Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Ereserki duin bat

Luistxo Fernandez 2007/09/20 17:48
Kantu bat blogera atera du Amatiñok, eta lehengoan Euskadi Irratian abesten ere ausartu ei zen: Jeiki jeiki, etxekoak... Kantu honen inguruan Xabier Mendigurenek zerbait komentatuko zuela uste nuen, baina bera lotsatiagoa denez, nik esango dut haren partez. Kontua da, Mendigreen lagunaren iritziz edo, Euskal Errepublika independiente batean, himno ofiziala bihurtzeko hau baino kantu hoberik ez legokeela: ez Gora ta Gora, ez Eusko Gudariak, ez Gernikako Arbola. Eskoziarrek eta, rugby partiduetan denak kantuan hasten diren ereserki horietako baten tankera duela honek, doinu epiko bat. Ados nago berarekin.



Aste honetan kamiseta showa Espainiako Kongresuan. PPkoak ere igo zuen Espainiako selekzioaren gorria. Kamisetena barik, himnoena izan balitz auzia? Txunta-txuntaren ondoan Gora-ta-gora ere ondo gera zitekeen konparazioan, baina zer esanik ez Jeiki-jeiki, Kongresuko mikrofonoetatik...

Zazpi probintzien mapa

Luistxo Fernandez 2007/09/14 19:05
National Geographic aldizkariak 1995eko azaroan argitaratu zuen Euskal Herriari buruz nik ezagutzen dudan azken artikulu luzea. Zazpi probintzietako mapa bat egin zuten, Euskal Herria jarrita (nahiz eta izenburua Basque Homeland den)...


National Geographic aldizkariak ez zuen Espainiako gaztelaniazko ediziorik 1995ean, mapa hori argitaratu zutenean. Ikusiko ote genuke gaur horrelakorik?

Tarte honetan, zazpi probintzien mapa argitaratzea edo erabiltzea ETArekin bat egitearen frogatzat aurkeztu izan da (Egunkaria kasuan adibidez), eta Euskal Herria terminoa esistitzen ez dela behin eta berriro esaten dute Espainiako politikari eta jakintsuek... Era berean, irudi horri Mapa del País Vasco deitu diot nik neure erdarazko blogean, eta hori barik agian Euskalerrikoa dela erantzun dit nonbait Eibarkoa den batek... País Vasco = Euskal Herria = Basque Country = Pays Basque ekuazioa ez da argia, gure herrian ere.

Aste honetan Yahook mapagintzarako aukera berri bat aurkeztu du: MapMixer. Eta bertara kargatu du National Geographic-eko mapa hauxe da emaitza.

Beste aproba bat egin dut Donostiako autobus lineekin. Emaitzan ikusten den alineazioa ez da txukunegia, baina tira. Irudi honetan puntu batzuk komentatzen ditut.

Josu Jon Imazen alde

Luistxo Fernandez 2007/09/13 08:31
Uztailean Eibartarrak zerrendara bidali nuen mezu hau du gaurko honek oinarri.  

Igual teknologoa delako, eta apurtxo bat tratua izan dudalako harekin, niri Josu Jon Imaz gustatu egiten zait. Peloteo itxura izan dezake aitorpen honek, ze gauza ezaguna izan daiteke askorentzat, harentzako lanak egin izan dituela ni nabilen enpresak (CodeSyntax-ek egin du azpiegitura EAJren webgune elektoral bitan: ibarretxe.com eta eginbehardugu.com), baina tira, nik politikari zintzo baten itxura hartzen diot... Eta ez naiz jeltzalea (akaso Ibarretxezalea). Esango nuke halaber Imaz baino independentistagoa naizela... Eibartarrak zerrendara bidalitako beste mezu batean nire independentismo heterodoxo baina erradikala definitzen ere saiatu nintzen duela ez asko.

Irudi problema bat ere bazuen edo badu Imazek, ze ikusi behar da gero, abertzale euskaltzale jendearen artean zelako fama txarra duen gizon horrek. Neure ezagun gutxik sinesten du nik estimua diodanik. Madrilen bota izan dizkioten loreek ere izango dute zerikusia.
 
Espero dut politikatik kanpo dabilela ere, Imazen jendea agurtzeko erabiltzen duen modu bitxi, zuzen eta adeitsua berriz sentituko dudala.

Mehatxua 2.0

Luistxo Fernandez 2007/09/12 09:34

Edo purea jaten hasten zara, edo plater aurrean egiten ari zaren antzerki hau grabatu eta Youtube-n jarriko dut!<br />

Pollo coshquero

Luistxo Fernandez 2007/09/10 13:38
Josetxo Anitua disko-jartzaile eibartarrari elkarrizketa Argian. Fermin Etxegoienena da elkarrizketa, eta intro laburrean dio: "Hamar urtez musika-jartzailea izan da euskarazko pop-rock kantuak entzunarazi dituen Euskal Herriko dantzaleku handi bakarrean." Dantzaleku hori, Bilboko Kafe Antzokia da. Gero, selekzio musikal bat eskatzen dio Ferminek Josetxori,  gauez ondoen funtzionatu duten kantu ederren zerrendatxoa. Eta Josetxoren zerrenda:

"White Stripes taldearen Seven Nation Army, Outkast-en 0h yeah, Atom Rhumba bilbotarren Gone, Kuraiaren Egunsentian, Xabier Montoiaren Izorra hadi, Txuma Murugarrenen Ganbaran gordetakoak, Scissor Sisters taldearen I don't feel like dancing, Lyricsson-en Bad Load (ragga estiloan), Sean Paul-en Temperature (dancehall), Rhianna-ren Umbrella (hip-hop)."

Bistan da Josetxo Anituak ez duela zerikusi handirik Donostian Haizearen Orraziaren 30. urteurrenaren inguruan antolatu dituzten gauzekin. Joan den ostegunean, kontzertua: Alex Ubago, Txetxo Bengoetxea (21 japonesas eta beste batzuk), Mikel Erentxun eta Amaia Montero (La Oreja de Van Gogh). Biharamunean argazkian ikusi nituen pertsonaje horrekin, Luis Chillida. Esango ziela, pentsatzen dut, "El aitá estaría orgulloso bla bla bla...". Qué coshquero. Berriz ere. El aitá negargarri horretaz, ondo idatzi zuen, blogista zen garaian, Julen Gabiriak.

Larunbatean modan jarri den Donostiako jatetxe batean egon nintzen. A Fuego Negro. Menuan aukera, "La selección berezi de nuestros sukaldaris". Gero ekartzen dizkizute gauzak, eta "Taquito de lumagorri aderazado con...". Oilaskoari pollo deitzea baino indioagoa eta coshqueroagoa da lumagorri esatea. Jau!

Niri iraingarri samarra iruditu zitzaidan. Eta jana, pintxo selekzio ustez estetiko bat, eskasa. Ez joan.

Darfurko haur euskalduna

Luistxo Fernandez 2007/09/04 09:38
Aiherran, Nafarroa Beherean, bizi diren lagun batzuk dira Eñaut eta Patrizia. Hiru seme-alaba dituzte, baina beste bat adoptatuko dute laster, Darfurkoa. Gutuna zabaldu dute lagunen artean.

Darfurreko haur bat Otamendian

Gutun honen bidez, hartu dugun erabaki baten berri eman nahi dizuegu, eta zuen laguntza eskatu ere.

Aste batzuen buruan, Darfurreko haur umezurtz bat hartuko dugu gure familian : Otamendian 5etik 6 izatera pasako gara.

L'Arche de Zoe gobernuz kanpoko erakundeak Darfurretik 10 000 haur umezurtz ateratzea erabaki du, han ez baitute bizitzeko esperantzarik, azken urteetan bizi duten gerlarengatik. 1 000 haur Frantziako estatura ekarri nahi dituzte, 250 inguru lehen operazio honetan.

Horra zenbait datu, Nazio Batuen bilanetatik hartuak : azken lau urteetan 2 000 000 jende desplazatuak izan dira Darfurren (Sudan), 1 195 hiri edo herri osoki suntsituak, 200 000 pertsona bederen hil dira, eta orotara gatazka horrek 4 000 000 pertsonei eragiten die.

Ondorioz, Lapurdi eta Baxe Nafarroako 5 familia engaiatu gara Darfurreko haur umezurtz bat hartzera, 5 urte petikoa. Arche de Zoe erakundeak eginen duen operazio horren finantzatzeko, familia bakoitzak 1 400 euro ordaindu dugu. Baina azken berrien arabera, dirua eskas da.

Bestalde, haurrak etxean hartuko dituzten familiak kolektibo batean antolatu gara, hainbat arazori aurre egiteko : prozedura administratiboak, abokaten gastuak, osasun gastuak, eta abar. Kolektibo hori COFOD deitzen da (Collectif des Familles pour les Orphelins du Darfour), eta haurrak etorri bezain laster COFODek ditu gauza guziak kudeatuko, Arche de Zoe-ren betebeharra haurrak ekartzera mugatzen baita. COFODek dirua behar du bere beharrei aurre egiteko.

Ulertu duzuen bezala, zuei zuzentzen gara, gure erabakiaz informatzeaz gain, diru-laguntza eskatzeko. Diru-laguntza COFODen izenean egin behar da. Zuen jestuaren eskertzeko, karta postal batzuk inprimatu ditugu, eta berantago emanen dizkizuegu.

Milesker zuen arretarengatik. Milesker ere mezu hau zuen inguruan ahal bezain zabal hedatzeagatik.
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.