Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Garagoittiko Orakulua

Kartelak tapatzia

Oier Gorosabel 2012/04/30 23:50
Iñok halakorik egittia nahi ez bok, ezeixok hik iñori egiñ.

http://usurbileginez.files.wordpress.com/2011/10/pegada.jpg?w=500

Askotan tokau izan jata kalian kartelak pegatzia, eta ondiokan be jarduten dot batzutan. Asko gustatzen jatan biharra da, berez, bardin da kartelak zeren gaiñekuak dirazen: agitaziñoko gauzak, biharrekuak... azkenaldixan EZ aldizkarikuak pegatzen dittudaz bakarrik. Askotan gogoratzen dittudaz goizaldeko ordu txikixetan egindako saiuak, basureruak lagun nittuala, poliziako auto bakartixengandik iges –Bidebarrixetako punta batetik bestera edozer ikusi leikian orduetan-.

Hortan hogei urte bai pasau dittudaz, barrena. Eta denpora horretan beti-beti saiatu izan naiz beste konbokatorixen kartelak ez tapatzen. Izan be, kaleko paretetan kartel asko egoten diraz, eta norberana pegatzerako orduan batzutan ez da erreza leku (on) bat topatzia. Leku librerik ez dagonian, lehelengo aukeria desfasautako kartelak kendu edo tapatzia izaten da, hau da, fetxaz pasauta dagozenak. Baiña nere etika kartelpegatzaillistikuan ez da sekulan sartu indarrian dagozen konbokatorixen kartelik tapatzia, ezta kartel atenporalak be (feminismua aldarrikatzen, esate baterako).

Ez da hori ezker abertzaleko “konpetentziakuen” irizpidia, antza. Urtiak juan urtiak etorri, herri desbardiñetan, ixa beti eurak izan diralako kartelak tapau izan destezenak, batzutan oso ordu gitxira. Igual asko eskatzia da: nahikua bihar izango dabe Naziñua Askatzeko bihar neketsuakin, bestion kartel ziztriñori erreparatzen hasteko –euren kanpañak masibuak izaten diraz gaiñera, kartelak hogeiñaka-eta pegauta...-. Baiña “eskubide guztiak guztiendako” aldarrikatzen dozunian, ba... ez da txarra izaten iñor zapaltzen ete zabizen begiratzia ¿ezta?

Scriptorium

Oier Gorosabel 2012/04/26 17:54
San Antoliñeko bodegoi bat.

 

Argazkiak.org | Scriptorium © cc-by-sa: txikillana

 

Aste pare bat da Twitter eta Facebooken "desenbarkau" dotela, biharreko bloga dala eta. Normalian filipikak argazkiko leku honetatik botatzen dittudaz, irudixan eguardiko zeregiñen bizittasunian. Ikusten dan legez, azken teknologixak (vitrozeramikak wifixak -bai, hala ipiñi zeskuan Euskalteleko tekniko kanpetxano batek, guk ezer eskatu barik-), antxiñako sukalde ekonomikuakin eta ur beruan "pavia"kin batera ibiltzen diraz unamorixuan.

Markinaldeko Frentea 1936

Oier Gorosabel 2012/04/23 11:11
Esan bihar da txosten hau desfasauta dagola guztiz –Ahaztuen Oroimenekuen ikerketak askoz be aurreratuago dagoz onezkero, egunen baten hasiko dira argitaratzen- baiña gitxienez herri horretan topau leikezen arrastuen kalidade eta garrantzixaz idea bat egitteko balixo dau.

 

Argazkiak.org | Ezkurraundiko "Parapetu" © cc-by-sa: txikillana

 

Espeleologixiak bere zurrunbilluan hartu ninduan arte, bi-hiru urtian asko jarraittu neban Espainiako Gerra Zibilla, eta horren adibide asko dakazuez blog honetan bertan “gce” etiketapian. Izan be, Markina-Xemein aldian egitten dot biharra nik, eta inguruko arrasto ugari eta ixa ezezagunak ikusitta, ezin izan nintzan geldirik geratu eta halan hasi nintzan, domeketan-eta, betiko mendi bueltak helburu espezifiko horretara bideratzen, arrastuak katalogatzera esan gura dot, Eusebio eta beste lagun “indigenak” konplizetzat hartuta.

 Hortan nenbixala, egi berdadero batekin topau nintzan: Eibar-Elgeta aldeko gerria oso landuta dagola, eta ondo jasota gaiñera (bai burruken lekukotasunak jasotze aldetik, baitta arrasto fisikuen katalogotik); bihar horretan diharduen jentia ezagutzeko plazerra izan dot gaiñera, nere jardueran gitxi lagundu ez nabenak. Beraz, nere biharrak eremu ezezagunagora bideratu nittuan, oso norabide zihetzakin: Markina-Xemeindik kostara doian tartia ezagutzia, 36-37ko neguan 7 hillian geldirik egondako frentia, hain zuzen be.

 Honek esan gura dau Eibarko azken posiziñuetatik hasi nintzala (Agiñaga auzuan) eta, Markina-Xemeingo lurretan zihar, Etxebarria, Berriatua, Ondarroa, Lekeitio eta Mendexako lurretaraiñok doiazenak lokalizatzen hasi nintzala. Kontuan hartu bihar da frentia bikotxa zala, eta beraz posiziñuak lerro paralelo bittan (eta batzutan multiplietan) kokatu zirala. Toki batzutan etsaiak kilometrotara zeguazen, Etxebarrian legez, eta erasuak beraz artillerixakuak izaten ziran –hortik ametralladora-etxe senduak- baiña beste batzutan, ostera (Akarregi-Oruntze artian, esate baterako) ehun metro eskas zeguazen bando bixen artian eta posiziñuak konplikauaguak ziran, lerro multipliekin-eta.

 Ordurako ba nebixan espeleologian, baiña esandako moduan momentu batetik aurrera lurpiak nere aisialdi ixa osua iruntsi zeban; gero umiak jaixotzen hasi jakuzen... Horretara, hasittako bihar hori ezin izan neban gehixago atendidu eta hala geratu dira nere txostentxuak, osatu barik, baiña behintzat hor dakadaz ondo artxibauta (krokis, idatzi, argazki...) eskualde hau ikertzen jarraittu nahi dabenari pasatzeko moduan.

 Hala gertatu zan Markina-Xemeinen bertan. Oin dala 2-3 bat urte jakin neban lagun talde bat zebixala Gerra Zibilleko asuntua inbestigatzen, modu serixuan gaiñera (arrasto fisikuetaz gaiñ testigantzak, elkarrizketak...  jasotzen zebizen), gaur egunian Ahaztuen Oroimena izenakin diharduenak diraz. Artian asunto honetan murgiltzen hasibarri zeguazen, eta nik, jakiña, nekixan guztia erakusteko prest agertu nintzaken, pozik gaiñera, iñork biharrakin segidu bihar zebalako. Eta txosten hau prestau netsen, Markina-Xemeinen lokalizauta nekanakin. Esan bihar da txosten hau desfasauta dagola guztiz –Ahaztuen Oroimenekuen ikerketak askoz be aurreratuago dagoz onezkero, egunen baten hasiko dira argitaratzen- baiña gitxienez herri horretan topau leikezen arrastuen kalidade eta garrantzixaz idea bat egitteko balixo dau. Egin kontu zelako inportantzixia daken, ikerketen ondorixoz Markina-Xemeingo udalak Hirigintza Plan Orokorrian be sartu dittuala zeozelan babesten hasteko.

 Beste herrixetan halako ekimenik balego, zer esanik ez: nerekin harremanetan jarri daittezela eta dakaten informaziño apurra eurendako izango da.

 

Zumalakarregi, Ormaiztegiko txakurra?

Oier Gorosabel 2012/04/22 17:06
Etxeko literatura orala eta esakera zahar misteriotsu bat uztartzeko saiakeria.

Azkenaldixan gai batekin bueltaka ibilli naiz (eibartarrak zerrendan eta Frentes de Euzkadi foruetan, bestiak beste), handik eta hamendik galdetzen, eta punto muertora allegau naizenez, hamen ipintzen dot inbestigaziñuen oingo egoeria. Botillako mezu bat ziber-itxasuan, iñoiz iñok ezer topau edo jakingo baleu, aurkitzeko morokua izan deiñ.

Zumalakarregi Museoko arduradunei bialdutako idazki honetan laburbildu leike nere jakinnahixa:

 Zumalakarregi Museoaren arduradun agurgarriei:

 Oier Gorosabel dut izena, eibartarra naiz eta kontsulta bat egin nahi nizueke.

 Etxean beti izan gara kontu zaharren zaleak, eta Tomas Zumalakarregi jaunaren izena agertzen zenean gure aitak beti komentario bera egiten zuen: “Ormaiztegiko txakurra!”, hau da, Eibarren hala esaten ziotela Zumalakarregiri. Ez nion garrantzi berezirik ematen, izan ere, gaztea nintzen, karlistadei buruz ezer gutxi nekien...

 Hala ere, urteekin eta etxean jasotako zaletasunarengatik, XIX gizaldiari buruz gehiago ikasi dut, eta hain zuzen ere karlistek eta liberalek Eibar inguruan izan zituzten tirabiren berri izan dut. Horretara ezizen horren zergatia hobeto ulertzen dudala esan dezaket, Eibarren etsaitzat baitzuten Zumalakarregi jauna.

 Hau horrela geratuko zen orain dela urtebete inguru jakin nuen gauza batengatik izan ez balitz. Kasualitatez izan nuen Bergarako ikerketa filologiko batek jasotzen duen esaera baten berri, Ormaiztegiko txakur bati buruzkoa hain zuzen ere.

"arrapar y pasar. (c). esapidea. Norbait harrapatu eta pasatu (karrera batean, adibidez) egiten denean esan ohi den esapidea. Ormaiztegiko txakurrana egin jotsak: arrapar y pasar. Esaldia osorik entzun izan da. Ez dakit nondik norakoa izango den Ormaiztegiko txakur hori".

 Hiztegi gehiagotan ere agertzen dira esaera honi buruzko erreferentziak, betiere jatorri ezezagunekotzat hartzen delarik.

 Gauza biak lotuz, nire susmoa da karlistadetako borrokaldiren bateko erreferentzia ilun bat ote den, gudaroste batek bestea gainditu zuenekoa, Deba ibarra inguruan beharbada (esaera hau han erabiltzen dela baitirudi). Nire inguruan galdetzen egon banaiz ere, inork ezin izan dit honen berri zehatzagorik eman, eta azken aukera bezela zuengana zuzentzen naiz, ea kasualitatez argi pizka bat eman diezadakezuen.

 Eskerrikasko aldez aurretik.

Eta eurak emondako erantzunian, oingo egoeria.

 Gorosabel jauna:

 Sentitzen dut baina zure gutuna jaso arte ez genuen sekula "Ormaiztegiko txakurraren" berririk izan.

Ez da erraza izango aipamenik aurkitzea. Gotzon Iparragirreren liburu dokumentatuan ("Debarroko osai liberala") ez dut honi buruzko ezer aurkitu eta ez zait beste iturririk bururatzen, euskaraz ez baita apenas idatzi Karlistadei buruz.

Dena den zure kontsulta gordeko dugu eta noizpait argitzeko aukera sortzen bazaigu, jakinaren gainean jarriko zaitugu.

Mila esker zure interesagatik. Jaso ezazu gure agurrik beroena

 Mikel Alberdi

Zumalakarregi Museoko Dokumentazio Zentroaren arduraduna

Erantzun honen ostian begiratutako beste detalle bat. I Karlistadan Zumalakarregik egindako ekintzen artian, bat Deskargako “Batallia” izan zan.

http://1898.mforos.com/1026883/5408844-batalla-de-descarga/

Kokapenangaittik, eta batallian ezaugarrixengaittik (horregaittik kakotxak), errezelua dakat ia ez dan hau izango esakera honen jatorri illun hori. Gatxa konfirmatzia, baiña... horra hipotesisa.

Poliziakuak

Oier Gorosabel 2012/04/16 08:14
Olabarrieta eta Ordozgoitikin Arzak, Ramos, Dolosor eta Iriarte. Cabacasen erahilketia, EPPK komunikaua, Frantziako hauteskunde presidentzialak eta YPF-Repsolen nazionalizaziñua. Meriandia: txorixo iberikua arto eta hazizko ogitxuekin.

 

Azpimarrako kamara atzian berbetan segidu genduan, Iñigo Cabacasen erahilketiari buruz. Danen eritzixa zan lehendakarixak ez dabela zentzunez jokatu, hainbeste egun agerraldi publikorik egin barik, familixiakin harremanetan jarri barik... Ulertueziñezkua eresten zetsen. Nik ostera, zuzenian esandakua berretsi neban, eta berbetaldixak nere iritzixa pizkat gehixago garatzeko aukeria emon zestan.

 Mutillan herixotzia jakin nebanian, ez neban uste ezer berezirik gertatuko zanik. Hain zuzen be, “foballzaliak euren estilora erantzungo dabe –istilluekin- eta gutarrak ez dabe hildakua beretartzat hartuko” esan neban. Poliziakuen jardun normalian dago jentia zaurittu eta akabatzia, eta beraz agintarixak ez zebela ezer espezialik egingo (azalpenik, barkamenik, dimisiñorik...) benetan uste neban. Eta seguramente agintarixak be ez zeben halako erantzunik espero.

 Bai, jente normala bestetan baiño gehixago iraindu da, asunto honekin. Izan be, mutil foballzale paketsu bati halakorik gertatzia ez da ulertzen (borrokillei gertatzia bai ulertzen da, askotan gertatu dan legez, hori normaltzat daka jentiak). Eta sare sozialei eta halakuei eraginda, irain espiral hori agintarixen kalkuluak gaindittu dittu; nik be ez neban halakorik espero. Eta nere ustez, horixe izan da barkamena eskatzera bultzatu dabena, ez egindakuangaittiko damua. Eta jakiña: lehendakarixak reakzionau dabenerako, berandu zan ondo geratzeko.

 Nere solaskide Koldo eta Xabier nahikua pikau dira ertzainen jefiana esan dotenian, malkuak faltsuak zirala, eta zerikusi gehixago zekela renuntzio baten harrapau izandakuan lotsiakin, Cabacasi gertatu jakonakin baiño. Euren esanetan poliziakuak benetan sentitzen dittuez halako gertaerak baiña, lagunak, nik ezin dot imajinau ertzaiñak karga eta blastio baten ostian halako kezkekin, euren erantzuna egoerian proportzionala izan ete dan, jente asko edo gitxi zaurittu daben, grabe dagozen... Parkatu, baiña imajinatziakin barreguria etortzen jata.

 Puntu honetan sindikatuak esaten dabenakin bat nator. Erruduna ez da katua sakatu daben poliziakuena. Ertzainak jentiari erasotzeko eta zauritzeko entrenauta dagoz, eta unidade hórretako kidiak, bereziki, agresiño ahalmenangaittik aukeratzen dira -ez hainbeste literatura eta poesia ezagupenengaittik-. Txakur arriskutsu batek triskantzia egitten dabenian, beraz, errua ez da animalixana –gaixua-, ez bada eze ugala estuago ipiñi ez detsan jabiana.

PD: eta atzo izperringian Rodolfo Aresen elkarrizketa autodefentsibua irakortzian, gehixago siñisten dot hau. Bere esanetan, oingo ertzaintzian jokabidia, Balzan denporakua eta Atutxan denporako bera da: entrenamentu bera, material bera, eraso teknika bera, gogortasun bera. Cabacasen herixotzia oin gertatzia kasualidade hutsa izan da beraz, oin dala 5, 10 edo 15 urte bardin-bardin-bardin gertatu zeikian.

Aurkezpena

Oier Gorosabel Larrañaga, Lekeittioko Eibartar bat

 

Eibarrespaziuan zihar esan zesten pizkat mesianikua nintzala idaztian, eta bloga sortzerako orduan horregaittik ipiñi netsan izenburu hau. Lehen nere gauza guztiak (argitaratzeko morokuak, behintzat) hamen idazten banittuan be, espeleologixiari buruzko gauza guztiak ADES-en webgunian emoten dittudaz, eta osasun asuntoko artikulu guztiak hona mobidu dittudaz, gaika klasifikauta.

Txorrotxioak
Etiketak
ETB1 EibarOrg Zer erantzi abertzale abittaga abortuak aitor_eguren aittitta raduga aldatze amarauna andoain antzerkia arantzazu ardantza argentina_2005 armando gorosabel arrajola arrakala arrantza literarixuak arrate arrosa artxanda aulestia axpe_martzana azkue ipuin bilduma azpimarra banu_qasi baxenafarroa baztan belaunologia berasueta berbologia berriatua bidai_aluzinantia bilbao bittorixa buruntza comunitat_valenciana culineitor deba desempolving diaspora egillor eibar eibarko_lagunak ekialdeko nafarrera eraikinologia erdialdekoa erresuma_batua erronkari espeleologia etxebarria eup euskadi_irratia euskal_erria_aldizkaria euskalkia faktoria felix_arrieta galicia ganbara gasteiz gatobazka gce gernika girua gorosabel hormasprayko igotz_ziarreta ikerkuntza indalecio ojanguren info7 irabiaketa irratia irun iruñea izarraitz jacinto_olabe juan san martin kalamua kanposantuak katarain kirola koska kuku kurosawel labordeta lagunologia lalolalia lamaiko_operia lasarte leintz_gatzaga lekeitio lekeitioko_lagunak lituenigo lopez maeztu magia maputxe markina-xemein markues matrallako mendaro mendebalekoa mezo_bigarrena mineralak musikeruak muskildi mutriku nafar_lapurtera nafarrera noain oiartzun oioioi-lur ondarroa opaybo orakulua otsagabia paisajiak parakaidistiarenak patxi_gallego polo_garat sagartegieta san antoni sartei sasiola sega segura slovakia tafalla2016 talaiatik telebista toribio_etxebarria umeologia urberuaga urkiola xabier_lete xoxote zaharrea zaharreologia zaragoza zer erantzi zerain zornotza zuberera zuberoa
hgikj
2002 2003 2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017