Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Garagoittiko Orakulua

Villamariako Euskal Asteko kronikia

txiko 2003/11/30 01:00

I - VISHAMARÍA

Lehenengo paradia Villamaria (Cordoba) izan zan, azaroaren lehenengo astean. Han Semana Vasca egiten zan aurten (urtero euskal etxe batek antolatzen dau). Bertan euskaldun hegoamerikarren munduan murgildu nintzan. Oso oso interesgarrixa, eta harrituta geratu nintzan, ni eta EHtik joandako beste batzu, han zegoan jende gazte piloarekin. Pasioa, eta ez bakarrik ondo pasatu eta ligatzekoa (hori bebai eh? ta asko gainera), baizik eta euskal gauzei buruzko benetako interesa, eta ikasteko gogoa.

Baita jakinmina be, Euskal Etxe ofizialen kanalen bitartez asetu ezin leikeen jakinmina. "Zer gertatzen da EHko gatazkan? Zelan lagundu geinke?". Jakingo dozuenez, ni "Euskal Diaspora" talde ez-ofizialaren partaidea naiz, eta bertan era zabal baten diskutitzen dogu gai guztiei buruz, politikoak barne. Bueno, ba han Argentina eta inguruko herrialde guztietako Euskal Etxe ofizialetako ordezkari pilo bat zegoazeen, 2000 bat guztira. Ba bueno: hamarnaka etortzen jakuzen agur egitera, gure aktibidadean animoak emotera, etabar... eta euren Euskal Etxeetako fosilizazioaz, EAEko Jaurlaritzarekiko menpekotasunaz eta burokratizazioaz kejatzera.

Herri geihenetan euskal etxe bi dagoz, desadostasunen ostean banatutakoak. Leku batzutan hiru bebai. Desadostasunen unetan gauza politikoak dagoz normalean (aparte, vasco-navarro, vasco-frances, vasco-vasco... eta halakoak; orain ez nabil horri buruz). Eta noski, EAEko Jaurlaritzak batzuei bai emoten detze dirua, beste batzuei ez... irizpide oso eztabaidatuekin.

Azkenaldian, EAEko Jaurlaritzak bultzatuta, Euskal Etxeak "enpresa txiki" kontsideratu nahi dira, eta irizpide enpresarialekin kudeatu. Sozio asko honen kontra dagoz, zuzendaritza postuetan "pegatuta" dagozen klanen faborezkoa izango dalako, ta...

Ikusten dozuen modura, kristoren putetxea. Putetxe oso interesgarria.

Neri inpresiño hauxe emon zestan: EAEko PNVko Jaurlaritzak goitik behera kontrolatu daben mundua da Euskal Etxeena. Komunikatzeko ezintasunaz eta isolamendu informatiboaz baliatuta (igual konszienteki ez: nik ez dot esango hain maltzurrak diranik Amatiño eta bere lagunak). Azkenaldian baina, teknologia barrixak dirala ta, diasporako euskaldunak espabilatzen dihardue. Eta galderak egiten hasi dira, eta jakinmina dake, eta euskal presoak sustengatzea nahi dabe, eta ez detze lagatzen, eta zergaitik galdetzen dabe, eta... Bueno, imajinatu.

Azkenaldian, adibidez oso erreta dagoz gauza batekin. Entzungo zenduen ba, Euskal Etxeetan arau bat egon ohi dala, politikaz eta erlijioaz berba ezin dala egin. Ba arau hori erabili izan da azken urteetan gazteei ezetz esatzeko, Batasuna ilegalizatzearen kontrako ekimen bat egin nahi bazeben, edo presoei buruz zeozer, edo ezker abertzalearekin loturia zeukan edozein erreibindikazio etara nahi bazeben. Bueno. Ba oin, hainbeste ekitaldi egin dira Ibarretxe plana Euskal Etxeetan aurkezteko, eta orduan, ba... jendeak esaten dau: "Ez genduan esan ba politikaz ezin zala berba egin? Baina hau ez da ba politika? Orduan... kontua da politikan gauza batzuei buruz baino ezin dala egin? Aaaah...". Jendea ez da tontua, eta esandako moduan, pizkaka esnatzen ari da.

Halan, adibidez, Villamariako Euskal Asteko ekitaldi baten, aurkezleak hankasartu bat egin zeban. Antolatzaileok antza danez, genealogia zerbitzu informatikoren bat ipini zeben, jendeak erabiltzeko, "para que puedan buscar el origen de los apellidos vascos y otros apellidos españoles". Halako beste pare bat patinazo egin zituan aurkezleak, eta dantzari euskal-argentinar gazte bat igo zan agertokira, mikrofonoa hartu eta errespetu osoz akatsak zuzendu zetsazen aurkezleari -protokoloa guztiz apurtuz-. Bide batez, EHri buruzko pare bat azalpen orokor emon zituan (estadu bitan gagozela etabar, ez zan oso iraultzailea izan bez). Gero bajatu zan agertokitik, eta kito. Ba jakingo bazendue zelako eskandalua montau zeben Euskal Etxeko zuzendaritzakoak...

Neretako esanguratsuena, dantzari gaztetxo bat igo, hori egiteko adorea izatea, eta jendeak txaloka hartzea izan zan. Hori lehen ez ei zan gertatzen.

Bueno, Villamarian hauxe izan zan panorama orokorra. Bestalde jai giroa mundiala zan, bazkariak, musika, kalean... herri txiki bat da (40.000 bat biztanle?) eta Euskal Astea egun hoietako gertakari nagusia zan bertan. Kontizu, euskaldunak ez ziranak bebai erakartzeko modukoa. Gu "Euskal Diaspora" taldekoak batera ibiltzen ginan aldea guztietara, eta gure artean ezagutzea ta kontuak esatea izan zan onena, neretako.

Arratsalde baten estantzia batera joan ginan, gure lagun baten familiarena. Estantziak hango basarriak dira. Piso bateko etxe multzoa, zahar-zaharra eta gainera zaharkitua... hormak lizunduta... ateak ugartuta... jardiña zaindu barik... oso oso polita, era dekadente baten ulertuta. Hormetan: Arana'tar Sabinen argazki marroia... "Euzkadi"ko ikur erdi ustelak nunnahi, obus bat... kutxa bat... Baitxa gaztandegi zahar bat -aintzinako euren bizimodua- bere lurpeko tunelak inundauta.

Izan be, pampetako lurrak basamortua badirurie be, azpian ura dago, superfizietik oso hurran gainera ("napas"). Orduan, terrenoak egiten daben edozein sakunean, ur potzua egiten da; eta gaztandegiko subterraneoak aspalditik ez diranez drenatzen... ba bi metro ur.

Nere asmoa pampetatik noraezean ibiltzea zan, egunen baten, igual udabarrixa zala aprobetxauta, izarrak ikusteko (cruz del sur ikusteko amorrauta joan nintzan eta ez neban ba ikusi). Hala esan netzen estantziakoei, eta: "Che, loco! No sabés que acá hay pumas?". Pumak????!!!! Eta gainera tarantulak. Beraz nere bidai guztian sabaipean lo egitea erabagi neban, eta hala izan zan.

Eta hala izan ziran lehenengo egunak, hiru edo lau. Hiru aste egon nintzan gero...! Gero Txilera joango nintzan (Santiago eta "selva fría", Osorno aldean), gero La Pampara, gero Uruguayera (Montevideotik Punta del Estera) eta azkenik Buenos Airesetara.

II - TXILE

Txileko Santiagoko nere lagun euskaldunak diru asko dauka. Bere etxean euki ninduan maharaja baten modura, eta etxean egun batean baino ez genduan bazkaldu. Beti jatetxe elegantetan. Izan be, guretako oso merkea da Txile, ez Argentina besain exajeratua, baina kriston bazkarixa jan zeinke kartan aukeratuta, 15 bat eurotan. Bereziki goguan dakaraz Gonzalon etxe onduan jan nebazen "macha" batzu, halako txirla haundi eder batzu, gaztaia gañetik eta laban gratiñauta. Platerkada bitxan etaratzen zitxuezen, batian kabidu ez, eta gañera hain ziran haudixak ze, platera bukatu orduko hotzitxuta zeuazen. Lau orloko(eta gañera lagunak pagauta). Horren aurretik arto zopia jan neban, hango jateko tradizionala (pobrien jatekua: ez zeben ulertzen zeaitxik eskatzen neban kartan hain gauza karu eta "elegantiak" eonda) eta uste dot Ameriketan egon naizen hiru aste hauetan jaoten gauzarik onena berau izan zala.

Santiagoko lagun honen etxe ederrian otsein bat dake, Paulina, maputxe eder ederra. Han banengo berakin ezkontzeko eskatuko netzake bere aitxari (hala funtzionatzen dau han). Baña eztakit baimena emongo ete zestan, zeaitxik eze bere tribuko "lonco" edo buruzagixa da, bere ohitxura guztiak jagoteko arduraduna, ta... Gainera hiru eguneko bidaixa ein biako neban Txile aldeko Andietan, Paulinaren herrira heldu ahal izateko. En fin, berari baimena eskatuta, oso lotsatixa zan ta, bere ondoan jarri eta bere ahots ederra grabatziakin konformau nintzan. Ipoin bat kontatu zestan, lehenengo gazteleraz (nik ulertzeko) eta gero mapu'dungun-ez (horixe da ta maputxien hizkuntzian izena). Bere kulturiakin lotsatuta bizi dira maputxe gehixenak, benetan sinistuta dauke konkistatzalliak sartutako idea bat, maputxiak ("indixuak") zikiñak, mozkorrak eta artaburuak dirazela. Orduan oso gauza kurioso eta tristia gertatzen da: guztiz indixo arpegixa dakan jentia ikusten dozu, esaten "ez, ez, ni ez naiz indixua eh?" euren burua ukatzen. Ze, esan bihar dot Txilen askoz be heredentzixa indigena asko daola, konkistatzalliak gehixago nahastau zirala bertokuekin Argentinan baino. Orduan, nere lagunak hala eskatuta, euskal kulturiari buruz berba egin netzan, eta hamen daon bizinahixari buruz, eta burrukia... berandako kuriosua zan, oso kuriosua, jabetu zaitxie, maputxe herrixa euskal herrixa baño hamar aldiz haundixagua da, eta mapudungun'dunak (hiztunak) euskaldunak baño askoz be gehixao dira. Eurak euren kulturia baña, kultura txikitzat dake, eta beraz garrantzi bakotzat. Eta eurena baño txikixaua zan batek hainbeste balore emotia bere buruari... hori kuriosua zan berandako, eta lagungarrixa. Izan be, neska honek hizkuntzia galdu zeban umetan eta oin berrikasten dago.

Hauxe izan zan nere Santiagoko esperientzia nagusia. Erdiko bulego kale haundixetatik be egin genduan osteratxua, baña bueno, ez nintzan bertoko jentiakin egon, nere lagunak "monopolizau" eitxen ninduan ta. Ah! Bere etxian geuazela, piszinatik urten eta, nun etaratze eztan revolver bat, "Eibar" markiakin. Zahar zaharra zan, han ibili nintzan buelta bueltaka, baña ezin izan netzan markarik topau. Argazkixak etara netsatzen hamen erakusteko, baña galdu eiatazen. Eta hori, bueltatxo bat ein neban zentrutik esandako moduan, "zumardi zabalak" susmatzeko, eta "el cerro de santiago"ra igo bebai. Bistia kristona. Hori bai, tarantulak egon bia dirazela ta, errepidetik urten bez.

Bueno, handik pare bat egun egon eta hegoalderutz joan ginan laguna eta bixok. Talca herrixan geratu eta lo, eta bertoko jaki tipiko batzu jan (charquicán) eta edarixak eran (vaina, cola de mono...) genduzen Claudio beste lagun euskaldun baten etxian. Bixamonian segi, eta Osorno aldian geratu giñan, Ande mendixetan sartuta. Puyehue (angula-leku, mapudungunez) parke naturalian sartu giñan, eta hango aintzira eta sumendixen artian leku guztiz basati horretan egon giñan lau bat egun. Zoragarri-zoragarrixa, hango udabarrixa, ura, baso berdia, masmarik ez -bape-, bolkan baltzak, puntan laño tartian galtzen zirala... Ez daukat ahazteko, ez. Gogoan hartu bihar! argazki danak galdu nebazen eta.

III - MORRONTZIA

Ameriketako euskaldunekin egon nintzaneko gauza harrigarrixenetako bat morrontzia aurrez aurre ikustia izan zan. Goguan daukat Pampan, Euskal Herrixan orain dala 200 bat urte moduan sentidu nintzala. Etxe aberatsetan, noski.

Badakizue aintziñan EH’ko basarrixetan nahikua normala izaten zala morroiak edo otseiñak izatia etxian, azkenian norbere familixako baten modura bihurtzen ziranak. Hauek normalian beste etxe batzutatik bialdutakoak izaten ziran, gurasuak ezin zebezelako mantendu. Oin: beste gauza bat zan aberats batek bere aziendak jagoteko enplegatzen zittuan morroiak (beharbada beste izenen bat izango zeben?). Hauxe zan Pampako estantzia baten begi bistan ikusi genduana: aberatsak (literalki) bere morroiekin (familixa oso bat) zeuken errelaziño ixa feudala.

Estanziero baten semea ezagutzen genduan gu. Eibartarren ondorengua, Osa abizenekoa. Hantxe jaixuak danak. Aintziñan hantxe bizi izan ziran, eta seguraski han egin zeben euren dirutzia aberiekin, esnia eta gaztaiakin... Baina orain inguruko hiri haundira aldatuta zeguazen danak. Aitxitxa estantziero txapeldunaren seme guztiak kalian hazittakuak ziran, euren karreria eta lanpostu onarekin, eta estantzixara asteburu pasan joaten ziran. Aurreko baten azaldu neban, piso bakarreko etxe ilun eder dekadentea, xume xamarra, luxu bakua, pintxura horittu eta deskaskarillatuko hormekin, Sabino Arrainaren argazki marroittuak eta ikurriña lizundutakuak gelen illunpetan, kanpuan Pampako eguzki bildurgarrixak yuyo edo bedartxo guztiak jo-ta-kiskaldu biharrian.

Hasieran itxuraz danak bardinak ziran. Morrosko haundi txapeldun bat, izardi baten “asado” hori prestatzen zeguana, Osa zaharra bere txapel eta alkondara zikiñakin, han ingurutik etorrittako beste hiru estantziero, bere edadekuak baina harek bai EH’n jaixuak (abadiñarra, berastegiarra...), han bueltaka zebizen ume batzu... Baina laster hasi giñan jabetzen han “desberdintasun” bat zeguala. Inork ez zeskuan aurkeztu sukaldian zeguazen andra batzu, landalan, klin klan klon plater eta lapiko hotsakin. Morrosko txapeldun hori zaharraren ondotik ez zan aldentzen: Osa nora juan, bera atzetik, eta beti isilik. Halako baten mahai ikaraharri haundi baten jartzen gara danok... ¿danok? Ez, etxe hartan ba zan nik ikusi ez neban jenderik. Ez pentsatu mahaixa elegantia zanik. Ez, mahai itzala zan, sendua, ehun killo izango zittuan. Gainetik halako hule zahar bat, ogi apurrekin, boligrafuekin, periodiko batekin... etxe normal bateko sukaldeko mahaixa. Jarri, eta hantxe agertzen da sukaldeko jentia, lapikuekin, ensaladerekin... gu danok, aberatsak eta euren lagunok, jarritta eta morroiak zerbitzen. Goguan daukat aho zabalik geratu nintzala, izugarri egoera bortitza zan neretako, baina nere ingurura begiratu eta bestiak normal-normal ikustian, ba... ixi eta segi. Errege baten “campechanía” hori etortzen jata orain gogora, oso hurrekua eta oso humanua, baina ni errege eta hi morroi. Oso fuertia, aizue, ni ez nago usatuta halakuekin.

En fin, gu ba, gure gauzetaz berbetan jarraittu genduan, EH’taz etabar, eta azken detalle bat esatiarren, atentziñua deittu zestan bereziki honek: morrosko txapelduna Osa zaharraren ondotik despegatu barik zeguan, esandako moduan, eta edarontzixa hutsik. Pentsatuko dozue: “Ah, orduan morroia jaiki eta basua bete zetsan”. Ba ez, esaten detzuet giro campechanoa zala nagusi. Informala. Zaharrak edarontzixa hartu, eta gurekin berba egittiari laga barik, morroiari basuarekin kiñu bat egin zetsan. Nahiz eta jaunak Quilmes botillia bere ondo-onduan euki (eskua luzatu besterik ez zeban bihar!), morrosko txapelduna jaiki eta mahaiko beste puntatik etorri zan jaunaren ondora, edarontzixa zerbezaz bete eta bestioi eskindu. Ni halako vertigo batek hartuta moduan nenbilen nere kautan (“Baina hi nun sartu haiz Oier?”).

Aurkezpena

Oier Gorosabel Larrañaga, Lekeittioko Eibartar bat

 

Eibarrespaziuan zihar esan zesten pizkat mesianikua nintzala idaztian, eta bloga sortzerako orduan horregaittik ipiñi netsan izenburu hau. Lehen nere gauza guztiak (argitaratzeko morokuak, behintzat) hamen idazten banittuan be, espeleologixiari buruzko gauza guztiak ADES-en webgunian emoten dittudaz, eta osasun asuntoko artikulu guztiak hona mobidu dittudaz, gaika klasifikauta.

Txorrotxioak
Etiketak
ETB1 EibarOrg Zer erantzi abertzale abittaga abortuak aitor_eguren aittitta raduga aldatze amarauna andoain antzerkia arantzazu ardantza argentina_2005 armando gorosabel arrajola arrakala arrantza literarixuak arrate arrosa artxanda aulestia axpe_martzana azkue ipuin bilduma azpimarra banu_qasi baxenafarroa baztan belaunologia berasueta berbologia berriatua bidai_aluzinantia bilbao bittorixa buruntza comunitat_valenciana culineitor deba desempolving diaspora egillor eibar eibarko_lagunak ekialdeko nafarrera eraikinologia erdialdekoa erresuma_batua erronkari espeleologia etxebarria eup euskadi_irratia euskal_erria_aldizkaria euskalkia faktoria felix_arrieta galicia ganbara gasteiz gatobazka gce gernika girua gorosabel hormasprayko igotz_ziarreta ikerkuntza indalecio ojanguren info7 irabiaketa irratia irun iruñea izarraitz jacinto_olabe juan san martin kalamua kanposantuak katarain kirola koska kuku kurosawel labordeta lagunologia lalolalia lamaiko_operia lasarte leintz_gatzaga lekeitio lekeitioko_lagunak lituenigo lopez maeztu magia maputxe markina-xemein markues matrallako mendaro mendebalekoa mezo_bigarrena mineralak musikeruak muskildi mutriku nafar_lapurtera nafarrera noain oiartzun oioioi-lur ondarroa opaybo orakulua otsagabia paisajiak parakaidistiarenak patxi_gallego polo_garat sagartegieta san antoni sartei sasiola sega segura slovakia tafalla2016 talaiatik telebista toribio_etxebarria umeologia urberuaga urkiola xabier_lete xoxote zaharrea zaharreologia zaragoza zer erantzi zerain zornotza zuberera zuberoa
hgikj
2002 2003 2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017