Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Egixa-barren, Elosua

Luistxo Fernandez 2008/05/23 07:28

Asteburua lagunartean igaro genuen Elosuko bazter batean, Egixa-Barren deritzon baserrian. Duela ia 20 urte erosi zuten hondarretan zegoen etxea bi azpeitiarrek, Felixek eta Joxeanek, eta bien artean banatu. Etxearen erdia berriz jasota du batek. Besteak, garai hobeen zain edo, aldamenean du egokitua borda.

Bazter ederrak dira. Inguruaren toponimiaz buruan galderak nituela itzuli nintzen etxera. Eta gauza batzuk aurkitu:

  • Elosu zabalduago ikusten dugun arren, Elosua da auzune honen izena Euskaltzaindiaren arabera, eta -a Bizkaian baina Bizkaiko, Elosuan baina Elosuko.
  • Egixa-barren bera eta haren ingurukoak jatorri bereko erro batetik datoz, baina horren idazkeraz makina bat forma ikusiko dituzu. Hegiaga Azpikoa, Egiara Azpikoa... Egizabal eta Egidazu etxeak ere inguruan dira. Bertako ahoskeran, Egixa hori garbia da.
  • Bergarako kaletegian Egiarazpikoa da gu egon ginen etxe hori. Baina etxekoek esan zidaten Egixa-Barren horren aztarna zaharragoa ere aurkitu dut bezero bati ireki diogun webgune berri batean, Bergarako Udal Artxiboan: Egiara-Barrena. Egieder, Egiara de Abajo eta Egiara de Suso izenak ere eman izan zaizkio.


Egixa-Barren etxea 17. mendean nola saldu zen ageri da artxibo horretan, hemen. Hauxe izan zen prezioa: siete cuartas de trigo y siete de borona, y once reales en dinero. Kuarta bat zen egrrezko kaxa bat, garia neurtzeko erabiltzen zena. Hori izango ziren, gutxi gora-behera 28 litro gari eta beste horrenbeste arto, eta dirutan 11 erreal, edo 374 marabedi, edo 2,75 pezeta, hau da, 2 zentimo eurotan, inflazioa kontuan hartu barik. Zerealen neurriez, kuarta eta beste batzuez, mintzo da Ahotsak.com-en Bergarako baserritar bat (tira, Angiozar aldekoa).

Egixa-barren benta izan zen garai batean. Osintxu eta Elosu arteko bidean, autobide ondoko area horien funtzioa betetzen zuen orduan bideko bentak.

Elosua ezagutzeko ez dago Egixa-barrengo azpeitiarren laguna izan beharrik. Elizaren ondoan, abadetxea zena gaur aterpetxe da gela kolektibo batzuekin (sukaldea ere bai). Pertsona eta gauko, sei euro. Tratua egiteko, ez dakit nori deitu behar zaion zehazki, baina ondoko Ixaun jatetxean (Iriaun baserrian) galdetzen baduzu, jakingo dute.

Bi mahaingurutan EHUren Uda Ikastaroetan

Luistxo Fernandez 2008/05/21 08:07

Miramar Jauregian izaten diren EHUko uda ikastaroetan bi mahaingurutan izango naiz hizlari autengo udan, batean euskaraz, bestean gaztelaniaz.

Lehenean, Identitate post-euskaldunak gaia jarri digute neuri, Fermin Etxegoieni eta Juan Kruz Lakastari. Uztailak 15 izango da, 16.00etan, Aniztasun Berrien Harira izeneko ikastaroan.

Bigarren mahaingurua gaztelaniaz izango dut: Blogosferaren eragina: Mikro-komunitaeentzako informazioa edo masa-hedabidea? Hor izango naiz El Correoko Magonia blogeko blogari Luis Alfonso Gamez-ekin. Antolatzaileek esan zidaten Gumersindo Lafuente Soitu.es-eko zuzendaria ere izango zela hizlari baina ez dut ikusi azkena pasatu didaten egitarauan. Mahaingurua baino lehenago, hitzaldi propioa du Lafuentek. Lastima litzateke hura amaitu ostean joatea, geratuko balitz gure mahaingurura, hobeto. Soitun baino lehenago, El Mundo egunkariaren Interneteko webgunea asmatu eta indartu zuen Lafuentek. Ikastaroak izen hau du, Periodismo digital y metamorfosis en los patrones de consumo de medios, eta abuztuaren 25etik 27ra izango da. Neure mahaingurua, 27an, 12.15etan.

Titulua beste gidoirik ez dut jaso oraingoz ikastaroen zuzendariengatik (Xabier Aierdi soziologoak antolatu du lehena, Iñigo Kortabitarte Diario Vascoko Interneteko adarraren arduradunak bigarrena). Bigarrenerako, blogosfera-hedabide kontuaz, okurrituko zait zerbait, baina Aierdirenean, espero dut gidaritza apur bat gehiago emango digula hizlarioi.

Ikastaro bietarako matrikula irekita dago jada. Ekaina baino lehenago eginez gero, merkeago suertatzen da.


Lertxuna ordenagailuan

Luistxo Fernandez 2008/05/20 08:14

Ordenagailu berria erosi dugu etxerako. Marka jakinik gabeko eramangarri kloniko txinatar bat ei da. Kanpotik ezer berezirik ez, beraz, baina barrutik, hortxe du politena, Ubunturen bertsio berriko lertxuna. Ubuntu da GNU/Linux sistema eragilean oinarritutako etxerako moduko bertsio zentzuzkoena, eta bere bertsio nagusiak zenbakiz, alfabetoz eta animaliaz izendatzen dituzte. 8. eguneraketa handiari H letra dagokio, eta hortaz Hardy Heron deritzo bertsio honi. Heron bat lertxun moduko txori bat da ingelesez.

Windows erabiltzen ohituta bazaude, ez duzu ezer galtzen Ubunturekin, eta bai asko irabazi. OpenOffice paketearekin dator, eta horrek Microsoften ofimatika guztia ordezkatzen du lasai asko, batzuek uste arren powerpoint ezinbestekoa dela bizitzeko. Sistema Mac OS baino erabilterrazagoa egiten zait, halaber. Hala ere, gauzak dauden bezala, Ubuntu erabilita arazoak topa daitezke, errealista izanda. Nik bereziki, makina berri hau neure semealabek erabil dezaten nahi dut, eta hor egon daitekeen arazo nagusia da ikastolatik, liburutegitik edo zerealekin opari etor daitezkeen CD-ROM gehienak Windows-erako prestatuta daudela, eta ez dutela korritzen makina horretan. Baina horrek ere badu konponbidea: Windows-en birtualizazio bat instalatu daiteke ordenagailuan, eta horren bidez, CD-ROM horiek ikuskatu eta erabili.

Birtualizazioaren kontu hori ez dator defetkuz. Horregatik, oraindik ere, laguntza informatikoa eskura edukitzea inportantea da Ubuntu erabiltzeko. Eta nik topatu dut laguntza hori, ordenagailuak Ubunturekin saltzeko salto ausarta ematea erabaki duen informatika-denda txiki batean.

Eos Computers, Jorge Casal, Errenteria

Jorge Casalek Eos Computer denda dauka Errenterian, eta hantxe saltzen ditu ordenagailu Ubuntudunak. Igor Leturia lagunak gomendatu zidan berarengana joateko, eta gustura nago. Badaude inguruotan beste denda batzuk berdintsu ari direna, baina nik hauxe topatu dut, eta horregatik egin nahi diot propaganda apur bat. Lokal txikia du Jorgek, baina makina interesgarriz betea. Asko dakien informatikaria da, eta ultra-eramangarrietan eta punta-puntako gagdet txikietan duen jakintzak eta hornidurak harritzen du dendako bisitaria.

Itsasoak ekarri ditu harri hauek hondartzara?

Luistxo Fernandez 2008/05/14 05:09

Udaberriko ekaitz gogorren ostean, Getariako Gaztetape hondatza harriz beteta geratu da. Harrien altuera iaz horma batean zeuden dutxak estaltzearaino iritsi da. Hala ere, zalantza eta eztabaida familiarra ere badugu. Itsasoak ekarri ditu harriak? ala itsasoak hondarra eraman du?

Gaztetape 2008

Nik ez dut uste itsasoak harriak ekarri dituenik. Ez dira olatuetan surf egiten etorri. Nire teoria da hondarra kendu duela itsasoak, eta gero bai, hondar azpikoak txikitu eta mugitu ahala, bai, pilatu dituela harriak hormatik gertu. Hala ere, talasofisikaz inork gehiago baleki, eskertuko nioke informazioa.

Hondartza nagusiki harri izateak baditu bere bentajak, bestalde. Adibidez, fauna basatiarekin errazago egin daiteke topo orain.

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.