Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Top 2010

Luistxo Fernandez 2010/12/30 09:45
Hiru kantu, hiru pelikula, hiru liburu, hiru tuit, eta top3 berezi bat ere bai

Horra 2010eko Luistxoren balantze kulturala. Top 3ak 3. onenetik onenera ordenatuak.

Hiru film:

 

Hiru liburu:

Aipatu nezakeen halaber Tony Judt, aurten hil baita...

Hiru kantu (eta hiru klip bikain):

 

Hiru tuit:

 

Eta, ez aurtengoa, baizik eta neuk ezagutu ditudan garai guztietakoa, Top 3 Morena, Praka Horiek Estuegi Dauzkazu Ene Osasunerako!

 

Urte berri on,

Txorizoak.net

Luistxo Fernandez 2010/12/23 13:06

Duela 12 urte, Elena Laka abokatuak bere lehen mezua idatzi zuen Eibartarrak zerrendan.

Zerrendakide berria Santo Tomas egunean (noizko
txorizoa eta ogia net?). Urte askotarako.
Gaur Angel Aldarondo ikus-entzunezkoen sortzaileak, haserre, zera idatzi du Noticias talderako: "Txistorra Download. ESTOY seguro de que si pudiéramos descargarnos de Internet txistorra y sidra lo haríamos sin dudar."

 

 

Jakina. Txistorra saretik jaistea doan balitz, jaitsiko genuke. Sekulakoa litzateke. Gosea ere konponduko zen munduan, bide batez.

 

Kontua dator Espainian dauden lege mugimendu horiekin... deskargen kontrako pertsekuzio zaila arautu nahi dutela sektore kultural eta politikoek, eta jendeak ez duela nahi.

 

Kultura ordaindu egin behar dela... Jendeak doan nahi du guztia. Edo merke. Nik liburuak doan "jaisten" ditut. Donostian dauden liburutegi publiko bikainetara joaten naiz, eta doan lortzen dut papela. Bueno, guztiz doan ez, ze autobusa edo parkina pagatzeko prest egoten naiz bi astean behin-edo zentroa aldera joan eta bizpahiru liburu hartu-itzultzeko. Liburuko 50 zentimo inguru ordaintzen ote dudan susmoa dut, hortaz. Hau merketu egingo zait orain, ze sekulako liburutegia zabaldu da etxetik gertu, Aieteko parkean Donostian, eta oinez gertu daukat hor, garraio gastuak aurreratzeko moduan beraz.

 

Nik suposatzen dut Angel Aldarondok kultura doan kontsumitzen duela, ahal duen guztietan, besteok bezala.

 

Seguru aski, ikus-entzunezkoen produkzio eta promozioaren munduan egonda, ba materialak jasotzeko bere bide propioak dituela, DVDetan materialak iristen zaizkiola eskuetara, ebentoren batean dagoela aukera izan dezakeela pase berezia lortzeko (besteok baino errazago), lagunen batek pelikula bat pasatzen badio disko batean, ez diola muzin egingo...

 

Horrez gain, txistorra erosi daiteke Internetez. Eta gaztaina erreak. deskontu.com weba ondo dago. Nik gaztainak erosi nituen joan den astean, eta aste honetan talo-txistorra eskaintza zegoen. Egunean eskaintza bat. Gaur sagardoa. Merke samar, gero fisikoki Donostian jaso behar duzun arren. Nik uste Topaguneko medio batzuk aliatu beharko liratekeela hori Donostian egiten duen mutilarekin, Txomin Jauregirekin

.

Twitter ikastaroa doan

Luistxo Fernandez 2010/12/08 10:08

Gaur hau oparitu didate (eta beste gauzatxoren batzuk ere bai). Patxitraperok iradokitzen du, maltzur, Twitter ikastaroak ematen ditudala elite aukeratuentzat edo... Gezurra. Horra, doan, nire Twitter ikastaroa.

1. Sortu kontua Twitterren.

2. Jarri ezarpenetan zure aurpegia duen irudi bat, eta zure izen-deiturak, benetakoak.

3. Jarraitu 50 pertsona. Izan dadila mix bat: ezagunak eta ezezagunak, euskaldunak eta kanpotarrak.

4. Firefox badaukazu, instalatu Echofon. Ez badaukazu Firefox, instalatu Firefox, zin egin ez duzula beste nabigatzailerik erabiliko sekula, eta instalatu Echofon.

Kito.

Duela 20 urte, Euskaldunon Egunkaria

Luistxo Fernandez 2010/12/05 19:58

Duela 20 urte gau berezia izan zen hau neuretzat. Euskaldunon Egunkariaren lehen alerako lana amaitu genuen, eta parranda egin genuen orduan Lasarten zegoen erredakzio hartan. Ikasle nintzela, amets moduko bat zen euskarazko egunkari batean parte hartzeko pribilejioa izan nintzakeela halao batean. Eta iritsi nintzen amets hori egiaztatuta ikustera. Harro nago lan apur bat egin nuelako, beste lagun askorekin, proiektu hura gauzatzen.

Argazkiak dira Egunkaria.info webgunekoak.

Biharamunean, hauxe egon zen salgai. Besteak beste, Durangoko Azokan. Egun hartan bertan Egunero izeneko proiektu baten simulakroa banatu zuten Jaurlaritzaren kontra-ekimen batekoek. Euskadi Irratiak kazetari praktikante bat zeukan Durangoko Azokan, eta instrukzioak jaso zituen Irratitik galdeketa egiteko Azokako bisitariei: ea zer iruditzen zitzaien Egunero. Horixe da egia, Euskadi Irratiak zer galdetu zuen Durangoko Azokako kale-inkesta hartan, Euskaldunon Egunkaria jaio zen goizean, 1990eko abenduaren 6an.

Egun hauetan ez dut inon ikusi urteurren honekin ezer egingo denik. Ni behintzat ez naiz enteratu.

Eguneraketa, abenduak 6: Goio Aranak emandako erantzunetik eta kargatutako irudietatik, horra Egunero haren azala:


Argazkiak.org | Egunero (1990) 1. orrialdea © cc-by-sa: goioarana

Mono lakuko izaki bizidun harrigarriak

Luistxo Fernandez 2010/12/03 21:23

Nola apur bat nerd edo geek ere banaizen, pendiente nengoen zer esango ote zuen NASAk bizitza estralurtarrari buruzko prentsaurrekoa iragarri zuenean. Ez zuten zioa oso ondo azaldu, ze estralurtarra barik, oso lurtarra izan da aurkitu dutena, baina hala ere, garrantzi objektibo handikoa, gainerako izaki bizidun guztiak fosforoa darabilgun lekuan arsenikoa erabil dezakeen izaki bat aurkitu baitute, mikrobio bat. Eta zirrara pixka bat sortu dit berriak bakteria hori non aurkitu duten jakinda: Mono lakuan, Kalifornian.

Eta horra, Mono lakuan, nire izaki bizidun gogoenak:

Bi ugaztun ikusiko dituzue argazkian, nik maiteen ditudan izakiak, duda barik. Baina adi ur ertzari. Geruza beltz hori. Ez da zikina. Masa bizi-bizi bat da. Sekula ezagutu dudan animaliarik harrigarrienek osatzen dute kapa hori, Mono lakuko euliak dira.

Mono lakuko eulien ezaugarri batzuk:

  • Txikiak eta beltz-beltzak dira.
  • Isilak dira. Hegan ez dute burrunda txikiena egiten, eta harritzen zaitu horrek euliak baitira, azken batean.
  • Ez dute nahi traturik gizakiokin. Zoaz milioi bat euli dauden putzura, erditik igaro, eta altxatuko dira denak hegan zure inguruan, baina ez zaizu bat bera ere gainean jarriko, ez zaituzte ukituko ez bada okertu direla edo zuk mugimendu azkar bat egin duzula, eta zure inguruan buelta bat eman ondoren, eseriko dira berriro lurrean. Efektua harrigarria: milaka euliz inguratuta ibili zabiltza, isiltasunean, ukitzen ez zaituztela, eulien jauna sentitzen zara.
  • Jangarriak dira: nagusi direnean txorientzat; larbak direla, gizakiontzat ere bai.
  • Mono lakuko uretan bizi den bi espezietako bat da. Besteak dira izkira txiki batzuk, bertan bakarrik bizi direnak. Beste animaliarik ez da bizi uretan, izaki unizelularrak bai, oraingo bakteria hau eta beste asko.


Mono lakuko urak dira hiper-gaziak eta hiper-alkalinoak. Basamortu paisaia bolkaniko batean daude, apenas mila urte dituen sumendi kate baten ondoan, Yosemite parketik ordu pare batera, baina hango turistarik gabe. Uretan ez da bizi arrainik edo ornodunik. Eta artropodoak, bi bakarrik, krustazeo txiki horiek, eta euli hauek. Hori bai, nolako kantitatean. Baso bat urez hartu, eta izkira zopa dela ikusiko duzu, larba batzuk tarteko. Laku guztia da zopa bizidun bat. Eta bai, inguruko indiarren janari iturri nagusietako bat ziren larba horiek. Kaliforniako state park rangerrak eskaini zigun eskukada larba bisita gidatuko taldeari, baina ez zuen inork jan, ez amerikar ez kanpotar, salbu eta rangerrak berak eta nik neuk. Getariako maaulixuak jatea bezalatsu, gazi gaziak dira.

Euliok dira txori kantitate ikaragarri baten janaria. Oso erraz elikatzen dira txoriak. Ibilian dabiltza lasai antzean, ibarrean, mokoa ireki eta itxi: ez dute besterik egin behar euliak harrapatzeko. Lehen argazkian ikusten dira txori batzuk, urrutiago, umeen atzean.

Mono lakua garbi dago. Ez dago kutsadurarik. Baina bertara ematen duten ur-iturri naturalak gizakiak eten ditu, eta horregatik ur maila jaisten ari dela ikusi dute. Ur emariak ohiko ziklora itzuli nahian dabiltza, izan ere, ur maila asko jaitsiz gero, alkalinitatea eta gazitasuna gehiegizkoa bihur daiteke bertako bizidunentzat, eta hil daitezke izaki unizelularrak, izkirak, eta euliak, eta baita, ondorioz, txoriak ere.

Udan bainatu zaitezke, ura tenperatura egokian egoten da, eta badaude bainatzeko moduko hondartza seguruak. Hori bai, prest egon behar duzu zopa bizidun hipergazi eta alkalino batean sartzeko. Azalerentzat ona dela esan zigun rangerrak. Gu bainatu ginen. Apur bat itsaskor irteten zara.

Bigarren argazkian halako gatz dorre batzuk ikusten dira, tufak, formakuntza naturalak uretatik altxatzen direnak urteen poderioz, ez dakit ze prozesu biologikok edo kimikok sortzen dituzten arrefize moduko batzuk. Horietako batzuetan, arrano arrantzaleek habiak dituzte. Arrantzale izanda, han ez dute ezer jateko, ez baitago arrainik, baina ingurunea asko aldatzen apenas 20 kilometroan, mendi eta laku eder alpinoak baitaude inguruan, June lakua ezagunena. Hango arrainekin elikatzen dira arranoak.

Ez da jende asko bizi inguru hauetan, eta turistak ere gutxi. Yosemite ondoan dago, ederra eta jendez gainezka, baina gutxik dakite ondoan Mono lakuaren eskualdea dagoela. Bertako bati euskaldunak ginela esan, eta frantsesez egin zigun. Kalifornia farwestiko samarra da paraje hori.

Ezagutu nuen Mono lakua, aukera neukan garaian. Uste dut dirua inbertitu eta gastatzeko modu on bat dela bidaiatzea. Orain ezin dut. Baina ahal badur, egingo dut berriro. Bitartean, irakurri dut tuiten bat, ekainaren 29an greba ez egiteagatik sistema zapaltzaile eta jasangaitz honen konplizetzat hartu ninduen jendearena, elurretara eskiatzera doazela asteburu luze honetan. Oi, Northfacearen konpromiso proletarioa, zein urruti sentitzen naizen zuengandik; handia da kapitalista kalifornianoa izatea, neure umeei Mono lakuko bizitza harrigarria erakutsi ahal izan nielako pozik oheratzea, arsenikoaren zapore gaziarekin, harropuztuta.

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.