Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Rokanrola inbento handia izan dela, bi dokumentaletan

Luistxo Fernandez 2013/05/20 20:51
Rock musikari biren inguruko dokumental bana ikusi berri dut, biak boluntarioek euskaratuta. :-)


Bata, dokumental onenari oscarra jaso duen filma, Searching for Sugar Man, Goio Arana Mondragon Unibertsitateko irakasleak euskaratua. Detroit hiriko (Sixto) Rodriguez izeneko musikari baten ingurukoa. Jende askok goraipatu du, eta bai, istorio interesgarri eta hunkigarri bat ondo kontatzen duen dokumentala da. Dena den, tranpatxoren bat edo beste ba ote dagoen gidoian, zalantza hori geratu zait.

Anbizio txikiagoko dokumentala da Sister Rosetta Tharpe-rena, telebistarako ordubeteko formatukoa, gusto handiz Tolosako Auggie dendakoek euskaratua. The Godmather of Rock'n'Roll, Rokanrolaren amabitxia... eta ezagutzen ez! Pionero nagusiki maskulino haien atzean, adin ertaineko andrazko beltz bisexual bat zegoen, bai, eta bazekien gitarra jotzen!

20. mendeko inbentorik onenetakoa izan zen rokanrola, beti pentsatu izan dut. Dokumentalokin, konklusio berera iritsi naiz atzera ere.

(OHARRA, 1: zalantza bat kantuak agertzen diren filmak euskaratzeko: azpidatziak itzuli, bai ala ez? Rosettarenean euskaraz daude, Rodriguezenean ingelesez).

(OHARRA, 2, Disclaimer: Amazon-eko estekak gehitu ditut hemen eta beste post batzuetan ere agertuko dira: hortik klik eginda inork ezer erosiz gero zentimoren batzuk lortuko ditut, baina ideia ez da dirua egitea, baizik eta afiliazio sistemaren funtzionamendua testeatzea)

Euskal poliziak Los Angelesen

Luistxo Fernandez 2013/05/15 16:33
Gansgter Squad ikusi berritan eta Changeling gogoan; Eugene Biscailuz eta Lester Ybarra izenen inguruan.
Euskal poliziak Los Angelesen

Biscailuz eta beste polizia batzuk, tartean Salazar bat (nafarra?)

Pertsonaliatea transmititzen dakiten aktore ezagunen aurpegiei esker ikus daitekeen filma da Gangster Squad. Hori eta anbientazioa; hortik aparte, ez du balio handirik. Ustez, L.A.ko historiako pasarte batzuk deskribatzen dituen erreportaia sorta batean oinarritzen da historia, eta benetako izenak ageri diren arren, fikzionalizazioak derrigor esajeratua behar du izan: ez dut sinesten nik, behintzat, literala denik filmak kontatzen duena. Interesa duenarentzat, hemen euskarazko azpitituluak.

Gangster Squad-eko bigarren mailako protagonista historikoen artean, deitura euskaldun bat: Eugene Biscailuz, L.A. konderriko sheriffa. Bai, Biscailuz urte askoan izan zen sheriff Kaliforniako hiri handian, eta Martin Biscailuz euskaldunaren semea zen. Martin hura ere pertsonaia konpletoa izan zen, eta gogoan dut inoiz ETBko dokumentalen batean haren eta Miguel Leonis-en kontuak kontatu zizkigutela...

Biscailuz-en izena aditzeak beste film bat ere ekarri zidan gogora: han ere deitura euskalduna Los Angelesko polizia batengan. Bai, Clint Eastwood-en Changeling filmean, Lester Ybarra izeneko ikerlari bat agertzen da (aktorea berriki berrikusi dut House of Cards-en). Wikipediaren arabera, gertakarien benetako protagonista batzuen artean eratutako pertsonaia da, hortaz, ez dakit benetan Ybarra poliziarik egon ote zen kasu hartan nahastua.

Kalifornia... gogoan dut bidaia batean, nongoak ginen galdetu eta 'Basque' ginela esandakoa, gizon batek frantsesez egin zigula han, June Lake herrian. (Biscailuz-en argazkia, hemendik ateratakoa)

Zure erreakzionarioaren bila dabilen poesia

Luistxo Fernandez 2013/05/08 17:06
Hedoi Etxarteren 'Sinplistak' poemario politikoa irakurri dut.
Zure erreakzionarioaren bila dabilen poesia

Hedoi Etxarte eta Sinplistak


Hedoi Etxarte
ren poesia politikoa (Sinplistak, Susa) zorrotza eta zehatza da gaur egungo gizartearen aje eta injustiziak detektatzen eta salatzen. Injustiziarekin bezain zehatz ote dabilen justiziarekin, horra zalantza. Okerraren salaketa bai, baina proposatzen diren erruduntza akusazioak zabalegiak ez ote diren... Ez bakarrik perpetratzaileak eta kolaboratzaileak, esango nuke aldamenetik paseatzen dutenak edo teleikusleak ere erruduntzat jotzen direla. Eta epaiak eta zigorrak ere inplakableak dira.

Adibidez, '"Hemen hobeto" gaude diotenen kontra' poeman, injustizien zerrenda ukatzen zaila da. Baina zigorra, ño, eztarriak aiztoarekin ebakitzen dituen emakumezkoaren mendekua...

Yuyu apur bat ematen dit niri abangoardia heroiko gupidagabe horren idealizazioak. Ez ditut gogoko ez abangoardia gidariak ez heroismoak. Marxismo-leninismoa disparate bat iruditzen zait, gainera (uste dut Etxarte marxista-leninista dela, edo horrelako zeozer).

Salbuespen bat aurkitu dut, dena den, militantearen koherentzian. Okindegitik irten ondoren, putzuak ez zapaldu eta zipriztinik ez botatzea aukeratu du hor autoreak... Ez ote konformismoa hori? Ni Etxarte horrengandik (bera baldin bada, iruditu zait baietz, lehen pertsona erreala dela hor protagonista) hurbilago nengoke, beste poema batzuetako herriko heroi superkontzientziatu eta bortitzengandik baino.

Enfin, idazkera prezisoa eta landua duen idazle bat. Poema guztiak ez ditut ulertu, eta ulertutakoetan, denak gustatu ere ez, baina badaude ale batzuk aipagarriak oso, goian estekatu ditudan horiek adibidez, edo Gaur goizeko poema saialdiaren kontaketa zehatza eta Masturbatuaren galderak bideo pornoaren ostean. Agian, umoreari tremendismoari baino pisu gehiago ematen zaie bi hauetan.

"Zure erreakzioaren bila dabilen poesia da" idatzi zuen Igor Estankonak laudoriozko kritikan Argian. Nik igual esango nuke: Zure erreakzionarioaren bila dabilen poesia da, eta kontuz, akaso aurkitu egingo du eta.

Va vis et deviens

Luistxo Fernandez 2013/05/04 10:01
Duela gutxi ikusitako film frantsesa

Va vis et deviens (2005). Etiopiako juduen emigrazioa Israelera, film bihurtuta, ikuspegi konfliktiboak deskribatzeko asmoarekin: arrazakeria, erlijio intrantsigentzia... baina azkenean, mezu positibo batekin. Eta kontraste egiten du horrek istorioaren ausentzia flagrantearekin: palestinarren aipurik ez dago. Horregatik eta amaiera ez oso sinesgarriagatik, ez diogu aprobatua emango. Horrez gain, susmo bat, mundu moderno honetan nagusiki bi super-etnia daudela: lehen mundua, eta hirugarren mundua.

Jada Tolstoi eta Dostoievski ezagutzen ditudalarik...

Luistxo Fernandez 2013/05/02 09:20
Bueno, txantxa da. Ez dut ezer irakurri ez Tolstoirena ez Dostoievskirena. Baina pelikula batzuk ikusi ditut. Balio du horrela?
Jada Tolstoi eta Dostoievski ezagutzen ditudalarik...

BBCk ekoiztutako Krimen eta Zigorraren DVD bertsio poloniarra (errusiera izan ez arren, halako ukitu eslabikoak laguntzen du)

Errusiako literaturako klasiko handienganako kuriositatea izanik, tranpa egin dut: irakurri barik, ikus-entzunezkoak ikusi. Iaz War and Peace-ren (Tolstoi) bertsio klasiko hollywoodtar bat ikusi nuen. Aurten, pieza gehiago: Krimen eta Zigorra (Dostoievski, BBCren tele-ekoizpen batean / liburua[es]), Anna Karenina (Tolstoi, zine adaptazio berriena DVDean hemen, liburua[es]) eta Karamazov anaiak (Dostoievski, 1969ko bertsio errusiar/sobietar bat; liburua[es]).

 

Karamazov Anaiak, 1969, film errusiarra: en.wikipedia.org via Luistxo on Pinterest

 

Laburbilduz, interesgarriagoa egin zait Tolstoi, eta tostoiago Dostoievski. Fedor zaharraren neke esistentzialak oso arrotzak egiten zaizkit: Jainkoa, nihilismoa, errua, gizakiaren gaiztotasuna... apur bat galtzen naiz pertsonaien barne mundu torturatu eta ilun horietan, ez ditut ulertzen. Karamazov anaien kasuan, gainera, ez dakit film bertsio kulturalki urruna auketati dudalako, baina pitorik ere ez dut ulertu, hori da egia. Krimena eta zigorra, apur bat jasangarriagoa izan arren, zentzu batean ere ulerkaitza egiten zait. Ez dakit zergatik behartzen dituen Dostoievskik bere pertsonaiak aitortza auto-suntsitzaileetara. Irakurri dut hortik Sigmund Freud-en idazle faboritoenetako bat izan zela Dostoievski. Karakola eta barea...

Tolstoiren lanak, berriz, aristokratikoagoak eta klasistagoak iruditu arren, gertuagokoak egin zaizkit. Pasio terrenalen mende bizi dira pertsonaiak, hainbeste esistentzialismorik gabe. Aberaskumeen jolasak dira (Errusiako 19. mendeko pobreziaren kontestuan, jolas inmoralak) bai, baina ulergarriagoa zait bizitzeko modu hori, baita bere konbentzio sozial hertsiak (ulertu diot, ez onartu edo onetsi). Azkenengo Anna Karenina hau, bestalde, zine esperimentu nahiko manierista da, pixka bat Moulin Rouge-ren tankeran (hobea hau, agian, hura jasangaitza irudizen zait). Grazia egin zidan pertsonaietako bati lagun baten traza hartzea. Seduktore maltzurraren papera betetzen du istorioan kondeak, gaizto ofiziala da, eta uste dut kezkatuta utzi nuela laguna moralki ere antza hartu ote nion hari :-)

 

Vronsky seduktore gaiztoa, 2012ko Anna Karenina bertsioan. Lagun baten traza hartzen diot nik...



Orain hurrengo plana dut Jane Austen-en esperto bat bihurtzea. Iaz ikusi nuen Harrotasuna eta aurrejuzkuak, eta aurten Sense and Sensibility. Hurrengo ikusiko ditut

  • Mansfield Park
  • Emma
  • Northanger Abbey
  • Persuasion

Snob konpletoa bihurtzeko bidean nago!

***

Bide batez, jakinarazi nahi diot munduari nire kontsumo kulturalaren kontua eroateko sortu nuen Tumblr-a, -STXO, gelditu egin dudala. Segituko dut irakurri/ikusi/gozatutako piezen berri zehatz ematen, baina blog honetan egingo dut aurrerantzean (edo gaztelaniazko edo ingelesezko bertsioetan). Horrez gain, orain Ingelesen Hilerrira e-postaz ere harpidetu zaitezke, horretarako gogo estranbotikoa bazenu.

Agrupé batzuek bakarrik

Luistxo Fernandez 2013/05/01 14:42

Albisteak ikusten, Maiatzaren 1eko manifestazioak agertu zaizkigu, eta Espainiako batean ikusi dugu Internazionala kantatzen zutela. Agrupémonos todos, en la lucha final...

Aitak (91 urte), orduan, txiste zahar bat gogoratu du, Eibarren 20. mende hasierako Alfa hartan esaten ei zutena edo. Sozialisten inguruan sortutako enpresa izan zen Alfa, baina haien artean ere bazegoen klaserik, gorago edo beherago zeudenak botere katean, enpresako postu eta soldata onenak beren artean banatu zituen kamarilla bat buruan, nolabait esateko. Eta haiengatik esaten ei zuten: Agrupé batzuek bakarrik, besteak, Monos todos.

21. mende hasieran agrupé eta agrupé diharduten sozialistarik ez da falta. Patxi Lopez lehendakariaren koinatu Melchor Gilek 500.000 euro metalikoan agrupatuta eroan zituen txalet bat erosteko... Ezer inportako ez balu gainetik pasatu zen albiste horietako bat.

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.