Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Lotsa eta #sesisesi izatea

Luistxo Fernandez 2011/12/28 17:13

Zorakeria bat antolatzen ibili da Joxe Rojas azken asteetan: #sesisesi ustezko lehiaketa, euskal internautismoan pertsona sexyenak izendatzeko. Disparatea KDD batekin bururatu zen bart iluntzean Bilbon, Kalderapekon. Gonbidatu ninduen Joxek ekitaldiko hitzaldia ematera, eta, tira, eman nuen :) Ohore handia izan zen beste kolaboratzaile batzuekin horretan laguntzea: La Personnalite, Yogurinha Borova, Kaixomaitia, Josu Bergara, Urko Aristi, Euskarabila...

Zer eman nuen? harrikada bat. Igoal bideoren bat egongo da hortik, ez dakit. Nik neure #sesisesi saria eman nion sexyenari, lehiaketarik gabe nik neuk izendatutakoari, Patxitrapero blogari jenialari, ausartu egin zelako sexytasuna definitzen. Horrelaxe hain zuzen:

Neri adibidez, berdin zait ze emakume mota dan. Argala ala mardula. Ile motxa ala luzea. Motxa, ala oso altua. Punkya ala Barby-a…
Baina hizketan jakin behar du; begiratzen adina. Azkarra izan behar du. Horrek erakartzen nau, ezerk erakartzekotan. 
Alaia bada, erantsiozu plus bat. Umorea badu, beste dozena bat. Eta, guzti hori izanda… Bere gustokoa naizela jakiten badet… Orduan bai sexya.

Definizio intelektual eta emozional bat, zaila gainditzen. Baina, tira, inbidiaz edo, neuk ere gehitu nahi izan nuen beste definizio bat, zer den sexy izatea. Eta hitz batekin lotu nahi izan nuen: Lotsa. Termino zeharo euskaldun hori. Hain euskalduna non adieraz gainezka dagoen, hedaduraz zabalegi, gaztelaniarekin alderatuta. Lotsa izan baitaiteke:

  1. Pudor
  2. Timidez
  3. Rubor
  4. Vergüenza.


Zorionez, doi-doi bada ere, adiera hauetan, azkena salbu, pasatzeko modukoak dira besteak (azkena oso itsusia baita). Eta nik esango nuke lotsa, behintzat bere lehen adiera horietan, polita dela, sexya dela lotsa punttu hori.

Baina, era berean, lotsak badu bere sekretua. Eta zera da sekretutxo hori: Behar duzunean, premia duzunean egiazki, gainditu egiten da lotsa. Eta orduan, lotsa gainditzen duzunean, orduantxe zara guztietan #sesisesi, erakargarri eta sexyena.

Horixe izan zen nire mezua. Ez besterik. Reddit eta halako lekuetan aurkitutako argazki batzuekin apaindu nuen dena... baina inon ez dago argazkirik, sinetsi, C4d3nz4ren Tumblr-ean bezalakorik :)

Krismas partikular bat Ekaingo zaldiekin

Luistxo Fernandez 2011/12/21 20:17
Ondo igaro ditzazuela denok Gabonetako egun hauek. Przewalskiiren zaldien irudiekin egin dezazuela amets. Ekaingo eta Chauveteko leizezuloetako artisten eta gaur egungo banksyen alde egin ezazue topa.

Urte batzuz izan nuen ohitura krismas partikular bat jartzeko blog honetan. Gero eten egin nuen tradizioa. Itzul bedi aurtengoan, probisionalki bada ere, honako irudi honekin. Przewalskiiren zaldiak dira, Ekaingo zaldiak:

Aurtengo udan opor zoragarri batzuk egin nituen seme-alabekin. Washington DC ezagutu genuen. Hiri eder eta ikusgarria. Zoologikoan, adibidez, ikusi genituen aurrez aurre gure bizitzako lehen pandak. Baina haiek baino inpresio zuzenagoa egin zidaten Przewalskiiren zaldiek.

Zaldi basatiaren arraza benetakoa. Ileak tente lepoan, leizezuloetan gure arbasoek marraztu zituzten zaldiak dira horiek. 19. mendean Asia erdialdean bizi ziren azken saldoak, eta haiek deskribatu zituen Przewalskii esploratzaileak. Zaldi basati haiek desagertu egin dira naturan, hala ere. Baina duela gutxi, askatu egin dituzte zooetan hazitako batzuk. Adibidez, goiko irudikoak Pragako zoologikoan jaioak dira, eta une honetan Mongolian bizi dira libre.

Ekaingo zaldien irudiak badu zerbait, barrena ukitzen dizun zer bat. X10 artista anonimo euskaldunak bere txantiloietan ere erabili du (Santimamiñeko bisontearekin batera) grafitiak egiteko kale-bazterretan, eta udazkenean EuskalBanksy bikain hau ezagutzeko parada izan genuen. Txantiloia alabari ere pasatu zion, eta Lilik Ekaingo zaldiak eta Santimamiñeko bisonteak pintatu zituen horrela, laranjaz eta arrosaz. Bera ere EuskalBanksy da.

Dokumental bat ere ikusi dugu duela gutxi. Ahaztutako ametsen leizea. Chauvet leizezuloari buruzkoa, guztiz gomendagarria. Han ere Przewalskiiren zaldiak daude, eta errinozeroak, eta lehoiak ere bai. Eta 32.000 urtekoak dira irudi horiek. Hau da, Ekaingo zaldietatik X10en zaldietaraino 10.000 urte daude; baina Ekaindik atzerantz, Chauvet-eraino... 20.000 urte daude!

Ondo igaro ditzazuela denok Gabonetako egun hauek. Przewalskiiren zaldien irudiekin egin dezazuela amets. Ekaingo eta Chauveteko artisten eta gaur egungo banksyen alde egin ezazue topa.

Azpitituluak egiteko motibazioa eta metodoa

Luistxo Fernandez 2011/12/20 21:46
2011an jauzia eman du Azpitituluak.com-ek, euskaratutako filmen datubasea asko hazi da. Meritua banatu beharrekoa da. Xabier Aramendik ehun film inguru euskaratu ditu aurten, asko Azpitituluak.com-en bertan, eta gero OpenSubtitles.org webgunean jarraitu du. Eta JatorrizkoBertsioa.com eta Filmazpit.eu ekimenak ere abiatu dira. Guztien ekarpenekin, azpidatzi euskaldunak maite ditugunak zorioneko gaude.

2008an sortu zen Azpitituluak Euskaraz ekimena, eta 2010 amaitu bitartean, apenas 40 film oso eta beste atalen batzuk gehitu ziren. 2011. urtea, berriz, 164 film osorekin eta telesail sorta polit batekin itxi behar dugu. Dena den, gaur komunitate birtualez mahainguru batean egon naizela-eta, batek aipatu du publikotik azpitituluen langintza euskarazko edukien fronte interesgarri bat dela... Ba bai, kontu interesgarria bai, baina komunitate bat ez gara: gara lau txoro, askotan modu inkonexoan eta ahal bezala dihardugunak, elkarrekiko benetako harremanik gabe, komunitate zentzurik gabe. Igotzen ditugu azpitituluak, eta jendeak ez du erantzuten ezta eskerrik asko esateko ere...

Baina ze kontxo, aurrera goaz, eta Top 2011 inkesta egiten ere ausartu naiz, euskaraturiko film onena aukeratzeko. Nik bete dut inkesta, eta seme-alabek ere bai, gaur mahainguruan aipatu dudan bezala. Hona gure puntuak nola joan diren (nik gehiago ere ikusi ditut; irudiko hauek ordea, ikuskatze partekatua izan dira familian).

Azpitituluen inkesta

Seme-alabak izan ziren nire lehen motibazioa azpitituluei ekiteko. Pixar-en film bat, Wall-E, lehenbiziko lana; dialogo gutxi zuela jakitean animatu nintzen. Konprobatu nuen orduan 9-10 urteko neska-mutilak gauza direla film azpititulatuak jarraitzeko. Hortaz, nire saio azpititulatzaileetan semearen adinari ere jarraitu diot, eta 13 dituelarik orain, pre-nerabeentzako txuloagoak izan daitezkeen filmei ekin diet: Attack the Block eta Super 8, abentura film bikainak nire ustez. Alaba atzetik dator, 8 urte ditu orain, eta esaldi solteak harrapatzen ditu irakurriz. Baina hala ere, zinema jatorrizko bertsioetan disfrutatzeko gauza bada, eta aukera polita egin du urteko onena izendatzeko: Arrietty.

Azpititulatzeko nire metodoa azalduko dut, bide batez.

1. Normalean, film egoki bat hautatzen dut, ikusi gabekoa, han-hemenka topatutako erreferentziez fidatuz. Askotan, seme-alabengan pentsatzen dut, baina neure gustorako baten batekin ere saiatzen naiz tarteka (Drive, aurten, adibidez). Begiratzen dut baita ere ea ez ote diren testu askokoak (alferra naiz, Super 8 izan da sekula itzuli dudan luzeena, motibazio berezia eragiten zidalako eta oporretan nengoelako).

2. Filma hautatukoan, jaisten dut Torrent erabiliz, BTJunkietik normalean. Info apur bat hemen.

3. Erdarazko azpititulu batzuk topatzen dizkiot, film horrekin bat datozenak. Ingelesa eta gaztelera, bi bertsio izatea, lagungarri izan daiteke. Subscene (en) eta Solosubtitulos (es), iturri onak azpidatziak aurkitzeko.

4. Filma ikusi barik itzultzen dut testua, testu-editore arrunt batekin (Ubuntun, Gedit), eta zalantzetan ahal bezala aurrera egiten dut, ez nau asko larritzen ez hiztegiaren egokitasun euskaltzaindistikoak ezta literaltasunak ere. Ez naiz itzultzailea eta nire lanak ez du profesionaltasun edo kalitate asmorik batere.

5. Itzulpena amaitzean, kontrol-saioa egiten dut, ikuskapen bat seme-alabekin (haientzat modukoa bada), edo neure kasara. Eta ikuskapen horretan oharrak hartzen ditut zuzenketarako, paper eta bolalumaz.

6. Zuzenketak egin testuan, eta egina dago; filmaren fitxa txiki bat dokumentatu, eta igo Azpitituluak.com-era.

Animatu zaitezte zuek ere azpitituluekin. Ikustea erraza da. Wikian apur bat azaltzen da. Norberak itzultzeak lan gehiago hartzen du, baina prozedura, goian azaldu dudan hori edo beste metodologia batekin (testu-editore batetik erdaratik euskarara itzultzea besterik ez da kontua) ere ez da hain zaila. Pentsa, Europako Batasuneko ikerketa honek adierazi duen moduan, azpitituluak onuragarriak direla heziketarako eta eleaniztasunerako:

  • Azpidatziek lagundu egiten dute atzerriko hizkuntzak menderatzeko orduan.
  • Azpidatziak pizgarri izan daitezke, hizkuntzak ikasteko motibazioa emanez, bai kontestu formaletan zein informaletan, eta horrela eleaniztasuna sustatzen dute.
  • Unibertsitateko ikasketak dituztenak eta atzerriko hizkuntzetan mintzo direnak, oro har, azpidatzien aldekoagoak dira, bikoizketarena baino.

 

Azpitituluentzat bikaina izan den urte honi buruz gehiago idatzi dut Sustatun. A, eta bete inkesta, e? berdin dio ez badituzue filmok azpidatzi barik ikusi, filmak baloratzen baititugu, ez azpitituluak.

Kultura hedonista

Luistxo Fernandez 2011/11/28 08:45

Larunbatean, lagun batek animatuta zarzuela saio bat ikusi nuen. Arrasaten, feudo abertzale erradikal horretan. La Revoltosa.

 

<

Kultura zela pentsatu nuen.

  • Kultura ez elitista
  • Kultura plazerrerako, disfrutatzeko sortua.
  • Kultura konpartitzeko, ez bakarrik artistaren gozamena, baizik eta publikoari gozatua emateko grinaz sortua.

Eta oso gustura irten nintzen. Atzo igandez beste antzezpen bat ikusi nuen, Arra arraroa, aurrekoaren matxismo dezimononikoaren antipodetan. Hala ere, formatu txikiko monologo bat, xaloa eta zuzena, gauzei beren benetako izenarekin deitzeko jarrera batekin... Aurrekoa bezain ez-elitista eta gozagarria iruditu zitzaidan. Txalo bat Oier Guillan idazleari, Iñigo Ortega aktoreari eta beren inguruko Metrokoadroka kolektibokoei.

Arrasateko zarzuelistak datorren urtean itzuliko dira, baina Arra Arraroa errepikatuko da hurrengo egunetan. Abenduaren 1ean Dokan (Donostian) eta 6an Durangoko Azokan. Gomendatzen dut.

Hala bazan ala ez bazan, sar dadila kalabazan

Luistxo Fernandez 2011/10/25 10:30
Katutxoak hiltzera behartzen gaituzte eragileek: errelatoa idazten hasiak gara, bai. Nik diot: ipuin katuzida nola amaitu behar dugun pentsa dezagun.

Hildako katutxoena informatikarien txantxa gisa ezagutu nuen nik. Programatzeko orduan, beharrezkoa den lerro bat baino gehiago idatziz gero, Jainkoak katutxo bat hiltzen du. Gero, Interneteko meme baten gisara zabaldu da. Inork azalekoa edo alferrekoa den klixe edo berba-fetitxe bat aipatzen duen bakoitzean, katutxo bat hiltzen du (berak pertsonalki, edo Jainkoak haren izenean).

Argitasuna eskertzeko modu bat da, topiko nekosoak arbuiatuz; edo bullshit hizkera mordoiloa (kaka esplikatzea) salatzeko bidea. Ez izan nekosoa, ez izan nagia; modan jarritako fetitxe lexikoak errepikatu baino, esan ezazu esan beharrekoa bihotzetik, benetako berbekin, esan ezazu argi, edo bestela isildu, baina ez ezazu katutxorik hil mesedez.

http://d30opm7hsgivgh.cloudfront.net/upload/374808835_dgYXxkHx_c.jpg

Duela urte pare batetik hona txantxak egin izan ditut lankide batekin, berba katuzidarik (termino hau, goiko irudia bezala, Gorka Bereziartuari zor) egon baldin bada, eragile izan dela hori. Kontestu batzuetan, benetan hilgarria suertatzen da.  Adibidez: "Eragileek erabili behar duten marko diskurtsiboa definitzen du ebazpenak", bota zuen, errukirik gabe, Mario Zubiagak lehengoan Berrian. Dozenerdi katutxo hilko zituen horrekin kabroiak.

Baina etorri da bat-batean bestea, gaztelaniaz errepikatua behin eta berriro: relato delakoa. ETA isildu ondoren gertatu denaz idatzi behar omen dugun istorio edo historia ditxosozkoa.

Euskaraz Jonan Fernandezek kontakizuna deitzen dio, eta Xabier Mendigurenek ere bai, baina Martxelo Otamendik errelatoa, eta Erramun Gerrikagoitiak uste du relatoa behar lukeela... Ez duzue errukirik, katutxo-hiltzaileok!

Dena den, seguruenik alferrik dira aldarri guztiak. Eragileek segituko dute errelatoa osatu guran. Ez dago salbaziorik ziklo berri honetan, eta denok arduraz jokatzeko garaia denez, hel diezaiogun errelatoari, ezinbestean. Eta ipuin ditxosoa hasi behar badugu idazten (aukera ikusi du Zaldieroak, listo dabil), amaitu ere egin beharko dugu. Eta horretan, bi aukera ikusten ditut nik.

  1.  Espainolen eran egin: Y fueron felices y comieron perdices.
  2. Euskaldunen eran (edo eretako batean): Hala bazan ala ez bazan, sar dadila kalabazan, eta irten dadila herriko plazan.

Uste dut ez dagoela amaiera bien artean zalantza handirik. Zoriontasunez denak ase utziko dituen ipuinik idazterik ez dago. Hobe dugu euskarazko formula eklektiko eta akaso nihilista hobestea. Hala izan bazen, hala bedi, eta hala ez bazen izan, berdin dio, sar dadila kalabazan. Kito.

http://d30opm7hsgivgh.cloudfront.net/upload/370599754_F4uTm0mq_c.jpg

Ummm... ze goxoak After-ETA hauek (via Goio Arana). Nola disolbatzen den txokolatea ahoan...

Ate guztiak zabaltzen dituen giltza

Luistxo Fernandez 2011/10/23 08:39

Ez nintzen atzoko manifestaziora joan, joatekoa modukoa iruditzen zitzaidan arren, familiarekin konplikatua eta...
Baina ikusi genituen, Donostian ere, hainbat ohar, eta panfleto mordoa ere bai, kaleetan. Bat hartu eta esanahiaz galdetu zidan alabak (8 urte egin berriak). Irudikoa bezalakoa zen, baina La Casillakoa barik, eta lema nagusia tipo handiagoan.

http://d30opm7hsgivgh.cloudfront.net/upload/369705684_7ZxD5Xm2_c.jpg

 

Esan nion, tira, irakurri mezu nagusiak, eta hala egin zuen. "Euskal Herriak konponbidea nahi du / Zabaldu ateak / Giltza gara". Gehitu nion ETA gelditu ondoren inportantea dela konponbide horren bila jarraitzea. Eta orduan...

- Giltza horrek ate guztiak zabaltzen ditu?

- Bai.

- Baina hori txarra da, ezta?

- ...

Pufa. 8 urtekoaren logika. Nork nahi du beretzat ate guztiak zabaltzeko lizentzia eta gaitasuna? Poliziak. Lapurrak... Ni giltza gutxiren jabe naiz, eta bakoitzak ate bakarra zabaltzen du. 

Barkatu kontrapuntoa. Ulertzen dut Karmelo Landaren deia politika egiten jarraitzeko, eta manifestazioaren deitzaileen gogoa ere bai. Baina, aldi berean, gu eta besteok dialektikaren gainetik, akaso hobe delakoan Ni-aren ikuspuntua, Juan Carlos Etxeberriak dioen bezala. Berea bezalako mezu pertsonalak iruditzen ari zaizkit analisirik txukunenak After-ETA egun hauetan: Mitxel Ezkiagarena, Ander Izarena... Niri ez zair irteten. Akaso egongo zen zer kontatua, baina memoriaren eta bihotzaren giltza gordeko dut.

Steve Jobsen benetako ume gipuzkoarrak

Luistxo Fernandez 2011/10/17 08:43

Ez nieke erreportaia honetan agertzen direnei (tartean apreziatzen ditudan lagunak) edo artikuluaren inspiratzaileari (Iñigo Kortabitarte, suposatzen dut) kontra egin nahi, baina Steve Jobs-en benetako lehen ume gipuzkoarrak 1980ko hamarkadaren 2. amaieran hasi ziren ernaltzen. Joxe Aranzabal izan zen bataioaren aita-pontekoa, Arrasaten, eta hornitzaile nagusia, oker ez banago, Gros auzoan zegoen Raxon informatika-denda izan zen. Autoediziorako Mac eta inprimagailuak ziren Apple-ren orduko produktu izarrak, eta softwarearen aldetik beste etxe batzuen ekarpenak, hala nola Aldus Freehand edo QuarkXPress bezalako programak. Baita Microsoft Word ere, orduko Windowseko testun editoreak baino txukunagoa baitzen MSren produktu hura, Mac-etan interfaze iraultzaile bat zeukana!

Ume haiek izan ziren euskarazko herrietako aldizkariak, eta Arrasate Press izan zen haietan lehena.

Bai, badakit, erreportaia zehatz hori ez da horrenbeste Apple produktuen inguruko ezer, baina, tira, #esanbeharnuen eta barkatuko didazue. Ze Gipuzkoa iristen da Zarauzko peajetik haratago ere. Eta bai, euskaraz funtzionatu izan duen ekintzailetza teknologiko eta komunikatiboaren historia bat ere esistitzen da.

Bake Konferentzia bat gure auzo chic eta dotorean

Luistxo Fernandez 2011/10/12 19:34

Berabera auzoan bizi naiz Donostian, inguru chic eta nahiko aberats batean. Bertan geratzeko lekurik aproposena, adibidez, hockey zelaira ematen duen klubeko kafetegia da. Suposatzen dut, adiministratiboki, Aiete izeneko auzo zabalagoaren parte garela gu, ze gain-gainean daukagu, aldamenean. Aieteko parkean ireki zituzten duela urtebete inguru Bakearen Etxea (Aieteko Jauregi berriztatuaren erabilpen berria) eta Kultura Etxe berria, azpian, Isuuru arkitekto gabinetearen lan zoragarri bat, lurrazpiko liburutegi eta areto bitxi bat. Zorte handia da liburutegi hori etxe ondoan edukitzea, larunbatetan ere goiz eta arratsalde zabaltzen da, eta igandeetan goizez.

Asko poztu naiz jakitean ez bakarrik neuk erabiliko dudala baliabide dotore hau. Datorren astelehenean Nazioarteko Konferentzia bat antolatu dute, ea bakegintzan aurrerapausu bat gehiago ematen dugun euskaldunok. Diotenez, Bertie Ahern eta Tony Blair ere etor daitezke. Ikusiko: larunbatean jakinaraziko dute nor datozen, zein izango den programa.

Bertie Ahern entzun nuen duela hilabete gutxi Donostian. Itxura denez, behin baino gehiagotan etorri da, pribatuan gehienetan. Oso hitzaldi ona eman zuela iruditu zitzaidan, eta azkenean bostekoa eman nion zoriontzeko (umekeria bat: ilusioa egiten dit jende inportanteari bostekoa ematea; eta saiatzen naiz seme-alabek ere berdina egin dezaten inorekin gurutzatzen garenean). Ea berriz datorren, Blairrekin edo beste edozeinekin.

Ez dena etorriko, Patxi Lopez lehendakaria. Tristea. Eta berarentzat okerrago. Ez ei dute gonbidatu: ba ez nau harritzen, ze behin baino gehiagotan uko egin dio Brian Currin-en taldearekin elkartzeari! Nola liteke itsutasun eta geldotasun politiko hori! Argazkietan agertzeagatik besterik ez bada ere, egon beharko luke, eta horretara ere ez da iristen lehendakariaren ikusmira. Tristea, benetan.

Ba ni ez naiz argazkietan irtetera joango, baina aukera badago gonbidatu horiei eskerak emateko, ba igual hurbilduko naiz liburutegira eta haren gaineko Bakearen Etxera. Bertako baten batek eman beharko die ongi etorria, ze Aieteko auzo elkarte ofiziosoari ez zaio batere ondo iruditzen hau; Currin eta bere taldea bertan elkartu ziren azkenengoan, ez ziren kexatu ba!

Putza nire auzokideentzat! Gora talibana!

Zaldieroa

Oscar Matute, Amaiurko hautagai

Luistxo Fernandez 2011/10/02 17:41

Suposatzen dut Amaiur koalizioaren hautagaitzak erabakiko direla osagarri desberdinen pisu espezifiko geografikoaren arabera. Horrela egin zuen Bilduk foru eta udal hauteskundeetan, eta Aralar gehituta, kalkulu desberdinekin, antzera jokatuko dutela suposatzen dut Azaroaren 20rako.

Euren kontua da, edozein modutan. Baina hala ere, aholku bat emango nieke. Beren lau indar osagarrietan txikiena denak, Alternatibak, planta oneko lider eta hizlari bat dauka, Oscar Matute. Abuztuan tuit galdu batean bota nuen, baina orain berriro errepikatzen dut. Aurkez dezatela Oscar Matute zerrendaburu gisa, Bizkaian edo Araban.

Zergatik Matute hautagai (argazkian Rufi Etxeberriaren atzean)?

  • Esan bezala, planta ona du, itxura ona ematen du.
  • Parlamentu batean hizlari ona izan daitekeelako itxura dauka.
  • Ezkerreko boto ez abertzaleak dituen alternatiba eskasen aurrean, 15-m mugimenduaren berotasunean, krisi ekonomiko eta lotsa falta merkatalista honekin eta Ezker Batuaren espektakulu patetikoaren aurrean, boto ez abertzaleen artean sarea bota eta arrantza egiteko aukera handia dago.

Faktore negatibo moduan, era berean, hautagaitzaren alde beste hau ere botako dut:

  • Ez da euskaraz moldatzen, eta Euskal Herriko politika soberanista berrian politikari euskaldunak behar dira. Gauzak honela, erdaraz jarduteko, hobeto dago Matute Madrilen. Hau ere esan behar nuen, eta esan dut.

Badakit blogetan uzten ditudan proposamen politikotan ez dudala erakusten ez aziertorik ez zuhurtziarik, baina horrek ez nau desanimatzen: nik pentsatzen dudana botatzen dut, eta barrena lasaitzen dut, ze demontre.

Zazpi probintziena ezin da; beraz, beste independentzia bat mesedez

Luistxo Fernandez 2011/09/18 10:36

Duela urtebete artikulu bat idatzi nuen medio batzuetan (gaztelaniaz eta katalanez ere), indepedentzia berriro pentsatu behar zela eskatzeko. Bateragune kasuko epaiarekin, premia hori larritu zait. 2010.ean esperantza asko nituen Katalunian jarriak, baina hangoan gehiegi sinesten nuela orduan esan zidaten kritikoek. Baliteke, ze Katalunian independentismo agerikoak espero nuena baino indar politiko txikiagoa du 2011. urtean. Hala ere, guztiarekin, uste dut badagoela sakoneko aldaketa bat Kataluniako politikan eta soziologian indartzen doana: urte askoan, independentzia izan da utopia, eta Espainian uztartzea pragmatismoa. Nago hori aldatzen doala: Espainiako uztarketarena gero eta utopikoagoa dela, eta garapen ekonomiko eta sozialarentzat beste aukera dela pragmatikotzat jotzen dena gero eta gehiago.

Baina beste premiak bizirik dirauela uste dut. Independentzia behar dugula uste dut. Eta horretarako independentzia berriz pentsatu beharra dago. Batez ere, Zazpi Probintzien lurraldetasun printzipio santua ahaztu beharra dago. Ezinezkoa da. Eta tabu mental hori hausten ez badugu, ez goaz inora. Duela urtebete esan nuen bezala, hurrengo hauteskundeenak seguruenik bateratuta aurkeztuko den fronte soberanista eta independentistak, ez dauka proiektu independentista benetakorik: ez ezker abertzaleak, ez Aralarrek, ez EAk ez daukate independentziarako proposamen zehatzik. Bide-orri zehatzena, nolabait esateko, ezker abertzalearena da, eta Hegoalderako autonomia berri bat du jomugan, tristea da gero.

Batzuek ulertu zuten artikulu hartan aldarrikatzen nuen independentzia moldea EAErena zela. Ez derrigor. Agian praktikoena hori izango zen. Beste lurraldetasun batzuk ere hausteak ere ez luke tabu izan behar, serioak izan behar badugu etorkizunaz. Ez nago oso komentzitua probintziak behar ditugun (edo *lurralde historikoak* edo *herrialdeak* pitokeria politiko-linguistikoak izendatzen dituen moduan). Euskal lurralde independiente baten mugak, herriaren borondatez erabaki beharko lirateke, duda barik, demokratikoki. Eta horretarako unitatea, Espainiako probintziak edo erkidego autonomoak izatea baino, akaso zuzenagoa da udalerriak edo eskualde batzuk, kantoiak, demagun izendatzea. Nafarroan pentsatuz, adibidez.

Jainkoa banintz, utopia demokratiko hau egingo nuke:

  • Hego Euskal Herriaren maparen marrazketa kantonal bat. Lau hiriburuak kantoi bana lirateke bere horretan. Trebiño beste bat izan beharko litzateke. (Iparraldean, ba... agian erabaki-puntu kantonal batzuekin akaso independizatuko genuke Lapurdiko Xareta edo... beste ezer ez zait okurritzen).
  • Erreferendum bat ondoren, galdera sinplearekin, zein estatu independientetan bizi nahi duzu, Espainia ala Euskal Herria?. %60ko maila igarotzen duten kantoiek, dela Espainiarako, dela EHrako, estatu horretan geratuko dira.
  • Hau da, %60ko onarpena duten kantoiekin, Euskal Herri independiente bat jaiotzen da. Eta estatu hori funtzionatzen hasten da, ondorengo hauteskunde eta konstituzio prozesuarekin. (ados nago Konstituzio horretan Iñaki Petxarromanek jarriko lukeen puntu honekin)
  • Tartean geratu diren kantoietan, non Espainia edo EHren aldeko botoak ez diren %60raino iritsi, egoera probisional batean geratzen dira. Espainian, demagun, baina kanpoko superbisio batekin edo, eta konpromezu batekin, 10 urteren buruan beste erreferendum bat egingo dela horietan, eta kasu horretan, nahikoa izango dela %50.01eko erabakimena, kantoi bat Espainian edo Euskal Herrian integratzen den erabakitzeko.


Konplikatu samarra, ezta? Bai, bale. Akaso praktikoena da Eusko Legebiltzarretik aldarrikatu hiru probintziena eta kito. Baina hori esan beharko du baten batek. Ze inork ez du esaten. Edo beste proposamen batzuk. Ofertak eskertuko lirateke. Let's talk about sex. De una puta vez.

&

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004