Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Garagoittiko Orakulua

CRAG

Oier Gorosabel 2012/09/30 22:21
Baten Adolfo Rodriguez taberna baten gittarria jotzen ikusi najuan. Artian ez najenkixan zein zan be (CRAG ez neban asko ezagutzen, izenaz aparte) baiña Bueuko lagunak inguruko taberna batera juateko insistidu jestan, batzutan ugezabak gitarria hartu eta jotzen zebala-eta.

Etxuat lekua ondo gogoratzen (lafiauta egongo nintzan kontizu): inguruetako hondar edo portu baten irudi lausua baiño etxaukat, Pontevedrako errixoko argixak bistan, herri haundixetatik aparte xamar. Eta bai: taberna haundi eta illun baten, baztar baten halako pulpittu bat jeguan (eszenatokixa be ez zuan-eta). Han viño katilluka genbixala, halako baten tipo ulezuridun bat eskillaretan gora: gittarra elektrikua entxufau eta han hasi zuan raka-raka. Pare bat kantu baiño ez jittuan jo: ahozabalik lagatzeko beste; gero jaitsi eta jente artian galdu zuan.

Handik denpora batera, Ermuko zinera mailla haundiko espektakuluak ekartzen hasi zittuan (Manolo Escobar be ekarri juen, esate baterako). Sasoi horretan ikusi neban Rodrigo, Adolfo eta Guzman kontzertuan zetozela. ¡Koño! Ba han juan nintzuan lagun pare batekin. Kontzertua be apartekua izan zuan: hiru gizon nagusi, hiru gittarrakin, eta etorri haundixakin. Oso ondo pasau genduan, bai musikia eta bai anekdoten artian –barriketan, kantuan beste pasau juen-. Han jakin najuan, esate baterako, Guzman (good man) Cadillac taldeko kantantia be izandakua zala (Valentino eurovisivuana). Kontzertu ostian, jakiña, hurrengo pausua euren diskuetako bat jiratzia izan zuan: Señora Azul hartu najuan.

Hau guztiau etorri jatak gogora Anek disko hau gure kotxera jaitsi dabenian; aste honetan biharretik eta biharrera darabiltt, eta betiko legez pentsamentu bera datort: ¡zelako disko ona gero! Pieza batzutan lau abotsen armonixak hipnotikuak dittuk; rock guitarrero ederrak be ba jagozak (Canovasek kantatzen dittuanak, batez be); Rodrigon boza be asko gustatzen jatak (“soka boza” begittantzen jata, Mikel Laboana lez) eta Guzmanena, barriz, melodikuena eta landuena dok; biharbada, ona izanda, Adolfona dok abots arruntena. Halan be, diskua entzutzen doten bakotxian gauza barrixak deskubritzen jittuadaz.

Gaur, baiña, ezagutu nittuanian ez nekana jaukat: interneta. Hor izan juat, estraiñekotz, euren historixa gorabeheratsuan barri: oso disko gitxi grabau zebela; marketing eta promoziñozaliak ez izatian, zirkuito musikaletatik aparte xamar ibilli izan dirala -Señora Azul diskua, esate baterako, etxuan bape oihartzunik izan bere sasoian, nahiz eta gerora musiko askon erreferentzixia izan dan-; dato xelebriak bebai (Karinan musiko laguntzailliak izan zittuan)...

Horretara, gaur arte etxuat jakin baiña ikusi dotena ikusi izanagaittik zorionekua kontsiderau najeikek, ¡erregular!

Sabindarren purrustadia

Oier Gorosabel 2012/09/27 23:31
“Euskaltzaindiari epaiketa”, Latiegi’tar Bixente eta Oñatibia’tar Dunixi.

 

 

 

 

 

 

 

Bixente Latiegi

Banekan gogua, bai “Euskerazaintza” izenekuan atzian zer zeguan jakitzeko. Imajinatzen najuan, baiña tira: gauzak konfirmatzia beti dok ona. Kuriosua dok ikuspegixa zelan aldatzen dan: oiñ arte Krutwig disidentetzat banekan be, beste fakziño honetakuak barriz, gaur egungo Euskaltzaindiako ortodoxian aldeko pertsona printzipalenetakotzat jaukek. Juanito San Martinen ikuspegixa be diaboliko xamarra dok.

Liburua jeneralian kontuan hartuta, ezagun dok idazliak oso erreta dagozela; eta horrek berak argumentaziñuari ez detsa bape mesederik egitten. Emoten dabenez, hasarrian jatorrixa politikua dok gaiñera, filologikua barik: idazlien argumentu gehixenak behintzat hor amaitzen dittuk, euren ustez desegokixa dan jokabide horren azpixan ezkertiarren interesak dagozela salatuta.

Izenburua be ez dok oso egokixa: izan be, epaiketa batian alde eta kontrako argumentu guztiak zehetzen dirala suposatzen dok, gero danak alderatuta ondorixua etaratzeko. Baiña hamen etxagok halakorik: argumento guztiak kontrakuak dittuk. Errekopilaziño bihar haundixa dok, hori bai, baiña handik eta hamendik bildutako artikulo guztiak asko jota hiru-lau argumento baiño ez jarabixek, bueltaka: a) Azkuen sasoiko batu eredua (“gipuzkera osotua”) oso ona zala eta onezkero finkauta zeguanian, zertan hasiko gara aldatzen; b) H-a (“hETA” grekoz) ezkertiarren kapritxua edo sinbolua baiño ez dala; c) H-a oso leku gitxittan erabiltzen dala (Iparraldian) eta han euskeria laster desagertuko danez, ez dabela merezi euskal hiztunen gehixengua horrekin nahastatzia; d) herri euskera bizixa hartu bihar dala eredutzat, eta ez euskerian teorixa filologikua... Baiña argumentuoi nik hutsune larregi ikusten jetsedaz.

  • H pronuntziatzen daben euskaldunak “gitxi eta laster desagertzekuak” dirazela esatia, atzeraka egitten jestak. Zorixonez, pronostiko okerra izan zuan (liburua 1982kua dok). Behiñ eta barriro agertzen dittuk liburuan zihar Iparraldeko euskalkixenganako antipatia edo gutxiespena erakusten daben komentarixuak, eta halako euskaltasun zentralista tufo bat.
  • Herri euskeria aldarrikatzen juek, batuan artifizialtasunan aldian. Baiña... herri euskeran esan esaten dirazen “erderakadak” baztartzen dittuez (“Estatuto-projektua” ez, “Araudi-gai” bai), eta garbizaletasuna eta neologismuen artian be herri euskera horretatik nahikua apartatzen dittuk; baiña hori ez detse ardura kontizu...
  • Zirriborrautako hezkuntza ereduan (Bizkaian eskoletan bizkaieraz), ez jittuek kontuan hartzen azpieuskalkixak... eta bide horretatik juanda euskalki barrixak asmau biharra egongo dala (“bizkaiera batua” eta halakuak).
  • Gogaittu arte errepikatzen juek Euskaltzaindian iritzi-aldaketian arrazoia politikua dala, ez filologikua; baiña bai idazliak, bai azaldutako lekukotasunak be, keja mingotxa erakusten juek behiñ eta barriro, natural-natural, euskerian norabidia jeltzaletasunetik desbideratu dalako; hori norabide politikua izango ez balitza lez...

Xemeikotan

Oier Gorosabel 2012/09/27 14:07
Gaur eguardixan izan dok: Niko eskolara eruan ostian bueltan nentorrela, zentimua ikusi juat lurrian. Aspaldittik dakaten ohitturiari jarraittuta, makurtu, hartu eta sakelian gorde juat.

http://cinema-fle.wikispaces.com/file/view/les-glaneurs-et-la-glaneuse.jpg/58199192/les-glaneurs-et-la-glaneuse.jpg

Usarixo hori oin dala urte batzutatik hartuta jaukat, umetan lagunartian genkan (nik bebai) ohitturiari konszienteki kontra egittiarren. Ondo gogoratzen juat-eta: pesetia lurrian ikusten bagenduan, txartzat, lotsagarritzat genkan ha hartzera makurtzia. Goguan dakat iñoiz be, batzuk pesetak apropos botatzen jittuezela lurrera, gero hárek hartzen zittuanen kontura barre egitteko.

Nahiz eta gurian jatekua etxakun sekulan faltau izan, betidanik ezagutu jittuadaz nik etxian diru arazuak. Biharbada horrengaittik, baiña batez be humillaziñuan joko zittal horretatik aldentziarren, halako baten hórrek pezetok jasotzen hasi nintzuan; ahal bazan, gaiñera, bota zittuezenen bistan. Sekulan ez nauk jarri pentsatzera (arrazoitzera) zergaittik hartu ete neban erabagixori; ez zuan-eta hausnarketa baten ondorixua izan, erantzun biszerala baiño. Oiñ pentsatzen jarritta, arrazoiren bat edo beste okurritzen jatak: erresistentzia keiñu bat izango zuan igual; edo diru premiñan dagonan duinttasunan aldarrixa, pobre power estilo bat. Eta asuntuari buelta pare bat gehixago emonda, sentimentu hau nere jarkera bital batzuen atzian be egon leikela uste juat: kalian dirua eskatu izana; traste zaharrak etaratzeko egunetan kaleko errondia egitteko zaletasuna; sukaldian ogi-kozkorrik be basurara ez botatzia... kontainerretan jateko moduko jatekuak billatziari be ez detsat txarto eresten. Gogua be etorri jatan, La Glaneuse ikusitta, baiña... ondiok ez nauk horretara jarri.

Volodymyr, Yuli eta Issur

Oier Gorosabel 2012/09/19 14:48
AKA Jack, Yul and Kirk

Jack Palance

Gure aitta zanak zinia miresten juan. Bere papelen artian makiñatxo bat esku-orri jagozak, Kiputxanekuan-edo, Kruzetanekuan-edo... hartutakuak, antxiñan pelikuletako propagandia egitteko banatzen zirazenak. Baten zera esan jeskuan: “Aktorien listia einbiot” eta goguan zittuan guztiak banan-banan apuntatzen hasi zuan. Ordenadoreko papel kontinuo bat hartu (krisisakin enpresia itxi eta, artian, IMI-n  informatika ikasten hasitta jebixan) eta han hasi zuan, banan banan: Lewis Stone... James Stewart... (idazten dan modura pronuntziauta, jakiña)... Clark Gable... Lee van Cleef... Basil Rathbone... Pamplinas... Fatty Bomba... Tartian nik laguntzen najetsan, aktore moderno xamarrekin-eta (artian Richard Chamberlain gustatzen jataan), baiña gehixen-gehixenak berak idatzi jittuan. Orrixak eta orrixak eta orrixak, ezingo najeukek esan zenbat ziento gogoratu zittuan.

http://i592.photobucket.com/albums/tt8/MovieJoe/silver/bronze/Platinum/000aaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaakd.jpg

Nik etxakat haren griñarik, baiña gustau gustau egitten jatak zinia, baitta pantalla atzeko historixak jakitzia be. Esate baterako, deigarrixa egitten jatak zine industria inglesdunian arrakastia izan daben aktore atzerritarren kopuru altua, izen aldaketa eta guzti: aurretik idatzi najuan Terence Hill eta Bud Spencer italiarrei buruz. Eta gaur goizian, Tomaxekin portuan nenbixala, Errusia aldetik etorrittakuak be mordotxua izango dirala pentsau juat. Enok hasiko estadistika bat egitten, baiña boteprontuan hiru etorri jataaz burura Volodymyr Palahniuk, Yuli Borisovich Bryner eta Issur Danielovitch, laster 96 urte beteko daben kanpeoia.

Txikittako gauzak

Oier Gorosabel 2012/09/16 18:29
Hantxe egon nintzan ni: bai Xenki eta Murgiri egindako zelatan, baitta Zaramagako bihargiñak akribillau zittuezenian be.

"Grisak" martxan. Irudixa: foros policiales patrulleros.

Telebisiñorik izatia zer dan. Bazkal ostian, Tomax siestan dagola, eta Ane biharretik etortzeko dagola, Nikok ohittura xelebria hartu dau. Sofan etzintzen gara eta, bera nere tripa gaiñian jarritta “Zuk zer egitten zenduan txikittan?” galdetzen hasten da. Kontu zaharrak entzutzia gustatzen jakok, nunbaitt. Eta neri kontatzia...

Hasieran erreza zuan: edozer balixo detsak-eta, han hogei minutuan barriketan egoteko. Nik zeozer kontau; berak detalle bat galdetu; gero zeozer gehixago kontau nik... Hasieran erreza zuan; hille batzun ostian, baiña, gero eta gatxagua egitten jatak kontatzeko moroko ezer topatzia. Baiña gustora najabik: guztiz ahaztuta nittuan hainbeste gauza gogoratu jittuadaz joko honekin.

Aurreko baten, aittitta Demetrion kontu bat kontau najetsan, nerekin batera berenjenal pare baten sartu zanekua.

1972ko Iraillan 2xan, San Antolin egunian, guardiazibillak Lekeittion ETA-ko kide bi akabau zittuezen. Erasua oso salbajia izan zala diñue, errenditzeko aukerarik emon barik. Anaiak kontatzen dabenez, lagunak “sextotik” bueltan zetozela herriko sarreria itxitta topau zeben, eta ezin izan ziran gaberarte etxera bueltau. Artian anaiak 10 urte zittuan, nik 5 hillabete. Amak kontatzen dabenez, ni aittitta Demetriokin nenguan pasiuan; eta gizona alde zaharretik zihar ibilli ei zan, “ia zer pasatzen zan ikusteko”, karro eta guzti. Jentia antxitxiketan, pegoretan babesten-eta. Eta 200 pikolotik gora ametralladorekin. Etxera allegau giñanian entzutekuak entzun ei zittuan gizonak (gure aman jeniua bildurgarrixa da).

1976ko Martzuan 3an, benetako Greba Orokor baten testuinguruan, Polizia Armauak Bittorixako eliza baten bildutako bihargiñak gas lakrimogenoz eraso zittuan, eta gero atetik urten ahala ametrallau zittuezen. Artian amama Ines operau barri zeguan Eibarren, eta gurasuak amama Isabelenera bialdu ninduen amak bera zaindu ahal izateko. Bueno, ba gauza bera: kristona montau ei zan (elizan 5 hil eta 150 zaurittu zittuezen), eta aittitta eta ni kaletik zihar, istilluen erdixan. Herreria kalian bizi ziran, eta amama gaixua imajinau neike balkoian, beheko zalaparta eta tiro hotsakin bildurtuta, eta gu bixok etxera ezin allegauta. Amanak (jeniua) eta amamanak (jenio doblia) hartu bihar izan ei zittuan Demetrio bigurrixak.

Hónek entzunda, Nikon galderia hau izan zan:

-         Eta zuek ¿zer egitten zenduen kalian?

-         ¿Guk? ba peoretan ezkutau, edo...

-         ¿Zertarako?

-         Ba... poliziakuak ez hiltzeko.

-         Eta ni ¿aman tripan nenguan?

-         Bai, bai... aman tripan ondiok.

-         Ba hori... (barre) ¡bai ezkutaleku ona!

Evaristo II

Oier Gorosabel 2012/09/13 15:52
“Ecce homo”, Friedrich Nietzsche.

Nietzsche187a

 

Ez baneu jakingo gizon hau mundu maillako erreferentzia filosofikua dala, esango najeukek liburu hau zoro-handiuste-egozentriko-megalomano batek idatzittakua dala*, ixa-ixa humore klabian, eta ez netsake aparteko kasorik egingo. Baiña oso deigarrixa egitten jatak Nietzsche famatuan nere lehelengo irakurketa honi adarjotzaille baten zoroaldixan traza guztia hartzia (ez dakitt zer espero neban, baiña hau behintzat ez). Alde batetik Evariston liburua gogoratu jestak; eta bestetik Ernesto lagunan izaeria.

Liburuan gauza asko sobreentendidutzat emoten dittuk; idazlia bere unibertso partikularrian murgilduta jabik (ordurako bere obra nagusiñak idatzitta jittuan, famosúa zuan eta zaletu eta detraktore asko zittuan) eta ezagun dok bere jarraitzailliei emondako klabe asko emoten dittuala, erreferentziako obrak irakorri barik ulertu ezin leikiazenak –pentsau nahi dot-. Friedrichek bere bizitziari halako errepaso bat egitten jetsak, ordurarte idatzittako liburu nagusiñak banan-banan azalduta (edo). Eta graziak horri: ikusittakuak ikusitta etxuat uste-eta hórretako bakar bat be nere borondatez sekula irakorriko dotenik; baiña euren laburpentxo hori kulturilla jeneralerako ondo etortzeok.

Izan be... gauza batzu liburu hau katxondeuan hartzera gonbidatzen habe. Atalen izenburuak, esate baterako: “Por qué soy tan sabio”, “Por qué soy tan inteligente”, “Por qué escribo libros tan buenos”... tira, Friedrichen autobiografia moroko honetan ez dok agertzen amandria bizi jakon edo ez, baiña irakorrittakuak irakorritta, erantzuna argi jagok.

Bestela, irakurtaldixonek lehendik nekan aurreiritzixa indartu baiño ez destak egiñ: filosofixia... zenbat eta urriñago, hobe. Neretako mundu honetako gauzengandik goregi jabizak Markos eta bere lagunak. Eta etxuat esaten hori txarra danik, ez; igual premiñazkua be izango dok, etxakixat. Baiña neretako behintzat, ez dok.

* Eta tira; Wikipedian bere biografixia irakorri eta gero, hala dok.

Dragoi bildurgarrixan mehatxua

Oier Gorosabel 2012/09/11 22:27
Gabeko isilttasunian, doble bildurgarrixa,

Irudixa: fotoanimales.com

Ointxe bertan, autobus paradatik etxera nentorrela, Mantis batekin topo egin juat zintta erdixan. Hankiakin jo dot, abarra zalakuan, eta ño! harrotu egin jatak momorrua. Erretratu politt honetan ikusi leiken moduan ipiñi jatak, bardin bardin baiña gabaz, farolan argipian. Bildurgarrixa!

Hanka puntiakin motara baztartzen niharduala –iñok ez zapaltzeko- erresistidu egin jatak, lurrian finkauta bere terrenua mantendu guran. Entzutzekuak izan dira bere putzak: “Bzzz...!!! Bzzzz...!!! Hamen nago ni!!!!” esaten lez.

Gauza polittak ikusten dittuk gabeko ordu isilletan, beinke.

Pavoreal -uuuh-...

Oier Gorosabel 2012/09/11 11:44
Buenos Airesetatik, corrio-funk venezuelarran airiak.

Nere Argentinako lehengusiñak katxondeo bizixan dabiz El Puman kontura, eta neri be kontajiau nabe, kantu hau gogoratuta. Zenbat barre egin izan dogun etxian kantu honekin: "Pavoreal -uuuh-..." gerrixa modu lizunian astintzen.

Kontuz biharrian zabizienak, feromonak dantzan hasiko jatsuez dantzan-eta, corrio-funk ritmo eferbeszentian!

Isuntzako "txillixo-gunia"

Oier Gorosabel 2012/09/07 22:38
¿Edo zela esateok "chill-out" ba?

Igaz kasualidadez enterau giñan, eta penia emon zeskuan gehixago ez juan izatiak. Aurten be, zorixonez, Lekittoko Txozna Batzordiak hondarreko parkeko gune lasaixan ideia aurrera etara dau, eta ixa egunero pasau gara bertatik. Arbola arteko gune atsegin bat, lur garbi xamarrakin - herrixan baiño gehixago bai- eta beraz ume narrastixak dakagunondako zoragarrixa. Gaiñera programaziño ludiko-kultural politta. Eskerrikasko.


Argazkiak.org | Irrati tallarra Isuntzan © cc-by-sa: txikillana

Gaur be han egon gara, zelan ez: eta Xabi Navarro “Jota” laguna topau dogu, Egin eta Arrakala irratixetako beteranua, umez inguratuta, irrati taillar infantilla dinamizatzen. Gu egon garan tartian gero eta partehartzaille gehixago –txiki ta haundi- hurreratu dira eta  erretirau garanian be han laga dogu jente montoia tar-tar-tar mikrofonuetan berbetan.

Aurkezpena

Oier Gorosabel Larrañaga, Lekeittioko Eibartar bat

 

Eibarrespaziuan zihar esan zesten pizkat mesianikua nintzala idaztian, eta bloga sortzerako orduan horregaittik ipiñi netsan izenburu hau. Lehen nere gauza guztiak (argitaratzeko morokuak, behintzat) hamen idazten banittuan be, espeleologixiari buruzko gauza guztiak ADES-en webgunian emoten dittudaz, eta osasun asuntoko artikulu guztiak hona mobidu dittudaz, gaika klasifikauta.

Txorrotxioak
Etiketak
ETB1 EibarOrg Zer erantzi abertzale abittaga abortuak aitor_eguren aittitta raduga aldatze amarauna andoain antzerkia arantzazu ardantza argentina_2005 armando gorosabel arrajola arrakala arrantza literarixuak arrate arrosa artxanda aulestia axpe_martzana azkue ipuin bilduma azpimarra banu_qasi baxenafarroa baztan belaunologia berasueta berbologia berriatua bidai_aluzinantia bilbao bittorixa buruntza comunitat_valenciana culineitor deba desempolving diaspora egillor eibar eibarko_lagunak ekialdeko nafarrera eraikinologia erdialdekoa erresuma_batua erronkari espeleologia etxebarria eup euskadi_irratia euskal_erria_aldizkaria euskalkia faktoria felix_arrieta galicia ganbara gasteiz gatobazka gce gernika girua gorosabel hormasprayko igotz_ziarreta ikerkuntza indalecio ojanguren info7 irabiaketa irratia irratixa irun iruñea izarraitz jacinto_olabe juan san martin kalamua kanposantuak katarain kirola koska kuku kurosawel labordeta lagunologia lalolalia lamaiko_operia lasarte leintz_gatzaga lekeitio lekeitioko_lagunak lituenigo lopez maeztu magia maputxe markina-xemein markues matrallako mendaro mendebalekoa mezo_bigarrena mineralak musikeruak muskildi mutriku nafar_lapurtera nafarrera noain oiartzun oioioi-lur ondarroa opaybo orakulua otsagabia paisajiak parakaidistiarenak patxi_gallego polo_garat sagartegieta san antoni sartei sasiola sega segura slovakia tafalla2016 talaiatik telebista toribio_etxebarria umeologia urberuaga urkiola xabier_lete xoxote zaharrea zaharreologia zaragoza zer erantzi zerain zornotza zuberera zuberoa
hgikj
2002 2003 2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017