Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Saraolariak

Luistxo Fernandez 2011/06/26 10:18

Gero eta *sarao* gehiago dago. Edo errezelo hori daukat nik. Era bateko edo besteko jardunaldi edo topaketak biderkatzen dira, berrikuntza edo teknologia dutenak ardatz, eta uste dut ez dela txarra. Gauza batzuk instituzionalak izaten dira, herri-erakundeek antolatuak, edo baita enpresa eta klusterrek babes publiko handiarekin; baina beste batzuk herri-ekimen itxurakoak dira, edo pribatuak, nahi bada. Donostian daude, kategoria horretan, Pintxos & Blogs, Pecha Kucha Donostia, The Melee, Donostweets...

Euskarak oso leku murritza izaten du Donostian izaten diren gauza hauetan. Nire sailkapen bikoitzean, multzo pribatu horretan jarritako saraoetan ez badago euskararik, kexatzeko aitzakia gutxi. Ez besteei begiratu, geure buruari baizik. Beharbada euskaldunen ekimen faltagatik da, gizarte zibilari gauzak irteten zaizkio irteten zaizkion bezala... Ekimen instituzionalago edo ofizialki babestuetan, ordea, desoreka zuzendu egin beharko litzateke, eta euskal hedabideen taldeak egindako eskaeretan bezala, agian, adibide bat jartzeagatik, esijitu behar da Euskadi Innova bezalako ekimen batek bideratzen dituen gauzetan, euskarazkoak izatea % jakin bat (horixe uste dut nik).

Sarao hauetan gauza interesgarriak entzuten dira. Ez beti, baina askotan bai. Networking egiteko ere onak dira, eta hori izan daiteke askotan Komando Kanape estiloan lagunartean elkartzeko aitzakia, eta baita kontaktu profesionalak lantzeko ere, negozio eta proiektu aukerak. Euskarazko saraolariak askotan "errepikatuak" gara, entzule edo hizlari, gehienok ezagutzen dugu elkar, eta baita elkarren diskurtso edo harrikadak, eta are gehiago, gure powerpointetako irudi jakin batzuk ere (ni bekatari). Errepikatuak izanagatik ere, uste dut, ideia haztegi onak daudela saraolari euskaldunen zerako zer hauek. Gorka Julio Teketen-en *matxinatze atalasearena* entzun izan dut behin baino gehiagotan, edo Ana Malagonen sarkasmo politikoak, baina errepikatuagatik ere, uste dut horiek direla euskal intelektual berriak, Malagon eta Teketenek produzitu zutela, urgentziaz produzitu ere agian (baina beharra zegoen), #15m plazetako mugimenduaren inguruko lehen hausnarketa euskaldun interesgarriak. (Gorka Bereziartua eta Beñat Sarasola literato bollazoek ere bai, eman dute berea jarraian, aitor dezagun).

Saraolarien diskurtsoak eta eragite kultural-intelektualak, oro har, euskaraz zein gaztelaniaz, abantaila bat du gaur egunean gainera, eta da elkarrizketak jarraitu egiten duela, kanapeetatik haratago ere bai, elektronikoki Interneten, Twitterren batez ere, baina baita blogetan ere. Entzuleen galderen txanda, ohikoan isila euskaldunon artean, luzatzen ahal da Twitterren bazaude, adibidez.

Hala ere, badago saraolarien multzotik kanpoko intelektualtasun euskaldun bat. Zaharragoa, agian, edo apur bat uzkur legokeena teknomunduarekin (hau da nire harrikada errepikakor horietako bat, badakizue ezagutzen nauzuenok). Eta uste dut pentsamendu eta hausnarketa agian tradizionalago horren premia ere badagoela, diskurtso saraolariarekin bat egin beharko lukeela.

Alde horretatik, azken asteetan, entzun izan ditut saraolariak ez diren zenbait euskaldunen hitzaldi benetan bikainak. Are gehiago esango dut: diskurtso espektakularrak, gu saraolariok errepikatu ohi ditugun ideiak baino mila bider zorrotzagoak. Aipatuko ditut batzuk, ni entzule izan naizenak, kronologikoki:

Odriozola eta Arrieta.

Joxe Manuel Odriozolaren liburuaren aurkezpena, elkarrizketa gisa eramana Joxe Austin Arrietaren laguntzaz. Odriozola ondo egon zen, baina Arrieta, bueno, aurkeztuaren gainetik aurkezlea. Arrieta totala da hizketan, benetan. Gaiztoa eta gozagarria.

Koldo Izagirreren hitzaldi bat.

Honetaz hitz egin nuen Sustatun.

Itziar Laka hizkuntzalaria.

Joan den asteazkenean, Donostian, BCBL zentroak antolatua Kutxarekin batera. Andia kaleko Kutxa aretoko hitzaldietan izaten den bezala, entzule erretiratu zaharrunoak gehienbat, eta hitzaldia ere erdaraz izan zen, baina hala ere, hizkuntzaren inguruko hausnarketa ikaragarri polit eta inpaktantea izan zen. Gainera Lakak teknologiarekin tratu apur bat gehiago du Odriozolak edo Arrietak baino, eta powerpoint oso landua ekarri zuen, audioak eta bideoak txertatuta, eta publikoa ariketak egiten ere jarri zuen ("orain itxi begiak eta entzun hau, gero ireki eta..."). Benetan, Lakak eman zigun hitzaldi bat hor TED Talk nazioarteko mailakoa. Urteetan Donostian ikusi dudan aurkezpenik onena, eta diodan bezala, erdaraz izan zen arren, euskaraz edo ingelesez berdin edo hobeto moldatuko den ikerlari eta komunikatzailea da Laka.

Maite Arroitajauregi, Mursego.

Laka bezala, Powerpointarekin hau ere, joan den ostiralean. Hau, bueno, sarao horietako batean izan zen, Pecha Kutxa Donostian. Formatu bitxi hori, non powerpoint batean 20 edo 30 diapo dauden, eta programatzen den 15 segunduero pasa daitezen, denbora finkoa duen 5 minutu berotan erre dadin esan beharrekoa. Hala ere, Mursego ez da batere Internetekoa, bitxia bada ere, haren lehengusina baten mutilagunak eramaten dio Facebookeko orria, eta bertan agertu ere ez zen egin Pecha Kuchakoa ze neskak ez zion abisatu community manager horri!
Hala ere, aurkeztu zituen 5 minutu horiek izan ziren marabilla bat. Eskuz egindako marrazkiekin, autobiografia bat kontatu eta ilustratu zigun Maitek. Euskara hutsez erdarazko ebento batean, haretxek jaso zituen txalo handienak iluntze horretan.

(...)

Eta benetan, hauen ondoren berriz pentsatu dut, beri bezala, pertsona hauek zelan ez daude kanapeen ondorengo tekno-elkarrizketan... Zergatik ez da sartzen Koldo Izagirre #murielkeriak idazten Sarasola eta Bereziartuaren arteko tuit-trukeetan? Non jokatzen du petankan Joxe Austin Arrietak omenaldi baten zain dagoen bitartean? Zergatik ez dago Twitterren Mursego, Tracey Thorn dagoen bezala?

Sarao asko dago, saraolariak gero eta gehiago ere bai, agian. Baina gehiago behar ditugu. Denak behar ditugu.

Mundua konpontzen jarraitzeko: adibidez, Igeldotik, independentzia hizpide

Luistxo Fernandez 2011/06/02 07:22

Zarauzko Putzuzulo gaztetxean antolatutako gauza batera joan nintzen joan den larunbatean. Imanol Epelde 27zapatak deitu zuen, eta Gorka Julio Teketenek jarri zuen edukiaren muina: sare sozialen aurrean (edo barruan, edo gainean), tresna eta estrategia beregainak izatearen garrantziaz. BlogSoviet esperientzia azaldu zuen neurri batean Teketenek, Zarautzen halakorik sortzea edo piztea zen akaso Epelderen nahia, baina ez zen aborigen asko hurbildu, lastima. Han zeuden ostera Bacalhau konspirazioko batzuk (Teketen repe dago beste ekimen horretan ere), eta haien zerako zera hobeto ulertu nuen. Azkenean, sovietak, sare sozialak, bacalhau esperientzia eta beste hainbat osagarrirekin, goizeko saioaz gain, bazkaria eta gauera arteko tertulia ere bai lagun artean, mundua konpontzen (gainera, susmatzen dudanez, ni Donostiarantz despatxatu ondoren, jarraitu egin zuten).

Gogoa eman zidan mundua konpontzen jarraitzeko, lagun horiekin, eta beste batzuekin ere, eta proposatu diet batzuei beste mundu-konponketa saio bat non izan daitekeen, eta zertaz: Igeldon, jaien inguruan (Sanpedroak, ekain amaieran), gai hauen inguruan hausnartzeko: independentzia, lurraldetasuna.

Deialdiak ez du beste zehaztasunik oraingoz. Ez toki jakin bat, ez egunik, ez asistentzia baieztaturik, ez edukirik (nik hitz egingo nuke akaso, neure astakeriak botatzeko, baina neuk bakarrik jarduteak ez du zentzurik).

Beraz, deskonferentzia hau (des)antolatzen jarraitzeko, proposatzera nator erabiltzeko aurreko mundu-konponketa saioan Teketenek eta Asier Artsuagak azaldu ziguten tresna: StatusNet. Twitterren bertsio lokal bitxi bat, librea, informazio-truke beregainak izateko balio dezakeena, eta era berean, Twitter zabalagoarekin lotzeko aukera ematen duena. BlogSoviet komunitatean jarri dute StatusNet instantzia bat, eta bertan eman dut izena. Eta bertan sortu dut, halaber, Mundu Konponketarako taldea, Mundukon,

Orduan, ekain amaieran Igeldon independentziaz jarduten mundua konpondu nahi baduzu, proposatzen dizut:

  • Eman izena Blogsoviet-eko Status-ean (Twitterreko erabiltzaile-izen bera jartzea, lagungarri), eta lotu ezazu kontu hori konfigurazio edo settings-etan zure Twitter kontuarekin.
  • Ondoren, eman alta Mundu-Konponketa taldean.
  • Idatzi mezuak Status-net, !mundukon konbentzioa erabiliz, eta han pilatuko dira.


Aurreko guztia oso konplikatua iruditzen bazaizu (oso posiblea), edo oztoporen bat topatuko bazenu Blogsovieteko tresna horretan (doiketa lanetan dihardute, spam arazo batzuk tarteko) eta hala ere, interesa baduzu, utzi erantzuna hemen bertan, edo egin aipua @luistxo-ri edo #mundukon gakoa erabili Twitterren.

Zenbait agerpen: Visio, KFE Donostia, Aporta

Luistxo Fernandez 2011/06/01 12:08
Hurrengo egunetan tokatuko zait hitz egitea zenbait gauzatan.

Etzi, ostirala, ekainak 3, Bilboko Visio 2011 biltzarrean. Erdaraz hitz egingo dut, Umap eta adimen kolektiboa; tira, neurri batean Josu Azpillaga lankideak IEB biltzarrean azaldu zuenaren erdaratze bat da, euskaraz egindako teknologia beste audientzia bati helarazteko aukera bat.

Datorren asteartean, ekainak 7, Donostiako KFE topaketan egongo naiz. Kontu honetan sartu naiz Ainhoa Ezeizak zirikatuta, eta ez dakit nik asko laguntzen ari natzaion, ze hezkuntzaren mundu pedagokiko hori apur bat urrun geratzen zait...

KFE izeneko gauza hau hausnarketa kolektibo moduko bat da, eta hainbat hiritan egiten da, egin izan da aurretik ere beste hiru aldiz (datorren astekoa da #Kfe04). Donostian, estreinakoz, euskaraz izango da. Info apur bat Sustatun eta Ainhoaren webgunean. Hiri hezitzaileak da gaia, baina tira, nik sormenak heziketan duen tokiaz zeozer kontatzen saiatuko naiz, ez dakit hiriarekin zerikusia duen ala ez, baina aurkezpentxo bat eroango dut, heterodoxiaren eta probokazioaren artean. Zita izango da Astoria 7 hotelean, 18.00etatik 20.00etara. Animatu, oraindik badago tokirik.

Hurrengo astean, gainera, beste gauza batean ere egongo naiz: Aporta konferentzia, Madrilen izango dena, ekainaren 9an. Datu publikoen berrerabilerari buruzko mahainguru batean izango naiz han.

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.