Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Tassotti gudari

Luistxo Fernandez 2008/06/28 19:10

Bihar, seguruenik, Espainiarekin egongo naiz. Ez dakit buruak, arimak, bihotzak ala guntzurrunak agintzen duten, baina hala izango delakoan nago. Does the body rule the mind or does the mind rule the body, I don't know, dio nire betiko faboritoak Morrisseyk, The Smithsen kantu batean.

Gogoratzen naiz orain Espainiarekin "bat eginda" sentitu izan naizen beste bi futbol partidurekin.

Estatu Batuetako mundialean (1994), Italia-Espainia kanporaketa, eta Luis Enriqueri Tassottik ukalondokada basatia arean minutua falra zela. Penalti ez zuen ikusi arbitroak. Eta enpatatzeko aukera akabo. Handik egun gutxira, pintada gogoangarria ikusi nuen Donostian, Atotxako tren azpiko tunelean:

TASSOTTI GUDARI
LUIS ENRIQUE JODETE

Lehenago denboran, Arconadak selekzioarekin jokatu zuen azken partidua. Eurokopako finala Parisen (1984), Frantzia-Espainia. Hankartetik sartu zioten Arconadari bere bizitzako golik tontoena. Orduan pena eman zidan, orain Realeko inork ez dit penarik ematen.

Paparazzi egunak

Luistxo Fernandez 2008/06/27 08:42

Amaitzera doaz ekaineko egunak, paparazzi egunak. Ikastolako edo dantza-taldearen funtzioa, musika eskolen audizioa, kirol eskolako finalak edo azken ekitaldiak... Guraso paparazzo gogaikarrion egunak dira. Haurrak zoragarri portatzen dira, baina gu? ez dago agoantatzerik nola ibiltzen garen, geure bideo eta argazki kamera digitalekin elkar molestatzen.

Baina, ai, nolako argazkiak ateratzen zaizkigun batzuetan! Eta urtzen gara irribarre tonto batekin irudiak errepasatzen ditugunean. Peru semearen ondoan, ikastolako dantza ekitaldian bikote izan zuen Zuolin txinatarra. Ez dakit, egia esan, nola idazten den Zuolin; esan, horrela esaten zaio neska polit horri.

Windows euskaraz eta Nafarroako administrazioa

Luistxo Fernandez 2008/06/26 13:06

Atzo Microsoften euskarazko produktu berrien aurkezpenean, demo efektua gertatu zen, zuzeneko teknologia aurkezpenetan ezin saihestuzkoa izaten den errore hori. Outlook euskaratua erakutsi ziguten, eta datak eta karpeta izenak gazteleraz agertzen ziren. Baina beste gauza bat egin zitzaidan deigarria, aurkezlearen Outlook pertsonala ari ginela ikusten.

Juan Pedro Isasa zen aurkezlea, Microsoft Espainiako administrazio publikoetarako jerentea (hala aurkeztu zuen Joxe Felipe Auzmendik). Karguaren asoziazioa argi ikusten dut nik: euskal administrazioan lizentziak oparoki saltzea da Microsoften helburua honetan.

Eta, hara, bilera dei batek atentzioa deitu zidan Isasaren Outlookeko egutegian. Atzo, LIPs vasco aurkezpena (LIPs horiek dira language pack hauek, interfazeak hizkuntza batean jartzeko sortzen den paketea) eta gaurko, ostegunerako, 9.00etatik 14.00etara Reunión Navarra en Madrid. Igual barne-proiektu baten izen klabea da Navarra. Edo igual da, bilerara nor deituta dagoen ikusita, Nafarroako herri-administrazioetan Microsoft produktuen inplantazio eta lizentziez tratatzeko bilera bat. Bilera mardula, edozein modutan, 5 ordu kontu horren inguruan.

Nire zalantza da, eta akaso gai-ordenean izango dute nafar administrazioa bada kontua, ea ze estrategia komeni zaien Nafarroan... Jaurlaritzari lizentziak saltzeko produktu berri hauek oso ondo datozkio Microsofti, baina nola ikusiko ote du Nafarroako Gobernuak Ukan birusaren infekzioa? Dell eta HPk, eta El Corte Inglesen dendek (Inves etxearen bidez) jatorriz euskarazko konfigurazioa ahalbidetuta izango duten ordenagailuak salduko dituzte, baina ez dakit Espainia osoan ala eremu jakin batean izango ote den. Administrazio nafarrean instalatu beharreko Vista horiek horren eskuzabalak izango ote dira konfigurazio aukeretan?

Firefox 3 euskaraz: nabigazio-hizkuntza ere konfiguratu mesedez

Luistxo Fernandez 2008/06/18 15:43

Firefox 3 bultzatzea ideia ona iruditzen zait, baina uste dut inportantea dela azpimarratzea ez bakarrik Firefox 3 euskaraz komeni dela, baita euskara hizkuntza gisa lehenestea inportantea dela (ez baita gauza bera, eta ez baitago berez konfiguratua Firefoxen, kasu bakan batzuetan baizik.

Hona adibidea:

Menuak euskaraz, baina nabigatzailearen nabigazio-hizkuntza gaztelania da. Sustatu bisitatzen baduzu eta portada horrela agertzen bazaizu, zure nabigatzailearen hizkuntza gaztelania dela agerian jarriko dizu mezu horrek (euskarazko konfigurazioarekin, ez da mezu deseroso hori azaltzen). Gauza bat da menuko hizkuntza, eta beste bat nabigazioaren hizkuntza, eta, Interneten, bereziki garrantzitsua da bigarrena, ze horrela ateratzen dituzte estatistikak web aplikazio eta guneek, zer nolako bisitariek dituzten. Eta, horra sorpresa, euskaldun gehienek gaztelaniazko konfigurazioa dute. Sustatu.com bisitatzen duen gehiengoak gaztelaniaz du konfiguratuta nabigatzailea, nahiz eta euskaldunak diren. Eta euskaldun horiek, gero Googlera doazenean, mezu bera pasatzen diote haren estatistika zerbitzuei: gaztelaniaz ari direla nabigatzen. Eta Googleri bezala, munduko zerbitzari guztien estatistika zerbitzuei. Beraz, adi, nabigazio hizkuntzaren konfigurazioa oso kontu inportantea da. Mesedez, konprobatu ezazu zeurea, eta euskaldundu ezazu.

Firefox 3ri dagokionez, aurretik Firefox 1.x edo Firefox 2.x instalatua duen makina batean ezartzen baduzu bertsio berria, aurretik zenituen hizkuntza hobespenak inportatuko ditu. Hortaz, instalatu ondoren, hartu urrats hauek ea hobespen hura egokia zen ala orain ondo geratu zaizun.

  1. Behin Firtefox3 instalaturik, goiko Tresnak menuan Aukerak aukeratu.
  2. Irekitzen den leihoan, Edukia aukeratu goiko ikonoen artean.
  3. Hizkuntzak dioen alorrean, Hautatu klikatu.
  4. Hizkuntza bat edo batzuk agertuko dira, ordena jakin batean. Euskara badago haietan lehena, ondo dago. Bestela, euskara Goruntz eraman lehena gera dadin. Agerian dauden hizkuntzen artean ez badago euskara, beheko menuan (Aukeratu nahi duzun hizkuntza) aurkitu eta gehitu, eta gero Goruntz eraman lehena geratu arte.
  5. Egina. Akaso pantaila irudi honek lagunduko dizu, hor agertzen direlako hemen goian azaldutako urratsak.

 

Aurretik Firefoxik ez dagoen ordenagailuan Firefox instalatuz gero, zer gertatzen da? Ez dakit zein den egoera Mac-arekin, baina Windowsekin probatu dut. Kasu honetan, instalazio prozesuan sistemak galdetuko dizu ea nahi dituzun Internet Explorerreko hobespenak inportatu. Baietz erantzunez gero, hobespen horietan hizkuntzarena ere igaroko da, eta normalean Hego Euskal Herrian gaztelaniazko hobespena instalatuko zaizula esan nahi du horrek. Hortaz, konprobatzeko edo/eta zuzentzeko, jarraitu goiko 1-5 urratsak. Explorerreko hobespenik inportatu ezean, Firefox 3 euskaldun birjina ezartzen da, eta orduan, bai, berez euskara dago lehenetsita.

 

Baketik: Afrikatik hurbil

Luistxo Fernandez 2008/06/03 15:01

Baketik-ek espameatu nau berriro. Ze arraroa. Beren lehengusu Lokarrikoen ildotik jarraitzen dute. Baina grazia egin dit izenburuak: Afrikako errealitatera hurbiltze ikastaroa / Curso.

Ooo! E-postaren erabilpenari buruzko mintegi nigeriar bat Euskal Herrian!

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.