Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Zatozte haurtxoak

Luistxo Fernandez 2007/12/23 16:11

Ondo igaro Gabonak, lagunak, eta urte berri on. Hona gure familiaren felizitazioa.

Peru bibolina ikasten ari da, eta Suzuki metodo ezagunaren piezetako bat da hau, O Come Little Children. Gabonetarako, Easo Musika Eskolako bere irakasleak, Mikel Larrazek, hauxe aukeratu zion, beste lagun batzuekin jo beharreko kontzerturako. Suzuki metodoa bera, eMulen aurkitu zuen Peruren ikaskide Maria Fossatiren aitak, eta pasatu zidan. Hantxe dago partitura hau:

Zatozte haurtxoak

Hor ez zegoen informazio askorik, baina bilatuz bilatuz, aurkitu genuen musika originala Johann Abraham Peter Schulz-ena (1747-1800) zela. MIDI fitxategia, entzuteko hementxe. Letra originala alemanez Christoph von Schmid-ek (1768-1854) idatzi zuen, musika konposatu eta urte askotara, 1850 inguruan, eta hauxe da:

 

 

Ihr Kinderlein, Kommet, O kommet doch all'!
Zur Krippe her kommet in Bethlehem's Stall,
Un seht, was in dieser Hochheiligen Nacht
Der Vater im Himmel fuer Freude uns macht.

 

O seht in der Krippe im naechtlichen Stall,
Seht heir bei des Lichtleins hellglaenzendem Strahl,
In reinlichen Windeln das himmlische Kind,
Viel schoener und holder, als Engel es sind.

Ingelesez, itzulpen bat baino gehiago dago. Nik hau erabili dut, lehen estrofarako.

 

O come, little children, O come, one and all,
O come to the manger in Bethlehem's stall;
And see what our Father on this holy night,
Has sent us from Heaven for our pure delight.

Bai, nire itzulpena da kantatu duguna. Lehen estrofa itzulia, bigarrena produkzio librekoa. Horre denontzat, familiaren aportazioa Gabon-kanten errepertoriora:

Zatozte haurtxoak, zatozte alai
Belengo estalpera, hurbildu lasai
jauna jaio da-ta, hau zoriona
zerutik datorren aingeru ona

 

Umeen bihotzen amets isila:
Olentzero ekarri opari pila
ikatza gaiztoa izan bazara
bestela poza ta barre algara

 

2008. urtea zorionekoa izan dadila denontzat.

Konstituzioa derogatu

Luistxo Fernandez 2007/12/06 08:38
1978an Espainiako Konstituzioa onartu aurretik, ale elebidun hau banatu zen Hego Euskal Herrian (ez dakit lau probintzietako eremu osoan, ala zati batzuetan bakarrik).



Ale horietako bat aitaren etxean gordea egon da, eta eskaneatu dut: azken aurreko puntuak bere eduki guztiak derogatzen dituela erakusteko. Kontua azaldua izan da hainbat tokitan, adibidez Senez aldizkariko artikulu honetan.

3. disposapen derogatzailea: Era berean derogaturik geratzen dira Konstituzio hontan ezartzen diren disposapen guztiak.

Espainiako Konstituzioa, 1978, disposapen guztiak derogaturik

Sarean dagoen Konstituzioaren testu euskaldunak beste idazkera bat du orain baina gure etxera ez dute zuzendutako alerik bidali. Bueno, uste dut Europako Konstituzioaren ale bat bidali zela, eta hura ere onartu zela erreferendum batean. Gero, inork ez daki nola, derogatuta geratu da osorik hura.

Disposapen derogatzailearen eskanerra Euzkal Errian Euzkaras taldera bidali dut, gure hizkuntzarekin argitaratzen diren disparateak dokumentatzeko sortu den Flickr-eko talde bat.

Nora hoa, telebista?

Luistxo Fernandez 2007/12/05 17:32
Bernardo Atxagaren blogeko azken sarrera, Euskal Hiriaz. Termino honen sorreraz, esanahiez, eta, behin autorearen eskuetatik libre doanean, hartzen dituen inplikazioez idatzi du Atxagak.

Ez dakit ba ote dakien Atxagak telebistako pertsonaia komikoa dela. Atxaga The Pooh, Euskal Hiria dioen marrazki bizidunen marko bukoliko batean agertzen da, gauza korrienteenak biribilguneekin azaltzen. Grazia du, Noaoaren esketxak.

Jarri naiz sarean bilatzen ea esketx horietakoren bat topatzen nuen. Eta Noaoaren webgune ofiziala topatu dut: xolomo bokadilloen irudiak, bate bestearen atzean. Itxuraz, esketxen baten leitmotifa ei da xolomoarena... baina ulertzen ez dudana da, nola den xolomoaren anekdota hori Noauaren web osoa. Ez dago besterik. Ez dago esketx edo bideo bat bera ere. Ze pobrea.

Espainiako telebistan umorezko beste programa berri bat dago, Muchachada Nui. Haren webgunearen muina esketxak dira, bideoak bertan, eta pegatzeko aukerarekin, Enjuto Mojamutoren abentura zoragarrienak, adibidez:

Ze atzeratua eta traketsa, Noaoa, horrekin konparatuta. Nagusiren bati entzun diot, gainera, Noaoa ez dela Wazemank bezain barregarri, estudioko kontu gehiegi daukalako. Neure semea Peru ados dago diagnostikoarekin. Nik ez nuke zer esan jakingo, ze ez dut saio osorik ikusi. Gero eta gehiago, pilulatan kontsumitzen dut telebista. Ez dakit, adibidez, ze egun edo ordutan ematen duten Muchachada Nui telebistan, baina beren esketxak eta Enjutorenak, bereziki, alde guztietan agertzen zaizkit.

Kontsumo modu hau da etorkizunekoa, seguruenik. Youtube eredua. Telebista pilulatan, norberak aukeratuta. Horixe esan zigun Vicent Partal Vilaweb atari/proiektu katalanaren sortzaileak joan den ostiralean Sareko Argiaren edizio jarraiaren 10. urteurreneko ekitaldian bildu ginenoi. Gertu neukan Bingen Zupiria. Oso kezkatua zirudien.

Institutuan ez da ezer sumatzen

Luistxo Fernandez 2007/12/01 08:43
Joxemi Zumalabe fundaziokoak edo Eginekoak kartzelara doaz, ikaragarrizko zigorrekin, ezeren errurik gabe. Motibazio politikorako momentua beharko luke, baina ez, aspertuta sentitzen naiz, eta koldar, eta gogogabetua.
 Eta bat nator guztiz gaur Berrian Jokin Muñozek elkarrizketa batean

dioenarekin.

 

Ni hasia naiz hemengo gure arazo hau nahiko urrutitik ikusten. Hiritarra naizen aldetik, neure burua inplikatua ikusten nuen lehen. Ez dizut esango manifestazioetan eta ibiltzen nintzenik, baina gaiak kezkatzen ninduen. Inplikazio handiagoa neukan. Baina uste dut Barajaskoak jendeak uste baino gehiago suntsitu zuela. Orain, arazoa oso urrutitik hasi naiz ikusten, ezaxolaz. Beharbada, horrela esatea krudela da, baina iritsi naiz pentsatzera bakar bakarrik interesatzen zaidala fikziorako material gisa. Tristea da horrela esatea, baina puntu honetara ekarri naute. Gizarte aldetik, beste fase batera pasa gara. Lehen, Barajaskoaren aurretik, jendeak ilusio handiz ikusten zuen egoera. Baina, orain, urrutiko inplikazio horretatik axolagabetasunera igaro gara. Harrigarria da, baina alderdi politiko bateko buruak espetxean daude, eta hemen ari gara zerbezak hartzen, eta institutuan ez da ezer sumatzen!
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.