin egoteko zalia naiz, beste barik. Kuadrillakuak izatia edo ez izatia ez daka zerikusi txikirik be. Oso gauza kuriosua da, kuadrillen asunto hori:

  • Lagunak dittudaz bertan (lehen esan doten gustuko jente hori), baiña beste batzukin ez dot sekulan ganorazko konbertsaziñorik euki. Zenbat berba trukatu doguz 24 urtian: 10? 20? Gehixago ez.
  • Elementu hónekin ez dot iñundik iñora konektatzen; baiña, halan be, danok dakixe kuadrillakuak garala eta hori ez dau iñok kuestionatzen, ezta burutik pasau be.
  • Bardin gertatzen da kanpuan bizi dirazenekin: bada juan dan 15 urtian Lekittora etorri ez dan jentia, harremana total galduta dakana kuadrilliakin. Bardin da: nahikua dau Baserri tabernara etorri, ukondua barran ipiñi, eta han musian dabizenen sorbaldetik begira jartzia, azkenengotz atzo ikusi izan bagiña lez berbetan hasteko (eta hau alderdi onetako baten modura diñot, abegikortasun eterno hori).

Izaera monolitiko eta inpermeable honengaittik hain zuzen be (beste kuadrilletako jentiakin berba eginda, ezaugarri komunak dirazela ikusi dotelako), baloratzen dot gehixago Gorkak bere sasoian egindako ahalegiña eta kuadrilliak onartu izana!

Munduan lekua topatzen

Oier Gorosabel 2014/12/23 15:22
Nerabezaruan lagun billa jardun bihar izan nebanekua.
Munduan lekua topatzen

Lekittoko kuadrillia 1992xan, Bajada Eguneko koreografia tipikuan.

Nerabezarorarte ez neban kuadrillarik izan. Familian eta Mekolako laguntxuekin ibiltzen nintzan (edade desbardiñeko neska-mutillak: Poti, Enrique, Jose Antonio?, Monica, Virginia, Iker, Alberto, Arantzi, Jon, Maria, Nerea...), baiña momentu baten bakotxa bere aldetik jo zeban, bere edadekuekin edo, neskak-neskekin eta mutillak-mutillekin edo... Jon eta bixok bakarrik geratu giñan, eta batez be auzuan eta bata bestian etxian ibiltzen giñan. Halako baten, bera be nerekin nekatu zan-edo, eta bere ikastolako lagunekin hasi zan: bakarrik geratu nintzan.

Neure erara moldau nintzan. Kuelge haundiko sasoi baten ostian (buf! txarto pasau neban gero!), eskolako lagun taldetxo batengana jo neban, Jardiñetakuak. Zorionez, arazo barik adoptau ninduen Fernanek, Jose Andresek eta Payok. Artian 13 bat urte izango nittuan.

Edade beretsuan egin nittuan lagunak Lekeittion. Baiña hango egoeria ez zan Eibarkua besain kritikua izan. Izan be, udan ez nintzan bakar-bakarrik ibiltzen: familixakuak (ama, gitxienez) oporretan egoten ziran. Halako baten, amak neri lagunak topatzeko saio batzu egin zittuan: ezin dot esan danak urte berian izan ete ziran (ez dot uste), baiña baizin dot esan amari asko eskertzen detsadazela hórrek saiuok. Lehelengo auzoko mutiko batekin ibiltzen ipiñi ninduan: Josu, ermuarra, beraneantia gure moduan. Lekittarrekin ibiltzen zan kuadrillan. Ez genduan “konektau”, eta hor geratu zan gauzia.

Hurrengo baten, hondarrian gure parian egoten ziran ume batzungana eruan ninduan, ia eurekin olgetan ibilli neikian eta baietz. Han ezagutu nittuan Patxi, David frantsesa, Ramon, Ibon eta Gorka, urte gitxira hurrengo pausurako pertsona klabia izango zana.

Pozik ibilli giñan bi-hiru urtian, eta tira; baiña edade desbardiñak genkazen. Patxik eta Davidek guk baiño 2 urte gehixago zittuezen, Ramonek eta Ibonek 2 gitxiago eta, naturala danez, halako baten nagusiñak neskatan hasi ziran (neska aspergarrixak! ;-) )eta txikixak umeegixak ziran. Beraz umetako kuadrilla zoriontsu ha desegin zan, eta Gorka eta bixok bakarrik geratu giñan. Aspertu xamar, egixa esan: pare bat udatan bizikletan asko ibilli giñala gogoratzen dot.

Gorka gernikarra da, eta hango Institutuan lekittarrak zittuan klasekide. Hori aprobetxauta, adore harrigarrixa bilduta (ez dakitt nik halakorik egingo neukian, 17 urtekin!) háretako bati, Laurentziri, udan eurekin ibiltzeko proposamena egin zetsan. Ez dakitt Kuadrillako Kontseilu Orokorretik pasauko ete zan, baiña erantzuna baiezkua izan zan. Hala hasi giñan ba, uda horretan, sekulan ezagutu doten kuadrilla ugarixen eta prototipikuenan barruan bizi izaten (azterketa soziologikorako material ugari). Eta gaur arte.

13 urteko edadera bueltauta, Eibarren, hango laukotekuak trankil xamar ibiltzen giñan gure Jardiñetan, batez be Institutoko parkian-eta, Aldatze-Musataixan-eta... Mozkortzeko sasoia etorri zanian, Elgoibarrera be gu laurok juaten giñan artaldian parte modura. Institutuan hasi giñan, eta segundon sartu giñanian, Sanjuanetan txarangak egin bihar zirala eta, gure ikaskide batzu jentia bihar zebela eta, Lekeittion moduan kuadrilla haundixian sartzeko aukeria izan genduan: eta (txan-tatatxaaaan) neskekin! (alperrik, jakiña: 17 urtekin egoten dan elbarrittasun emozionalakin, gutako gehixenak ez giñalako kapazak ez lagun moduan ibiltzeko, ezta enrollatzen saiatzeko be). Jente oso majua zeguan han. Tamalez, urtebete baiño ez nintzan eurekin ibilli: Valenciara estudixatzera juateko sasoia etorri jatan, eta egitten neban juan-etorri bakotxian kuadrillia zartatuta topatzen neban, fakziño bat bestiakin hasarre-eta. Ni, kanpotik etorrittako martzianua, batzukin zein bestiekin ibiltzen nintzan baiña, azkenian, Valenciatik 21 urtekin bueltau nintzanian Ernesto eta Aitorrekin geratu nintzan: hortik aurrera martxa eta kulturia uztartu genduzen, bide horretan jente gehixago ezagututa, baiña... hori beste historia bat da ;-)

Espektrua Mekolan

Oier Gorosabel 2014/12/22 15:12
Aurreko baten umetzaroko kaletik zihar bueltia egin ostian idatzittakuak. Ardantza-Aldatze parteko 1997ko argazki batzukin (urbanizau aurretikuak).


Argazkiak.org | Ardantza 1997 © cc-by-sa: txikillana

Zenbat urte ez nintzala Mekolatik zihar ibilli? Ardantzako etxe zaharrak bota zittuezenetik bai, barrena. Azkenengotz egon nintzanian, Mekolatik Ardantzarako bidia moztuta jeguan (Ana Marik eta zelako protestak egin zittuezen horrekin...). Gaur barriz, orduan ikusi ez nittuanak zeguazen: Amatiñon etxia, tallar guztiak eta Ardantzako azken kale-basarri txiki ha, kenduta; lehen laua zan bidia, aldapan gora; tallar artian zoian bidia, urteerarik bakua... garaje gaiñe bat, umien parke batekin, eta Mekolakin enpalmatzen dabena, “Tarana”-n lautadatxuan.

 
Argazkiak.org | Mekola 1993 © cc-by-sa: txikillana

Arizaganeko txaleta, antxiñako Norman Batesen etxe ezkutu ha, eskillara misteriotsu lizundutik gora igotzen zan bertara... Bueno, apain-apain urdiñez pinttauta jaukek, alaixa dok. Eta lehengo eskillarako harri-lajazko maillak barrixak dittuk, terrazo blokedunak.

 
Argazkiak.org | Mekola 1993 © cc-by-sa: txikillana

Handik gora egin juat, eta zirradia: Gallastegin ranpan beste sarreria egin jetsek 7garren pegoriari. Lehengo sarreratxua, zelako txikixa: Elenan balkoia (lehen salto eginda be ikutzen ez nebana) eskuakin ikutu neikian. Jardin triangularra: ni nintzan umiak haren baztar bakotxa ezagutzen juan. Egixa esan, gure mikrokale hartako paretako harri bakotxa ezagutzen najuan. Batez be Mendikuten (¿) sotanoko leihora igotzeko harri-koskatxo ha, hankamotzok derrigorrez erabilli bihar genduana... han jagok ondiok.

Gero, Leonan txalet ondotik gorako eskillaria igo juat, eta han... goiko etxeko fosoko ezkerreko ertza begiratu juat. Nere ezkutaleku faboritua zuan, eskonditian (oiñ esan neike, jajaja). Han jagok metalezko tutu oker ha; ondiok ez dakitt zer dan...

Buelta atsegiña izan dok; total arrotza sentidu naiz, baiña etxuat penarik igarri; biharbada egun eguzkitsuan pasau naizelako... Beti izan juat umetzaroko ikuspegi triste xamarra; baiña azken urtietan ez dakitt...  Ez dok berba egokixena, baiña orduko gauzak “barkatzen” hasi naizela esango neuke. Bestiei, eta nere buruari.


Argazkiak.org | Ardantza 1997 © cc-by-sa: txikillana


Argazkiak.org | Aldatze 1997 © cc-by-sa: txikillana


Argazkiak.org | Ardantza 1997 © cc-by-sa: txikillana

 


Argazkiak.org | Ardantza 1995 © cc-by-sa: txikillana

 1997 aurreko argazki gehixago hamen.

Otaola Erdikoa (“Otolerdikua” edo “Otola”)

Oier Gorosabel 2014/12/21 08:02
Jesus Mari "Toxu"n aurkezpenerako idatzittako testua.

Hamentxe dakazu testua inprimitzeko moduan.

Lasartetarrei buruzko artikulu gehixago hamen, eta dokumentaziñua (arbolak-eta), hamen.

********

Etxiari buruzko datuen laburpena

Gaur egunian Otaolako auzua Ermua, Zaldibar eta Eibarko lurren artian banatuta badago be, historikoki entidade propixua izan daben harana da. Auzoko erdigunia San Lorenzon ermittia da, eta oin dala gitxi arte mantendu dira bertan Erdi Aroko ohitturak eta ospakizunak (1).
 


Otaola Erdikoa izeneko etxia torria izan zan, 1792an frantsesak Ermua eta Eibar erre zeben arte (2). Gero basarri modura berreraiki zan. Etxeko jabiak, jatorriz, Otaola abizenekuak ziran (Regina Otaola PP-ko politikari eibartarra, esate baterako, familia horretakua da).


Seguraski, Lasartetarrak Otaolatarren zerbitzarixak izan ziran; ez dakigu noiztik. Ezagutzen dogun senide zaharrenak Mateo Lasarte eta Josefa Ignacia Unamuno dira, 1800 inguruan jaixotakuak. Euren seme-alabak izan ziran:
•    Miguel Bruno “Kapitantxua”: Zaldibarko balnearixuan hil zan.
•    Jose Manuel “Zapatero Koxua”: Ondarrura ezkondutakua, “Toxu”, “Koxu” eta “Hankamotzeneku”en aittitta.
•    Maria Josefa, etxian geratu zana.

Maria Josefa Lasarte elgetar batekin ezkondu zan (Jose Domingo Gorosabel, Arrueta basarrikua), eta etxia erosi zetsen Otaolatarrei, beste familixa batekin erdibana.


Maria Josefak eta Jose Domingok 8 ume izan zittuezen. Háretatik Juan José Hilario Gorosabel Lasarte geratu zan etxian (“Hilario Tuertua”).


Juan José Hilario Joaquina Aranzabalekin ezkondu zan, eta 4 ume izan zittuezen: Francisco, Clara, Justa eta Ramona. Gurasuak hil ziranian, Ramona bakarrik geldittu zan basarrixan eta Maria Luisa Maître-Jean Gorosabel loibia juan jakon laguntzera (Justan alabia). Maria Luisa eta bere senarra (Jose Mari Lasa) izan ziran basarriko azken biztanliak.


Otola basarrikuak luza-ruan mantendu zeben Ondarrura juandako familixakuekin hartu-emona. Maria Luisa gogoratzen danez, bere denporan Maria Dominga izeneko senide ondarrutarra behin baiño gehixagotan egin izan zetsen bisittia etxian.

Otaola Erdikoa 1960 hamarkadan eraitsi zan, Unibertsidade Laborala egitteko. Hurrengo irudixetan, aire-ikuspegixen anpliaziñua ikusi zeinkie: 1956ko irudixetan basarrixa ikusi leike, eta 2014kuan leku berdiña gaur egunian.
 

 

Hurrengo irudixetan, barriz, kale ikuspegixak dakazuez errezago ezagutzeko: lehelengo irudixan Ermutik Eibarrera sartzen, eta bigarrenian kontrako norabidian, Eibartik urtetzen. Kuriosidade moduan, bigarren irudixan agertzen dan hormia Otaola Erdiko orijinala da, kamiño onduan zittuezen terrenuei eusteko.

 

 

Maria Luisa Mâitre-Jean Gorosabelen berbak


2010ian Maria Luisan etxera juan giñan pare bat bidar, antxiñako gauzei buruz barriketan egittera. Jarraixan elkarrizketian pasarte batzu dakazuez, nere ustez Ondarruko Lasartetarren interesekuak izan leikiazenak.

 
Jokiñe Lasa Mâitre-Jean (ezkerretik lehelengua) eta Maria Luisa Mâitre-Jean Gorosabel (ezkerretik hirugarrena) ama-alabak. | Maria Luisa Mâitre-Jeanekin 2 © cc-by-sa: txikillana

(Otola eta San Lorentzo auzo bera ziran?) Ez, ha Zaldibar da. Baiña haren izena San Lorenzo de Otaola da. Eta guk bagenkan Zaldibarren terrenuan, hamentxe, Ibur partian. Bueno, guk baiño, torretxian jabiak. Eibarko historixan agertzen da errekatik “todo al sur pertenece el valle de Otaola”. Eta San Martinek ipintzen dau Isasittik gora. Eta nik lagunak dakadaz Topinburun dakezenak terrenuak, eta eskritturetan agertzen da valle de Otaola.


(Otolako basarri guztietakuak zekazuen San Lorenzorako joeriori?) Hara, ni juaten nintzan amandriakin; da beti ipintze eskuen lehelengo filan reklinatorixo bi. Eta han egoten nintzan ni amandriakin. Hango auzokuak, nik ez nekixan zergaittik -gero jakin dot nik ha San Lorenzo de Otaola zala-, baiña otolatarrei beti ipintzen zeskuen markesen modura. San Juan egunian juaten giñan, sorbia bedinkatzera (kipulia, garixa, keixak...); gero sorbatik jatekuak jan, eta enparaua gorde egitten zan San Juan egunian erretzeko. Ni keixak jateko goguakin egoten nintzan, amandriak laga ez, ta... umiak, badakizu.


 (Otolako zaharrek zeken suskripziñuori zer zan?) Orduan famelixa guztiak tanto bat pagatzen zeben astero "contribucion a guerra" modura, gerra denporan, karlistadan. Baiña ez dakitt karlistei ala liberalei. Ni pentsatzen dot Kapitantxua liberalekin ibilliko zala, ze… bestela ez zeban euko pentsiñorik! Anaia bai, Zapatero Koxua bai, karlista amorratua... bera erdi miserixan bizi, ez dakitt zenbat diru eskaiñi zetsen botuangaittik eta ez zeban emon (barre), Zapatero Koxuak... Ta andria euki biaeban oso guapia, eta Maria Domingak esate zeban eze, ezagutu zirala... zelan zan kojua, zaldi eder batekin juan zan Santa Eufemiako erromerixara, eta hantxe ezagutu eban nobixia, eta zaldixan joialako gustau jakon... Antxiñako gauzak. (barre)


(Otola noiz erre zan) 1794, 29 de agosto, en la batalla de Olarreaga. Ermua be erre eben, eta Eibar be zati bat, frantsesak. Gure solo barrenian, kamiño onduan, kurutze bat eguan; han hildako ofizial frantsesen batena, ez dakitt zein; gure aittak esaten eban behiñ edo behiñ garbittu egin bihar zala eta... gatxa zan baiña... karretera onduan, horma gaiñian zeguan... eskillaria jarri bihar zenduan, automobillak eruateko moduan...


Lehen Otaolatarrena zan; frantsesadan erre eta gero, zati bat Zamakolanekuak erosi zeben, Lucas Zamakolan aittak; beste zatixa, gu bizi giñana, nere aittittan aittak erosi eban (Jose Domingo Gorosabel, Maria Josefa Lasarte Unamunon gizonak).

Gero 1950-1960 artian, ez dakitt zihetz fetxia, ahizta bi etorri ziran, bat Marruecosen bizi zan eta bestia Parisen; Eibarrera euren jatorrixa ezagutzera etorri ziran; Otaola eta Bildosolatarreana juan ziran, baiña ez zetsen jaramonik egiñ; gero Ayuntamentura juan ziran, para conocer la casa solar, eta hárek guregana bialdu zittuezen; bat pizkat gaixua zan eta kamiñuan egon zan, automobillian; eta bestia, Clavel de Otaola abizenekua, etorri zan gora eta nik erakutsi netsazen háren basuak, eta aurreko aldapia, eta euren terrenuak, abeletxia, karabixia, ogixa egitteko labia... gero bera hil artian eskribidu egitten giñan. Berak ekan eskudua, matasellos bat, guk dakaun modukua...


Historia de Eibarren agertzen da, 1500 eta ez dakitt zenbaten, Arrateko amabirjiñak izan zeban lehelengo koroi bat Pedro de Otaolak erregalau zetsan; 1600an beste bat alkate zeguan, Domingo; "Ermitas de Eibar" liburuan be agertzen da, Sevillan hil zan Otaola batek diru bat emoebala Santaiñeseko ermittarako... (Eibar Origenes y Evolucion liburuan Otolari buruz info asko dagola aittatzen dot) Bai, Elorza hori be hamen egon zan, galderak egitten.

(erosi 1800 inguruan, baiña Lasartetarrak bertan noiztik bizi ziran ba ete dakizu?) Ez, nik ez… biharbada nere amak-eta jakingo zittuezen hórrek, baiña nik neuk ez dot sekulan entzun noiztik bizi ziran. Nik uste dot pentsatzen zebela hango kriauak zirala, edo etxia zaintze ebenak edo... nere amari entzunda detsat, biharbada harek bere aittari edo entzunda... orduan, badakizu, etxian ez zeguan telebisiñorik-eta telefonorik-eta... konbersaziño gehixago egoten zan... Nik ez dakitt seguro baiña.


(Eibarko artxibo falten arazua; Kapitantxuan barri topauko dot seguraski, artxibuetan… Ondarrura juandakuana be, han egongo dira datuak…) Haren izena ez dakitt; hari etxian "osaba koxua" esateetsen.


Gero etorri eta Urkusuko pasialekuan bizi izan ziran, Eroskik euki zeban ba, Juan XXIII edo... hantxe etxian nere aitta eta bere arreba bat jaixo zan. Gero bisabueliak (?) etxe bi erosi zittuan Arraguetan, eta hara ezkondu zan nere aitta, bere familixian etxera.
Baiña gero Otolako amandria hil zan (Maria Joaquina Aranzabal, Josefa Lasarten erraiña), eta tia Ramona eta Anton geldittu ziran. Eta gu hara bi bizi izatera juan giñan. Juan Jose (Hilario?) ni txikixa nintzala hil zan.


 (Otolako argazkixeri begira) Hau izaten zan hamendik hona, hau añadidutakua da; hau osorik eguan,hau gaiñetik egindakua da; hamen beheian oso bentana ederrak, haundixak, harri landuakin. Hamen beheian saetera ikusgarrixa zeguan, erdi-erdixan parera begira; eta hamen bi saetera Bizkaira begira, bata bastante beheian eta bestia goratxuago


(Kuadruari begira; entrada nagusixa hauxe, ezta?) Guretako bai; beste bizitziak hamendikaldetik. Baiña torretxia hauxe zan, altuagua (?) eta hamen ez zeken ezer, hori gero añadidutakua da entradia egitteko, basarrixa eiebenian. Altura edo pretil hau erre eta gerokua da. Goixan Elgetako bidia ondiok egin barik eguan, eta hamen goixan aittittak begixa galdu zebaneko kanteria. Ta hónek soluak, goikuak beste bizitzakuak, baiña hónek guztiak Otolako torretxianak. Hor kamiñua, eta hamen be terrenuan. Solo honen barrenian eieben lehen esan detsuten kurutzia, frantsesana (argazkixa etaratzen)


 (gure bisabuelo Pedro Marin argazkirik ez dakagula-ta… orduan jentiak ez zekan erretratuak egitteko ohitturarik) Gauza barrixa zan ta… Guk be ez dakagu erretratorik, dibujua bakarrik. (arbol genealogikuan kopixia eskatzen dau) Nik Otolako gauza guztiak, eskudua... karpeta baten gordetzen dittudaz, eta Maitrejeandarrenak beste karpeta baten. (eskudua erakusten desta) Eta dakat bat, tio Manuelek egindakua... (eskuduan marrazki bat?). Hoixe eskudua eken hárek (Otaolatarrak?) eraztunian, matasellos modukua, oso zaharra.


Guk genkan asmua, Unibertsidaderako terrenua expropiau zeskuenian... handik Elgetako kamiñora 50.00 m2 gelditzen ziran, soluetan. Bat Ibur aldera urteeria egitteko moduan zeguan, eta hantxe etxe bat egitteko asmua genkan, permiso eta guzti. Baiña arkitektuak esaeskuan "espera un poco, porque hay proyecto de hacer autopista y no se sabe si va a ir por esta parte, o por Elorrio... pero es probable que sea por aquí, y que te quede una casa al lado de la autopista es horrible". Eta hala erosi genduan hau (Amañako etxia) pentsau barik, gero bateronbatendako izango zalakuan. Eta gero, han autopistia egin eta hamentxe geratu giñan.

Ondarroa, 2014ko abenduan 17xa.
Jesus Mari “Toxu”n aurkezpenerako.


(1)  Liburu honetan Otaolari buruzko informaziño ugari dago: ELORZA MAIZTEGI, Javier. 2000. Eibar, orígenes y evolución : siglos XIV al XVI. Eibarko Udala.


(2)  Eibar eta Ermuakin batera Ondarru be erre zeben, 1794ko abuztuan 30an. Frantses liberalen eta espainiar absolutisten arteko Konbentzio Gerrako (1793-1795) pasarte hau luze ta zabal azalduta agertzen da liburu honetan: IPARRAGIRRE BURGOA, Gotzon. 2008. Debarroko oasi liberala : aitzindarien bila : Eibar, 1766-1876. Udako Euskal Unibertsitatea, Bilbo.

Lasarte

Oier Gorosabel 2014/12/20 23:05
Hamen Lasartetarrei buruzko dokumentaziñua bilduko dot.

Arbol genealogikuak

Mateo Lasarte eta Josefa Ignacia Unamunoren ondorenguenak:

- Zerrenda formatuan (PDF 71 Kb, 18 pajina).- Liburu formatuan (PDF 18 Mb, 123 pajina).

 Azken eguneraketa: 2015-V-22

 

Otaola Erdikua

Basarrixari buruzko informaziñua (PDF), hamen eta hamen.

 

Oharra

Zuhaitz genealogikuan akatsak ikusten badozuz, zuzendu mesedez. Informaziño osagarrixa be ongietorrixa da (jaixoturtiak, heriotzak, seme-alaba barrixak, bigarren ezkontzak, argazkixak...). Zure oharrak bialtzen badestazuz, zuzendutako kopixa bat itzuliko detsut.  Kontuan hartu:

 

Eskerrikasko.

Oier Gorosabel Larrañaga

Antiguako Ama, 8 ezk 4º A

48280 Lekeitio (Bizkaia)

Euskalherria

e-mail: fisio(a bildua)abante.eus

Si observás algún fallo o falta en el árbol genealógico, las correcciones son bienvenidas. También la información complementaria (años de nacimiento, fallecimiento, nuevos hijos, segundas nupcias, fotos...). Si me enviás tus notas te devolveré una copia corregida. También te informo de que:

Toxunekuk, Kojunekuk eta Hankamotzenekuk

Oier Gorosabel 2014/12/20 09:55
Kuriosua izan zan kontaktua. 2010an Maria Luisa Mâitre-Jeanekin egon arte, nik ez nekan Ondarruko lehengusuen barririk. Berakin enterau nintzan “Zapatero koxuan” istorixiakin (artian ez genkixan bere izenik), Santa Eufemiara zaldiz juan eta ondarrutar neska guapia ezagutu zebana.


Argazkiak.org | Maria Luisa Mâitre-Jeanekin © cc-by-sa: txikillana

Harrezkero “antenia ipiñitta” nerabixan, Lasarte abizeneko pazientiei galdetzen-eta... arbol genealogikuan kopixia iragarki-taulan ipiñitta-eta... Baiña neuk nittuan izen guztiak, BEHA-n topautakuak, 1900 aurretikuak ziran (Jose Manuel “Zapatero koxua” eta bere seme-alabak), eta iñok ezin zittuan gaur eguneko jentiakin lotu.

Klabia Gil Pío Lasarte Arrizabalaga izan zan. Imanol Oruemazaga paziente historiazaliak jarri ninduan pistan, izen arraro horretako gizona gaztetan ezagutu zebalako, eta “gazteren bat” be ba ei dagolako izen horrekin Ondarrun. Imanolek abisua emonda, laster egin zesten bisittia Fernando Agirre historiazaliak eta Jesus Mari Lasarte Garalde “Toxuk”.


Argazkiak.org | Jesus Mari "Toxu" © cc-by-sa: txikillana

Jesus denpora bat zebixan Lasartetarren arbola egitten. Bere motibua erronka xelebre xamarra zan: Ondarrun Lasarte batzu “Toxunekuk” dira, bere modura; baiña badagoz beste Lasarte batzu “Kojunekuk” eta beste batzu “Hankamotzenekuk” dirazenak, eta euren artian behiñ baiño gehixagotan entzunda zekan “Bai, ni Lasarte na, bañe Kojuneku. Gure familixik ez takar zerikusirik Hankamotzeneku eta Toxunekukin...” eta halakuak. Berak ostera, etxian entzundako kontu zaharrengaittik, baietz uste zeban; eta halan hasi zan tira eta tiraka, epaitegira, artxibuetara eta elizetara jotzen eta bataixo, ezkontza eta herixotz partidak biltzen. Topau giñanerako bihar asko aurreratuta zekan, eta piramidian puntia topauta: Jose Manuel Lasarte Unamuno zapatero kojua, Ondarruko Lasartetar guztien aittitta (“toxu” = kojua esan gura dabelako, “hankamotz” moduan).

Puntu horretan topau neban ba, Jesus Mari Toxu: ez zekan zapateruan jaixotetxian barririk, ezta bere anai-arrebenik be. Eta, hain zuzen be, Josefa Lasarte Unamuno gure tatarabuelia, zapatero koxuan arrebia, izan zan Otola basarrixan geratu zana, Angiozarko Gorosabel batekin ezkonduta. Beraz, Toxuk jasota zittuan 500 izenei Eibarko Gorosabeltarron beste 250ak gehittu jaken, bapatian. Baiña igual berandako garrantzitsuena Zapatero Koxuan jaiotetxian barri izatia izan da, Maria Luisa Mâitre-Jeanek gordetako argazki eta guzti.

Gaur bertan bere aurkikuntzen barri emotekua zan, Kofradixa Zaharrian; halan be, bere anai batek izandako istripuak (ezer graberik ez) hitzaldixa atzeratu eragin dau. Tira: gauzak hobeto prestatzeko balixoko al desku behintzat! Izan be, ni neu be partehartzekua nintzan, Eibarko konexiñua azaltzen. Momentuz, bertarako prestauta nittuazen materixalak hamen blogian argitaratzen hasiko naiz, “lasarte” etiketia erabillitta.

Urte askotarako, lehengusu ondarrutarrak!

Indianokuan zaintzaillien etxia

Oier Gorosabel 2014/12/15 06:52
Eibarko kale-basarri txiki baten mikrohistoria.


Argazkiak.org | Ardantza 1997 © cc-by-sa: txikillana

Ardantza eta Aldatze arteko kale-basarri txiki haren izena jakin nahixan, mikrohistoria apur bat agertu da Eibartarrak Zerrendan. Badakigu hori jakin edo ez jakin mundua ez dala aldatuko, baiña... batzuk halako gauzen zaliak gara.

Hau galderihau bota neban zerrendara:

Ba ete daki iñok zein zan kale-basarri honen izena? (Aldatze barrenian):
http://www.argazkiak.org/photo/aldatze-1997/
Nunbaitten irakorri dotela esango neuke, baiña liburuak ez dakadaz eskura eta...

 Lehelengo erantzuna, Asier Sarasuana (jakiña!):

Ez juat izenik gogoratzen.

XXI. mende hasieran bota zeben. Azkenengo urtietan itxitta egon zan, baina XX. mende amaieran Euxebio eta Inazio (oker ez banago) anaiak bizi ziran bertan. Konejuak eta ahuntzak eukitzen zittuen; tarteka ardiren bat be bai, oker ez banago. Ortu eta zelai txiki bat zeken basarri albuan, trenbide kontra.

Lehenago, gitxienez XX. mende hasieran (eta seguru asko lehenago), Ariatzako Indianokua jauregiko lorazain eta zerbitzarixen etxia izandakua.

Izan be, Indianokua jauregixan lurrak ardantzaraino heltzen ziran, Ego errekian iparraldeko erriberan zihar. Hori guztiori ortuak eta frutarbolak ziran (http://egoibarra.com/eu/argazkiak/historia/hist16.jpg/image_large); zerbitzari eta lorazainak Aldatzeko/Ardantzako kale-basarri txiki honetan bizi ei ziran.

XX. mendian zihar, trenbidiak eta Sanjuan kaliak lurrak jan zetsazen Indianokuari; eta jauregixa be desagertu zan gero, 1955 inguruan.

Ardantzako etxe txiki horren albuan beste 2 kale-basarri be egon ziran, itxuria. Gure sasoirako, Triplexen tailarrak janda bixak.

Euretako bata, haundixena, Pantaleonenekua zan (jatorriz Ardantza basarrixa); Aldatze hasierako beste kale-basarri txiki horren izenik, ostera, ez dot gogoratzen.

Berez Aldatze kale hasieran zeguan, baina esango neuke Ardantza 18 zala (edo); Ardantza bai, behintzat.

 Serafin be datu garrantzitsuak emoten hasi zan, kontrastautakuak gaiñera:

Ezin izan juat basarri izenan aztarren garbirik jaso. Iñaki Alberdi Etakittoko presidente ohia eta Eskola Armerixako maixu izandakuakin egon nitzuan atzo illuntzian. Bertan jaixotakua dok bera. Indianokuan administradoria bizi izan zala hor eta izenan barri "Panaderokua" edo "Labaderokua" edo halako zeozer esaten zetsela kale-basarrixari. Azkenian aztarren garbirik ez. Heraclio Echeverria zala jabia eta haren ondorengo Iraolagoitia medikua, bera mutikotan Iraolagoitia medikuagana juaten zala aldiro errentia pagatzera.

Gero Juanjo Araolaza sartu zan, gremixokua izatiak dakan jaikixakin (Iraolagoitia medikuari buruz, oker ez banago):

Lekuona zuan ginekologo-tokologo Heraklio Etxeberriaren otorrino (Milloitxuaren) suhiña oker ez ba nago.

 Sokia ezin geldittuta, Asier Sarasua barriro Serafiñek bildutako etxe izenena osatzen:

Basarrixen liburuan diño "Labakua" izeneko kale-basarriren bat egon zala Ardantzan. Azalpenengaittik, ez dirudi Oierrek diñuana danik, alboko beste bat baizik.

Baiña ez pentsau zalantzarik ez dagonik. Memorixan aztarrenen atzetik egindako bide guztietan lez, erroriari be marjena emon bihar jako, Serafiñek Juanjori emondako azken erantzunian igartzen dan legez:

Bai errezoia dakak. Baiña neri aittatu zestana "Iraolagoitia medikua" dok eta gaiñera errentia pagatzera Estaziño kalera juaten zala. Lekuona Bidebarrieta kalian bizi zuan. Heraklio eta Iraolagoitia medikuan artian zer soka zeguan ez jakixat. Dana dala, nik gaizki ulertzia be izan leikek.

Etxetxo txiki hartan bizi izandako gizon isillen omenez. Itzio, Alfa eta Aldatzeko eskoletara giñoiazen umiok egunero pasatzen giñan háren ondotik!

SS-etako elementuen atzetik

Oier Gorosabel 2014/12/11 08:46
FORSYTH, Frederick. 1972. Odessa. Plaza & Janés, Esplugues de Llobregat 1988

Nazixena ez da izango munduan egin izan dan sarraskirik krudelena: Historixia luzia da, eta gizakixan doillorkerixiak (batez be odolez mozkortu ostekuak) mugarik ez dakala esango neuke. Halan be, nazixen sarraskixau bai izango da kroniketan onduen jasota geratu dana. Batez be judixuei esker –antxiñako tradiziño intelektualeko herrixa-, 1930-40 hamarkadetan hitlertarrak egindakuak ondo baiño hobeto ezagutzen dira gaur egunian. Lekukotasunak ugarixak dira, eta zaindarixak presuekin egindako gauzetako batzu irakortzian barrua zimur-zimurra eta hotz-hotza geratzen jatsu.

Hortik hasten da liburu hau, fokua Rigako konzentraziño eremuan jardundako Eduard Roschmannen jarritta. Flashback lazgarrixan ostian, kazetari batek SS-etako kide honen atzetik egindako bidia da liburuan bizkarrezurra. Tentsiñua oso ondo mantentzen da liburu osuan zihar, eta bide batez “erakundeko” kide pillo batek (asko be asko!) II Mundu Gerra osteko errepresalietatik iges egitteko modua azaltzen da, asko izen barrixekin Alemanian bertan geratuta. Tartian, 1960 hamarkadako Alemanian bat egitten zeben hainbeste faktore be azaltzen dira, neretako ezezagun xamarrak: Altzairuzko Teloian gauzak... belaunaldi barrixen informaziño faltia eta sortzetiko erruduntasuna... belaunaldi zaharren “ahaztutzeko gogua”, eta gerra krimenak inbestigatzeko gogo faltia... Israel gaztian papela... SS-etako beteranuen botere faktikua Egipto Israelen kontra xaxatzian...

Liburuan alde ahulena, biharbada, protagonistia bera da. Kazetarixori, pertsonai modura, lauso xamarra geratziaz gain, “profesionalen” artian modu oso torpian mobitzen da, eta ez da oso sinisgarrixa hainbesteko suertia izatia... Halan be, horrek ez detsa balixorik kentzen tramiari, eta bide batez azaltzen diran gauza guztiei. Liburu ona.

"Judas priest!" inglesezko esakerian esanahixa

Oier Gorosabel 2014/12/06 16:21
Gutako askori, hori entzutzian, musika talde bat etortzen jaku gogora. Izan be, esango neuke izen hori ezagutzen daben euskaldun gehixenak heavy rockzaliak dirazela, eta testuinguru horretatik kanpo ez dogula sekula santan be entzun edo irakorri. Normala da, antxiñako hizkera informaleko esakeria dalako, inglesez.

Azkenaldixan denporapasa politta topau dot: pelikulak azpititulatzia. Zinia ikusteko modu desbardin horretaz gozatziaz gain, gauzak ikasi be egitten dittut. Aurreko baten, Sunset Boulevard 1950ko pelikulan, hara zer jakin neban: “Judas priest!” esakerian esanahixa.

Gutako askori, hori entzutzian, musika talde bat etortzen jaku gogora. Izan be, esango neuke izen hori ezagutzen daben euskaldun gehixenak heavy rockzaliak dirazela, eta testuinguru horretatik kanpo ez dogula sekula santan be entzun edo irakorri. Normala da, antxiñako hizkera informaleko esakeria dalako, inglesez.

Hamen inguruan horren pareko asko dagoz, “Judas priest”-en modura, jente nagusixan ahotan entzun geinkiazenak batez be: “La ostra!”, “Mecachis diez!”, “Gilipuertas!”, “Jopé!”... danak sasoi baten pekatutzat hartzen ziran esakeren ordezko. Jakiña: hónek formok atzeraka doiaz eta jente nagusixak baiño ez dittu erabiltzen, gaztiok ez dakagulako ezelako erreparorik “La hostia!”, “Me cago en Dios!”, “Gilipollas!” eta “Joder” moduko esakera gordiñak erabiltzeko.

Sunset Boulevard pelikula honetan, esakeriori 00:46:05 segunduan entzun geinke, Joe Gillis protagonistia bere lagun Artieren festara allegatzen danian. Joek berokixa eransten dau, eta Artie harri eta zur geratzen da bere arropa elegantiak ikusitta: “Judas H. Priest!” diño zehazki; nik azpitituluan “Alajaina!” moduan itzuli dotena.

Antza danez, “Jesus Christ!” ez esatiarren sortu zan esakeria. Kristauendako jangoikuan izena esatia pekatua da kontizu, eta beraz oso antzera ahoskatzen dan esaldi hori asmau zeban jentiak: Jesus Christ = “yisus kraist” esaten bada, Judas priest = “yidus praist” moduko zeozer izango litzake-eta.

Obersturmbannführrerren xarma

Oier Gorosabel 2014/12/03 14:45
SHEPPARD, Stephen. 1990. Siete minutos. Planeta, Barcelona.
Obersturmbannführrerren xarma

Nazixen uniformiak moda irizpide modernuekin diseñau ziran.

II Mundu Gerrako batalliten artian, zalantza barik faszinaziño gehixen eragitten dabenetako bat nazixak dira. Hala igartzen da literaturan eta zinian be: arpegi biko jente inkietante hori, alde batetik guapo, elegante eta fiñak, eta era berian aingeru exterminatzaillak, jente asko lilluratu izan dau (eta egitten dau), nahiz eta azkenaldixan ez dan oso politiko zuzena halakorik aitortzia.

Ez dot horren ikerketarik egiñ –gaixak ez nau hainbeste interesatzen-, baiña esango neuke ikonografia nazi guztian barruan, obersturmbannführrerran irudixa dala arrakastatsuenetakua. Ez berez esan gura dabenangaittik –kargo militar korriente xamarra zan, ez altuenetakua gaiñera-, ez bada eze izenan sonoridadiangaittik. Nik behintzat askotan entzun izan dot pelikuletan eta.

 

Liburu honetan, protagonista bixetako bat be obersturmbannführerra dogu, ehiztarixa; bestekaldian, modu paralekuan, “ehizian” historixia kontatzen jaku, Georg Elserrena, Hitler garbitzetik oso-oso hurre geratutako benetako relojero batena. Historixia bera interesgarrixa da, baiña tira: gerrako pasarte bat izan leikian besain interesgarrixa. Georg Elserren pertsonajia plano xamarra begittandu jata: ez da ondo ulertzen bere saltua, politikia ardura ez detsan tipo grisa izatetik, %100 antinazi izaterako hori; halan be, berari buruzko informaziñua billau eta gero, bere historixian erretratu fidel xamarra dirudi. Paradoxikoki, fikziñokua izan arren, sinisgarrixagua egin jata bere neskalagunan perfilla: neska politt sinplia, nazixekin modu natural eta akritikuan bat datorrena, korrientiari jarraittuta. Izan be, nobelatik gehixen gustau jatana horixe da: 1938 inguruko Alemania barruko giruan barri izatia, mozkorraldi abertzale-sozialistan delirium tremenseraiñok allegau zan gizarte “normal” baten erretratua...

Aurkezpena

Oier Gorosabel Larrañaga, Lekeittioko Eibartar bat

 

Eibarrespaziuan zihar esan zesten pizkat mesianikua nintzala idaztian, eta bloga sortzerako orduan horregaittik ipiñi netsan izenburu hau. Lehen nere gauza guztiak (argitaratzeko morokuak, behintzat) hamen idazten banittuan be, espeleologixiari buruzko gauza guztiak ADES-en webgunian emoten dittudaz, eta osasun asuntoko artikulu guztiak hona mobidu dittudaz, gaika klasifikauta.

Txorrotxioak
Etiketak
ETB1 EibarOrg Zer erantzi abertzale abittaga abortuak aitor_eguren aittitta raduga aldatze amarauna andoain antzerkia arantzazu ardantza argentina_2005 armando gorosabel arrajola arrakala arrantza literarixuak arrate arrosa artxanda aulestia axpe_martzana azkue ipuin bilduma azpimarra banu_qasi baxenafarroa baztan belaunologia berasueta berbologia berriatua bidai_aluzinantia bilbao bittorixa buruntza comunitat_valenciana culineitor deba desempolving diaspora egillor eibar eibarko_lagunak ekialdeko nafarrera eraikinologia erdialdekoa erresuma_batua erronkari espeleologia etxebarria eup euskadi_irratia euskal_erria_aldizkaria euskalkia faktoria felix_arrieta galicia ganbara gasteiz gatobazka gce gernika girua gorosabel hormasprayko igotz_ziarreta ikerkuntza indalecio ojanguren info7 irabiaketa irratia irun iruñea izarraitz jacinto_olabe juan san martin kalamua kanposantuak katarain kirola koska kuku kurosawel labordeta lagunologia lalolalia lamaiko_operia lasarte leintz_gatzaga lekeitio lekeitioko_lagunak lituenigo lopez maeztu magia maputxe markina-xemein markues matrallako mendaro mendebalekoa mezo_bigarrena mineralak musikeruak muskildi mutriku nafar_lapurtera nafarrera noain oiartzun oioioi-lur ondarroa opaybo orakulua otsagabia paisajiak parakaidistiarenak patxi_gallego polo_garat sagartegieta san antoni sartei sasiola sega segura slovakia tafalla2016 talaiatik telebista toribio_etxebarria umeologia urberuaga urkiola xabier_lete xoxote zaharrea zaharreologia zaragoza zer erantzi zerain zornotza zuberera zuberoa
hgikj
2002 2003 2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017