Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Wikipedisten zerrenda baten alde

Luistxo Fernandez 2007/10/27 08:57

Berria naiz Wikipedian. Ez naiz oso ona nire aldaketak proposatzen eta artikuluak atontzen. Eta ez naiz aklaratzen laguntza sistemarekin eta eztabaida ereduekin.

Eskaera zuzendu diet beteranoei Txokoan, posta-zerrenda baten sorrera egoki ikusiko balute, gustura parte hartuko nukeela. Zerrendak ez luke oraingo sistema ordezkatuko. Osatu eta aberastu, izatekotan. Eta susmoa dut berriontzat izango zela baliagarri zerrenda batez ere.

Wikipedista askok darabiltzate zerrendak, eta aldi berean, barne-sistemak ere seguro erabiliko dituztela. Ikusi zerrenda multzoa, gaztelaniazkoa, nola gordetzen diren Gmane sisteman. ItzuL eta Eibartarrak zerrendek darabilten artxibo sistema da hori. Ikusi adibidez gaztelaniazko zerrenda nagusiaren jarduna. Kontu honi buruzko iritzirik baduzu eta euskarazko Wikipedian izena emanda bazaude, igaro hemendik zure alea uztera. Eskerrik asko.

Mekaben Pott

Luistxo Fernandez 2007/10/25 08:21
Pott Banda itzuli da. Autoedizioari ekin dio Joseba Asteasukoak, multikopista propioa dauka orain. Polita, Xabier Kintanak Robinson Crusoe itzuli zueneko hori.

Iraultza iritsiko da egunen batean. Ez dute telebistaz emango. Eta prentsaurrekoz iragarriko ez denez, paperean ere ez dugu ikusiko. Pott Bandaren lehen editorial hura ere ez zuten egunkariek notiziatzat eman.

Gainbehera ote doa papera indar digitalen aurrean? Neurri batean bai. Euskarazko paperezko literatur fanzine gehiago ez da publikatuko. Sekula ere ez.

Baina iritsiko ote da eguna paperean albisterik gehiago publikatuko ez dena? Beharbada bai, baina ez Interneten erruz, baizik eta, bereziki, papergileek uko egiten badiote albisteak publikatzeari. Errutina paperean publikatzea errazagoa da, dudarik gabe, literatura edo albisteak publikatzea baino.

Eskerrak gaztetxo teknofilo batzuek euskal kazetaritza salbatuko duten beren begirada fresko eta nerabearekin, adi adi zer mugitzen den non: Hasier Etxeberria, Joxe Aranzabal, Anjel Lertxundi delako blogista hori, Renotik edo Renoko norbaitekin Mezularian komunikatzen den hori. Biba zuek, erredakzioetako kimu berriok.

Elgoibarren

Luistxo Fernandez 2007/10/23 16:47
Elgoibarren aldizkariaren sareko bertsioak, Elgoibarren.net agerkari lokalak, urtebete egin du Interneten. Zorionak.

Guru bat elkarrizketatu nahi zuten urteurrenerako, eta ni aukeratu ninduten. Kazetari gazte bat etorri zen, Asier Orbe. Tipo azkarra, Bloglines zer den badaki eta erabiltzen du (zenbat kazetari ote dira euskal medioetan horrela lanean?), eta kamaratxo eta tripodearekin etorri zen. Bideoz ere grabatu ninduen.

Dena hemen argitaratu dute.

Eibarrek ere merezi luke holako webgune bat... Baina ez dugu.

Teknologia eta berrikuntza, 2010

Luistxo Fernandez 2007/10/04 12:54
Ibarretxe lehendakariak gonbidapen bat bidali dit posta elektronikoz:



Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza 2010 Planaren aurkezpenera joateko. Txartelontzio handi bat irudi gisa, e-postaz. Tori teknologia eta berrikuntza. Aurrera doan herria.
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.