Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Garagoittiko Orakulua

Hok eman izan ditut Hazparneko herrian...

orakulua 2005/06/29 00:05

Aiherra, 2005ko Ekainak 24tik 25rako gabia.

Maitagarri bat izan juat gidari Aiherrararte. Gaba erdixan, begi ninixak zihero zabalik dagozen horretan, illuna eta illunagua baiño bereizten ez diranian, baso basa huntan mueta guztietako terroriak bide baztarretako moltzo baltzetan zelatan jagozak. Bidai alkimikuan, pauso iniziatiko guztiak kunplitziarren, galtzian momentua be etorri da eta orduan maitagarrixak, hiru bidarrez, bidia markatu jeztak. Entzuten dakixanak topatzen jittuk seiñaliak.

Hala izango ete zittuan Otsozelhaiko haitzuloko bidaiari iniziatikuen ibilbidia. Isturitzeko biztanle gaztiak, heldutasun proba legez azpiko koba illun eta luzia ziharkatu biharko juen. Terrorez betetako zulo laberintikuetan bide egokixak aukeratu biharko jittuen ipurtargi baten laguntziakin. Batzu irudixen gelara helduko zittuan, litofono eta hazurrezko txirulen tenplo sakratura, eta asmatu ezin geinkezen jangoikuak gurtuko jittuezen, hotzak, gosiak eta zauriz beteta, akustika arkaikuen soiñu artian.

Atzo heldu giñuazen Hazparnera. Geure erritual pertsonalei jarraittuta, Xuriatea herriko tabernan bildu giñan, tantanka, gure komandante Xarlok agintzen daben rhytma karibearretan. Zenbat jente gazte Hazparnen, harrittuta ibilli nintzuan (biharbada nere herrixan be egongo dok hainbeste gazte, baiña ez nauk asko ibiltzen parrandan…). Pablo, Aran, Luis, Rodrigo, Txabi, Barrenetxea, Sonia korsikarra, Ane eta ni.

Formal xamar, iñor ez zuan geratu leku txarrian… ni izan ezik, baina kontuan hartuta labankada eta ostixak bustittako soluangaittik izan zirala. ¡Zelako miña! Bestalde Xuriatean afarixa, zigarro ta ardau asko, puruak eta porruak, sirimirixa eten barik, barraketatik gaztetxera, Okabe taldian musika jazz (luziegitxua), eta azken orduetako euri zaparrada erotikua.

Gaur “noches alegres, mañanas tristes” esakera gaztelarra izan da nere divisia.

Goizez Xuriatean txakoliña armosatzen topau jittuagu diaspora-kid-ak, eta pique-nique bat egitteko prestakuntzetan jeguela planetaz enteratu eta etxera erretirada bat egin juagu, korputz eta buru gaixuei atsedentxo bat emoteko. Pique-nique-rako egualdixak ondo lagundu gaittuk, eta “Macarra Flojo de Pantalón” eta “Sex Symbol” lagunak kontzertu gittarristiko alaixa emon jezkuek Zelai auzoko talaixan. Gure korsikar gudarixa be lasai ederrian egon dok zelaixan part botata, harik eta “Albokari in the Night” lagunak esnatze nahikua bortitza eragin detzan. Orduan izan dok, sargorixa jasaneziña zanian, Otsozelhaiako harpeetarako ostera sujerentia.

Handik urtendakuan, Txabi, Ane eta hirurok ezin izan jetsagu eutsi Belzuntze jauregixa ikusteko tentaldixari. Jauregi hau Otsozelhaia eta Aiherra artian jagok, eta hainbeste bidar pasatzen gaittuk haren azpittik leku batetik bestera juateko. Gaur geratu, eta mendixan gora juan gaittuk ikustaldi baten egiteko. Ez dok oso jauregi zaharra, kanpotik behintzat. Biharbada lehenago gaztelu bat izango zuan, baina XVIII mendian eraldatu juen eta oraingo ruinak horren itxuria jaukek nagusiki. Ez dok beste munduko ezer, baiña tira. Ikusi bihar zuan.

Gaixo honek beste atsedenaldi bat egin bihar izan dok honen ostian, biharbada freskera prehistorikotiko urteeria gogorregixa izan dalako (eta gure lagun Barrenetxeak egin daben didaktika demostraziñuak traspuestua laga nabelako; gaixa, balentzianuak eta katalanak). Hala egon nauk lotan seko illuntzeko 21.30ak arte, afari legian ordurarte. Erritualan zeremonia garrantzitsuak dittuk eta, barixakuko Xuriateko bazkarixa, zapatuko Aiherrako afarixa eta asteleheneko Ttattolako presuen aldeko bazkarixa. Abstentziño ixa totala gaur: ez ardaurik, ez tabakorik… jateko asko baiña. Aiherrako bidia bakarrik hartu arte, gaban erdixan bapo esan arte jandako zikirua pixkat dijeritzeko. Han geratu dittuk bestiak, Hegoaldeko musika talde bat entzutzen. Hara: ba dirudi ba datozela batzu… gabeko ordubixak dittuk.

Aiherra, 2005ko Ekainak 26.

Atzo juan zittuan Aragoiko euskal diasporakuak, eta gaur Gaztelako ordezkarixa, Naparroa Osuaren jarraitzaille sutsuak gaur Noaiñen daukelako urteroko ospakizuna. Ondo izan, eta hurrengorarte… Uztail amaieran Aragoiarrak etorriko dittuk barnetegi batera, eta Slovakiako ordezkari bakarra be gauza berera etortzekotan zan… izango da Legia betetzeko aukerarik. Momentuz, CD bi grabatu eta bidaltzeko enkargua jaukat: bata Pariseko Fleury’n bizi dan Sonia korsikarrari, Ibon Koteronen “Airea” diskua, albokiakin izandako lilluriak jarraipena izan deixan; bestia Maulen bizi dan Txabi mexikarrari, Junes Cazenaveren “Aroaz” hitzaldixa, xiberotarrez ikasten laguntzeko.

Taldeko hondarrak (Xarlo “txakal”an gidaritzapian beti: Sonia, Ane, neu, eta atzo etorritako Nerea eta Jokin) Hazparneko errebotian geratuta gagozak, sasoi baten Sasiolan jokatzen zan “joko luze” partidua ikusteko. Joko kriptikua, luzia fisiko eta tenporalki, “trente quinze, trente refferin…” frantsesez kantatutako leluekin apainduta…

Lekeitio, egun berian baina illuntzian.

Ene ba da… ¿ez gara ba geratu André eta Annemarikin barriketan, eta berandu heldu? Ez erreboterik, ez ezer: pelotari gaztiak ei zittuan, eta segiduan amaittu juek (partido luzenak 3 bat ordukuak izan leikez, errez, eta horregaittik gu prisarik bez). Hain etxekonagusi jatorrekin orduak eta orduak egon leikez berba ta berba, eta konturatu bez: horixe bera gaur goizekua. Dana dala, Xarlo ez jatak hasarratu eta hantxe topatu juat, Xuriateako kuartel jeneralian, Soniakin erreboluziñua prestatzen.

Barteko mobimendua etxuat ondo ulertu. Ez egik pentsatu bakillaurik egon danik (igual bai) baiña nik aittutako soiñuak Ane eta Txabiñak zittuan, 14.00ak aldera. Hala juan gaittuk danak (bakoitzak bere) ohera, Barrenetxea eta Rodrigo faltan. Gero Martinon alabian bittartez jakin dogunez, ordu txikixetan topatu jittuk bixak, bide illunetatik errari, “André Baserria”z galdezka. Beste leku baten familixiak agroturismo bat jaukak, eta harengaittik zebizela pentsau jok alabiak. Hara gidatu jittuk. Baina ha ez zuan “gure” etxia, eta gainera turista frantsesez beteta jeguan. Han geratu ei dittuk Rodrigo eta Barrenetxea, kotxian lotan, definitiboki galduta. Halako baten alabiak “hauek gurasoen etxean direnak ez dira izango ba” pentsatu eta bueltan juan dok euren billa. Batetik eta bestetik, azkenian goizeko zazpiretan heldu ei dittuk basera.

Ei, ei, ei… etxakixat zehazki zer ete dan gertatutakua, ardi galduen bertsiñua falta dalako.

Goiza halan pasatu dok ba, barriketan eta atzoko gaba illuna aztertzen. Eta Ttattola gaztetxeko bazkarixa etorri dok gero. Oso ondo, betiko moduan, eta hara nun agertzen dan postrietan… ¡Gilles Landaburu forokidea! Harekin emon juagu azken sargori ordua. Baionan jagok barriro juan dan 3 hillian, eta antza danez “Enbata” edo “Ekaitza” (ez nauk izen zehatzakin gogoratzen) ezker abertzaleko aldizkariko erredakziñuan kolaboratzen hasiko dok laster.

Gero bide luzia, kotxeko lo jarua… eta beste forokidien kontakizunen txandia.

Markina, 2005ko Ekainak 27.

Korsikako Soniak eurak eta frantsesen arteko hainbeste argibide emon jezkuan, eta euretako bat aspaldittik igartzen neban sentsaziño bat gorpuztu edo konfirmatu juan. Esakera bat jagok: “Frantsesak garun bi jaukezek eta korsikarrak bakarra”. Frantsesena esatian bizepsetara señalatzen juek eta korsikarrena esatian kaskarrera. Eta bai, aspaldixan najenguan ni konturatuta, Iparraldian (baiña batez be Lapurdin) gizon asko ikusten nittuala… zelan esan… ¿“macho man hortera” itxuriakin? Fraka bakero estuak, koskabilluak ondo markatuta, gerriko zabal-zabal eta plater tamaiñuko hebilliakin, alkondaria erdi zabalik bularra bistan, ultravioleta morenua… Johnny Hallyday kasposuenan tradiziñuan. Hori da orduan azalpena… iparraldeko euskaldunengan moda frantsesan eragiña. ¡Je! Orain fundamentuz egin najeikek barre.

Ez hadi estutu gero: hegoaldeko euskaldunak daukaguzen ohittura eta marka espaiñolekin sartu najeikek beste egun baten, gogua ba daukak. Batez be askorek euskal usadixo peto-petotzat daukenekin.

Hazparnen, kanpotar bati (batez be hegoaldetiko bati) harrigarrixa egitten jako hamendik zihar dagoan “españolzaletasuna”. Bai; antza danez, ixku-zaletasun haundixa jagok hamen. “Peña taurina” izeneko txokuak jagozak (honan, gaztelerazko izenakin), eta Españiako topikuak nunnahi agertzen dittuk festa giruan: jentia “Paquito chocolatero” entzutian zoratu egitten dok, ehundaka mozkor besuak jasota, “olé”, “eh, toggo”, “pael-la” orruka, gauza exotikuena legez; ba da bertoko pallaso talde bat “Los Astokios” (sic) izenekua, eta sinisten dot euren jarduna frantsesez izango dala, baiña euskaldunen eta espaiñolen kontura… qué coshquero. Oso oso xelebria dok, eta benetan etxakixat zein jarrera hartu. Hazpandar alkatiak be (izenez Coumet, uste dot, EHZ festibalari bai, bai, bai, bai… eta azkenian EZ! esan zetsan berak) zerikusixa izango jok hontan, oin: ezin jakin herrixan tendentzixiak jarri daben halako auzapeza, ala auzapezak egin daben halako herrixa.

Hori bai, esan bihar juat kale nagusixan ikusten zan pipar-poto haundixa kaleko ikurriñarik barrixena zala: bestiak ajau-ajau eginda jeguazen. Gure konklusiño gaiztua: ¿sarri erreko ete juek?

Biolentzixian apologixia

orakulua 2005/06/23 00:45

Zelako paketsu bizi naizen azkenaldixan. Zelako ondo deskargatzetturazen eguneroko tentsiñuak. Zelako buru hotza arazo haundixenei aurre egitteko. Zelako alai juaten naizen biharrera (¡zeiñek esango lajeukek orain dala urte batzu!). Azken urtian nere bizitziak hoberutz egin jok, nabarmen. Eta “jipittasun”erako timoikada honen barruan, zer eta biolentzixiaren apologixa bat egittera jatork “flower power” honek. Gauza normala izan biharko litzakek eta oraindik aurrera hala izango dalakuan najagok, baiña hain pozik eta neure-buruakin-gustora geratu nintzuan lehengunian ze, kontatu biharra jaukat: lehengunian tipo bati aurrez aurre mehatxatu najetzan, kontuz ibiltzeko bestela ostixa bi emongo netzazela.

Zaragozatik bueltan izan zuan. Domeka baten, goizeko zazpiretan, han bildu giñan Cinco Villas bus geltokixan. Ni erdi lotan, eta ba dakik erdi lotan instintua dala nagusi… gauza ona, kasu honetan. Autobusera igo, eta hantxe geratzen nauk seko. Ba jatozak beste pasajeruak gora, eta euren artian hiru tipo, 30 bat urtetakuak, gaupasan. Beste pasajero loguretuen artian, eurak speed-gaba baten ondorixuekin, ondiok bajoiak jo barik antza… jijiji ta jajaja… euretako bat nere onduan jaukak asientua. Eta beste bixetako batek: “¡Ahí váaaa… (jojojo) al lado de Pancho Villa!”, eta bere buruaren txistiaz barrezka hasten dok, beste lagunakin (ohar ilustratibua: azkenaldixan, bigote haundi bat perilla txiki batekin darabilt). Nik beste alde batera begiratzen juat “suediarrarena” egitten, en fin… Gaupaseruak gure atzian jartzen dittuk. Segi lo jaruakin. Ondoko hirurak etxaukek, baiña, pakia emoteko asmorik eta hor jarraixek, jiji ta jaja. Adarra jotzeko gogua kontizu. Halako baten, lehengo espabillauak nere ondoko lagunari: “Eeeh… ¿qué tal la revolución?”.

Begixak zabaldu, nere ondokuan gaiñian etzintzen naiz, atzeko asientuetara begiratzeko moduan, eta tipuari arpegira, ahots leunakin eta astiro, ondo aitzeko moduan , zera diñotsat: “Te vas a llevar dos hostias, tú”.

¡Zelako plazerra bere arpegixa ikustia! Irribarre konjelatu horrek ez juan, seguru, halakorik espero: “(…) Ahí va, ¿p…por qué?” dardarti batekin erantzutian. Orain, hotzian pentsatuta… Demandan hasi ezkeriok ez jeguan han gauza onik: tipua haundixa zuan, bakaladero itxuriakin, alkondara zuri zimur-zimur egindakua jantzitta bere muskulito brontzeauen gaiñian, burua afeittatuta calva brillanteduna… Baiña nik segi: “Encima de bocazas, eres un poco corto ¿no?”. “¡Pero qué pasa, ahí-va-la-hostia, que no puedo decir lo que quiera, o…!” berak, eta nundik urten ez jakinda, amigotien aurrian atzera ez egittiarren… Mehatxua errepikatu nik, eta halako evasivekin darraixala berak, neure buruakin harrittuta zera diñotsat: “¿Hasta dónde vas?”. “¿Qué?”. “Que hasta dónde vas”. “Hasta… hasta Carcastillo ¿pues?” diñosta, erdi kikildu erdi desafiante. “¡Qué pena!” nik, eta azken begirakada taladradoria botata asientora bueltatzen nauk lotan jarraitzeko.

Han entzutzen juat tipua marmarka, bere lagunen aurrian irain hau konpondu guran… ni zeruan, neure fazeta barrixaz gozatzen, luaren besuetan noia, amesetan…

Gauza haundixa dok kaka norbere burutik behera egitten ez lagatzia. Lehen ezin najuan.

Sekta bat atzetik izan nebanekua

orakulua 2005/06/19 14:10
Umia nintzanian, katezismora juaten hasi nintzan halako baten. Aurretik be, jakiña, bataixatuko ninduen baiña traiziñoz izango zan, neri ezebe galdetu barik. Baiña nik goguan euki, 8 bat urte izango nittuan horretatik aurrera daukat bakarrik. Han andra batzu (“katekistak”) esaten zetsenak, ohar moralak esplikatu eta marrazkixak eragitten jeskuen han biltzen giñanoi.

Vicenta izeneko bat gogoratzen juat bakarrik, oso guapia begittantzen jatalako. Ni ez nintzuan bape gustora juaten, arrazoi batzurengaittik: batetik, euskerazko taldian sartu najinduten gurasuak (ramalazo euskaltzaliak jeuken batzutan, antza; nik bestela eskola nazionaletan ikasittakua nauk eta nere destino naturala gaztelerazko taldia izango zuan) eta ez najuan iñor bez ezagutzen. Bestetik, ume taldian ba jeguazen begiz jo najinduten putaseme-alaba batzu, eta ez jezten pakerik emoten (ni artian ixil, lotsatixa eta potolua nintzuan, kontizu, ume aluen objetivo naturala, kontuan hartuta gaiñera taldian ez neukala lagunik; bereziki gorrotoz gogoratzen juat Alberto izeneko bat, gero gittarra klasietan be zoritxarrez egokittuko jatana; ¡harek eragin jeztan sufrimentua!).

Ez najuan ezer barririk edo interesgarririk entzutzen klase háretan, ez behintzat nere etxeko anbientian ikasi ez nebanik.

Gure etxian egon izan dan anbientia eibartar gehixenen etxietako modokua izan dala, esango najeukek. Egunerokotasunian siñismen-islada nabarmen barik; gorrixa aittaren partetik, eta apolitikua (beraz eskumakua) amarenetik. Liburuetan, denporapasetan, kultur interesetan… ezkertiar usain bat izan dok beti etxian (nahiz eta umetan ez nintzuan konturatzen); modu xelebrian, igual agerixaguak zittuan errelijiño ikurrak (kruzifijua, etabar) baiña sekulan etxuat horren eragin sakonik sentidu familiartian. Esan gura dotena da, orain urtien talaixa txikittik begiratuta, nere familixako kidien kezkak gainbegiratuta, zerikusi gehixago hartzen detzadazela apaletako liburuetako edukiñekin, oheburuko aingerutxuekin baiño.

Gurasuak (amak, hobeto esanda) saiakera txiki bat egin juen nerekin (nere anai-arrebekin be egingo zebela uste dot) kristiñau bihurtzeko, baiña bokaziñorik ez daukanarekin ezin dok gauza haundirik egin, eta egixa esan gurasuak be ez jetsen griña askorik ipiñi (gizarte-inertziaz izango zan seguru). Hori dala eta goguan jaukat, katezismora juatiakin batera tenporada baten otoitzian hasi nintzala: amarekin lagunduta lehelengo (jesusito de mi vida…) eta gero bakarrik, ohe barruan. Mezetara be, domekero hasi nintzuan San Andres elixara; eskolan be, abaria etortzen jakuan relijiñua emotera (Jesus Sanmiguel, alias “Pacorro”). Bueno, ¡inguratuta najenguan! Erritual kristau baterako prestatu ei bihar nintzuan (komunixua) eta hortik elixa sobredosi hau.

Elixak bai gustatzen jatazak, beti gustatu izan jatazak. Asko be asko aspertzen nintzuan han ordubetian egon biharraz, baina ba jagozak gustoz gogoratzen dittudazen hainbeste gauza: San Andresko ganga haundixen oihartzuna; hango zutarri itzalak; goi-goiko frisoko letra ulertu-eziñezkuak (SVRPSDMN…), intzensu usain atsegiña; abarian boza eta organuan musikia areto guztia betetzen… Nere moduko mutiko izu bati bape gustatzen ez jakozen gauzak be ba jeguazen: alkarri eskua emon biharra; jaiki-jarri, jarri-jaiki, jaiki-jarri egotia denpora guztian; arpegixan bizkor-bizkor egitten dirazen hamaika kurutze txiki hórrek, sekulan ez nittuazenak ikasi; diruan poltsia, nere paga txikixa gehixago murrizten zebana…

Gerora etorriko ziran elixa kanpoko letreruak deskubritzia: “se prohibe jugar a pelota bajo multa de dos pesetas”, 1600 eta pikuko fetxadun harrixa, eguzki-erloju bixak eta “omnis dubia, multis ultima” letreruan azken hondarrak (Toribio Deunaren “Viaje al país de los recuerdos” liburuari esker deskubriduta)…

Kantu batzu be gustatzen jatazen, berez. Baiña elixako kantuen exito gorena nagusi denporan etorri da: umetako marrazki bizidunenekin batera, eurak izaten dira mozkorraldi ta parranda giruan arrakastatsuenak:

  • Juuuuntooooos comohermaaaaanooooos… mieeembroooooos deunaigleeee siaaaaa….
  • El podeeer un roboooot Koji puede controlaaaaar…
  • Alabare alabare alabare alabare, alabare ami señooooor…
  • Soy un electroduende y nadie me comprende
  • Jangoikuakesandaegindakoarijarraituuuuuuz…. Bildurgabeesaaaan de za guuuuuun….
  • Comando G, comando G siempre alerta está…
  • Llegadosalacenatomoelcaliz yloentregoasusdiscipulosdiciendo tomadybebeddeelporqueesteeselcalizdemisangre sangredelaalianzanuevayeterna queseraderramadaporvosotros yportodosloshombres paraelperdondelos pecados hacedestoenconmemoracionmia…

Orain arte esandakuekin agerixan jagok, orduan, elixiak umetan laga jestan markian sakontasuna.

Komunixua egin eta gero, inertziaz jarraittu neban ondiok hille batzu mezetara juaten. Baiña ikuskizuna buruz najekixala batetik, eta bestetik gabetan egitten nittuan otoitzak ez zebela nere umetzaroko arazuak bape konpontzen … ba halako baten nekatu egin nintzuan, eta amari esan najetsan: “Ama: ez naiz gehixago mezetara juango”. Bera be ez zan asko nekatu erantzunakin: “Bueno”. Eta hala eten zan ofizialki nere hartuemona erakunde honekin.

Gero etorriko zuan elixiak mendietan izandako korrupziñuan barri izatia, erantzun antiklerikala, banakako kristauekin hartuemona, beste azpi-sekta batzu ezagutzia… baina hori beste historixa bat da, gaur egungua eta etorkizunekua.

Bost kantuena

txiko 2005/06/17 23:55

Asier Sarasuaren blog bikaiñaren pistia galduta neukan. Feedmanian fitxatuta neukan, baina Aurkiko jarixo ugarira pasatzian, ahaztu egin jatan nunbaitt bere erreferentzixia klikatzia, eta atzo arte ez nintzan konturatu, arrarua zala bere mezurik aspaldixan ez agertzia. Bueno, konpondu dot zereko zera, eta justo proposamen geek bat egin deztan momentuan. Bantia jasoko juat lurretik ba. Testigua zeiñek emon deztan: Asier Sarasuak

Nire ordenagailluan daukadazen musika artxibuen tamaiñua: "Nere" ordenagailuan gitxi, baina "radixoko" ordenadoretan... ¿100 bat giga?

Erosi doten azkenengo diskua: Erosi, gitxi nik, eta erosten dotenian nobedaderik ez. Azkena "Agur Intxorta maite" izango zan, Tapiarena.

Orain entzuten nagoan kantua: "Dansse Real", erdi aroko musikia.

Sarrittan entzuten ditudazen edo neretako esanahi berezixa dauken 5 kantu:

  • Terrorismo policial (RIP). Nere edadeko jente askoren modura, nik RRV dalakua berandu deskubridu neban. 1992 aldian Valencian bizi nintzala, bertako Radio Klara irratixan entzun neban kantu hau estrainekotz, eta oillo-popa azala jarri zestan. Gero enteratu nintzan, izenez ezaguna baina musikaz ezezaguna jatan talde hau. Arrasatekua zala.
  • Living on my Own (Freddy Mercury). Dantzako musikiak ez zeukan neretako bape baliorik; Freddyk kantu honekin bere duintasunez, artistatasunez, potentziaz eta alaittasunez jantzi zeban neretako, eta ordutik nere diskotekan leku bat dauka musika estilo honek.
  • Diamonds and Rust (Joan Baez, Judas Priest-en bertsiñuan). Kantu emozionantia, doiñu erakargarrixa, alarauka kantatzen dot sukaldian entzutzen doten bakotxian, vibrato heavy-xakin.
  • Ace of Spades (Motorhead). Sinplia eta indartsua. Speed purua, daukan onarekin. Parranda baten hasiera bikaiña. Gidatzeko ez oso egokixa.
  • Eskutitza (Hemendik At). Ez neban pentsatuko hain talde iñuxentiak hain kantu ona egin zeikianik. Doiñuak eta mezuak oso barrura heltzen jataz, kartzela ekartzen dezta gogora.

¿Eta lekukoa zeiñi? ¡Je! Zer suposatzen da, nik hamen bateronbat jartzen badot berak irakorri biharko dabela lekukua pasatu detzatela jakitzeko (hau da, nik ezin detzat esan), ¿ezta? Neuri lau katurek irakortzen nabe barren, eta ez dot uste blog hauetakuak izango diranik: - Kixmi - Etnomet - Nire begietatik - Referentziak - Amatiño

anasagasti hippyxak

orakulua 2005/06/11 23:40

Anasagasti look-a jente nausi elegantia bakarrik gastatzen zebalakuan… gaur Ñoñostian jipi bat ikusi juat (jipixak kontizu, norbere itxuriagaittik arduratzen ez da) “anasagasti” orrazkeriakin. Pertsona normalian erridikulua suertatzen badok, ba… etara kontuak. Bere arropa jipixekin, buruko azala moreno-moreno (ikusten jakon ta), eta… ule luze urdindutakua koleta txiki baten batuta, belarri gaiñian erreixa ziztrin batetik bilduta, buruko azal morenua nekez estalitta.

¡Konplejuak gaindittu, gizonak! ¡Buru soil harro bat lau ule mehiar baiño askoz be sexyxagua dala! (¿Baietz neskak?)

Coshqueros "de anchiñako"

orakulua 2005/06/11 23:40

Grazixa asko egiñ jestan Luistxo Fernandezen aittamena, “El Delirio Vasco” egunkari okaztagarrixan agertutako artikulo baten kontura. Grazixia eta igoña, batera.

Ba da berbeta-joera bat Eibarren (beste lekuetan bebai, seguru), gorroto berezixa detzatena. Mezu honen izenburua irakortzen daben edozein eibartarrek ba daki zeren gaiñian nabillen. Baina kanpotarrik balego irakortzen, hobe dot zerotik azaltzia. Urte asko da hau sentitzen dotela, baina sekulan ez naiz jarri aztertu eta idaztera. Eibarren, dakizuenez, erderaz asko egitten da. Batez be gazteleraz. Arrazoi desbardiñengaittik, ba dago erderaz egitten daben jente euskalduna bebai. Markiñan edo Xiberuan gertatzen dan modura, batez be emakumiak, horretan saiatzen dira euren statusa jaso nahixan edo. Jente honek gaiñera, beste iñor baiño gehixago, afiziño haundixa dauka "bertokuen" eta "kanpotarren" arteko desberdinttasuna asko markatzeko. Halan, euren konbertsaziñuetan askotan entzun zeinke, inori buruz berbetan dagozela, holako komentarixuak (irakortzian jarri ahal dozuen azentorik “aldeano”ena): - Unos vecinos nuebos han venido. - ¡No será! ¿Y khomo son pues?. - Yo a la mujer conozco. Una khastellana, bastante ordinaria. "Una castellana" hori tonillo despektibo batekin doia, nik entzun izan dotenian. Nabarmen da euskeraz ba dakixela, baiña hala eta guzti be, jo-ta-sua erderaz jardungo dabe.

Halako situaziño edo kuadrilletan, oso oso sarri erabiltzen da (nere familixan bebai) gazteleraz berba egitteko modu bereziki nazkagarri, zipayua, aldeanua (zentzu txarrenian esanda). ¿Igartzen da amorru haundixa detzatela, ezta?

Izan be, erdalki hau egittian arrazoiak norbera “hiritarrago” agertziarren egitten da ezelako duda barik, Eibarren eta Atharratzen, baiña oso bestelako efektua gertatzen da. Penagarrixa da benetan bere berbetan expresatzeko mailla altua daukan pertsona bat, menperatzen ez daben berbeta baten erridikulua egitten ikustia. Hala gertatzen da, ta, halakuetan.

Horrek kasu normalenak dira. Baiña ba dagoz be “aberraziñuan aberraziñuak”. Markiñan, esate baterako, halako kasuak gertatu izan jataz neuri:

  • Hola, kheria khojer unos masakes (itzulpena: “kaixo, masaje batzu hartu nahiko neukez”).

Nere pentsamentu logikua: pertsona honek, evidentemente, euskeraz daki baina ez daki nik ba dakitenik, horreaittik egin dezta erderaz, badaezpada. Nik orduan:

  • Ondo, eta ¿noizko emongotzut txandia?
  • No, a mi en khastellano dime khe no se euskera.

¡Desastria, hondamendixa! ¡Hauxe da baltza, gizon honek ez daki euskeraz ezta erderaz be!

Normalian, hamen inguruan, erderaz ondo ez dakixanak (basarrittar zaharrak, gehixenbat) euskeria oso ondo menderatzen dau eta ez daka ezelako problemarik berbaldi koherente eta aberats bat eruateko, ezta kontzeptu korapillotsuen edo abstraktuenak azaltzeko be. Halan, ezin dogu esan iñundik iñora analfabetuak diranik: nahiz eta gazteleraz ondo jakiñ ez, edo euskeraz idazten txarto konpondu, hizkuntza bat gitxienez menderatzen dabe.

¡Baina “kheria khojer unos masakes” laguna…!!! ¡¡¡Hori bai analfabetua benetakua!!!

Halaxen, pentsau zeinkie zelako sentimentua izaten doten “Revista Eibar” kuttunian halako erdalki edo euskañol honetan idatzittako artikuluak irakortzian. (Kanpotarrondako: eliztar eta J.E.L-tzale talde batek etaratako aldizkari lokal anakroniko eta kaspaduna da berau). Ba dira hiru-lau artikulista bandera modura darabixenak berbeta hau. Goguan dakaraz oin dala ale batzu egindako “Diccionario del castellano eibarrés” artikulo txortia, edo azken alian bertan agertzen dan Zulaika batek siñatutakua.

Ia: nik ulertzen dot hori urte luzietako egoera baten produktua baiño ez dala. Gaur egunian 70 urte daken eibartarrak hori bizi dabe gaztetan: euskeraz eittia paletuen gauzia zan sasoia, frankozalien represiño linguistikua, eskolia… halako bizimodu baten bizi ziran orduango gazte gehixenak, eta bertan egin zeben euren zorixon da kezkak, eta maittasuna, eta biharra, eta familixa bat sortu, eta… dan dana. Nik ezin detzet kontuak eskatu horretxeittik. Eta jakiña, pertsoniak zahartzaruan gaztetako erreferentzixak darabiz buruan. Hortik gaur egunian “Revista Eibar”ren atzian dagozenak (70 ingurukuak danak) erabiltzen daben eredu hori.

Ba dakitt hizkuntza gauzak egunero aldatzen dirazela, hiztunak hil eta jaixotzen juan ahala. Kasu honetan be, ez naiz ni 70 urte inguruko eibartarrei zelan berba ein bihar daben esaten hasiko, baina esperantzia dakat belaunaldi barrixekin erdalki hau sustraittik desagertuko dala. Baiña igual ni be zahartzen nabil, halako jarkera garbizalia hartzian…

Aurkezpena

Oier Gorosabel Larrañaga, Lekeittioko Eibartar bat

 

Eibarrespaziuan zihar esan zesten pizkat mesianikua nintzala idaztian, eta bloga sortzerako orduan horregaittik ipiñi netsan izenburu hau. Lehen nere gauza guztiak (argitaratzeko morokuak, behintzat) hamen idazten banittuan be, espeleologixiari buruzko gauza guztiak ADES-en webgunian emoten dittudaz, eta osasun asuntoko artikulu guztiak hona mobidu dittudaz, gaika klasifikauta.

Txorrotxioak
Etiketak
ETB1 EibarOrg Zer erantzi abertzale abittaga abortuak aitor_eguren aittitta raduga aldatze amarauna andoain antzerkia arantzazu ardantza argentina_2005 armando gorosabel arrajola arrakala arrantza literarixuak arrate arrosa artxanda aulestia axpe_martzana azkue ipuin bilduma azpimarra banu_qasi baxenafarroa baztan belaunologia berasueta berbologia berriatua bidai_aluzinantia bilbao bittorixa buruntza comunitat_valenciana culineitor deba desempolving diaspora egillor eibar eibarko_lagunak ekialdeko nafarrera eraikinologia erdialdekoa erresuma_batua erronkari espeleologia etxebarria eup euskadi_irratia euskal_erria_aldizkaria euskalkia faktoria felix_arrieta galicia ganbara gasteiz gatobazka gce gernika girua gorosabel hormasprayko igotz_ziarreta ikerkuntza indalecio ojanguren info7 irabiaketa irratia irun iruñea izarraitz jacinto_olabe juan san martin kalamua kanposantuak katarain kirola koska kuku kurosawel labordeta lagunologia lalolalia lamaiko_operia lasarte leintz_gatzaga lekeitio lekeitioko_lagunak lituenigo lopez maeztu magia maputxe markina-xemein markues matrallako mendaro mendebalekoa mezo_bigarrena mineralak musikeruak muskildi mutriku nafar_lapurtera nafarrera noain oiartzun oioioi-lur ondarroa opaybo orakulua otsagabia paisajiak parakaidistiarenak patxi_gallego polo_garat sagartegieta san antoni sartei sasiola sega segura slovakia tafalla2016 talaiatik telebista toribio_etxebarria umeologia urberuaga urkiola xabier_lete xoxote zaharrea zaharreologia zaragoza zer erantzi zerain zornotza zuberera zuberoa
hgikj
2002 2003 2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017