Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Gernika Bonbapean telefilma

Luistxo Fernandez 2012/09/26 15:35

Gonbidapen batekin joan nintzen atzo Gernika Bajo Las Bombas telefilmearen estreinaldira. EITBk eta ekoiztetxe pare batek produzitu dute, eta lagun batek lan egin zuen bertan, Ane Muñoz zinegile eta zutabegileak (script gisa). Duela hilabete batzuk etxetik gertu (Aieteko jauregian, Donostian) filmatu zituzten eszena batzuk, eta horretara gonbidatu gintuen ni eta umeak Anek; esperientzia bitxia izan zen guretzat. Orain doble eskertu behar diot Aneri estreinaldirako gonbidapena.

Telebistek euskal historiaren inguruko pseudofikzioekin egindako lanekin apur bat mesfidati joan nintzen, baina tira, hainbestean. Gertu sentitu nituen, etxean ere entzun ditudalako, gerrako gogorraren miseriak, eta hunkitu egin ninduen horrek pentsatzen nuena baino gehiago. Kaleko andre-gizonen eta pertsonaia historiko batzuen agerpena ere ondo nahastua dago.

 

Huts asko ere baditu filmak, baina uste dut hobeto emango duela bi ataletan telebistan, zineko atzoko bertsioan baino. Pelikula espainolez da, eta Gernikako kaleetan 1937an bizkaieraz espero zitezkeen elkarrizketak, hortaz, faltsu samarrak suertatzen dira horretan.

Ñabardura historiko bat: Amaierako azalpenen artean diote Mola handik hilabete batzuetara hil zela. Ba ez. Hilabete batzuk ez baizik eta aste gutxi batzuk (Gernika apirilaren 26an, Molaren heriotza ekainaren 3an), gogoan baitut aitak kontaturiko pasadizoa: oraindik Euzkadi libre eta errepublikarrean zirela, Bilbon errefuxiatuta, egun batean kaleko egunkari saltzaileak entzun zituen aitak, "Euzkadi Roja con la muerte de Mola! Euzkadi Roja con la muerte de Mola!". Euzkadi Roja egunkariaren titular hura entzutean gerra irabazi zutela ere sinetsi zuen 15 urteko nerabe hark, nire aitak... Ez zen hala izan. Nik uste dut gerrako kontu asko itxi barik daudela oraindik. Adibidez, filmaren amaieran, Alemaniako enbaxadorearen barkamen-eskaera ageri da, duela urte batzuk gertatutakoa. Espainiak halakorik ez du egin oraindik. Nik uste dut beharrezkoa den erredentzioa erasotzaileen bandera hori eta gorriak Gernikan ofizial izateari uzten dionean izango dela.

ETBn urriaren 2an eta 9an emango dute bi ataletan Gernika bajo las bombas.

Mini Txerto

Luistxo Fernandez 2012/09/19 18:25

Nire seme-alabek (8/14 urte) jokatzen dute gauza honetan, eta ematen du inguruko neska-mutilek ere hala egiten dutela. Nik ere umeekin denbora guztian nago honetan denbora galtzen eta... ondo pasatzen dugu!

Zera da jokoa. Auto hori bat, Mini bat edo matrikula kapikua duen bat ikusten duzunean, esaten duzu "Mini txerto" edo "Kotxe horia txerto" eta aldamenekoari toke bat ematen diozu, kolpetxo bat. Behin kotxe bat hala ikusita, indargabetua geratzen da, taldeko beste inork ezin du aldamenekoa ikutu (bueno, hurrengo egunera arte edo). Bi zirkunstantzia bateratzen badira, hala-nola Eibarren ikusitako Mini hori honekin, bi kolpetxo dira.

Mini hori bat

Ez dakit zein den jokoaren jatorria, ezta izenaren zera ere. Italierazko "certo" ote zen pentsatzen nuen hasieran (auto marka italianoen garrantziarekin, eta Cars filmeko erreferentzia posible batzuk tarteko, nire irudimenean), baina mutiko batek iradoki zidan "Txertoa" jartzea ote zen, euskarazko terminoa alegia.

Ba horixe. Zuen inguruan jokatzen da Txerto joko honetan?

Erdarazko Scrabble/Apalabrados analogiko batean euskaraz jokatzeko arau sorta

Luistxo Fernandez 2012/09/02 16:56

Apalabrados jokoa euskaratu izana notizia inportantea dela iruditu zait aurtengo udan, baina jokatzeko probetan (beta bertsioa da irtendakoa, esan daiteke) hobetu daitekeela uste dut. Maite Goñi bultzatzaileak hemendik egitea proposatu du, eta han ere utzi ditut ideia batzuk.

Beste hobekuntza bide bat letra banaketa hobetzea izan daiteke. Hasieran J asko agertzen ziren, eta ez zen oso naturala. Orain hori hobetu dela dirudi, baina TS, TZ, TX eta RR digrafo moduan agertzea ez zait oso egokia iruditzen.

Apalabrados euskaraz: alfabetoa

Hortaz, pentsatu dut testeatu daitekeela letra banaketa hoberik, gaztelaniazko joko analogiko batekin, eta arauak nolabait aldatuz. Seme-alabekin jokatu dut, eta tira, Z mordo bat agertu zaigu...

Scrabble analogiko batekin euskaraz


Aproba hauetarako erabili dudana zera da, gaztelaniazko Scrabble bat, post-it, artazi eta boligrafo baten laguntzaz. Euskarazko hitzekin jokatzea da koxka, baina arauak aldatuta:

  • Bost bokalak bere horretan erabili, baina...
  • Kontsonante guztiak sorginak dira, beste edozein kontsonanterekin ordezka ditzakezu, baina ez bokalekin.
  • Berezko sorgin biak, edozein kontsonante edo bokalekin ordezka ditzakezu.
  • Puntuaketan, ez dago puntu bereizketarik, denek 1 balio dute, sorgin zein bokal izan.
  • Zazpi letrak jartzeak 20 puntu ematen ditu.


Nik uste dut balio dezakeela ikertzeko ea ze letra komeni diren euskaraz jarri, ze kopurutan, eta zein puntuaketarekin. Lehen aproba da. Nagusien artean egin beharko genituzke aproba gehiago. Edo beharbada ez, ez du balio Apalabrados hobetzeko. Baina akaso arau berezi hauek balio dizute erdarazko Scrabble analogiko bat edukita, euskaraz jokatu nahi baduzu.

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.