Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Hauek dira hiru IKTeroak

Luistxo Fernandez 2007/01/26 17:23
Sareko Argia saria irabazi dute. Ez da harritzekoa. Merezia zuten. Zorionak.

Nor dira IKTeroak? Ordiziako Jakintza Ikastolako monstruo horiek. Adinean aurrera zoazela, nahastu egiten da bat nor den nor, gatxizen, izen eta aurpegiekin, eta neure burua ez gehiago bihurritzeko, post hau ezinbestekoa ikusten dut gaur, auto-erreferentziarako batik bat. Hauek dira IKTeroak:



Maite Goñi Sei.



Jokin Lacalle Jolaus.



Mikel Etxarri Magic

Euskal Herria txukunago goi-goitik

Luistxo Fernandez 2007/01/24 06:05

Euskal Herri osoko irudiak hobetu dira Google Maps-en eta Tagzanian. Behintzat, lehen erresoluzio handirik ez zutenak.


Hor goiko irudi horretan bezala ikusten da orain Eibar. Lehen hala zen, ostera.


Irudi sorta bat daukat Flickr-en, nola ikusten den Euskal Herria satelitetik eta goi-goitik Interneteko irudi eta mapa aplikazioetan.

Hala ere, Eibarren erresoluzioa ez da Bilbokoa bezainbestekoa. Kaleetan ezin daiteke zoom egin Bilbon bezainbeste. Konparatu Tagzanian:

Portugal, Frantzia, Espainia eta Belgika osoa hartu ditu irudi berrikuntza honek.

A8: urteroko iruzur eta gezur matematikoa

Luistxo Fernandez 2007/01/15 16:19
Duela egun batzuk gertatu zen urteroko igoera eta iruzur matematikoa. Urtarrilaren 1arekin, taka. Aurreko urteetan bezala, gezurra eta iruzurra Diputazioaren eta Bidegiren eskutik. KPI baino gutxiago igo dutela esan, eta gehiago garestitu egiazki.
Aurtengo prezioak hemen, Gipuzkoako buletin ofizialeko 2006ko azken alean (nik ezin ditut hauek Firefoxekin ireki, GAO-ren web diseinua aldatu zutenetik, neure problema ote?)

Alderatu daitezke 2006an indarrean
ezarri zirenekin, edo aurreko urtekoarekin. Argumentazioa ere hor dago, "ibilgailu arin eta (1) astunentzat %3,42 igo­tzea, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoan aurreko lehen abuzturako zehaztutako (%3,60) urtearteko prezioen indize orokorrak izan duen bariazioaren %95, "...

Hau da, prezioen indizea baino gutxiago igotzen dituztela tarifak. Baina, ez, ez da egia. Beti biribiltzen dute iruzurra gorantz, eta adibidez, goiko zifra horietan Itziartik Elgoibarrera %7.69 igo da, eta Elgoibartik Azitainera, %5.26. Donostia-Eibar tartea, %4 igo da, portzierto, 3.75tik 3.90era.

Ondorioa zera da. Urtero bezala, ez da KPIren azpitik ezer igotzen, alderantziz baizik, eta urterokoa gehituz gero, zer esanik ez.
Biribiltzeak logika luke, akaso, tarifa oinarrizko baten arabera igoerak kalkulatu eta biribilduko balitz (zentimoa indarrean ez dagoen unitatea non dekretatu den ez dakidan arren), baina kalkuluak ez dira sekula egiten oinarrizko tarifa batetik, baizik eta beti, aurreko urtean gorantz aurpegi guztiarekin biribildutako tarifa inflatutik. Iruzurra iruzurraren gainean akumulatzen da, beti Bidegi eta Diputazioaren mesedetan, sekula ere ez, sinetsarazi nahi diguten bezala, kontsumitzaileen mesedetan, nahiz eta mozorro hori erabili, KPI baino gutxiago igotzen dutelako gezurra.

Zapateroren umiliazioa

Luistxo Fernandez 2007/01/06 09:07
Artxibatuta dago blogean, zer idatzi nuen iazko martxoan, eszeptizismo handiarekin hartzen nuela une politiko berria. "Dexenteko desilusioa ere hartu nuen aurreko su-etena hautsi zenean. Oraingoan, ez, hausten bada, ez nau sorpresaz hartuko." Hala izan da. Oporretan hartu ninduen, baina ez zidan sorpresarik eragin. Tristura bai, eta asperdura... Ekuadorko bi horien senide eta lagunak, aldiz, triste eta aspertuta baino gehiago egongo dira, jota, amorruz.

Su-eten bat bizi izan genuen Lizarrakoarekin. Eperik gabea, uste dut. Oraingoa, iraunkorra. Eperik gabeak amaitzen badira, iraunkorrak berdintsu amai zitezkeela argi zegoen, ezta? Hurrengoari, beste epiteto bat eskatu beharko diogu.

Dena pikutara joateak ez nau harritu, baina bederatzi hilabete hauetan, gauza batzuk ezin ulerturik ibili naiz. Batez ere, Espainiako Gobernuaren eta haren buru Jose Luis Rodriguez Zapateroren jarrera. Ezertxo ere egin gabe, eta Aznarren garaiko lege eta epaitegi ustelak ukitu gabe, halaxe konpondu behar ziren gauzak, ETAk etsi, eta Batasuna pozik, eta biba Espainia. Tarte horretan, deklarazio hutsalak besterik ez. Baita atentatuaren bezperako Zapateroren mezu optimista estupido hura, gauzak hobera joan daitezkeela...

Espainiako demokrazi honetako gobernuburu guztiek izan dute tentazioa, bakoitzak sinesteko bera izango zela ETAren amaiera akta sinatuko zuena. Zapaterok ere hori pentsatu zuen, baina, aurreko batzuek ez bezala, atzamarrik mugitu gabe lortuko zuela sinetsi ere! Aznar berak ere mugimendu gehixeago erakutsi zuen: PSOEk bideo batez hark baino gutxiago egin zuela erakutsi zuenean aurtengo udazkenean, horixe izan zen mezua, hura mugitu zen, gu ez. Hain inteligentzia eskasa... nola liteke? Ze buru du Zapaterok? ze aholkulari edo ministerio ditu berarentzat lanean?

Hala ere, hantusteak puztutako gobernuburu bat baino gauza okerragorik bada. Umiliatutako eta erretxindutako gobernuburua. Aznarren azken agintaldia horren lekuko: umiliazioa sentitu zuen, ez ETAk su-eten hura hautsi zuenean bakarrik, baita 2001eko maiatzeko hauteskundeetan Eusko Legebiltzarrerako Mayor Oreja eta Redondo Terreros erridikuluan utzi zituenean Ibarretxek. Eta erretxinduta geratu zen bigotedun gizon triste hura, ez horregatik bakarrik, baita ETAk zinegotziak bata bestearen atzetik hilez, eman eta eman egin ziolako . Erresumin haren ondorioak zein diren badakigu.

Zein ote dira Zapateroren erresuminarenak? Hori izango ote da bere erreakzioa? Ala talante hutsalarekin jarraituko du? ala inteligentzia izpiren bat ikusiko ahal du!

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.