Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Eskuak ugatz-guruinetan

Luistxo Fernandez 2012/06/25 12:35
Kafea eta Galletak izeneko ekimenaren proiektua da 'Kafe aleak': 121 pertsonak 121 diskori buruz idatzitako testuak biltzen dituen liburua da Kafe Aleak. Nik neuk, ale horietako bat idatzi dut. Disko kutun bat aukeratu nuen, Hatful of Hollow, The Smiths taldearena, 1984ko disko bat. Halaber, testu hau Xerezaderen Artxiboa podcasterako grabatu dut.
Eskuak ugatz-guruinetan

The Smiths, Hatful of Hollow, 1984, diskoaren azala, 2010eko abenduko Londresko ikasle-protestetan, neska baten soinean t-shirt batean. via johnnymarrplaysguitar.com

The Smiths – Hatful of Hollow (1984)

Eskuak ugatz-guruinetan

Gogoan dut C-60 bat izan zela. Nola ez. Pirateria analogiko zaharraren misterio hauek ondo deskribatu ditu Iban Zalduak Biodiskografiak liburu berrian (2011, Erein); kantu izenak punta fineko arkatzarekin idaztearen zergatiak adibidez. Rellenoaren kontua ere azaltzen du Zalduak. Disko grabaketarako formaturik arruntena zen C-60, alegia, hirurogei minutuko kasetea, eta ohikoa zen zuk ematea grabatzaileari diskoa eta grabatzaileak, bere borondatez, rellenoa esakintzen zizun, LParen soinuak betetzen ez zuen zatia osatzen zizun bere gustoaren araberako beste zerbaitekin, zuk prezeski eskatu zenionaz aparteko zerbait, apropos estilo desberdinekoa ere sarri... Hark bazuen mistika polit bat. Kantu bat ere badut gogoan, baina gogoan bakarrik, ez baitut haren berririk beste inon aurkitu, ez Google ez kristo, eta pentsatzen hasia nago amestua ote den: ce-sesenta izena zuen kantu bat, eta neure aburuz, Donosti sound esaten zioten estilotxo hartako talderen batek jotzen zuen... Ce-sesenta, ce-sesenta, ya no eres virgen, ya no eres pura...

Harira. C-60 hura pasatu nion beraz Epelderi edo Osorori. Alzelai ere biltzen zen tratuetan, eta haren bidez beste hura... ez naiz gogoratzen, Ugarte deituko diot, Casablancako trafikantea bezala. Baina nik uste dut Epeldek grabatu zidala The Smiths-en Hatful of Hollow. Modan zeuden eta haien berri jakin nahi nuen. Bada, Epeldek disko hau zeukan eta halaxe izan zen hau The Smiths-en lehenengoa niretzat. Eta sorpresa izan zen, bueltan eman zidanean C-60 hura, han ez zegoela rellenorik. Izatez, B aldea kantu eder eder baten erdian amaitzen zen. Fifteen minutes with you, I wouldn't... STOP. Hamabost minutu zurekin, eta gero zer? Disko hark 60 minutu baino gehiago irauten zituen! Sekula ikusi gabekoa zen hori. Izan ere, errekopilazio bat zen, baina taldea sortu berritan egina eta kantu errepikatu berkonposatuekin ere (Peel sessions batzuk tartean), bitxikeria, harrokeria...

Nolanahi ere, berehala kapturatu ninduen C-60 hartakoak. Gaurko egunera arte, Morrisseyren bakarkako istorioaren jarraitzaile ere banaiz eta. 18-19 urte nituen orduan, The Smiths-ekiko maitemintze zoro hark harrapatu ninduenean. Mutil patetikoa nintzen. Tira, teenager kategorian nengoen oraindik, etimologia ingelesari jarraiki, baina 18 urterekin adin nagusiko bihurtzen zarela suposatzen da, ez jada hain nerabe-nerabe, baizik eta, "gazte" edo. Ba ni post-nerabe patetikoa nintzen, guztiz, suposatzen dut...


Eta ataka hartan, zenbat lagundu zidan musika hark. Neure ingeles apurrarekin dezifratzen nituen kantuen puska partzial gordin haiek... Kantu bat amaitzen da you will leave me behind, you will leave me behind, atzean utziko nauzu... eta beste bat berriz amaitzen da, I'll probably never see you again, I'll probably never see you again, ez zaitut seguruenik berriz ikusiko. Eta ez nekien zer esan nahi zuen hark guztiak, egia gordinak zirela bakarrik. Beste kantetan ere pusketak baizik ez nituen ulertzen, erraietatik sortutako haiku pop bortitzak.


Hainbeste bueltarekin, ingelesa ere hobetu nuen, eta ez gutxi. Baina beste gauza bat izan zen neure irakasgai nagusia, disko hark eta The Smithsek eman zidaten argia: nor izateko beste bide bat bazegoela ikasi nuen nik Morrisseyren poesian eta rock melodramatikoan. Inguruko eredu matxote kirolzale panparroi hartatik haratago bazegoela anbiguoago agertuta gizon jokatzerik, bruto bat izan barik sentiberarasunez gaiztakeria lantzerik, frakaso txiki baina krudelen hondarrean inteligentziaren garaipen ironikoa (intimoki beharbada) dastatzerik. Eta irakaspen horietatik, hazi, nor izan, norberaren bidea egin.

Urteak igaro dira eta seme pre-nerabe bat dut. Hauskor eta deseoroso nabari dut urte zail hauen atarian. Topatuko ahal du argi bat nik disko hartan ikusi nuenaren parekoa. There is a light... beste disko batekoa da hori, barkatu.


Bizitzak buelta asko ematen ditu. Ustekabekoak ere, eta bihotzarekin ikasi duzunak balio dizula jakingo duzu orduan. Gertatu daiteke 20-25 urte igarota zita bat izatea igande gau batean eta zaudela, bezerorik ez apenas, Donostiako Be-bop-en, 80ko musika maite duen DJ batekin eta The Smiths jartzen ari dela, behin eta berriro, eta kantu guztiak dakizkizu eta abesten eta antzezten dituzu gladioloak bazenitu bezala bakeroen atzeko poltsikoan eta orduan, Handsome Devil jartzen du kabroi horrek. Bai, debekatua beharko luke, baina Handsome Devil jartzea legala da nonbait. Eta une horretan, let me get my hands on your... bai, badakit ez dela esaten "titiak", esaten da "bularrak", baina hori ere ez da, politori, ez bular eta ez titi monina,let me get my hands on yout mammary glands, eta ez didazu komentzituko Euskaltermek ugatz-guruin esaten diolako horri ze, ez, ezin dut ebitatu eta glandula mamarioetan jarri behar dizkizut eskuak, ya-lo-kreo, oh you handsome devil.

*** ***

(Xerezaderen Artxiboan grabatua ere gelditu da hau; eskerrik asko Ana Moralesi, eta honekin batera irakurri ziren ipuinen autoreari, Iban Zalduari)

(Kafe Aleak liburua laster egongo da kalean. Aurre-salmenta antolatzen ari dira, eta ale batzuk enkargatuz proiektua bultzatzeko aukera duzu. Informazioa horretarako, KafeaEtaGalletak.com webgunean topatuko duzu)

Eskerrik asko Squishdot, ondo zerbitzatu diozu Sustaturi

Luistxo Fernandez 2012/06/22 14:05


2001eko azaroan martxan jarri zen makina bat datorren astean geldituko da. Sustatu.com, euskarazko lehen bloga, Squishdot izeneko azpiegitura batekin hasi zen lanean 2001. urtean, eta laster, 11 urteren buruan, software hori gelditu egingo da.

2000. urtean hasi ginen CodeSyntax antolatzen hiru lagun, eta Gari Araolazak erabaki zuen Python programazio lengoaia izango zela enpresaren lanabesa, eta zehatzago esanda, Python-ekin garai hartan funtziona zezakeen aplikazio zerbitzari txukun bat: Zope.


Argazkiak.org | Sustatu zaharra © cc-by-sa: sustatu

2000. urte amaierarako, Slashdot, Kuro5hin edo Barrapunto bezalako weblog edo albistegi bat sortzeko ideia mamitzen hasi ginen. Eta 2001. urtean, ideia hori gorpuzten joan zen. Orduko Slashdot-en funtzionamendua Zope-n erreplikatzen zuen software puska batean fijatu ginen: Squishdot (1999an sortua, nik uste).

Beraz, Sustatu martxan hasi zenean, Squishdot-en gainean hasi zen lanean. Gaur arte. Squishdot-en garapena aspaldi samar eten zen, beste blog plataforma batzuek ordezkatuta. Baina software sendoa zen gero, eta ez dio hutsik egin Sustaturi. Gaurko egunera arte, datubaseak 10.838 artikulu eta 19.787 erantzun bildu ditu.

Datorren astean, azken artikulua kargatuko dugu datubase horretara. Sustatu ez da itxiko, baina atseden hartuko du orduan, ordu batzuetarako. Ondoren, azpiegitura berri batekin berraragiztatuko da, Django aplikazioarekin egindako sistema eta datubase batekin. Artikulu eta erantzun guztiak salbatuko dira, sistema batetik bestera migratuko dute, URL originalekin.

Argazkiak.org | Sustatu 2008 © cc-by-sa: sustatu
Editatzeko eta parte hartzeko moduetan aldaketak gertatuko dira, bide batez, erabiltzaileentzat erosoagoak izango direnak, gure iritziz. Sustatu askoz sozialagoa ere izango da, lotuagoa egongo da Twitter eta Facebook-ekin.

Eta uztailean, are aldaketa inportanteagoak gertatuko dira. Adi.

Squishdot, berriz, oraindik bizirik geratuko da webgune batean edo bestean... Sustatun hainbeste lan eginda, tripak ezagutzera iritsi naiz ni bezalako desinformatiko bat, eta kariñoa ere badiot. Halaxe moldatu ahal izan nuen Azpitituluak.com duela urte batzuk, eta dabilen eran ikusita, milaka pelikularen azpidatziak gordetzeko gauza izango dela uste dut. Hamar urte barru ere primeran funtzionatuko duela iruditzen zait.

Squishdot.org, azkenik, softwarearen erreferentziazko webgunea, aspalditik dago iraungita. Gaur egunean, bertan, kastitate maskulinorako BDSM-tresneria saltzen dute.



Argazkiak.org | Sustatu berdetuta © cc-by-sa: sustatu

Beleak finantzatzen, euskal eredua

Luistxo Fernandez 2012/06/01 10:10

Hiru lagun ere ikusi ditut azken egun hauetan Crowdfunding delakoari Crowfunding deitzen. Gauza bat da finantziaketa kolektiboa, eta besteak beleak finantziatzea! Azkena, Lorea Agirre Berrian, eta hari tuitak egin dizkioten batzuen mezuak, Loreak ez baitu pertsonalki ezer tuiteatzen.

Txikikeria ortografikotik haratago, Agirrek eta beste batzuek nabarmendu izan dutena da formula hau ohikoa izan dela eta dela gure herrian, euskalgintzan. Jakina ba. Kanpoan asmatutakoa ez da, ez horixe.

Hala ere, auto-indartze militantetik haratago, apurtxo bat gehiago esan daitekeela okurritzen zait. Euskal eredua, gure labela, the fucking Basque model, normalean, iruditzen zait niri, honela izaten da:

  1. Dena petitcomitean, itxian lotu.
  2. Dirua lortzeko crowdfunding (edo, modu prosaikoagoan ere, dirurik tartean izan barik, babesa lortzeko deia izan daiteke hau, Herriari egiten zaiona; baietza eta atxikimendua bilatzen da edonola ere, ez eztabaida eta sormen kolektiboa).
  3. Argudio espiritualak 2 justifikatzeko, 1 aipatu ere ez.

Salbuespenak badaude, dena den. Nik ezagutzen dut baten bat, zorionez.

Agian Crowdsourcing behar ote dugun... ideiena batik bat.

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.