Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Gure aita Ezkurdi plazan, Durangon

Luistxo Fernandez 2011/03/31 17:19

Hemen beheko argazkian aitarekin nago. Durangoko Ezkurdi plazan, 1997ko martxoan. 60 urte betetzera zihoazen Durangoko bonbardaketaren urteurrenekoak eta erreportaia sorta neukan esku artean, Euskaldunon Egunkarian egin beharreko lanetan. Josu Chueca historialariarekin idatzi nituen haiek, eta erreportaia bakoitzerako lekuko biziak aurkitu genituen. Adibidez, bizirik zen lehen Eusko Jaurlaritzako azken sailburua elkarrizketatu genuen, Gonzalo Nardiz (EAE-ANVkoa). Gero liburua argitaratu zen: Espainiako Gerra Zibila Euskal Herrian. Martxoko erreportaia tokatu zenean, Bizkaiko 1937ko ofentsiba kriminalarena, Durangoko bonbardaketaz berba egiteko lekuko errazarengana jo nuen: aitaren hitzak sartu nituen erreportaian, eta argazki hau ere bai, banidade apur batekin (ez dut damurik, dena den).

 

Horra aita eta biok, hegazkinak nondik iritsi ziren kontatzen. Une horretako eszena bizi-bizi zeukan eta dauka orain ere memorian aitak, 89 urterekin (gerran 15, argazki horretan 75). Baina ez genuen susmatzen, ez aitak eta ez neuk, eszena hori, une horixe bera, argazki batean ikusiko genuenik sekula.

 

Eta, hara!, aste honetan azaleratu da argazkia. Gerediaga elkarteak ekarri du Italiako artxibo batetik. Argazkia  puntu kardinalekin lerrokatu dugu Sustatun, eta neuk gero, Ezkurdi plaza markatu dut gorriz beste irudi honetan

. Hortxe bota zen lurrera aita, eta lehen bonba-pasadaren ostean, jaiki zen, zauri barik, hondakinez inguratuta. Irudiari begiratuta, txiripaz irten zen bizirik. Gaur bete da bonbardaketaren urteurrena; argazkia atzo komentatu genuen etxean.


Sustatun artikulua idatzi dugu irudi horren inguruan
, eta beste bat Gerediagak azaleratutako beste lauzpabostekin. 100 inguru dira guztia. Pozten naiz publiko egiteko gogoz dabiltzalako Gerediagakoak. Ingelesez ere idatzi dut honetaz, eta espainolez ere bai

.

Blogaren urteurrena, gaztelaniazkoaren berraktibatzea

Luistxo Fernandez 2011/03/22 08:50

Gaur zazpi urte blogari hasi nintzela hemen, Ingelesen Hilerrian. Larunbatean izan ziren beste lau urte, tuiterlari estreinatu nintzela. Blog eleanitz gisa hasi zen, baina gero bere adar espainola independizatu egin zen, 2005eko azaroan. Mapamovil gisa bizi izan zen Mapamovil.net helbidean harik eta ugartu eta funtzionatzeari utzi zion. Orain, berpiztu egin dut, El Cementerio de los Ingleses deritzo berriro, baina kokapena ez du hemen izango Eibar.org-en, baizik eta Azpitituluak.com neure jabetzeko webgunea dela aprobetxatuz, ba hementxe: azpitituluak.com/cementerio

Ez dut uste jardun handirik izango denik bertan... Iruzkin sistema ere desaktibatua dut oraingoz. Ikusiko dugu. Bitartean, azalpeneko post labur bat eta ea bigarrena idazten dudan rage komiki honekin... Izan ere, euskarazko lehena sortu ondoren, animatu naiz gaztelaniazko bat egitera, Garoñako eta Fukushima ahizpa bikien kontuak irakurri eta gero.


Argazkiak.org | Rage komiki bat gaztelaniaz © cc-by-sa: Luistxo.F

Egia esan, ez dut gaztelaniazko rage komiki askorik topatu hortik. Talde bakarti bat Facebooken eta apenas erreferentzia gehiagorik.


Hiru agerpen, kultura eta hedabide digitalez mintzatzeko

Luistxo Fernandez 2011/03/17 12:11

Datorren astean bi mahaingurutan eta beste jardunaldi batean izango naiz hizlari. Mahainguruetan sareko hedabideen kontuez jardungo dut, enfoke desberdinekin.

Asteartean, hilak 22, Seguran izango naiz, Kultur Etxean 19.30etan. Iparra/Hegoa jardunaldi sortaren parte izango da hau, eta bertan hizlari egongo naiz, beste lagun hauekin: Mikel Etxeberria (RadioKultura), Pantxika Maitia (Kanaldude) eta Martxelo Otamendi (Berri). Goiburu hau jarri diote mahainguruari: "Zein etorkizun du paperezko prentsak. Sare sozialetan euskararen lekua".

Hurrengo egunean, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako kanpusean (asteazkena 23, 16.30etan, Matteo Ricci eraikinean). Kazetaritza, Internet eta etorkizuna izango da goiburua eta neu Sustatu-ren izenean egongo naiz. Neurekin egongo dira Jon Ordoñez (Berriketan.info) eta Hasier Etxeberria (Zuzeu). Moderatzaile lanetan, berriz, Xan Harriague kazetaria izango da. Gizarte eta Giza Zientzien Komunikazio Sailak gonbidatuta izango naioz bertan.

Baina egun berean (asteazkena 23), hori baino lehenago beste formatu batean (neu bakarrik, aurkezpentxo batekin) egongo naiz hizketan, Eskoriatzako Huhezi fakultatean, Komunikaldiak 2011 jardunaldian. Jardunaldiaren gaia da egile eskubideak. Nik goizez jardungo dut honetaz: Eskubide digitalak: kultura eskubidea, sormen eskubidea, guraso eskubideak... Neure ondoren etorriko dira Ignacio Casado (Euskadiko SGAEko zuzendaria) eta David Bravo abokatu espainiar ezaguna (Jabetza Intelektualean eta Informatika zuzenbidean aditua). Arratsaldez mahainguru bat egongo da, baina ez dut geratzerik izango.


Ume japoniarrak

Luistxo Fernandez 2011/03/12 19:19

Duela hiru urte, martxoan, Japonian geunden. Ume japoniar bat ezagutu zuten geure umeek, Kotato Teshima Berriozabal. Bere aita Paulo Berriozabalek 20 urte egin zituen atzo oinez bulegotik etxera, garraiorik ez baitzegoen Tokyon. Paulo, Kotaro eta ama Lena ondo daude. Eskerrak. Baina gure bihotzak Japoniarekin gaude, hunkituta eta kezkatuta oraindik.

Gaur bi argazki ikaragarri aurkitu ditut, ume japoniarrekin. Lehena, Rikuzentada herrian, badirudi Hiroshima ondorengo irudia dela, 1945ekoa. Umea bizkarrean daraman emakumearen jantzi tradizionalek ere ukitu poetikoa ematen diote, Hayao Miyazakiren anime batean protagonista balira bezala.

Eta beste hau, Fukushima inguruan omen. Ospitale batera iritsi dira umeak, eta Geiger neurgailuekin kutsatuta ote dauden ikusten dute. Beldurgarria.

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.