Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Aupa Ronnie

Luistxo Fernandez 2011/04/16 09:05
Munduko Snooker

txapelketa hasten da gaur. Hau da nire heroia, Ronnie O'sullivan, munduko makarrarik pertsonalki desatseginena, eta billaristarik onena. Alkondara berria estreinatu du denboraldi honetan, mauketan bordatuta, bi seme-alaben izenak, kamionero baten moduan. Eskumakoan, Lily. Gusto oneko makarra bat.

 

http://i.imgur.com/8Fy6f.png

 

 

Ez dago argi baina zer egingo duen Ronniek. Denboraldia ondo hasi zuen, makarrada izugarria egin zuen hasierako torneoetako batean (ikusi lehen bideoa Sustatun), baina gero, lehiaketa batzuk albo batera uzten hasi zen, eta besteren batzuetan, lehen partidan, kaleratua (oso arraroa, bere kalitatearekin). Esan zuen duela egun batzuk ez zela aurkeztuko Munduko Txapelketara, hurrengo egunean baietz... Ikusiko dugu zer egiten duen. Bestalde, sentsazioa orain beste bat da, Judd Trump, 21 urteko gaztekoa, egindako azken torneo profesionaleko irabazlea (Txinako Opena), eta hain zuzen gaur hasten du partida oraingo txapeldun Neil Robertson-en kontra

. Txapelketa interesgarria izango da.

 

Ni Trump-ekin. Eta bestela, Ronnierekin. Ez nuen maiten-maiteena, baina mauka hori ikusi ondoren, irabazi nau, arrazoi aski zentzuzkoengatik.

Mad Men: fantasiak eta post-feminismoa

Luistxo Fernandez 2011/04/12 18:05

Mad Men ikusteko gomendatu zidaten, eta lehen denboraldia bukatu dut. Telesail erakargarria da, badu faszinazio puntu bat. Zergatik? Emakumezko/gizonezko harremanak dira haria. Baina batez ere, neure ustez, gizonezkoen gailentasun flipante hori, eta emakumezkoen objetotasuna.

Historikoki, horrela izan dira gauzak "beti". Eta iraganeko edozein une historikotan kokatutako edozein fikziotan, emakumezkoak gizonezkoen mendean dauden egoera marraztu beharko du idazleak, behintzat fikzio errealista bada egiten duena.

Orduan, jakina den egoera batez ari gara, baina hala ere, beste eszenario batzuk baino gordinagoa da agian Mad Men-ekoa, eta suposatzen dut arrazoi batzuk hauek izan daitezkeela:

  • Meatzariaren etxean gerta daitekeen ar/eme desoreka baino glamurosagoa da Manhattaneko mundutxo hori...
  • Teknologikoki eta soziologikoki oso gertukoa egiten zaigu: New York hori oso geurea da. Ez dago ordenagailurik, baina idazteko makinak, eta autoak, eta bulegoko gorabeherak, komunikazioa eta publizitatea, eta moda, oro har, objektu sozial modernoak dira, 2011. urteko eszenario batekoa da atrezzo hori gehiena. Horrek are txokanteagoa egiten du emakumezkoaren posizioa bulego teknokratiko horietan.


Bi puntu horiek fantasiarako bide ematen dute... Morboa dauka kontuak. Gizonezkoa nagusi sentitzeko zera hori... Morbo horretan intentzio nolabait politikoa ikusten duenik ere badago. Gomendioa egin zidan lagunak ikuspegi post-feminista bat ikusten du telesailean. Eta azaldu izan dit:

"Postfeminismo" delakoa dexente erabili da azken hamarkadetako hainbat serie aztertzeko orduan. Ally McBeal, Sex and the city... horietan emakume modernoak, independienteak, profesionalak agertzen dira (iraultza feministaren onuradunak, azken finean), baina ez da inongo erreferentziarik egiten feminismoari, are burla ere egiten zaio batzuetan. Postfeminismoa hori baita azken finean: bai, feminismoa ondo egon zen, baina orain ez dugu gehiago behar dena lortu baigenuen, beraz, ez zaitezte kontu horrekin astunak izan.

Mad Men-en ere postfeminismoaren arrasto hori igarri daiteke, bi gauzatan, lagun honen iritziz:

  • Garai hura (garai prefeminista) eta gure garaiaren arteko gehiegizko diferentziazioa eginez. Seriea publikoari zuzendutako zaplaztekoz beteta dago. Haurdun dauden emakumeak ardoa edaten eta zigarro bat bestearen atzetik erretzen, adibidez. Ginekologoa bere pazienteak urdangak bailiran tratatzen. Besteen umeak jotzeko eskubidea. Sailari buruzko foro batzuetan esaten ei da, garai hura bizi izan duen jendearen aldetik, hori guztia esajerazio hutsa dela. Baina baita, emakumeekiko mespretxua, lantokian pairatu behar duten sexual harassment hori... ematen du batzuetan seriak modu kondeszendientean jokatzen duela. Hau da: begira ze gaizki bizi ziren orduan, eskerrak iraultza hori egon zela, ezta? Orain bai ondo gaudela, ez dago diskriminaziorik, ez akosorik, denak gara berdinak...
  • Aldi berean, eta kontradiktorioa baldin bada ere, garai horrekiko nostalgia bat. Garai ordenatua, argia, gatazkarik gabekoa: txuriak bulegariak eta beltzak aszensoristak, gizonak lantokian eta emakumeak suburbiako etxe politan. Comme il faut. Eta horretan, noski, zerikusi handia dauka seriearen produkzio glamourosoak. Eta Don Draper protagonistaren erakargarritasunak. Zer gertatu da gizon maskulino, dominante, poteretsu horrekin? Bueltan nahi ditugu! Metrosexualek ez digute ezertarako balio!


Ez dakit ni ote naizen ikuspegi post-feminista horrekin engainaturiko tipoetako bat. Baina onartzen dut, Mad Men-eko ar/eme desoreka horrek dominazioarekin fantaseatzeko bide ematen duela. Eta dominazioaren joko horretan, molatzen du Mad Men-eko giroak. Lentzeriak laguntzen duen moduan fantasian, New York-eko glamurra dugu hor haren parekoa; eta rol-jokoak ere zirraragarri direlako, nik uste dut espetxezulo mediebala baino erakargarriagoa dela hain gertukoa den eszenario hori, jefeak eta idazkariak, edo bulegariak eta etxekoandre txintxoak... Nire begirada maskulinoa da, baina suposatzen dut fantasia honek funtziona dezakeela ikuspegi femenino batetik ere, jokotzat hartuz gero.

Beste alderdi batetik ere erakargarria egiten zait Mad Men. Pribilejiatuen mundu bat marrazten zaigu, gizateriaren gailurrean bizi dira Manhattango kale horietan, baina ez da ingurune aristokratiko bat. Ez da, gaztetxotan ikusitako serie eder haiek bezala, Brideshead Revisited edo The jewel in the Crown, aristokrazia britainiarraren mundua... Lana egiten dute Mad Men horiek produktuak saltzen, eta lehengai bakarra dute, adimena. Etika amerikar hori neuri gustatzen zait. Espainian konexio politikoak eta pertsonalak dira dirua egiteko moduak. Estatu Batuetan, injineritzako buru azkarrenak dira aberatsenak, Bill Gates, Steve Jobs, Facebook-eko Zuckerberg...

Totel ala ez-totel, gu sekula ez gara izango Ingalaterrako errege edo queenmother (Oscarretan tamalez gailendu zen film klasista hori aipatzeagatik), baina Manhattanen...

Hortaz, neuk ere gomendatzen dut Mad Men. Eta bide batez, beste bi komedia, The IT Crowd eta Big Bang Theory.

Lagunengandik jaso ditudan beste gomendio batzuk dira The Wire eta Glee ikusteko. Baina oraindik Mad Men dexente geratzen zait.

Institutuko notak

Luistxo Fernandez 2011/04/10 17:08

Rage komiki parea egin dut. Azaldu nuen hemen zer diren. Bestela nabigatu Reddit-eko sekzio honetatik. Komikion motiboa, semea institutuan hasi dela, eta orain nota serioak ekartzen hasi dela.

Horra lehenengo hiruhilekoan gertatu zitzaiguna:

Rage notak, 1. hiruhilekoa 

Mekanografiaz pentsatzen dudana Sustatun azaldu nuen duela ez asko. Bigarren hiruhilekoan, aprobatu du informatika, baina.

Rage Notak, 2. hiruhilekoa

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.