Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Garagoittiko Orakulua

Adabakixak

txiko 2002/09/27 02:00

Ertzaintziaren espedientian orbain bat gara. Mantxa baltza, aurpegi zuri-zuri baten. Polizixa Autonomua, polizixia dan neurrixan, bestiak dauken aje bardin-bardiñak daukazelako. Profesional onak izango dittu, bai. Baiña beste batzuk jotiakin gozatzen dabe; euren dohango iraiñak askotan entzun izan dittudaz nere aurpegixan, borriak emoten daben anonimotasunaz babestuta; guzurrak ahua zabal-zabalik esaten ba dakixe. Mantxa asko daukaz Ertzaintziak bere espedientian, baiña orain arte ez dira asko nabarmendu, inguruak ez zeban laguntzen. Gure kasuarekin hankia mokorrerarte sartu dabe baiña, eta... balio deixala bere ohiko portaeriaren adibide legez. Hau ez da kritika bat; Ertzaintzia ez dot epaittuko madero eta pikoluekin alderatuta. Poliziako bat poliziakua dala erakutsi nahi dot bakarrik: hamen eta Txinan. Gizarte honetan botere ejekutibo-judizial bateratuaren mendian gagoz zihero. Elementu indeseable bat ezabatzeko, terrorismo akusaziñopian jartzia besterik ez dago. Gogora datort XVIgarren mendian auzokidien artian hartu izan ziran mendekuak: zenbat ezinikusi “konpondu“ ziran sorgin akusaziñua egiñaz. Nahikua zan hori opizixo santukuak etorri, zure arerixua erahil eta haren ondasun guztiak suntsitzen ikusteko.

Ertzaintziak arazo bat dauka: ez dakit egixa izango dan edo ez, eta gaiñera ez dezta ardura; baiña kanpotik ikusitta polizixa inefiziente itxuria emoten dau. Ez dittu delitu egilliak atxilotzen, konkretuki euskal gatazkako kale burruketan dabizenak. Behin eta barriro errepikatzen dan kritikia da, batez be espainiar nazionalismo aldetik. Beraz, bere irudi eskas hori kentzeko atxiloketak egittera bultzatuta dagoz. Bardin jako erruduna izan edo ez: edozein harrapatzia da kontua, prentsan azaldu... Ez deixen esan alper batzu dirala. Gure kasua adibide gardena: Hurtado Amezagan istiluak dagozela? Kargatu ba Autonomian eta bide batez gazteren bat atxilotu, gugaitxik ez deixela esan ezer ez dogunik egitten.

Gaur amaittu dot (Urrileko 1ª) Noah Gordonen “El Médico“. Zelako liburu ona! Preso hartu nindutenetik Mark Legazen “Anarkherria“, Gabriel Garcia Marquezen “El amor en los tiempos del cólera“ eta Toti Martínez de Lezearen “La calle de la judería“ jauzi dira. Lehenengo, ETAkuen atzetik hasi ziran; baiña ni ez nintzan arduratu antimilitaristia naizelako. Gero, Jarrai'kuekin sartu ziran; nik ez neban ezer esan, nazionalista ez naizelako. Horren atzetik, Batasunakuak harrapatzen hasi ziran; baiña neri bost, botorik ez bait detzet emoten. Azkenik neure billa etorri dira; bidezkua ez jata irudittu, eta protestaka hasi naiz ¿berandu ete da? Zuen esku dago, isilik jarraittu ala sorgin ehiza hau geratuarazi. Hurrenguan zu izan zeinke.

Jakiña da euskal preso politikuei sakabanatu eta kartzelaz kartzela mobidu egitten gaittuela eten barik. Baiña nik ez nekixan kartzela bakotxeko egotaldixan be takian potian ziegaz ziega aldatzen gaittuela, ezelako azalpen barik noski. Gudu psikologikuan barruan, inestabilidade eta desorientaziñua arma garrantzitsuak diraz urdiñen eskuetan. Guk be, hamen gagozen denpora txikixian, izan dogu hori probatzeko astixa, hainbeste txabolo aldaketa jasanda: Basaurin enfermerixan 1, ingresoko moduluetan 2 eta 3, Burgosen 4, Valdemoron 5, Aranjuezen ingresuetan 6 eta 7, laugarren moduluan 8, hamabigarren moduluan 9. Zu heltzen zara zure plastikozko poltsa haundixakin, eta zure lau gauzatxuak, erropak, liburuak, argazkixak, etabar etara eta atontzen dozuz. Holan, txabolua pizkaka pizkaka “akogedoriago“ bihurtzen dozu, zure gustoko erara apainduz, zure txokua bihurtuz. Baiña halako baten etortzen jatzuz, eta: “¡¡Hartu dana, ba zoiaz!!“ aginduz, dana batu eta poltsara sartu bihar dozu miñutu gitxittan. Batzutan beste kartzela batera zaroie, bestetan espetxe bereko beste modulo edo ziega batera... ezin jakin. Barriro zerotik hasi bihar izaten zara, hasi aurrekuak laga dittuan kakak garbittuz eta segi beste lan guztiekin.... Esaten danez, ziegaren bat garbittu biharra ba dago, kartzeleruak euskaldun bat bertara trasladatzia besterik ez dauke.

Gehixenetan zeozer falta da gaiñera: izarak, koltxoia, erratza, lanbasia... eta jirau egin bihar izaten dira zeozelan. Normalian presuen artian ba dagoz jakintsuren batzuk, horrek gauzok lortzen abillak, eta faboreren baten trukian gura dozuna ekarriko detzuzenak. Goguan daukat Basauriko ingresos moduloko lehenengo ziegatik bigarrengora pasatzian koltxoi bakarra genkala txaboluan, eta bigarrena jiratzen ibili zala Pablo. “Hau zuendako oso egokixa, beittu“ esan zeskuan marrajo batek koltxoi bat ziega huts batetik etarata. Espumazko koltxoia miatu, eta... behian, metxero batekin erreta, letra haundi haundi batzuk: ETA. Guretako egokixa ¡zelan ez!... Goguan daukat bebai Basauritxik kundan eruan bihar gintxuezenian, gu gauzak batzen genguazela, compi guztiak txaboluan atian zain zeguazela, ia zertzuk gauzak (jaboia, edarontzixak, koltxoiak, espillua...) lagatzen genduzen gero eurak hartu eta negozixuak egitteko...

Kartzelan zagozela, kanpuarekiko isolamendua ez da bakarrik telefonuaren eta bisitten arrazionamendua. Hortaz gain, zure familixiak ezin detzu ekarri nahi daben guztia, eta nahi daben momentuan. Paketiak ezin dira sartu bisittan datortzuzen bakotxian; batzutan bai, eta beste batzutan ez, kartzela bakotxaren araberan. Zuk kristalaren atzetik ikusten dozuz paketiarekin, baiña ezingo detzue emon: “Gaur ez da paketerik tokatzen“ esanda atzera botako dabe. Noski, ekartzen detzuen edozer arakatu egitten detzue eta gustatzen ez jakena (aldizkarixak, idazkixak, irratixak... kartzelero arakatzailliaren izorratzeko goguaren araberan) erretenittu egitten detzue. Neuri “...eta kitto!“ herri aldizkarixa kendu zesten adibidez, euskerazko panfleto subertsibua izango balitza legez. Gauzak holan, eskari bat egin dot (instantzixa batez, noski) ekartzen dezten edozer erretenittu baiño lehenago nahixago dotela familixiari momentuan itzultzia. Ez dot nahi gure gauzarik euren esku zikinetan egotia. Hamen Aranjuezen astian behin etorri ahal jatzuz bisittan familixa zuzenekuak. Lagunik ez momentuz, ze talde armatuko kidiak izatia leporatzen dezkuenez, guk lagunen batek bisittatzeko eskarixa egitten badogu lehelengo ha inbestigatu egin bihar dabe. Horregaitxik, lagunen bisittak izan orduko hile batzu errez pasatuko jakuz. Bittartian astian behingo ordubete horrekin konpondu bihar gara. Ba dago aukeria be visavisak egitteko, baiña horretarako geuk eskatu egin bihar dogu, eta nik ez dot oso ondo ulertzen zelan dan.

Telefono deixaren odiseia

txiko 2002/09/26 02:00

Politikuok nahikua txarto daukagu Aranjuezen bost miñutuko dei puta bi hoiek egitteko. Telefonoz deitzeko ordutegi bat dago, astelehenetik barixakura 11.00etatik 13.00etara goixez, eta 17.00etatik 19.00etara arratsaldez. Deitzia nahi ba dozu, goixeko edo arratsaldeko lehenengo orduan ziegak zabaltzen diran momentuan aintxitxiketan urten bihar dozu eskillaretan behera, lekua hartzeko. Papel baten ápuntatzen da jendia. Arauak beteta, ordu biko txanda baten 20-24 bat pertsona deitzeko denporia emon biharko leuke. Baiña normalian txanda bakotxian 30 bat preso egoten gara apuntatuta. Eta gure ziegak zabaltzen azkenak dirazenez, ba etara kontuak: gure izenak 20garren postutik atzera egoten dira beti. Honetaz gain, esandako moduan kontrol zorrotza gurekin bakarrik izaten da, beraz beste presuak 10, 15, 20 minuto egoten dira sarri, berba ta berba, beste guztion kaltian (ze ordu bixak pasautakuan telefonua mozten dabe, bardin jake berba egitteko zenbat falta dirazen). Beraz adibidez goixez deitzeko, 11.00etan hantxe egon bihar zara, illaran. Jendia deika hasten danian, 5-10 miñutotik pasatu ezkero kristal joka hasi bihar izaten gara. ¡Bestela illarako azkenak ez dogu deittuko! Gaiñera, esandako moduan, berbetan luzatzen dirazen hauetako batzuei egunero deitzen lagatzen detze, eta ez dauke gure moduan komunikatzeko urjentziarik eta ezinttasunik. Hala eta guzti be, batzu arpegi oso gogorra dauke eta ez dabe aurikularra soltatzen; diskusiño latzak dagoz presuen artian honen kontura. Urdiñak sartu bez, noski. Nahixago dabe konpetitibidadia eta enbidixak egotia gure artian: kontrol errezagua gero. Gauzak holan, imajiñatu neike etxian ze kuadro daguen. Ni esanda daukat martitzen eta eguenetan deitzen saixatuko naizela, arratsaldeko seirak aldian. Baiña batek daki ze ordutan lortuko doten, ezta ia lortuko doten be... Bueno, gitxienez ordu biko suspensia dauke bakarrik, eta ez juan dan astian modura 24 ordu telefono onduan egon biharra.

Telefonua urdiñen garitta barruan dago, eta eurak kontrolatzen dabe, zenbakixak markatu eta esegiz. Garittiak leihatilla bi daukaz: bata jangelara, gestiño normalak egitteko (instantzixak...) eta beste bat ziegetara doiazen eskillaretara. Azken hau ez da izatez leihatilla bat, hormigoizko horman tutuluzulo bat baiño; bertatik aurikularra botatzen dezkue, kable luze batez. Jangelako leihatillatik kartzeleruei papel baten idatzitta emon bihar izaten detzagu deittu nahi dogun zenbakixa, eta horrekin batera telefonikako diru-txartel bat (guk erosittakua noski). Gero korrikan juan bihar izaten gara eskillarako tutulura aurikularra hartzeko, eta han zain geratu. Lehelengo, eskatutako deixa autorizatuta daguan edo ez konprobatzen dabe, baitta ia aste horretan zenbatetan deittu dogun. Urdiñak markatzen dau telefonua. Gero suertia bihar izaten da, ze... komunikatzen ba dago, txandapasia egitten dezkue. Hala da, bai; bixaramonerarte itxaron biharko dozu eta atzera be kolan jarri... Leihatillako urdiñei (eta noski, kolako presuei) bardin jakez zure premiñak eta urjentzixak, hárek numerua behin bakarrik markatuko detzue ta. Eta guzti honen ostian telefonoz deitzia lortzen badozu, egoeria ez da politta be: imajiñatu zenbat gauza esan leikezen bost miñutuan, urdiña begira eta entzutzen daukazula (euskeraz hasi ezkero, mozteko prest), eta atzian beste presuak prisia sartzen.

Pasa dan egunian, kartzelero ulegorri gazte batek ederra egin zeskuan. Han gagoz danok, berbetan daguan compi batek noiz amaitzeko zain, eta 18.00etan urdiñak: “!Kafia hartzeko atsedena!“ eta ¡rrras! ¿leihatillia ez dezku ixten ba?. Halako baten berbetan zeguan presuak bukatu eta urtetzen dau. Baiña iñork ezin jarraittu, urdiña kafia hartzen daguelako, hantxe garitta barruko silloi baten botata, trankil baiño trankillago. Gu danok kanpuan berari begira, denporia aurrera doialako larrittuta. Izan be, telefonua erabiltzeko ordua 19.00etan bukatuko da inflexibleki. ¿Bere lanordu guztietan ez ete zeban euko kartzelero alu horrek kafia hartzeko astirik, gure telefonoko minutu urrixak aukeratzeko? 18.10ak inguruan hantxe dator, patxadaz, leihatillia zabaldu, hurrengo txartela ta papeltxua hartu... Zelako inpotentzixa eta amorrua, ahua zabaltzia duda barik errepresalixa bat ekarriko zestalako, eta nik derrigorrez egun horretan etxera deittu bihar... tira, amorrua iruntsi bihar. 19.00ak joten daben momentuan heltzen da nere txandia; urdiñak hartu eta nere aurpegixaren aurrian ixten dau leihatilia. Nerbixuak galtzeko zorixan, leihatillia ixten daben txapa gaiñian joka hasten naiz; zabaldutakuan, ahal danik eta era zibilizatuenian saixatzen naiz artaburu hari azaltzen, eskubiderik ez daukala bere kapritxozko kafe puta harengaitxik guri hamar minutu kentzeko. Ustekabian, urdiñak telefono txartela ta papeltxua hartu eta deixa egitten lagatzen dezta. Tutulutik aurikularra hartu eta, amorruari modu txarrian eutsitxa, familixiarekin lau berba egin, gauza urjentienak konpondu eta garitta zikin hartatik hanka egitten dot. Han geratu dira beste bost edo sei preso; ez dakit iñor gehixagok deitzia lortu ete daben... Urdin kabroi hónek botere guztia eskuetan dauke eta ¡erredios! zelan gustatzen jaken gu humillatzia.

Barealdixa

txiko 2002/09/25 02:00

Aranjuez, eguaztena 2002ko Urrilaren bixa. Orain “denbora errealian“ idazten ari naiz. Bukatu da orain arte jazotakuen kontakizuna. Hamabigarrengo modulua laugarrenaren kopixia da, baiña beste leku baten. Kuriosua da, preso eta urdin guztiak hartu eta aldatu izan balebe legez dirudi. Beste guztia igual-iguala: eraikuntzak, pasilluak, jantokixa, mahaixak, patixuak, tailarrak... Onduan 11garrena dago, eta parian F1 eta F2, emakume eta umiena. Ez dago baiña, 4garrenian moduan, 3, 5, 6 eta 7garren moduluetako beste politikuekin komunikatzerik. Ba dago kartzelero probokatzailerik hamen be, baiña 4garrenguekin hurrik emon bez. Biok ziega berian jarri gaittuez barriro; arrarua, normalian FIESak banakako txaboluetan egoten gara (gu FIES legez klasifikatua gagoz, euskal preso politiko guztien modura).

Eguen arratsaldia poz eguna izan zan. Betiko moduan, laster topatu genduan 12garrengo moduloko preso politikua (bere ziegan bakarrik dagoana), eta haren lagun taldiarekin juntatuta adrenalinia bajatzen hasi jakuan. Hala, barixakua bajoi eguna izan zan neretako. Aurreko egunak burruka gogorrian pasatu genduazen, gure helburua zein zan ondo genkixala. Baiña lortu besain laster... huts existentziala! Jomugarik ez... Gaiñera aste horren hasierarako espero genduazen abokatuaren barrixak, eta egun guztiak pasatu ziran ezer-ezer jakin barik. Zeozer “usaindu“ nahi neban, behintzat panoramiaren aurrian mentalizatzeko; ez bait genkixan ia gure kartzelaratziak egun bi, hille bi edo urte bittan luzatzeko trazarik zeukan. Barririk ezak guztiz hondoratu bihar ninduan, asteburuan senidien bisitxiak argi pizkat ekarri zestan arte.

Antza danez, manifestaziñuaren bixaramonian deklaraziñua hartu zeskuan epailliak hankia sartu zeban. Fiskalak gu enpápelatzéko ahalegin guztiak egin eta gero, epailliak karguak mantendu eta baldintzarik gabeko espetxia agindu zeban. Gure abokatuak honen kontra helegite bat aurkeztu zeban. Epailliak, ezer egin baiño lehenago, helegitia konpondu arte itxaron egin bihar zeban. Baiña kaso zikin horrek eskuetan erre egitten zetsan antza, eta itxaron barik jo-ta Madrillera bidaldu zeban espedientia, Audientzia Nazionalera. Eta gu, espedientiaren atzetik juan giñan, noski. Audientzia Nazionalian, kasua ikusi besain laster forma defektu horri erreparatu zetsen, eta atzera Bilbora itzuli zeben zorixoneko espedientia. Maneju hauetan, gure kasuak aste bi emon dittu Erresuma osotik bueltaka, eta hamalau egun hauen ostian gure kasua hasiera-hasierako abiapuntu ber-berian dago, eta gu Aranjuezen sartuta.

Hala azaldu zesten zapatuan bisittan etorri jatazen senidiak (ama, arreba Emma eta koinatu Genaro). Ederto ba. Epaille despistatu alu batengaitxik aste biko kartzelaldixa iruntsi dogu, dohan. ¿Dohan? ¡Bai, ta zera be! Ni behintzat, hamendik urtendakuan, dagokixonari egitten ari dezkuen guzti hau ordainduarazten saixatuko naiz.

Aranjuez, eguena 2002ko Urrillaren hirua. Zapatuan, ba, senidiekin egon giñanetik hamengo bizimodua lasai-lasai pasatu da hamabigarrengo moduluan. Euskaldunak lau gagoz modulo honetan: sozial bat, beste politiko bat eta gu biok. Sozialak Julio dau izena, bilbotarra da eta kotxe lapurreta asuntuengaitxik dago hamen. Politikua Jose Angel Matienzo da, Karrantzakua. Beste preso politikuak hona etortzia gomendatu ba zeskuen berarengaitxik izan zan; morroi hau be “kolektibotik“ kanpo geratzia erabagi zeban, politika munduan bape sartuta ez dagoelako eta gaiñera ez dabelako sartu nahi. Basarrittarra da, oso majua ta berbalduna. Antza danez, 1998an lagun batzu etorri jakozen arazuak zeukezela, eta gabia pasatzeko toki billa. Honek bere etxera juaten laga zetsen, eta bixaramon goixian beste barik alde egin zeben. Gero antza ETAkuak zirala jakin zan, eta haiek atxilotu eta torturatzian bere izena agertu zan. Kartzelara sartu zittuen bera eta emaztia, eta 7 urteko kondenia betetzen dagoz.

Egunak lasai asko pasatzen diraz hamen. Pizkan jasangatxa egitten jatan gauza bakarra zaratia da. Hamen jendiak oso altu egitten dau berba, eta asko edozergaitxik hasten dira orruka (jokuan, tele aurrian, egongelan...). Seguraski, hori dalako hamen desahogatzeko dauken era bakarra. Gaiñera, gelak eta galerixiak oihartzun haundixa dauke eta sortzen dan durundixarekin eziñezkua da, adibidez TB'ian esaten diharduena aitzia.

Bazkaltzeko mahaixetan behin gure lekua konkistatu eta gero, ba dagoz hainbeste gauza aipagarri. Mahaixak eta bankuak fijuak dira, ezin diraz mobidu. Formikazkuak dira, errematxiekin, nahikua barrixak (kartzela osua da barrixa). Jarritta gagozela, belaunen gaiñian kontrafuertezko burdin batzu daukaguz. Burdin hauetan trabatuak, edo mahai gaiñeko eskiñetan, kartoizko kajak dagoz. Compi bakotxak ba dauka beria, eta bertan jatekotik sobratzen jakena sartzen dabe. Gehixenbat ogi bolluak, gurin ta mermelada raziñuak, frutia. Hamaiketakua edo meriandia jateko, edo beste barik akumulatzen juan ta kajan usteltzeko. Bakotxak plastiko gorrizko edarontzi ta kubierto jokua daukagu, hantxe mahaixan geratzen dana. Jatorduetan plater formako zulodun metalezko apala hartu eta kolan jartzen gara, jatekua bertora botatzen dezkue; bukatutakuan apal zikiñak pillatuta laga eta edarontzi ta kubiertuak fregadera baten garbitzen doguz, eta mahaixari trapo bat pasatu bihar izaten detzagu.

Patixo orduak bejetatzen pasatzia ez jata gustatzen. Asperguran murgildu baiño lehenago, nahixago dot hutsian hausnartu edo burua zeozekin bete. Hamen gauzarik latzena kanpotik barririk ez datorrela da, eta buruari bueltak emoten hasten bazara, estuasuna gero eta haundixagua egitten da urtenbide bako biribil baten. Beste presuak pazientzixia gomendatzen dezkue... Baiña nik burrukatu nahi, eta ezin!!

Hamen ikasi dot orduak eta orduak ezer egin barik pasatzen. Arratsalde osua ziega baten, zereginik barik, isillian. Hausnarketan hasi: pentsamendua “off“ian, arnasaren sartu-urteeran zentratu... eta esna noski, gabian loguria izateko. “Y he aprendido a esperar sin razón...“ kantuaren modura.

Aranjuezeko kartzelia be barri xamarra da. Seguridade maximokua. Matxinadak ekiditeko espreski prestatua ei dago, moduluak tunel eta korridore ezkutuak daukez hormen eta sabaixen barruan, matxinatuak eraikuntza bat bahittu ezkero poliziakuak zuzenian barrurarte sartu ahal izateko. Txaboloko leihotik kanpoko segurtasun sistemak ikusten dira. Patixoko hormigoizko horma altua lehenengo, goixan alanbradaduna; horren kanpotik, harrikoskordun foso bat; gero beste hormigoizko horma alanbradaduna; haren atzetik foso bat bide asfaltatu batekin, bertan guardiazibillen kotxia bueltaka eten barik dabillela; eta azkenik sare alanbradadun elektrifikatua. Guztira, 500 bat metro zabaleko babes sistemia. Gero, basamortua. Ziegak orain arteko onenak dira (¡dutxia dake! ¡eta kakalekua horma batez babestuta!). Luziak dira, eta Valdemorokuak baiño estutxuaguak. Leihuaren alde baten litera bi, eta bestekaldian pladurrez egindako bi mahai eta bi estanterixa haundi. Erdixan argi bat dago horman sartuta ¡interruptore eta guzti! (lujo asiático, Pabloren esanetan). Interfono bat dago, urdiñei gauzak esateko (eta eurak gure konbertsaziñuak isilpian entzuteko noski). Dutxiak kúrtiñía dauka, eta komunakin batera txoko baten dago, horma birekin banatuta.

Ibiltziarena kuriosua da. Basaurin sartu nintzanian arrarua egitten jatan jendia patixuaren alde batetik bestera juan-etortzen ikustia, eten barik ibilbide berian. “Zelako aspergarrixa!“ esaten neban. Baiña gero ulertu neban: ez dago beste urtenbiderik ibilli nahi ba da. Eta ni bebai hasi nintzan. Lehenengo lagunekin batera, gero bakarrik bebai... azken fiñian hausnartzeko beste era bat dala konturatu naiz. Arnasian konzentratu, burua hustu eta non zagozen ahaztuta ibilli eta ibilli. Txaboluen atiak automatikuak dira, urdiñen garittetatik programatuak dagoz. Zabaltzian, orden misteriotsu batian zabaltzen dira; preso politikuonak azkenak beti.

Nere buruari eguneroko diszipliña bat jarri detzat, eta holakuak dira nere egunak: goixian, 8.00etan errekuentua iragartzen da bozgorailluetatik. Esna egon bihar gara urdiñak ziegako ateko leihatilatxotik begiratzera datozenerako (ia iges egin dogun edo ez). Txabolua garbittu eta txukundu (bestela ez dezkue urtetzen lagatzen). 8.30etan armosatzera. 9.30etan oiñez hasten naiz patixuari bueltaka (Pablok nahixago dau “largo“ zuzenak egitten ibiltzia), eta 10.30etan dijestiño erdixa egin da gero, kirola. Aintxitxiketan edo gimnasixuan 12.30etararte gitxi gora behera. Bazkalordurarte (13.30etan), libre (solasian, irakortzen...). Kanpuan gagozen ordu hónek erabiltzen dittuez urdiñak gure ziegak miatzeko. 14.30etan txapeua (ziega barrura sartu bihar gara) 16.30ak arte. Bittartian, beste errekuento bat egitten dezkue. Ordu bi hauetan txabolo-lanak (etxeko-lanen ordez) egitten dittudaz: dutxatu, arropak garbittu eta esegi, idatzi... Gero barriro etaratzen gaittue patixora edo egongelara, eta lan intelektualetan gastatzen dittudaz orduak. Pablo “ikasgelara“ juaten da, baiña ni nahixago dot patixuan edo jendartian eseritta egon, irakortzen edo idazten. 19.00ak aldera afalordua. Patixua ixten da, eta han goiaz danok mahaixetara formakuntzan. Gero ilaran eta txandaka, bandejia eskutan jatekua hartu eta mahaira barriro. Formal eta isilik juan bihar gara. 20.00ak aldera txaboluak zabaltzen dittuez, nahi dabenak bertan sartu eta geratzeko aukeria dauka; gero segidan ixten dittuez. Ni normalian beheian geratzen naiz; patixua itxi egitten danez, egongelan egoten gara danok. Asko xakian, beste batzu jokuan, beste batzu bejetalen modura... eta gure moduko elementu arraroren bat irakortzen edo idazten. 21.00etan txapeua: goiko solairuetara doiazen ate automatikuak zabatzen dira, eta jendia bere borondatez ziegetarutz abiatzen da. Txaboluetako atiak ordurako zabalik topatzen doguz, gu irunsteko zain. Halako giro tristeko momentua da. Compixak zelda barruetatik ondiok alkarri adarjoka dabizela, 21.15ak aldera atiak isil-isilik ixten dira, larritasun punttu bat dauken azken oihuak eta algarak itxoaz. Txaboloko lanekin jarraittu, argi naturalezko azken izpixak aprobetxatu... eta ixiltasuna nagusitzen da kartzela osuan, 22.30ak aldera bozgorailluetatik eguneko azken errekuentua iragartzen dan arte. Ez daukagu lorik egitteko baimenik begi zelatarixa ateko leihatillatik agertzen dan arte. Gero, ni esna egoten saixatzen naizen arren, hamaikak aldian luak hartzen nau; Pablo irakortzen edo idazten geratzen da.

Parian doguzen F1 eta F2 moduluetan andrak eta familixak dagoz. Emakumiak sarri agertzen dira leihotik eta eskuekin keiñu arraruak egitten hasten dira. Azkenian konturatu gara: 11 eta 12 moduluetako euren senarrekin komunikatzen dihardue, aidian letrak marraztuta. Seguraski senarrak era berian erantzuten ari jakez.

Telefonua... teorikoki, presuok astian birrittan deittu geinke, bakotxian bost miñutu. Praktikoki, preso sozialekin kontrol zorrotzik ez da eruaten. “Konfixantzazkuak“ ba dira (zerbitzu arduradunak, espetxeko lantokixetan aritzen dirazenak, urdiñen aurrian “bereziki apalak“...) nahi dabenian deitzen dabe, nahi beste denpora. Preso politikuoi aldiz, deitzen dogun bakotxian ordua eta deittutako telefono zenbakixa apuntatzen dezkue, eta araututako bost miñutuko bi dei hoiek egitten lagatzen dezkue bakarrik. Eta batzutan hori bez...

3 eguneko gudia

txiko 2002/09/24 02:00

Esan bihar da martitzenerarte Aranjuezen tratu on bat emon zeskuenela (Basauri, Burgos eta Valdemororen aldian behintzat). Egun horretatik aurrera baiña, gauzak okertzen hasi ziran; ez ziran ados jartzen gure destinuarekin, eta heldu giñan momentutik laugarrengo moduloko urdiñen jarreria probokatzaille ta prepotentia izan zan.

Urdiñak gu besain harrittuta dagoz preso politiko bi han ikustian; ezagun da gu hara eruateko agindua goitxik etorri dala.

“Ez dot ulertzen zergaitxik ekarri gaittuzuen hona. Gu ez dogu gura hamen egon, eta nahixago dogu isolamendu ziegetara edo atzera ingreso modulora juatia hamen egotia baiño“- diotset, beti edukaziñoz.

“Baiña hamen ez da ezer gertatzen barren“ - dio urdiñak, oharkabian legez.

“Ez, zera: orain dala aste batzu egondako istilluei buruz dana dakigu!“.

“Istilluak? Ez gizona, iñork ez zaittue jipoittuko. Hamen, labankadak bakarrik“ - erantzuten dezku gazte harek, eta serio-serio geratzen jaku begixetara begira.

Putasemia guri desafioka ari da. Oldartu eta zarataka hasten gara, eta gu mantsbotzeko edo, lasai egoteko diñozkue, liskarra egon ezkero eurak etorriko litzakezela, etabar. Baiña berandu da, guri larrittasuna kenduko dezkuanik ez dago han, ordurako ikusi dogu ta zein dan gurekiko dauken jarreria. Goiko ziegetara eruaten gaittuez gogoz kontra, pasilluetan gu bakarrik noski (preso politikuen trasladuak beti desorduetan egitten dittuez, besteak txapatuta dagozenian) eta diskusiño betian:

“Ba dakigula ba, euskal presuekin arazuak egon dirala!!“

“Zer diñozu? Biharbada jatorri euskalduneko preso espainolei buruz ari zara?“ – erantzuten dezku atzetik kartzelero gazte malparatu harek, serixotasun ironikuaz.

Ahozabalik geratzen naiz, barre nerbioso bat urtetzen jata, baiña era berian toki oso arriskutsu baten jauzi garala ohartzen naiz. Itzuli eta kartzeleruari gerra gogua izatia aurpegiratzen detzat, une oso tentso baten. Beste urdin nagusixago bat sartzen da bittartian. Gabeko hamarrak ingurua izango da. Esandako moduan, gu besain harrittuta dagoz eurak, baiña umemoko hori eta bere lagunen jarreria probokaziño hutsezkua da. Gu 4garrengo moduluan sartzia erabaki dabenarena legez.

Aurreko egunetan ez bezela, 4garrengo moduluan sartzian bixok jarri gintxuezen txabolo berian. ¿Alkar babesteko? Imajinatu leike martitzeneko gaba hori zelan pasatu genduan: hurrengo egunian beste presuekin edozer gertatu zeikian. 150 bat preso sozialen artian, politikuak gu bixok giñan bakarrik, eta halako aurrekarixekin... Goixian jantokira jaitsi giñanian, beste guztiokin batera, esertzeko lekuren bat billatzia izan zan lehenengo biharra (han bakotxak bere lekua dauka, eta dana beteta egoten da). Kundako ezagunen bat topatu genduan, eta ha ta beste batzurengana arrimauta ba tira, topatu genduan zeozer; baiña “badaezpada urteeratik hurran jartzia“ gomendatu zeskuen, istilluak egon ezkero bizkor iges egin ahal izateko. Aholku lasaigarrixa benetan, hango giruan adierazle. Hala pasatu genduzen ba lehenengo orduak, alerta totalian eta begixak zabal-zabalik. Baiña pizkaka hainbesterako ez zala konturatu giñan. Euskaldunekin liskarra izandako presuak, gure billa ibili barik, iges egitten zeskuen; gu baiño bildur gehixago zeuken kotxauak. Bestiok ez zeben arazorik nahi, eta hasiera-hasieratik lagundu egin zeskuen, borondate ona erakutsi nahixan (edarontzixak emon, falta jakuan erratz bat lortu...). Jende asko etortzen jakuan, euskaldun batzu modulo hartan ikustiagaitxik harrittuta eta tentsiñúa arindu guran. Laster ikusi genduan han ez zeguala istillu gogorik, eta modulo hortan egon giñan denpora guztian ez genduan kejarik izan presuen aldetik.

Oso desberdina izan zan, baiña, kartzeleruekin. 4garren moduluan sartzia probokáziño argixa izan zan guretako, eta presuekin ondo konpondu arren, ez genguazen prest guri adarra holan jotzen lagatzeko. Modulo laukote bakotxak erdiko espazixo amankomun bat dauka, kurutze formako horma batzukin lau patixotan banatuta. 4garrengo moduloko leihuetatik 5 eta 6 moduloko leihuak ikusten genduzen 200 bat metrotara, eta patixotik 3garrengo moduloko leiho batzu genkazen 50 bat metrotara. 3, 5 eta 6 modulo hauetako bakotxian 4 edo 5 euskaldun zeguazen. Eurekin segiduan jarri giñan kontaktuan, 5 eta 6kuekin leihuetatik orruka eta 3kuekin patixoko hormako zartada batetik berbetan. Eurak be aztoratuta zeguazen, zeaitxik eze, kartzelako zuzendarixarekin 4garrenguan euskaldunik ez sartzeko tratua eginda ei zeuken, eta hau eurendako be ba zan probokaziño bat. Eguazten guztia pasatu genduan alkarrekin komunikatzen orduero, hormatik ez ba zan leihuetatik. Probokáziño honetaz eta beste gauza batzuei buruz arittu giñan; hain zuzen be, ordu batzu lehenago ETAko gazte bi hil barrixak ziran, lehergaillu motxilla bat ustekabian eztanda egitxian. Ikusi genduzen bai, modulo bakotxian zapi baltzdun 4 edo 5 ikurrina leiho sarietan, baiña ez genduan ordurarte jakin zergaitxik zan (ez genkan ez irratirik, ez egunkaririk). Kontua da, protesta legez, eguen eta barixakuan txapeo bat (patixora urten ez) antolatzen zeguazela Euskal Preso Politikuen kolektibokuak, eta gu ia taldian sartzen giñan edo ez jakin bihar zeben. Esan zeskuen gure erabakixa edozein izanda be, eurak bardin lagunduko zeskuenela, euren asmua ez zalako gu presionatzia; baiña estrategixa kontuagaitxik bizkor jakin bihar zebela gure erabakixa. Hala ibili giñan ba, Pablo ta bixok berba egin, gero 3kuei esan, harek ez dakit zelan 5 eta 6kuekin berba egin, eta gero barriro gurekin, eta... Azkenian bi edo hiru erronda egin eta gero, zera esan gentzen: gu anarkistak giñala eta ez ezker abertzalekuak, beraz euren kolektibuan sartzia ez genduala koherentia ikusten, are gehixago kontuan hartuz gure kalterako izango zala; baiña hala eta guzti be euren ekimenei buruz informatzeko, konforme genguazen ekintzetan parte hartzia nahi gendualako. Agindutako moduan, ez zeskuen pegarik jarri, eta gaiñera instantzixa bat jartzeko gomendatu zeskuen Kolektibotik kanpo geratzen giñala adieraziz, horrekin gu moduloz aldatzeko presio gehixago egitteko. Eurak gu laguntzen jarraitzeko berbia mantendu zeben, eta arratsalde horretan bertan horma gaiñetik telefono diru-txartel bat eta esandako eskarixa egitteko instantzixa modelo batzu bota zeskuezen, tabako pakete baten sartuta. 3, 5, 6 eta 7 moduluetan sartuko ez gintxuezenez (argi zeguan), 12garrengo modulora eskatzia gomendatu zeskuen, han kolektibotik kanpuan geratutako beste euskaldun bat ei zeguan eta. Gu bestalde, 1 moduluan beste anarkista bat (Garcés, historikoren bat) zeguala jakin genduan, eta hara bebai eskatzia erabaki genduan.

Ordurako tangana politta genkan urdiñekin. Instantzixak sartu genduazen, zuzendarixari probokaziño haxe guri azaltzeko exijittuaz. Gaiñera, beste politikuekin lotsa barik genbizen berba ta berba kartzeleruen aurrian (debekatuta dago), eta behin baiño gehixagotan megafonixaz deittu ninduten. Garittako bentanillara juan eta agirika egitten zesten, hori ez egitteko esanaz. Nik kasorik bez ez neban egitten –politikuak bildurrik ez izateko esan zeskuen, ez zeskuenela joko-, eta hurrengo hitzorduan 3garren modulokuekin berbetan egittera juaten nintzan hormako zartadara. Urdiñak hasarre, pare bat bidar eruan ninduten gela apartatu batera aurrez aurre diskutitzeko. Lehenengo eguneko gazte kabroia eta beste artaburu batek. Gu mehatxatzeko ez zeuken beste armarik parte bat egitxia (partiak presuaren jarrerari buruzko informe txarrak dira, gero permisuak emoteko orduan kaltegarrixak; guri bost ajola, politikuak ez bait dogu sekulan permisorik lortzen) edo isolamendura bidaltzia baiño (eta hau zan hain zuzen be gu nahi genduana), beraz ni “konbentzitzen“ saixatu ziran: gu beste modulokuekin berbetan hasten ba giñan, gero beste preso guztiak gauza bardiña egitxia nahiko zebela, eta ha kaosa izango zala... (nik megafonixaz ez esateko erantzuten netzen, holan ez zan kartzela osua enteratuko eta), arauak errespetatu egin bihar zirala (nik probokaziñuak ez genduzela zertan errespetatu bihar), elkarbizitza ona billatu bihar zala (nik moduloz aldatzen ez gintxuan bittartian, ahal genduzen istilu geihenak sortuko gendukezela). Oso diskusio garratza izan zan, alarauka, eta ni une batzutan joko ete ninduten bildurraz egon nintzan, baiña ez zan ezer gertatu. Eurak “los últimos monos“ zirala esan netzen, eta eurei ez neukala ezer esateko, euren jefiarekin berba egitxia nahi nebala. Honek mindu egitten zittuala konturatu nintzan, eta maltzurki behin eta berriro errepikatu netzen komentarixo hori (denpora guztian ez naiz bakezale santua izango, aizu! ...lantzian behin pizkat gaiztua izatia be...).

Azkenian Zerbitzuburuarekin aurrez aurre diskutitzia lortu genduan; eraikuntzatik etara gintxuezen berba egitteko, beste presuen aurrian lotsagarri ez geratzeko seguraski. Gure jarreran mantendu giñan eta argi ta garbi esan gentzan: gu holan jarraittuko genduala harik eta moduloz aldatu edo isolamendu ziegetara eruan arte. Zerbitzuburu hau ordurarte ezagututako urdin zentzudun bakarra izan zan (hainbeste artaburu artian, apur bat intelijentia izan ezkero erreza izan bihar da hamen Zerbitzuburu bihurtzia). Baiña zentzuduna izatiagaitxik hain zuzen be, arriskutsuena be begittandu jakun. Azken finian, kartzelero morroiekin eztabaidatzia erreza zan (batzutan dibertigarrixa be), dialektikoki mila buelta emoten gentzelako. Zerbitzuburu honekin berbetan egon eta gero, gure eskarixak (moduloz aldatziarena eta telefono deixen autorizaziñua bizkortziarena) zuzendarixari zuzenian aurkeztuko zetsala agindu zeskuan.

Hónek egunoi “instantzixa egunak“ izena jarri biharko gentzeke. Aurrerago esan doten modura, espetxian ixa ixa kaka egitteko be baimena idatziz eskatu egin bihar da. Triplikatuz gaiñera. Telefonoz deitzeko lehenengo. Espetxe baten sartzian, bost minutuko dei bat egitteko eskubidia dozu (arduradunaren goguaren araberan luzatu ala laburtu egin leikezenak). Baiña hortik aurrera deittu ahal izateko, instantzixa bat jarri bihar dozu deittu nahi dozun zenbakixak, titularren izenak eta DNIxak jarriz. Familixakuak bakarrik gaiñera, lagunei ezin jake deittu ta. Handik X egunetara (arduradunaren gogua... badakizue) erantzun egitten detzue, eskatutako telefono batzuendako baimena emonaz eta beste batzu ukatuz. Hori bai, kartzelaz (edo moduloz) aldatu arte; orduan barriro tramite guztiak egin bihar izaten dira... Instantzixak egin bihar dira bebai zure egoeriari buruzko situaziñua galdetzeko, medikuarenera juateko, arazuak daukazuzela adierazteko, zure gauzak familixiari emoteko, vis a visetarako, modulo aldaketa bat eskatzeko... Instantzixa hónek kartzeleruei emon, zuri erresguardo bat itzultzen detzue, eta gero erantzunaren zain geratzen zara; batzutan dagokixon lekura bideratu eta bestetan zakarrontzira juaten dira (zuri ezer esan barik noski). Gure kasuan, moduloz modulo aldaketan gabizenez beti telefonoz deitzeko eskari barrixak egin bihar izaten doguz, erantzunik jasotzeko asti barik be. Horren ondorixoz, Aranjuezera sartu eta 6garren egunerarte ezin izan gentzen abokatuari edo familixiari deittu han gengozela abixatzeko.

Lehen esan dot 4garrengo moduluan sartu giñanian txaboluan ez genkala erratzik; pala ta lanbasia bai, baiña erratza falta. Kartzeleruari eskatu gentzan, eta asmatu erantzuna: “Jarri instantzixa bat“. Hondamendixaren erdixan, umore onik ez dogu galdu orain arte, eta tentsiño egoera haren erdixan halako erantzuna jasotziak barrez lehertu eragin zeskuan. Pablok berbia hartu eta barrokismo eta hizkuntza kortesanozko kutsuko instantzixa barregarrixa egin zeban, egoeriaren absurdotasunaren harixan: “begirune guztiz, edozein preso prestuk bere bihar higienikuak bihar dan moduan betetzeko derrigorrezkua daben tresnerixia eskatzen detzagu jaun txit goren horri...“.

Eguen goixian egin ba genduan zerbitzuburuarekin berba, eguen eguerdixan bertan trasladatu gintxuezen, hamabigarrengo modulora ¡aleluia! Hori bai, Zerbitzuburua bera etorri zan gu eruatera zera esanaz, ez pentsatzeko gero eragindako istiluengaitxik trasladatzen gintxuezela, ez; modulo aldaketa ha gure instantzixei erantzunez egitten zala. Bai, ta guk sinistu!

Bizidunen hillobixa

txiko 2002/09/23 02:00

Ohizkua dan legez, Aranjuezera heltzian ingresozko moduluan sartu gintxuezen. Bakotxa txabolo batian, bakarrik baiña nasai behintzat. Txarrena, kanpuan egoteko orduak gitxi zirala eta 10 bat metro altuko hormez inguratuko 5x10ko zuluan. Zerua alanbradazko markodun kuadro urdin bat zan, han goixan. Ezezagun pillo bat hantxe, egoten, halabiharrez: porlanezko soluan etzinda batzu, ahal genduan moduan pasiatzen bestiok (50 metro karratutan 30 pertsona, etara kontuak). Yonkixak beti kontu bardiña: “Euskaldunak? Jo, ba ni ederto konpontzen naiz euskaldunekin! Bai, Soton egon nintzanian Urlixa ezagutu, eta Puerton Sandixa lagunmina neban, ta Pakito ta eztakitzer ta...“. Eta segi ta segi berbetan, euskaldunon noblezixia eta halakuekin lausenguka, eta halako baten: “Aizu, lagako destazu mesedez euro bat?“. Kartzela guztietan bardin-bardin-bardin.

Ingresoko moduluan gabe bat pasatu eta hurrengo eguneko lau ta erdixetan modulo definitibora juango giñala esan zeskuen. Halako baten: “AUPA HI!“ orru bat leihotik. Korrikan leiho sarera, eta hantxe beheian, moduluen artian dagozen bidietako baten, mutil bat oinez, atzian “urdiña“ (kartzelerua) darraixola. Katalana dala, beste euskaldunen laguna. Gazteleraz aritzen gara. Ia zeozer bihar dogun galdetu eta gero, zera esaten dezku: “Eskatu egizue 3, 5, 6 edo 7 moduluetara juateko. 4garrenera juateko esaten badetzue, iñundik iñora ez onartu, aislamentura juatia nahixago dozuela esan“. Atzeko urdiñak bultzatuta, desagertzen da begibistatik.

Pablo hiru txabolo harutzago dago. Harek be entzun dau, eta leihotik komentatzen detzagu alkarri aholku hau emon badezkue zeozergaitxik izango dala. Hala egingo dogu ba. Geruago beste euskaldun pare bat pasatzen dira leihopetik, euretako bat Julen eibartarra (7garren moduluan daguana) eta harek eta preso sozialak esandakuaren artian jakiten dogu gertatutakua. 4garrengo moduluan, aste batzu dala, “marrajo“ (preso sozial) bat euskaldun baten txaboluan sartu zan lapurretan. Bestia konturatu, nahikua burrukazalia izanda gaiñera, harrapatu txorizua, hasi joka, marrajuaren lagunak etorri defendatzera, gero beste euskaldunak bebai, ta... kristoren liskarra moduluan. Oso gatxa izan da benetan gertatutakua ulertzia: politikuen bersiñuan marrajuak izan ziran euskaldunari joka arittu ziranak, eta sozialen bertsiñuan euskaldun guztiak batu ziran marrajo bat jipoitzeko. Horren ostian oso giro txarra geratu zan moduluan, eta euskaldun guztiak etara zittuezen beste moduluetara pasatuz. Hala, ordutik aurrera 4ko marrajo batzu potruak iztarrixan daukez, politikuak atzetik daukezelako. Izan be, printzipixoz presuak bere moduluan egoten diran arren, ba dago beste moduluetakuekin kontaktua izaterik tallarretara, kiroldegira, lokutorixora edo halakuetara mobitzen gaittuezenian.

Astelehen goixia. Kartzeletara sartzen zaraneko ohizko tramitiak aurrera darraixe, eta asistente sozialarekin berba egin eta gero (drogarik hartzen dozuz? familixiarekin ondo konpontzen zara?...) edukadoriarekin elkarrizketia daukat. Hauxe ei da kartzeleruei presua zein modulotan sartzia komeni dan aholkatzen dabena, beraz bai Pablok bai nik espreski esaten detzagu edukadoriari 4garrengo moduluan ez sartzeko, guk ez dogulako nahi arazorik; eta ahal ba da 3,5,6 edo 7 moduluetan herrikidiekin sartzeko. Edukadore honek berbetarako gogua dauka nunbaitx, eta konbenzitzen saixatzen da gu beste politikuekin batera ez sartzeko. Bere atxeki iñuxentiak: harek dinamika bat daukela, eta euren konzentráziñuétan parte hartzera bihartuko gaittuezela, eta... Nik nagusixak garala erantzuten detzat, eta ba daukaguzela gure ideiak nahikua helduta ekimenetan parte hartu edo ez gure kabuz erabakitzeko.

“Bueno, bueno, eurekin batera egotiak zuendako izan leikiazen ondorixo kaltegarrixak jasateko prest ba zagozie...“ diño berak.

Gure kartzelaratziaren arrazoiei buruz berbetan dihardogu bebai, badiñot morroiak hitz egitteko gogoz zeguala, eta azaltzen detzagu ze, nahiz eta ezker abertzalekuekin ideologikoki bat ez etorri, gure herriko jentia dala, eta eurekin egon nahi dogula, etc. Hala bukatzen da elkarrizketia. Guri ezik, beste preso guztiei elkarrizketan bertan esan detze edukadoriak zein modulotara zoiazen.

Astelehen eguardixan, atietako leihatillia zabalduz agindua emoten dezkue “Egin paketia trasladorako“. Tira ba. Paketia eginda daukatela, lau ta erdixak joten dabe: ziega guztietako atiak automatikoki zabaltzen dantzudaz, eta beste presuen berbarua. Ni ate aurrian tente, zakua sorbaldetik txintxilizk. Ez da zabaltzen baiña. Jendia ba doia, oihartzuna galtzen da... Leihora noia, Pablori diagar egin eta bere ziegan dago ondiok. Gu bixok bakarrik geratu gara. Ziegako interfonuari sakatuta, ia zer gertatzen dan galdetzen detzagu urdiñari:

“Nik ez dakit ezer, galdetu jefiari“.

“Ia ba, nun dago jefia?“.

“Ez dago“.

Eta han geratzen gara gu, dana poltsan sartuta eta zer egin jakin barik. Ordu batzu pasatzen dira, eta barriro ate joka hasten gara:

“Beranduago eruango zaittue, edo“ kartzeleruaren erantzuna.

Tarteka Pablorekin berba egitten dot leihosarietatik oihuka, Madrileko mendizerretara begira. Iluntzen hasten da, eta jatekua partitzeko kargua daukan presua be harritxu egitten da gu han barriro topatzian. Haren esanetan ordu horretarako ez ba gaittue eruan, gabia bertan pasatuko dogu seguraski. Amorratuta nago, eta ez jata potruetatik urtetzen plastiko poltsa haundixa barriro desegitxia. Izarak jarri barik eta erropa guztia jantzitta etziten naiz pitxigomazko koltxoian, lo egitteko.

Martitzena etortzen da, eta egun osua pasatzen dot chi-kung eta hausnarketan, liburua irakortzen (Toti Martinez de Lezearen “La calle de la judería“)... Sahietsa geruago eta hobeto daukat, eta txabolo barruan egitteko moduko ariketa barri bat topatu dot: goiko literia esku bixekin jasota besuetako muskuluak indartzen dittudaz. Gure egoera guztiz irregularra eta kartzeleruen evasivekin guztiz erreta, beste instantzixa bat jartzen dot arratsaldian. Testuan zera diñot: “Ante la confusión de su personal subordinado solicito una entrevista personal con el Director de este Centro para ser informado sin evasivas de la situación carcelaria (régimen, destino, perspectivas) en la que me encuentro realmente, así como de las circunstancias de las que depende la ejecución o demora de los pasos a seguir“. Patiozuloko ordu urrixak aprobetxatu dittudaz urdiñei emoteko; ez jake bape gustatu, eurak “konfusiñorik“ ez daukela diñue. Ez dezte instantzixia onartu nahi, eta beste eztabaida garratza gertatzen da. Azkenian onartzen dezte ezer aldatu barik, seguraski orain zakarrontzixan dautzan idazki hori. Hala pasatzen doia eguna, 21.00ak arte. Azkenian ba datoz urdiñak gure billa, arratsaldeko liskarreko berberak. Ba goiazela. Fardela aurreko egunetik eginda neukanez, jaiki eta alde.

“Ta? Nora goiaz azkenian ba?“.

“Ezin detzuegu esan“

De puta madre. Pablokin juntatzen nabe eta ba goiaz patixora, ate blindatuz ate blindatu. Modulotik urten eta oinez eruaten gaittue eraikuntzen arteko bidietan zihar. Halako baten heltzen gara tokira. Atiaren gaiñeko letreruak: “Modulo 4“.

Izoztuta geratzen gara. Baiña... ze adarjotze da hau baiña??? Bertoko urdiñen eskuetan lagatzen gaittuez, protestaka gu... Kartzelero gazte bat datorku, ia zer gertatzen dan galdetuta...

Kundia

txiko 2002/09/22 02:00

Ordurarte nik uste neban kartzela batetik besterako trasladuak zuzenian egitten zirala, burua asko ez neban nekatu. Baiña noski, pizkat pentsatzen hasi ezkero laster ikusten da hau ezinezkua dala: espainiar estatuan 100.000 bat pertsona gagoz preso, eta “justizixa“ sistemiaren dinamikiaren trasladuak, epaiketak... dirala eta, egunero ehundaka preso mobitzen dittuez batetik bestera. Trafiko ederra. Ba hauxe da egitten dabiena: imajinatu autobus haundi eta zahar bat. Formika marroizko jarrileku bikote bakotxa altzairuzko plantxekin aurre, atze, eskuma, ezkerra, goi ta behetik ixten da. 20 bat watixotako ipurtargi bat, eta reja txiki baten atzian kristal blindatu hirukotx lausotuak ez dau kanpua ikusten lagatzen. Tente ipintzeko alturarik ez dago. Haizia ustela da. Mikroziega bakotxak mikroate bat dauka, automatikoki zabaldu, eta autobus erdiko pasabide estu illunera urtetzen dana. Pasabide honen punta bixetan, armadun guardiazibillak. Atzeko zaindari postuaren onduan, beste ziega bat asiento barik, soluan metalezko enbudo moduko bat daukala, bertatik begiratu ezkeriok asfaltua ikusten da autobus pian pasatzen. Komuna da. Mamotreto honi “kangurua“ esaten detze; kanpotik “Guardia Civil“ letreruarekin zuriz ta orlegiz pintxauta dago, eta 40 bat preso kabitzen gara. Beste presuak diñuenez, halako lau edo bost dagoz espainiar estatuan, eta eten barik ibiltzen dira “Vuelta a Españia“ egitten. Egunero etapa bat betetzen dabe kartzelaz kartzela, geltoki bakotxian batzuk deskargatu eta beste batzuk kargatuta. Pablori galdetu detzat ibilbidiari buruz (orain nere onduan dago, idazten bera be), nik izenetarako oso memorixa txarra daukatelako, eta zera esan dezta: Langraitzetik Burgosera juan giñala, eta hantxe pasatu gabia. Bixaramonian Palentzixa (Dueñas), Valladolid (Villanubla), Segovixa eta Valdemoro, eta hantxe lo egin. Hirugarrengo egunian, “kundia“ren lehenengo geltokixan jatxi giñan gu, Aranjuezen, eta “kanguruak“ bere ibilbide tristiarekin jarraittu zeban, Madril inguru guztian dagozen espetxe pillotik (Meco, Soto del Real, Navalcarnero...).

Basauritxik Madrillera heltzeko eguen goixian urten eta zapatu eguardixan heldu, beraz. Zelako bidaixa! Mobidu ezinda, arratoizulo itxu, ilun eta kakaztutakuan, arnasian haize ustela... Klaustrofobixia daukanarendako jasanezina. Burgoserarte denbora gehixenian txaboluetan alkarrekin jarri gintxuezen. Burgosen banatu gintxuezen estraiñekotz, nahiz eta gu batera egoteko eskatu. Kasualidadia ala errepresalixia? Éguardíxan heldu giñan eta ziegatik momentu baten bez ez gintxuezen etara, bixaramonian alde egin arte. Palentzixako heavy batekin jarri ninduen ziegan. Burgoseko ziegia Basaurikua baiño txarragua zan, beraz etara kontuak. Biharbada ez zan Basaurikua besain zaharra eta zikina, baiña bai estu eta txikixagua. Horixka kolorekua hauxe be. Masmak sabaixan. Komuna taza hutsa zan (tapa barik noski), eta txaboluaren zoko baten zeguan, ate onduan askiarekin batera, bape estalki barik eta papel rollua soluan. Kaka egitten zengozela urdiñak atia zabaltzen bazeben han topauko zintxuen ofizinan jarritta, aurrez aurre. Eskerrak nik ez daukatela bape lotsarik ezta eskrupulorik, baiña bazeguan han egunak obratu ezinda pasatu zittuanik. Han be mahai eta aulka bakarra zeguazen, eta Miguel ziega-lagunak beretako “hartu“ zittuazenez, ni ohe gaiñian bazkaltzen neban, bandejia altzuan eta mahai auxiliar legez komuneko tazia erabiliz. Bateronbatek txixa egin bihar zebanian, orduan komerixak (eta gauzak taza barrura ez ba jatazen jausten, pozik). Argixa ez zan bonbillia, fluoreszentia baiño. Gitxienez, txaboluan sabaixa Basaurin baiño bajutxuagua zan eta nik neuk soltau ahal neban goiko literatik lo egitteko (bai, hamen bebai, urdiñei “ahaztu“ egin jaken gabaz argixa emetatzia eta).

Ez neban walkmanik bihar izan; gabian, beheko literako lagunaren Rammsteiñen kaseta lau edo bost bidar ederto entzun ahal izan neban, bere kaskuen bolumen izugarrixari esker. Neure walkmanak ez zeban kontrola pasatu, grabagaillua be ba zalako. Basaurin geratu zan, argazki kamariarekin batera. Hain zuzen be, kartzelan ez dabe lagatzen ez soinu grabagailu ez argazki kamararik sartzen: barruko infrañuaren itxuria eta soinua kanpokuak jakitzia mingarriegixa izango litzake gizartiarendako. Barixakuan, Burgosetik Valdemorora 9 orduko “kunda“ hiltzaille ahaztu ezinezkua. Burgoserarte banatuta juan ba giñan be, orainguan bixok batera behintzat. Guardiazibillak poltsa bana banatu zeben ganaduentzako: mortadelia ogibittartian, sagarra eta litro ta erdiko ur botillia. Poxporo kaja itsu hartan orduak pasa eta pasa. Itolarrixa eta aspergura mortalaren kontra, pizkaka presuen artian solasa hasi zan, panel blindatuen azpikaldian libre geratzen zan zirrikittuetatik oihuka. Atzeko ijittuak kante jondoan, gu (“loh vajcos“) txaluekin laguntzen, takian potian bateronbat atiaren kontran ostikadaka, zaindarixak komunera urtetzen lagatzeko... Ni, egixa esan, ez neban oso-oso txarto pasatu kunda edo kondukziñuan. Lehenengo egun haretan oso sendo nenguan moralez (nahiz eta korputzez izorratuta) batetik gure ekintzaren zillegittasunarenagaitxik eta bestetik ez nebalako uste gure kasua luzerako zanik. Kartzelero eta poliziakuen aurrian tinko eta duin mantendu, euren iraiñei edukaziñoz erantzun... eta trasladuetako ordu luziak hausnarketan pasatu, barruko ixiltasun paketsuan.

Valdemoron espetxe modernua ezagutu genduan. Sasoi baten modernua eta gaiñera aseptikua izango zan, baiña gu berandu heldu giñan itxuria, eta ordurako bakarrik modernua zan: dana kakaztuta zeguan beste toki guztien modura. Han ez zeguan leihuan barroterik. Leihuak lau kristal luze eta estu zekazen bertikalian, bakotxa altzairuzko marko baten sartuta, eta kristalak hausi arren markuen artetik ezin zan pertsona bat pasatu. Horman kortxo panela zeguan pegatuta, dan-dana boligrafoz egindako euskerazko idazkixekin. Orain arte pasatutako espetxe gehixenetan euskerazko pintadak topatu doguz hormetan. Eta hauen artian, gehixen errepikatzen dan mezua hauxe da: “Utzi ezazu ziega garbia, hurrengo etorriko den lagunarentzat“.

Ziegia askoz be haundixagua zan, ordurarte ezagututakuen hirukotxa edo holan: nasaixa, luzia, punta baten leihua eta bestian atia. Erdixan kakalekua. Leihuan onduan hormigoizko mahai bat eta plastikozko aulkia. Ni bakarrik nenguanez, txaboluan luzeran pasiadak egin ahal nebazen, punta batetik bestera. Kundiaren kontuarekin ez genduan azkenengo egunetan gure buruak garbitzeko aukerarik izan, eta hamen lortu genduan. Valdemoroko dutxak patixuan dagoz. Irailla zan, euzkixa zeruan eta hala eta guzti be hotza zeguan; ez dot nahi pentsatzia be zer izango zan neguan dutxatzia Gaztelako toki galdu hartan. Basauriko txarrikortiaren aldian ha benetako gozadia izan zan: ur berua! soro garbixa! jaboia lagatzeko lekua!... lujo asiatico.

Aurrerago kontatu dot arratsalde hortan Carlos Almorza euskalduna ekarri zebela gure ondora. Pablo 3garren txaboluan ba zeguan, ni 2garrenian eta bera 1guan sartu zeben. Onezkero berba egin dogu gure familixekin, eta jakin dogu zelako txarto pasatu zeben “kunda“ egun haretan. Ez zetsen esan nahi ez nun genguazen, ezta nun bukatuko genduan be. Zoramena eta negarretan, Penitentzixa Sistemiaren horma hotz impenetrabliakin txoke egitten zeben. “Justizixia“ren hatzapar luziak gure familixa eta lagun artetik lapurtu gintxuezen, hormigoi manta isil batez estali eta munduarengandik isolatu. Carlosi ezker, isolamendu hori hausi eta lasaittasun izpi bat bidaldu ahal izan gentzen.

Esperantziak hanka

txiko 2002/09/21 02:00

Basaurira gabian heldu giñan. Ni triste baiña zutik, ahal zan neurrixan txakurren aurrian irudi duin bat emon nahixan (duintxasuna bait zan geratzen jatan gauza bakarra). Borreruen eskuetatik alkondara urdindunen eskuetara pasatu giñan. Edozer espero genduan haiengandik: jipoixak, iraiñak... baiña gabe hartan behintzat, gure kontura barre batzu eginda asetu ziran. Asko esaten dau pertsona bati buruz, lehendik nahikua desgrazixa dakarrenari, kartzelara sartzeko estualdi horretan, adarra jotzeko kapaza izatiak. Lorratzak hartu, argazkixak egin, katxeua biluzik, gure gauzen errejistrua... eta enfermerixako moduluan laga gintxuezen gabia pasatzen, zein modulotara gindoiazen erabaki arte.

Basauriko ziegak oso zaharrak ziran. Krema kolorezko pintxuria deskaskarillauta zeguan, eta toki askotan baltzittuta eta sustantzixa ezezaguneko kostra marroiekin zikinduta (hobe ez jakitzia zer zan). Burdiñezko ate, rejilla eta halakuak milla bidar pintxauta zeguazen, eta azpixan ugarrezko puspilluak nabaritzen jakezen. Sabaixa oso altua zan, bonbilla ahul bat txintxilizk. Txabolua luzia eta estua zan, punta baten atia eta bestian leiho altua. Oso leku gitxi zeguan, atetik leihora juan bihar ba nintzan Pablo litera gaiñera igo bihar zan neri pasatzen lagatzeko. Komuna aluminixozko mampara batez itxitta zeguan; poxporo kaja horretan armarixo deskojonatu bat, aurreko presuek lagatako hainbeste hondakin, txabolua garbitzeko gauzak, fregaderia eta apaltxo bat pillatzen ziran. Sorua terrazo horizkua zan, eta eskobiakin heltzeko gatxak zirazen tokixetan (ohe azpixan, komuna eta lababopian, horma zokuetan...) zikinkeri kostra lodixagua pillatzen zan. Eskolako mahai bat zeguan leiho onduan, aulka batekin; txandaka erabiltzen genduan idazteko, baiña ni berorren gaiñera igo bihar nintzan goiko literara igotzeko. Gure gauzak pillatzeko, hormako apal txiki bat erabili bihar genduan, eta hor kabitzen ez zana pertxeruetan txintxilizk edo lurrian basura poltsetan sartuta zekagun. Atia kanpotik ixten zan noski, metalezko tranga haundi batekin, gero sarralla baten bittartez segurtatzen zana. Zabaldu-ixtian etaratzen zeban burdin hots ikaragarri hori tripetan geratuko jata betiko, hillobi honen oroimen bildurgarri.

Ziegatik urtetzian pasillo luziaren punta baten, urdiñen garitxia, modulo orokorrerako pasua (leiho batetik ikusten zan hango patixua), ekonomatoko lehiatillia eta moduloko urteeria genkan. Urteerako ate zahar guztiak pistoi hidrauliko barri bat zeken soldiauta, geldiro-geldiro automatikoki zabaldu eta ixteko. Modernídadía, aizu. Pasilluan beste puntan, patixua, dutxak eta komunak, egongela/jangela eta eskulanetako tallarrak. Basauriko kartzela osua zikina ta ustela ba zan be, ingresoko moduloko dutxa ta komunak bereziki higungarrixak ziran. Saguak ez nebazen ikusi begiratu ez nebalako, kontizu.

Kartzelero txarrixok engañatu gintxuezen: beste euskaldunekin modulo orokorrian ez egotiarren, “ingresos“ moduluan sartzeko eskari bat siñatu arazi zeskuen. Ordurarte ez genduan berba egin izan konfixantzazko iñorekin, eta harek hasi jakuzen aholkatzen: ha askoz lasaixagua zala, modulo generala oso arriskutsua, bla, bla, bla... eta guk siñistu. Beste mediko negligente baten kontsultatik pasatu nintzan ( “kontusiño hutsa neukala, eta nolotillak hartzeko“ ¿hainbeste diru kostatzen ete da Rx puta bat eitxia?) Enfermerixan egun bat igaro eta gero, “ingresos“ modulora eruan gintxuezen, eta gu tonto-tonto haraxe. Orduan zan sahietsa txartuen nekan sasoia. Behiñ etziñ eta gero, asko kostata jaiki edo posturaz aldatu bihar izaten nintzan; arnasa hartze hutsak min emoten zestan eta zer esanik bez eztula edo doministiku egitteko: labankada baten modura igartzen neban toraxian (doministikua moztu egitten jatan, miñaren miñaz). Pablo kotxauak egin bihar izaten zittuan ziegako lan guztiak: ohiak egin, erratza ta lanbasia pasatu... (gero kartzelerua pasatzen zan, eta lan hónek eginda ez ba zeguazen, ez gintxuezen patixora urtetzen lagatzen). Gaiñera gero argixaren asuntua zeguan. Argixa txaboluaren kanpotik kontrolatzen zan, eta behin ziegak sarraillaz itxi eta gero, gabeko ordu jakin baten etorri bihar zan urdiña argi guztiak banan banan emetatzera. Baiña batzutan “ahaztu“ egitten jakon, kabroi aluari, eta hantxe geratzen giñan gu, gabe osuan argixa ixotuta. Halako kasuetan Pablo komuneko mampara makalaren gaiñera igotzen zan, tximiñuen modura, eta bere osasunaren arriskuan bonbillia flojatzen zeban (3 metro ta erdi inguruko alturan). Ni ezin nintzan ohetik jaiki be egin, beraz ezin izaten netzan ezta oiñak aseguratu be. Eskerrak morroia abilla dala...

Gero, dana dala, beste presuak ohizko konponbidia azaldu zeskuen: hartu erratza eta bonbilliari kolpeka hasi, fundidu arte. Bixamonian kartzeleruari bonbillia aldatzeko eskatu, eta kitxo.

Orduan ikusi genduan estraiñekoz kartzelan zelako bizkor zabaltzen dirazen albistiak, eta ba dagozela isolamendua hausteko zirrikittuak. Presondegixan ba dagoz lantegixak eta bestelako aktibídadíak (eskulanak, kirolak, mantenímendúa, ekonomatua...). Hortan jarduten dabien presuak kartzela guztitxik mobitzen diraz, teorikoki isolatuak dagozen moduluen artian. Honan, tratua dauke alde bateko zein besteko presuekin. Halako baten, ekonomatoko langille batek eskuz idatzittako notatxo bat pasatu zeskuan isilpian. Ekonomatuak presondegixetan egoten dirazen dendatxo merke batzu dira, normalian presoren batek kudeatuta, eta bertan presuak gauza basikuak (komuneko papela, jaboia, boligrafuak...) edota kapritxuak (kafia, tabakua...) erosi leikiez prezixo merkian, ordutegi jakin baten. Tira ba, leihatillatik etorrittako papel horretan modulo orokorreko preso politikuen mezu bat zeguan: ba zeukela gure barri, eta ia zergaitxik genguazen “ingresos“ moduluan, orokorrian barik. Guk beste notatxo bat idatzi, eta bide beretik erantzun gentzen: anarkistak giñala, eta kartzeleruak zirixa sartu zeskuenela. Eta hala zan: aukeran, gu nahixago genduan noski beste preso politikuekin batera egon. Baiña esperientzixa ezak zer egitten daben... tira ba, nobatadia pasatu bihar. Dana dala laster jakin zeben zein ziegatan genguazen, eta halako baten: “Oier! Oier!“ entzun neban leihotik.

Gure gaiñeko ziegako morroia zan, Jon Ander Couceiro (Pitxulo). Berarekin eta ziega pare bat harutzago zegoan Temarirekin (Istebe Mirena Gartzia) izandako solasaldixak, motzak halabiharrez eta alkarri aurpegixa ezin ikusitta, izan ziran kartzelako oihan sinesgaitzian mobitzen ikasteko lehen ikasgaixak. Gaiñera, ordutik aurrera beste euskal preso politiko guzti-guztiekin errepikatu izan jakun moduan, morroi hónek erabateko laguntzia eskaiñi zeskuen: dirua, irrati bat, egunkarixak... Nahiz eta pentsakera desberdiñekuak izan, euskal presuengandik baldintzabako elkartasuna besterik ez dogu jaso. Zulo bardiñian gagoz azken fiñian. Eta nik esker ona besterik ez daukat eurendako.

Gogoratzen dot Basaurikuak guri irrati bat helarazteko amorratuta zeguaziela; baitta gaba baten egunkari batzu euren leihotik gurera pasatzen saixatu ziranekua, soka luze batetik txintxilizk eta balantzaka. Baiña gure trasladua etorri zan orduan, eta ozta-ozta izan genduan Pitxulo eta Temariri leihotik agur bizkor bat oihukatzeko denporia.

Basauriko ingreso modulo horretan frogatu genduan bebai preso politikuoi preso sozíalak dezkuen begirunia. Baitta “marrajo“ arriskutsuenak be, distantzixa bat mantentzen dabe gurekin. Kontuan hartuta alderantziz ez dala gertatzen, hau da, gu ez daukagula ezelako arazorik eurengana hurreratzeko, nahikua egoera erosua da guretako. Eta nere sendixak be dastatu zebezen funtzionarixuen txakur aurpegixa eta erantzun zazkarrak. Eurei be balixoko detze esperientzixiak, oraindik aurrera mota guztietako presuak beste begi batzukin ikusteko.

Aparteko aittamena megafonixa sistemarako. Kartzelan megafonixia oso garrantzitsua da, bertatik etortzen jatzuz abisuak, abokatua etorri jatzula, metadonia hartu bihar dozula, eta bestelako gauza garrantzitsuak. Ba Basauriko megafonixa zerbitzuko esatarixak gustora urkatu izango nebazen. Mikrofono onduan irrati bat ei zeken, Marca irakortzen ez zeguazenian ez aspertzeko seguraski. Ba mikrua zabaltzian ez zeben irratixaren bolumena jatxi be egitten, beraz din-don-diña entzun baiño lehenago be Euskadi Gazteko esatari pedorroren baten boza entzutzen zan, ozenki gaiñera, gero kartzeleruaren abots nasalarekin batzian anabasa ulertuezin bat osatzen zebana. Gu, estu ta larri abokatuaren barri jakin nahixan, altabozak marmarka hasi orduko antxitxiketan juaten giñan kartzeleruengana, ia guretako zeozer esan zeben galdetzeko. Basaurin eguenerarte egon giñan. Goixeko zortziretan, aurretik abisu edo beste azalpenik emon barik, kartzeleruak gure ziegan sartu eta: “Jasoizuez gauza guztiak, trasladua!“. Halan egitten diraz gauzak hamen. Ganadu garraixuan be ez jake animalixei azalpenik emoten ia kortara, ferixara ala hiltegira doiazen, ezta? Ba etara kontuak zabor garraixuan. Putadia, ze kartzelan erreteniduta neukazen hainbeste gauza (giltzak, bankuko libreta eta txartelak...) familixakuak hartu ahal izateko gestiñúak egitten hasitta nenguan –kartzela barruan edozer egitteko instantzixa eta halako alukeri pillo bat egin biharra dago-, eta ezin izan netzen abisatu be egin, trasladatzen ninduela. Gaiñera ixa-ixa hona Aranjuezera heldu arte ez genduan jakin (ez zeskuen esan nahi izan) nora gindoiazen.

Jaso genduzen gauzak ba basurá poltsa baten (hamen ez dabe lagatzen motxilla edo bestelako sakelik izaten, horren ordez plástikozkó boltsá industrialak emoten detzuez) eta ate blindatuz ate blindatu, kontrolez kontrol atarirarte heldu giñan. Han zipaiuak genkazen zain, furgoneta txiki baten. Lau preso sozíalekin batera ertzain birek gidatu gintxuezen. Tupperware antza zeukan atzeko plastikozko kaixola horretan, Irailleko eguzkixak sauna efektu bat egitten zeban eta izardi baten egon giñan atzeko seirok, hondamendirako bidian eta esposatuta baiña umore ona galdu gura barik, berba ta berba, Nanclares Okako Langraitzeko espetxerarte. Han pikoluak genkazen zain, gure hurrengo ikasgai talegerorako: “kunda“ bat.

Pelikulia hasieratik kontatuta

txiko 2002/09/20 02:00

Egunotan kartak idatzi eta bidaltzen gabiz eten barik, aldia guztietara, gertakarixen gure bersiñúa zabaldu nahixan. Baiña biharbada -Pablo egitten diharduan legez- komeniko da norberandako kuaderno baten idaztia, azken 10 egunetan bizi izandako esperientzixa lazgarri hau ahal danik eta zihetzen gordetzeko. Hala egingo dot ba Aranjuezeko espetxe honetan gagozela, azken egunetako zoramenaren osteko badaezpadako barealdi honetan. Hasieratik hasiko naiz kontatzen.

Euskal Diaspora taldeko kidiak bázkari bat egitteko geratúta genguazen aspalditxik, Iraillaren 14ian. Sasoi hartan, Batasunaren ilegalizáziñúaren kontrako manifestáziñúak kónbokatu eta Gasteizko Barne Saillak debekatu egitten zittuan, behin eta barriro, azkenian Iraillaren 14ian deittutakua baimendu egin zan arte. Beraz, gure taldiaren pankartatxuarendako estreiñaldi ezin hobia: “Euskal Diaspora zuekin“ lelodun ikurriña bat. Forokide berezixak gure artian: Yon (Mexiko), Danilo (Uruguay), Celine (Paris), Pablo, Manolo eta Ruben (Aragon), Mar (Bierzo). Beste guztiak bertokuak, guztira 14 bat lagun.

Bilboko alde zaharrian ederto bazkaldu genduan, eta edataile onak giñanez... ba poz pozik manifara. Bidian, Danilok egin eta forokidiak adostútako testu bat banatzen juan giñan, Batasunaren ilegalizáziñúaren aurkan. Berandutu egin jakuan, eta metrua hartu bihar izan genduan. Berton, “manifiaren aurreko partian“ genguazen geratuta beste euskal argentiñar batzukin (Matias eta bere lagunak). Harutz abixatu giñan ixa hiru ordulareneko atzerapenarekin eurak topatzeko esperantzaz, euskal hegoamerikarrak dauken denpora flexibílidadía inbokatuz...

Baiña Casillara heldu, eta ez genduan manifestáziñúaren burua ikusten. Pankartarik bako manifia zanez, jendia zihero sakabanauta zeguan. Autonomia kalia jendez gaiñezka zeguan baiña ez zan aurrera mobitzen; hala eta guztiz be, ezin genduan aurreko ertzik topatu. Holan, billa eta billa, Zabalburura heldu giñan.

Zabalburuko enparantzia baiño 50 bat metro lehenago, polizixa kordoi haundi haundi bat zeguala konturatu giñan. Manifestáziñoko jendetziaren mugia han zeguan, eta konfusiñua zan nagusi. Presiñúan ura bótatzeko tanke haundi bat zeguan borreruen atzian, Hegóamériketakó diktaduretako irudixetan ikusi izan dittudazen antzerakua. Bildurgarrixa. Guztiz akójonauta geratu giñan. Gure asmua pankartia zabaltzia zan, galdutako lagunak gu topatu ahal izateko; konbokatorixia ixilla eta pankartarik bakua zanez, antolatzailliekin berba egin nahi genduan baimena eskatzeko. Baiña panoramia ikusitta, guztiz deskolokatu egin giñan.

Manifarako bidian hainbeste lagun topatu nebazen: Igor Matrallako irratikua, Patas Hala Bedikua... baitta bromak egin be, egin biharko gendukezen ántxitxiketen kontura. Iñundik ez genduan espero gero gertatu zana. Manifestáziñúa Madrilleko Audientzixa Nazionaleko Garzon epailliak ilegálizau arren, Eusko Jaurlaritziak baimena emon zeban. Beraz jentia lasai asko juan zan Bilbora, eta han ez ziran bakarrik Batasunako militantiak, ezta hurrik emon be: han zeguan jendetza izugarrixa ideologixa guztietakua zan, eta ez zeguan ados partido politiko bat ilégalizatziákin.

Aurreko jendia berotzen hasi zan. Poliziakuak kargatzeko tentada bat egin zeban, porra kolpe eta pelotazo batzu jota. Kárgatzeko préstatzen ari ziran, eta bildur izugarri bat nagusittu zan. 100.000 pertsonatako moltzo baten kontrako karga bat zer izan zeikian pentsatze hutsak ikarak sortzen zittuan. ¿Zenbat lagun hil leikez izututako moltzo histeriko batek iges egitxian?

Neska muletadun bat polizíakúenganaiñok aurreratu eta agirika hasi jaken. Poliziakuak besuetatik heldu eta neskia astintzen hasi ziran. Ni arropak eransten hasi nintzan, larregi pentsatu barik, eskuak dardar baten neukazela. Narru gorrittan, neskiaren ondora juan nintzan eta eskuak aidian jaso nittuan. Momentu horretan bakeguria azaltzeko topatu neban modurik adierazgarrixena izan zan. Gero eskumara begiratu eta Pablo topatu neban nere onduan.

Handik gitxira, beste 6 edo 7 pertsona batu jakuezen eta eskuz lotutako kate bat osatu genduan, amorratutako polizia moltzo hari eusteko. Kamarak heltzen hasi ziran, bai periodistenak baitta poliziakuenak be. Ertzaintzarekin izan dittudazen kontaktu urri gehixenetan moduan, orduan be lorak botatziari ekin zetsen: “os vamos a romper las pelotas“, “maricones“, mihiña borrako zulotik lizunki etaratzen... Batez be aurrian neukan borreruaren partetik. Haxe izan zan konposturia galdu izan neban une bakarra, era berian erantzun netzalako: mobimendu pelbiko lizunekin batera, ahuarekin (soinu barik) zera esan netzan aurrian neukan poliziari: “cómeme la polla“. Gero baretu egin nintzan, eta euren probokaziñuei errukiz betetako begiradekin bakarrik erantzun netzen. Era horretan hartu nittuan lau edo bost porrazo izter eta besuetan, eta goguan daukat kolpiak beste pertsona batek hartzen balego legez igartzen nittuala. Barneko bake haundixa igartzen neban, eta errelaxaturik eta poliziakuen begixetara begira hartzen nittuan porrazuak. Beste une baten, begi okerrekin hartu ninduan poliziakuaren mehatxuei zera esanaz erantzun netzan: gehixago joteko, telebísiñúan ederto ikusiko zalako manifestari baketsuei emoten jakuen tratúa.

Inpasse eguera hori gaindittu nahixan edo, konbokatzailliak aurrera egitteko erabakixa hartu zeben. Ikurriña haundi bat zeroien, eta aurreko giza katia osatzen ari giñanok alde batera juan giñan eurei pasua emotiarren. Aurrera egin zeben ba. Baiña gu genguazen tokira heldu ziranian, borreruen buruak eraso agindua emon zetsen morroiei.

Hala, poliziak sortutako istillu luzien kapitulu gogorrena jazo zan. Ez zan guda bat izan, jendiak erasua jaso arren ez zebalako momentu baten bez erantzun. Gerora, Ertzaintziaren interbentziñuari buruzko polemika erdixan, Barne Sailburu Javier Balzak karga horren azalpenetako bat (bat baiño gehixago egon bait ziran) hauxe izan zan: ondoko kalietan istilluak gertatzen ari zirala, borradun batzu jendiari botillak banatzen ari zirala... ederto ba. Ondoko kalietan ba ziran istilluak ¿zergaitxik orduan kale printzipaleko moltzo paketsuaren kontrako erasua?

Anabasiaren erdixan Pablo eta bixok ez aldegitxia erabaki genduan. Are gehixago, barriro juan giñan aurrekaldera, eta tente jarri giñan eskuak jasota. Gure inguruan pelotak txistuka, porrak kolpeka eta jendia korrika eta txillixoka. Aurpegixa eta genitalak babesteko, espontaneoki alkarri besarkatu gentzan. Jende asko be, alde egin biharrian lurrian esertzen hasi zan. Polizia amorratuak guri ostixaka hasi ziran eta, gu bildurtzeko edo, euren armekin tiro egitten zeben ondo-ondotik. Jipoika ziharduela, eskuduekin bultzaka hasi ziran gu baztartu nahixan. Orduan, trafiko señal bati heldu gentzan, gure besarkada barruan hartuta. Ostixa zaparradia gogortu egin zan, eta azkenian beheia jo genduan Pablo eta bixok, beti besarkatuta.

Ostikadak etorri ziran orduan, eta gure gañian euren pisu guztia botatzen hasi ziran. Orduan nabarmendu neban sahietsa “krak“ egitten. Banandu egin gintxuezen, zeozelan esposak jarritta (ahal zanik eta oztopo gehixen jarritta noski) eta Pablo eruan zeben.

Ni, esposatuta, ez neban nahi izan tente jarri. Hildakuarena egin neban, gehixago ez joteko. Orduan kopiñ baten modura erabilli ninduten, tarteka esposetatik heldu eta nere pisu hil guztia asfaltotik tatarrazian eruanda, tarteka nere gorpua leku desberdiñetan botata lagata, lasto fardel baten modura. Orduan izorratu zesten ezkerreko eskumuturreko nerbixo radíala, esposekin. Azkenik, kordoian aurrez aurre euki neban borrero lizun bera hurbildu jatan: “¿No ves? Ya te había dicho que te la ibas a cargar, cabrón“, eta esposetako katietatik helduz, tatarrazian frontetik etara eta polizia kordoi bixen artian laga ninduan definitiboki.

Bero-bero nenguan, eta ez neban ondiok miñik sentitzen. Alde batetik ur-tankia neukan eta bestetik txakurrak manifestarixei erasoka; han urriñian, jendia lurrian eseritta egurra hartzen. Ordurako jendia orruka hasitta zeguan (“Gora Euskal Herria“, “Euskal Herria aurrera“...) eta botillak hegan, pelotak topeka gureganaiñok zetozen.

Han botata egon nintzan tarte luzian, hildakuarena egitten; kazetari pare bat etorri jatazen erretratuak egin eta gure izenak galdetuz. Iraiñaren irudixa izan zan, gero telebista guztietan agertu zana: manifestari paketsu bat, biluzik gaiñera, ustez miñik emon barik atxilotzeko entrenatuta dagozen ertzaiñak jipoittu eta asfalto gaiñian abandonauta.

Halako baten poliziako pare bat etorri, eta tiraka hasi jatazen Zabalburuko komisaldegira eruateko. Zaurixak hoztutzen hasittak neukazen ordurako, eta ezin izan netzan miñari eutsi. Jaiki bihar izan nintzan beraz, eta oiñez sartu nintzan komisaldegixan, jentia txaloka inguruan.

Gero jakin genduan presiñozko ur txorruena, eta aziduarena; jipoixaren erdixan konturatu be ez giñan egin.

Hónek izan ziran gertakarixak, ez gehixago ezta gitxiago be. Handik aurrerakua, ziegaz ziega eta polizia/justizixa mundu usteletiko bidai aluzinantia izan zan.

Lehenengo, Zabalburuko komisaldegixan arroparen bat jazten laga zeskuen, gure azal odoltsuaren gaiñian. Datuak hartu, gure gauzak arakatu... eta barriro esposatu ostian (“y que no se te ocurra gritar“ esanda) kanpoko kotxe patrulletara etara gintxuezen. Han zeguan Mar, kotxe onduan. Barriro txaloka hasi zan jentia, eta hegaztada baten eruan gintxuezen kristoren rodeua egin eta gero Txurdiñagako kuartelera.

Txurdiñagara heltzian, garajietan sartu ziran kotxe patrullak eta kotxetik urtetzian kokotetik heldu ninduten, eta makur eginda ibiliarazi. Pasillo batzutatik eruan, eta ziegetara heldu giñan. Bakotxa kalabozo baten sartu, eta esterilla ta manta bat emon zesten. Hantxe geratu nintzan, zemento hutsezko gela triste hartan bakarrik. Ipurtargi baten azpixan, tuperware orlegi zuriska hermetiko eta uniformia, lo egitteko eta eseritta egoteko harmaila bakarrakin.

Arnasia sakon hartu, eta zetorrenari aurre egitteko prest eta lasai geratu nintzan; ordu luziak juan-etorri ziran meditaziñuan, pentsamendua ezerezian jarritta. Ordurako sahietsa gero eta minduagua neukan, eta arnasia gero eta murriztuagua igartzen neban. Eskuetan esposak egindako lana be ez zan makala, ezkerreko eskumuturra ziharo puztuta eta hatzaparrak zentzunik barik nekazelarik. Ba nekixan enpapelatuko gintxuela (eta “de perdidos al río“ pentsatzen neban, oso seguro bait nenguan egindakuaren erantzukizunaz), baiña orduan ez neban iñundik iñora pentsatuko hau hainbeste korapillatuko zanik, kanpoko epailliak eskua sartuta. Ordurako gurekin tratuan ibilittako poliziakuen araberan, domeka goixian epailliaren aurrian testigantzia hartu eta libre geratuko ei giñan epaiketa egunerarte. Erretratatu, fitxatu, lorratzak hartu eta Ministerio del Interiorraren datubase erraldoian sartu giñan betiko.

Polizia ahobero ulezuri batekin gogoratzen naiz. Bilbotar tipikua, zentzurik txarrenian. Denpora guztian próbokatzen, ia manifa hartan zertan genguazen, “halakuetan“ atzeratu mentalak bakarrik ibiltzen zirala uste izan zebala ordurarte, arrarua zala gure moduko ikasittako pertsonak halako gauzetan nahastatuta egotia... korte pare bat emon netzazen, bere adimen urrixaren kontura adarra joaz eta polizia izatiagaitxik bere kidiak izan ohi dittuezen remordimentuak aittatuz... Momentu baten bere keinu baten aurrian nik atzeraka egin neban, sustatuta, jo egin bihar nindualakuan. Barre berak:

“Ah, bai! Zuek danon modura egingo dozue: hamendik urtendakuan torturak salatu“.

Artaburu alua! Ozta oztan torturak salatzeko egon nintzan bai; baiña bere ahotik isurittako pitokeri jarixo jasaneziñarengaitxik, ha bai tortura psikologiko benetakua.

Medikuarenera juateko eskarixa hamaika bidar errepikatu eta gero, azkenian gabeko 22.00ak aldian jaramon egin zeskuen. Ziegatik etara, esposak atzian lotu, eta Pablo kotxe batian, ni bestian; bakotxarekin poliziako bi. Kuartelen arteko rally txapelketarako prestatzen ote? Semaforuak ez ziran existitzen eurendako; isleta gañetatik pasatzen, kontrako direkziñuetatik abiatuz eta justifikaziñorik ez zeukan prisiarekin (bittartian, gu kotxe patrulletako atzeko plastikozko eserlerkuetan eskuak esposatuta eta eskumatik ezkerrera danbadaka) Deustuko anbulátorixora heldu giñan, Urjentzixetara.

Lehenengo ni pasatu nintzan medikuarenera, eta poliziako bixak kaskua, borria, porria, fusil eta guzti sartu ziran nerekin batera, eskuma-ezker kokatuz. Konfixantza osoz, nere lesiñuak kontatzen hasi nintzan, baiña gehixen arduratzen ninduan horretan insistittuz, hau da, arnasia oztopatzen zestan ezkerreko sahietseko ustezko frakturan. Bere lehenengo komentarixuarekin ahozabalik laga ninduan:

“Señálame dónde te duele“.

Eta ni esposatua. Detalletxo hau nabarmendu netzen bai poliziakuei bai berari be. Erantzunik ez. Eskuburdiñak kendu barik, medikuak odolez zikindutako kamisetiaren gañetik apur bat ikutu ninduan, haxe izan zalarik esploráziño bakarra.

“No tienes nada, te tomas una aspirina para el dolor y listo“.

Amorru biziz, ulertu neban ez zebala merezi eskumuturrian esposak eragindako lesiñuei eta korputz guztiko arrastadiei buruz ezta berbarik esatia be. Mediko koldar haren interbentziño negligentia ez dot sekulan ahaztuko. Han hasi nintzan jabetzen behin atxilotu eta gero ez zarala personia, kaka zati hutsa baiño. Escoria. Pablo be ikusi zeban “mediko“ harek, eta gure artian berbarik be ez genduan egin urteeran, hain genguazen irainduta. Alperriko ostera bat. Kotxe patrulletara sartu, eta kuartelera barriro, lehenago Moiua enparantza ondoko McDonaldsian kotxe bixak geldittuta. Goguan daukat kotxe patrulliaren beira tintxatuen barrutik establezimenduko mahaixetan gaztetxo alaixak nekusazela, eta hanburgesen kolan poliziako bat borra, arma eta guzti. Ikuspegi bitxixa, kotxe patrullian plastikozko jarrilekuan esposatuta, etzinda eta arnasestuka nenguala. Funtzionarixuak afarixa jasotakuan, atzera kuartelera, eta bakotxa bere ziegara.

Gogoratzen dot bebai Txurdiñagako kuartelian pasatutako gaba horretan izandako afarixa: atxilotuak txandaka ziegetatik etara eta plastikozko mahai bakarti batez hornittutako beste ziega batera sartzen gintxuezen. Han jarri eta zidarrezko papelezko tartera bat ekarri zesten: mikroondan berotutako ensaladilla errusiarra, arrautzak txistorrarekin, eta zumo bat. Kamara batek enfokatua, borrero bat aurrian neukan ahalik eta bizkorren jan neixan; mahaixa neuri garbittu eragiñ, barriro ziegara eruan eta hurrengo presua afaltzera ekarri ahal izateko.

Gabardixan, borrero bat agertu zan (kaleko erropekin, baiña aurpegixa borraz estalitta) eta akusaziñua irakorri zestan (desobediencia a la autoridad); handik ordu pare batera barriro esnatu ninduan, aurrez esandakuak ez zebala balixo eta beste hauxe zala orain (desobediencia, terrorismo, atentado eta desorden publico). Tira ba, hamaika ikusteko jaixo garala pentsau, ta lotara barriro.

Baiña hirugarrengoz be agertu zan morroia, barriro be akusaziñuak aldatuz (injurias, pertenencia a banda armada... eta besteren bat bebai). Gaba surrealista honen bixaramonian kotxietara etara gintxuezen barriro, eta Buenos Aires kaleko epaitegira eruan gintxuezen poliziakuak, ziztu bizixan, goixeko eguzkipian.

Han Justizixia banatzen dan Jauregixaren sotuetan sartu giñan kotxiekin, eta Pablorekin batera sartu ninduten ziega txikixago batian. Bakarrik ez genguazen, abotsak entzutzen zirazen da. Gurekin batera baiña beste zulo baten manifestaziñuan atxilotutako beste andria zeguan. Goixian epailliarenera igo giñan. Gabian egindako hiru akusaziño aldaketak eta gero, Elena Galan epailliak laugarrenguaren barri emon zeskuan (desordenes publicos, atentado a la autoridad eta apologia del terrorismo azkenian). Karguak irakorri zestazenian, protestatu bihar izan neban akusaziño-dantza haxe ez zalako serixua. Nere bertsiñua kontatu netzan, gure ideolojixiari buruzko oharrak barne. Nahikua gustora geratu nintzan deklaraziñuarekin, epailliak ulertzen ninduala uste izan nebalako; gaiñera, gero ofizixozko abokatuak egindako gure aldeko hitzaldixak be oso pozik laga ninduan. Fiskalak aurreidatzittako akusaziño testu estandarra irakorri besterik ez zeban egin. Ziegetara jaitsi giñan, eta erantzunaren zain geratu giñan. Gauzak argi xamar zirudixen; hain zan ze, gure ziegetako arduria zeuken ertzaiñen araberan, éguardirako erantzuna jaso eta kalera juango giñan seguraski.

Baiña bazkalordua heldu zan, eta ez zeguan barririk. Bazkalduko zeben harek tribunalekuok, baitta ostian sobremesa luzia egin be, baiña arratsaldiak aurrera egin ahala ezerbez jakitzian urdurittasuna gora zoian. Ondoko ziegako andra gaixuak, Arantzak, txarto pasatu zeban, bai gu bai zaindarixak larrittu arte. Bere senarra eta umiengaitxik zeguan negarrez, manifestaziñuan lagatakuak. Hain zeguan txarto ze, une baten ziegatik etara bihar izan zeben berba pizkat egin eta zigarro bat erretzeko. Gu kristaletik ikusi genduan, egoeriak guztiz gaindittuta eta galdetzen: “Zergatik nago hamen? Nik ezer ez dot egin barren!...“ Bost-sei ordu pasatu ziran holan, eta bistan zeguan gure kasuarekin arazoren bat zeguala. Illuntzeko zortzirak aldian Pablo eruan zeben gora, eta bakarrik geratu nintzan. Arnasa sakon hartu, guztiz bota; sakon hartu, guztiz bota... Handik ordu laurden ingurura barriro ekarri zeben, eta ni eruan. Kurutzatzian esan zestanak seko izoztu ninduan: “Basaurira goiazela“.

Hagiñak estutu eta bihotza gogortu neban. Aszensorian igo ninduen, ofizina batzutara heldu giñan, eta Jone Goirizelaiarekin topatu nintzan. Abokatu ona; seiñale txarra. Kristal haundi baten atzian, diasporakuak eta beste lagun asko ixil-ixilik guri begira. Jonek esan zeskuan gure epaillia “inhibidu“ egin zala delitu hoiek ez dirazelako Bilbon epaitzen, eta gure kasua Madrilleko Entzutegi Nazionalera bideratu zebala. Beraz, Basauriko espetxera sartuko giñala.

Lagunekin egoteko azken aukera bat ei genkan kartzelara eruan aurretik. Aparteko gela batera eruan ninduen, eta Mar eta Asun sartu jatazen azken agurra eta besarkadia emotera. Denpora oso gitxi genkanez, kanpuan zabaldu biharreko mezuari buruz arittu giñan: “Protesta baketsu eta ez-biolento bat egitxiagaitxik terrorismo eta atentadua leporatzen dezkue“ esateko izan zan boteprontuan okurridu jatana. Larrittasunez betetako agurra... eta zulora barriro. Betillun hausnartzen pasatu genduzen hurrengo orduak, alkarrekin ixilik ziega berian. Gabeko hamarrak aldian agertu ziran txakurrak, burua borriagaz estalitta, atzera kotxera etara eta Basaurira eruateko. Ordurako beste atxilotu bixak kalian ei zeguazen.

Urjentzixazko egutegixa

txiko 2002/09/19 02:00

)

Burgoseko espetxia, 2002ko Iraillak 19.

Giro ustel honetan, zaborra baiño gitxiago gara. Zikiña baztarretan, haixe pobria, leiho sariak. Kartzeleruen aurpegixan indiferentzixia, eskorixa hutsarekin tratatzen balegoz legez. Eskubidiak kanpuan geratu jakuz, eta hamen kargamentu hutsa gara, zabor kargamentua. Zikiña korputzian, izardi ustela, guzti honen antzakin ohittu bihar, bestela ¿zelan bizi?

Nere egoera barrixa onartu eta kontzientzixia lasai daukatelako, arnasia hartziakin konzentratzen naiz. Orduan Mutrikuko atxetako hondar lodixen gañian nago. Nere korputza libre dago, eta itsasuak eta ariak ulia eta azala garbittu destez. Onduan zaittut Oihana, eta munduko gauza txikixetaz berbetan ari gara, begixetara begira. Zure kobrezko azalak eguzkipian dir-dir egitten dau. Besarkau eta gañian bueltaka gabiz. Laztantzen zaittut eta alkarren usain ederraz mozkortzen gara.

Zer egingo detzat ba, lagun. Momentu hónek nere bizitzako azkenak baliraz legez bizitzen ari naiz, eta gutun, alkarrizketa, begirakada bakotxa benetako sentimenduz gaiñezka doia. Eta iges egitteko momentuetan be, pasiñoz eta transparentzixaz sentitzen dot.

Valdemoroko espetxia, 2002ko Iraillak 20.

Atzo eta gaur ezagutu dogu “kunda“ famosua, herixotziaren autobus bildurgarrixa. Atzo Basauritxik goixeko zortziretan urten, eta ertzain furgoneta baten juan giñan yonki bi, txorizo bi eta gu. Nanclaresen guardiazibillak banakako gela estu marroi itxu hoietan sartu gaittue, eta Burgosera. Hantxe pasatu dogu arratsalde guztia, ziegatik urten barik eta banatúta (Sorixako Miguel izan dot txabolo laguna). Gaur goixian goix jaiki eta barriro zerraldo haundi horretan (orainguan bixok batera) Burgosetik, Palentzixara, handik Valladolidera, gero Segovixara eta azkenik hona, Valdemoroko espetxera. Hamen Pablo bildurrak hartu dau. Ni lasai nago. Aparteko galerixa batera ekarri gaittuez, beste presuengandik aldendúta. Galerixa guztia hutsik dago, eta azkeneko ziegetan jarri gaittuez, pasilluaren amaixeran. Jipoi bat hartzeko tokirik egokixena. Nik saihets bat daukat hautsitta, eta horrek bakarrik kezkatzen nau. Horma guztia euskerazko pintadez beteta dago.

Valdemoroko espetxia, 2002ko Iraillak 21.

Azkenian gabian ez da ezer gertatu. Espetxe osuan hiru preso politiko ei gagoz bakarrik, gu bixok eta Granadako Antonio, okupa bat. Antza danez, euskaldunok beti ziega bardiñetan sartzen gaittuez, isolatuta.

Ez dago igesak ekiditeko aparteko neurririk. Alanbradak trókelautakúak diraz, laban antzerako ertzdunak. Aintxiñako alanbre okerrak baiño arriskutsuaguak. Baiña gaur egunian ¿zertarako iges egin? mundu zabala kartzela haundixa bihurtzen ari dan honetan. Kontrol sozíala zorrozten ari da, lehen baiño leunago itxuria, baiña sakonagua izakeraz. Benetan trebia da Anai Nagusi barrixa.

Onduan beste euskaldun bat sartu dezkue, Karlos Almorza. 9 urte daroiaz eta 10 faltan, andoaindarra. ETAko hónek ba dauke bai, borondatiaren indarra. Ezinbestekua, oihan honetan superbizitzeko. Morroiak Historiako karreria egin dau taleguan, eta Artiaren Historixia hastiar dago. Bittartian, hiztegi bat egin dau: egipziera-euskeria!!! Berak ba daki zein egoeratan gagozen. Ezin dogula etxera deittu, eta gure familixakuei ez detzela esango nora garoiezen; horrengaitxik etxeko telefonua eskatu dezta. Berak bere familixiari deitzian, haiei nere etxera deitzeko esango detze, gitxienez Valdemorotik pasau garala eta ondo gagozela esateko. Gero urdiñak gauzak batzeko agindua emon dezkue. Ba goiaz kundan barriro. Beste lagun bat, hormigoi-horma tarteko txango aluzinatu honetako bidian geratzen dana.

Kanpora gindoiazela, beste euskaldun birekin kurutzatu gara, Joseba eta Jose Mari. Animuak emon besterik ez dezkue egin, dirua eskeiñi, edozertan lagundu guran, gure partez etxera deitzeko prest... benetan eskertu egitten da berotasun hori, zulo baltzaren barruan elkartasuna da helduleku bakarra. Eta zelan ez, kuriosua da izperringittan hainbestetan aittatutakuak aurrez aurre topatzia: Karlos (Andoaiñeko Pedrito), Joseba (Urrosolo)... zulo baltzeko lagun bihurtuta.

Aranjuezeko espetxia, Iraillak 22.

Hunkigarrixa da, kartzela zapaldu orduko gure etorreriaren barrixa zelako bizkor zabaltzen dan. Segiduan datorkuz mezuak politikuengandik: aholkuak, laguntza eskaintzak... euskeraz mintzatzen diran abots misteriotsuak, aurpegi bakuak.

Gaur bisitxia. Pizkat harrittuta geratu naiz kalian gertatzen diharduanarekin. Bizitzia hain da laua ta ixilla hamen... Giro politikua sutan ei dago Madril eta Gasteiz artian. Eta guri dagokigunez, astion bidaldu dogun gutun zaparradiak eta etxekuak egitten ibili dirazen prentsa bulego lanak su ederra ixotu dabe. Gaur bertan Pabloren anaia eta Oswaldo Javier Vizcainorekin egon dira alkarrizketan Radio Euskadin. Astion Xabier Morenok Radio 3en programa monografiko bat eskaini zeskuan. EA eta Batasuna alderdixak euren estrukturak eta abokatuak jarri dittuez gure esku... Eibarren kartelak dagoz, Matrallako irratixa martxan... zaratá ederra etara dau ónezkéro eta danok dakixe gure bertsiñua, antza. Baitta Murtzixa eta Valentzixako egunkari batzutan be etara ei gaittue.

Orain hurrengo pausua: bixar seguraski juango gara Audientzixa Nazionalera déklaratzéra, eta orduan ikusiko da ia karguak mantentzen dirazen edo ez, eta mantentzen ba diraz ia epaiketararte kartzela prebentibua ezartzen dezkuen edo ez. Hori jakiñ arte, lana ondo eginda dago eta pakia momentuz.

Arduratuta nago Oswaldorengaitxik. Oposaketa oso garrantzitsuak daukaz datorren astian eta auzi honek ikasketa orduak jango detzaz. Bixar edo etzi urtengo bagiña! Holan neuk hartuko neuke auzi guztixan arduria. Ia hola ba dan...

Aranjuezeko espetxia, Iraillak 23.

Gaur goixe osua pasatu dogu ofiziñetan, edukádoría eta asistente sozíalaren zain. Betikó papelak, betikó galderak... “traslados“ saillian gagozen guztiak pasatu gara, eta bakotxari modulo batera bidaldu. Atzo beste politikuak 3,5,6 edo 7 moduluak eskatzeko esan zeskuen, eta ez juateko iñundik iñora 4garrengora, han euskaldunekin arazuak egon diralako. Hala egin dogu ba. Baiña edukádoríak ez zeban nahi, gure inozentzixia eta birjintasun morala terrorista gaiztuengandik babestiarren seguraski... ¡ene ba, zelako onak dirazen kartzeleruak gero!. Gauzia da, “traslados“ saill honetatik beste guztiak eruan dittuezela gu ezik. Eta hori ekipaje guztia plastiko poltsa haundixetan sartu eta gero. Bati galdetu, bestiari galdetu... kartzelero batek bez ez daki ezer. Bost bat ordu zain egon eta gero, gaurko gabia berton pasatuko dogula esan dezkue.

Gurekin jolasían dabiz. Ez dabe nahi gu beste euskaldunekin kontakturik izatia.

Gaiñera, gaurtik aurrera posta eta telefono deixak interbeniduta doguzela jakiñarazi dezkue. Atxekixa: banda armatuko kide posibliak izatian, arriskua ekiditeko...

Espainiar estolderixatik bidai aluzinantia

txiko 2002/09/14 02:00

Iraillaren 14an Bilbon, herrixak ezetz esan zetsan partido politiko baten legezkanporatziari. “Gora Euskal Herria!“ lelopian, ideológixa guztietako 50.000 bat pertsona bildu zirazen herrittar talde independiente batek deittuta. Auzitegi Nazionaleko epaille-izar Garzonek manifestáziño hori legezkanporau zeban arren, Eusko Jaurlaritziak baimendu egin zeban. Hala eta guzti be Jaurlaritza honen Polizixa Autonomikuak manifestáziño baketsu ha bortizki galerazi zeban, oraindik argittu barik daguen jokabide ilun batez. Erasua azken 20 urtietan gogoratzen dan basatixena izan zan, bertan 30 zaurittu larri eta lau atxilotu izan ziralarik, “desordenes públicos“, “atentado“ eta “terrorismo“ akusáziñopian. Atxilotuetatik bi –Pablo eta ni- espetxeratu egin gintxuezen hiru astez, gero baldintzapeko askatasunian eta Auzitegi Nazionalian epaitzeko zain utziz.

Kontakizun hau espetxian idatzi neban barrukó inpotentzixiari halako urtenbidia emoteko, kartzelan zenbat denporatan egon biharko giñan ez genkixala. “Azpi-mundu“ horretatiko bidai honetan alúzinatzen egon nintzan, irrealídade sentsaziño etenbakuan. Ez naiz sekulan preso bati bisitxia egittera juan; ez daukadaz ez senide ezta lagunik be han. Ez naiz ezker abertzalekua be, eurak halako gaixetan izaten dabien eskarmentu bakua beraz. Espetxiei buruz, kaleko karteletan edo egunkarixetan irakorrittako barrixak neukazen bakarrik. Ba nekixan, jakin, presuaren bizimodua latza zala, eta batez be preso politikuarena; baiña oso desberdiña da larrutik bizitzia. Izan be, ezíñezkúa da kaletik espetxe barrukó sasibizitzia ezta imájinatzía be, hain da ziharkatu-eziñezkua mundu bi hauen artian daguan erromaria. Idazki honetan mundu illun honi buruzko perspektiba desberdin bat ikusi leike, esandako moduan kártzela ta presuen gaixak aurretik ezezágunak dittuan pertsona baten eskutik. Biharbada ikuspuntu hori interesgarrixa izan leike. Amazonixako indigena batek New Yorkeko kalietatik ibilli eta gero egingo leukian kontakizun aluzinatuaren parekua.

Aurkezpena

Oier Gorosabel Larrañaga, Lekeittioko Eibartar bat

 

Eibarrespaziuan zihar esan zesten pizkat mesianikua nintzala idaztian, eta bloga sortzerako orduan horregaittik ipiñi netsan izenburu hau. Lehen nere gauza guztiak (argitaratzeko morokuak, behintzat) hamen idazten banittuan be, espeleologixiari buruzko gauza guztiak ADES-en webgunian emoten dittudaz, eta osasun asuntoko artikulu guztiak hona mobidu dittudaz, gaika klasifikauta.

Txorrotxioak
Etiketak
ETB1 EibarOrg Zer erantzi abertzale abittaga abortuak aitor_eguren aittitta raduga aldatze amarauna andoain antzerkia arantzazu ardantza argentina_2005 armando gorosabel arrajola arrakala arrantza literarixuak arrate arrosa artxanda aulestia axpe_martzana azkue ipuin bilduma azpimarra banu_qasi baxenafarroa baztan belaunologia berasueta berbologia berriatua bidai_aluzinantia bilbao bittorixa buruntza comunitat_valenciana culineitor deba desempolving diaspora egillor eibar eibarko_lagunak ekialdeko nafarrera eraikinologia erdialdekoa erresuma_batua erronkari espeleologia etxebarria eup euskadi_irratia euskal_erria_aldizkaria euskalkia faktoria felix_arrieta galicia ganbara gasteiz gatobazka gce gernika girua gorosabel hormasprayko igotz_ziarreta ikerkuntza indalecio ojanguren info7 irabiaketa irratia irratixa irun iruñea izarraitz jacinto_olabe juan san martin kalamua kanposantuak katarain kirola koska kuku kurosawel labordeta lagunologia lalolalia lamaiko_operia lasarte leintz_gatzaga lekeitio lekeitioko_lagunak lituenigo lopez maeztu magia maputxe markina-xemein markues matrallako mendaro mendebalekoa mezo_bigarrena mineralak musikeruak muskildi mutriku nafar_lapurtera nafarrera noain oiartzun oioioi-lur ondarroa opaybo orakulua otsagabia paisajiak parakaidistiarenak patxi_gallego polo_garat sagartegieta san antoni sartei sasiola sega segura slovakia tafalla2016 talaiatik telebista toribio_etxebarria umeologia urberuaga urkiola xabier_lete xoxote zaharrea zaharreologia zaragoza zer erantzi zerain zornotza zuberera zuberoa
hgikj
2002 2003 2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017