Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Gustatzen zait Reddit

Luistxo Fernandez 2011/02/27 18:11

Duela gutxi deskubritu dut Reddit. Izenez bai, duela urte batzuetatik, baina ez nintzen interes handiarekin sekula gerturatu Ateismo sekzioa deskubritu nuen arte.

Geroztik, bisitan itzultzeko gogoa etortzen zait, atal hori edo beste batzuetan istorio, irudi eta komentarioak irakurtzeko. Bitxiak dira, adibidez,


Wikipedian arakatu dudanagatik, ematen du Redditeko meme eta idiosinkrasiaren parte handi bat are toki basatiago batetik datorrela: 4chan. Hori ez dut ulertzen, benetan; oraindik asko ikasi beharr daukat Interneten :-O

Meme horietako bat da Rage Comics irudiena. Aurpegi errepikakor batzuekin, MS Paint-ekin egindako komikiak omen jatorrian... Honezkero sarean rage-ak sortzeko tresnak ere badaude. Eboluzio etengabean dabiltzan intra-memeak gainera, meme handiago horren barruan, hala nola AEBetako ateo elkartearen buruak, David Silvermanek, programa batean jarri zuen harridura aurpegiak: horrek bere horretan beste hainbat bertsio eragin ditu, eta Silvermanek berak Facebook-eko bere profilean jarri ditu batzuk!

Nik ez daukat nahikoa irudimenik Rage comic bat neuk asmatu eta idazteko... Baina lehengoan, alabaren eskuan ikusi nuen bat marraztua. Lilik badu gusto berezi bat marrazketarako. Aita tonto bat besterik ez naiz hau esaten, baina uste dut sormen pittin bat baduela barruan. Loratuko ahal da ;-)


Argazkiak.org | Liliren eskuarekin, aurpegiak © cc-by-sa: Luistxo.F

Python programazio lengoaiarekin egina dago Reddit eta soft librea da. Hortaz, suposatzen dut klon bat egitea ez dela horren zaila. Gakoa, ordea, komunitatea da. Funtzionatuko luke, garen txikiarekin? Hori da dudan zalantzetako, eta bestea  antolakuntzaren aldetik anonimotasunean oinarritzen dela eta, pertsonalki, uste dut une honetan euskarazko ziber-eztabaidak identitate argiagoak behar dituela. Hala ere, tentatzen nau ideiak... foro benetan basati eta anonimoa bagenu euskaraz, hala nola Reddit Gonewild (NSFW, eta errejistroarekin bakarrik).

Garaitza bat orrialde bakoitzean

Luistxo Fernandez 2011/02/12 13:41
Pesimista naiz momentu politikoarekin. Ez dut uste Espainiako antidemokraziak aurkezten utziko dionik Sortu alderdiari maiatzeko hauteskundeetan. Eta batzuek idazten dutenean egoera politikoa "ereindako baldintzen" ondoriozko "eremu irabazlea" dela, nik flipatzen dut.

Ez naiz oso optimista momentu politikoarekin. Uste dut albiste ona izan zela ETAren suetena. Haren ondotik etorri daitekeen Bruselako taldearen mugimenduak edo nazioarteko berifikazio hori ere ona izango da (ea gauzatzen den, esaten diguten bezala). Ezker abertzalearen adierazpen argiak ere onerako dira. 
 
Baina pesimista naiz. Ez dut ETA bere burua disolbatzen ikusten (are gehiago: oraindik hildakoak ikusiko ditugun beldur naiz), eta ez dut uste Espainiako antidemokraziak aurkezten utziko dionik Sortu alderdiari maiatzeko hauteskundeetan. Adierazpenetan topatuko dute indiziorik, ez dutela ETAren disoluzioa eskatzen, edo ez dutela iraganeko ekintzarik arbuiatzen, edo ez dakit ze prentsaurrekotan zera galdetu dietela, eta hura erantzun dutela... Txostenak idazten ibiliko dira poliziak dagoeneko. Eta bestela, alderdia legala bada ere, ba ANVrekin 2007an egin zutena, orduan legezkoa baitzen alderdi hura: zerrenden kutsaduraren aitzakia fantastikoarekin zerrendak baliogabetu (honetarako, sikiera Foru hauteskundeetan, akaso izan dezakete defentsarik zerrenda zuri-zuriak aurkezten badituzte, pertsona ez konprometitu edo ezezagunekin; baina honetan ere ez dut esperantza handirik). Jarraipeneko alderdia dela ondorioztatuz, debekua luzatu daiteke; eta, ontologikoki, hara, ez dirudi hain zaila.
 
Horrez gain, batzuek zantzu kezkagarriak ikusi dituzte ezker abertzalean nonbait batzuk uzkur edo traizionatuak sentitu direlako. Eztabaida hari honi erreferentzia egin dio Twitterren jarraitzen dudan lagun batek baino gehiagok.
 
Niri, egia esan, ez dit arreta berezirik deitzen traizioaren mamua aipatu duten horien mezuak. Ezker abertzalean borroka armatuaren eta ETAren aldeko jendea dago, eta Sorturen estatutuetan daudenak irenstea gogorra izan behar du horientzat. Baina uste dut diziplinak eta batasun-beharrak marjinal bihurtuko dituela ahots horiek.
 
Neuri, harrigarriagoa eta politikoki kezkagarriagoa egin zait eztabaida horretan Sorturen aldeko batzuek idatzitako mezu batzuetan ageri dena. 

(9)  Nola ailegatu gara egun dauden baldintzak izatera?Urteetako borrokaren bidez eta aukeratutako estrategia eta taktika ezberdinen bitartez sortu diren ondoriengatik.Argi geratu behar da guk ez diogula inoz uko egingo egin dugun bide eta lan horri
 
(12) Hemen egin daiteken traiziorik haundiena, hain zuzen ere, hainbat gudarik urteetako borrokaz ereindako baldintzak usteltzen uztea da.
 
(14) Ezker Abertzaleak espainiar eta frantziar estatuak erosoen zeuden gatazka eszenalekutik ateratzeko mugimendua egin du, eta aldi berean Ezker Abertzalea proiektu irabazlea izan daitekeen eremura igarotzeko mugimendua izan da. Eta bikain egin du.

 
Beraz, Sortu sortu da baldintza zoragarri batzuetan... Hori da flipantea. 50 urteko garaitza etengabeen ondoren, baldintza ezin hobeak dira orain, eta proiektu irabazlea gauzatzeko eremuan bizi omen dira. Errealismo faltatik nola eraikiko duen etorkizuna ezker abertzaleak, hori ez dut ikusten. Baina tira, euren arazoa. Nik gehiago sinesten dut ETAk bidalitako ordezkariak BBCko kazetariari aitortu ziona, 50 urte alferrik egin zituela borrokan ETAk. Suposatzen dut historia berridazteko premia bizia dutela, egiak aitortu barik, hobeto dela garaitza bat (gutxienez) konstatatzea orrialde bakoitzean. Hau ez da berria, ezker abertzaleak idatziz utzia du Zutik Euskal Herria egitasmo autonomistan, artikulu honetan azpimarratu nuen bezala:

Orain dela 50 urte Euskal Herria hilzorian zegoen eta denbora tarte honetan, borrokari esker, Euskal Estatua eratzeko aukera irekitzeraino ibilbidea egin dugu.


Nik ez dut halakorik ikusten atzera bueltaturik begirada. Nik ez ditut ikusten Xabier Leteren poema hori *sortuz ta sortuz gure aukera...* baizik eta Xabier Letek ETAren 50 urteko historiaz esan zituen beste hauek.

Eta 50 urte asko badira, nahikoa zaizkit 10. Iazko abuztuan, Jose Mari Korta enpresariaren hilketaren hamargarren urteurrena betetzean pentsatu nuen, ze krimen estupido, eta zelako hamarkada galdua harrezkero: ez bakarrik ETAk hil dituenak, baizik eta alderdien legea eta hauteskundeetan iruzurra, operazio polizial politikoak (18/98, Egunkaria...), tortura beti bezala, Parot dotrina... Nork nola desegingo du hamarkada honetako espantu anti-demokratiko hau?

Horra, ereindako baldintzak.

Eibarko San Andres elizan, orain eta gizaldi batzuk barru

Luistxo Fernandez 2011/02/09 08:33

Mezetan izan nintzen atzo, hileta katoliko batean, Eibarko San Andres elizan. Hiru abade gezurrak esaten, horrelakoetan ohi denez. Horietako batek, Beitiak, bataiatu ninduen ni! Eta beste batek, Don Balbinok, lehen jaunartzea eman! Hirugarrena ere ez zen ba gaztea. Ba ote dute ordezkapenik euskal parrokietako abade zahar hauek? Betiereko bizitzan sinesten dute, eta Beitia edo Don Balbinoren kasuan, halako dohaina ote duten ere pentsatu nuen bart... baina, ia segurutzat jo daiteke, horiek ere hilko dira, eta ordezko pieza askorik ez dago inguruotan. Disketera apurtu zaizula? puf, ba... zertarako konpondu? Kristautasuna eta katolizismoa amatatzen ari dira Euskal Herrian, eta hori ona dela uste dut.

Dena den, San Andres eliza ederra da. Eta Andres Araoz nafarrak eraiki zuen erretaula, miresgarria. Bost solairu garai, egurretan zizelkatuak, irudi eta eszenak. Elizako beste detaile batzuk ere bai, aldareko urrezko bola eta arranoa, Times Roman tipo desberdinen konbinazioekin goi-goian latinez idatzitako mezuak, eraikina bera... Baina erretaula da ederrena, neure ustez.<(p>

Eibar. Juan de Araozen Adanen kreazioaren irudia, Genesiatik hartua
GureGipuzkoa.net | Eibar. Juan de Araozen Adanen kreazioaren irudia, Genesiatik hartua © CC BY-SA: San Martin, Juan

Pentsatzen egon nintzen, erlijioak bere funtzio estupidoa betetzeari uzten dionean, Araozen lana hurbilagotik ikusteko aukera izango dutela etorkizuneko eibartarrek, ezen ez gaurkoek. Buruari bueltaka, irudikatu nuen halako aldamio eta eskilara batzuekin, gora igo eta gertutik eszena horiek miresteko aukera izango dela San Andres elizan, neure bizi-tartean ez bada, bai gizaldi batzuen buruan. Teknologia apur bat beharko da, aldamio ikustezinak, edo plegatzen direnak; izan ere, ikusmira osoa ere ez luke eragotzi behar estruktura horrek.

Teotihuacaneko piramideak edo Abu Sinbel bezala. Euskal elizak ere artelan izango dira. 

Katutxinoak

Luistxo Fernandez 2011/02/02 17:39
Eibarrek ez dauka, nik dakidala, animalia heraldiko edo sinbolikorik. Heraldikoa litzateke, adibidez, balea Getariako armarrian, edo sinboliko edo totemikoak berriz, hainbat kasu: Debakoak tarinak direla, edo Ataungoak otsoak... Herrietako gatxizenen saltsa horretan, ezer izatea tokatu bazaigu, farolak (planetziatarrentzat) edo portugesak (mutrikuarrentzat), ez gehiago. Kirol eta hedabideetako topikoetan, berriz, armaginak akaso: ETB1en armeroak esateari utzi zioten aspaldi, zorionez. Eta zerbait naturalagoa beharko genuke, faunistikoagoa.

 

Egoera honek konponbidea merezi du eta hau da nire proposamena: gauza jakina denez, iaz deskubritu genuenetik, txino-dendetako katu guztiek sanblasa daukatela altzoan, izan dadila katu hori Eibarko herri-totema, eta izan gaitezen eibartarrok katutxinoak.


Argazkiak.org | katutxinoa © cc-by-sa: Luistxo.F

Disfrutatu opilak San Blas egunean!

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.