Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Pinterest, tutorial partikular bat

Luistxo Fernandez 2012/02/07 17:00

Gustatzen zait Pinterest. Udan ezagutu nuen, bidaian nengoela Estatu Batuetan. Fan bihurtu nintzen berehala. Kromo bilduma bat da niretzat. Tutorial txar bat gomendatzen aurkitu dut lagun bat, eta beste bat idatzi dut nik.

1. Eskatu gonbidapena. By invitation only dela gezurra da, besterik gabe, atzerapen programatu bat dauka  eskaera egiten baduzu.

2. Analogia honekin geratu zaitez: kromo bilduma bat da. Kromo bakoitza da pin bat. Sub-bildumatan antolatu daiteke, horiei esaten zaie Board. Bisualki erakargarriak zaizkizun gauzak gordetzen joateko kaxoiak... horiek dira boardak.

3. Konektatu Twitterrekin.

4. Facebook bidez konektatzen bazara, jendea topatzeko izan dadila. Konexioa egin ondoren, settings-etan desaktibatu Facebook-eko konexioa. Alderdi txungoak ditu Facebookeko Pinterest aplikazioak.

5. Bilatu, eta jendea aurkitu, eta jendeari osotasunean egin follow, edo jende interesgarriaren board interesgarrienei egin Follow

6. Egin follow gutxienez 30 bati edo.

7. Instalatu Pin it botoia edo pinmarklet bookmarkleta. Ez badakizu zer den bookmarklet bat, ikasi behingoz. Erabili bookmarkleta gauzak igotzeko.

8. Zure board edo bilduma edo kajoi propioak sortzen joan. Nahi duzun bezalakoak.

Oso gauza desberdinak gorde daitezke. Nik, adibidez, sujerenteak iruditzen zaizkidan irudi pop basko edo euskaldunak biltzen ditut honetan, eta beste honetan berriz, nabigatzen nabilela aurkitzen ditudan gauza interesgarriak, gero seme-alabekin etxean komentatzeko balio didatenak. Elkarlanean ere egin daitezke, adibidez, Gaurko Hildako, #respect.

Sexual, el pueblo

Luistxo Fernandez 2012/02/06 06:19

Aste honetan Txalaparta argitaletxea kexatu izan da liburu baten azala zentsuratu diotela Facebook-en, titi bat agertzen zelako. Honako hau da kendu duten irudia, Itziar Zigaren Sexual Herria liburuarena:

http://media-cdn.pinterest.com/upload/28217935134938202_reNHrEx4_f.jpg

Zentsura deiadarrak (Txalapartarena letra morez Zigaren blogean bertan) eta elkartasun eskeak zabaldu dira... Nik ez dut batere argi kontu hau. Batetik, joan nintzen Txapalartaren webgunera eta ikusi nuen zaila zela aurkitzea portada, eta txiki-txiki besterik ez nuen aurkitzen: titirik ikusi ere ez. Baina tira, gero jakinrazi zidaten egon, bazegoela. Egon bai, baina ezkutuan: gertatzen dena da http://www.txalaparta.com dagoela diseinatua dagoen moduan, eta irudiak supertxiki ageri dira. Baina azala handi erakutsi nahi badute, erantzukizuna eurena da; moldatu, erakutsi eta kito. Ez Facebook-eko horma itxien bestaldean... Bestalde horretara bazoaz, haien baratzera, zu moldatu haien baldintzekin! Nik neska bat pelotetan erakutsi nahi badut, neurean erakusten dut eta kito.

Horrez gain, duela hilabete edo orri oso bat liburuaz, ez dakit elkarrizketa edo zen Berrian. Bla bla bla asko, Gaztelaren inperialismoak Euskal Herritik uxatutako sorginen askatasuna eta holakoak... ez zen aipatzen orri osoan ea ze hizkuntzatan zegoen liburua (flipatzekoa ezta?). Galdetu nuen eta konfirmatu zidaten: gaztelaniaz da Sexual Herria. Ondoren, tuitetan komentatzen ari nintzela liburu hau gaztelaniaz zela, batek esan zidan Zigak sexilioan Bartzelonan 5 edo 6 urtean ez duela katalanik ikasi. Txortan egin zuela ematen du, ostera, eta pozten
naiz. Baina, liburuak ez du bakarrik sexuaz jarduten, baizik eta nonbait kontzientzia politiko-historiko-nazional baten kontuarekin nahasten da, eta, nire ustez, koherentziaren izenean, hori ez dago oinarri espainol horietatik abiatuz tragatzerik. Sartu, atera, ireki, tragatu, eta irentsi. Sexuaz ari bagara, ados. Baina beste hori, ba ez, nik ez dut tragatzen.

Eta purrustadarekin ere, esango dut, guztiarekin, gustatzen zaidala Itziar Zigaren diskurtsoa. Hiru mamu gaizto aipatu baditut post honetan (heteronorma patriarkala, Facebook, Espainia), onartu behar da lehenaren kontra erradikalki eta zorrotz ari dela; txalotzekoa deritzot horri. Ez dut esan nahi besteetan ere berdina eskatu behar zaionik (bereziki, ni neu beharbada uzkur eta konformista azaltzen naizenean hiru mamuokin) baina bai, bederen, zalapartan koherentzia estetiko pixka bat izatea ez litzatekeela txarra.

Estaturik gabe, euskara ez da salbatuko; eta 7 probintziena ameskeria da

Luistxo Fernandez 2012/02/05 12:40

Duela egun batzuetako Argia Sarietan, Txillardegiri eskaini zioten merezimenduzko saria. Haren semeak, Joseba Alvarezek, jaso zuen familiaren izenean, eta berba batzuk esan zituen. Aitaren esaldi bat aipatu zuen prezeski: Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; baina estaturik gabe, ziur ezetz.

Eta horren harira, Alvarezek, ezker abertzalean burukide, eta kartzelan ere egon dena jardun politiko horregatik, gehitu zuen aro berri bat ireki dela, eta itxaropenak, eta...

Bai... Nola? Ze independentzia proiektu dauka ezker abertzaleak? edo, hedaduraz, abertzaletasunak? BATERE EZ. Hori da egia.

Duela egun batzuk, Eskoziako independentzia erreferendumerako galdera jakin zenean, Karmelo Landak (Alvarez bezala, ezker abertzalean burukide, preso politikoa izana) hauxe bota zuen Twitterren:

Do you agree that Euskal Herria should be an independent country?

Eskoziako galdera bera da. Erantzun nion berehala: halakorik inprimatzeko prest zaudete? non? noiz? ze eremutarako?

Eta Landaren epaia: Euskal Herri osoan eta irabazteko gehi errespetatuak izateko aukera izan bezain laster!

http://irudiak.argazkiak.org/f0cc464fc247df92c934743d63e97943_o.jpg

Ba ez. Horrela ez. Ezinezko eszenario bat da Karmelo Landaren hori. Horrelako planekin, estaturik gabe geratuko gara, eta euskara ez da salbatuko.

Batzuetan pentsatzen dut kontu honekin matraka ematen duen bakarra ni naizela. Baina, ez dakit, akaso ez. Pako Aristi ere gaizto samar dabil azkenengoetan, eta elkarrizketa egin behar ziola eta, galderak eskatu zituen Berriako kazetari Edu Lartzangurenek. Nik hau bota nion: 7 probintzien lurraldetasuna sakratua bada, nola independentzia? alternatibarik? Lartzangurenek Aristiren erantzun hau pasatu zidan (espazio kontuagatik, ez zen sartu elkarrizketan). Hor dago Irlandaren kasua. Iparraldean ere lortuko dute erreferenduma, beranduago bada ere.

Bai, hor dago gakoa. Partizioa. Tabu beltz bat. Suposatzen dut hori dela Aristik plazara atera nahiko lukeen puntuetako bat. Iruditzen zait Koldo Izagirre ere badabilela halako ideia horrekin bueltaka, baina ulertzeko zailagoa zait Izagirre, garbi #daitort hori.

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.