Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Fernando Muniozguren eta Internet

Luistxo Fernandez 2006/07/17 13:22
Fernando Muniozgureni joan den zapatuan egindako azken agur eta omenaldian parte hartzea tokatu zitzaidan, Eibar.org elkartearen izenean. Ez dakit gure presentzia han ezinbestekoa zen ala ez... Fernando parte zen talde desberdinetakoak egon ginen hizlari, eta, akaso, talderen bat soberan bazegoen Eibar.org izan ote zitekeen pentsatu nuen gero. Faltan ere, etorri zirenen artean, Adorez eta Atseginez mintegikoak baziren, eta Fernando talde hartan duela urte batzuk inplikatuta egon zen bezala, uste dut haien arteko batek merezi zuela taula gainean egotea. Edozelan ere, entierro zibil moduko honetan hizlari izatea ohorea izan zen niretzat. (Fernandok ez zuen nahi izan hiletarik, ekitaldi alaia baizik, baina aukeratutako tokia eta nolabait ere, liturgia, Eibarko entierro zibilena izan zen)

Berba batzuk prestatu nituen, paper batean... Gutxi gora-behera han bota nuena hauxe da, jarraian datorrrena.

Fernando Muniozguren internauta zen, eta blog bat zeukan: hau hori ta bestia, joik buruakin postia. Eibar.org elkartekoa zen, Interneteko gure enjendro honetakoa. Eibartarrak zerrendako partaide. Baina beti, esan dezagun, distantzia batetik... Eibartarrak zerrendan 8 urtean 15.000 mezu baino gehiago trukatu ditugu, eta ez dira dozena bat Fernandorenak. Zehatz esateko, 8, oker bidalitakoak kontatuta. Bloga ere, gaixotasunak eta lagunen batek bultzatuta zabaldu zuen.

Denak ez gara berdinak. Batzuek ikusten dugu botoia eta tak, sakatu egin behar. Gero, esplotatzen badu, orduan irakurri instrukzioak, galdu ez badira... Fernandok ez, Fernandok instrukzioak behar zituen irakurtzeko (ahal izanez gero, frantsesez, bere euskalki faboritoan), haiek barneratu, muin filosofikoa atera, teorizatu behar zituen, gero ekintza programatu, eta orduan jotzen zuen kolpea. Nik badakit Internet interesatzen zitzaiola, susmatzen zuela inportantea zela, baina ez zen barneratu kontu honetan: instrukzioen eta filosofiaren bila zebilen. Baina, hara, Internet instrukzio barik banatzen da. Pastilla gorria irentsi, eta Matrixen sartu beharra daukazu, hori da dena. Hori ez zuen ulertu Fernandok, eta gaur berba horiekin errepikatuko banio ere ez zuen ulertuko.

Hala ere, Fernando Interneten dago. Bere lana Interneten dago. Zergatik diot hau? Ba, bueno, Eibar.org da gauza arraro bat Euskal Herrian. Ez dago subentzio gutxiagorik jasotzen duen proiektu teknologikorik, edo euskarazko komunikabiderik, Euskal Herrian. Ez dago Eibartarrak zerrenda baino foro biziagorik euskaraz sarean. Ez dago inon, inongo beste herritan, halako ezer... Zergatik Eibar.org bai, eta ez Tolosa.org? Fernandok ez zuen sortu edo bataiatu edo bultzatu Eibar.org, baina, horren nukleoan ibili garen batzuk, duela 20, 15, 10 urte Eibarren geunden, eta kasualitatez, beste eibartar hau, Fernando, Eibarren zebilen baita ere... Fernando Muniozgurenek matraka beste nonbait eta beste batzuei eman izan balie, ba, gauzak akaso desberdinak izango ziren. Akaso ez zen egongo Eibar.org.

Orain blog bat daukagu hor, umezurtz. Zer egiten da blog batekin hiltzen denean blogista? Entierro zibila egiten zaio, ala ekitaldi alai bat? Proposamentxo batekin gatoz, familiak hartu nahi badu, hartu dezala, Fernandoren idatzi mordoa, testu mordoa... biltzen jarraitu hor. Aukera bat izan daiteke. Nahi badute, jakina.

Záruba Mezinárodní Kamionová

Luistxo Fernandez 2006/07/17 13:21

Autopistan luze bidaiatzea tokatu zitzaidan lehengoan, kopiloto moduan. Asperdura borrokatzeko, kamioien letreroetan fijatu nintzen, ze garraio etxe, edo konpainiaren izenean garraiatzen dituzten gauzak batetik bestera.

Ikusten nituen izen euskaldunak, edo gertukoak soma nitzakeenak, Uriarte, Fagor, Aitortxu... Beste batzuk Europa Mendebaldeko grafia ezagun samarrak, Willi Betz, Salvesen, Norbert Dentressangle...

Baina tarteka tarteka, are grafia arrotzagoak azaltzen zitzaizkidan izenak: Moslovakia.sk, Polska Grupa Transportowa, Záruba Mezinárodní Kamionová, Stahl Stehovací Sluzba... azken hau beharbada zuen pantailetan ondo ikusiko ez diren diakritikoz idatzia.

Gero eta gehiago dira tankera horretakoak. Diakritikoz beteriko izenekin datozen Europako Ekialdeko trailer handiak. Maitasunaren antza dutela esango nuke: gaur atzo baino gehiago, bihar baino gutxiago. Duela 15 urte ez zegoen halakorik apenas... Gaur, zenbat eta zenbat igarotzen diren gure errepideetatik.

Industria produkzioari lotutako ekonomia izan da azken hamarkadetan Gipuzkoakoa. Europako beste herrialde batzuekin, merkearen abantailak jokatuko zuen hori indartzen, arrakasta esplikatzeko ezagutza eta ekimena ezinbestekoak diren arren... Baina orain, beste lehia batekin egiten ari da topo lantegietako produkzioa. Orain merkeak haiek dira, eta ez bakarrik merkeak, formakuntzan eta injinerutzaren kalitatean ez dira hemen baino kaskarragoak izango.

Lantegiko metal produkzioa edo eraikuntzaren adar espekulatiboak (etxegintzatik herrilan handietara) dira hemen ekonomiaren giltza gaur egunean. Eutsigarri, iraunkor edo dena-delakoa ote da bide hori? Informazioaren gizarterantz omen goaz, ezagutza izango da balio nagusia... Bai, hori esaten zaigu, baina, benetan oinarri berri horietan eraikitako ekonomia bateranzko aldaketan sartuak gaude? Ez dakit.

Eta ekialdea, gainera, zirkunflexuz beteriko Europako herri horietan hasiko da, baina harantzago ere begiratu daiteke.

Aritzetako autopista geltokian nago. Ez kamioi markaduna, baina erremolke batean metalezko kontainer itxi bat: Kien Hung, dio alfabeto latinoz, eta aldamenean, txinerazko bi lerro, karaktere handiz. Akaso barruan zer dakarren esango digu, baina ezin ulertu. Susmoa, ordea, kontainer horrek etorkizuna dakarrela barruan...

(Irutxuloko Hitzarako idatzitako zutabea, aldaketatxo ñimiño batekin)

Fernando Muniozgurenek laga diguna

Luistxo Fernandez 2006/07/11 10:26
Blogista bat hil da, komunitate honetako partaidea, Eibar.org elkarteko bazkidea. Fernando Muniozgurenek blog bat zeukan (dauka) hemen. Blogean mezuak arraro samar ageri dira, e-postaz bidaltzen zituen, moblog eginez, eta ez zituen besterik editatzen... Gaixotasunak eroan zuen bloga irekitzera. Bere mezu bakan haietan, gaixotasunaren presentzia igartzen da. Baina gaitzaren aurreratzeak ez zion asko idazten utzi.

Haren blogari ze agur edo ze despedida eman behar ote diogu? Zer egiten du komunitate batek, hildako lagun baten blogarekin?

Elena Lakak proposamen batzuk utzi ditu Eibartarrak zerrendan
• Dagoen moduan laga
• Eibar.orgek epilogo kolektibo bat egin diezaiola, eta mantendu
• Familiari eskaini, erabaki dezaten. Igual izan daiteke euskarri bat Fernandoren lan gehiago ipintzeko bertan.
Hirugarrenarekin saiatu beharko ginateke behintzat, eskaini bederen.

Fernando Muniozguren pertsona inportantea izan da Eibarren azken 20 urte hauetan, duda barik. Gutako askoren konpromiso, lan eta ibilbideetan, direnak direla ere, izan duen eragina, bakoitzak jakingo du norainokoa den, baina nago badagoela hor Fernandoren markaren bat, guren barruan. Eta Interneten darabigun zera honetan ere, Eibartarrak zerrendan, Eibar.org gune honetan, beste kontu batzuetan, bai, badago Fernando, badago bere eragina.
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.