Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Garagoittiko Orakulua

Haizea dator iparraldetik

orakulua 2004/10/27 18:55

Rojkov, 2004ko Urrillak 13.

Atzo hain lur jota heldu giñuan ze, ez najuan idazteko betarik izan...

(hor agertzen dana gerora jarrittako adabaki bat dok, "en falso directo"). Gainera afal ostian Martinetik bueltan etorri, zerbeza eta borovitxka batzu hartuta (ipuruz egindako edari espirituoso nazionala, ona) eta etxeko azken tramo hori ezin igota geratu zuan kotxia, gabe izartsu eder azpixan patinatzen. Maniobrekin ozta oztan ez ginan juan ondoko solora. Sustuarekin umore guztiak baltzittu eta segiduan juan ginan danok ohera. Gaur goizian izotzez zurittuta agertu dittuk zelai guztiak.

Mendi ibillaldi ederra egin genduan atzo. Nik suposatzen juat inguru eder bateko jentia, normaltasunaren normaltasunez ez dala beti ibilliko pagadixen koloriekin zoratzen, eta ur jauzixen edertasuna gozatzen, eta... azkenian aspertu ez, baina ohittu egingo dira. Nere ustez hori gertatuko jata neri hamen. Edertasuna, arbolak eta Karpathy mendixen forma ikusgarrixak eten barik emoten jezkuek espektakulua, duhan, eta azkenian gauzarik normalena izango dok. ¡Zorixoneko normalidadia!

Vlkólinetx herrixa ezagutu juagu. Herri normala dok, Slovakiako ekialdeko herri txiki prototipikua. Biharbada berezixena mendi hegi baten eguzkibegixan egotia dok, nahikua alturan gainera. Ba orain dala urte batzu Unescok herri osua ondasun kulturala izendatu eta babestuta geratu zuan, nik ezagutzen ez neban egoera baten geratuz: herrixan jentia bizitzen jarraittu dok, baina era berian museo baten modura dok. Kanpotarrak kanpuan aparkatu bihar juek eta takillan sarreria ordaindu; barruan, etxe bakarra museo legez prestatu juek, aintzinako bizimoduaren erakusgarri; kalietan zihar eta jente artian ibilli heinke (etxietan sartu barik), argazkixak etara... Nik hasieran kontatu zestenian Almeriako "oesteko herri" hoietako batera joango ginala uste najuan, eta ez jatan asko gustatu ideia. Baina egixa esan, oso era naturalian genbixen handik, benetan herri bizi baten (andrak umiak pasiatzen, atsuak itturrira ur billa, gizonak zerrategixan biharrian...). Gainera ba dirudi Unescok herriko bizitzia bultzatzeko ahalegina egiten dabela (eskolumiendako autobusa -herrixa oso aparte jagok-, etxiak barrutik konpondu eta modernizatzeko laguntzak...). Asko gustatu jatan bai herrixa bera, baitta konserbaziño ekimena egitteko eria be.

Vlkólinetx herrixa laga eta gero, Djemenovska haraneko Slobody "jazkina" edo haitzuluak ikustera juan gaittuk. Sobiet usaina haitzuluen izenetik hasi (sloboda = askatasuna) eta Hutnik hoteletik pasatuz.

Sobiet batasunaren ikurra Langillerixia izan zuan. Hala, langillerixian izena oso modu populistian erabilli izan zan, hasieran noski, baina baitta sistemia usteldu zanian be. Burokrazixaz eta entxufismoz betetako XX mende erdiko gizartian ondiok langillerixian izenian egitten jittuezen agintarixak gauza guztiak, baitta batzutan langilliak izorratuko zittuezen bidegabekerixak be. Horregaittik, ez zan arrarua Hutnik izeneko luxuzko hotel bat aurkitzia ("hutnik"ak pioi siderometalurgikuak dittuk).

Djemenovska inguruko mendi inguruetan gabizela, oporleku instalakuntzak nunnahi ikustia harrittu gaittuk (ski pistak, hotelak, txaletak, jatetxiak... batzu barrixak baina beste batzu zaharrak). Gure galdera iñuzentia laster etorri dok: "Baina diktadurako sasoian... ¿turistak etortzen ziran ala?". Eta Rokoren erantzun logikuak gorrittu eragin gaittuk: "Noski, Varsoviako Ituneko herrialdietatik". Gure mentalidade mendebaldetar kapitalistan ezin juagu imajinatu komunismo zaharraren munduan jentia oporretan eta dibertitzen ibilliko zuanik. Eta bai, altzairuzko teloiaren bestekaldian mundu paralelo oso bat jeguan, bere alde onekin eta txarrekin, baina elementu guztiekin. Beste gauza bat da ia zeinek izango juan hona oporrak pasatzera etortzeko beste diru, ¿biharbada funtzionario ustelak bakarrik? Igual bai, baina ¿ez ete dok gauza bera pasatzen oporleku kapitalistetan?

Bueno, gogoeta horretxetan najenbillela heldu gaittuk "Slobody" haitzuluetara. Mala Fatra mendi katia granitozkua dan arren, Slovakian haitzulo kopuru majua jagok. Guk ikusittako aitzulo honi dagokixonez, oso politta, ikusgarrixa eta haundixa dok. Baina neri gehixen gustatu jatana "gune turistiko sobietiko" kutsu nabarmena izan dok. Mendixan gora eskillara pillo bat igo eta gero, hotel alpino itxurako eraikuntza bat topatu juagu, 70ko hamarkadako estilokua, eta hango pegoran sartu bihar dok haitzuluan sartzeko. Hotela bera dago haitzuluaren gainian eginda. Pegora barruan, ba takillia, rezepziño bat, pasilluak... hotel normal baten antzera. Kuriosidade bat: hormetan adorno gitxi, eta euretako bat "Grottes de Isturitz et Otxocelhaya"ren irudixekin kartel bat, marko baten sartuta. ¡Gauza exotiko eta ezezaguna, nunbaitt! Bueno, ba imajinatu egik Untzaga zinia, edo Kultu'ko sotanuaren modura dekoratutako pegora haundi baten hagola, eta metalezko ate haundi bat jagoela: haxe zabaldu, eta hormigoizko tunel biribil baten aurrera hoia, fluoreszente argipian, errefujixo atomiko baten itxuran. Halako baten hormak naturalak bihurtzen dittuk, eta haitzulua hasten dok, eta... bueno, haitzulo haundi eta eder bat ikusten dok. Hori bai, sokia eta karburuarekin ibiltzen ohittu garanondako apur bat deprimentia da dana iluminaziño elektriko eta metal eta zementozko pasarelekin ikustia, baina tira: bestela ez genduan ikusiko. Hori bai, topikua barriro apurtuz gidarixak benetako interesa jerri jetzan emondako esplikaziñueri, eta ez juan mekanikoki errepikatu aurretik ikasittako diskurtso geologiko aspergarrixa. Ez gajenduan ezer ulertu (Rokoren esplikazio motzetaz aparte) baina gitxi gora behera sentidu, bai.

Heroi nazional baten museua

orakulua 2004/10/26 23:55

Rojkov, 2004ko Urrilak 13ko gabia.

Rokoren esanetan, "Robin Hood slovakiarra" dalakuaren omenezko museua ikustera joan gaittuk gaur, Terchova herrixan... Juraj Jánushek Erdi Aroko nekazari eta bidelapurrarena. Ezagun da ilusiñua egiten detzala mutillari, EH'xan genguazela aittatu jeskuan etorriko ginala. Interesantia, bai Jánushek'en historixiangaittik, baitta museuaren itxura kutriarengaittik (estetika sobietikua gero eta gehixago gustatzen jatak).

Funtsian, hauxe da historixia: Erdi Aruan Terchova inguru honetako jauntxuaren gehiegikerixekin gogaittuta, Juraj Janushek nekazarixak gizon kuadrillia bildu eta jauntxuaren indarren kontra oldartzen da. Leku menditsu hau inork baino hobeto ezagutzian, ezin dittuez harrapatu eta bidelapur modura bizi dittuk, gero etekinak behartsuekin banatuz. Urtiak pasatzen dittuk holan, neguan etxian (edurrak inkomunikatuta) eta udabarrixan "jardunian". Inguruko heroi bihurtzen dok Janushek, eta hamaika saiakera eta gero, Terchova inguruko jauntxuak batu egitten dittuk behingoz harrapatzeko. Armadetako errekurtso guztiak erabilliz, azkenian harrapatu egitten juek eta heriotz eredugarri bat emoten detze: sahietsetatik kako bat sartu eta aidian lagatzen juek txintxilizk, hil arte. Ordutik hona mito bihurtuta, mendietan zihar Janushek Slovakiako ikur, ipoin, apaingarri, grabatu eta holakuetan agertzen dok eten barik; baitta be gaur eguneko souvenirretan, noski.

Gazteluak abandonatuta geratu baziran be, diktaduriaren sasoian Janushek'en mitua zaindu egin zuan. Kontizu: zapaltzaillien kontrako sinbolua, bla, bla... hori bat zetorren komunismuaren ideiarekin (esfera folklorikuan bakarrik geratu ezkero, imajinatzen dot). Museua bera be komunismo garaixan eraikittakua dok.

Gure lagun indigenak aittatu zeskuan mendira eruan nahi ginttuela, eta Janushek museua ikusi eta gero abiatu gaittuk, 11.00ak aldera. Jakin izan izango bagendu ez zuala pasiotxo bat, sei ordu ta erdiko ibillialdixa baino, ¡ez ginan hain alegremente abixatuko! Azken orduetan larri ibilli gaittuk, illunak bidian ez harrapatzeko. Aiaiai, gure Roko kaletarrak ez jok kontuan hartu mendixakin ez dagoala bromarik, batez be zero azpiko tenperaturekin..... Tira, azkenian heldu heldu gaittuk, lehertuta baina... bizirik.

Terchovako Biely Potok auzotik urten bihar ginan oinez, eta harutz kotxez gindoiazela, bide baztarrian zeozer saltzen zeguazen emakumiak ikusi jittuagu: "¿Zertan jabizak ba, Roko?". "Korbátxiky saltzen" berak, eta ¡rraaaas! kunetan sartu, esku frenuari tira eta ba joiak kanpora. "Asko gustatzen jataz" diño, eta han eskaintzen jezkuk plastikozko poltsa baten sartutako esneki harrigarrixa: "korbátxiky".

Esnekixa lantzen maixuak dittuk slovakiarrak: hainbeste forma, textura eta ontze mailla desberdin manejatzen jittuek, eta neretako kuriosuena hauxe dok. Bai lehengunian jan genduan "parenisa", bai "korbatxiky" hauek textura fibrosua jaukek, soka baten zuntzen modura desegitten dittuk, baina jateko momentuan guri-gurixak dittuk, bape gomosuak. Killo erdiko poltsetan saltzen dok; spaghetti freskuak emoten jittuek, 40 bat "korbatxik" poltsa bakoitzeko. Gazi-gazixak, patata prijiduak jaten diran modura etaratzen juek, aperitibo modura edo denporapasarako.

Biely Potok ("Ibai Txikixa") auzora heldu, eta oinez hasten gaittuk. Ordu pare bat egitten doguz erreka kañoi estu ta sakon baten gora, oso ibillaldi ederrian. Kakueta estiloko kañoia dok, baina granitozko harrixian danez, txikixagua eta aldapatsuagua. Oso gogorra izan zeikian bidia natural egon ezkero, baina ez dok holan: bidiak perratuta jagozak. Uste dot Alpietako mendizalien estilua dala hori ("via ferrata"): metalezko eskalak, altzairuzko kabliak, katiak txintxilizk... Apur bat txokantia dok hasieran, baina egixa esan bestela gu geu ez ginan handik ibilliko, hain dittuk gatxak pausuak. Leku askotan ur jauzixak eskalak bustitzen jittuk, eta txipriztiñak izozten diranez nahikua arriskutsua dok. Txiri-txiri-txiri... azkenian, alturia hartzen juan ahala kañoia leunagua egitten dok eta larre zabalak datoz, paguak gero eta gitxiago, eta piñuak agertzen dittuk: naturalak, ez gurien modokuak. Bedarra asko baina igartua jagok, landa zabal hori hori ikusgarrixak egiñaz. "Sedlo" edo mendilepo batera heltzen gaittuk, Medzirosutze izenez. Han, Mala Fatra mendixen tontor txiki baina ikusgarri bixen artian gagoz: Maly Rozsutetz (Rozsutetz txikixa) eta Velky Rozsutetz (Rozsutetz haundixa). Momentu horretatik aurrera, "sedloz sedlo" juango gara Rokok gidatu nahi gaittuan lekuetararte, gero beste haran batetik behera egin eta Biely Potok'era barriro allegatzeko. Medziholie'ko lepora heldutakuan behera goiaz, pagadixan barriro sartuta, arratsaldeko eguzkixaren koloriekin. Atxen eta arbolen arteko jokuak paisai miragarrixa osatzen juek, eta penaz egitten juat aurrera. Giro honek sorginduta hamen geratuko nintzakek, baina buruak agintzen dok: berandu da, gabia badator, zero azpiko graduak, eta "medvetx"ak.

Tartian-tartian señalizaziñuak eta panelak topatzen jittuagu, markatutako bidiak señalizatu eta ingurugiruari buruzko oharrekin. Eguzkixaren azken izpi gorrixak eta zeru urdin indartsu horrek herixotziaren irribarria erakusten dezkuala, azkena ikusten dogu: "Medvetx" edo hartzei buruzkua. "Mendi hauetan ez da arraroa hartz batekin topo egitea. Hartza animali lotsatia dugu, eta beraz seguraski ihes egingo du. Baina eraso egin ezkero, hauek dira jarraitzeko pausoak. 1- Ez korrikan egin; hartzak harrapakintzat hartu zaitzake; oinez jarraitu poliki. 2- Hala ere zuregana badator, aurkitu lehen bait lehen zuhaitz bat eta igo adarrik gorenera. 3- Ez baduzu irtenbiderik, jauzi lurrera burua belaunetan daukazula, pelota bat eginaz; ez kendu motxila edo anorakik, babes gehiago izateko (...)".

¡Hauxe dok baltza! Hau falta zuan bakarrik. Tautik esan barik, hantxe goiaz hirurok errekazuluan behera, inor ez labandu ta kolperik hartzeko erregutuz...

Adrenalinia topian izan juagu azken kilometruetan, horregaittik gagozak hain nekatuta. Biely Potok'era gabez heldu eta kotxia hartuta, Rojkovera juan aurretik Rokok Terchova herrira eruaten gaittu premixua hartzeko: "txaiovna" edo teia hartzeko lokal baten sartzen gaittuk, giro epel eta ezin atseginago baten. "Txaiovna" hauetan ez jagok alkoholik eta ezin dok erre: girua etxeko egongela bateko modukua dok. Edateko, 40 te klasetik gora dagoz, mota eta prestaktzeko era desberdinekin. ¡Nik ezagutu izan dittudazen te "normalekin" (ur zikiña, apur bat gozotua) ederra aldia! Teia hartzia atxekixia zan sartu nintzanian, lokal eder hori, zerbitzari atsegin eta polittarekin... baina behin "yogui" teia ekartzen deztenian (Roko "teologoak" -teian adituak- gomendatuta, ordu erdiko prestaketa prozesua bihar dabena) ¡zelako plazerra! ¡zaporia, texturia...! Ni "txaiovna" batera juatia nahi dot barriro.

Txaiovna hori dendia dok era berian, eskualdeko produktuekin. Anek opari pillo guztia erosteko aprobetxatu dok, eta ni bebai erosi juat zeozer: ardilanazko hiru galtza pare ("ponotzky"). Martin hirira juan eta pizzak, borovitxka eta rallyxa etxera. Ozta oztan ez gaittuk sorora juan kotxe eta guzti; ez mozkorrarengaittik, baizik eta asfalto faltiarengaittik. Eta gabian esperimentuka ez arriskatziarren, azkenian kotxia errepide onduan geratu dok eta oinez igo gaittuk gure basarrira.

Dobry noc...

Karpathyxetako gazteluak - Gulasch

orakulua 2004/10/26 23:55

Rojkov, 2004ko Urrilak 11ko gabia.

¡Oi! agertu dok ETA gure bizitzan. Batetik, gure etxetxuan, kalefaktoria eta kafeteria dittuk marka iraultzaile sozialista honetakuak. Eta bestetik, gaurko egun nekagarri baina ezin ederrago honen ostian bueltan gentozela, ekidieziñezko gaixa agertu dok konbertsaziñuan eta hor arittu gaittuk autodetermináziñúa, Tiparretxe plana eta ETAri buruzko gure hipotesisak eta informaziñuak zabaltzen.

Slovakia gazteluz jositta jagok. Baina jositta... Hau oso gune konfliktibua izan ei dok historixako une batzutan, eta horren oroigarri geratu dittuk mendiko atxetatik eta basuen klaru-unetatik agertzen dirazen lekuko mutu eta izugarrixak.

VII mendetik XI menderarte Moraviako imperixua zabaltzen zan hamendik eta Balkanetararte. Sasoi illun hori ez juat asko ezagutzen, adabakixak dittuk handik eta hamendik hartzen nabillenak. Bai, historixa liburu bat irakorri neikian baina ez juat egin, zer egingo detzagu ba. Tira, XI mendetik Hungariako erresuma barruan egon zuan Slovakia. Gero Austria-Hungriako imperixua etorriko zan, 1º mundu gerrararte iraun juana. Orduan, Txeko-Slovakiako estatua sortu zan eta halan egon zan orain dala 10 bat urterarte. Badirudi Hungariako erresumiaren denporan turkuekin (¿imperio otomanua?) burruka gogorrak izan zittuezela, eta hau gune kritikua zala (burruka hoietan nabarmendu zuan Dracula kondia, Hungariako erresumako beste parte batian). Gaztelu hauek denpora horretan eraikittakuak izango dittuk, XII mende inguruan, eta bataz beste XVII menderarte iraun juen errege, jauntxo edo bestelako poderien mendian.

Mendixak hori-gorritzen jabizak orain, piparpoto bailitzaz. Pagua dok hamen nagusi, baina urritza, astigar, urki eta makalak be ugari jagozak. Atzo honutz gentozela gazteluak agertzen zirala, "Hator, hator mutil gure zuluak esploratzera" esaten euren begi eta aho illunetatik, jakin najuan oso gustora ibilliko nintzala baso hauetan.

Gaur Rokoren sujerentzixia gaztelu pare bat bisittatzia izan dok, ibillaldi motzak egiñaz. Eta halaxen egin juagu, eta atzo errepidetik ikusi genduzen Stretxno eta Stary Hrad gazteluetan ibilli gaittuk olgetan.

(Oharra: slovakieraz euskeraz baino letra gehixago jagozak, eta apostrofiak eta letra gaineko hirukitxuekin idazten jittuek, bakoitza bere pronuntziaziño ñabardurekin; nik ezin dittudanez idatzi, izenen transkripziño fonetikua egitten najabilk idaztian).

Stretxnoko gaztelua izen bereko herri gaineko haitz baten jagok, eta XVII mendiaren erdixan erre zanetik abandonatuta egon zuan, harik eta XX mende bukaeran restauratu arte. Restauraziñua ondo eginda jagok, gaur eguneko irizpidiekin. Ez juek barriro eraiki, baizik eta kontserbatu. Interesgarrixa dok, eta Stary Hrad ikusi doten arte, orain arte ezagutu izan doten gaztelurik haundiña eta estruktura konplikatuena daukana izan dok. Politta, sujerentia, Stretxno herriko eta Vah ibarraren gaineko miradore zirraragarrixa.

Gero mapan agertzen dan mendi bide bati jarraittuta, konpetentzixako gaztelurarte joan gaittuk ordu pare bateko ibillaldixan.

Vah ibaixa oso zabala dok, 30 bat metro bai. Ura izotza lakotxia dok. Beraz istorixian zihar, ibaixaren pasua konplikatua izan dok (normalian gabarrekin), eta berau kontrolatzia gai estrategikua. Stretxnoko herrixaren inguruan bajeguazen pasagune bi, bakoitza gaztelu bi hauetako batek kontrolatuta, eta konpetentzixa latza egon ei zuan bixen artian. Noski, "mito" edo bidesarixa kobratzeko eskubidia zekarren honek, eta beraz zenbat eta bidaiari gehixago pasua egin norberarekin, orduan eta diru gehixago. Horregaittik burrukak.

Stary Hrad ("gaztelu zaharra") pago baso zoragarri bat ziharkatuta heltzen da, ondo markatutako bide batetik. Hamengo basuak izugarri haundixak eta ederrak dittuk, eta bistia galdu egitten dok enborren eremu zabaletan. Nahiz eta guztiak Karpathy mendixak diran (hala agertzen dittuk Europako mapa orokorretan), mendi bakoitzak bere izen lokalak jittuk, eta kasu honetan kate honek Mala Fatra jaukak izena. Gainian neguko eguzki gogorra gajenkan bete betian, eguardikua, baina lurrera argi izpi koloretsuak baino ez zittuan heltzen, orbelaren kolore bizixak gehixago biztuz. Oso eguraldi ona ibillaldixetarako, etara kontuak, berokixa kendu barik ibilli naizen arren izardi tantanik bez ez juat bota. Stary Hrad ez dago bape restauratuta, guztiz abandonatuta jagok. Heldu besain laster zirraria emoten jok, arrazoi desberdinengaittik: arratsaldia dok, argixa majikua; hormak pizkaka ikusten goiazak, zuhaitzekin nahastatuta (Angkor Kanbodiako hiri desagertuko edo Orbaitzetako oliaren ruinen modura, sustraixak eta dorriak batasun organiko dekadente baten); Stary Hrad'aren kokapena bera inpresionantia dok, Vah ibarra guztiz kontrolatzen daben mendi branka bortitz baten, amildegixen ertzian; heltzeko bidetik izan ezik, beste alde guztietatik inakzesiblia; eta gaztelua Stretxnokua baino haundixagua dok. Arbolez eta hormez osatutako laberinto kaotikuak eraikuntziaren haundittasuna erdi-erakusten dok, oraindiok eta misteriotsuagua bihurtuz. Sarrerako partiak; arma plazia; eraikuntza desberdinen arteko bidiak, aldaparak, beti haitzian gora eta gora, harik eta dorrietararte heldu arte. ¿Zenbat pisu? Ezin jakin. Bodegak, zuluak, ezin ezagututako erakikinak... danak pagadixan integratuta, eta gu antzume txikixen modura amildegixaren ertzian tunel, zulo, horma bakoitzian gora eta behera, exzitaziñoz mozkortuta. EH'ko gaztelu abandonatuekin alderatuta, abantailla bat: hamen ez jirudik sasirik dagoanik. Exploradore afizionatuendako amama.

Gaur heldu gaittuk ba, gulasch famatu hori prestatzeko sasoiz. Slovakia edota Euskalherriko tradiziñuen kontra, sukaldian gabiz mutil bixak gixatua prestatzen, eta kanpuan neskia egurra xehetzen. Rokok kanpuan sua egin eta prestatzeko asmua jaukak, baina batetik dagoen hotz izugarrixarekin eta bestetik illuntasun totalarekin... ikusiko juagu.

Imajinatzen genduan: Rokori ilusiñua egitten jetsan galdaria kanpuan egostia, baina ezinezkua izan dok. Beraz butanozko sutan egin bihar izan dogu, luuuzzze. Bittartian gauza askori buruz jarduteko astixa izan juagu "medovina" edaten genduan bittartian. Edari hau gazteleraz "hidromiel" esaten jakonaren antzerakua dok: eztiz egindako edari alkoholiko arina, sutan berotu egin bihar dana, neguko edari gozua. Klase bi jagozak, medovina hutsa eta "bylina horkaa" (bedar mingotxak) daukazen medovinia. Gu bixak edan doguz, bata bestiaren atzetik, eta poz pozik afaldu juagu gero gixatu ederra.

Esandako moduan, gauza askori buruz ibilli gaittuk barriketan. Atzerriko izenena aittatuko dot. Euskalherrixan konturatuko hintzan ba, azken urtietako modan atzerriko izen arraruak jartzen jakozela umiei, gaurko belarrixei apur bat kakofonikuak: Jessica Gorrotxategi, Evelyn Iturriagagoitia, eta halakuak. Espainian be antzera: Christian Gutiérrez... Ba Slovakian bebai ba ei jagok joera hori. Noski, guretako euren izenak eta abizenak danak arraruak egitten jakunez ba ez gaittuk konturatzen, baina bai, hala dok: Peggy Sue Miklova, Tommy Joe Pstrossov... halakuak izango dittuk.

Rojkoveko herri girua

orakulua 2004/10/26 17:50

Rojkov, Urriaren 11ko goizia.

Atzo Bratislavan esnatu, eta gosari gastronomiko-filologiko igeltseriko bat izan eta gero (gauza barri bi ezagututa: "parenisa" gaztai kuriosua, fibroso fibrosua, ahumatutakua, eta rollo bat egiten dana desenrollatuz jaten dana; eta "énsian" gaztaia, hau ezagunagua, "brie" modukua) Rokoren gurasuen bisittia jaso genduan eta Slovakia ekialdera abixatu ginuazen bere ama Irenaren kotxian. 4 bat orduko bidai baten ostian...

Maia Zilinan geratu zan etxerako trena hartzeko, Jelshava bere herrira joateko, eta beste hirurok Martin hirixa pasatu eta Kralovany herriko Rojkov auzuan dagoan etxetxo baten geratu ginan. Iparralderutz 30 bat kilometrotara Polonia jaukagu, Tatry mendixen bestekaldian; eta ekialderutz 300 bat kilometrotara Ukrania.

Zona hau ez dok bape turistikua, eta igartzen dok. Gu gagozen etxia agroturismo modura izendatu ahal izango genduke, baina hamen ez jagok halako figurarik (basarrittar bat, bere etxiaren zati bat alokatzen dabena esan gura dot). Normalian agroturismuak gobernuak bultzatutako politiken ondorixuak izango dittuk, baina ezagun da eskualde hau nahikua abandonatuta dagoala. Karpathy mendixetan gagoz, eskualde oso menditsua dok, orain udazkenian basuak eder-ederrak jagozak, hori-gorritzen. Vah ibaixa pasatzen dok hamendik, Slovakiako lúzena. Eta hamengo gaztiak hiri haundixetara juateko joeria jaukek, betiko kontua. Etxeko bidiak ez jaukak asfaltorik, eta kotxiak patinatzen jezkuan... bultzaka igo bihar izan genduan.

Atzo 20.00ak aldera egin genduan Rojkov auzoko kaskora bueltia. Hamen 19.00ak aldera iluntzen dok, eta 6.00etan argittu. Hotza kristorena, baina hotz sanua. Linterniarekin ibilli bihar izan ginuazen etxetik herrira eta buelta. Politta dok, xarmangarrixa. Etxe batzu tradizionalak dittuk, egurrezkuak, eta beste batzu barrixak. Dana da basarri tipokua, nahiz eta gehixenak ez diran onezkero basarrittik bizi. Baina etxe guztiak zaharrak dittuk, itxurak ez dagoz zainduta turistei begira, ezagun da dana naturala duala, bere alde on eta txarrekin. Etxe zatar baten bigarrengo pisuan fluoreszentien argixa ikusi gajenduan juateruzkuan, eta bueltarakuan trago bat hartzeko geratu ginuazen. ¡A zelako antrua! A ver, ez txarto pentsatu. Zaharra, gitxienez azken 30 urtian ez zan ezer aldatu han: ez aulkak, ez hormetako formikia, ez sapaiko fluoreszentiak, ez edarontzixak ipintzeko toallatxuak. Zikina ez zegoan; baina zaharra... Erredios, ez jakixat sekulan halako leku baten sartu naizen. Neri taberna zaharretara sartzia gustatzen jatak: aguriak solisombra edaten, musikarik ez... bueno, zertarako deskribatuko juat: herri txikixetako taberna zaharren xarma berezixa, bere kutretasun eta jatortasun ezaugarri guztiekin. Ba imajinatu Marrano, Gil, Berriztarra, Batzokixa, Markiñako Jubiletxia eta halako lekuetako parterik kutrenak isolatu eta konzentratu ahal izango bagendu: emaitzia Rojkoveko auzoko tabernako girua isladatuko lajeukek.

Oso ondo egon nintzuan, hala eta guzti be, hango solasaldi lasaixian. Areto haundi eta despersonalizatu hartan, orlegi zurixkako koloreko horretan, gu hirurok eta beste gazte bi genguazen. Gaztiak kristoren atxurra, baina momentu baten bez duintasunik galdu barik, nekazari titanikuak. Fondoko musikia barrako grifoko tantanak zittuan, isiltasuna bestela. Eta orain dala 15 urte Varsoviako ituna hautsi zanetik honako ibilbidiaren gazi-gozuak kontatzen jardun juan Rokok, gure kuriosidade mugaeziña asetzeko ahalegiñetan. Bere explikaziñuak eta egon ginan lekuaren giruak laga zesten inpresiñua nekez ahaztuko jatazak. Eta aittatzeko beste zeozer: barrako andra slaviar ederrak etaratako "pivo" edo zerbezak 15 bat minutu bihar izan zebela gure aurrera heltzeko. Erdirarte bete, eta bitsa jaisteko 5 minuto itxain. Gero rrrrissst, beste txorrostadatxo bat, eta beste minuto batzu zain. Beste txorrostadatxua. Eta holan ordu laurden inguru. ¡Pazientzixia! Irratiko txoznan kañak ipintzen egotiarekin ederra aldia.

Urrixaren 10ko illuntzian beranduegi zuan "gulasch" egitteko (okela gixatu moduko bat, ereinotz, mejorana eta berakatz askorekin, hiru ordutan pilpillian egon biharra daukana) eta patata tortilla bat egittia erabaki genduan. ¡Ez jakixat zer daukan hamengo gasak baina, suak ez daukala indarrik! Ezin patata guztiak irakitzen jarri, eta sartenkada txikixetan egin bihar. Azkenian ixa gulasch'a beste denpora. Dana dala, hamen otordu guztietan plater nagusixaren laguntzaille modura ipintzen juek platertxo bat xehetutako kipula, tomatia eta piparrarekin. Erdi-adarra jotzen, spanish typical afari prestatu gajenduan, baina beste ustekabe bat: ¡binagria falta! Bai, hamen ez da ardaua EH'n beste erabiltzen eta noski, ezta binagria be. Beraz barazki gordiñak jaten jaten egon ginuazen denporia pasatzeko. Eta beste edari tipiko bat dastatu, "medovina" edo eztixakin egindako ardau bat, lapikuan berotuta edaten dana. Negurako ezin hobia, eta errez eraten da baina ba jaukak alkohola eta azkenian poz pozik danok. Klase biko medovina eran gajenduan, bata hutsa eta bestia "bylina horkáa" bedar mingotxekin beratutakua.

Beste aittamen berezixa "kadji butka"ri. EH'ko basarrixetan komuneko tazak barik kortara zabaldutako zuluak izan dittuk kakalekuak oraintsurarte (¿zer dira 50 urte gaur egungo basarrixak 500 urtetik hona bajagozak?). Ba hamen bardin. Eta kontuan hartzen badogu Rojkoveko etxe honek lujorik bape ez daukala, ez gaittuk harrittu bihar "kadji butka" (eufemistikoki, "lurrunen kabinia") bat bajagok gure etxian. Eta hala da. Garbixa jagok, baina hala eta guzti be gure ipurtzulo kaletarrak ezin dittuk larregi errelajatu zulotik behera ikusten dan panoramiarekin...

Bajirudik etxe hau familixa baten etxebizitzia izan duala orain dala urte batzu arte. Orain etxeko jauna herrixan bizi dok, eta seguraski hamen jaixo eta bizi izan zan gaztaruan. Txikitxua dok, sukalde/egongelia, eta logela haundixa ohe haundi bat eta hiru txikirekin. Familixa dana bertan. Ba jaukak baina bainua, ur beroko termo haundi batekin. Baina Europan normala danez, kakalekua eta bainutokixa banatuta jagozak, eta barrikuntza presupuestua bukatu zanez, kadji butkia kanpuan geratu zuan. ¡Juan gabardixan kakalarrixa sartzen bajak, juan!

Bratislava, historixa gris eta gogorra

orakulua 2004/10/25 23:40

Bratislava, Urrixak 9 zapatua, arratsaldeko 16.00ak inguruan.

Heldu gaittuk ba Rothenstein jaunaren etxera. Bratislava askoz be sobietikoagua dok, auzo hau behintzat (Karadzitzova kalia)... Eta tira, Prahan txinuan eta italianuan jan ba genduan, hamen bertoko jatekuarekin hasi gaittuk fuerte. Izan be, Maia Rokoren neskalaguna Slovakia ekialdekua dok, basarri girokua, eta kapittaleko jentiak baino gehixago jakik bertako ohitturei buruz. Arriskua, edo alde txarra, hamen inguruko jateko tradizionalak (Slovakia, Txekia, Ukrania, Polonia...) okelian dagozela oinarrittuta eta oso oso kalorikuak dirala, basomutil edo igeltseruendako ondo, baina gu moroko turista batzu halan jaten astebetian... uste juat hainbeste killo gehixago eruango dittugula bueltan EHra.

En fin: gaurko bazkarixa "halushky brindzove" izan dok. Hau da: "brindza" gaztaiakin egindako zatixak (gaztelako "migen" modura), "cmar"rretan egositta ("cmar"ra kefir moduko garraztutako esnia dok) eta gero behin egindakuan gainetik zera botata: urdaixa txikittuta eta berorren koipetan prijiduta, koipe ta guzti. Guztiz lighta benetan... Gainera jatekuari "cmar" gehiagorekin laguntzen jako, edateko.

Berroziko aranekin egindako patxarana eta Oiartzungo Idiazabal gaztaia izan dittuk gure presentiak, eta hor jagozak, balkoian, Karpato mendixetako haizetan freskatzen. Udazken eguraldixa jaukagu Bratislavan, zerua grisa eta haize freskua kolkotik sartzen. Honek hiri honen giro sobietikua areagotzen jok, eta egixa esan gustatzen jatak. Xelebria dok. 1948 urtian egindako etxe moltzo baten jaukak Rokok etxia. Baina urte horretan Espainia aldian egindako etxien onduan, hauek oso ondo eginda jirudixek. Kanpotik grisak dittuk, kubikuak, tristiak... baina barrutik haundixak, leiho zabalekin. Leihuak, fontanerixia, atiak, muebliak... oso zaharrak dittuk, gitxienez 60ko hamarkadakuak. Baina oso senduak, eta ondo egindakuak. Adibidez leihuak: dobliak dittuk, eta hamaika resorte eta sistema jaukek, oso ingeniosuak, kanpoko hotzarengandik babesteko, pertsianak sartzeko, txinketiak ixteko, angulo desberdiñetan zabaltzeko... hau da, gaur egunian EHn ikusten ari garan errekurtsuak baina 60ko hamarkadako leiho batzutan eginda (egur zaharra, behin eta barriro eta barriro pinttatutakua...). Muebliak be holakuak dittuk, zahar-zaharrak, 1960ko modakuak, baina garbi garbixak, brillantiak eta bape deterioratutakuak. Tira, Imanol Arias'en serie horretan bagengoz legez baina Frankoren sasoian egindako etxebizitza kaskar haien ordez, ondo egindako batzu. Hormak senduak dittuk. Ikusten dok langilliendako egindakuak izan arren, etxebizitza hauek ez zirala edozelan egin.

Rokok kontatu deskuanez, 1950-60an Slovakia osotik Bratislavara etorri zuan jentia, herri txikixak lagata. Sasoi hartan Txekoslovakia zuan hau, eta Prahak ez protagonismo osua hartzeko, erabaki politiko bat izan zuan Bratislava bultzatzia eta hiri haundi bihurtzia. Bai, izan be "stare mesto" edo hiri zaharretik bueltia eginda ezagun da Prahakua baino asko be txikixagua dala, eta extentsiño gehixen dakana ensantxe dezimononikuak eta 1950 aldian egindako etxiak dirala.

Gaztelu haundi bat jaukak Bratislava herri erdixa osatzen daben muño baten gainian, eta haren inguruan eratuta jagozak etxiak, elizak... Handik ibilli gaittuk gaur, buelta arin bat emoten (hau da: ez gara asko geratu leku bakoitzian), eta gauza bi aittatziarren, eliza haundi bat eta karretera barrixa. Eliza haundi horretan egitten zittuan Austro-Hungariar inperioko erregien koronaziñuak. Beste sasoi bateko, urrineko sasoi bateko oihartzunak entzungo dittuk bertan, eta izango juagu hobeto ikusteko aukerarik. Karreteria aldiz, sentsaziño mingotxa laga jezkuk. Imajinatu Donostiako Urgulleko gaztelu onduan ghetto judua dagoela, etxerik zaharrenetan. Imajinatu gerra bat galtzen dala, edo beste komenientzixa politikoko arrazoiren batengaittik auzo hori ez dala bape maittatua, nahiz eta balixo historiko haundikua izan. Eta imajinatu Eusko Jaurlaritzak, erdi-bengantza eta erdi-premiñaz hartu eta alde zaharraren erdittik pasatzen dan autopista bat eraikitzen dabela, ghettoko etxe guztiak eraitsitta. Bueno, ba horra Bratislavan 60ko hamarkadan gertatu zana. Autopista hori "Staromestka Mytná" da (Alde Zaharreko Etorbidia), OVNI itxurako Novy Most'etik (Zubi Barrixa) pasatzen dan bera.

Prahatik Vltava (Moldava) pasatzen dan modura, hamendik Dunaj (gazteleraz Danubio esaten detzena). Askoz be zabalagua.

Illundutakuan, "hrad" (gaztelua) aldetik herrira jaitsi eta taberna ikusgarri baten egon gaittuk, pub irlandar baten moduko ideia komertzial bat baina Slovakiako imajineria eta gauza historikuekin eginda. Oso ikusgarrixa, baina egixa esan gu bakarrik etorri ezkero sekulan ez genduan topatuko. Bai Prahan bai hamen hiriko etxiak oso haundixak dittuk, etxiak moltzuak egitten jittuek eta barrutik pasabidiak, tunelak eta katakunbak osatzen dira, galtzeko moduko azpimundu faszinantiak. Halan deskubridu dezkue ba turistei debekatuta dagoen ostatu illun hori, Slovakiako kazuelita eta plater tipikuak emoten dabena gainera. Eta "hrushkovitza" deritzan makatzezko likoriarekin lagunduta (¡hamen jatekuarekin, ura edo ardaua balitzaz legez, hartzen jittuezek likoriak!) ezagutu jittuagu beste jateko pare bat. Kasu honetan slovakiako "polievka" edo sopa famatuetako bi izan dittuk: "drzkova polievka" (tripakalluen modura, baina askoz be urtsuaguak, eta pikantiaguak) eta "kapustnitza s klobaasou polievka" (azia eta txorixo zopia, azia aurretik modu berezi baten beratu eta garraztuta).

Parakaidistia Prahan jauzi da

orakulua 2004/10/25 22:30

Prahako Janovskeho kalian, 2004koko Rijen hileko (Urrixa) 8, barixakua, goizeko 8.00etan.

Kontrarixia lotan daguala (atzo egun oso nekagarrixa izan zuan berarendako), hauek notok idazteko aprobetxatzen juat... Atzo ez gajenduan denpora asko izan ezertarako bez, Bratislavarutzko autobusak nundik urtetzen daben eta ostatua topatzeko justo justo. Eta eskerrak eguzkixari, ze egun euritsu baten (gaur eurixa dok) horrek guztiak konpondu, bertoko hizkuntzia ez dakizula, eta 30 killotako motxillia lepotik txintxilizk, ba... chungo pastel.

Ez najuan uste Urriko eguen buruzuri baten ostatua topatzia hainbeste konstatuko jakuanik. Noski, Praha Praha dok urte sasoi guztietan... turista gehixen eta dana karuago beti. Azkenian bittartekari batek eskuratu jezkuan ez gela bat, apartamentu bat baino, Prahako ensantxe baten. 60 bat euro eguneko. 1910 aldeko etxe elegante izandakuen artian eraikittako 1960 aldeko etxe sovietiko bat dok, eta tira, ez dok lujosua baina garbi-garbixa jagok dana. Hori inportantiagua dok eta.

Bertokuekin lehenengo kontaktua aeropuertuan izan zuan. Gu, Bratislavara doiazen autobusak nundik urtetzen diran jakin bihar genduala lehenenengo, hara joan eta inguruan topatzeko ostatua, eta hori zelan ulertuarazi han gure onduan zigarro bat erretzen jeguazen garbitzailliei... "Prepatxte, dobry deñ: autobusovna Bratislavy..." eta hor bukatu zuan nere txekierazko komunikaziño ahalmena. Errusiar itxurako emakumetzarrak, adeitsuki, esplikaziño luzia botatzen hasi ziranian ez neban jakin zer zan mapan seinalatzen ari zana. En fin... ¿zelan jakin genduan azkenian? Ah bai, Stare Mestora joan (Kasko Zaharra) eta turismo ofizina baten galdetu.

Praha mapa baten begiratu ezkero, Bilboren itxuria jaukak. Vltava ibaixak (gazteleraz Moldava esaten jetsek) egitten juan meandro haundi baten inguruan jagok kokatuta, eta kasko zaharra Bilboren 7 kaliak jirudixek. Mapan noski, gero nahikua alde jagok.

Ia gaur bueltatxo bat eginda zer topatzen dogun. Karlovy "most" (zubixa) famatu horretara juan biharko gaittuk, oso politta jirudik. Eta Stare Mestotik ibaixaren bestekaldeko muino gainian dagoan gaztelu modukua itxura ederra jaukak, atzo txino baten (txinska restauratzia) afaldu eta gero Vltava ertzerarte juan giñuan oinez dijestiñua egitteko (Svermuv zubira) eta handitxik ikusten zuan.

Tira, jaiki jakuk kontrarixia. Goizeko hamarrak, eta euri leun baina kontinuua kalian. Ia zer topatzen dogun hortik.

Ah! Atzo ETAren saltegi bat topatu gajenduan. Bai, elektrodomestiko denda bat zuan, eta kaleko letreruan hala agertzen zan, dendiaren izenaren onduan logotipo haundi bat: ETA. Anek esan jeztan: topatu ezkero, erosiko leukela gustora marka horretako sekadore bat, adibidez. Eta bai, neuri be, erakundiari buruz neure tirabirak ahaztuta, ilusiñua egingo leztake ETA batidora bat izatia, adibidez (¿JoTaKe markia topatzia asko eskatzia izango dok ezta?). Bai koño ¡elkartasuna!

Praha, barixaku gabian.

Joder, atzo heldu barri eta zelako nekatuta nagoen. Atzo motxiliaren muertuarengaittik, gaur gauza barrixen saturaziñuarengaittik. Beti gertatzen jatak hau, baina ez nauk orain arte konsziente izan. Ez dittuk esperientzixa zirraragarrixak izan bihar, nahikua dok leku desberdinetan, ezezagunetan ibiltzia, edo jatia, edo zain egotia... inguru barri baten egote hutsak zentzu guztiak topera martxan jartzen jestazak eta alerta egote horrek nekatu egitten nauk. Ez nintzakek etxera bueltatuko, ez pensatu. Ez dok horrenbesterako.

Zenbat turista, txindurrixak emoten juek...

Ba noa, ba noa...

orakulua 2004/10/25 22:30

Untzaga, 2004ko Urrilak 6.

Bueno, ordu gitxi barru Slovakiara hegan!

Orain dala egun batzu izandako sarekada polizialak garrantzitsua emoten jok. Mikel Antza eta Anboto harrapatu jittuek, pilo bat arma, pilo bat gordeleku... eta denpora luzian prestatutako operaziñua emoten jok. Arratoien modura harrapatu jittuek. Ni ez nauk ETAzalia eta hamaika bidar esan jittuadaz kristorenak eta bieurengaittik. Baina ez jatak gustatzen holan bukatu bihar izatia. Negoziaziñua, su etena aurretik etorri izango bazan... orain halako zartadia jaso eta gero, emoten dabena ba dok, ETAk ez jok karta onik izango jokorako. Su eten bat herremintta ederra dok atzetik indar militarra izan ezkero. Baina hori kendu ezkero... bai, herri gogua eta generaziño barrixak geratzen dittuk, baina hori ez dok indar militar legez balixo.

Aspaldiko partez ez genduzen gauza barregarririk entzun Naparruako gobernuaren eskutik, eta pasa dan astian etorri dok. Hauxe da vascosdiaspora zerrendara horren kontura bidaldu doten mezua:

La pasada semana se produjeron dos situaciones que, aunque anecdóticas, retrataron con el culo al aire a la gente de UPN. Por supuesto que, para su desesperación, han quedado grabadas al instante en la memoria colectiva de los navarros originales, a la altura de aquellas memorables situaciones en las que el Lehendakari Sanz, al enfadarse, se pone "como un obelisco", cuando se siente amenazado recuerda la "espada de Demóstenes", cuando está contento "canta un aurresku y baila el Agur Jaunak" o la "multi-dantza"... Copio del Berria del pasado sábado: 1. Jose Cruz Pérez Lapazaran, senador de UPN, se mostraba quejoso por la poca atención del presidente de España hacia Navarra, con la negación del presupuesto para la autovía Tudela-Medinaceli. Con una asombrosa capacidad de síntesis, resumió en siete palabras la actividad de UPN en los últimos años: "No queremos palabras, queremos cemento". 2. En la misma rueda de prensa, el también senador de UPN Javier Iribas exigió más generosidad para con Navarra. Con una capacidad de análisis admirable, resumió en una sola frase la i(n)diosincrasia navarra: "La nuestra no es una comunidad histórica, la nuestra es una comunidad prehistórica". Delicioso, eh?

Rothenstein jaunaren jakinmina

txiko 2004/10/18 23:30

Kaixo danori. Oier naiz Bratislavatik. La Pelota Vasca-ren proiekzio bat gertatu da hiriburuko Kino Cafe-an, eta bete/beteta egon da. Gure lagun Roko Rothenstein euskaldunberria izan da proiekzioaren arduraduna, slovakierazko subtituloen jarlea. Eta orain ciberleku baten gagozela, mutillak ez daki blog bat zer dan eta hamen nago, esplikatzen.

Arrateko Ama> zer egin beharko leuke Rothenstein jaunak blog bat izateko?

Aurkezpena

Oier Gorosabel Larrañaga, Lekeittioko Eibartar bat

 

Eibarrespaziuan zihar esan zesten pizkat mesianikua nintzala idaztian, eta bloga sortzerako orduan horregaittik ipiñi netsan izenburu hau. Lehen nere gauza guztiak (argitaratzeko morokuak, behintzat) hamen idazten banittuan be, espeleologixiari buruzko gauza guztiak ADES-en webgunian emoten dittudaz, eta osasun asuntoko artikulu guztiak hona mobidu dittudaz, gaika klasifikauta.

Txorrotxioak
Etiketak
ETB1 EibarOrg Zer erantzi abertzale abittaga abortuak aitor_eguren aittitta raduga aldatze amarauna andoain antzerkia arantzazu ardantza argentina_2005 armando gorosabel arrajola arrakala arrantza literarixuak arrate arrosa artxanda aulestia axpe_martzana azkue ipuin bilduma azpimarra banu_qasi baxenafarroa baztan belaunologia berasueta berbologia berriatua bidai_aluzinantia bilbao bittorixa buruntza comunitat_valenciana culineitor deba desempolving diaspora egillor eibar eibarko_lagunak ekialdeko nafarrera eraikinologia erdialdekoa erresuma_batua erronkari espeleologia etxebarria eup euskadi_irratia euskal_erria_aldizkaria euskalkia faktoria felix_arrieta galicia ganbara gasteiz gatobazka gce gernika girua gorosabel hormasprayko igotz_ziarreta ikerkuntza indalecio ojanguren info7 irabiaketa irratia irun iruñea izarraitz jacinto_olabe juan san martin kalamua kanposantuak katarain kirola koska kuku kurosawel labordeta lagunologia lalolalia lamaiko_operia lasarte leintz_gatzaga lekeitio lekeitioko_lagunak lituenigo lopez maeztu magia maputxe markina-xemein markues matrallako mendaro mendebalekoa mezo_bigarrena mineralak musikeruak muskildi mutriku nafar_lapurtera nafarrera noain oiartzun oioioi-lur ondarroa opaybo orakulua otsagabia paisajiak parakaidistiarenak patxi_gallego polo_garat sagartegieta san antoni sartei sasiola sega segura slovakia tafalla2016 talaiatik telebista toribio_etxebarria umeologia urberuaga urkiola xabier_lete xoxote zaharrea zaharreologia zaragoza zer erantzi zerain zornotza zuberera zuberoa
hgikj
2002 2003 2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017