Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Alferrean

Luistxo Fernandez 2012/04/22 11:30

Alabak abesbatzean aurten ikasteko dituen kantuen artean mix berezi bat dago:


The Lazy Song azken honen berri ez nuen. 250 milioi ikustaldi ditu Youtuben. Sekulako koreografia da, sekulakoa. Eta hitzak ere badu bere zera, prokrastinazioaren aro eder honetan.

Kontua da hau, ingelesez barik, euskaratu egin duela baten batek abesbatzean kantatzeko. Googleko bilaketek ez dituzte euskaratutako hitzak inon detektatzen, eta beraz, gordea gera dadin hemen kopiatuko dut, Alferrean:

Alferrean pasa nahi dut eguna
Ohean etzanda nago
Telefonorik ere ez, utzi mezua mesedez,
Zeren gaur ere ez dut ezer egun nahi

Sabaira begira pasako dut eguna.
Telebista piztu, hau bai nire laguna
Inork ez dit eragotziko, ez!

Sofan etzanda nago, mantaren beroan,
gustuko musika burrunda eroan
nire gazteluan neu errege!

Esango dut berriro, berriro, horrela delako
Alferrean pasa nahi dut eguna

Alferrean! uuh!

Bihar jaikiko naiz Wii-an jolasteko
nire lagunekin kalera joateko,
egun bikaina izango da!

Azterketetarako ikasi beharko nuke,
lanean burubelarri, lanean jo ta ke
hori gehiegi litzateke.

Esango dut berriro...

Kafe Txinatarra, Asier Hormaza eta Kandido Urangarekin

Luistxo Fernandez 2012/04/17 21:15

Euskarazko antzerkia ikusten izan nintzen asteburuan. Kafe Txinatarra, Txalo Produkzioen lana, bi aktore taula gainean, Asier Hormaza eta Kandido Uranga. Bi aktoreen lana bikaina iruditu zitzaidan, profesional euskaldun primerakoak dira. Baina antzes-testuak apur bat ase gabe bezala utzi ninduen.

 


 

Ez naiz batere espertoa, baina badirudi Ira Lewis-en aktore-lanari zukua ateratzeko pieza bat dela (zinera ere eraman izan da Chinese Coffee), tete-a-tete interpretatibo bat, eta gaiaren aldetik ere, kreazioaren eta testu baten ibilbide zailaren inguruko hausnarketak ere baditu bere baitan. Oso teatrala beraz. Istorio hori gorpuzten, dialogoetan ñabardurak eta txinpartak ateratzen, elkarrekin eta elkarren kontra imintzio eta errepliketan, Uranga eta Hormaza oso oso ondo. Baina era berean, ai, sentsazio bat barruan, teatraltasun hori teatreroei erakargarri izan arren, ez ote den apur bat hotzagoa publiko orokorragoarentzat. Nik halaxe sentitu nuen, kontraste egin zidan barruan abenduan ikusitako beste bi piezarekin (La Revoltosa zarzuela eta Arra Arraroa, Oier Guillanena), zeinak ikuslearen (neure) gozamenerako lan gisa hartu nituen.

Enfin, 2012tik tumblr bat ere badut eta bertan kontsumitzen dudan kultura aipatzera behartuta sentitzen naizenez, han erreferentzia gordetzeko, hemen berba hauek idazteko beharra sentitu dut.




Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.