Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Twitter ontsa euskaratzeko bidea

Luistxo Fernandez 2012/05/17 07:49


Pozten naiz Twitterrek bere interfazea euskaratzeko aukera zabaldu duelako azkenean. Borondatezko lanean oinarrituko da, eta horrek akaso uzkur jartzen ditu batzuk, baina uste dut metodo bera erabili zela bere garaian Facebook edo Google-ren lehen bertsioak euskaratzeko, eta alde horretatik nik ez dut eragozpen handirik Kaliforniako miliotsu berriei laguntzeko, euskaldunontzako metodo praktikoena horixe baita, egin beharrekoa guk geuk egin eta ez kexatu.

Dena den, badaude gauzatxo batzuk...

Jana eta menuak. Aspaldi esan nuen: menuak baino, jana da inportantea. Gaur arratsaldez mintegi batean izango naiz Bilbon (Internet eta hizkuntza aniztasuna, sarrera doan), eta ideia hori errepikatzeko asmoa neukan (ingelesez, bide batez). Motibo gehiagorekin gaur.

Pertsonak, nukleo sinbolikoa. Twitter oso-oso inportantea dela uste dut. Sare sozial baino gehiago, hedabide apurtzaile bat (disrupzioa dakarrena). Kultura transmisiorako gakoa, komunitate baten bizitasunaren adierazle, meme-en iturri eta bideratzaile, esperientzia estetiko bat ere bai (eta lastima de Fermin Etxegoien ez enteratu izana). Twitterren euskara egotea oso inportantea da, eta bereziki, funtsezko informazioa eta iritzia euskaraz mugituko duen erdigune edo nukleo txepetxiano bat gorpuztea. Ezagutzen nautenek badakite halako kanpaina bitxi batean nabilela aspalditik: Mila euskal intelektual Twitterrera. Frakaso bat izan da, neurri handi batean, orain arte. Baina ez dut etsitzen, eta orain bariante batekin nabil: Mila euskal intelektual Twitterrera, banan banan. Pertsonalki, oso harro nago azken hilabete pare honetan neure iritziz oso ahots koalifikatuak gehitu ditudalako Twitterrera:


Horrelakoekin ekartzen da euskara Twitterrera, menuak itzultzen baino hobeto. Lander Arbelaitz kazetari gazteak meritu handia du gaur Twitter euskaratzeko aukera izateagatik, eta zoriondu behar dugu denok. Baina ez berak ez neuk ez inork ez du komentzitu Pello Zubiria tuiteatzen hasteko (Goardia Zibilak ere ezingo duela badakigu, eta hala ere... JODER PELLO YA TE VALE). Neure ustez, menuak itzultzea baino egiteko funtsezkoagoa da hau: Lortu zerbait esateko daukan euskaldun bat Twitterrera ekartzea. Gutariko bakoitzak ezagutzen du Twitterren guk baino gauza inportanteagorik esango lukeen pertsonarik. Komentzitu ditzagun. Bakoitzak bana.

Inbidia. Nik azpitituluak itzultzen ditut. Oso tarteka, batzuetan film onak, eta beste batzuetan ez hain onak. Tabarra ere ematen dut, benga, itzuli zuk hau edo gogoko duzun hori... Oso arrakasta mugatuarekin. Twitter itzultzen jende mordo bat hasi da bart gauean, tartean nik zerbait azpititulatzeko proposatu izan diedanik. Zer egingo diogu ba. Hala ere, film bat azpititulatzea, hemendik aurrerako ondare bat sortzea da, 20 urte barru ere balioko duena. Eta zuk azpititulatu duzuna seme-alabekin, lagunekin edo maitaleekin partekatu eta disfrutatzea plazer handi bat da. Gaur, neure bakardadean, Bollywood-eko hit bat itzultzen hasi naiz; hindieraz da audioa, numerito musikal eta guzti jarriko dut euskaraz. Mundua pittin bat hobetzeko balioko duelakoan, ni aurrera noa. Azpitituluena ez bazaizue erakargarria iruditzen, beste alternatiba bat proposatuko dizuet: Wikipedia.

Amaitzeko, Twittereko interfazea (edo inor komentzituz euskaldungoaren erdigunea bera ere) euskaratzera zoazenoi, aholku bat: kontuz idiotekin.

Disney Channel, txiripazko hurbilpen pedagogikoak

Luistxo Fernandez 2012/05/09 13:56

Hezkuntza eta teknologia, horretaz asko eta sakon informatzen ari den biltzar batean nago atzo eta gaur, CICD-n, Donostian. Nerabeak eta smartphoneak, hezitzaile eta gurasoen papera... Anibal de la Torre andaluziarra entzuten disfrutatu nuen atzo. Teknologia eta hezkuntza binomioan, beste gauza askoren artean, ideia sinple bat bota zuen: kuriositatea, eta zentzuna.

Teknologiara kuriositatez hurbiltzea inportantea da. Joan den larunbatean, sofan geuden iluntzean, ni eta nire bi seme-alabak. Telemandoa beren eskuetan zegoen eta Disney Channel zegoen. Ez oso pedagogikoa, suposatzen dut. Baina smartphonea atera nuen, eta Shake it Up eta beste programa bateko kantuak teknologiak nola asmatzen zituen jolastu egon ginen. Shazam du izena, eta sarera konektatu zaudela, entzuten duena igarri dezake, zein musikari, zein kantu (katalogo anglofonoa, nagusiki, ez esperantzarik izan euskal kantagintzarekin). Liluragarria iruditu zitzaien umeei, halaxe baita, liluragarria. Bide batez, kantu pop majo hau ezagutu nuen, komertziala eta biguna, baina polita, eta tira, jaitsi dut jada Download Helperri esker.

Baina triunfo txikia hurrengo goizean etorri zen, alabak (8 urte) galdetu zidanean: Aita, Shazam-ek nola funtzionatzen du?

Shazam interesatzen bazaizu, mikro-ipuin euskaldun batean ere irten da :-)

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.